Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2019ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGUKO ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2642

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita enplegua batez ere eremu eta udalerri behartsuetan sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko laguntzen deialdia.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko maiatzaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, onartu egin du enplegua batez ere eremu eta udalerri behartsuetan sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko laguntzen deialdia, eta, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren estatutuen 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio hori argitaratzea.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea enplegua batez ere eremu eta udalerri behartsuetan sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko laguntzen deialdia, erakunde autonomo horren administrazio-kontseiluak 2019ko maiatzaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez onartua. Ebazpen honen eranskinean dago jasota.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Adieraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaiola organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 23a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.

ERANSKINA
ENPLEGUA BATEZ ERE EREMU ETA UDALERRI BEHARTSUETAN SUSTATZEKO TOKI-EKINTZETARAKO 2019KO LAGUNTZEN DEIALDIA

Toki-eremua da egokiena ekoizpen-aukera berriak aurkitzeko; beraz, ezinbestekoa da kontuan hartzea toki-izaera hori enplegu-politiketarako, euren diseinurako eta kudeaketa-eredurako, lurraldeko beharretara egokitu behar baitira. Izan ere, horrela sustatuko dira aukera horiek aprobetxatzen laguntzen duten jarduketak, eremu horretako enplegu-sorrerako eta enpresa-jarduerako ekimenak sustatuz eta laguntza emanez, urriaren 23ko Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Enpleguaren Legearen testu bategineko enpleguaren oinarrizko arauan aurreikusi bezala.

Ildo beretik, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak, Euskadin dagoen eskualde ugaritik abiatuta, bere jarraibideen artean sartzen du eskualde-garapenerako jarduerak egitea, eskualde guztietan modu orekatuan enplegu-eskaintzak egin ahal izateko, lurraldeak dituen baliabideen eta gaitasun endogenoen identifikazioan eta aprobetxamenduan oinarrituta, biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko asmoz beti, jarduera ekonomikoaren sorrerarekiko eta eskualdeetako enpresa-egituraren lehiakortasunaren hobekuntzarekiko lotura sendotik abiatuta.

Eskualdeko garapenarekin loturik enplegua sortzeko ahalmena aprobetxatze aldera, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiak, besteak beste, orientabide hauek proposatzen ditu:

– «Eskualde» kontzeptua sustatzea, enplegu-politikei eta enpleguari lotutako politikei dagokienez. Planifikaziorako, zerbitzuak emateko eskala-ekonomiarako eta prestakuntza- eta enplegu-aukerak izateko, beharrezkoa da udalerri-taldeek (tamaina nahikoa duten eskualdeak osatzen dituzte udalerri horiek) eskaintzen dituzten sinergiak aprobetxatzea.

– Espezializazioa eskualde mailan, betiere osagarritasun ikuspuntu batetik abiatuz.

– Kapital soziala aprobetxatzea.

– Enpresa-berrikuntza sustatzea.

– Berrikuntza soziala babestea.

– Eskualdean jarduten duten eragile guztien koordinazio eta lerrokatze maximoa.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak eskatu dio Eusko Jaurlaritzari talka-plan bat sortzeko, Meatzaldeak eta Ezkerraldeak (guneko 9 udalerri eta Erandioko udalerria, zabaldutako eremu gisa) dituzten beharrei lehenbailehen erantzuteko, bai eta Oarsaldeak (guneko 4 udalerri eta Hernani, Hondarribi eta Irungo udalerriak, zabaldutako eremu gisa) dituen beharrei erantzuteko ere. Talka-plan hori etorkizuneko plan estrategiko baten oinarri gisa erabili ahal izango da aipatutako eremuetan.

Urriaren 16ko 3/2011 Legeak, besteak beste, eginkizun hauek eman dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari: enpleguaren, enplegurako prestakuntzaren eta laneratzearen esparruko politika publikoetan araudi eta plangintza orokorra proposatzea, programak kudeatzea, eta, zehazki, enplegu-politiken tokiko dimentsioarekin zuzenean lotuta, enplegua sortzeko tokiko ekimenei laguntzeko programak sortzea, enpleguaren aldeko tokiko hitzarmenak sustatzeko tokiko erakundeekin lankidetzan.

Eginkizun horien jardunean, 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotako helburuak aintzat hartuta, eta Eusko Legebiltzarrak talka-neurri gisa erabiltzeko enplegu-planak egiteko emandako mandatuaren barruan, deialdi honen bidez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bi helburu ditu funtsean: Euskal Autonomia Erkidegoan enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartzea, esku hartzeko eredu malgu bat zehaztuz, tokiko egoera sozial eta ekonomikora egokitua, eta ekoizpen-ingurunearen eta esku hartzen duten eragileen gaineko ezaguera sakonean oinarritua; eta lurraldearen kohesioa sustatzea, tokiko eragileekin helburuak partekatzeko eta konpromisoak eta jarduteko irizpideak zehazteko aukera emango duten akordioen bidez. Alde horretatik, ezin dugu ahaztu langabeziak bortizki jo dituela EAEko gune jakin batzuk.

Gainera, deialdiak ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta horien arteko berdintasunik eza. Horrela, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2018ko laugarren hiruhilekoko datuek erakusten duten bezala, emakumezkoen enplegu-tasa ia 7 puntu txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 68,56koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 75,53koa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.

Horregatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak egindako proposamena kontuan hartuta, erakunde autonomo horretako administrazio-kontseiluak, 2019ko maiatzaren 22ko saioan, enplegua batez ere eremu eta udalerri behartsuetan sustatzeko toki-ekintzetarako 2019ko laguntzen deialdia onartu du, artikulu hauen arabera:

1. artikulua.– Laguntzen deialdiaren xedea.

Deialdi honen helburua 2019an laguntzak ematea Europar Batasunak katalogatutako Arabako eremu behartsuetako toki-erakundeei, bai eta langabezia-tasa altuak dituzten eremuei ere, jarduketaren eremuan bizkortze ekonomikoa lortzen eta enplegua sortzen laguntzen duten proiektuak abiarazteko, bat etorriz 2020rako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-printzipioarekin.

Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda dauden pertsonen enplegagarritasuna hobetzea da deialdi honen azken xedea.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.

1.– Deialdi honen babesean, tokiko enplegu-proiektuak gauzatzeko jarduerak lagundu daitezke diruz, deialdi honen 5. artikuluan aurreikusitako erakunde onuradunek egiten badituzte eta dagokien esparru geografikoan tokiko enplegua garatzeko helburua badute.

Proiektuak mankomunitate, kuadrilla, udalerri-talde edo toki-garapenerako agentzia batek aurkezten baditu, eskualde jakin horretako udalerrien gehiengoak edo gutxienez biztanleen % 51k adostu beharko dituzte proiektuok, udal-erroldaren 2016ko urtarrilaren 1eko Berrikuspenaren arabera. Eskabidea egiten duen erakundeak egiaztatu egin beharko du adostasun hori.

2.– Horretaz gain, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten berrogeita bederatzi herri horietatik datozen proiektuak sustatuko dira. Ondorio hauetarako, bereziki langabezia-tasa altuak dituzten eremuak izango dira 2018ko abenduan % 11tik gorako langabezia-tasa duten udalerriak, kontuan hartuta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako enplegu-eskatzaile langabetuen estatistika-fitxategia (deialdi honetako II. eranskinean dago adierazita).

3.– Proiektuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Artikulu honen 5. apartatuan deskribatutako ekintza-motakoak izan behar dute.

b) Deialdi honen I. eranskinean udalerri eta/edo eskualde bakoitzerako ezarritako gehieneko aurrekontua ez dute gainditu behar.

c) Bere jarduketen (enpleguaren sustapenerako kontratazioak edo toki-erakundeek kontratazioan laguntzeko egindako deialdien oinarrien argitalpena) hasiera izan liteke deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik 2019ko abenduaren 31 bitartean, eta bukaera gehienez ere 2020ko ekainaren 30ean.

Enplegua sustatzeko proiektuetan (1. Mota), beren ezaugarriak direla-eta zenbait fasetan egin behar badira, aurreko paragrafoan ezarritakoa, jardueren hasierari buruzkoa, aplikatuko da derrigorrez hasierako faserako, eta ondorengo faseen kontratazioak 2019ko abenduaren 31ren egin ahal izango dira, baldin eta hala justifikatzen badu eskabidea egiten duen erakundeak eta horretarako baimena ematen badu Lanbidek, dirulaguntza emateko ebazpenean.

4.– Proiektu jakin batzuek ezin izango dute deialdi honetako laguntzarik jaso deialdi honen babesean, baldin eta zerbitzuen esparruan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako enplegu-politika aktiboak gauzatzean sortzen diren programen esparruan gauza badaitezke, salbu eta proiektu horiek enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako 2019ko laguntzen deialdiaren barruan badaude eta proiektu horietan kontratazio gehigarriak egiteko dirulaguntzak eskatzen badira.

Era berean, dirulaguntzetatik kanpo geratuko dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagundutako jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan zuzenean diruz lagunduak izan direnak.

5.– Hori horrela, deialdi honetako dirulaguntzaren bat jaso ahal izango dute honako ekintza hauetako bat gauzatzen duten ekimenek:

5.1.– 1. mota.– Enplegua sustatzea.

5.1.1.– Enplegua sustatzeko ekintzatzat hartzen dira ez-ohiko merkatuan egiten diren kontratazioak, baldin eta haien helburua lan-merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegagarritasuna handitzea bada, beren kualifikazioa, gaitasun pertsonalak edo motibazioa sustatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bitartez.

Esandako kontratazioak tokian-tokian sustatuko dira, eta dirulaguntza jaso duten erakundeek edo haien mendeko erakundeek egingo dituzte zuzenean; bestela, zailtasun bereziak dituzten pertsonak gizarteratzen eta laneratzen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, betiere Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen erroldan izena emanda badaude (Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzko maiatzaren 12ko 6/2016 Legean arautua), eta haiekin proiektua gauzatzea hitzartzen bada edo proiektua kontratu bidez haiei esleitzen bazaie.

Hirugarrenekin hitzartutako jarduera, zeina % 100koa izan ahal izango baita, dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko 20tik gorakoa bada eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu egin beharko du aurreko paragrafoan aipatutako hitzarmena edo kontratua, berau izenpetu aurretik.

Edonola ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak edo jarduera horretan organismo autonomoaren kolaboratzaile gisa diharduen erakundeak kudeatuko ditu enplegu-eskaintzak.

5.1.2.– Mota horretako kontratazioek, oro har, honako betekizun hauek izango dituzte:

a) Onura publikoko edo interes sozialeko jardueren alorrean egin behar dira, toki-eremuan.

b) Kontratazio horien bidez ez dira ordeztu behar erakunderen baten egiturazko lana egiten duten langileak.

c) Toki-erakundeek ezin izango dituzte kontratatu enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntza-deialdietan kontratatuak izan diren pertsonak, salbu eta hautagai gehiagorik ez badago (kasu horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horrela dela egiaztatu eta jakinarazi beharko du).

d) Kontratu horiek gutxienez hiru hilabete iraungo dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarakoak eta ikaskuntzarakoak izan ezik.

Diruz lagunduko da artikulu honen 3.c) puntuan ezarritako epeetan egiten den kontratazio-aldia, baldin eta bolada horretan betetzen bada kontratuen gutxieneko iraupena, apartatu honetan ezarrita dagoena, kontratua 2020ko ekainaren 30aren ondoren buka baliteke ere.

e) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

f) Kontratatuek langabeak izan eta izena emanda egon behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa.

g) Eskualde edo udalerri batean egiten diren kontratu guztien % 30, gutxienez, diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) titular edo onuradun diren pertsonak kontratatzeko izango dira.

Gainerako ehunekoak kolektibo hauetako batekoak beharko du izan:

Kontratazioak kolektibo hauetako pertsonekin egingo dira:

● 35 urtetik beherako pertsonak.

● 45 urtetik gorakoak, baldin eta enplegu-eskatzaile gisa gutxienez 180 hilabete eman badituzte kontratatu aurretik.

● 55 urtetik gorako pertsonak.

● Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurretiko 540 egunetan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian 360 egun eman dituztenak.

● Gizarte-bazterketa jasateko arriskua duten pertsonak. Diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak eta haien elkarbizitza-unitateko kideak ez ezik, honako hauek ere hartzen dira gizarte-bazterketa jasateko arriskuan dauden pertsonatzat:

– Hemezortzi urtetik hogeita hamarrera bitarteko gazteak, adingabeak babesten dituzten erakundeetatik datozenak.

– Drogazaletasun-arazoak dituzten edo bestelako mendekotasun-arazoak dituzten eta errehabilitazioko edo gizarteratzeko prozesuan dauden pertsonak.

– Espetxean dauden pertsonak, beren espetxe-egoerak enpleguren bat eskuratzea galarazten ez badie eta euren lan-harreman hori ez badago uztailaren 6ko 782/2001 Errege Dekretuaren 1. artikuluan araututako lan-harreman bereziaren aplikazio-eremuaren barruan, baita baldintzapeko askatasunekoak eta giltzaperatu ohiak ere.

– Giltzaperatu adingabeak, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duen urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoaren aplikazio-eremuan badaude, beren egoerak enpleguren bat eskuratzea galarazten ez badie, eta euren lan-harreman hori ez badago uztailaren 30eko 1774/2004 Errege Dekretuak onartutako Legearen Araudiaren 53.4 artikuluak adierazten duen lan-harreman berezien aplikazio-eremuaren barruan, baita zaintzapeko askatasunekoak eta giltzaperatu ohiak ere.

– Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritza eskudunek baimendutako urgentziazko bizitoki-zentroetan ibili diren pertsonak.

– Desgaitasuna duten pertsonak.

– Familia-erantzukizunak dituzten emakumeak. Familia-erantzukizunak dituzten emakume deritze beren kargura ezkontidea eta/edo 26 urtetik beherako seme-alabaren bat edo 26 urtetik gorako seme-alaba ezinduren bat edo harreran hartutako adin txikikoren bat dutenei, betiere familia-unitateko kideen bataz besteko banakako errenta ez bada lanbide-arteko gutxieneko soldataren % 75 baino handiagoa. Agiri bidez behar bezala egiaztatu beharko dira aurreko baldintza horiek.

– Genero-indarkeriaren biktima diren emakumezkoak.

h) Kontratatutakoen % 40k, gutxienez, emakumeak izan behar dute.

i) Kontratatutakoen % 15ek, gutxienez, 55 urtetik gorakoak izan behar dute.

5.1.3.– Aurreko 5.1.2 apartatuan adierazitako ehunekoak aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.

Kontratatu beharreko kolektiboetako pertsona-kopuruei dagokienez, aurreko 5.1.2 apartatuaren g), h) eta i) ataletan aurreikusitako ehunekoak erdiesten ez badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu egingo da diruz lagunduko den pertsona-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

Erakunde eskatzailearen eskualdean edo udalerrian ez badago kolektibo horietako pertsona langabeturik, ez da gutxieneko ehunekorik bete beharko, betiere tokiko erakundeak behar bezala ematen badu horren berri, eta, behar izanez gero, baldintza hori egiaztatzen badu. Eta, orobat, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horrela dela egiaztatu eta jakinarazten badu.

5.2.– 2. mota.– Kontrataziorako laguntzak.

5.2.1.– Laguntza horien helburua babes ekonomikoa ematea da Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langabeak tokiko enpresek merkatu arruntean kontratatzea errazteko. Horretarako, hainbat jarduera abiarazi eta gauzatuko dituzte dirulaguntza jaso duten erakundeek beraiek nahiz beren mendeko erakundeek.

Ondorio horietarako, dagokion tokiko erakundearen lurralde-esparruan lantokia eta jarduera ekonomikoa duten izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridikoak hartuko dira tokiko enpresatzat.

Aipatutako kontratazioek ezaugarri hauek eduki beharko dituzte:

a) Kontratu horiek gutxieneko hiru hileko iraupena izan behar dute, eta edozein kontratazio-modalitatetakoak izan daitezke, prestakuntzarako eta ikaskuntzarako kontratuak izan ezik. Kontratuaren iraupena zenbatzeko, luzapenak ere kontuan hartuko dira, beti ere hasierako kontratua gutxienez 3 hilabetekoa bada.

Diruz lagunduko da toki-erakundeen deialdien oinarrietan ezarritako epeetan egiten den kontratazio-aldia, baldin eta Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak baimendu baditu eta bolada horretan betetzen bada kontratuen gutxieneko iraupena, apartatu honetan ezarrita dagoena, kontratua 2020ko ekainaren 30aren ondoren buka baliteke ere.

b) Kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak izan daitezke, baina lanaldiaren % 50ekoak izan behar dute gutxienez.

5.2.2.– Diruz laguntzeko modukotzat hartzeko, kontratazio horiek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurre-aurreko 3 hiletan enpresak batez beste duen langile kopuruari begira. Toki-erakundeak egiaztatu beharko du hori.

5.2.3.– Ez dira diruz lagunduko:

– Honako hauek kontratatzea: enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontidea, oinordekoak eta gainerako senideak, odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino, edo sozietatearen izaera juridikoa osatzen duten enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideenak.

– Enpresa berak kontratatzea langile bera, baldin eta kontratazio hori diruz lagundua izan bada enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako laguntzen deialdietan.

5.2.4.– Dirulaguntza horiek emateko, toki-erakundeek ezarritako oinarri arautzaileetan bermatuta egongo dira publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak, eta jasota egongo dira aurreko paragrafoetan zehaztutako betekizunak eta baldintzak.

Halaber, dirulaguntza justifikatzeko behar den dokumentazioa (diruz lagundutako epean zehar kontratatutako pertsona lanean mantentzeko gastuak, soldata-kostuak eta Gizarte Segurantzakoak) aurkez dezala eskatu beharko dio tokiko erakundeak enpresa kontratatzaileari, baita zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituela egiaztatzeko ere.

Toki-erakundeen oinarri arautzaileetan zehazten diren dirulaguntzen zenbatekoak deialdi honen 4.1.b) artikuluan jasotako berak izango dira.

5.2.5.– Toki-erakundeek kontratatutako pertsona guztien % 40 emakumezkoak izatea proposatu beharko dute proiektuan, eta kontratazio horietara bideratu beharko dute dagokien dirulaguntzaren zenbatekoa. Aurreikuspen horrek oinarri arautzaileetan jasota egon beharko du.

Adierazitako ehuneko hori aplikatzean zenbaki hamartarrak ateratzen badira, zenbaki oso hurbilenera biribilduko dira, goitik edo behetik, eta zenbakia 5 bada, zenbaki oso handiagora biribilduko dira.

Ehuneko hori erdiesten ez bada, dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa murriztu egingo da emakumezkoen kontrataziorako hasieran gordetako kopurua egiaz gauzatutako kontratuetara egokitzeko.

5.2.6.– Oinarri arautzaileei publizitatea eman baino lehen, Lanbideren Lan Aktibazioko Zuzendaritzari igorri behar zaizkio eta hasierarako baimena eskuratu behar da.

3. artikulua.– Laguntzen gehienezko zenbatekoen banaketa eta aurrekontu-zuzkidura

1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 10.000.000 eurokoak dira, horietatik 5.500.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2019ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 4.500.000 euro 2020ko konpromiso-kreditukoak.

Laguntzen bolumen osoak ez du gainditu behar zenbateko hori edo, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketaren bat onartzen baldin bada, aldaketak dakarren igoera egin ondorengo emaitza. Eguneratzerik izango balitz, EHAAn argitaratu behar da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Zenbateko hori honela banatuko da diruz lagunduko diren proiektuen artean:

a) 5.000.000 euro, Ezkerraldearen, Meatzaldearen eta Oarsoaldearen garapen sozioekonomikorako talka-planarekin lotutako eremu eta udalerrientzako jarduketak finantzatzeko.

b) 5.000.000 euro, langabeziak bereziki ukitutako eskualde eta udalerrietara zuzendutako jarduketak finantzatzeko.

3.– Lurralde-eremu bakoitzerako diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren banaketa deialdi honetako I. eta III. eranskinetan ezarritakoa izango da, 2018ko abenduko langabe-kopuruaren arabera. Gutxienez 12.500 euro izango dira erakunde bakoitzeko.

4.– Ezertan eragotzi gabe aurreko paragrafoan ezarritakoa, lurralde bateko proiektuetarako emango den dirulaguntzaren zenbatekoa ez bada heltzen esleitutako gehieneko aurrekontura, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango ditu sobera dauden funtsak, proiektu horiek ezin izan badira onartutako aurrekontuaren gehieneko % 100eraino finantzatu. Soberako funtsak 7.2 artikuluak xedatutakoaren arabera banatuko dira.

4. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen gastuak.

1.– Emango diren laguntzen gehieneko zenbatekoa eta mota bakoitzean diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek dira:

a) Enplegua sustatzeko jarduketak (1. Motakoak).

Lan-kontratu bakoitzeko 12.500 euroko gehieneko laguntza.

Dirulaguntza horien bidez ordainduko da hainbat gastu, tartean, kontratatutako pertsonen soldata-kostuak eta gizarte-segurantzakoak, kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla (tokiko erakundearen edo enpresa kontratatzailearen kargura), 6 hileko kontratazioaren gehieneko muga izanik. Ondorioz, dirulaguntzaren zenbatekoa, guztira, ezin izango da izan kostu horien % 100 baino handiagoa.

b) Kontrataziorako laguntzak (2. Motakoak).

b.1.– Lanaldi osoko hiru hileko lan-kontratu bakoitzeko, gehienez 3.000 euroko laguntza; lanaldi osoko sei hileko edo gehiagoko lan-kontratu bakoitzeko, gehienez 6.000 eurokoa. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontratatutako pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako gastuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 75 baino handiagoak.

b.2.– Kolektibo hauetako pertsonak kontratatzea:

– DSBEaren titularrak edo onuradunak.

– 35 urtetik beherako pertsonak.

– Luzaroko langabeak. Luzaroko langabetzat joko dira kontratatu aurretiko 540 egunetan, gutxienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa inskribatuta egon eta langabezian 360 egun eman dituztenak.

– 55 urtetik gorako pertsonak.

Laguntzaren gehieneko muga 9.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko sei hilerako edo gehiagorako lan-kontratu bakoitzeko. Denbora partzialeko kontratuen edo hiru eta sei hilabete bitartekoen kasuan, dirulaguntza lanaldiaren edo lan egindako denboraren proportzionala izango da.

Adierazitako kasuan, laguntzaren amaierako zenbatekoak ez dira izango enpresak kontrataturiko pertsonen truke ordaindu beharreko soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen (kontratu-amaierako kalte-ordainak eta gizarte-segurantzako kuota barne direla) % 100 baino handiagoak.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honi loturiko dirulaguntzen onuradun izan daitezke, horretarako eskabidea egin ostean, honako erakunde hauek:

a) Ezkerraldea, Meatzaldea eta Oarsoaldea garatzeko Talka Planarekin lotutako udalerriak (I. eranskinean aipatutakoak), bai eta kide diren mankomunitateak eta taldeak, edo udalerrien mende dauden eta nortasun juridikoa duten toki-garapenerako agentziak ere.

b) Langabezia-tasa altuak dituzten udalerriak (II. eranskinean aipatutakoak), bai eta kide diren mankomunitateak, kuadrillak eta taldeak, edo udalerrien mende dauden eta nortasun juridikoa duten toki-garapenerako agentziak ere.

2.– Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeak direnean, diruz lagundutako proiekturen bat gauzatzeko konpromisoa hartzen duten udalerriak izango dira onuradun. Kasu guztietan, taldeko ahaldun bat izendatu beharko dute, eta onuraduna den aldetik taldeari dagozkion betebeharrak betetzeko behar adina ahalorde emango dizkiote ahaldun horri.

