Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

97. zk., 2019ko maiatzaren 24a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
2482

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 3koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntzen deialdia egiten duena.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.14 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du espetxeetako antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan eta gizarteratze alorrean ere, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat. Bestalde, espetxe-legeria betearaztea ere bere eskumenekoa den arren 12.1 artikuluaren arabera, oraingoz ez dute transferitu Eusko Jaurlaritzak aspaldi bereganatzea eskatu duen eskumen hori.

Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 14. artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio «bere eskumenen arloan, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.»

Justizia Zuzendaritzak, egiteko horiek gauzatze aldera eta ezarritako mugen barruan, Europako Parlamentuak 1998ko abenduaren 17ko Ebazpenean jasotako gomendioei jarraitzen die (Europar Batasuneko espetxeen baldintzei buruzko ebazpena: berrantolaketa eta ordezkapen-zigorrak); izan ere, gomendio horien bidez, Europako Kontseiluaren espetxeetako arauen xedapen guztiak aplikatzeko eskatzen zaie estatu kide guztiei.

Justizia Zuzendaritzaren funtsezko xedea da, lege-esparruaren barruan, espetxeetako zerbitzuen eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatu ahal izateko, hain zuzen.

2011ko urriaren 7an, Barne Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak ezar daitezen. Hitzarmen hori Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak sinatu zuten eta horren barruan kokatuko da dirulaguntzetarako honako deialdi hau. Bestetik, urte bereko abuztuaren 8an, alderdi horiek hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren bidez elkarrekin aritzea erabaki baitzuten komunitatearentzat lan egiteko zigorrak betetzeari, zigor askatasun-gabetzaileak eteteari eta kondenak ordezteari buruzko eginkizunen arloan. Hain zuzen ere, arlo horretan kokatzen dira Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) eginkizunak, Euskal Autonomia Erkidegoan kartzela-zigorraren ordezko aukerak kudeatzeko ardura baitauka.

Hitzarmen horiek sinatu eta gero, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren lana erregimen irekira mugatu da, hau da, zigortuta eta preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko espetxez kanpoko proiektuetara eta kartzela-zigorraren ordezko aukeretara. Lan horri esker, aurrera egin ahal izan da gizatalde horren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko baliabide-sarea finkatzeko orduan. Baliabide horien bidez, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi duena da zigortuta eta preso dauden pertsonek eskubide osoko herritar gisa orientatzea euren bizitzak, eta, espetxea utzi eta gero, komunitatean erabat integratu daitezela aktibo sozial gisa.

Martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoaren bidez (Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen du lege horrek), sinpletu eta argitu egin da kartzela-zigorraren ordezko aukeren erregimena (atzerritarrentzat izan ezik) eta bi urtetik beherako kartzela-zigorrak baldintzapean etetea erregimen nagusitzat ezarri da. Adierazi dugunez, Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua (ZKEZ) kartzela-zigorraren ordezko zigorren kudeaketaz arduratzen da, eta kondenak eteteko araudi berriak aukera gehiago ematen dizkie epaile eta auzitegiei gizarteratze-prozesuak ezartzeko, eta, horrela, espetxean sar ez daitezen bi urtetik beherako kartzela-kondenak dituztenak, gizarteratzeko modukoak direla aurreikusten denean.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak espetxeratzearen aurreko errealitate hori kontuan hartu nahi izan du, gizarteratze-ibilbideak ezartzeko aukera eskaintzen baitu; horrela, pertsona batzuek beren bizitza berregiteko aukera izan dezaten eta gure gizartearentzat aktibo bihur daitezen, kartzelako bizimoduak gizarteratzeko dakartzan ondorio kaltegarriak jasan gabe. Zigortu eta presoak gizarteratzeko lanean diharduten hirugarren sektoreko erakunde berak dira zigortutako pertsona hauei espetxean sartu aurretik arreta eskaintzen dizkietenak, jarduera horiek finantzatzeko inolako dirulaguntzen deialdirik egon gabe, eta kontuan hartzekoa da errealitate hori areagotu egingo dela Zigor Kodearen erreforma berriarekin.

Deialdi honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak lagundu egin nahi die zigortuta eta preso daudenen benetako gizarteratzearen alde diharduten irabazi asmorik gabeko erakundeei; duela 20 urte baino gehiagotik hona ari dira lanean gehienak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin modu profesionalean eta koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzarekin modu efizientean eta gardenean jardun duten erakundeak dira.

Helburu horrekin eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna bermatze aldera, agindu honetan jasoko dira, zehaztasun guztiz, dirulaguntzetarako irizpideak. Hauxe da aplikatu beharreko lege-esparrua: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, hura garatzen duen erregelamendua onartzen duena; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena dirulaguntzen arloan, betiere aurrekoen kontrakoa esaten ez badu; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginari jarraikiz (testu bategin hura azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen) eta Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak baliatuz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuta eta preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako dirulaguntzen deialdia egiten da, eta oinarri arautzaileak ezarri. Laguntzak norgehiagoka-prozeduraren araubideaz emango dira. Horretarako, deialdiaren diru-zuzkidura bostehun mila (500.000) eurokoa da.

2. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko honako baldintza hauek betetzen dituzten proiektuek jaso ahal izango dute dirulaguntza:

a) Espetxetik kanpoko baliabideekin gauzatuko dira, eta honako modalitate hauetakoren bat izango da:

1) Programatutako irteerak eta auzolandegiak.

2) Egoitza- eta ostatu-baliabideak.

3) Mendekotasuna gainditzeko baliabideak droga mendekotasuna duten pertsonentzat.

4) Prestakuntza eta trebakuntza zentroak.

5) Lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak.

b) Espetxeetan hasten diren proiektuak dagokion espetxeko zuzendaritzak onartu beharko ditu.

c) Laguntza integraleko metodologia erabiliko dute.

d) Proiektuak 2019an egingo dira.

2.– Zigor askatasun-gabetzailea eteteko neurria jaso duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuek kasu hauetan jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak: aurreko paragrafoko baldintzak betetzen badituzte eta xedetzat prestakuntzarako programak, lanbide-programak, kultur programak, bide-hezkuntzako programak, sexu-hezkuntzako programak, ingurumena defendatzeko programak, animaliak babesteko programak, tratu berdintasunerako eta diskriminazioaren aurkako programak edo antzeko beste batzuk badituzte, edo alkoholaren, droga toxikoen edo substantzia estupefazienteen mendekotasuna gainditzeko programak.

Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) erakunde laguntzailea izan beharko du erakundeak. Zerbitzu horrek Euskal Autonomia Erkidegoan kartzela-zigorraren ordezko aukera guztien betearazpena kudeatzeko ardura dauka; izan ere, zigortuak agindu judizialaren bidez hartzen dituen ezein erakundek ezin du hori egin zerbitzu hori alde batera utzita. Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du erakunde eskatzailea Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren erakunde laguntzailea den.

3.– Baldintzak proiektuak burutu aurretik eta diruz laguntzeko aldian bete beharko dira.

3. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak eta gehieneko dirulaguntza-eskabidea.

1.– Aurkeztu den proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren gastuak dira dirulaguntza jaso dezaketenak, eta dagoeneko bukatu den baina 2019an egin den proiektu batenak edo 2019an egiten den proiektu batenak izan daitezke. Aurreko artikuluan zerrendatutako modalitateetan, honako hauek izango dira dirulaguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Programatutako irteerak eta auzolandegiak: joan-etorrietako gastuak (erregaia, bide-sariak, aparkalekua eta garraio publikoa), eta ostatu- eta mantenu-gastuak.

b) Egoitza- eta ostatu-baliabideak eta mendekotasuna duten pertsonentzako mendekotasuna gainditzeko baliabideak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, higiezina eskuratzeko hipoteka-maileguaren urteko gastuak, zigortuta eta preso daudenen mantenu-gastuak eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

c) Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroak eta lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, higiezina eskuratzeko hipoteka-maileguaren urteko gastuak, informatikako materiala, suntsigarriak, tailer eta ikastaroetako materiala, eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

2.– Higiezin bat eskuratzeko hipoteka-maileguaren urteko gastuak diruz lagunduz gero, diruz lagundutako jarduerarekiko lotura-aldia bost urtekoa izango da. Erregistro publiko batean inskribatu ezin diren ondasunak eskuratzeko gastuen kasuan, horien lotura-aldia bi urtekoa izango da.

