Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

62. zk., 2019ko martxoaren 29a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

SEGURTASUN SAILA
1595

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 21ekoa, Segurtasuneko sailburuordearena eta Segurtasun Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietako zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietako lanpostuak, izendapen askearen (C168) eta berariazko merezimendu lehiaketaren (C169 eta C170) sistemen bidez hornitu beharrekoak, betetzeko deialdia, eta lanpostuen aldi baterako esleipena egiteko prozedura onartzen eta argitaratzen dituena.

Ertzaintzaren egitura zein egun indarrean dagoen lanpostu-zerrenda aintzat hartuta, eta egon dauden langile-premiei erantzun nahian, izendapen askearen eta berariazko merezimendu lehiaketaren sistemen bidez hornitu beharreko Ertzaintzaren egiturako lanpostu hutsak, aurrekontuetan diru-hornidura dutenak, betetzeko deialdia egiten da.

Prozedura honen bidez, lanpostu-zerrendan zehaztutako langile-premiei erabat erantzuteko asmoz, eta deitutako lanpostu guztiak behin betiko betetzea lortzen ez bada, lanpostuen betekizunak betetzen dituen langilerik ez dagoelako, edo lanpostuak okupatzailerik gabe geratzen badira, hautaketa prozedura honen osagarria izango da hutsik geratzen diren lanpostuen edota zuzkiduren aldi baterako esleipena egiteko prozedura, eta halakoetan behin betiko lanpostu-hornikuntzarako oinarri hartuko diren berdintasun, meritu eta gaitasun irizpide berberak oinarri hartuta egingo da hautaketa, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 4ko 4/1992 Legearen 72. artikuluarekin eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 25. eta 26. artikuluekin bat etorrita.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2019ko martxoaren 15eko Ebazpenaren bidez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 10. artikuluaren babespean, ebatzi da eskumena bereganatuko duela gaur deitzen den prozeduraren barruan Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordeta dauden zenbait lanpostu aldi baterako esleitzeko prozedura deitzeko eta ebazteko, berez Giza Baliabideen zuzendariari egotzitako eskumena izan arren, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko Dekretuaren 12.2.b) artikuluan oinarriturik.

Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 14. eta 9. artikuluek Segurtasuneko sailburuordeari eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hurrenez hurren, emandako eskumenen babesean, eta goragokoak eskumenak bereganatzeari buruzko 2019ko martxoaren 15eko Ebazpena betearaziz, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 103. artikuluan aurreikusten den Mahaiak 2019ko otsailaren 20ko eta martxoaren 14ko bileretan negoziatzeko egindako deiaren ondoren, hauxe

EBAZTEN DUGU:

Lehenengoa.– Ertzaintzaren egituraren barruan, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako lanpostuak, izendapen askearen (C168) eta berariazko merezimendu lehiaketaren (C169 eta C170) sistemen bidez hornitu beharrekoak, behin betiko betetzeko deialdia eta behin betiko lanpostu hornikuntzaren ondoren hutsik geratzen diren lanpostuen aldi baterako esleipena egiteko prozedura onartzea eta argitaratzea, 1. eranskinean jasotako oinarrien arabera.

Bigarrena.– 1.– Honako hauek dira deialdi honen bidez beteko diren lanpostuak:

a) Izendapen askearen sistemaren bidez hornitu behar diren Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, 2. eranskinean zerrendatuta daudenak (C168).

b) Esku-hartze, Brigada Mugikor eta Zaintza eta Erreskate unitateetan, berariazko merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu behar diren Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, 3. eranskinean zerrendatuta daudenak (C169).

c) Gainerako unitateetan, berariazko merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu behar diren Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, bigarren jarduerako administrazio egoeran bete daitezkeenak, 4. eranskinean zerrendatuta daudenak (C170).

d) Gainerako unitateetan, berariazko merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu behar diren Ertzaintzaren egiturako lanpostuak, 5. eranskinean zerrendatuta daudenak (C170).

2.– Halaber, deialdi honetako xede dira aurreko eranskinetan zerrendatutako lanpostuei dagozkien esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak, bai eta aipatutako eranskinetan asteriskoarekin (*) identifikatzen diren kodeetan hutsik geratzen direnak ere.

3.– Behin betiko hornituko diren zuzkiduren kopurua, eta aurreko 1 eta 2 zenbakietan ezarritakoari kalterik egin gabe, 2., 3., 4. eta 5. eranskinetan jarritakoa da.

4.– Eskainiko diren aldi baterako esleipenen kopurua zehazteko kontuan hartuko dira behin betiko beteko ez diren lanpostu hutsak edo okupatzailerik gabe geratzen diren zuzkidurak, harik eta dagokion atal edo unitateko zuzkidura kopurua bete arte, lanpostu-zerrendan jasotakoa alegia.

5.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuen artean betetzen ez direnak aintzat hartuta, neurri horretan handituko da 5. eranskinean deitutako lanpostu kopurua.

Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.

2.– Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen baterako ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenak ebazten dituen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

3.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez, lanpostuen aldi baterako esleipenak argitaratuko dira Gurenet atarian eta ebazpen horren argitaratze egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epea zenbatzen hasteko eguna.

Laugarrena.– 1.– Prozeduraren kudeaketan, hautagaiak beren lanbide zenbakiaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileriaren Kudeaketa Integratuko fitxategian egingo da. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, fitxategiaren arduraduna den administrazio organoari, alegia; haren mendeko administrazio zerbitzuen egoitza Erandion (Bizkaia) daude (Larrauri Mendotxe bidea, 18, 48950).

2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautaketa prozesu honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.

Bosgarrena.– Aurreikusi ez diren gauzetarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatu beharko da.

Seigarrena.– Interesdunek administrazio bidea amaitzen ez duen ebazpen honen eta bere oinarrien aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Segurtasuneko sailburuaren aurrean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasita hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 21a.

Segurtasuneko sailburuordea,

JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.

Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.

1. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

1.– Honako deialdian parte hartu ahal izango dute eskainitako lanpostuak bete ahal izateko lanpostuen zerrendan eskatzen eta xedatzen diren baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek, baldin eta jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko lan-utzialdian eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan jasotako lan-utzialdian badaude. Jarduneko zerbitzuko egoerara aipatutako legearen 89.2 artikuluan jasotako moduan bueltatzen diren funtzionarioek ere parte hartu ahal izango dute.

2.– Halaber, jarduneko zerbitzura deialdi honetan jasotako prozeduren bidez bueltatuz gero, honakoek ere parte hartu ahal izango dute: derrigorrezko lan-utzialdiko egoeran dauden edo bestelako Administrazio Publikoetan zerbitzu ematen duten pertsonek, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoa betez birgaitutako pertsonek, sei hilabete baino gehiagoz zigortuta egon direnek, eta borondatezko lan-utzialdian dauden gainerakoek, betiere halako egoeretarako xedatutako egonaldi-epea bete baldin badute.

3.– Bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek ebazpen honen 4. eranskinean zerrendatutako lanpostuak soilik eskatu ahalko dituzte.

4.– Deialdi honetan parte hartu behar dute eta merezimenduen lehiaketaren bidez hornitzen diren lanpostu huts guztiak eskatu, dagokien kategoriaren arabera hornitu ahal badituzte, Ertzaintzako karrerako funtzionario hauek:

Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 39.5 artikuluan eta Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudia onartzen duen 315/1994 Dekretuaren 54.2 artikuluan xedatutako irizpide eta balditzen arabera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak deitutako edo/eta emandako espezializazio-ikastaroa gainditu duten (eskainitako lanpostuak bete ahal izateko betekizunetako bat izanik), espezialitate horretan gutxieneko iraute denbora bete ez duten eta ikastaro hori espezialitate-betekizun moduan xedatuta duen lanpostu bati behin betiko atxikita ez dauden Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan parte hartu beharko dute.

Betebehar hori betetzen ez dutenak behin betiko, eta derrigorrez, atxiki ahalko dira dagokion espezialitatearekin hutsik geratzen diren lanpostuei, eta ez dute inolako ordainsaririk jasotzeko eskubiderik izango.

Funtzionarioren batek espezialitate bat baino gehiago badu, aurreko ataletan xedatutako betebeharra lortutako azken espezialitateari buruzkoa dela ulertuko da.

Gutxieneko iraute-denboraren zenbaketa hasi egingo da funtzionarioak okupatuko duen lanpostuari exijitzen zaion espezialitatea egiaztatuta duen unetik aurrera, baldin eta Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Agindua, lanpostu-zerrenda aldatzen duena, indarrean jarri aurretik ez badu beteta.

Zenbaketa horretan sartuko dira unitate arteko kategoria goragoko eginkizunetan egindako epealdiak, nahiz eta lanpostu horiek espezialitate-betekizunik ez izan.

5.– Ezingo dute deialdi honetan parte hartu:

a) Arau-hauste larria edo oso larria egin izanagatik eginkizun-gabetze irmoaren administrazio egoeran daudenek, egoera horretan dauden bitartean.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Polizia Kidegoen Diziplina Araubidearen Arautegiaren 15. artikuluan xedatu bezala, lekualdaketaren bidez zigortu direnek.

c) Interes partikularragatiko borondatezko lan-utzialdian daudenek, baldin eta ez badute egoera horretan eman indarrean dagoen araudiak eskatutako gutxieneko denbora.

d) Gutxieneko iraute denbora berezia eskatzen duen lanpostu baten behin betiko esleipendunek, baldin eta ez badute epe hori bete (inguruabar hori lanpostuari uko egin eta organo eskudunak onartu izanaren ondoriozkoa denean izan ezik), bestearen iraute denbora eta izaera berberak dituen beste lanpostu batzuk lortzeko asmoa baldin badute, edo barne-igoera prozesu bidez lanpostua galtzea dakarren beste maila batera igo badira, kategoria berrian iraute denbora eta izaera berberak dituzten lanpostu hutsak daudenean izan ezik; azken kasu horretan, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 5.3 artikuluan xedatutakoa aplikatu behar da.

e) Deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnek.

Muga hori ez zaie ezarriko deialdi honen aurreko bi urteetan merezimenduen lehiaketaren bidez destinoaz jabetu direnen artean gaur egun behin-behinean atxikita dauden pertsonei, salbu eta atxikipen modu hau lanpostuari uko egitetik (organo eskudunak onartuta) ondorioztatzen bada.

f) Eskuratu nahi duten lanpostuan gehieneko iraute-denbora bete dutenek, lanpostu-zerrendan ezarritakoaren arabera. Gehieneko iraute-denboraren betearazpena Segurtasuneko sailburuaren lanpostu zerrenda aldatzeari buruzko 2015eko martxoaren 12ko Aginduan eta harekin lotuta dagoen 2018ko urriaren 11ko Aginduan ezarritako aurreikuspenen arabera egingo da, baita hurrengo arau hauen arabera ere:

– Esku-hartze eta Brigada Mugikorraren unitateetan lanpostuak bete nahi izatekotan, lanpostu bakoitzerako eta unitate horietako bakoitzerako gehieneko iraute denboraren zenbaketa hasi egingo da funtzionarioak okupatuko duen lanpostuari exijitutako espezialitatea egiaztatuta daukan unetik aurrera, atxikipen modua edozein dela ere, espezialitatea lortzeko prestakuntza prozesuko praktikaldia salbu.

Aurreko paragrafoan ezarritakoa aplikatzeko, Brigada Mugikorraren Unitatea denean, Brigada Mugikorraren Unitateari atxikitako lanpostuak, gehieneko iraute-denbora dutenak, betetzeko aukera denean, unitate bereko Agente, Agente Lehen eta Ofizialondoko kategorietarako gordetako lanpostuetan egindako jarduna zenbatuko da, lanpostu bakoitzerako.

Egitura organikoan eta lanpostu-zerrendan egindako moldaketen ondorioz, lanpostuen identifikazio kodeak aldatu izan direla kontuan hartuta, lanpostu berberatzat hartuko dira haiek betetzeko kategoria eta espezialitate berberak eskatzen dituztenak, eta zenbatu egingo dira lehenengo lanpostu-zerrenda indarrean jarri zenetik aurrera, hau da, 1998ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Zenbaketa horretan sartuko dira unitate arteko kategoria goragoko eginkizunetan egindako epealdiak, aipatutako unitateetako lanpostu horiek gehieneko iraute denbora ezarrita dutenean.

Ez dira kontuan hartuko ondorio hauetarako Laguntza Atalean nahiz Indartze Brigadan eginkizunak gauzatzen edo lanpostuak betetzen egindako epealdiak.

– Zaintza eta Erreskate Unitatean lanpostu bat eskuratu nahi izatekotan, gehieneko iraute denboraren zenbaketa hasi egingo da lanpostu horietako batean behin betiko atxikipena gauzatzen den egunean.

6.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 71.2 artikuluan xedatutakoak lehentasunezko eskubidea aitortzen dien Ertzaintzako karrerako funtzionarioek deialdi honetan eta behin bakarrik erabili ahal izango dute eskubide hori, udalerri berberean dauden kategoria berberako lanpostu hutsak kontuan harturik. Lehiaketako merezimenduen balorazioan lorturiko puntuaziorik handienak ezarriko du ertzainak zein hurrenkeratan baliatu ahal izango diren lehentasunezko eskubideaz.

7.– Eskainitako lanpostuak betetzeko behar diren espezialitate-ikastaroak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak emanak edo baliozkotuak izan beharko dira, Euskal Herriko Poliziaren Hautaketa eta Prestakuntzari buruzko Araudian xedatutakoaren arabera.

8.– Merezimenduak baloratzeko orduan eskaerak aurkezteko epearen amaiera-data hartuko da kontuan, eta horixe bera izango da eskatzen diren betekizunak betetzeko erreferentzia-epea.

Aipatutakoa ez da aplikagarria euskara-mailari dagokionez; kasu horretan, erreferentzia-data atzeratu egingo da bete nahi den lanpostuak ezarrita duen hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko proba egiteko xedatzen den egunera arte, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren 2019ko otsailaren 4ko Ebazpenak, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara deia egiten duenak, jasotako deialdiari jarraiki (EHAA, 30. zk., otsailaren 12koa).

9.– Deialdian parte hartzeko betekizunak betetzen diren ofizioz egiaztatuko da, baita merezimendu orokorrak ofizioz balioetsi ere, Segurtasun Sailak kudeatzen dituen langileen datu-baseetan ageri diren datuak aintzat hartuta.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 2019ko apirilaren 30era arte izango da, azken egun hori barne.

2.– Honako deialdian parte hartzeko eskaera 6. eranskinean jasota dagoen eskabide-eredu normalizatua erabilita egingo da, eta behin betiko hornikuntzaren erregimenean eskatutako lanpostuak zein diren zehaztu beharko dute bertan. Lanpostu bat baino gehiago eskatuz gero, horien lehentasun-hurrenkera zehaztu beharko dute.

3.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaerak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.

Hirugarrena.– Berariazko merezimendu lehiaketaren balorazio faseak.

1.– Merezimendu lehiaketaren balorazioa bi fasetan egingo da: berariazko merezimenduen balorazioa eta merezimendu orokorren balorazioa.

2.– Lehenengo fasean, berariazko merezimenduak baloratuko dira. Onartuek dagokion baremoan zehaztutako gutxieneko puntuazioa lortu beharko dute prozeduran jarraitu ahal izateko, horrela ezartzen denean.

2.1.– Esku-hartze, Brigada Mugikor, eta Zaintza eta Erreskate unitateetako berariazko merezimenduen balorazioa egiteko, proba bat edo gehiago egingo dira, eta horietako bakoitzak ariketa bat edo gehiago izan ditzake. Probak nahitaezkoak eta baztertzaileak izango dira edo ez, 20.etik 22.era bitarteko eranskinetan jasotakoaren arabera. Eranskin horietan jasota daude hautagaiek lortu beharko dituzten gehieneko eta gutxieneko puntuazioak, gainditzeko.

Proba bat egin beharko denean, gehienez 40 puntu lortu ahalko dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira, gainditzeko, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoari kalterik egin gabe.

Beste proba bat egin beharko denean, bigarren horretan gehienez 20 puntu lortu ahalko dira, eta nahitaezkoa izango da gutxienez 10 puntu lortzea, gainditzeko.

3. eranskinean taldekatu dira berariazko proba funtzional berean ebaluatuko diren lanpostuak.

2.2.– Gainerako unitateetako lanpostuak, ebazpen honen 4. eta 5. eranskinetan jasotakoak (azken horretan berariazko proba funtzional berean ebaluatuko diren lanpostuak taldekatuta daude), hornitzeko berariazko merezimenduen balorazioa egiteko, proba bat edo bi egingo dira, nahitaezkoak eta baztertzaileak. Proba horietan egingo diren ariketak lanpostuaren eduki funtzionalari buruzko ezagutzen ariketa teoriko-praktikoak izango dira.

Proba bat egin beharko denean, gehienez 40 puntu lortu ahalko dira, eta gutxienez 20 puntu eskuratu beharko dira, gainditzeko, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoari kalterik egin gabe.

Beste proba bat egin beharko denean, bigarren horretan gehienez 20 puntu lortu ahalko dira, eta nahitaezkoa izango da gutxienez 10 puntu lortzea, gainditzeko.

Proba 7.etik 19.era bitarteko eranskinetan agertzen diren edukiei buruzkoa izango da. Lantokietako Giza Baliabideetako zentroburuari eskatu ahalko zaizkio gaiak, hautaketa prozeduran parte hartzeko eskaera aurkeztu izana egiaztatu eta gero; horretarako interesdunek pen-drive bat edo antzeko euskarri informatikoa eman beharko dute.

2.3.– Berariazko probak egin behar diren egunean hautagaia aldi baterako ezintasun-egoeran egonez gero, probetara aurkeztu ahal izateko, Osasun Zerbitzu Publikoak emandako mediku-baimena aurkeztu beharko du, probek hautagaia sendatzeko prozesuari kalterik eragingo ez diotela adieraziz.

3.– Lehenengo fasea gainditu dutenek bakarrik parte hartu ahal izango dute bigarren fasean, eta horretan merezimendu orokorrak baloratuko dira.

Merezimendu orokorrak baloratzeko, Segurtasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 15eko Aginduan, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietan zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietan sartzeko lanpostu hutsak merezimendu lehiaketaren bidez betetzeko merezimenduen baterako eta banakako baremoa onartzen duenean (EHAA, 58. zk., martxoaren 25ekoa), ezarritako merezimendu baremoa aplikatuko da.

4.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungita duten zuzkidurak betekizun hori egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.

Laugarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedurako esleipen faseak.

1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen esleipena egiteko faseak bata bestearen atzetik joango dira eta preklusiboak izango dira. Hurrenkera hauxe izango da:

1.1.– Lehenik eta behin, bigarren jarduerako administrazio egoeran dauden langileek bete ditzaketen lanpostuak esleituko dira, eskainitako lanpostuak betetzeko behar den espezializazio-ikastaroa, hala badagokio, gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan izanik. Lehenengo azpi-fasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek.

1.2.– Bigarrenik, izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuak esleituko dira.

Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera, izendapena egiteko beharrezkoa izango da hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio unitatearen edo organoaren titularrak txostena ematea aurretik. Txosten horretan onartuetatik bere ustez egokiena dena proposatuko du, edo bestela deialdia hutsik geratzea proposatuko du.

1.3.– Ondoren, deialdi honen xede den berariazko merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuen esleipena egingo da. Esleipen hori egiteko faseak bata bestearen atzetik joango dira eta preklusiboak izango dira. Hurrenkera hauxe izango da:

1.3.1.– Lehenik eta behin, Esku-hartze, Brigada Mugikor eta Zaintza eta Erreskate unitateetan, deialdi honen xede diren lanpostuak esleituko dira, eskainitako lanpostuak betetzeko behar den espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan izanik. Lehenengo azpi-fasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenek. Eta bigarren azpifasean prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.

Era berean, betekizun berberekin eta jada egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.

1.3.2.– Bigarrenik, gainerako unitateetan, deialdi honen xede diren lanpostuak esleituko dira, eskainitako lanpostuak betetzeko behar den espezializazio-ikastaroa gainditu duten funtzionarioei dagozkien betebeharrak kontuan izanik. Lehenengo azpi-fasean parte hartuko dute soilik prozesua gainditu dutenek eta horietatik deialdiko onartuen eta baztertuen zerrenda onartzen duen ebazpenean lehentasunezko esleipen eskubidea aitortuta dutenak. Eta bigarren azpifasean prozesua gainditu duten gainerako hautagaiek parte hartuko dute.

Era berean, betekizun berberekin eta jada egindako esleipenen ondorioz hutsik geratzen diren lanpostuak esleituko dira.

2.– Fase batean esleitzen diren lanpostuak ez dira hurrengo faseetan hornituko. Hala, fase batean lanpostu baten esleipendun direnek ezin izango diote esleitutako lanpostuari uko egin, ezta deialdiko lanpostuen esleipen prozesuan jarraitu ere. Horregatik, ulertu beharko da, hurrengo faseetan lanposturen baten esleipendun suertatzen baldin badira, eskaerei uko egiten dietela.

3.– Hizkuntza-eskakizunaren derrigortasun-data iraungita duten zuzkidurak betekizun hori egiaztatuta duten interesdunei esleituko zaizkie.

4.– Deialdi honetan lanpostu baten behin betiko esleipendun direnek beste ebazpen honen bidez deitutako prozesuan parte hartzeari uko egin diotela ulertuko da: Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2019ko martxoaren 21eko Ebazpena, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Oinarrizko Eskalako Agentearen eta Agente Lehenaren kategorietako zein Ikuskapen Eskalako Ofizialondokoaren eta Ofizialaren kategorietako lanpostuak, merezimendu lehiaketa orokorraren sistemaren bidez hornitu beharrekoak, betetzeari buruzkoa.

Bosgarrena.– Merezimendu lehiaketako balorazio batzordeak.

1.– Berariazko merezimendu lehiaketa baloratzeko, balorazio batzordeak eratuko dira. Haien osaera Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudian xedatutakoaren araberakoa izango da.

1.1.– Berariazko merezimenduen lehiaketa sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuen espezifikotasuna aintzat hartuta erabakiko diren balorazio batzordeei dagokie berariazko merezimenduak edo probak baloratzea. Balorazio batzordeei ondokoa dagokie:

a) Prozeduraren objektibotasunaren arduradun diren heinean, deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatu beharko dute.

b) Berariazko merezimenduak baloratzea edo, zeregin hori egoki deritzon pertsonaren esku uztea; horretarako hartuko dituzte Gurenet atarian argitaratuko diren behin-behineko akordio egokiak. Interesdunek bost (5) egun balioduneko epea izango dute horien aurkako inpugnazioak egiteko, eta batzordeak arduratuko dira inpugnazio horiez.

1.2.– Balorazio Batzorde Nagusiak prozedura honetako merezimendu orokorrak baloratzeko ardura izango du, eta honako hauek dagozkio:

a) Prozeduraren objektibotasunaren arduradun den heinean, deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatzea eta, hala dagokionean, araudian dauden hutsuneak osatzeko eta horiek aplikatzean azaleratzen diren kontraesanak kentzeko behar diren akordioak hartzea.

b) Merezimendu orokorrak baloratzea edo zeregin hori egoki deritzon pertsonaren esku uztea; horretarako hartuko dituzte Gurenet atarian argitaratuko diren behin-behineko akordioak; interesdunek bost (5) egun balioduneko epea izango dute horien aurkako inpugnazioak egiteko, eta batzordeak arduratuko dira inpugnazio horiez.

c) Puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiak proposatzea eta, deitutako lanpostu kopurua eta hirugarren oinarrian xedatutakoaren araberako esleipen-proposamenen ondorioz hutsik gelditu diren lanpostuak aintzat hartuta, puntuaziorik altuena lortu duten hautagaiei lanpostuak esleitzeko proposamena Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari aurkeztea, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean aurreikusitako lehentasun-eskubideei kalterik eragin gabe.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez, jakinaraziko da balorazio batzordeetako kideen eta horien ordezkoen izendapena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jarritako iragarki baten bidez jakinaraziko da izendapen horiek noiz argitaratuko diren Gurenet atarian. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.

3.– Balorazio batzordeetako kideek ezingo dute esku hartu Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean halako kasuetarako jasotako inguruabarrak ematen direnean; hori gertatzekotan organo eskudunari jakinarazi beharko zaio, eta hautagaiek errefusatu egin ditzakete.

4.– Balorazio batzordeen erabakiak bertaratuen botoen gehiengo bidez hartuko dira, eta berdinketarik egonez gero, batzordeburu lanak egiten dituenak ebatziko du; batzordeburu titularra edo horren ordezkoa bertaratu ezean, adinez nagusiena den batzordekideak ordezkatuko du.

5.– Balorazio batzordeak ezingo dira eratu, eta ezingo dute jardun, kideen erdia baino gehiago, idazkaria barne, bertaratzen ez bada; gainera, deialdia egin duen agintaritzari adituak eskatu ahal izango zaizkio aholkulari gisa, eta horiek ahotsa izango duten arren, ez dute botorik edukiko.

6.– Balorazio batzordeetan parte hartzeak legez aurreikusitako kalte-ordainak jasotzeko bidea emango du.

Seigarrena.– Lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedurako izendapenak eta ebazpena.

1.– Izendapen askeko sistemaren bidez hornitu behar diren lanpostuak Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko dira. Ebazpena interesdunei banan-banan jakinaraziko zaie, eta prozedura honetarako ezarritakoaren arabera erakutsiko da jendaurrean.

Izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostu horiek esleitzen zaizkien funtzionarioak haietatik kendu ahal izango dira, eskatu ahala, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.6 artikuluan ezarritako moduan. Esleipen horiek borondatezkotzat hartuko dira eta, beraz, ez dute sorraraziko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik.

2.– Merezimendu lehiaketaren sistemaren bidez hornitzen diren lanpostuak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko dira. Ebazpena prozedura honetan ezarritakoaren arabera argitaratuko da.

Lanpostu horiek esleitzen zaizkien funtzionarioek ezingo diote lanpostuari uko egin, eta ezingo dute lanpostuaz jabetu ondorengo bi urteetan deitzen diren lehiaketetan parte hartu, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legeko 69.3 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 14.2 artikuluan xedatutako kasuetan salbu. Esleipen horiek borondatezkotzat hartuko dira eta, beraz, ez dute sorraraziko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik.

Lanpostua lehiaketa bidez lortzen duten funtzionarioak beren postuetatik kendu ahal izango dira Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.4 artikuluan eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuak Hornitzeari buruzko Araudiaren 15. artikuluan xedatutako legez.

3.– Unitate jakinetan dauden langile premiak kontuan harturik, erabaki ahalko da unitate horietan Ertzaintzaren gainerako unitate eta zerbitzuetan baino lehenago lanpostuak betetzeko prozedura eraginkor bihurtzea eta gauzatzea.

Zazpigarrena.– Deialdia ebazteko epea.

Deialdi hau ebazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoko egunetik aurrera zenbatuta. Halere, epe hori luzatu ahal izango da, Sektore Publikoaren Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluan xedatutakoa kontuan izanik.

Zortzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.

Deialdi honen bidez behin betiko hornitu beharreko lanpostuez jabetzeko prozesua deialdia erabakiko duen ebazpenak arautuko du eta ez du sorraraziko inolako baimenik edo lizentziarik.

Bederatzigarrena.– Lanpostuen aldi barerako esleipenak.

1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen artean, hornikuntza sistema gisa berariazko merezimendu lehiaketa duten lanpostuen behin betiko hornikuntza ebatzi eta gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez (Gurenet atarian argitaratuko dena) zehaztu egingo dira hornitu beharreko zuzkidura hutsak edo okupatzailerik gabekoak, harik eta dagokion atal edo unitateko ertzainen kopuru osoa bete arte, lanpostu-zerrendan aurreikusitakoaren arabera.

2.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez (Gurenet atarian argitaratuko dena) lanpostuen aldi baterako esleipena gauzatuko zaie langile premiak erantzun behar diren unitatean behin betiko atxikipena lortu ez duten langileei, izapidetutako hautaketa prozedurako hurrenkera-ordenari jarraiki, baldin eta lanpostuak betetzeko prozeduran parte hartzerakoan unitate horretako lanpostu baterako parte hartu badute eta prozedura gainditu badute, eta baldin eta lanpostu-zerrendaren arabera jarduerak gauzatzeko exijitzen den titulazioa badute.

Goragoko kategorietako bateko hautagai kopuru nahikorik aukeratuko ez balitz, gehitu egingo da beheragoko kategorietan deitutako aldi baterako esleipenen kopurua, langile premiak erantzun behar diren unitatean behin betiko atxikipena lortu ez duten langileen artean, izapidetutako hautaketa prozedurako hurrenkera-ordenari jarraiki, baldin eta lanpostuak betetzeko prozeduran parte hartzerakoan unitate horretako lanpostu baterako parte hartu badute eta prozedura gainditu badute, eta baldin eta lanpostu-zerrendaren arabera jarduerak gauzatzeko exijitzen den titulazioa badute, harik eta, lanpostu-zerrendako aurreikuspenen arabera, dagokion atal edo unitatean dauden lanpostu hutsen kopuruarekin edo okupatzailerik gabeko zuzkidura kopuruarekin bat datorren ertzain kopuru osoa bete arte.

3.– Zerbitzu eginkizunen erregimenaren bidez gauzatuko da esleipena behin betiko atxikipenaz lanpostu bat dutenean eta, bestela, behin-behineko atxikipena egingo zaie.

4.– Esleipendunak bere kategoriako ordainsariak jasoko ditu, baita betetzen duen lanpostuari dagozkion osagarriak ere.

5.– Esleipen hauek borondatezkoak dira eta esleipenak ez du zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainik sortuko.

6.– Funtzionario esleipendunei behin betiko atxikita dauden lanpostua soilik gordeko zaie, hala badagokio.

7.– Esleipenak nahierara edozein unetan ezeztatu ahalko ditu eman dituen organoak, Euskal Herriko Poliziaren 4/1994 Legearen 72.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Edonola ere, esleipen hori eragin zuten zerbitzu premiak desagertzearen ondorioz edo gutxitzearen ondorioz ezeztatuko dira, hautaketa irizpideen ondoriozko ordenaren alderantzizkoan.

8.– Edozein arrazoi dela eta, aldi baterako esleipena uzten duten funtzionarioak behin betiko atxikipenaz okupatzen dituzten lanpostuei atxikiko zaizkie; atxikipen erregimen horretan lanposturik ez dutenak behin-behinean atxikiko zaizkie beste lanpostu batzuei, betiere lanpostu-zerrendan exijitutako betekizunak betetzen badituzte.

9.– Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenak, esleipenak onartzeari buruzkoak, esleipenen ondorioetarako data zehaztuko du, eta esleipenak ez du sorraraziko inolako baimenik edo lizentziarik.

2. ERANSKINA
IZENDAPEN ASKEAREN BIDEZ BETE BEHARREKO LANPOSTUAK
(Ikus .PDF)
3. ERANSKINA
BERARIAZKO ML-REN BIDEZ BETE BEHARREKO LANPOSTUAK ESKU-HARTZE. BRIGADA MUGIKOR ETA ZAINTZA ETA ERRESKATE UNITATEETAN
(Ikus .PDF)
4. ERANSKINA
BETE BEHARREKO BIGARREN JARDUERAKO LANPOSTUAK GAINERAKO UNITATEETAN
(Ikus .PDF)
5. ERANSKINA
BERARIAZKO ML-REN BIDEZ BETE BEHARREKO LANPOSTUAK GAINERAKO UNITATEETAN
(Ikus .PDF)
6. ERANSKINA
ESKAERA
(Ikus .PDF)
BERARIAZKO PROBEN ERANSKINAK
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana