Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

13. zk., 2019ko urtarrilaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
266

3/2019 DEKRETUA, urtarrilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Elkarrizketa Sozialaren Mahaia sortzekoa.

Europar Batasuneko gizarte modernoen eta aurreratuenen bereizgarri eta ezaugarri nagusia Elkarrizketa Sozialaren instituzionalizatzea da. Administrazio Publikoaren eta ekonomia- eta gizarte-eragileen artean gauzatzen da, eta ordezkaritza handieneko enpresa-erakunde eta sindikatuek ordezkatzen dituzte gizarte- eta ekonomia-eragileak.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak honela definitzen du elkarrizketa soziala: gobernuen, enplegu-emaileen eta langileen ordezkarien arteko edozein negoziazio, kontsulta edo informazio-elkartruke huts, alderdi guztien interesekoak diren ekonomia- eta gizarte-politikari lotutako alderdiei buruz.

Lanaren Nazioarteko Erakundeak uste du elkarrizketa soziala mekanismorik onena dela bizi- zein lan-baldintza hobeak eta justizia soziala sustatzeko. Horrez gain, funtsezko eginkizuna betetzen du gizonek eta emakumeek aukera berberak izan ditzaten sustatzeko eta kalitateko lana bermatzeko askatasunez, segurtasunez eta duintasunez. Halaber, gobernu ona bultzatzeko tresna lagungarria da, hainbat esparrutan. Globalizazio-prozesua kudeatzen ere laguntzen du, eta, oro har, ekonomiaren etekinak hobetzen, lehiakortasuna sustatzen eta gizarte egonkorragoa eta bidezkoagoa lortzen.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 151. artikuluak ezartzen du Batasunak eta estatu kideek helburu hauek dauzkatela, 1961eko urriaren 18an Turinen izenpetutako Europako Gutun Sozialean eta Langileen oinarrizko eskubide sozialen Batasunaren 1989ko Gutunean aipatutako oinarrizko eskubide sozialak aintzat hartuta: enplegua sustatzea; baldintzak aurrerapenen bidez parekatzeko, bizi- eta lan-baldintzak hobetzea; gizarte-babes egokia ematea; elkarrizketa soziala sustatzea; enplegu-maila handia eta iraunkorra lortzeko, giza baliabideak garatzea; eta bazterkeriaren kontra borrokatzea.

Goteborgen 2017ko azaroaren 17an egin zen Goi Bilera Sozialean, Europako Parlamentuak, Kontseiluak eta Batzordeak batera aldarrikatu zuten Gizarte-eskubideen Europako Zutabea. Europar Batasun osoan bizi- eta lan-baldintza hobeak lortzeko prozesu berritu baten iparrorratza da, eta helburu hauek dauzka: herritar guztiei aukera berberak bermatzea lanean hasteko eta lanean jarduteko, laneko baldintzak zuzenak izan daitezen bermatzea, eta gizarte-babesa eta gizarte-bazterketarik eza egon daitezen ziurtatzea.

Hitzaurreko 20. apartatuan ezarrita dago elkarrizketa sozialak funtsezko eginkizuna betetzen duela eskubide sozialak indartzeko eta hazkunde iraunkorra eta inklusiboa lortzeko. Gizarte-solaskideek ezinbesteko funtzioa dute Gizarte-eskubideen Europako Zutabea garatzeko eta aplikatzeko, akordioak negoziatzeko eta egiteko daukaten autonomiarekin eta negoziazio kolektiborako eta ekintza kolektiborako eskubidearekin bat etorrita.

Gizarte-eskubideen Europako Zutabearen 8. printzipioaren a) eta c) apartatuetan –elkarrizketa soziala eta langileen parte-hartzea– ezarrita dago gizarte-solaskideei kontsulta egin beharko zaiela gizarte-, ekonomia- eta enplegu-politiken diseinuari eta aplikazioari buruz, nazio-jardunbideekin bat etorrita. Horrez gain, haien erantzukizunei lotutako hitzarmen kolektiboak negoziatzeko eta egiteko bultzada eman beharko zaie, betiere, haien autonomia eta ekintza kolektiborako eskubidea errespetatuta. Bestetik, laguntza eman beharko zaie gizarte-solaskideei, elkarrizketa soziala sustatzeko gaitasun handiagoa izan dezaten lortzeko.

Elkarrizketa sozialaren helburu nagusia da lan-eremuko solaskide nagusien arteko adostasuna eta parte-hartze demokratikoa sustatzea. Elkarrizketa sozialeko egiturak, eta behar bezala garatutako prozesuak ere bai, gai izan dira arazo ekonomiko eta sozial garrantzitsuak ebazteko. Halaber, ekonomiaren garapena sustatzeaz gain, gobernu ona, aurrerabidea, gizarte-bakea eta egonkortasuna bultzatu dituzte.

Espainiako Konstituzioaren 7. artikuluan ezarrita dago langileen sindikatuak eta enpresa-elkarteak erakunde garrantzitsuenak direla, Konstituzioaren arabera; eta berezko dituzten gizarte- eta ekonomia-interesak babesten eta sustatzen laguntzen dutela. Halaber, libreki sindikatzeko funtsezko eskubidea 28.1 artikuluan aitortzen da; eta 22. artikuluan, elkartze-eskubidea.

Sindikatu-askatasunari buruzko abuztuaren 2ko 11/1985 Lege Organikoaren 6. eta 7. artikuluek eta Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren seigarren xedapen gehigarriak arautzen dute «ordezkaritza handiena» izatea zer den, eta nola aplikatu behar zaien sindikatu eta enpresa-erakunde zehatz batzuei, kideen ehunekoaren arabera, eta kualifikazioa aitortzen die administrazio publikoekiko harremanetan. «Ordezkaritza handiena» izateko baldintza Konstituzio Auzitegiaren doktrinak berretsi eta ezaugarritu du. Horren harira, doktrinak ordezkaritza handieneko sindikatuei eta enpresa-erakundeei zentralitatea aitortzen die lan-harremanetan eta, oro har, ekonomia- eta gizarte-bizitzan.

Azken hiru legealdiotan (IX.etik XI.era), Eusko Jaurlaritzak bultzada nabarmena eman dio Administrazio Publikoaren eta enpresa-erakunde eta sindikatuen arteko elkarrizketa sozial iraunkorrari. Elkarrizketa sozial hori dekretu honen bidez instituzionalizatzen da, hain zuzen ere.

Horren harira, jarraian ageri diren gertaerak aipatzekoak dira, Elkarrizketa Sozial iraunkorrerako mahai bat eratzeko eta Jaurlaritzak, patronalak eta sindikatuek zenbait akordio hartzeko lagungarriak izan baitira. Lehenik eta behin, 2009ko uztailaren 2az geroztik bilerak egin dira, krisiari eta krisiaren berehalako ondorioei aurre egiteko neurriak hartzeko. Gero, 2016ko uztailaren 22an akordio bat lortu zen, negoziazio kolektiboa sustatzeko eta akordioak lortzen laguntzeko. Azkenik, Jaurlaritzaren XI. legealdirako programak (2016-2020) printzipio inspiratzaile hau berresten du: elkarrizketa sozialak enplegu-politika publikoari laguntza eta bultzada eman behar dizkiola. Programa, hain zuzen ere, 2016ko azaroaren 21eko akordio politikoaren lau ardatzetan oinarritzen da. Horrez gain, ekonomia- eta gizarte-eragileen arteko negoziaziorako esparru iraunkorra finkatu eta lan-harremanen EAEko sistema indartzen du.

Dekretuak Elkarrizketa Sozialaren Mahai deitzen dio elkarrizketa hori gauzatzeko mekanismoari. Hiruko organoa da, eta ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresa-erakundeei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari elkarrekin hitz egiteko eta parte hartzeko aukera emango die. Lan-arloko eskumena duen sailari atxikita dago.

Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren bitartez bideratuko da ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresa-erakundeen esku-hartzea gizarteko eta laneko eremuetan, lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eragina duten politika publikoak diseinatzeko, eta hala dagokionean, negoziatzeko eta hitzartzeko prozesuetan, baldin eta alderdiek urteko lan-planean identifikatu badituzte politika horiek.

Mahaiaren lana eta sindikatu- eta enpresa-ordezkaritza osatzen duten beste organo batzuen lan osagarria egituratze aldera, legez ezarrita badago hiruko organo batek edo sindikatuen eta enpresa-erakundeen ordezkaritza duen organo batek informatu behar duela dagokion plan- edo arau-proiektua, organo horiei emango dizkie gomendioak Elkarrizketa Sozialaren Mahaiak.

Dekretu honetan kontzertazio soziala finkatu nahi da, horretarako elkarrizketa sozial iraunkorra instituzionalizatuz Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren baitan, hori da-eta demokraziaren barruan gerta daitekeen fenomeno politiko aberasgarrienetako bat. Dekretu hau ematen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuaren 10.2 artikuluan ezarritakoa garatzeko. Artikulu horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa dauka autogobernuaren erakundeen antolaketaren, araubidearen eta funtzionamenduaren arloetan, hau da, administrazio-aparatuaren egitura organikoa nahieran osatzeko.

Dena den, elkarrizketa sozialak esku-hartzezko beste maila instituzional batzuei heldu ahala dagozkion lan-gaietan, Jaurlaritzak edota ordezkaritza handieneko sindikatuek eta enpresa-erakundeek zera erabaki dezakete hartutako neurrien funtzionamendua ebaluatu eta gero: lege-mailako arau bat ematea komeni dela parte-hartze instituzionala arautzeko. Izan ere, beste autonomia-erkidego batzuetan hori egin dute jada.

Arautzen den gaiaren alderdi sustantiboak eta prozesalak oso heterogeneoak direnez, egoki iritzi zaio dekretu hau hiru kapitulu bereizitan egituratzeari. Lehen kapituluan xedapen orokorrak biltzen dira: Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren sorrera eta haren ezaugarriak eta eginkizunak, alegia. Bigarren kapituluan Mahaiaren osaera jorratzen da, eta bereziki nabarmentzen da hiruko organoa dela. Mahaiaren urteko lehen deialdiaren berezitasuna azpimarratzen da, deialdi horretan mahaiaren osaera eta hurrengo urterako lan-plana zehaztuko baitira. Horrez gain, mahaiko kideen eskubideak eta betebeharrak arautzen dira kapitulu horretan. Azkenik, hirugarren kapituluan funtzionamendu-arauak zehaztuta daude.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak, 129. artikuluan, erregulazio onaren printzipioak ezartzen ditu: premia, efikazia, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia. Dekretu honek, bada, printzipio horiek betetzen ditu. Orobat, dekretu honek interes orokorrari erantzuten dio, Elkarrizketa Sozialaren Mahaia deritzon organo berriaren bitartez bideratuko baita ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresa-erakundeen esku-hartzea gizarteko eta laneko eremuetan, lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eragina duten politika publikoak diseinatzeko, eta hala dagokionean, negoziatzeko eta hitzartzeko prozesuetan.

Arauak ez ditu murrizten partikularren eskubideak, bere helburua betetzeko ezinbestekoak diren neurriak baino ez ditu ezartzen, ez du administrazio-zama berririk sortzen, eta bere helburuak behar adina justifikatuta daude.

Azkenik, gardentasun-printzipioa betetzen du, entzunak izateko aukera eman baitzaie bai gizarte- eta lan-eremuetako enpresa-erakunde eta sindikatu esanguratsuenei bai Eusko Jaurlaritzako sailei.

Horiek horrela, Lan eta Justiziako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko urtarrilaren 15ean izandako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Elkarrizketa Sozialaren Mahaia sortzea.

Dekretu honen bidez, Elkarrizketa Sozialaren Mahaia eratzen da (aurrerantzean, Mahaia). Halaber, mahaiaren izaera, eginkizunak, osaera eta funtzionamendua ezartzen dira dekretu honetan.

2. artikulua.– Izaera.

1.– Mahaia hiruko organoa da, eta ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresa-erakundeei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzari elkarrekin hitz egiteko eta parte hartzeko aukera emango die. Lan-arloko eskumena duen sailari atxikita dago.

2.– Elkarrizketa Sozialaren Mahaia gobernantza onerako tresna da, eta, elkarrizketaren bidez, gizarte-kohesioa eta aurrerapen ekonomikoa sustatzen ditu Euskadin. Haren bidez bideratuko da ordezkaritza handieneko sindikatu eta enpresa-erakundeen esku-hartzea gizarteko eta laneko eremuetan, lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eragina duten politika publikoak diseinatzeko, eta hala dagokionean, negoziatzeko eta hitzartzeko prozesuetan, baldin eta alderdiek urteko lan-planean identifikatu badituzte politika horiek. Hain zuzen, Dekretuaren 5.1, 7.2 eta 8. artikuluetan aipatzen da urteko lan-plana.

3. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Mahaiak, bere eginkizunak gauzatzeko, askatasun osoz jarduten du, fede onaren printzipioari jarraituz eta ordenamendu juridikoa betez.

2.– Mahaiak, bere izaerarekin bat, honako eginkizun hauek bete behar ditu:

a) Negoziazioa eta kontzertazioa sustatzea eta bultzatzea gizarte- eta lan-gaietako politika publikoetan edota lan-harremanetan eta negoziazio kolektiboan eragina duten politika publikoetan.

b) Bereziki, Eusko Jaurlaritzaren plangintza osatzen duten plan estrategikoen eta sailetako planen alderdiei buruzko iritzia ematea, bai eta urteko lan-planean zehazten diren lege-proiektuen eta erregelamenduzko arauen alderdiei buruzkoa ere.

c) Helarazten dizkioten ekimenei buruz egoki irizten dituen aldaketak, iradokizunak edo ekarpenak proposatzea. Horrez gain, bere kabuz, zera eskatu ahal izango du: bere eskumeneko edozein gai sar dadila.

d) Irizpide edo printzipio orokorrak zehaztea, kontuan har daitezen sektoreko politikak eta ukitutako jardun-arloetako planak definitzean.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren organo eskudunei eskatzea bere funtzioak betetzeko behar duen informazio guztia, eta informazio hori jasotzea.

3.– Mahaikideek ikuspegi partekatuak bilatuko dituzte eztabaidetan. Hala dagokionean, gomendio egokiak emango dituzte, eta dagoeneko eratuta dauden foro instituzional eskudunei bidaliko dizkiete; hargatik eragotzi gabe etorkizunean osa daitezkeen beste sektore-organo batzuei ere gomendiook bidaltzea. Sindikatuek eta enpresa-erakundeek ordezkaritza edukiko dute organo horietan. Honako hauek dira gaur egun eratuta dauden foro instituzional eskudunak:

a) Lanbideren Administrazio Kontseilua, enpleguaren arloko politika aktiboen eremuan.

b) Osalanen Kontseilu Nagusia, lan-osasunaren arloan.

c) Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua, hezkuntzaren arloan.

4.– Era berean, Mahaiak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari eta Lan Harremanen Kontseiluari emango die ekarpenen, akordioen eta erabakien berri, jorratutako gaiak organo horien eskumenekoak direnean.

5.– Mahaiko kideen adostasunik ezak ez du inola ere etengo edo oztopatuko dagokion arau-xedapenaren, planaren edo ekimenaren izapideek aurrera jarraitzea.

6.– Mahaiak elkarrizketa sozialari buruzko erabakien jarraipena egingo du, zenbateraino bete diren ebaluatuz eta eraginkorrak ote diren kontrolatuz. Horretarako, urteko txosten bat egingo du, erabaki horiek beren eskumeneko politika publikoetan izan duten benetako eragina aztertzeko.

II. KAPITULUA
OSAERA, ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

4. artikulua.– Osaera.

1.– Mahaia hiruko organoa da. Jaurlaritzako ordezkariez gain, ordezkaritza handieneko sindikatuetako eta enpresa-erakundeetako ordezkariek parte hartzen dute.

2.– Behin eratuta, Mahaiaren osaera urtean behin berrituko da.

3.– Eusko Jaurlaritzak Mahaian izango dituen ordezkariak gai hauetan eskumena daukaten sailetako titularrak izango dira: lana eta lan-harremanak, enplegua, industria, ekonomia-garapena eta hezkuntza.

Halaber, noizean behin, Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuetako titularrek ere parte hartu ahal izango dute, Mahaian jorratzen diren gaiak haien eskumen espezifikoetakoak direnean.

4.– Esan bezala, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatuek eta enpresa-erakundeek ere ordezkariak izango dituzte, baldin eta Mahaiarekin bat egitea eta bertan parte hartzea onartzen badute. Erakunde bakoitzak bere ordezkariak izendatuko ditu.

Sindikatu edo enpresa-erakunde parte-hartzaileetako beste kide batzuek ere parte hartu ahal izango dute Mahaiaren bileretan, baina horrek ez du eraginik izango erabakiak hartzeko bete behar den mahaikideen arteko paritate-irizpidean. Irizpide hori dekretu honetan ezartzen da.

5.– Lan-arloko eskumena duen saileko titularra izango da mahaiburua. Mahaiburuak bilera-deia egin, gai-zerrenda finkatu eta eztabaidak moderatuko ditu. Egoki irizten dituen adituen laguntza jaso ahal izango du, baina aditu horiek ez dira izango Mahaiko kide.

Lan-arloko eskumena duen saileko pertsona batek Mahaiko idazkaritza-lanak eta, hala dagokionean, lantaldeetako idazkaritza-lanak egingo ditu. Pertsona hori sail horretako titularrak izendatuko du; bileretan parte hartuko du, hitzarekin baina botorik gabe. Bileren aktak egingo ditu, eta hartutako erabakien ziurtapena igorriko du.

6.– Mahaikide izango diren pertsonak izendatzeko orduan, presentzia orekatua bilatuko da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten gizonen eta emakumeen artean.

5. artikulua.– Mahaiaren urteko lehen bileraren deialdia.

1.– Mahaiburuak ordezkaritza handiena duten sindikatu eta enpresa-erakunde guztiei deialdia bidaliko die, urteko lehen bileran parte har dezaten. Bilera horretan mahaiaren osaera berritu eta zehaztuko da. Horrez gain, urteko lan-plana egingo da.

2.– Urteko lehen bilerara joateari uko egiten dioten sindikatuek edo enpresa-erakundeek hurrengo urtera arte ezin izango dute eskatu Mahaian ordezkaritza edukitzea edo kide efektibo izatea.

3.– Elkarrizketa sozialeko multzoan parte hartzen duten erakundeek, Mahaian parte hartzeko berariazko eskaera aurreko apartatuan ezarritako alditik kanpo egiten badute ere, bileretara joateko baimena lortu ahal izango dute, salbuespenez. Horretarako ados jarri beharko dira aho batez mahaikide guztiak.

6. artikulua.– Eskubideak eta betebeharrak.

Mahaikideek eskubide eta betebehar hauek dituzte:

a) Parte-hartzezko organoen bileretara joatea.

b) Bilera-deia eta informazio egokia behar bezalako denbora-epean eta moduan jasotzea.

c) Ematen zaien dokumentazioa behar bezalako arretaz zaintzea.

d) Mahaiko bileretan jasotzen duten informazioa behar bezalako konfidentzialtasunaz gordetzea, norberak erabakita, informazio hori isilpekotzat jotzen denean; eztabaidetan adierazitakoa isilpekotzat jotzea; eta, informazioa zertarako jaso, horretarako baino ez erabiltzea.

III. KAPITULUA
FUNTZIONAMENDU-ARAUAK

7. artikulua.– Bilerak.

1.– Mahaiak bi ohiko bilera egingo ditu urtean; eta, Mahaian ordezkaritza duten alderdiak adostuta, ezohiko bilerak ere egin ahal izango ditu, alderdietako edozeinek proposatuta.

2.– Mahaiak urteko lan-plana onartuko du urteko lehen bileran.

8. artikulua.– Urteko lan-plana.

1.– Mahaiak dagozkion akordioak lortu ahal izatea helburu, urteko lan-planean zehaztuko du planen, arau-xedapenen proiektuen edo ekimenen zer alderdi jorratuko dituen, haiei buruzko ikuspegi partekatuak bilatu eta, hala dagokionean, haien gaineko gomendioak emateko.

2.– Urteko lan-plana egiteko, Mahaiak kontuan hartuko ditu indarreko araudiak sindikatuen eta enpresa-erakundeen ordezkaritza daukaten Euskal Autonomia Erkidegoko organoei aitortzen dizkien eskumenak kontsultarako, parte-hartzerako edo negoziaziorako.

9. artikulua.– Lantaldeak.

1.– Mahaiak lantaldeak antolatuko ditu, gaien edo sektoreen arabera. Haien zeregina izango da mahaiak eztabaidatu –eta, hala dagokionean, ebatzi– behar dituen gaiak prestatzea.

2.– Mahaiak erabakiko du egoki irizten dituen lantaldeak osatzea ala ezabatzea eta, hala dagokionean, haiei ematea erabaki jakin batzuk hartzeko eskumena.

3.– Mahaiak erabakiko du lantaldeen osaera. Osaerak, edonola ere, hiruko organoa dela islatu beharko du. Lantaldeko burua sail eskuduneko titularra izango da, edo jorratuko den gaiaren arabera hark eskuordetzen duen pertsona. Buruaren zereginak izango dira lantaldeen bilera-deia egitea, bileren gai-zerrenda finkatzea eta eztabaidak moderatzea.

4.– Adituek eta profesionalek ere parte hartu ahal izango dute lantaldeetan, baldin eta lantaldean ordezkaritza duten aldeek hori erabakitzen badute.

10. artikulua.– Erabakiak hartzea.

1.– Mahaiak, oro har, aho batez hartuko ditu erabakiak eta akordioak.

2.– Edonola ere, erabaki-proposamen baten alde daudenean Jaurlaritzaren ordezkariak eta Mahaiko kide den enpresa-erakundearen ordezkariak eta sindikatu bateko edo batzuetako aldeko botoa daukanean proposamen horrek, Elkarrizketa Sozialaren Mahaiaren azken erabaki gisa dokumentatu ahal izango da, mahaikideetako batek hala eskatuta, eta dagokion gaiarekin lotutako politikak edo jarduketak garatu ahal izateko gerora.

3.– Mahaiaren akordioak eta erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ahal izango dira edo beste edozein baliabide erabilita. Edonola ere, adierazi beharko da erabakiok aho batez hartu diren ala aurreko zenbakian adierazitako moduan.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Mahaia eratzea.

Dekretu hau indarrean jarri eta hilabeteko epean eratuko da Elkarrizketa Sozialaren Mahaia.

AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2019ko urtarrilaren 15ean.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala