Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2019ko martxoaren 13a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
1327

AGINDUA, 2019ko otsailaren 25ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez erabakitzen baita desjabetze-espedientea hastea eta jendaurrean jartzea «EB2-1145/00-EE-040 babestutako etxebizitzaren desjabetzea; helbidea: Miramar bidea 3 – Behea A, Bilbao» espedientearen eraginpeko ondasun eta eskubideen zerrenda.

Sail honek ondoren argitaratzen den agindua eman du gaurko egunez:

Ikusi da EB2-1145/00-EE-040 babestutako etxebizitzari buruzko espedientea (helbidea: Miramar bidea 3 – Behea A, Bilbao.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Ikuskatu eta gero eta ikuskaritza horren ondoriozko zehapen-prozeduraren ebazpena eman eta gero, egiaztatuta geratu da EB2-1145/00-EE-040 babestutako etxebizitzaren jabeak (helbidea: Miramar bidea 3 – Behea A, Bilbao) ez duela etxebizitza hori ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzen, eta babestutako etxebizitza horren zertarakoa eta erabilera ez direla betetzen.

Bigarrena.– 2018ko irailaren 14ko ohartarazpenaren bidez –hartzaileak 2018ko irailaren 17 jaso zuen–, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzatik etxebizitza horren jabeari eskatu zitzaion etxebizitza horretan erroldatzeko eta bere ohiko bizileku gisa ezartzeko, eta ohartarazi zitzaion, halaber, hala egin ezean, Euskal Autonomia Erkidegoak desjabetu egingo zuela.

Hirugarrena.– Behar diren egiaztapenak egin eta gero, egiaztatuta geratu da titularrak ez duela eskakizun hori bete.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 73.2 artikuluan xedatutakoarekin bat, etxebizitzaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak izango du babes publikoko etxebizitzak desjabetzeko eskumena.

Bigarrena.– 3/2015 Legearen 73.1 artikuluaren arabera, interes sozialeko kausa ere bada etxebizitza ohiko bizileku iraunkor gisa ez erabiltzea, eta, non eta ez dagoen horretarako berariazko baimena, babes publikoko etxebizitzak eta haiei atxikitako eranskinak nahitaez desjabetzea ahalbidetzen du.

Hirugarrena.– Espediente honen jatorrian dagoen etxebizitza babes ofizialekoa da, eta haren jabeak ez du ohiko bizileku iraunkor gisa erabiltzen, beraz, nahitaez desjabetuko da.

Laugarrena.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta bere araudiari dagozkionetan xedatutakoarekin bat, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 178. artikuluaren arabera –Eusko Legebiltzarraren legea–, bidezkoa da jendaurrean jartzea desjabetze-prozeduraren eraginpeko ondasunen eta eskubideen zerrenda.

Ikusi dira aipatutako lege-manuak eta horiekin bat datozen eta aplikatzekoak diren gainerako araudiak, eta, ondorioz, hau

XEDATZEN DUT:

1.– Nahitaez desjabetzeko espedientea hastea «EB2-1145/00-EE-040 babestutako etxebizitzaren desjabetzea; helbidea: Miramar bidea 3-Behea A, Bilbao» espedientean barne hartutako eraginpeko ondasunak eta eskubideak okupatzeko, bat etorriz Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 73. artikuluarekin eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 176. eta 178. artikuluekin eta laugarren xedapen gehigarriarekin –Eusko Legebiltzarraren legea–, eta espediente honen eraginpeko ondasun eta eskubide gisa zehaztea Bilboko Miramar bidea 3-Behea A helbidean dagoen etxebizitzari eta haren eranskinei eta elementu komunei dagozkienak; hauek dira horien erregistro-datuak:

Bilboko 1 zenbakiko Jabetza-erregistroa (Deustu), 1701 liburukia, 637 liburua, 142 orria, 28429 finka, 1. inskripzioa.

Titularraren izena eta helbidea:

Luis Carmona San Román.

Miramar bidea 3 – Behea A.

Bilbao.

2.– Jendaurrean jartzea espediente honen eraginpeko ondasunen eta eskubideen zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, legeak adierazitako argitalpenetako azkena egiten denetik aurrera; aldi horretan, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan (Kale Nagusia 85, Bilbao) aurkeztu ahal izango dira egoki iritzitako alegazioak, zerrenda horretako akatsak zuzendu ahal izateko, bat etorriz Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan eta haren arautegiari dagozkionetan xedatutakoarekin, eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 178. artikuluaren arabera –Eusko Legebiltzarraren legea–.

Aldi horretan, halaber, Bilboko Udaleko iragarkien taulan ere jarriko da erakusgai ondasunen eta eskubideen zerrenda, adierazitako ondorioetarako.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 25a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala