Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2019ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
2098

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietan, Getaria kaleko 23. zenbakian eta Prim kaleko 10. zenbakian kokatuta dauden eraikinen xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2018ko abuztuaren 13an, Donostiako Udalak eskabidea osatu zuen Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietako, Getaria kaleko 23. zenbakiko eta Prim kaleko 10. zenbakiko eraikinen xehetasun-azterlanaren (aurrerantzean, Xehetasun Azterlana) gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasiera emateko, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera.

Planaren zirriborroa eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritakoaren araberako edukia duen ingurumen-dokumentu estrategikoa atxiki zitzaizkion eskabideari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko abenduaren 20an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, oinarritzat har bailitezke ingurumen-organo horrek bere ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko, eta, beharrezkotzat joko balitz, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Halaber, eskatu zien iritzia emateko, espedienteari erantsi beharko litzaiokeen ingurumen-azterlan estrategikoak nolako irismena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan beharko lukeen zehazteko.

Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari, Eguzkizaleak elkarteari eta Parkeen Lagunak «Haritzalde» elkarte naturalistari.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren –biak Eusko Jaurlaritzakoak– txostena jaso da (espedientean dago horren emaitza).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietako, Getaria kaleko 23. zenbakiko eta Prim kaleko 10. zenbakiko eraikinen xehetasun-azterlan aldatua (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean sartzen da. Hor ezartzen da zer planek edo programak pasa behar duen ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: ingurumen-eragin adierazgarririk ez duela –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera– edo ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar dela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Xehetasun Azterlanaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin eta Xehetasun Azterlana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen du, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.

Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Administrazio Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietan, Getaria kaleko 23. zenbakian eta Prim kaleko 10. zenbakian kokatuta dauden eraikinen Xehetasun Azterlanaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Donostiako Udalak sustatua. Plan horrek ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunt bat izan behar du, ingurumenaren gaineko ondore esanguratsuak izan baititzake, jarraian adierazten diren terminoetan:

A) Planaren deskribapena: Helburuak eta jarduketak.

Lehenik eta behin, esan behar da Prim kaleko 10. zenbakiko eraikina «Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plangintza Bereziak» (DEHOBPB) barne hartzen duela. Hark B babes-maila ematen dio eraikinari (horrenbestez, eraikinaren zati batzuk babestu egin behar dira kanpoko inguratzailean nahiz barruan) eta «Esku Hartzeko Unitate» bat osatzen du, Getaria kaleko 23. zenbakian eta Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietan kokatuta dauden eraikinekin batera; azken horiek ere DEHOBPB Plangintzaren barruan daude eta C babes-maila dute (zati batzuk babestu egin behar dira kanpoko inguratzailean).

Prim kaleko 10. zenbakiko eraikina birgaitzeko eta handitzeko lanek hari etxebizitzako erabilera edo hirugarren sektoreko ostatu-erabilera ematea dute helburu. Horretarako, Esku Hartzeko Unitatearen gaur egungo lerrokadurak eta eraikin-profila aldatu behar dira, Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Hirigintza Arau Orokorretan jasotako zehaztapenei jarraikiz (34. artikulua).

Xehetasun Azterlanean planteatutako proposamenak atikoko bi solairu atzeraeman berri eraikitzea ahalbidetzen du Esku Hartzeko Unitateko eraikin bakoitzean, Prim kaleko 10. zenbakiko eraikinaren kasuan salbu, bertan solairu bakar batentzako aukera bakarrik baitago. Sotoko solairuen atzeraemangunea bide publikora ematen duen fatxadan eta etxe-uharte barneko patioan egingo da, beheko solairuarekiko 2 metrotara. Atikoko bigarren solairuaren gainean estalkia agintzen da, eta hark % 40ko malda izango du gehienez ere. Estalki horren konfigurazioa eraikuntzaren kasuan kasuko exekuzio-proiektuan xehatuko da.

Era berean, sotoko 4 solairu eraikitzea ahalbidetzen du eraikin bakoitzaren lurzatiaren barnean.

Xehetasun Azterlanean aurreikusten diren jarduketen ingurumen-inpaktu nagusia honako hau izango litzateke: jarduketek ondoreak eragin ditzakete jarduketa-eremuko eraikinek osatzen duten multzo hiritarreko ondare-balioetan. Balio horiek direla-eta, eraikinak Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren behin-behineko inbentarioan txertatuta daude, eta EAEko Monumentu/Monumentu Multzo gisa hartzeko proposatu dira, betiere espedientean jasotzen diren txostenei jarraikiz.

Gainera, proposatutako eraikinen handitze-lanei atxikitako ondoreak hartu beharko lirateke kontuan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sortzea, eta giza habitataren kalitatea behin-behinean murriztea, lur-mugimenduen eta makinen joan-etorrien ondorioz zarata, hautsa eta abarrak areagotuko baitira.

Bestalde, Xehetasun Azterlanari dagokion eremua Donostiaren erdigunean kokatuta dago, hiri-eremu garatu batean; bertan ez dago kalteak jasan ditzakeen fauna eta flora interesgarririk, ezta gune babesturik edo Batasunaren intereseko habitatik ere.

B) Xehetasun Azterlanaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.

1) Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu edo beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterlanak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan: aurreikusitako jarduketek ez dute eraginik izango bestelako planetan edo programetan.

c) Planaren egokitasuna ingurumen-gaiak integratzeko, batez ere garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: energia-efizientziako irizpideei jarraituko die Xehetasun Azterlanaren bidez garatuko den eraikuntza-proiektuak, eta irizpide bioklimatikoak sartuko ditu eraikuntzen diseinuan, eta material iraunkorrak eta birziklagarriak erabiliko horiek eraikitzeko. Hori dela eta, Plana egokia da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-kontsiderazioak integratzeko.

d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: xehetasun Azterlanaren proposamenak aldaketa itzulezinak eragiten ditu eraikuntza-tipologian eta higiezinen konfigurazio bolumetrikoan, eta hori bateraezina da identifikatu diren ondare-balioen babesarekin.

Gainera, obra-fasean eraikuntza-lanen berezko inpaktuak sortuko lirateke: lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak, lurzoruaren okupazioa, ustekabeko isuriak, hondakinen sorrera, soinu-mailen igoera, giza habitataren kalitatea behin-behinean murriztea, zaratak eta hautsak direla eta.

e) Era berean, proposamena modu partzialean jotzen da egokitzat ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2) Sor daitezkeen ingurumen-eraginak eta eraginpean gera daitekeen eremuaren ezaugarriak:

Xehetasun Azterlanari dagokion eremua Donostiaren erdigunean kokatuta dago, hiri-eremu eta garatu batean; bertan ez dago kalteak jasan ditzakeen fauna eta flora interesgarririk, ezta gune babesturik edo Batasunaren intereseko habitatik ere.

Dena den, kultura-ondarearen ikuspuntutik esan behar da, Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietan, Getaria kaleko 23. zenbakian eta Prim kaleko 10. zenbakian kokatutako eraikinak 1901. eta 1905. urteen artean eraiki zirela. Horiek lengoaia arkitektoniko eta estilistiko berarekin proiektatu dira, eta kronologia aurreratuko arkitektura eklektikoaren adibide dira; dekorazio-elementu modernistak ditu egitura kontserbatzailean, jatorri neoklasikoko ereduaren oso antzekoak. Eraikuntza-multzoak antzinako izaera duen monumentu-gune bat osatzen du, eta Planean proposatzen den eraikuntza-profilaren hedapena bateraezina izango litzateke ondare-balioen babesarekin; izan ere, balio horiek direla-eta daude Euskal Kultura Ondarearen barnean.

Bigarrena.– Ingurumen-ondoreetarako bakarrik, Xehetasun Azterlanaren irismen-dokumentua egitea Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietan, Getaria kaleko 23. zenbakian eta Prim kaleko 10. zenbakian kokatuta dauden eraikinetarako, baldintza hauekin:

Ingurumen-azterlan estrategikoak (aurrerantzean, Azterlan) honako gutxieneko eduki hau hartu beharko du barne: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean eta planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa (I. eranskinean jasotakoa ere kontuan izan behar da).

Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanik, honako gai hauek jasoko dira, besteak beste:

A) Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.

Azterlan estrategikoak berariaz justifikatu beharko du Planak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-lerroak hartuko dira plana egiteko funtsezko oinarri gisa. Horrez gain, Euskadiko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan bildutako irizpideak jaso beharko ditu.

Izan ere, honako irizpide hauek txertatzea azpimarratu beharko da:

a) Paisaia eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.

b) Lurzorua zentzuz eta intentsitatez erabiltzea eta lehendik ere artifizialdurik dauden lurzoruen erabilera intentsiboa lehenestea.

c) Energia-aurrezpenari dagokionez, energia berriztagarrien efizientzia eta erabilera sustatzea, baita kogenerazioa ere.

Azterlanak kontuan hartu behar du proposatutako jardueretan sartzen direla ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak, zeinak aipatutako garapen jasangarriaren printzipioetatik baitatoz.

B) Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.

Azterlanak Planaren aplikazio-eremua deskribatu beharko du, ingurumenaren ikuspegitik. Eremu urbanizatu bat da, Bilbo Plazako gune publiko zirkularraren hiru laurden hartzen dituzten hiru etxadietako higiezinek osatua, eta Donostiako zabalgunearen eta Maria Kristina zubiaren ardatzaren luzapenaren gurutzaketan kokatuta dago. Prim kaleko 10. zenbakiko, Bilbo Plazako 1. eta 2. zenbakietako eta Getaria kaleko 23. zenbakiko eraikinen multzoak eraikuntza-multzo monumental berezi bat osatzen du; lerrokadura zirkularreko alakak eta itxura unitarioko fatxadak ditu, eta antzinako izaera nabarmeneko espazio monumental bat da.

C) Ingurumenaren ikuspegitik esanguratsuak diren eremuak zehaztea.

Babes-erregimen bat duten eremu guztiak hartu beharko dira kontuan, ingurumena babesteko oinarrizko legeria aplikatuz. Kasu honetan, ingurumen-eremu garrantzitsu gisa identifikatu da proposatutako Planaren jarduketa-eremua osatzen duten eraikinen multzoa, eta Eusko Jaurlaritzak Monumentu Multzo gisa hartzea proposatu du.

D) Etorkizunean jarduketak egiteko egokiak ez diren eremuak.

Ingurumenaren aldetik problematikoak diren eta gerora proposamenak gauzatzean zaindu beharko diren eremuak detektatu beharko ditu Azterlanak. Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arrisku-guneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatu ahal izateko.

Apartatu hau idazteko orduan kontuan izan beharko da Aldaketa Puntualaren xede diren eraikinek udal-mailako babesa dutela, higiezin horiek Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziaren barruan baitaude. Horrela, bada, Prim kaleko 10. zenbakiko eraikinak B babes-maila du eta gainerakoek C babes-maila.

Era berean, Azterlanak behar bezala izan beharko du kontuan Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi duena, balio urbanistiko, arkitektoniko eta historiko horiek direla-eta, lau eraikinak Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren behin-behineko inbentarioan txertatuta baitaude, eta EAEko Monumentu/Monumentu Multzo gisa aitortzeko proposamena egin da.

E) Egindako aurretiazko kontsultetako erantzunen ingurumen-azterlan laburra.

Jarraian, eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten tramitean jasotako txostenetako ingurumen-arloko eduki garrantzitsuenak laburbildu dira:

– Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritza: kontrako txostena eman du, proposamenak inpaktu itzulezina izango baitu Planaren xede diren higiezinek osatzen duten monumentu multzoan. Zuzendaritzaren ustez, proposamena ez da bateragarria zaharberritze zientifiko eta kontserbatzaileko esku-hartzeekin; izan ere, horiexek izango lirateke onartzeko modukoak, betiere monumentu multzoaren gaur egungo ondare-balioa kontuan hartuta.

F) Ingurumen-azterlan estrategikoan kontuan hartu behar diren funtsezko alderdien definizioa eta irismena.

Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek honako eskema metodologiko honi jarraitu beharko diote:

1) Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekiko harremanak.

2) Ingurumenaren egungo egoera.

3) Ingurumenean egon daitezkeen eragin esanguratsuak.

4) Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.

5) Aukerak hautatzeko prozesua.

6) Ingurumena zaintzeko programa.

7) Laburpen ez-teknikoa.

Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla-eta, uste da Azterlanak hurrengo alderdietan sakondu behar duela, gutxienez, jarraian adierazten den zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:

1) Edukia, helburuak eta beste plan eta programa batzuekiko harremanak.

Azterlanak Planaren helburu nagusien laburpen labur bat izango du, eta beste plan eta programa lotuekin dituzten erlazioei buruzko azterketa labur bat. Gainera, ingurumen-alderdiak Planaren prestaketan nola txertatzen diren azaldu beharko du.

Azterlanak era espezifikoan justifikatu beharko du irismen-dokumentu honetako A apartatuan jasotako ingurumena babesteko helburuak eta jasangarritasun-printzipio eta -irizpideak kontuan izan direla. Justifikazio hori bai arauetan bai Planean bertan ezarritako adierazleen eta mugen erabileran oinarrituko da.

Planaren helburuen eta jarduketen eta eremuan eragina duten planen eta programen helburuen eta zehaztapenen arteko koherentzia eta erlazioa zehaztuko dira.

Halaber, eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako ondorioak, ondorio metakorrak eta sinergikoak identifikatuko dira. Hemen identifikatutako ondorioak, halakorik izanez gero, planaren inpaktuak identifikatu eta baloratzeko apartatuan ebaluatuko dira. Helburu komunak lortzea izango da xedea eta, horrez gain, beste plan batzuen helburuekiko eta jarduketa-ildoekiko gainjartzeak, gatazkak edo bateraezintasunak ager daitezkeen kasuetan Planeko jarduketa-aukerak ebaluatzea.

2) Ingurumenaren egungo egoera.

Azterlanak ingurumenaren gaur egungo egoeraren alderdi garrantzitsuak deskribatu beharko ditu, era nabarmenean eragin diezaiekeen guneen eta, Planaren aplikazioa egiten ez bada, izan dezakeen bilakaeraren ingurumen-ezaugarriak zehaztuz, klima-aldaketa kontuan izanik.

Garrantzitsua izan daitekeen edozein ingurumen-arazo identifikatu behar da, eta bereziki irismen-dokumentu honetako C apartatuan jasotako edozein gunerekin erlazionatutako arazoak, ingurumenaren aldetik nabarmenak direnak.

Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena ingurumen-adierazleak erabilita bermatu beharko da; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, baita lurraldeari eta ingurumenari buruzko Eustatenak ere, eta txosten honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste batzuk.

Proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu Azterlanak, ingurumen-zaintzako programa aplikatzeko erreferentziako ingurumen-egoera zehaztuta gera dadin.

3) Ingurumenean gerta daitezkeen eragin esanguratsuak.

Apartatu honetan, espero daitezkeen ingurumen-ondorio gertagarriak aztertu beharko dira, batik bat ondare kultural eta historikoaren gainekoak. Eragin horiek barnean hartu behar dituzte zeharkako efektuak, metaketak, sinergiak, epe labur, ertain eta luzerako eraginak, ondorio iraunkorrak eta aldi baterakoak, positiboak eta negatiboak.

Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du azterlanak, baldin eta ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenak izan baditzakete. Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero daitezkeen ingurumen-ondorio gertagarriak deskribatuko dira eta, hala behar denean, ingurumen-ondorio kaltegarri jakin bat gertaezina dela justifikatu beharko da. Eta identifikatutako inpaktu guztietatik berariaz nabarmendu beharko dira garrantzitsutzat hartutakoak.

4) Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.

Ingurumen-ebaluazioaren azken faseetan, aukerarik egokiena hautatu ondoren, hartu beharreko neurri prebentibo, zuzentzaile eta, azken buruan, konpentsatzaileak garatuko dira, identifikatutako eraginak arintzeko; horrela, ingurumen-azterlan estrategikoan bertan ezarritako baldintzetan, Planaren aldaketak ingurumenean ondorio esanguratsurik ez duela sortuko bermatuko da. Ahal den heinean, proposatutako neurrietako bakoitza zein garapen-tresnatan inplementatuko den zehaztuko da.

Bestalde, Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako proiektuak identifikatu beharko dira, garapenaren baldintzak ezartzeko eta, hala badagokie, proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ezartzeko.

Azkenik, abenduaren 9ko 21/2013 Legeak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak eskatzen duenez, ingurumen-azterlan estrategikoak barnean hartuko ditu neurriak, klima-aldaketan izan dezaketen eragina arinduko dutenak eta hari egokitzea bideratuko dutenak. Xede horrekin, Ihobek egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: «Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gida. Udalsarea 21 lan-koadernoa» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko eskuliburua klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko (Ihobe)».

5) Aukerak hautatzeko prozesua.

Honako hau bilduko da: aukerak hautatzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa eta Planaren helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna justifikatuko dituena, batez ere txosten honetako A apartatuan adierazitako ingurumen-helburuekikoak.

Ingurumen-azterlan estrategikoak barnean hartu behar du ezer ez egitearen aukera. Bada, aukera horretan, Planaren eremuak gaur egungo egoeran jarraituko luke. Plana aplikatu ez eta gaur egungo egoeran jarraituz gero, aztertu beharko da zein izango litzatekeen arlo garrantzitsuen eboluzio gertagarriena.

Apartatua bukatzeko, hautatutako aukera argudiatu beharko da, eta, nolanahi ere, bermatu egin beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren ondare- eta ingurumen-osagaiei ahal bezain kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.

6) Ingurumena zaintzeko programa.

Azterketak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du eta, bertan, Plana aplikatzeak dakartzan ondorioak berrikusteko aurreikusitako neurriak deskribatuko dira. Ingurumena zaintzeko programan, adierazleak deskribatuko dira eta, behar izanez gero, ondorio garrantzitsuenen erreferentzia-balioak, bai positiboak bai negatiboak.

Ingurumena zaintzeko programak azterlanean proposatzen diren adierazleak jaso beharko ditu, txosten honetako 2.F apartatua betetzeko, baita kasu bakoitzean, datuak biltzeko erabiliko diren periodikotasuna eta metodoak ere.

7) Laburpen ez-teknikoa.

Azterlanak aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat izango du; herritarrek oro har ulertzeko moduko informazio zehatza izango du, aztertutako alderdi guztiak landuko ditu eta, era berean, informazio grafikoa izango du, dokumentu autoaskia eta Azterlanarekiko independentea izan dadin.

G) Organo sustatzaileak eragindako administrazio publikoei eta publiko interesdunari kontsultatzeko izapideetan kontsultatu beharko dituen eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen identifikazioa.

Urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hau izango da eraginpeko administrazio publikoen eta herritar interesdunen zerrenda:

– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.

– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.

– Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusia.

– Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea.

– Eguzki. Eguzkizaleak Aisialdirako Elkartea.

– Parkeen Lagunak «Haritzalde» elkarte naturalista.

H) Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateen, iraupenaren eta epeen definizioa.

Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo erabakitzaileak edo, hala badagokio, sustatzaileak jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du Plan honen hasierako bertsioa, ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera, 45 egunez gutxienez.

Halaber, epe horretan bertan, aurreko apartatuan identifikatu diren eragindako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen iritzia jaso beharko da gutxienez.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17.3 artikulua aplikatuz, gehienez ere hamabost hilabetekoa izango da ingurumen-azterlan estrategikoa eta lege beraren 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan aurreikusitako kontsultak egiteko eta informazio publikoaren prozedura betetzeko epea, irismeneko dokumentua sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik aurrera.

I) Dokumentazioa aurkezteko jarraibideak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesional eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egingo dute azterlana, eta Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Azterlanaren egileak identifikatu egin beharko dira, haien titulazioa eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Identifikazioak izena, abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberetarako balio duen beste dokumentu bat izango ditu. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Azterlanaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira horiek, Administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuak alde batera utzita.

Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:

1) Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek koherentzia egokia errespetatu beharko dute, haien artean nahiz aurretik aurkeztutakoekin, halakorik bada, hartara erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana erraztuz eta ez eragotziz.

2) Arreta berezia jarri beharko da kasu bakoitzean dokumentu teknikoen apartatuak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak adieraztean (esaterako, apartatu batean proiektuko ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).

3) Beharrezkoa bada, datuak zein iturritatik lortu diren adierazi behar da.

4) Behar den apartatuetan, dokumentazio grafikoa eta kartografikoa gehitu beharko da (pdf-ek geoerreferentziatuta egon beharko dute); gutxienez, Planaren eta aurreikusitako jarduketen informazio kartografikoa aurkeztuko da.

5) Agiri kartografikoez gain (.pdf formatuan), horien .shp formatuko kopia bana aurkeztuko da. Shape fitxategiak ongi manipulatu ahal izateko, ez dute 10 Mb–tik gorakoak izan behar.

6) Plano guztiak kodearekin eta tituluarekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura eta noiz egin den.

7) Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, zuzendu egin beharko da planoan jatorrian adierazitako eskala, aurkeztutako planoan oinarritutako neurketek ez dezaten akatsik izan.

8) Testuetan zehar aipaturiko eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira. Erreferentzia horiek dagokion elementua erraz aurkitzeko moduan egingo dira, argi eta garbi.

9) Informazio jakin bat dokumentuko apartaturen baten zuzenketa gisa aurkeztekotan, eta aldi berean espedientean zuzendu nahi den apartatua mantentzen bada, informazio berriak adierazi beharko ditu zuzenketaren ondorioz jatorrizko dokumentuan ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, apartatuak, lerrokadak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak eta abar. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eskatu ahal izango da, kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, horrek prozeduraren ebazpenean dakarren atzerapenarekin.

10) Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplika daitezkeen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta inprimakiak erabilita, zehazki, helbide honetan:

http://www.euskadi.eus/informazioa/ingurumenari-buruzko-izapide-elektronikoen-gida/web01-a2inguru/eu/

11) Dokumentu bat .pdf formatuan aurkezten denean, gehienez 30 MB izango ditu eta bilaketak egitea ahalbidetu beharko du. Dokumentu handiagoak zatitu egin beharko dira, sisteman txertatzeko.

12) Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide osoa txertatuko da, adierazitako apartatuetako bakoitza zein orrialdetan dagoen zehaztuta. Aurkibidea aurkeztean .pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da orrialde hori aurkitzeko irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan adierazi behar denarekin.

13) Organo sustatzaileak, datuak igortzean, datu pertsonalak babesteari buruzko araudia betetzen duela bermatu beharko du beti.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean argitara dadila agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 25a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala