Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2019ko otsailaren 28a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
1092

AGINDUA, 2019ko otsailaren 22koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2019. urteko lan-eskaintza publikoa.

Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 70. artikuluak ezartzen duenez, «giza baliabideen beharrizanak daudenean, eta, horretarako aurrekontuko diru-izendapena egonda, langile berriak sartzea beharrezko denean, lan-eskaintza publikoa egin behar da, edo langile beharrizanak betetzeko antzeko beste kudeaketa-tresnaren bat erabili behar da; horretarako, beharrezkoa izango da sortutako plaza horiek betetzeko hautaketa-prozesuetarako deialdia egitea».

Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 23.1 artikuluak –lege hori aldatzen duen azaroaren 7ko 16/1997 Legeak emandako idazkera berriaren arabera– ezartzen duenez, «Administrazio Publiko bakoitzeko langileekin bete ezin diren giza baliabideak, hots, aurrekontu-izendapena dutenak, lan-eskaintza publikoaz beteko dira».

Aipatutako manuak betez, agindu honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren lan-eskaintza publikoa onartzen da. Maisu-maistren kidegoan, Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoan eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoan hutsik dauden plazak sartzen dira eskaintza honetan, hain zuzen ere zerbitzu publikoen funtzionamendu egokirako geroago betetzeko utzi ezin diren plazak.

Agindu honen eranskinean azaltzen diren eskainitako plaza guztien barruan daude bete beharreko lanpostu hutsak: batetik, txanda irekikoak; bestetik, desgaitasuna dutenentzat gordetako txandakoak, eta hirugarrenik, azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozedurakoak.

2019. urteko lan-eskaintza publikoak barnean hartzen du 2018ko ekitaldiari dagokion efektiboen birjarpen-tasa kalkulatuta ateratako plaza-kopurua eta baita egonkortze-tasa gehigarrien plaza-kopurua ere, 2017-2020 ekitaldietan egonkortze-prozesuen esparrukoa, ekainaren 27ko 3/2017 Legeak (2017rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrena) eta uztailaren 3ko 6/2018 Legeak (2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrena) ezartzen duenarekin bat etorriz.

Lan-eskaintza publikoa eta haren deialdia urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartzen duen Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bateginaren 70. artikuluan ezarritako gehieneko epearen barruan garatuko dira.

Halaber, hautaketa-prozesuetan arrazionaltasuna eta eraginkortasuna ziurtatze aldera, 2019. urteko enplegu publikoaren eskaintzako plazekin batera eskainiko dira 2017. urteko enplegu publikoaren bigarren eskaintzako zenbait plaza –zehazki, maisu-maistren kidegoko 55 plaza, Gobernu Kontseiluko 2017ko abenduaren 5eko Akordioaren bidez onartutako eskaintzari dagozkionak–, eta, hartara, bi eskaintzak batera gauzatuko dira, hautaketa-prozesurako deialdi bakar baten bidez, maisu-maistren kidegoari dagokionez.

Hezkuntza Sailaren proposamenez, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 6.1.e) artikuluarekin eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2019. urteko lan-eskaintza publikoa onartzea, agindu honetan adierazten diren baldintzetan.

2. artikulua.– Agindu honen eranskineko zerrendan azaltzen diren plaza huts guztiak sartzen dira 2019. urteko lan-eskaintza publikoan.

3. artikulua.– Dagozkion deialdietan ezarriko dira eskainitako plazak eskuratzeko prozedura eta betekizunak, bai eta txanda irekiko, desgaitasuna dutenentzat gordetako txandako eta azpitalde eta destino-osagarriaren maila bereko irakasleen beste kidego batzuetara iristeko prozedurako plazen banaketa ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Hautaketa-prozesuak bateratzea.

2019. urteko enplegu publikoaren eskaintzako plazekin batera eskainiko dira 2017. urteko enplegu publikoaren bigarren eskaintzako zenbait plaza –zehazki, maisu-maistren kidegoko 55 plaza, Gobernu Kontseiluko 2017ko abenduaren 5eko Akordioaren bidez onartutako eskaintzari dagozkionak–. Hortaz, bi eskaintzak batera gauzatuko dira, hautaketa-prozesurako deialdi bakar baten bidez, maisu-maistren kidegoari dagokionez.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aginduaren aurka, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 22a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

ERANSKINA

Maisu-maistren kidegoa: 1.770 plaza.

Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoa: 32 plaza.

Hizkuntza Eskola Ofizialetako irakasleen kidegoa: 10 plaza.

Hezkuntzako ikuskatzaileen kidegoa: 28 plaza.


Azterketa dokumentala