Ez dira dirulaguntzen onuradun izango bi erakunde desberdin, proiektuak udalerri berean edo beretan garatzeko badira. Dirulaguntza, lehentasunez, mankomunitateak, kuadrillak, udalerri-taldeek edo udalerriek berek eskatu ahal izango dute, edo toki-garapenerako agentziak. Eskabidea toki-garapenerako agentziak aurkezten badu, agentzia horrek berak proiektuak betearazteaz gain, eta egiaztatu egin beharko du proiektu horien eragina jasotzen duten udalerrien adostasuna.

3.– Erakunde onuradunek eskakizun hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.

Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai laguntza ematerakoan bai ordainketak egiterakoan, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.

b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.

c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.

6. artikulua.– Eskabideak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako dirulaguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialaren bidez aurkeztu beharko dira (IV. eranskina), eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango da hori: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurraldeetako enplegu-bulegoetan.

Era berean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 16.4 artikuluan xedatutako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

2.– Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, haien ordezkariak aurkeztuko du eskabidea.

3.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskualde mailako eta tokiko garapen ekonomikorako eta enplegua sortzeko proiektuen memoria tekniko deskribatzailea. Memoriak deialdiaren eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko aski informazio eskaini beharko du, IV. eranskineko eskabide-ereduan zehaztutako moduan. Proiektu baterako baino gehiagotarako eskatzen bada dirulaguntza, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezarri beharko da.

Nortasun juridikorik gabeko udalerri-taldeen kasuan, aipatu beharko da zer udalerri konprometitzen diren proiektua betearazteko.

b) Memoria ekonomikoa, proiektua gauzatzearekin lotutako gastuei eta horren bideragarritasunari buruzko datuak jasoko dituena.

c) Kontratazioen aurreikuspena, sexuen arabera banakatutako datuak jasota, eta, kasuan kasu, memoria labur bat, aurkeztutako proiektuan sartutako genero-ikuspegiari buruzkoa.

4.– Eskabideak ez badaude behar bezala beteta, edo ez bada aurreko paragrafoan adierazitako dokumentazio guztia aurkezten horrekin batera, erakundeari hamar eguneko epea emango zaio akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan. Gainera, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabideari uko egin diola ulertuko dela, eta Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena eman beharko du espresuki, bai eta jakinarazi ere.

5.– Eskabideak aurkezteko epea 15 egunekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

7. artikulua.– Ebazteko eskumena duen organoa, emakida-prozedura, ebazpena, epeak, berraztertze-errekurtsoa eta publikotasuna.

1.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hori ebaztekoa.

2.– Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan eta aurkeztutako proiektuek deialdi honetako ezaugarriak eta eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, lurralde-eremu bakoitzari esleitutako aurrekontuak banatuko dira, eta proiektu bakoitzerako laguntzak emango dira, eskabidean ezarritako proiektuen lehentasun-hurrenkera aintzat hartuta, esleitutako gehieneko aurrekontua agortu arte.

Lurralde-eremuren batean soberako funtsik izanez gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak beste lurralde-eremu batzuetako proiektuetarako erabili ahal izango ditu, deialdi honetako 3. artikuluaren 4. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz. Hala bada, soberakina beste proiektu batzuk finantzatzeko erabiliko da, kontuan hartuta, handienetik txikienera, zenbateko langabezia-tasa erregistratu duten sustapeneko udalerriek 2018ko abenduan, eta, gehien jota, erakunde eskatzaile bakoitzeko proiektu baterako.

Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da horretarako eskabidea aurkezten den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan, ez bada ebazpenik eman espresuki, ulertuko da dirulaguntzaren eskabidea onartu egin dela.

3.– Erakunde onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntza batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zehapen-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei dirulaguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko.

4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

5.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta emakida-ebazpenak espresuki eta banaka jakinarazteaz gainera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, arau honen babesean emandako dirulaguntzen onuradun diren erakundeen zerrenda, eta zer zenbateko jasoko dituzten ere adieraziko da. Halaber, erakunde bati emandako dirulaguntza aldatzea erabaki bada, hori ere adieraziko da.

8. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzeko modua.

1.– Deialdi honetako jarduketak gauzatzeko ematen diren laguntzak bi zatitan ordainduko dira, modu honetara:

a) Lehenik, % 55 ordainduko da, ebazpena igorri ostean, 2019ko aurrekontuaren kontura.

b) Bigarrenik, gainerako % 45a ordainduko da, edo justifikaziotik ateratzen den kopurua, proiektua amaitu ostean eta gastuak justifikatu ostean, hurrengo artikuluan adierazitako moduan, 2020. urteko aurrekontuaren kontura.

Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.

Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

9. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta epea.

1.– Proiektuak amaitu ondoren, dirulaguntzen toki-erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu behar dituzte proiektua amaitu ondorengo hiru hileko epean gehienez:

a) Jardueraren amaierako memoria, alderdi hauek behintzat adieraziko dituena:

– Gauzatutako jardueren deskribapena.

– Kontratatutako pertsonak identifikatuko dira, eta honako datu hauek adieraziko dira: zer lanaldi egin duten, zer kolektibotakoak diren eta haien kontratuak egiaz zer iraupen izan duen, datu guztiak sexuaren arabera banakatuta.

– 1. Motako jarduketetarako, agiri bidez egiaztatuko da emakume batek hartu duela parte kontratatuak hautatzeko prozesuan, edo justifikatu beharko da ezin izan duela, esku-hartzailearen ziurtagiriaren bidez edo partaidetza-foroaren erantzukizunpeko adierazpenaren bidez.

– Lortutako emaitzak, sortutako enpleguei eta jarduera ekonomikoari dagokienez.

– Hobekuntza-ekintzak.

– Erabilitako baliabideak.

– Kostu ekonomikoa.

b) 1. motako proiektuen kasuan (Enplegua sustatzea), enplegu-sustapena gauzatzeaz irabazi-asmorik gabeko erakundeak arduratu badira, honako hauek aurkeztu beharko dira: proiektuaren gauzatzea esleitzeko negozio juridikoa egiaztatzen duen hitzarmenaren, kontratuaren edo edozein agiriren kopia, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatuko duten agiriak.

c) Toki-erakunde onuradunaren idazkariaren/ikuskatzailearen egiaztagiria, aipatutako jarduketek eragindako gastuak eta egiaz ordaindutakoak justifikatuta.

2.– Gastutzat hartuko dira, 4. artikuluan jarduketa mota bakoitzean ezarritako baldintzen arabera, diruz lagundutako jarduketari loturiko guztiak, baldin eta aurreko paragrafoetan zehaztutako egiaztatze-epea amaitu aurretik egiaz ordaindu badira.

3.– Dokumentazioa aurreikusiriko epean aurkezten ez bada, edo aurkezturiko dokumentaziotik ondorioztatzen bada ordainduriko dirulaguntzaren zenbatekoa handiagoa dela diruz lagundutako jarduketak gauzatzeagatik sortzen diren eta diruz lagun daitezkeen gastuen kostua baino, itzulketa-prozedura abiaraziko da, 15. artikuluan aurreikusiriko prozedurarekin bat etorrita.

4.– Diruz lagundutako lan-kontratuak dirulaguntzaren epealdia amaitu aurretik iraungitzen badira, itzuli egin beharko da emandako dirulaguntza, eta dagokion prozedura izapidetuko da, 14. eta 15. artikuluetan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, kontratua iraungitzeko arrazoia probaldia ez gainditzea, langileak lana bere borondatez uztea, bidezkotzat jotako kaleratzea edo kontratatutako pertsonaren heriotza edo baliaezintasuna izan bada, lan-kontratuak iraun duenaren proportzioan murriztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzen onuradunek ez dute laguntza itzuli beharrik izango deialdi honetan kontratatua izateko baldintzak betetzen dituen pertsona bat kontratatzen badute beste bat ordezteko eta ordeztutako pertsonaren kontratua bertan behera uzten badute, beti ere kontratazio-aldien batura hasierako kontratuarena bada gutxienez.

10. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:

a) Behar bezala justifikatzea eskakizunak eta betebeharrak bete dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren, Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren egiaztatze-jardunei eta kontrol-jardunei men egitea.

c) Xede bererako beste administrazio edo erakunderen baten, publikoa edo pribatua izanda ere, dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideren bat jasoz gero, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

d) Dirulaguntza ematerakoan kontuan hartutako egoeraren bat, objektiboa edo subjektiboa, aldatu bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

e) Diruz lagundutako jardueren xedean edo izaeran nabarmen eragiten duen ezer gertatuz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, eta jarduera horiek egiaztatzeko, kontrolatzeko eta haien jarraipena egiteko prozeduretan laguntzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea.

g) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-betekizunak:

– Emakumeen eta gizonen arteko tratu- edo aukera-berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioa aplikatzea bermatuko da lanpostuei loturiko hauta-probetan eta elkarrizketetan.

– 1. motako jarduketei dagokienez, hautagaiak aukeratzeko erabakiak hartzeko gaietan, gutxienez emakume batek egon beharko du epaimahaian. Ezinezkoa bada, egiaztagiria aurkeztu beharko da.

– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.

h) Erakunde onuradunak Proiektu Singularren ekintzetan parte hartzen duten pertsonei helarazi beharko diete 16. artikuluan aipatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

11. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

1.– Deialdi honetan jasotako 1. motako proiektuen (Enplegua sustatzea) dirulaguntzak bateratu daitezke kontzeptu eta xede bererako administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako beste edozein motatako dirulaguntza edo laguntzekin; hala ere, bestelako finantzaketa-iturrien bidez eskuratutako laguntza edo baliabideen guztirako zenbatekoak ezin izango du gainditu diruz lagunduko diren jardueren benetako kostua. Kostu hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.

Tokiko erakundeek edo horien mendeko entitateek ez badituzte zuzenean egiten kontratazioak, laguntzak ezin izango dira bateratu deialdi honetako gainerako dirulaguntzekin.

2.– Deialdi honetako 2. motako (Kontrataziorako laguntzak) proiektuetarako dirulaguntzak ezin izango dira bateratu kontzeptu eta helburu berberetarako beste administrazio publiko batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandakoekin, Gizarte Segurantzak emandako hobariekin izan ezik.

12. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.

1.– Dirulaguntzak ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, hala badagokio, xede bererako beste dirulaguntza edo laguntza bat eskuratu eta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandakoarekin batera, onartutako guztirako kostua gainditzen bada, esleitutako dirulaguntza aldatuko da hori emateko deialdi honetan ezarritako irizpideei eta mugei jarraikiz; betiere, dirulaguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak beteta.

2.– Deialdi honen 2. artikuluaren 5.1.2 apartatuan zehaztutako gutxieneko eskakizunak bete ezean (kontratatu beharreko kolektibo jakin batzuetako pertsona-kopuruari dagozkion ehunekoak finkatzen dira artikulu horretan), aldatu egingo da emandako laguntzaren zenbatekoa, diruz lagundu behar den kontratatu-kopurua murrizteko, eskatutako ehunekoak bete arte.

Halaber, dirulaguntza aldatu egingo da deialdi honen 2. artikuluaren 5.2.5 apartatuan zehaztutako kasuan, horretan adierazitako baldintzen arabera.

3.– Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedura hasiko da.

13. artikulua.– Babesletza.

1.– Erakunde onuradunek espresuki adierazi beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren babesa jaso dutela deialdi honen esparruan finantzatutako jarduera guztietan, horiek hedatzerakoan, edo, hala badagokio, argitaratzerakoan. Horretarako, honako baldintza hauek beteko dituzte:

a) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ikuskatuko ditu ekintza horiek guztiak, eta dibulgazio publikoko ekitaldi guztien berri eman beharko zaio, eta horietara gonbidatu, ekitaldi horiek egin aurretik. Erakunde onuradunek ez baldin badute ekitaldi horien berririk ematen, emandako laguntzaren % 10 itzuli behar dutela erabaki daiteke, eta jokabide hori zuzentzen ez baldin badute, laguntza osoa itzularazteko erabakia har daiteke. Ekintza edo jakinarazpen guztietan agertuko beharko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren identifikazio grafikoa.

b) Erakunde onuradunek berariazko ekintzak gauzatu beharko dituzte onuradunak eta euskal herritarrak, oro har, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren ekarpenaz ohar daitezen.

14. artikulua.– Ez-betetzeak.

Deialdi honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek ez badituzte betetzen oro har ezarri zaizkien betebeharrak (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikulua), edo deialdi honetan berariaz ezarri zaizkienak, edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan adierazitako itzultze-kasuren batean sartzen badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ordaintzeke dagoen dirua jasotzeko eskubidea galdu dela erabakiko du, dagokion ebazpenaren bidez, eta, itzuli beharrekoak, dirulaguntzako zenbatekoak gehi dirulaguntza ordaintzeko unean dauden legezko interesak, Euskadiko Ogasun Nagusiari ordaindu beharko zaizkiola, bestelako ekintzak eragotzi gabe eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta aipatutako Euskadiko Ogasun Orokorreko Printzipio Ordenatzaileen Legearen testu bateginaren 64. artikuluan aurreikusitako erantzukizun-araubidea jarraituko da.

15. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako ez-betetzeren bat gertatzen baldin bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak erakunde interesdunari jakinaraziko dio itzultzeko prozedura hasi dela, eta zergatik hasi den, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.

2.– Alegazioak jasotakoan, edo, horrelakorik aurkeztu ez bada ere, epea igarotakoan, prozedura amaituko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez. Dirulaguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.

3.– Prozedurari amaiera ematen dion ebazpenak ez-betetzeren bat izan dela adierazten baldin badu, bertan deklaratuko da dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu dela, eta ezarriko da, hala badagokio, dagozkion zenbatekoak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra; itzultzeko epea bi hilekoa izango da ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Borondatezko alditzat joko da epe hori.

4.– Borondatezko aldi horretan dirulaguntza itzultzen ez bada, dirulaguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.

16. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendua.

Datu pertsonalak babesteari dagokionez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide Digitalen Bermeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituko dio. Jasotako datu pertsonalak «Enplegu eta enplegurako prestakuntzako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira, Lanbideren eskumenekoak diren enplegu-politika aktiboekin lotutako dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea helburu duena, baita iruzurraren jazarpena eta helburu estatistikoak ere. Jasotako datuak beharrezkoak dira Lanbideren esku dauden botere publikoak baliatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta, gainera, arlo horretan eskumenak dituzten herri-administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte. Horretarako, idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/informacion/condiciones_de_uso_y_politica_de_privacidad/

17. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.

Dirulaguntzen programa honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala