Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2019ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
1555

EBAZPENA, 2019ko martxoaren 15ekoa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, iragartzen eta argitaratzen baitira 2019ko ibilgailu efizienteen eta alternatiboen aldeko inbertsioak sustatzeko dirulaguntzen programaren oinarri arautzaileak.

EEE Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoa da, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dago, eta energia aurreztea eta energia-eraginkortasuna, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzeko jardunak bete behar ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eremuan.

Ildo horretan, EEE zenbait ekintza garatzen ari da 2030eko Euskadiko Energia Estrategian (3E-2030) bildutako helburuak betetzeko. Jardun horien artean aipatzekoa da zenbait laguntza-programa abian jartzen dituela, energia-eraginkortasuna sustatzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko jarduera-sektore guztietan.

Hortaz, dirulaguntzen programa hau diseinatu da honako helburu nagusi honi begira: salgaien garraioan eta pertsonen mugikortasunean energiaren kontsumoa arrazionalizatzeari eta petrolioarekiko mendekotasuna murrizteari. Horretarako, garraio modu efizienteagoak lortzeko, energia berriztagarriak erabiltzeko, energiari dagokionez efizienteagoak diren teknologiak erabiltzera eta karga elektrikoa gauzatzeko eta erregai alternatiboz hornitzeko beharrezkoak diren azpiegiturak eskuratzera bideraturiko inbertsioak, proiektuak edo planak sustatuz, EAEn.

Adierazitako guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– EEEren zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrengoz aldatzen duen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, 2019ko ibilgailu efizienteen eta alternatiboen aldeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea. Programaren edukia ebazpen honekin batera doa, eranskin gisa.

Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren 49.2 artikuluarekin bat etorriz, 2019ko ibilgailu efizienteen eta alternatiboen aldeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau, oso-osorik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Bilbao, 2019ko martxoaren 15a.

Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

IÑIGO ANSOLA KAREAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala