Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2019ko otsailaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1097

AGINDUA, 2019ko otsailaren 4koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación Ibaigane» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa bat, fundazioaren helbideari dagokiona.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko abenduaren 4an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Fundación Ibaigane» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa bat, fundazioaren helbideari dagokiona, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko zena. Espedientean jasotako agiriak erantsi zitzaizkion eskabide-orriari.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu dute, eta ondoren ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten:

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, estatutuak aldatzeko espediente honi buruzko ebazpena; honako arau hauetan xedatutakoarekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta bigarren xedapen iragankorrean; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan. Horrenbestez, estatutu-aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Ikusi dira aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta, beraz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Bilboko (Bizkaia) «Fundación Ibaigane» fundazioaren estatutuetan egin den aldaketa inskribatzeko agintzea, fundazioaren helbideari buruzko aldaketa alegia, agindu honen data duela, eta betiere 2018ko abenduaren 3an Vicente Maria Del Arenal Otero notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 2009).

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 4a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala