Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2019ko martxoaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
1184

58/2019 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari gerentearena, zeinaren bidez, deialdia egiten baita Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Goierri- Urola Garaiko Erakunde Sanitario Integratuko Pediatriako zerbitzu sanitarioko buruaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko.

Goierri-Urola Garaiko ESIko Pediatriako zerbitzu sanitarioko buruaren lanpostua hutsik dago. Hori dela eta, Zuzendaritza Gerentzia honek lanpostu hori lehiaketa bitartez betetzeko deialdi publikoa iragartzea erabaki du honako arau hauei jarraikiz: Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko hirugarren arau komuna, Osasun-zerbitzuetako pertsonal estatutarioaren Estatutu Markoa den abenduaren 16ko 55/2003 Legea, Enplegatu Publikoren Oinarrizko Estatuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errega Dekretua eta zerbitzuburu eta atalburu medikoen lanpostuak betetzeari buruzko Osakidetzako zuzendari nagusiaren 1/2016 Jarraibidea. Lanpostua lehiaketa bidez beteko da oinarri hauen arabera:

OINARRIAK

1.– Parte hartzeko baldintzak.

Deialdi honetan parte hartzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) Estatutarioa, funtzionarioa edo lan kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zentrotan, edo pertsonal estatutario finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan, eta A1 lanbide-taldekoa izatea.

b) Deitutako lanpostuari dagozkion titulazioa eta espezialitatea edukitzea.

c) Gutxienez, 4 urteko espezialitatea eginkizunetan lan-esperientzia izatea.

2.– Deialdiaren argitalpena.

Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) eta Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), bai eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web-orrian.

3.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1) Interesdunek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Goierri-Urola Garaiko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzan (Argixao auzoa z.g., 20700, Zumarraga) aurkeztu beharko dituzte eskabideak, 15 egun balioduneko epean, ebazpena dagokien Aldizkari Ofizialetan argitaratzen den azken egunaren biharamunetik aurrera. Halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako eran ere aurkeztu ahal izango dira.

2) Interesdunek eskabidea datu pertsonal guztiekin bete eta dokumentatutako curriculum vitaearekin batera Goierri-Urola Garaiko ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali beharko dute.

Dokumentazioak honakoak barne hartu behar ditu:

– NANaren, pasaportearen edo gida-baimenaren fotokopia konpultsatua.

– Funtzionario edo langile estatutario izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.

– Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua (Lanpostu Funtzionalen Dekretuaren arabera).

– Egindako zerbitzuen ziurtagiri original eguneratua, deialdia dagokien Aldizkari Ofizialetan argitaratzen den azken eguneko kategoria zein den adierazita.

– Bete nahi den zerbitzuaren kudeaketari buruzko txosten proiektua.

– Merezimendu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.

CV aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala egiaztatuta daudenak, ez dira aurreko paragrafoan zehazten den moduan egiaztatu beharko. Hala ere, izangaiak halaxe adierazi beharko du eskabidea betetzean.

4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Goierri-Urola Garaiko ESIko Zuzendari Gerenteak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko du, eta Osakidetzako web orrian argitaratuko da.

Baztertutako izangaiek hamar egun balioduneko epea izango dute, ebazpena argitaratzen den azken egunaren biharamunetik hasita, erreklamazioak bide administratibotik aurkezteko.

Baztertu izanaren arrazoia zuzendu daitekeen akatsa bada, aipatutako behin-behineko zerrenda horren argitalpenarekin batera interesdunei eskatuko zaie ikusitako akatsak zuzentzeko edo derrigorrezko dokumentuak bidaltzeko hamar egun balioduneko epean; eta, jakinaraziko zaie horrela egin ezean prozesutik kanpo geldituko direla behin betiko.

5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.

Erreklamazioetarako epea amaituta, Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari gerentearen ebazpen bidez, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren web-orrian.

Ebazpen honen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau webgunean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

6.– Balorazio Batzordea.

1) Kudeaketa Zuzendaritzak Balorazio Batzordeko kideak izendatuko ditu. Ebazpen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio erakunde publikoko zuzendari nagusiari.

Ebazpena aurrerago adierazitako kudeaketa-proiektuak defendatzeko saio publikoa egin baino gutxienez 10 egun lehenago argitaratu beharko da.

2) Balorazio Batzordeko burua zuzendari medikoa izango da eta kide hauek izango ditu: Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiko zuzendariorde mediko edo zerbitzuburu korporatiboa, Langileen Kudeaketako zuzendaria (idazkari gisa jardungo du eta bozkatzeko ahalmena edukiko du) eta hiru kide –horietako bat IVAPek izendatuko du–. Hiru horiek izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea eduki beharko dituzte, estatutupeko langile finkoak, karrerako funtzionarioak edo langile finkoak izan beharko dira, eta deialdian eskainitako lanpostuaren maila funtzional bereko edo goragoko lanpostu funtzional bat izan beharko dute.

Batzordeko kide titular bakoitzeko ordezko bat izendatuko da, aurrekoak huts eginez gero haren lekua hartzeko, eta kide titularrentzat zehaztutako baldintzak bete beharko ditu.

Goierri-Urola Garaiko ESIn lehenago aipatutako posturen bat ez baldin badago edo hutsik baldin badago, Osakidetzako beste edozein zerbitzu-erakundetako maila baliokideko langile bat izendatu ahalko da epaimahaiko kide.

3) Balorazio Batzordeko kide guztiak modu indibidualean izango dira batzorde horretako kide. Funtzionamenduari dagokionez, independenteak izango dira eta diskrezionalitate teknikoaren babespean jardungo dute, zuzenbidearen pean daudela alde batera utzi gabe.

Osaerak emakume eta gizonen presentzia orekatuaren printzipioa beteko du, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, egoerek aukera ematen badute. Beraz, sexu bakoitza ehuneko berrogeian ordezkatuta dagoenean, ordezkapen orekatua dagoela iritziko da.

4) Batzordeko kideek esku hartzeari uko egin beharko diote, eta deialdia egin duen agintaritzari horren berri eman beharko diote, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan aipatutako egoeraren bat gertatzen bada. Kasu beretan, prozesuko parte-hartzaileek, edozein unetan, errekusazioa sustatu ahal izango dute, aipatutako lege-testuaren 24. artikuluan zehaztutakoari jarraituz. Era berean, Balorazio Batzordeak aipatutako 40/2015 Legearen 15. artikulutik 18.era arte zehaztutako arauetara egokitu beharko du bere jarduna.

5) Balorazio Batzordeko kide guztiek hitza eta bozkatzeko ahalmena edukiko dute. Erabakiak gehiengoz hartuko dira eta akta batean jasoko dira.

6) Batzordeak autonomia funtzional osoz jardungo du, prozeduraren legezkotasuna zainduko du, eta horren objektibotasuna bermatzeko ardura izango du. Halaber, deialdiko oinarrien aplikazioan sortzen diren zalantza guztiak ebatziko ditu, eta aurreikusi gabeko kasuetan, zein irizpide ezarri finkatuko du. Gainera, izangaiak ebaluatu baino lehen, ebaluatzeko irizpide zehatzak akta batean jaso beharko ditu, bertan jasotako oinarriei eta merezimenduen baremoari jarraituz.

7.– Hautatzeko prozedura.

Izangaien merezimenduen balorazioak honako fase hauek izango ditu:

1) Balorazio Batzordeak deialdia egingo die izangaiei, prozesuan parte hartzen uzteko eskariarekin batera aurkeztu duten memoriari dagokion kudeaketa-proiektuaren defentsa publikoa egiteko. Deialdi hori gutxienez hamar egun lehenago egin beharko da, izangaien agerraldia noiz, non eta zer ordutan izango den adierazita, eta Osakidetzaren webgunean horren iragarki bat argitaratu beharko da.

Oro har, aurkeztutako kudeaketa-proiektuen defentsa publikoa egin baino lehen, Balorazio Batzordeko kideek Batzordeko kideei beraiei eragin diezaieketen abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoi posibleak aztertuko dituzte eta organo deitzaileari jakinaraziko dizkiete.

Gero, deialdia egingo zaio izangai bakoitzari, proiektuaren aurkezpena eta defentsa egiteko, eta ondoren, elkarrizketa bat izateko. Elkarrizketa horretan, Balorazio Batzordeko kideek proiektuan jasotako alderdiei buruzko galderak egingo dizkiote izangaiari, gehiago argitzeko edo sakontzeko. Bai proiektuaren aurkezpena eta defentsa, bai elkarrizketa publikoak izango dira.

Izangaien proiektuen aurkezpen publikoa bukatutakoan, Balorazio Batzordeak puntuazioa emango dio izangai bakoitzari, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera.

2) Merezimenduen balorazioa.

Balorazio Batzordeak izangai bakoitzaren merezimenduak baloratu eta puntuazioa emango du, deialdiko oinarrietan jasotakoaren arabera. Jarraibide honekin batera dagoen eranskinean, buruzagitza-lanpostuak betetzeko prozesu hauetan aplikatu beharreko merezimenduen baremoa jasotzen da.

3) Akta eta izendapen-proposamena.

Epaimahaiaren aktan, epaimahaiko kideek hautagai bakoitzari baremoko atal bakoitzean emandako puntuazioa zehazki jaso beharko da, baita epaimahaiak hautagaiei emandako puntuazio osoa ere, eta horrez gain, epaimahaiak puntuazioak emateko –bai hautagai bakoitzak aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren puntuazioa, bai egindako aurkezpen publikoaren puntuazioa– oinarritzat hartu dituen alderdiei buruzko azalpen labur bat jaso beharko da aktan, baita beste ataletako puntuazio xehatua ere.

Deialdian, berdinketa hausteko irizpideak zehaztu daitezke, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa kontuan hartuta.

Izendatua izateko, prozesu osoko puntuazio maximoaren erdia lortu behar da gutxienez, eta proiektua eta proiektuaren defentsa baloratzeko atalerako finkatutako puntuazio maximoaren erdia, nahitaez.

Aktak Balorazio Batzordeak puntuazio handiena lortu duen pertsona hautagaiaren aldeko proposamena jasoko du.

8.– Prozeduraren ebazpena.

1.– Izangaiek aurkeztutako proiektuak eta izangaien curriculumeko merezimenduak ebaluatzeko fasea bukatutakoan, Balorazio Batzordeak izendapen-proposamen bat egingo dio dagokion zerbitzu-erakundeko Kudeaketa Zuzendaritzari, puntuazio handiena lortu duen izangaiaren aldekoa, izangaiek baremoko epigrafe bakoitzean lotutako puntuazioak banaka zehaztuta.

Ez baldin badago deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik edo eskatutako gutxieneko puntuazioa betetzen ez badute, Balorazio Batzordeak deialdia hutsik uztea proposatuko du. Proposamen hori Osakidetzaren webgunean argitaratuko da.

2.– Kudeaketa Zuzendaritzak, egindako proposamena ikusita, proposatutako izangaia deialdian eskainitako lanpostua betetzeko izendatzeko edo deialdia hutsik uzteko ebazpen bat emango du.

Azken kasu horretan, arrazoia adieraziko du eta hauetakoren bat izan beharko du:

a) Ez da izangairik aurkeztu, kasu honetan Kudeaketa Zuzendaritzak deialdia hutsik utzi ahal izango du, onartutako eta baztertutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, izapide gehiago egin behar izan gabe.

b) Ez dago deialdiko oinarrietan eskatutako baldintzak betetzen dituen izangairik.

c) Ez dago eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duen izangairik.

3.– Izendapenaren ebazpena, interesdunei jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Osakidetzaren webgunean argitaratuko da. Horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da, erakunde publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean.

9.– Esleipenaren ondorioak.

Izendapen-ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik izango ditu ondorioak, bertan besterik xedatu ezean behintzat.

Osasun-arloko zerbitzuburu edo atalburu izendatzeak, kasuan kasu, aldi baterako harremana sortuko du, lau urteko epe luzagarrirako, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeko 28. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

10.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.

Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau dagokien aldizkari ofizialetan argitaratzen den azken egunaren biharamunetik hasita.

Zumarraga, 2019ko otsailaren 6a.

Goierri-Urola Garaiko ESIko zuzendari gerentea,

LAURA AGUIRRE ALBERDI.

ERANSKINA

Merezimenduen baremoa Goierri-Urola Garaiko ESIko Pediatriako zerbitzu sanitarioko buruaren lanpostuaren deialdirako.

Merezimenduen baremoa (gehienez, 66 puntu).

Merezimenduen balorazioak fase hauek izango ditu:

I.– Proiektua eta horren defentsa (gehienez, 30 puntu).

Izangaiek dagokion zerbitzuaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko memoria-proiektu bat aurkeztu beharko dute, kalifikazio-epaimahai baten aurrean aurkezpen publikoa egin beharko dute eta epaimahaiko kideek planteatutako galderei erantzun beharko diete.

Fase horretako puntuazioa bi atal hauetan banatuta dago:

a) Aurkeztutako zerbitzuaren kudeaketari buruzko memoria-proiektuaren edukiaren balorazioa (gehienez 15 puntu).

Kudeaketari buruzko memoria-proiektuan, gutxienez, ondoren zehazten diren atalak garatu beharko dira. Deialdian eskainitako lanpostu bakoitzaren ezaugarrien arabera, deialdiaren ebazpenean agintaritza deitzaileak a.1), a.2) eta a.3) atal hauei dagokien gehieneko puntuazioa zehaztuko du:

a.1.– Antolaketarekin eta kudeaketarekin lotutako atala (7 puntu).

Zerbitzu/atalaren organigrama, bai buruzagitza-postuaren bai horri atxikitako gainerako postuen funtzioak adierazita.

Zerbitzuak/atalak erakunde bereko beste zerbitzu batzuekin duen harremana.

Zerbitzu kudeatzeko plana, antolaketa-helburuak definituta, hobetu beharreko eremuak aztertuta eta hautemanda eta horiek lortzeko egokiak diren neurriak identifikatuta. Horrekin batera, esleitutako baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak modu efizientean erabiltzeko konpromisoa edo plana.

a.2.– Osasun-laguntzarekin lotutako atala (5 puntu).

Osasun-laguntzako zerbitzuen zorroaren deskribapena.

Osasun-laguntzaren helburuak eta adierazleak finkatzea, eta horrekin batera, horien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egiteko sistema bat.

a.3.– Irakaskuntzaren eta ikerketaren atala (3 puntu).

Zerbitzuko irakaskuntzaren plangintza zehaztea.

b) Memoria-proiektua Balorazio Batzordearen aurrean publikoki aurkeztea (gehienez, 15 puntu).

Proiektuaren aurkezpen publikoa baloratzeko orduan, memoria-proiektuaren defentsa modu argian eta zehatzean egitea baloratuko da, baita horren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere. Dagokion aktan, kide bakoitzak hautagai bakoitzari emandako puntuazioaren justifikazioa jaso beharko da. Proiektuaren defentsaren argitasuna eta zehaztasuna baloratuko dira, baita proiektuaren alderdi esanguratsuenak azaltzeko ahalmena ere.

II.– Merezimenduen balorazioa (gehienez, 30 puntu).

Puntuazioa honela banatuko da:

II.1.– Laneko esperientzia (gehienez, 13 puntu).

– Dagokion espezialitatean fakultatibo gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0500 puntu.

– Dagokion espezialitatean atalburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,0750 puntu.

– Dagokion espezialitatean zerbitzuburu gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

– Osasun-arloko administrazio publikoetako zuzendari edo Medikuntzako zuzendariorde gisa lan egiten emandako hilabete bakoitzeko: 0,1000 puntu.

Osakidetza eta Gizarte Segurantza osasunaren arloko zerbitzu-erakundeetan edo autonomia-erkidegoetako edo edozein administrazio publikotako osasun-zerbitzuetan egindako lana lan-esperientzia gisa baloratuko da, baita Europar Batasuneko beste estatuetako sare publikoko osasun-zerbitzuetan egindako lana ere.

Guztizko denbora zenbatzeko, lan egindako egun naturalak hartuko dira kontuan eta hilabetera heltzen ez diren gainerako egunak ez dira zenbatuko. Ildo horretan, 30 egun naturaleko multzoa hartuko da hilabetetzat.

II.2.– Prestakuntza, irakaskuntza eta ezagutzaren zabalkuntza (gehienez, 17 puntu).

Ikastaroen ziurtagirietan kreditu kopurua bakarrik agertzen denean, puntuazioa 0,1 puntukoa izango da kreditu bakoitzeko.

II.2.1.– Kudeaketan prestakuntza izatea (gehienez, 3 puntu).

Osasunaren arloko kudeaketarekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:

– 20 ordutik 30era: 0,2000 puntu.

– 31 ordutik 50era: 0,3000 puntu.

– 51 ordutik 100era: 0,4000 puntu.

– 101 ordutik 200era: 0,5000 puntu.

– 200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, Osakidetzak edo edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.2.– Espezialitateko etengabeko prestakuntza (gehienez, 3 puntu).

Dagokion lanpostuko espezialitatearekin lotutako ikastaro bakoitzera joateagatik emango den puntuazioa, iraupenaren arabera:

– 20 ordutik 30era: 0,2000 puntu.

– 31 ordutik 50era: 0,3000 puntu.

– 51 ordutik 100era: 0,4000 puntu.

– 101 ordutik 200era: 0,5000 puntu.

– 200 ordutik gora: 1,2500 puntu.

Erakunde ofizialek, unibertsitateek, osasun-erakundeek, eta kasuan kasu, elkargo profesionalek eta elkarte zientifikoek emandako ikastaroak baloratuko dira. Era berean, edozein administrazio publikok hitzartutako etengabeko prestakuntzako akordioen arabera eman eta egiaztatutako ikastaroak ere baloratuko dira, betiere titulazio ofiziala lortzeko ikasketa-plan baten barrukoak ez badira.

II.2.3.– Graduondoko prestakuntza (gehienez, 5 puntu):

– Doktorea: 3 puntu.

– Doktorea cum laude: 4 puntu.

– Graduondoko masterra: 2 puntu.

– Unibertsitateko aditu/espezialista: puntu 1.

– Ikertzeko nahikotasuna edo ikasketa aurreratuetako diploma: puntu 1.

– Doktorego-ikastaroa, doktorego-ikastaroetako bikain edo ohorezko matrikula bakoitzeko (gehienez, 10 ikastaro): 0,1000 puntu.

Doktore, doktore cum laude, ikertzeko nahikotasun edo ikasketa aurreratuetako titulu bat lortzeko balio izan duten programetako doktorego-ikastaroak ez dira baloratuko.

II.2.4.– Jarduera zientifikoa (gehienez, 3 puntu).

Dagokion espezialitatearekin zerikusia duten lan zientifikoak argitaratu, txostenak aurkeztu, komunikazioak egin, hitzaldiak eman edo mahai-inguruetan parte hartzeagatik:

– Eskualde bateko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 0,2500 puntu.

– Txosten-aurkezpen nazional bakoitzeko: 1,000 puntu.

– Nazioarteko txosten-aurkezpen bakoitzeko: 1,500 puntu.

– Eskualdeko ahozko komunikazio / poster bakoitzeko: 0,1500 puntu.

– Ahozko komunikazio / poster nazional bakoitzeko: 0,6000 puntu.

– Nazioarteko ahozko komunikazio / poster bakoitzeko: 1,0000 puntu.

– Eskualdeko mahai-inguru bakoitzeko: 0,2000 puntu.

– Mahai-inguru nazional bakoitzeko: 0,7500 puntu.

– Nazioarteko mahai-inguru bakoitzeko: 1,2500 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Argitalpen bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Liburu bakoitzeko (lehenengo egilea): 2 puntu.

– Liburu bakoitzeko (beste egile batzuk): puntu 1.

– Kapitulu bakoitzeko (lehenengo egilea): 1,0000 puntu.

– Kapitulu bakoitzeko (beste egile batzuk): 0,5000 puntu.

– Tesina bakoitzeko: 1,5000 puntu.

II.2.5.– Irakaskuntza-jarduera (gehienez, 3 puntu).

– Medikuntzako fakultateko katedraduna, dagokion espezialitatekoa (urteko): 1,0000 puntu.

– Medikuntzako fakultateko irakasle titularra, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,5000 puntu.

– Medikuntzako fakultateko irakasle elkartua, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,2500 puntu.

– Egoiliarren irakaskuntzarako onetsitako tutorea, dagokion espezialitatekoa (urteko): 0,5000 puntu.

– Etengabeko prestakuntzako programa ofizialetako irakaskuntza (orduko): 0,050 puntu.

III.– Euskara-ezagutza (gehienez, 6 puntu).

Euskararen erabilera Osakidetzan normalizatzeko martxoaren 18ko 67/2003 Dekretuan eta berau garatzeko arauetan jasotakoaren arabera baloratuko da.


Azterketa dokumentala