Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

60. zk., 2019ko martxoaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
1554

AGINDUA, 2019ko martxoaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, Bilboko (Bizkaia) «Urretxindorra Ikastola» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena.

Bilboko (Bizkaia) «Urretxindorra Ikastola» Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren entitate titularraren ordezkariak hasarazitako espedientea aztertu da, zeinaren bidez instalazioak handitzeko, ikasgelak birbanatzeko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako unitateen eta Batxilergoko unitateen kopurua handitzeko baimena eskatzen duen.

Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedura jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.

Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (apirilaren 9ko BOE), ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa; otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE); eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honakoa,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio instalazioak handitzeko, ikasgelak birbanatzeko eta eskatutako unitateen kopurua handitzeko:

Kode-zenbakia: 48010131.

Izen espezifikoa: «Urretxindorra Ikastola».

Titularra: Urretxindorra Kooperatiba Elkartea.

Helbidea: Martín Barua, 21.

Udalerria: Bilbao.

Lurralde Historikoa: Bizkaia.

Baimena:

– Bigarren Hezkuntzako 4 unitate gehitzea, bakoitzak 30 ikaspostu dituela, eta Batxilergoko 2 unitate gehitzea, bakoitzak 35 ikaspostu dituela.

Ikastetxearen osaera, aldaketak onartu ondoren:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 6 unitate, honako edukiera dutenak:

● 2 unitate urtebete eta bi urte bitarteko haurrentzat, bakoitzak 13 ikaspostu dituela.

● 4 unitate bi eta hiru urte bitarteko haurrentzat, bakoitzak 18 ikaspostu dituela.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 9 unitate, 217 ikaspostu.

– Lehen Hezkuntza: 18 unitate, 450 ikaspostu.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 12 unitate, 360 ikaspostu.

– Batxilergoa: «Zientziak» eta «Giza eta Gizarte Zientziak» modalitateak. Edukiera: 6 unitate, 210 ikaspostu.

– Hezkuntza Berezia: 4 gela ireki.

2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo dirulaguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala