Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2019ko maiatzaren 6a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
2091

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 10ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, zeinaren bidez hezkuntzaren esparruko Elkarrekin Bonuak Programaren 2019ko deialdia egiten baita.

Ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren bidez arautzen da Elkarrekin Bonuak Programa, ekimen osagarri bat bakea, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta printzipio demokratikoak sustatzeko. Programaren helburu nagusia da elkartze-sarearen eta erakunde publikoen arteko lankidetza-ekintzak ugaritzea, bizikidetza- eta adiskidetze-kultura sendotzeko.

Programa horren bidez, dirulaguntzak jasoko dituzte bizikidetzaren eta gizarte-topaketaren kultura berri bat bultzatzera bideratutako proiektuek, baldin eta egitasmo horiek batera sustatzen badituzte irabazi-asmorik gabeko elkarteek eta hiru esparru hauekin lotutako erakunde publikoek: hezkuntza, udaletako errealitatea eta herritarren parte-hartzea.

Horren haritik, dekretu horren 5. artikuluan hiru dirulaguntza-ildo biltzen dira, eta horietako bat hezkuntzaren esparruan garatzen diren proiektuak finantzatzera bideratuta dago.

Programa honetarako aurrekontu-kreditu nahikoa dago Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019rako Aurrekontu Orokorretan.

Bestalde, aipatu behar da Elkarrekin Bonuak Programa Lehendakaritzaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasotako ekimenetako bat dela. Plan Estrategikoa Lehendakaritzaren idazkari nagusiaren 2019ko otsailaren 14ko Ebazpenaren bitartez onartu zen.

Aipatutako dekretuaren 7. artikuluaren arabera, laguntzak emateko deialdia urtero egingo da, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, eta deialdiak honako hauek jasoko ditu: deialdiaren xedea, dirulaguntzaren ildo bakoitzerako zuzkidura, bonuen zenbatekoa, proiektuen erakunde hartzaileek ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko tokia eta epea, eskabide-eredu normalizatua, dirulaguntzak justifikatzeko epea eta modua eta, hala dagokionean, bide elektronikoak erabiltzeko prozedura eta jarraibideak.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Elkarrekin Bonuak Programaren 2019ko deialdia egitea, hezkuntzaren esparruan.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

2019ko ekitaldian garatu beharko dira bonuen eskaera eragiten duten proiektuak, eta, nolanahi ere, 2019ko abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-zuzkidura.

Programa honetarako 350.000 euro bideratuko dira. Funts hori osatzeko, Hezkuntza Sailak 100.000 euroko ekarpena egin du, eta Lehendakaritzak, 250.000 eurokoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kargura finantzatuko da.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta erakunde hartzaileak.

1.– Elkarrekin Bonuak Programaren onuradun izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeak, bake eta bizikidetza gaietan aritzen direnak. Erakundeok Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatuta egon behar dute, Euskal Autonomia Erkidegoa izan behar dute jardun-eremu, eta ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 2. eta 6. artikuluetan ezarritako baldintzak bete.

2.– Hezkuntzaren esparruko proiektuen hartzaileak ikastetxeak izango dira.

5. artikulua.– Bonuen zenbatekoa eta gehieneko muga.

1.– Hezkuntzaren esparruko bonuak 70 eurokoak izango dira, justifikatutako prestakuntza- edo dinamizatze-zerbitzuen ordu bakoitzeko.

2.– Proiektuen erakunde hartzaileek gutxienez onartutako bonuen % 10 ordaindu beharko diote erakunde onuradunari.

3.– Ikastetxe batek ezingo ditu 5.000 eurotik gorako bonuak metatu.

4.– Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an onartutako 1407/2013 (EE) Erregelamendua bete beharko dute laguntzek, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBAO, 352. zk., 2013-12-24koa). Laguntza hauek de minimis motako laguntzatzat jotzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako laguntzaren guztizkoak ez du gaindituko 200.000 euroko kopurua, aurreko bi ekitaldi fiskaletakoa eta aurtengoa batuta. Ulertzen da muga horretatik beherako dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten eta ez dutela lehiakortasuna faltsutzen; horren ondorioz, ez dira sartzen Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremuan.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honen izapideak eskatzeko, kontsultatzeko, edo egiteko, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluaren arabera.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak izapidetzeko moduari buruzko zehaztasunak egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/dirulaguntza/2019/elkarrekin-bonuak-hezkuntza/y22-izapide/eu

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nire-karpeta

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira, 2019ko urriaren 15era bitartean, non eta funtsak ez diren egun hori baino lehen amaitzen. Hala bada, dekretu arautzailearen 5.3 artikuluan ezarritakoa betez, gertaera horren berri emango da Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpen baten bidez, ukatu egingo dira ordura arte ebazteke dauden dirulaguntza guztiak eta ez da onartuko beste eskabiderik.

8. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak barnean dituela, inprimaki arautuan egin beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan baitago eskuragarri. Horretarako, ebazpen honen 6.2 artikuluan zehaztutako sarbidea erabiliko da. Eskabidearekin batera, ekainaren 17ko 110/2014 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

9. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da. Honako hauek izango dira bertako kideak:

– Monika Hernando Porres, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, batzordeburu.

– Goizargi Cano Ormazabal, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

– Marian Sanchez Amado, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, batzordekide.

– José Manuel Palacios Navarro, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako zerbitzuburua, batzordekide.

– Peio Bilbao Sanz, Berritzegune Nagusiaren bizikidetza-aholkularia, batzordekide.

10. artikulua.– Ebazpenak jakinaraztea.

Laguntzak emateko edo ukatzeko ebazpenak erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

11. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua.

1.– Dirulaguntzaren justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2019ko abenduaren 31n bukatuko da.

2.– Dirulaguntzaren erakunde onuradunek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte dirulaguntza zertan erabili duten justifikatzeko:

a) Proiektu bakoitza gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak: programen aleak, kartel iragarleak, argazkiak eta argitaratutako gainerako material grafikoa, idatzizkoa zein entzunezkoa.

b) Egindako proiektuen memoria xehea, datu hauek aipatzen dituena: zer egunetan gauzatu den proiektua, nor diren proiektuan parte hartu duten pertsona hartzaileak –sexuaren arabera bereizita–, nola txertatu den generoaren ikuspuntua, eta zein den azken balorazioa.

c) Ikastetxearen ziurtagiria, non jasoko baita proiektuan zenbat pertsonak parte hartu duten, zenbat ordu eman diren eta zentro hartzaileak zenbat ordaindu duen.

3.– Justifikazio-agiriak elektronikoki aurkeztuko dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, URL honetan: https://euskadi.eus/nire-karpeta. Aurreko puntuan adierazitako agiriak eskaneatuta eta elektronikoki sinatuta aurkeztuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Prozedurari dagokionez, ebazpen honetan arautu gabe dagoen guztian honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 110/2014 Dekretua, ekainaren 17koa, Elkarrekin Bonuen Programa arautzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzekoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; arau horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzekoak baitira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 10a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.


Azterketa dokumentala