Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

249. zk., 2018ko abenduaren 28a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
6383

AGINDUA, 2018ko abenduaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira eskola-garraiorako banakako esleipenak 2018-2019 ikasturterako, Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ikasten ari diren ikasleentzat.

Hezkuntza Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, hezkuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbideren kontratazioa hartzen du barne; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikasleen bizilekutik ikastetxera dagoen distantzia eta ikasle-kopurua.

Ikasle batzuek, eskola-garraiorako eskubidea izan arren, zuzenean ordaintzen dute garraio hori, funtsean hiru arrazoi direla-eta. Lehenik, ezin direlako egokitu sail honek antolatutako ibilbideetara; bigarrenik, egokitzat jotzen delako ikasleek garraio publikoa erabiltzea; eta, azkenik, beste administrazio batzuekin eginiko hitzarmenak daudelako, horiek antolatutako garraio-zerbitzuak erabiltzeko.

Gastu horien finantzaketan laguntzeko, banakako esleipen hauen deialdia egiten da.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzko maiatzaren 19ko 69/2015 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Eskola-garraiorako banakako esleipenak iragartzen dira 2018-2019 ikasturtean haur hezkuntzako bigarren zikloan, lehen hezkuntzan eta derrigorrezko bigarren hezkuntzan ikastetxe publikoetan matrikulatuta dauden ikasleentzat, bai eta ikastetxe pribatuetan daudenentzat ere, agindu honen 4.1.a) artikuluan jasotako kasuetan, dekretu honetan xedatutakoaren arabera: 69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen Sailak finantzatutakoari– buruzkoa.

2. artikulua.– Deialdiaren kudeaketa.

Laguntza horiek kudeatzeko organo eskuduna Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren zuzendaria da.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Lehenengo artikuluan adierazitako helburura zuzendutako baliabide ekonomikoek sorburu hau izango dute: Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako kontsignatutako aurrekontu-kredituak. Deialdi horretarako, zehazki, 1.000.000 euro erabiliko dira. Emango diren laguntzek, guztira, ezingo dute aipatutako zenbatekoa edo zenbateko horren eguneraketa gainditu, indarreko legerian jasotako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketen araubidearekin bat etorrita, eta, hala dagokionean, Hezkuntza Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

4. artikulua.– Betekizun orokorrak.

1.– Jarraian zehaztutako betekizunak aldi berean betetzen dituzten ikasleek izango dute deialdi honetan parte hartzeko eskubidea:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko baten matrikulaturik egotea, 1. artikuluan aipatutako irakaskuntzetatik edozeinetan; edo, bestela, hezkuntza-administrazioak esanda, ikastetxe pribatu batean, sare publikoko eskaintza nahikoa ez delako edo –salbuespen gisa– aipatutako administrazioak adierazitako motibo arrazoitua dela-eta.

b) Haur hezkuntzari eta lehen hezkuntzari dagokienez, ikastetxearen eragin-eremuan egotea erroldako bizilekua, eta ikastetxea aipatutako bizilekuarekiko hurbilenekoa izatea, hain justu ere hura sartzen den eragin-eremuen artean. Eta derrigorrezko bigarren hezkuntzari dagokionez, lehen hezkuntza amaitzeko egokitu zaion ikastetxeari lotutako ibilbidearen ondoriozko ikastetxea izatea, eta aipatutako ibilbidean sartzen direnen artean bizilekutik hurbilenekoa izatea.

b.1.– Hezkuntza-administrazioak esleitzen badu ikastetxea, ez da eskatuko betekizun hori betetzea.

b.2.– Era berean, eskola-mapa aldatzen bada, aldaketa hori egin aurretik garraio-eskubideaz baliatzen ari diren ikasleei ez zaie eskatuko betekizun hori betetzea, betiere bizilekua aldatzen ez badute; eta, halaber, haiekin bizi diren eta gerora matrikulatzen diren neba-arrebei, betiere haur hezkuntzan edo lehen hezkuntzan euren lehenengo matrikulazioa bada.