3.– Emandako dirulaguntzaren guztizko zenbatekotik, ehuneko hamarra (% 10) funtzionamenduko eta administrazioko gastuetarako izan daiteke, baina soldatak eta ordainsariak alde batera utzita (baldin eta programa garatzeko ezinbestekoak ez badira eta azalpen memorian horrela jasota badago).

4.– Espetxeetan hasten diren proiektuetan, dirulaguntza jaso ahal izango dute erakunde onuradunek kanpoko baliabideetara zein pertsona eraman behar den aukeratzeko eta prestatzeko egiten dituzten aldizkako bisitek sortzen dituzten gastuek.

5.– Agindu honen 8. artikuluaren 1. paragrafoko proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatuan jasota dauden gastuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak direla ulertuko da, artikulu honen arabera dirulaguntza jasotzeko betekizunak betetzen badituzte. Agindu honen 16. artikuluan ezarritakoaren arabera ordainduko dira horiek.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileak.

Dirulaguntza eskatu ahal izango dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak betetzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeek, betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Euskadiko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta egotea.

b) Egoitza soziala eta zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, eta jarduera ere hor egitea. Horretarako, haien programen hartzaile diren presoek EAEn kokatuta dauden hiru espetxeetakoren batean hasi behar izan dituzte gizarteratze-prozesuak.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Justizia Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du, erakundeak horretarako baimena ukatzen ez badio, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.3 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritakoaren arabera.

d) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik eragindakoak barne.

e) Dirulaguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa edo zehapen prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzengatik hasi eta artean izapidetzen ari direnak.

f) Euskadin espetxearen ordezko neurrietara zigortutakoen betearazpen-agindu guztiak kudeatzen ditu Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailaren mendeko Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuak (ZKEZ). Ondorioz, zigortuentzako proiektuen kasuan, Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) erakunde laguntzailea izan behar da. Izan ere, deialdi hau Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak egin du. Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du erakunde eskatzailea Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) erakunde laguntzailea den.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde eskatzaileek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektroniko honetan daude: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2019/reinsercion/es

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak egiteko webgunea hau da: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak; otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, PLATEA e-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

6. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Justizia Sailburuordetzako Justizia Zuzendaritzari dagokio deialdi honen kudeaketa, Helduen Justizia Zerbitzuaren bidez.

7. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabideetan, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bat garatzen duen proiektu bat izango da. Modalitate bat baino gehiago garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute modalitate bakoitzeko. Era berean, modalitate batean kokatu daitezkeen proiektu desberdinak garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Zigortu edo presoei modu bateratuan edo banan-banan zuzendutakoak izan daitezke proiektuak.

2.– Erakundeek gehienez hiru eskabide aurkeztu ahal izango dituzte.

3.– Deialdian guztira erabil daitekeen dirua eta azken urteetako proiektuen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta, erakundeek ezin izango dute aurkeztu 80.000 eurotik gorako proiekturik. Erakunderen batek zenbateko hori gainditzen duen eskabide bakarra aurkeztuz gero, eskabide hori ezetsi egingo da. Erakunderen batek eskabide bat baino gehiago aurkeztu eta sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera aurkeztu duen lehenengo eskabideak gehienezko zenbatekoa gaindituz gero, eskabide guztiak ezetsiko dira. Eskabide horrek zenbatekoa gainditzen ez badu, aurkeztutako eskabideak sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera batuko dira, eta gehienezko zenbatekoa gainditzea dakarren eskabidea ezetsi egingo da, eta, hala badagokio, ondoren aurkeztutakoa.

4.– Erakundeek eskabidea hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak euskadi.net-en helbide honetan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2019/reinsercion/es

5.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: dirulaguntza eskatzen duen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu edo ikuskatzeko ahalmenak bazter utzi gabe.

8. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Diruz laguntzea nahi den proiektuaren gaineko memoria. Memoria egiteko eredu normalizatua («Proiektuaren memoria») hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2019/reinsercion/es

Memorian zehaztu beharko da 2. artikuluan zehazten diren aukeretatik zeinetan kokatzen den proiektua. Erakundeek argi eta zehaztasunez azaldu beharko dute egingo den jarduera, zigortu eta presoekin egingo den lana, proiektuaren helburu zehatzak eta erabiliko den metodologia.

b) Proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatua; beste finantza-iturririk izanez gero, zehaztu egin beharko da, eta halakorik ez badago, zinpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko da ez duela ez baliabide propiorik ez kanpokorik, proiektua finantzatzeko. Eredu normalizatua («Aurrekontu banakatua») hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2019/reinsercion/es

2.– Eskabideak baloratzeko, aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuak bakar-bakarrik hartuko dira kontuan. Dena dela, erakundeek dokumentu osagarriak aurkeztu ahal izango dituzte, proiektua hobeto baloratzen lagunduko dutela uste badute.

3.– Jarduerak dagoeneko bukatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

4.– Organo kudeatzaileak espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke erakunde eskatzaileari. Gainera, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Organo kudeatzaileak egiaztatzen badu erakunde eskatzaileren batek aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta dela edo aurreko artikuluetan adierazitako betekizunak betetzen ez direla, eskatuko dio hamar eguneko epean hutsa zuzen dezala edo dagozkion agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko dio horrela egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, aldez aurretik ebazpena emango da, zirkunstantzia horren berri emateko, eta, bertan, jazotako egitateak eta aplika daitezkeen arauak zehaztuko dira.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Balorazio Batzorde bat eratuko da, zeinak dirulaguntzak baloratzeko proposamena egingo baitu.

2.– Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

2.1.– Batzordeburua: Roberto Moreno, Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuaren arduraduna, edo bere ordez izendatzen duena.

2.2.– Bokalak:

2.2.1.– Benito Aguirre González, Arabako espetxeko zuzendaria, edo bere ordez izendatzen duena.

2.2.2.– José Ángel Badiola, Basauriko espetxeko zuzendaria, edo bere ordez izendatzen duena.

2.2.3.– Francisco Javier García Bedoya, Martuteneko espetxeko zuzendaria, edo bere ordez izendatzen duena.

3.– Idazkari-lanak Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuari atxikitako langile publiko batek egingo ditu, eta Justiziako zuzendariak izendatuko du.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eskabideak balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala hauen arabera baloratuko dira:

1.1.– Zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesuari proiektuak egiten dion ekarpena: 0-20 puntu.

1.1.1.– Zigortuak eta presoak espetxez kanpo bizitzeko aukera ematen duten proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 11-20 puntu.

1.1.2.– Gainerako proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 0-10 puntu.

2.– Proiektuaren egokitasuna edo interes soziala: 0-20 puntu.

2.1.– Lan-munduan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzendutako proiektuak (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, migratzaileak, emakumeak edo osasun mentala duten pertsonak), horietan parte hartzen duen pertsona-kopuruaren eta intentsitatearen arabera: 11-20 puntu.

2.2.– Gainerako proiektuak, erabiltzaile-kopuruaren eta proiektuaren intentsitatearen arabera: 0-10 puntu.

3.– Proposatzen diren jardueretan, erakundeak noraino parte hartzen duen eta norainoko lankidetza duen: 0-10 puntu.

3.1.– Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin eta Lanbiderekin: 8-10 puntu.

3.2.– Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanean ari diren beste erakunde eta organizazio batzuekin: 0-7 puntu.

4.– Proiektua hainbat urtetan gauzatzeko aukera: 0-5 puntu.

4.1.– Autofinantzaketa duten proiektuak, autofinantzaketa-ehunekoaren arabera: 3-5 puntu.

4.2.– Bideragarritasuna egiaztatuta duten proiektuak, urteen arabera. Gutxienez, proiektua azken bi urteetan egindakoa izan behar da. 0-2 puntu.

5.– Boluntarioen parte-hartzea: 0-5 puntu.

5.1.– Boluntario-kopurua dirulaguntzarako aurkeztu den proiektuan: 3-5 puntu.

5.2.– Boluntario-kopurua erakundearen beste proiektu batzuetan: 0-2 puntu.

6.– Balorazio-irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 60 puntu lortu ahal izango dira.

7.– Dirulaguntza emateko, aurreko irizpideen arabera 30 puntutik gora lortu beharko ditu eskabideak.

12. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.

1.– Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak aukera izango du diruz laguntzekoak ez diren gastuak edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak hartzen dituzten eskabideetako diru-kopuruak doitzeko, dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen.

2.– Balorazio-irizpideen arabera 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideen proiektuei zenbateko dirulaguntza dagokien zehazteko, urrats hauek egingo dira:

1) Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. Eskabideren batek 60 puntu (gehieneko puntuazioa) lortzen baditu, eskatutako dirulaguntza-zenbatekoaren ehuneko ehuneko (% 100) dirulaguntza-portzentaje teorikoa aplikatuko zaio. Artikulu honen lehen apartatuan adierazitakoaren arabera, kontuan hartu behar da aldez aurretik birdoitu egin behar direla erakundeek eskatutako kopuruak, dirulaguntzarik jaso ezin duten gastuei edo proiektuarekin lotuta ez dauden gastuei dagokienez. Gainontzeko eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako portzentaje proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

2) Kasu bereziak:

a) Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura gainditzen bada, dirulaguntzen zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, eta dirulaguntza teoriko guztiei portzentaje berbera jaitsiko zaie. Portzentaje hori honela kalkulatuko da: diru-zuzkidura zati zenbateko teoriko guztia.

b) Dirulaguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-zuzkidura ez bada gainditzen, berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura berari jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren ehuneko ehuna (% 100).

3.– Deialdian guztira erabil daitekeen dirua eta azken urteetako proiektuen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta, proiektu bati gehienez ere 50.000 euroko dirulaguntza eman ahalko zaio.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eskatutako dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena emango du Justiziako zuzendariak, eta, bertan, proiektu bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten horren berri.

2.– Dirulaguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi, eskabideak ezetsi direla ulertuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena) 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondoreetarako. Edonola ere, ez da eragotziko Administrazioak berariaz ebazteko duen betebeharra.

3.– Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

14. artikulua.– Onarpena.

1.– Erakunde onuradunen aldetik dirulaguntza onartzeak esan nahi du onartu egiten dituztela agindu honetan ezarritako arau guztiak, bai eta honako hauetan ezarritako bermeak eta diru-itzulketen eta zehapenen erregimena ere: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

2.– Laguntza onartu egin dela ulertuko da, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 5 egun pasatu ondoren onuradunak besterik adierazi ez badu.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte.

Halaber, erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntzak xede duen proiektu zehatza egiteko erabiltzea dirulaguntza hori, agindu honen 18.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa bada izan ezik.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea, dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzea edo dirulaguntzaren xede den proiektua burutzea ezinezkoa egiten duen (osorik edo partez) gerora sortutako gorabeheren bat gertatzen bada.

c) Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko emandako edozein dirulaguntza edo laguntza eman diotela edo ukatu diotela, horren berri izan bezain laster.

d) Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betez eskatutako informazio guztia ematea.

e) Dirulaguntza eman eta onartu ondoren argitaratzen diren programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleetan beren-beregi eta argi adieraztea Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dela Lan eta Justizia Sailaren bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko eskuliburua onartzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Informazio gehiago eta eskabideak eskuratzeko: http://www.ivap.euskadi.eus/r61-2347/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corportativa.html

16. artikulua.– Ordainketa.

1.– Dirulaguntzen deialdi honek hogei urte baino gehiago ditu, eta erakundeek osatzen dute Euskadin preso dauden pertsonak gizarteratzeko sarea. Proiektuak egonkorrak dira, eta deialdi hau behar dute, urte hasieran eta albait arinen, urtez urte erabateko egonkortasunez egiten dituzten proiektuetatik eratorritako gastuei aurre egin ahal izateko. Hori dela-eta, ohiz kanpoko ordainketa-araubidea, aipatutakoaren arabera, hau izango da: dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren eta onartzeko epea igaro ostean, dirulaguntzaren ehuneko hirurogeita hamabost (% 75) ordainduko da. Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25) 2020ko otsailaren 29a baino lehen ordainduko da, 17. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko Ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien dirulaguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta erakundeak osorik justifikatu badu dirulaguntzaren xedea, aurreko paragrafoan adierazitako justifikatzeko agiriak aurkeztuta.

3.– Administrazioak dirulaguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko da; hau da, erregistratuta egon beharko da aipatutako sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

Bankuko datuak erregistratzeko edota daudenak aldatzeko:

– Aurrez aurre: egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren araberako inprimakiaren bidez: https://euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/y22-izapide2/eu/

– Bide elektronikoaren bidez: hirugarrenen erregistro telematiko bidez, jarraian adierazitako egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

17. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta justifikatzeko dokumentazioa.

1.– Erakunde onuradunek organo kudeatzaileari justifikatu behar diote dirulaguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzen dituztela, baita dirulaguntzaren xede den proiektua burutu izana ere, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Justifikatzeko memoria: edozein formatutan aurkeztuko da, jarduera edo programa zehatz-mehatz deskribatuko du eta honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez: erabiltzaileen kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta, hala badagokio, laneratzeko zaila den talderen batekoa den (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak). Ahal izanez gero, dirulaguntza jaso duen jarduera burutu dela ziurtatzen duten argazkiak edota dokumentu grafikoak aurkeztuko dira memoriarekin batera, eta, hala dagokionean, argitaratutako programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleak.

b) «Justifikazio kontu sinplifikatua» inprimakia beteta. Honako egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2019/reinsercion/es

Inprimakian, honako hauek adierazi behar dira, gutxienez:

1) Proiektuaren jarduerarako egin diren inbertsioen eta dirulaguntzaren kontura egindako gastuen zerrenda. Gastu bakoitza zein helbururekin egin den azalduko da labur-labur eta gastuon dokumentuak aurkeztuko dira, datu hauekin: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.

2) Erakunde onuradunak, diruz lagundu den proiekturako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako bestelako finantzaketa edo dirulaguntzen zenbateko eta jatorrien zerrenda zehaztua, baldin eta aurretik horien berri ez bazitzaion eman organo kudeatzaileari.

3) Justifikazioak bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira helbide honetan: https://euskadi.net/nirekudeaketak

4) Dirulaguntzaren organo kudeatzaileak, 2020ko otsailaren 29a baino lehen, ausaz aukeratutako bost erakunde onuradun bisitatuko ditu gutxienez, justifikazio-agirietan emandako informazioa egiaztatzeko eta justifikazio-agiri originalak eskatzeko (beharrezkotzat jotzen dituen kontu-ikuskapenak egiteko xedez).

18. artikulua.– Dirulaguntzak emateko betekizunak ez betetzea.

Dirulaguntza itzultzeko kausak izango dira Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoak.

1.– Betiere ez-betetze kasuak izango dira honako hauek:

a) Jasotako dirulaguntza osoa edo horren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

b) Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, funtsezkotzat hartzen ez direlako, eskaera arrazoitua egin ostean, Justiziako zuzendariak esanbidez baimentzen baditu, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko deialdi honetan ezarri diren gutxieneko betekizunak betetzen badira. Gutxieneko betekizunak hauek izango dira: erakunde onuradun izateko baldintza guztiei eustea; proiektuak, proiektu bera izanda eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak direla-eta, aurrez ikusitakoa baino zigortu eta preso gutxiagori ekartzea onurak; edo, gizarteratze-helburuak beteta, helburu horiek antzeko gizarteratze-proiektuekin lortu izana.

c) Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen baten faltsutasuna.

2.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu dirulaguntzak emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzak, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta ordura arte jasotako dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: azaroaren 17ko 38/2003 Legean (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra), azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen du) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

19. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.

Beste edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk eman dezakeen dirulaguntza edo laguntza ororekin bateragarriak dira dirulaguntza hauek. Baina, helburu berbererako eskuratutako dirulaguntzen zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako dirulaguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

20. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela eta 2. artikuluan ezarritako gutxieneko betekizunak betetzen badira, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Justiziako zuzendariak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, baina interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Lan eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezake zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epe biak agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko zaie.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 3a.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala