Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

28. zk., 2019ko otsailaren 8a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
692

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura zabaltzeko proiektuaren 2. faseari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko dena. Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatu du proiektua.

AURREKARIAK

Ingurumeneko sailburuordearen 2004ko otsailaren 20ko Ebazpenaren bitartez, Gasteizko tranbia egiteko proiektuaren lehen fasearen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin zen.

Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2017ko azaroaren 15eko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen, hogeita hamar egun balioduneko epean, Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura zabaltzeko proiektuaren 2. faseari buruzko informazio-azterlana eta ingurumen-inpaktuaren azterlana, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikulua betetzeko. Ildo horretatik, izapide horri dagokion iragarkia argitara eman zen 2017ko azaroaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (229. zk.). Organo substantiboak adierazi du ezen, jendaurreko informazioaren izapidea egin eta gero, hainbat alegazio jaso direla, eduki desberdinekoak; jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzak ez du aldaketarik eragin egindako ingurumen-inpaktuaren azterlanean.

Era berean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2017ko azaroaren 28 eta 29an eta 2018ko urriaren 4an Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei. Ildo horretan, organo substantiboak adierazi du eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten emaitzak ez du aldaketa esanguratsurik eragin egindako ingurumen-inpaktuaren azterlanean.

Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak, 2018ko abenduaren 4an, Gasteizko tranbia Salburura zabaltzeko proiektuaren 2. fasearen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntari hasiera emateko eskaera bete zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

Eskabidean, dokumentazio hau aurkeztu da:

– Proiektuaren dokumentu teknikoa, 2017ko azaroan egina.

– Ingurumen-inpaktuaren azterlana, 2017ko azaroan egina.

– Ingurumen-inpaktuaren azterlanaren III. eranskina, 2018ko irailean egina.

– Informazio publikoaren tramitearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

– Eragindako administrazioei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza deskribatzen duten zenbait dokumentu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa sartzea plangintzaren hasierako faseetan, aukera egokienak hautatze aldera, betiere kontuan izanik zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak.

Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ebazpen honen xede den jarduera arau horren I.B) eranskinaren 1.2 epigrafean dago sartuta. Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak arautzen duen ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazio-prozedura Ingurumen Ebaluaziori buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 33. eta hurrengo artikuluetan jasota dagoen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko prozedura arruntaren pareko bezala ulertu behar da.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterlana zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du; bertan, proiektuaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egin da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jaso da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, baita Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.

Hauek guztiak aztertu dira: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, proiektu honen alde: Vitoria-Gasteizko tranbia Salburura zabaltzeko proiektuaren 2. fasea, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatua.

Proiektuaren helburua da egun tranbiak ematen duen zerbitzua zabaltzea Vitoria-Gasteizko ekialdera, eta, horretarako, trazadura bat proposatu da, hiriaren erdialdetik abiatu eta Salburuko iparraldean bukatzen dena.

Ebaluatutako proiektuak dioenez, bide bikoitzeko plataforma bat eraikiko da tranbiarako, 2.488 metro luze, Angulemako geltokitik Juan Carlos I.aren hiribideraino. Gainera, hornidura elektrikoko gainegitura osoa egingo da, zutoinak jarrita, bi bideen artean edo haien alboan. Gainera, aukera izango da adar hau lotzeko unibertsitatera doanarekin.

Beste bost geltoki egitea aurreikusita dago: Santa Luzia, Gizarte Etxea, Nikosia, Salburua eta Juan Carlos I.a.

Trazadurak hiri-eremu finkatuak zeharkatzen ditu, bai eta zati gehienetan asfaltatuta dauden bideak, erdibitzaileak eta lorategidun zenbait biribilgune ere, baina ez die eragiten zoru urbanizaezineko eremuei edo naturaguneei, eta ez du ibai-ibilgurik zeharkatzen. Trazadurak mugakide ditu Salburuko KBE Kontserbazio Bereziko Eremua eta HBBE Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (ES2110014), eta azken horren babes-eremu periferikoa zeharkatzen du.

Ez da beharrezkoa egungo kotxetegi eta tailerrak zabaltzea edo aldatzea.

Proiektuaren zabalkundea gauzatzeko behar den hornidura elektrikoa tentsio-erdiko (30 kV-ko) egungo banaketa-sare propio eta esklusiboaren bidez egingo da; trenbidearen plataformatik doa sare hori, eta zabaldutako trazaduratik luzatuko da. Adar osoa energia elektrikoz hornitzeko, beharrezkoa izango da beste azpiestazio bat jartzea, trazaduraren bukaeran.

Lur-mugimenduak tranbiaren plataforma jartzeko hondeaketa-lanekin lotuta daude. Kalkulatu da hondeaketa-eremuetatik etor daitekeen material-bolumena 9.300 m3-ko izan daitekeela. Material horien ezaugarriak zein diren, halakoxea izango da haien destinoa: baimendutako zabortegiak, asfaltoetarako, eta betegarria edo tratamendu-planta, eraikitze- eta eraiste-hondakinetarako.

Kalkulatu da obrak burutzeko epea 24 hilabetekoa izango dela, gutxi gorabehera.

Bigarrena.– Baldintza hauek jartzea proiektua gauzatzeko (Vitoria-Gasteizko tranbia hegoaldera zabaltzeko proiektuaren lehen fasea, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak sustatua). Baldintzok lotesleak dira, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.2 artikuluan xedatzen duenaren arabera.

A.– Proiektua gauzatzeko, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan haren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioari jarraituko zaio, eta, betiere, ebazpen honetan zehaztutakoa bete beharko da.

B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aldaketa-araubidea aplikatuko zaio.

Aldaketa puntualak egin behar badira proiektuan, eta aurreko paragrafoan aipatutakoak baino garrantzi txikiagoa badute eta obrak egiteko falta diren gainerako izapideetan sortu badira, ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.

C.– Babes- eta zuzenketa-neurriak.

Indarrean dagoen araudiaren arabera gauzatuko dira babes- eta zuzenketa-neurriak, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.

Bestalde, neurri horiek behar den dimentsioan aplikatzeak eta kontrolerako langile nahikoa izateak bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak. Honako atal hauetan adierazten diren neurriak gehitu beharko dira.

Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-agirietan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide onak ezarriko dira obra-lanetan.

C.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.

C.1.1.– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ezarritako gehieneko mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.

C.1.2.– Eraikuntza-proiektuak barnean hartu beharko ditu obra-eremuaren mugaketa zehatza, eremu horretako sarbideak, makinak, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua, eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua, aintzat hartuta ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako baldintzak eta, betiere, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.

C.1.3.– Kontratistak berak egokitu beharko ditu obrako instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko.

Kontratistaren instalazio-eremu horien mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, betiere ebazpen honetako C.10 atalean ezarritako ingurumen-aholkularitzaren txostena ikusi ondoren.

C.1.4.– Aztertu beharko da nola babestu Florida kaleko lorategi handiko zuhaitz esanguratsuak: bi zedro (Cedrus deodara) eta sekuoia erraldoi bat (Sequoiadendron giganteum). Nolanahi ere, proiektuak ezinbestez eragin behar badie, aztertu beharko da zuhaitzok aldatzea hiri-eremu egoki batera, eta, horretarako, garaiz bilatu beharko dira bitarteko tekniko egokiak.

C.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.

Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:

C.2.1.– Eraikuntza-fasean, ahalik eta material xehe gutxien isuriko da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.

Instalazio osagarrien eremuetan eta makinaria aparkatzekoetan, dekantazio-baltsak jarriko dira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemak dituztenak, betiere.

Gailu horien neurriak ezartzean, beharrezko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoak ahalik eta ondoen atxikitzeko, eta, betiere, isurketa horiek lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango direla bermatuko da, uraren parametro fisiko eta kimikoei dagokienez.

Sistema horien ezaugarriak, kokaleku zehatza eta neurriak adierazi beharko dira, ebazpen honetako C.11 apartatuan aipatzen diren lan-programetan.

Aurreko lerrokadetan aurreikusi diren hondakin-urak tratatzeko sistemak mantendu egin behar dira aldizka, tratamendu-sistemaren eraginkortasun hoberena bermatzeko eta uneoro erabilera-gaitasun nahikoa daukatela ziurtatzeko.

Dekantatutako jalkinak aldian-aldian jaso eta kudeatuko dira, ebazpen honen C.5 atalean xedatutakoaren arabera.

C.2.2.– Ibilguen ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere. Eremu horietan, ur-laminatik 30 metro atzerago egingo dira lanak, gutxienez, eta urak bideratzeko gailuak eta jalkinak atxikitzeko sistemak jarriko dira, aurreko atalean adierazitakoari jarraikiz.

C.2.3.– Obrak hasi aurretik, eragin-eremuan dauden ur-puntuen egoera zehatza egiaztatu beharko da, eta, mapa batean haien kokapena zehaztu, bai eta emaria, jardun-araubidea, aprobetxamenduak eta eragin-analisia ere.

Iturburuetan kalteak eragin direla atzemanez gero, beharrezko diren babes-, zuzenketa- eta zaintza-neurriak hartu beharko dira, iturburu horien funtzio ekologikoari eta/edo aprobetxamenduari eusteko. Iturburuetatik, iturrietatik eta inguruko eremuetatik datozen urak bereizteko ahaleginak egingo dira bereziki, horretarako, inguruan ubideak edo hodi bereziak eraikiz, solidoak eraman ditzaketen eremuekin nahasi ez daitezen.

C.2.4.– Obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko azalerak drainatze naturaleko saretik bereiziko dira. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura olioaren eta erregaien eraginaren ondorioz kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.

C.2.5.– Obra- zein ustiapen-garaian sortzen diren efluente-isuriek (tailerretan, kotxetegietan) isurketarako baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

C.3.– Atmosferako kutsadura prebenitzeko neurriak.

C.3.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan, Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitezkeenetarako.

C.3.2.– Obra-eremuetako irteeretan ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti.

Aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak ebazpen honetako C.11 apartatuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira.

C.3.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta zatikirik ez barreiatzeko.

C.4.– Zarata eta bibrazioen eraginak gutxitzeko neurriak.

C.4.1.– Eraikitze-fasean, ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako babes-neurriak ezarri beharko dira, honako gai hauei dagokienez: obretako makinen mantentze orokorrari, zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari, makinen mugimenduak eragindako zarata gutxitzeari, zarata egunez bakarrik egin ahal izateari, obretan erabilitako tresnek egiten duten zarata kontrolatzeari, etab.

C.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

C.4.3.– Bestalde, proiektua garatzerakoan, eraginpeko eremuan obrek sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita daudenak, hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

C.4.4.– Trenbide-azpiegiturak neurriak hartu beharko ditu kasuan kasuko eremu akustikoen kanpo- eta barne-ingurumenera igaro ez dadin urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluan ezarritako immisioko muga-balioak gainditzen dituen zaratarik.

Era berean, neurriak hartuko dira tranbiaren jardunak zuzenean nahiz zeharka sor dezakeen zaratak ez ditzan gainditu urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan zarataren gainean ezarritako helburu akustikoak. Neurri horiek kalitate akustikoaren helburuak mantentzeko behar diren arintze-mailak bermatu beharko dituzte. Horien diseinuak ezingo du paisaia-inpaktu gehigarria eragin ingurumenean. Esaterako, koloretako pantailak eta inguruarekiko material egokiak erabiliko dira, horiek hartzen duten azalera minimizatuko da, eta abar.

C.4.5.– Aurreikusitako mugak gainditzen direla egiaztatuz gero, igorpenak, hedapenak eta immisioak zuzentzeko sistema egokiak ezarri beharko dira, eremu bakoitzari dagokion erabileraren arabera, inpaktu horiek murrizte aldera, betiere.

C.4.6.– Tren-azpiegiturak beharrezko neurriak hartuko ditu etxebizitza-, egoitza-, ospitale-, edota hezkuntza- nahiz kultura-eraikinen barrura ez helarazteko kalitate akustikoari buruzko helburuak gainditzea eragiten duen bibraziorik, betiere urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren 51. artikuluak ezarritakoaren arabera; horiek ebaluatzeko prozedura jasota dago aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskineko 2.B) zatian. Beste neurri batzuen artean, makinek moteltze-sistema zehatzak izan beharko dituzte, eragina minimizatzeko.

C.4.7.– Urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 29.4 artikuluaren arabera, betearazpen-proiektuak mugatuta izan beharko du zortasun akustikoaren eremua, aipatu arauaren 28. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

C.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.

C.5.1.– Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu behar dira, hau da: aurrea hartu, berrerabiltzeko prestatu, birziklatu eta balioztatu beste modu batzuetan, balioztapen energetikoa barne hartuta. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.

C.5.2.– Eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko, honakoak aplikatuko dira: otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duena; eta ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.

Aipatu ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterketa bat, zeinak I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko baitu.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gainera, kontratistak plan bat prestatuko du, eta, han, azalduko du nola beteko dituen obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak. Ebazpen honetako C.11 apartatuan aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.

C.5.3.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak, honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua eta Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzea eta betelanak egikaritzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua.

Jarduerako soberako materialak betelanerako erabiltzeko badira, otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan zehaztutako baldintzak bete beharko dituzte. Betelanetan, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balore-adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Adierazle horiek jasota daude Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean.

C.5.4.– Hondeaketetan sortutako soberakinei dagokienez, adierazi beharra dago ezen, kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak erabili nahi izanez gero, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko dela eta, gainera, eraikuntzarako erabili beharko direla, egoera naturalean, eta atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.

Kudeaketarako araubide hori ez da ezarriko, baldin eta induskatutako materialak uztailaren 21eko 22/1973 Legeak xedatutakoaren aplikazio-eremuan badaude.

Edozein inguruabar dela medio hondeaketako soberakinak pilatzeko biltokiak egin behar izanez gero, betelana egiteko proiektu bat idatziko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokitu beharko zaio. Horretaz gainera, proiektuan honako hauek jasoko dira: kontuan hartutako kokalekuetako bakoitzak ingurumenean duen eraginaren analisia, hautatutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako lehengoratze- eta kontrol-neurriak eta dagokien aurrekontu xehatua.

Bestalde, obrak amaitzean proiektuaren sustatzaileak lurren mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketaren soberakinen jarraipena helarazi beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, bai eta honako hau zehaztu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku edo obra batzuetan eraikuntzara zuzendutako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Horrez gain, erabilera-baimenak aurkeztu beharko dira, hondakinen araudiaren arabera nahiz meatzeen araudiarekin bat etorrita.

C.5.5.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan.

Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.

Aurreko puntuan aipatutako ontzi edo ontzikiak modu argian etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ez ezabatzeko moduan, eta indarreko araudiaren arabera.

C.5.6.– Olio erabiliak Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dira.

Erabilitako olioak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

C.5.7.– Araudia errazago betetzeko, lan bakoitzean sortzen diren hondakinak kudeatzeko sistemak izango dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Zehazki, ezin izango da kontrolik gabe isuri efluenterik, erregai eta produktuak biltegiratzetik nahiz makinen mantentze-lanetatik sortzen denik, eta ezin izango dira hondakinak erre.

C.5.8.– Obrak egiteko fasean, kontratistaren instalazio-eremuetan, aldi batean hondakin arriskutsuak (olio-poteak, iragazkiak, bateriak, eta abar) pilatzeko eremu espezifiko batzuk egokituko dira, estalpeko instalazioak eta guzti. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, obrak hartzen duen lekuan zehar, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu iragazgaitzak jarriko dira (upelak, eta abar.), eta hondakin horiek ezaugarrien arabera bereiziko dira, aipatutako gune garbian aldi baterako pilatu aurretik.

C.5.9.– Obretan sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari buruzko txosten bat egingo da, eta, han, hondakin horiek kontrolatzeko, jarraipena egiteko eta onartzeko dokumentuak erantsiko dira, indarrean dauden legeei jarraituz.

C.6.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerekin bateragarria dela bermatzeko neurriak.

Proiektua aldatzen bada, eta material kutsatzaileak izan ditzaketen lurzoruetan eraginen bat badu, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa beteko da. Halaber, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten leku gehiago aurkitzen badira obrak gauzatzean, edo lurzorua kutsatzen duten substantziak daudela pentsatzeko arrazoi sendoak baldin badaude, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa bete beharko da.

C.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.

Alde batera utzi gabe Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak xedatutakoa eta foru-organo eskudunak zehazten duena, ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitako babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatu beharko dira.

Gainera, obrek dirauten bitartean aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du zer neurri hartu behar diren.

C.8.– Lehengoratzeko eta obrak integratzeko zuzenketa-neurriak.

C.8.1.– Obrak eragindako eremu guztietan egingo dira obraren paisaia-integraziorako lanak, bai eta kontratistaren instalazio-eremuetan edo bestelako eremuetan ere, baldin eta, ingurumen-inpaktuaren azterlanean agertu ez arren, proiektuaren ondorioz kaltetu badira. Lehengoratze horren arabera, urbanizatu gabeko aldeetan landarez estali daitezkeen eremu guztiak landareztatuko dira, eta hiri-aldeetan lorategi-elementuak berriro jarriko dira.

C.8.2.– Lur mugimenduen garaian, landare-lurra bereizirik kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren eraginpeko espazioak lehengoratzeko eta landareztatzeko lanak errazteko. Landareztatze-lanetarako kendutako landare-lurra egoki biltegiratuko da, ez trinkotzeko, era desegokian ez pilatzeko, eta euria egiten duen egunetan gaizki ez manipulatzeko. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.

C.8.3.– Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.

C.8.4.– Ekintzak burutuko dira landare inbaditzaileak zabaldu ez daitezen, hala nola robinia pseudoacacia, fallopia japonica, cortaderia selloana eta beste. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatuta egon litekeen lurrik.

C.8.5.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz egingo da lehengoratzea.

C.9.– Obraren garbiketa eta akabera.

Behin obra amaituta, garbiketa-kanpaina sakona egingo da, proiektuaren eraginaren mende egon den esparru osoan obra-hondakinik ez uzteko. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako C.5 apartatuan xedatzen dena aplikatuko da.

C.10.– Ingurumen-aholkularitza.

Obrak amaitu bitartean eta bermealdiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak, ebazpen honetan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutakoaren arabera. Obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra gauzatzean; besteak beste, proiektuko ekintzen eragina egiaztatuko du, bereziki honako hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hautsa eta zarata sortzea, makinak direla-eta zarata sortzea, hondakin-kudeaketa, natura- eta kultura-ondarea babestea.

C.11.– Lanen programaren diseinua.

Kontratistek, obrak hasi aurretik, jarduera-proposamen zehatzak egin beharko dituzte jarraian datozen azpiataletan azaltzen diren gaiei buruz. Proposamen horiek lanak burutzeko programetan jasoko dira, eta jardunean den obra-zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako C.10 apartatuan aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere. Honako hauek dira dokumentuak:

– Kontratistaren instalazio-eremuen mugak eta ezaugarriak, ebazpen honen C.1 apartatuan aurreikusitakoari jarraikiz.

– Urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen C.2 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

– Kamioien gurpilak obretatik irtetean garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen C.3 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

D.– Ingurumena zaintzeko programa.

Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaz gain, ondoren zehazten diren beste kontrol hauek egin beharko dira ingurumena zaintzeko programa osatzeko.

Obrak kontratatzeko baldintzen pleguetan sartuta egon behar du programak, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontua izan.

D.1.– Gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta babes- eta zuzenketa-neurriak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko du erregistro horrek, eta, obrak amaitzen direnean, sailburuordetza horretara igorri beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketa puntualik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez dokumentatu beharko dira. Ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira aipatutako aldaketak.

D.2.– Obraren okupazio-mugen kontrola.

Egiaztatuko da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusia denarekin bat datorrela, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.

Halaber, honako hauek kontrolatuko dira: makinariaren kokaleku zuzena eta makinen egoera, instalazio osagarrien eremua, soberakinen biltegiak; gainera, horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak eta abar).

D.3.– Lurzoruen eta uren kalitate-kontrola.

Egiaztatuko da substantzia toxikoak ustekabean isurtzearen ondorioz lurzorua kutsatu dela (olioak eta hidrokarburoak bereziki).

Egiaztatuko da, halaber, lurzoruaren zuzenean suntsitu eta trinkotu dela, eraikitze-obrak, aldi baterako metatzeak edo obratako instalazio osagarriak direla-eta.

Kotxetegi eta tailerretatik datozen hondakin-urak kontrolatuko dira.

Oro har, lanean irekitako zuloetatik ingurumen urtarrera isurketak egin daitezkeen lekuetan, astean behin egiaztatuko da urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala.

Era berean, isuri baino lehen aztertu egingo dira ebazpen honen C.2 apartatuan aurreikusitako solidoak atxikitzeko gailuetatik eratorritako hondakin-urak, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Hilero aztertuko dira honako parametro hauek gutxienez: emaria, pH.a, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.

D.4.– Zarata eta bibrazioak kontrolatzea.

Zarata eta bibrazioak kontrolatzea obrak egiteko faseetan eta funtzionamenduan. Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako prozedurak erabiliz diseinatu eta gauzatuko dira kontrol horiek.

D.5.– Airearen kalitate-kontrola.

Obrak egiteko fasean, lur-mugimenduak, materialen zamalanak eta makina astunak erabiltzearen ondorioz sortzen den hauts esekia dela-eta airearen kalitatea egiaztatzeko kontrolak egingo dira, legez ezarritako kalitate-helburuak ez direla gainditzen egiaztatzeko.

D.6.– Kultura-ondarea kontrolatzea.

Egiaztatuko da nolako eragina duen aztarnategi arkeologiko eta paleontologikoetan edo kultura-intereseko ondasunetan.

D.7.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.

Bermealdian, aldian-aldian aztertuko da zenbaterainoko arrakasta izan duen proiektuaren eraginpeko gainazalak lehengoratzeko lanak.

D.8.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentu bategina.

Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.

Ingurumena zaintzeko programaren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate helburuak beteko direla bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.

Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua, programa betetzea bermatuko duena.

Kalitate-helburuak, hala behar denean, legeetatik edo oro har onartutako azterketa teknikoetatik hartutako muga-balioen edo gida-balioen arabera ezarriko dira. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio are zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezko irizten zaien parametroetan.

Obra kontratatzeko baldintzen pleguetan sartu beharko da programa.

D.9.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.

Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.

E.– Baldin eta araudi berria indarrean jartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Ingurumen-organoak, era berean, erabaki dezake babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumena zaintzeko programa aldatzea, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo egiaztatzen bada babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ez direla nahikoa ingurumen-inpaktuei aurre egiteko.

F.– Alde batera utzi gabe ebazpen honen aurreko apartatuetan xedatutakoa, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzari bidali beharko dio ebazpen honen D.8 apartatuan ezarritako ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina, hark espedientean sar dezan, betiere eraikitze-proiektua onetsi baino lehen.

G.– Alde batera utzi gabe ebazpen honetako aurreko apartatuetan ezarritakoa, sustatzaileak honako dokumentu hauek igorri beharko ditu Ingurumen Sailburuordetzara, espedientean sartzeko:

G.1.– Obrak amaitu eta bi hilabeteko epea baino lehen, obrak garatu bitartean sortutako gorabeheren erregistroa, babes- eta zuzenketa-neurriak zer neurritaraino bete diren jasoko dituena, ebazpen honen D.1 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.

G.2.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, lur mugimenduen balantze zehatza eta hondeaketa-soberakinen jarraipena egin behar dira, bai eta honako hauek argi eta garbi azaldu ere: atera ziren lekuetan ez beste leku eta obra batzuetan eraikuntzarako erabilitako materialen kopuruak eta ezaugarriak. Gainera, materialok erabilera horretarako gaitzen dituzten baimenak aurkeztu beharko dira, bai hondakinei buruzko araudiaren esparrukoak, bai meategiei buruzko araudiaren esparrukoak, hori guztia ebazpen honen C.5 apartatuan xedatutakoari jarraikiz.

G.3.– Obrak amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean, obren fasean sortutako hondakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena, ebazpen honetako C.5 apartatuan adierazitakoa.

G.4.– Urtero, obrak hasten direnetik, ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua, ebazpen honetako D.8 apartatuan aurreikusia.

Hirugarrena.– Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hasita. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua gauzatzen hasi ez bada sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko izapidea, aipatutako epea luzatzea adosten ez bada behintzat.

Laugarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-organoari jakinarazi beharko dio, aldez aurretik, noiz hasiko den proiektua gauzatzen.

Bosgarrena.– Ebazpen honen berri ematea Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren Zuzendaritzari eta Vitoria-Gasteizko Udalari.

Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 25a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala