Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

71. zk., 2019ko apirilaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1844

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 22koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena, Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) arautegia onartzeko dena.

2012ko abenduaren 20an Gobernu Kontseiluak onartu zuen Plentziako Itsas Estazioa sortzea (aurrerantzean PIE-UPV/EHU). Nortasun juridikorik gabeko egitura hori eratzearekin batera, haren Arautegia ere onartu zuen. Orain proposatzen den aldaketaren helburua, besteak beste, da arautegi hori egokitzea UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako Oinarrizko Arautegiari, zeina indarrean sartu baitzen PIE-UPV/EHU sortu zen garai bertsuan. Aldaketa nagusia da prestakuntza bidean dauden UPV/EHUko ikertzaileak PIEn txertatu ahal izatea horretarako baimena edukiz gero.

Testu berria PIE-UPV/EHUko Zuzendaritza Kontseiluak onartu zuen 2018ko urriaren 10eko ohiko bileran, eta baditu Lege Zerbitzuaren eta Irakasle-ikertzaileen arloko Errektoreordetzaren aldeko txostenak, prestakuntza bidean dauden ikertzaileak PIEn txertatzeko aukerari dagokionez.

UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako Oinarrizko Arautegiari jarraituz (2.4 artikulua), UPV/EHUko idazkari nagusiari dagokio, Gobernu Kontseiluaren eskuordetzaz, halako egituren barne arautegiak onartzea, non eta bertako organoek edo gaiarekin zerikusia duen beste egituraren batek ez duen beren-beregi eskatzen proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea.

Eskuordetza hori kontuan hartuta eta Idazkari nagusiak, egiaztatuta arautegiak behar adina aldeko txosten dituela, eta, 2019ko martxoaren 7ko bilkuran aurkeztutakoan, Gobernu Kontseiluari berariazko eskaerarik ez zaiola aurkeztu, honakoa

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) arautegia onartzea.

Bigarrena.– Agindua ematea Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-UPV/EHU) arautegia argitaratzeko, eranskinean jasota dagoen moduan.

Hirugarrena.– Arautegi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2019ko martxoaren 22a.

Idazkari nagusia,

PEDRO MARIA IRIONDO BENGOA.

PLENTZIAKO ITSAS ESTAZIOA IKERGUNEAREN (PIE–UPV/EHU) ARAUTEGIA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Izaera, eraketa, printzipioak eta araubide juridikoa.

1.– Itsas Biologia eta Bioteknologia Esperimentalen Ikergunea, Plentziako Itsas Estazioa (PIE-UPV/EHU), UPV/EHUren egitura bat da, nortasun juridikorik gabea. Plentziako Itsas Estazioan du egoitza, Areatzan (Plentzia). Egitura hau eratu da UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko Arautegiko 1. eta 2. artikuluei jarraikiz.

2.– PIE-UPV/EHU Ikergunea, funtzionamenduari dagokionez, Ikerketaren arloko Errektoreordetzaren menpe dago.

3.– Ikerguneak honako printzipio hauetara egokituko ditu egitura eta funtzionamendua:

a) Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorrei men egitea.

b) Ikergunearen barruan, kide anitzeko organoak kide bakarrekoen gainetik egotea.

4.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak honako hauek beteko ditu bere jardunean: arautegi hau, UPV/EHUko Estatutuak, UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen funtzionamendurako oinarrizko Arautegia eta aplikatzea dagokion gainerako arauak.

2. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira PIE-UPV/EHU Ikergunearen eginkizunak

1.– Itsasoaren eta osasunaren arteko interakzioak ikertu eta zientifikoki lantzea, ikuspegi multi eta interdisziplinarretik, eta gai horri buruzko interesa zabaltzea unibertsitateko kideengan eta gizarte osoarengan.

2.– Bere eremuko gaietan lankidetza akademikoan jardutea nortasun juridikorik gabeko beste egitura eta entitate batzuekin eta ikastegiekin, sailekin, ikerketa institutuekin eta doktorego eskolekin. Adibidez, PIE-UPV/EHU Ikergunean masterretako eta berezko tituluetako eskolak eman ahal izango dira. Era berean, proposatu ahal izango du lankidetza akademikorako hitzarmenak egitea beste unibertsitate batzuekin edo UPV/EHUtik aparteko nortasun juridikoa duten entitateekin, betiere UPV/EHUko arautegietan horretarako zehaztutako prozedura, baldintza eta gainerakoak errespetatuz. Edozein modutan, tituluetako ikasketak antolatzea (tituluok ofizialak izan nahiz berezkoak izan) ikastegiei, sailei, unibertsitateko ikerketa institutuei edo doktorego eskolei dagokie.

3.– Irakaslan espezializatuak egitea UPV/EHUko ikasketen gestiorako arautegiaren esparruan, eta irakaslanok antolatzeko zabaltzen diren deialdi orokorretan parte hartzea UPV/EHUren bitartez.

4.– Parte hartzea UPV/EHUko sailek antolatzen dituzten bere arloko jardueretan.

5.– Bilera zientifikoak, mintegiak eta hitzaldiak antolatzea bere gaien berri zabaltzeko eta gaion gaineko ezagutzan sakontzeko.

6.– Irakasle, ikertzaile eta ikasleen trukea bultzatzea beste ikastegi eta unibertsitate batzuekin, eta elkarlaneko kanpaina eta proiektuetan parte hartzea.

7.– Lankidetzan jardutea nazioarteko eta estatuko erakunde publiko eta pribatuekin, irizpen, txosten eta aholku orokorren bidez, gure inguruan arlo honetan sortzen diren arazoak argitzeko.

8.– Gizarteak PIEren irakaskuntza eta ikerketen onura jaso dezan ahalegintzea, eta horretarako ateak zabaltzea interesa duten pertsona eta erakunde guztiei (administrazio, enpresa, elkarteei).

9.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak unibertsitate hedakuntzako jarduerak burutu ahal izango ditu, arlo horretako arautegiaren barruan.

10.– Indarreko arauek ematen dizkioten gainerako zeregin guztiak.

3. artikulua.– Lankidetza zientifikoa.

1.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak lankidetza zientifikorako harreman iraunkorrak egin ahalko ditu itzal handiko gune teknologikoekin eta ikerguneekin, lankidetza hitzarmenen bidez. Hortik abiatuta, lankidetzazko ikerketarako unitateak sortu ahal izango dira eta haien jarduna kokatuko da PIE-UPV/EHU Ikergunearen lan programen barruan. Edozelan ere, UPV/EHUren arautegietan horretarako ezarritako prozedura, baldintzak eta gainerakoak errespetatu beharko dira.

2.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak lankidetza zientifikorako lotura iraunkorrak egin ahal izango ditu nazioarteko elkarte zientifikoekin lankidetza hitzarmenen bidez, hartara nazioartean bere izena eta parte hartzea sendotzeko. Edozelan ere, UPV/EHUren arautegietan horretarako ezarritako prozedura, baldintzak eta gainerakoak errespetatu beharko dira.

4. artikulua.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kideak.

PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide dira:

a) PIE-UPV/EHU Ikergunean txertatuta dauden irakasle-ikertzaile doktoreak.

b) Bertan txertatuta dauden prestakuntza bideko ikertzaileak.

c) Ikergunearen diruaz kontratatutako ikertzaileak.

d) PIE-UPV/EHU Ikerguneari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak edo ikerguneak bere diruaz kontratatutakoak.

5. artikulua.– PIE-UPV/EHUn txertatu eta parte hartzeko araubidea.

1.– Errektoreari dagokio unibertsitateko kideei baimena ematea PIE-UPV/EHU Ikergunean modu iraunkorrean jarduteko.

2.– UPV/EHUko irakasle-ikertzaile doktoreek eta prestakuntza bidean dauden ikertzaileek eskaria egin ahal izango dute PIE-UPV/EHU Ikerguneko ikertzaile bihurtzeko, baldin eta bertako ikerketa proiektuetan parte hartzen badute edo bertan ematen diren ikastaroak edo eskolak antolatzen edo ematen badihardute.

3.– Irakasle-ikertzaile doktoreak edo prestakuntza bidean dauden ikertzaileak PIE-UPV/EHU Ikergunean sartzeko, lehendabizi interesduna atxikita dagoen sailak txostena egingo du. Gero, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak berea egingo du, sailaren txosten hori kontuan hartuta (loteslea izango ez bada ere). Batzordearen txostena aintzat izanik, Zuzendaritza Kontseiluak proposamena aurkeztuko dio errektoreari, eta beraren esku (edo horretarako eskuordetza daukan pertsonaren esku) egongo da baimena ematea. Ikergunean sartzen diren irakasleen irakats betebeharrak ez dira aldatuko, salbu eta kasuan kasuko sailak horren aldeko txostena egiten badu eta bermatzen badu du irakaslana sailak berak beteko duela, behar den kalitateari eutsita. Prestakuntza bidean dauden ikertzaileak ikergunean txertatzeko, beharrezkoa izango da ikertzailearen tesi zuzendariak horretarako baimena ematea.

4.– Aurreko atalean esandakoa gorabehera, UPV/EHUko irakasle-ikertzaile doktoreei ez zaie baimenik emango PIE-UPV/EHUn sartzeko, aurretik unibertsitateko beste egitura batean sartuta badaude.

5.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak hiru urterik behin eguneratuko du ikergunean modu iraunkorrean diharduten unibertsitateko kideen zerrenda, eta horren berri emango dio gaiaren eskumena daukan errektoreordeari.

6.– Aldi baterako kontratatutako ikertzaileak.

a) Unibertsitateak ikertzaileak kontratatu ahal izango ditu PIE-UPV/EHU Ikergunearen edo diruz lagundutako proiektuen kontura, ikerguneko zereginak betetzeko.

b) Langile horiek kontratatzean UPV/EHUk halako kontratazioetarako ezarrita dituen baldintzak eta prozedurak beteko dira.

7.– UPV/EHUkoak ez diren pertsonek parte hartu ahal izango dute PIE-UPV/EHU, baina bakarrik gonbidapenaz, eta hitza izango dute, baina ez botorik. Edozelan ere, pertsona batek ikerketarako lankide akademikoaren aitorpena izateko, UPV/EHUko lankide akademikoei buruzko arautegia bete beharko da.

II. KAPITULUA
ANTOLAKUNTZA ETA FUNTZIONAMENDURAKO ARAUBIDEA
LEHENENGO ATALA
XEDAPEN OROKORRAK

6. artikulua.– Gobernu eta ordezkaritza organoak.

1.– Zuzendaritza Kontseiluak eta zuzendariak gobernatuko dute PIE-UPV/EHU Ikergunea.

2.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoa haren Zuzendaritza Kontseilua da.

3.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak zuzendaria eta zuzendariordea dira.

BIGARREN ATALA
ZUZENDARITZA KONTSEILUA

7. artikulua.– Osaera.

1.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko Zuzendaritza Kontseiluak osakide hauek izango ditu: zuzendaria, zuzendariordea, ikerketaren koordinatzaile nagusia, lankidetza akademikoaren koordinatzaile nagusia, eta ardura handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea. Era berean, Zuzendaritza Kontseiluko kidea izango da, zuzendariak izendaturik, PIE-UPV/EHU Ikergunean ikertzen diharduten UPV/EHUko ikertaldeetako ikertzaile nagusietako bat (1).

Gainera, beste hauek ere izango dira PIE-UPV/EHU Ikerguneko Zuzendaritza Kontseiluko kide:

a) PIE-UPV/EHU Ikergunean txertatuta dauden irakasle-ikertzaile doktoreen ordezkari bat eta ikergunearen diruaz kontratatutako ikertzaileen ordezkari bat.

b) Lankidetzazko ikerketa unitaterik balego, bertan parte hartzen duten kanpoko entitateen ordezkari bat.

c) Prestakuntza bidean kontratatuta eta ikerguneari txertatuta dauden ikertzaileetako bat.

d) PIE-UPV/EHU Ikerguneari atxikitako edo ikergunearen diruaz kontratatutako administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2.– Zuzendaritza Kontseiluko kideek lau (4) urteko agintaldia izango dute.

3.– Bermatuko da hauteskundeen gardentasuna eta sufragio eskubideak dituztenek eskubideok gauzatu ahal izatea. PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendariak egingo du hauteskundeetarako deialdia. Hauteskundeetan talde bakoitzekoek beren kideen artetik hautatuko dituzte beren ordezkariak. Hauteskundeak egon behar direnean Zuzendaritza Kontseiluak horretarako zehaztapenak emango ditu; bestela, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra aplikatuko da, eta, betiere, horrek osatuko du zuzendaritzaren zehaztapenetan aurreikusita ez dagoena.

8. artikulua.– Eginkizunak.

Hauek dira Zuzendaritza Kontseiluaren eginkizunak:

a) Zuzendaria hautatzea, arautegi honetan ezarritakoari jarraikiz. Hemen zehaztuta ez dagoen guztirako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra aplikatuko da.

b) Urteko txosten ekonomikoa, irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria eta eginkizunen plana onartzea eta errektoreari bidaltzea.

c) Bertako irakasle-ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.

d) Plaza berriak eskatzea eta bere langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

e) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitzeari eta kontratuak berritzeari begira.

f) Baimena ematea Estatutuetako 97. artikuluan aipatzen diren zientziaren, teknikaren edo artearen alorreko lanak egiteko kontratuak egiteko, bere eskumenen esparruan eta Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiarekin bat etorriz.

g) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak bideratzea ikergunearen jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, bai eta Europako, estatuko eta Euskal Autonomi Erkidegoko programen baitan haren gestio eraginkorra bermatzeko ere, erakundeek ezarritako ebaluazio prozesuak sustatuz eta haietan parte hartuz.

h) Gobernu Kontseiluari arautegiaren proiektua eta, hala dagokionean, arautegia aldatzeko proiektua aurkeztea.

i) Onartzea bere arloko gaien inguruko koordinazio eta lankidetza programak egitea nortasun juridikorik gabeko beste egitura edo entitate batzuekin, ikastegiekin, sailekin, unibertsitateko ikerketa institutuekin eta doktorego eskolekin.

j) Proposatzea lankidetza akademikorako hitzarmenak egitea beste unibertsitate batzuekin edo UPV/EHUtik aparteko nortasun juridikoa duten entitateekin.

k) Unibertsitate hedakuntzako jarduerak egitea, horretarako ezarritako arautegiaren barruan.

l) Beharrezkoa izanez gero, ikerguneko espazio fisikoak banatzeko irizpideak onartzea.

m) Arautegi honetan jasotako eskumenen esparruan, ordezkarien hauteskundeetarako garapen arauak ematea. Hauteskundeetarako deia zuzendariak egingo du.

n) Ikerguneari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileen arloko politikaz iritzia ematea.

o) Aldeko iritzia ematea ikerguneari atxikitzeko eskariez, hala UPV/EHUko irakasle-ikertzaile doktoreen eta prestakuntza bidean dauden ikertzaileen eskariez nola UPV/EHUtik kanpoko pertsonenen eskariez.

p) Legeriak, UPV/EHUko Estatutuek eta haiek garatzeko arauek eta arautegi honek ematen dizkioten gainerako guztiak, baita eskuordetzan ematen zaizkion gainerakoak ere.

9. artikulua.– Zuzendaritza Kontseiluaren funtzionamendua.

Zuzendaritza Kontseiluak bere funtzionamendurako arau espezifikoak ezarri ahal izango ditu, kideen gehiengo osoak aldeko botoa emanez gero. Bestela, Sailen Oinarrizko Arautegian kide anitzeko organoentzat ezarritako funtzionamendua erabiliko da, aplikagarri zaionean.

HIRUGARREN ATALA
BATZORDEAK ETA KOORDINATZAILE NAGUSIAK

10. artikulua.– Batzordeak eta koordinatzaile nagusiak.

1.– Lankidetza Akademikorako Batzordea eratuko da, zuzendariari eta Zuzendaritza Kontseiluari proposamenak egin eta aholkuak emateko beste unibertsitate egitura batzuekin lankidetza akademikoan jardutearen inguruan. Lankidetza Akademikorako Batzordeko burua lankidetza akademikoaren koordinatzaile nagusia izango da.

2.– Ikerketa Batzordea eratuko da, zuzendariari eta Zuzendaritza Kontseiluari proposamenak egin eta aholkuak emateko ikerketa gaietan. Ikerketa Batzordeko burua Ikerketaren koordinatzaile nagusia izango da.

3.– Zuzendaritza Kontseiluak erabaki baten bidez zehaztuko ditu batzordeon osaera eta funtzionamendua, lankidetza akademikoaren koordinatzaile nagusiaren eta ikerketaren koordinatzaile nagusiaren kargua betetzeko baldintzak, pertsona horiek aukeratzeko edo izendatzeko modua eta haien eginkizunak. Batzordeok ez dute erabakimenik izango eta kargu horiek ez dira inola ere unibertsitateko organotzat joko.

LAUGARREN ATALA
KIDE BAKARREKO ORGANOAK

11. artikulua.– Xedapen orokorrak.

1.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak zuzendaria eta zuzendariordea dira.

2.– Ikerguneko zuzendari eta zuzendariorde izateko, beharrezkoa da arduraldi osoa izatea, legeetan xedatutako salbuespenetan izan ezik.

3.– PIE-UPV/EHU Ikerguneko kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoko zereginak betetzeagatik kredituak aitortuko dira, horri buruzko arautegiari jarraikiz.

12. artikulua.– Zuzendaria.

1.– Zuzendaritza Kontseiluak proposamena eginda, UPV/EHUko errektoreak PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendaria izendatuko du, ikerguneari atxikita eta jardunean dauden UPV/EHUko itzal handiko irakasle-ikertzaileen artetik.

2.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da. Agintaldi bakoitza amaitzean berriz ere aukeratu ahal izango dute, agintaldien mugarik gabe.

3.– Zuzendariek kargua utziko dute Estatutuetako 180.2 artikuluan zehazten diren arrazoiengatik. Estatutuetako 172. artikuluan zentsura mozioaz hitz egitean Unibertsitateko Klaustroaz egiten diren aipamenak Zuzendaritza Kontseiluari dagozkiola ulertu behar da.

4.– Hauek dira zuzendariaren eginkizunak:

a) Ikergunearen ordezkaria izatea.

b) Ikerguneko Zuzendaritza Kontseiluko burua izatea, ikerguneko arautegiari jarraikiz.

c) Ikerguneko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

d) Ikerguneko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.

e) Urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

f) Zuzendaritza Kontseiluak hartutako erabakiak betearaztea.

g) Ikerguneak eta bere kideek ikerketa lanak eta bestelako zeregin akademikoak egoki betetzen dituztela bermatzea.

h) Ikerguneak zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko ikerlanak egiteko egin behar diren kontratuak sinatzea.

l) Ikerguneko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta legeriak, Estatutuek, Estatutuak garatzeko arauek edo arautegi honek emandako gainerako guztiak.

5.– Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideek xedatutako baldintzetan.

13. artikulua.– Zuzendaritzarik ez dagoenean.

Ikergunean zuzendaririk ez badago, zuzendariordeak edo, bestela, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari, eta premiazko deia egingo du Zuzendaritza Kontseilua biltzeko. Bilera horretan behin-behineko zuzendaria izendatuko da baldintzak betetzen dituztenen artetik. Ordura arte, kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak egingo ditu zuzendari lanak eta bera izango da bilera horretako burua. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez baditu, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta zuzendaririk aukeratu ez bada dena delakoagatik, errektoreak ofizioz izendatuko du aldi baterako zuzendaria, alde batera utzi gabe dagokionari erantzukizunak eskatzea.

14. artikulua.– Zuzendariordea.

1.– Zuzendariaren proposamenez, UPV/EHUko errektoreak PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendariordea izendatuko du. UPV/EHUn jardunean dagoen eta PIEri atxikita dagoen irakasle eta ikertzaile bat izan beharko da.

2.– Hauek dira zuzendariordearen eginkizunak:

a) Itsas Biologia eta Bioteknologiako Zerbitzu Esperimentalen Unitatearen kudeaketa osoari dagozkion zereginak betetzea.

b) PIE-UPV/EHU Ikerguneko idazkari akademikoa izatea. Zuzendariordeak Zuzendaritza Kontseiluaren ekintza eta erabakien fede ematen du, akta liburuak egin eta zaintzen ditu eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola ikerguneko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.

c) PIE-UPV/EHU Ikerguneko zuzendariari laguntzea.

III. KAPITULUA
IRUDI KORPORATIBOA, JABETZA INTELEKTUALA ETA KUDEAKETA EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBORAKO ARAUBIDEA

15. artikulua.– Irudi korporatiboa eta jabetza intelektuala.

Ikerguneak bere jarduera guztietan adieraziko du UPV/EHUren partea dela, betiere unibertsitatearen irudi korporatiboa errespetatuz. Bereziki:

1.– PIE-UPV/EHU Ikergunean sartzen edo parte hartzen duten langileek argi adierazi beharko dute unibertsitatekoak direla ikerketatik sortutako jakintza hedatzeko edo ustiatzeko egiten dituzten argitalpen guztietan edo bestelako ekimenetan (kongresu, hitzaldi, patente, prototipo edo erabilpen ereduetan).

2.– PIE-UPV/EHU Ikerguneak bere irudi korporatiboa erabili ahal izango du, baina horrekin batera beti jarri beharko du UPV/EHUren ikurra, unibertsitateak ezarrita daukan moduan.

3.– PIE-UPV/EHU Ikerguneari atxikitako kideen ardura izango da beren ekoizpena UPV/EHUko ikerketaren datu baseetan sartzea. Hau ezinbestekoa izango da ikergunearekin lan egiten jarraitzeko.

4.– UPV/EHUn sortu edo lortutako jakintza konfidentziala da, bai bertako langileentzat eta bai jakintza horren berri daukaten gainerako pertsonentzat. UPV/EHUri dagokio zehaztea nola eta zein baldintzatan erabil daitekeen jakintza hori.

5.– Ikerketa erakundeekiko hitzarmenetan bestela ezarri ezean, UPV/EHUko kideek lortutako emaitzen jabetza intelektualeko eta jabetza industrialeko eskubideak unibertsitatearenak izango dira, bai eta haien babes juridikorako tituluak eskatzeko eskubidea ere, betiere unibertsitatearen barne arautegian zehaztutako baldintzetan.

16. artikulua.– Ekonomia eta kudeaketarako araubidea.

Honetan aplikatuko da UPV/EHUk sortu eta nortasun juridikorik ez duten egitura eta erakundeen oinarrizko Arautegiko 7. artikulua.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Arautegi honetan edo Zuzendaritza Kontseiluak hauteskundeetarako ematen dituen zehaztapenetan aurreikusita ez dagoen guztirako Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorra aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Arautegi hau indarrean sartzearekin batera indargabetuko da Plentziako Itsas Estazioaren (PIE-EHU) oraingo Arautegia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian 2013ko otsailaren 1ean argitaratua.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi hau indarrean sartuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.


Azterketa dokumentala