b.3.– Zaintza partekatuko kasuetan, guraso bakoitzarekin dagoen aldiaren arabera ikasleak bizilekua aldatu behar badu, ez da eskatuko betekizun hori betetzea bigarren bizilekuari dagokionez.

c) Distantziari dagozkion betekizunak honako hauek izango dira: ikastetxea bizilekutik bi kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea, betiere haur hezkuntzako bigarren zikloko, lehen hezkuntzako eta derrigorrezko bigarren hezkuntzako lehen eta bigarren kurtsoetako ikasleei dagokienez; eta bizilekutik lau kilometroko edo hortik gorako distantziara egotea, derrigorrezko bigarren hezkuntzako hirugarren eta laugarren kurtsoetako ikasleei dagokienez.

Distantzia neurtzeko, ikaslearen bizilekutik ikastetxerako edo ikastetxetik gertuen dagoen geralekurako ibilbide laburrena –oinez– hartuko da erreferentziatzat. Distantzia kalkulatzeko, 5.2 artikuluan adierazten den tresna erabiliko da.

d) Ikasturte hori amaitzen den urtean 18 urte baino gehiago beteta ez izatea.

e) Doako garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

2.– Ezingo dira deialdian sartu diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.

3.– Diru-laguntza honen onuradunek Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. eta 14. artikuluetan ezarritako betekizunak eta betebeharrak bete beharko dituzte, lege horren 13.2.e) artikuluan ezarritakoa izan ezik, ematen den diru-laguntzaren izaera dela-eta.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta bateragarritasuna.

1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko garraio-zerbitzu publikoren bat edo tren-baliabideren bat (autobusa, tranbia, metroa, trena) erabiliz gero, aukera guztien artetik merkeena ordaintzeko izango da diru-laguntza.

2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera joateko ibilgailu partikularra erabiliz gero, diru-laguntza kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da, eta, ibilbide hori motoan eginez gero, 0,15 euro kilometroko.

Kilometroak kalkulatzeko, hauek hartuko dira kontuan: etxetik edo geltokitik ikastetxerako bi joan-etorri, hain justu jardunaldi zatituko eskola egun bakoitzeko; eta joan-etorri bat, jardunaldi jarraituko eskola egun bakoitzeko.

Ikastetxe publikoetan, zuzeneko kudeaketako erregimenean jantoki-zerbitzurik bada, kalkulu hori egiteko ez dira sartuko honako hauek: jardunaldi zatituko eguerdiko joan-etorriak, baldin eta garraiorako eskubidea duten ikasle guztiak hartu ahal baditu jantokiak.

Distantziak neurtzeko, «Geo Euskadi» kartografia-tresna erabiliko da.

3.– Ikastetxeko guraso-elkarteak antolatutako eskola-garraioko zerbitzua erabiliz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa hauxe izango da, gehienez: zerbitzuaren benetako kostua zati hura erabiltzen duten ikasle-kopurua.

4.– Hornidura horiekin xede berdinerako batera beste era bateko diru-laguntza edo laguntzak –publikoak zein pribatuak– eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo litzaioke laguntzari.

6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Eskabideak betetzeko, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.eus web-helbidean dagoen aplikazioa erabiliko da.

2.– Eskabideak, ikaslearen legezko ordezkariak behar bezala beteta, modu elektronikoan edo paperean aurkeztuko dira (I. eranskina: eskabide-eredua) ikaslearen ikastetxeko zuzendariaren aurrean edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako lekuetakoren batean, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

3.– Ikastetxeek diru-laguntza horietaz baliatu nahi duten ikasleen zerrendaren proposamena aurkeztuko dute, II. eranskinean ematen den ereduaren arabera beteta. Eskabide horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako lekuetakoren batean aurkez daitezke. Proposamen hori dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzara bidaltzeko epea 10 egun baliodunekoa izango da, artikulu honen 2. apartatuan ezarritako eskaera-epea amaitu eta biharamunetik hasita.

4.– Epe horretatik kanpo ere laguntzak eskatu ahal izango dituzte artikulu honen 2. apartatuan ezarritako muga-dataren ondoren matrikulatzen diren ikasleek.

Eskabideak aurkezteko prozedura eskabide arruntak izapidetzeko prozedura bera izango da. Edonola ere, ez da inola ere onartuko 2019ko apirilaren 30aren ondoren egindako eskabiderik.

5.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena eskola-garraioa izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi horren arduraduna Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritza izango da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, indargabetzeko eta datuen aurka egiteko eskubideak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Kudeaketa Ekonomikoaren Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko beste erakunde publiko batzuetan.

7. artikulua.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzei dagokie aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Diru-laguntzak ebaztea, jakinaraztea eta argitaratzea.

1.– Aurkeztutako eskabideak jasota, Hezkuntzako lurralde-ordezkariak behin-behineko ebazpenaren proposamena aurkeztuko du, eta proposamen hori Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzara bidaliko da.

2.– Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak emango du behin-behineko ebazpena, eta ebazpen hori eraginpekoei jakinarazteko aginduko du, ebazpena https://euskadi.eus webgunearen iragarki-taulan argitaratuta. Ebazpen horretan aipatu beharko da nor diren onuradunak eta zenbatekoak diren onartutako laguntzak, edo, ukatuz gero, zergatik ukatu diren.

Jakinarazpen horri esker, beren interesak defendatzeko alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte eragindakoek, jakinarazpena egin eta 15 egun balioduneko epean, eta 3. eta 4. apartatuetan aurreikusitako izapideak emango dira jakitera.

3.– Behin-behineko ebazpenaren kontrako alegazioak aztertu ostean, epea igaro eta gero, eta beharrezko egiaztapenak eta izapideak egin ondoren, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak prozeduraren behin betiko ebazpena emango du, artikulu honen 2. apartatuan agertzen diren datuak aipatuta, eta ebazpena https://euskadi.eus webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuz jakinaraziko da.

4.– Behin betiko jakinarazpenak ebazpenaren testu osoa jaso beharko du, bai eta laguntza jaso eta jasoko ez duten eskatzaileen zerrendak ere, laguntza ez jasotzeko arrazoiak azalduta. Horretarako ezarritako epean ebazpen espresurik argitaratzen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertu behar da.

5.– Behin betiko ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, behin betiko ebazpena https://euskadi.eus web-orriko iragarki-taula elektronikoan argitaratu eta biharamunetik aurrera.

6.– Behin betiko ebazpena eta laguntzen jakinarazpena sei hileko epean egingo dira, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, agindu honen 6.4 artikuluan jasotako kasuetan izan ezik (kasu horietan, 2019ko ekainaren 29a baino lehen ebatziko dira).

7.– Baldintza guztiak betetzen dituzten eskari guztiei erantzuteko behar besteko krediturik ez badago, eskabideen aurkezte-egunaren arabera ezarriko da hurrenkera; berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez ebatziko da.

9. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean justifikatu beharko du zentroak laguntza horiek jaso izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.

2.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

10. artikulua.– Diru-laguntza kontrolatzea.

1.– Ondorio hauetarako, lurralde ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

2.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

3.– Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Eusko Jaurlaritzako Diruzaintzari itzuli beharko diote emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari. Halaber, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako itzulketa-kausetako edozein aplikatuko da.

4.– Itzultzeko espedienterik hasten bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

5.– Halaber, ikasle onuradunei eskatuko diete, 2019ko ekainaren 27a baino lehen, diru-laguntzaren zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili dela justifikatu dezatela.

6.– Guraso-elkarteek antolatutako garraioaren kasuan, elkarte horiek egindako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, honako hauek biltzen dituena:

– Garraioaren eguneroko kostua.

– Garraioa erabiltzen duten ikasleen kopurua.

– Ikasleak ordaindu beharreko kuota.

7.– Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak eta, ibilgailu partikularra erabiltzen bada, erantzukizunpeko adierazpena) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Honako hauetan xedatutakoak arautuko du agindu hau:

69/2015 Dekretua, maiatzaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioari –hezkuntzaren arloan eskumenak dituen sailak finantzatutakoari– buruzkoa.

38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.

887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren azaroaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duena.

1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena.

698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen bermeei eta diru-laguntza horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena.

39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntzako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 18a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala