Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

102. zk., 2019ko maiatzaren 31, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
2638

79/2019 DEKRETUA, maiatzaren 21ekoa, zeinaren bidez aldatzen baita Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta erakunde autonomoetako lanpostuen zerrendak onartu zituen Dekretua.

Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioei eta lan-kontratudun langileei gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu horretan, aldaketak egin dira. Izan ere, ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez aldatu egin dira Analisi Funtzionalen prozesuaren ondorioz funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak.

Administrazioko barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak. Beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetu ondoren, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak lanpostuen zerrendetan sartu behar dira aldian-aldian, Euskal Funtzio Publikoaren Legeak (uztailaren 6ko 6/1989 Legea) 18. artikuluan agindutakoa betetzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Lan-kontratudunen Kolektiboentzako 2010-2011ko Hitzarmenaren 10. artikuluan jasotzen denaren arabera, lan-kontratudun langileak antolakuntza-azterketa baten arabera sailkatzen dira eta, gero, lanpostuen zerrenda berria egin behar da (aurrerantzean, LPZ).

Bestalde, Hazi, Landa eta Itsas Ingurunearen Garapenerako Korporazioa, Sozietate Anonimoak (aurrerantzean, HAZI) kudeaturiko nekazaritza-prestakuntzarako eta itsasoko eta arrantzako prestakuntzarako zerbitzuaren baliabideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, Justizia Sailari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Herri Administrazioei transferitzen dizkion abuztuaren 21eko 158/2012 Dekretuaren (abuztuaren 31ko EHAA) 1.3 artikuluan ezartzen denaren arabera, 2012-09-01eko ondorioekin, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera atxikitzen dira Arkaute, Fraisoro eta Derioko Nekazaritza Eskoletako eta Pasaiako eta Bermeoko itsas arrantzako Eskoletako irakasle ez diren lan-kontratudun guztiak (horiek aipaturiko dekretuko II. eranskinean aipatzen dira). Aipaturiko dekretuaren 3.3 artikuluan aurreikusten denaren arabera, «irakasle ez diren lan-kontratudunak Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko lan-kontratudunentzako (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera atxikita daudenak) erreserbaturiko lanpostuen zerrendan argitaratuko diren lanpostuetara atxiki beharko dira; ondorioz, gero, kasuan kasuko lanpostuen zerrendak aldatu beharko dira».

Gauzatu den analisi funtzionalen prozesua amaitu izanak 436 lanpostu-zuzkidurari eragin die. Horietako 368 zuzkidura Euskal Autonomia Erkidegoko (aurrerantzean, EAE) Administrazio Orokorreko zerbitzuko lan-kontratudunen lanpostuei dagozkie, 22 funtzionarioei eta 46 HAZIren transferentziatik eratorritako lan-kontratudunen fikziozko plazei (plaza horietako asko LPZn azaltzen dira, hitzarmenaren aurreikuspenak betetze aldera abiarazitako balorazio-prozesuaren ondorio gisa).

Zuzkidura guztietatik, 126, funtzionarioen LPZn sartzen dira eta, gainerakoak, lan-kontratudunen LPZn mantenduko dira.

Bestalde, aipaturiko hitzarmenaren 64.2 artikuluan LPZ berria onartu izanaren ondorioz eratorritako eragin ekonomikoak zeintzuk diren adierazten da eta, zehazki, horiek 2010eko urtarrilaren 1era atzeratuko direla.

2019ko apirilaren 2an, Administrazioak akordio bat sinatu zuen zentral sindikalekin, EAEren zerbitzura dauden lan-kontratudunen kolektiboaren azterketa funtzionaletatik eratorritako antolakuntza-prozesua amaitutakoan lan-kontratudunen eta funtzionarioen lanpostuen zerrendaren aldaketaren ondorio ekonomikoak ordaintzea dela eta. Akordio horren bidez, honako erabaki hau hartu da: LPZaren onarpenaren atzeraeraginak dakarren kostu ekonomikoa Administrazioak ordainduko du, bi ordainketatan. Ordainketa horiek bi ekitaldi desberdinetan gauzatuko dira: lehenengoa, 2019ko azaroan eta, bigarrena, 2020ko maiatzean.

Horrenbestez, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko maiatzaren 21eko bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrenden aldaketak onartzea. Aldaketa horiek dekretu honen I. eta II. eranskinetan daude jasota, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretua aldatu zuen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez onartu ziren.

Bigarren artikulua.– Lan-kontratudunentzat gordetako lanpostuen zerrenden aldaketak onartzea. Aldaketa horiek dekretu honen III. eta IV. eranskinetan daude jasota, eta urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez onartu ziren.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Ondorio ekonomiko eta administratiboak.

1.– Orokorrean, dekretu honi 2010eko urtarrilaren 1erako atzeraeraginezko ondorio ekonomikoak ezartzen zaizkio. HAZItik transferitutako lanpostuei dagokienez, atzeraeragina, orokorrean, 2012ko irailaren 1era igorriko da, kontuan izanik aipaturiko lanpostuen transferentziaren data. Atzeraeragin horrek ez du inola ere ukitutako langileentzako likidazio negatiborik sortuko.

2.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako neurriaren eraginkortasuna bi epetan gauzatuko da: lehenengoa, 2019ko azaroan eta, bigarrena, 2020ko maiatzean.

3.– Lanpostuen zerrenda argitaratzeak dagokion ordainsariaren eguneratzea ekarriko du eta, ondorioz, indarrean dauden osagarri pertsonal eta iragankorrak ezabatuko dira. Urteko ordainsari osoak ordaindutakoak baino handiagoak direnean, indibidualki aitortuko dira dagozkion atzerapenak.

4.– Lanpostuen zerrenda berria indarrean sartzen den unean orain arte jaso izan dituen ordainsari finkoak eta aldizkako ordainsariak murriztu egin zaizkiola antzematen duen langileak desberdintasun horrengatik osagarri pertsonal eta iragankor bat jasotzeko eskubidea izango du, borondatez beste lanpostu batera sartzen ez den bitartean. Osagarri hori ez da irensgarria izango, inolaz ere, eta ordainsari orokorretarako aplikagarria den osagarriaren ehuneko berean handituko da, indarrean dagoen bitartean.

5.– Lanpostuen zerrendaren aldaketatik eratorritako ondorio administratiboak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera gauzatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.

Dekretu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 21a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala