Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2018ko abenduaren 26a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6322

167/2018 EBAZPENA, abenduaren 18koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Zarauzko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, babes sozialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko Zarautz udal-mugartean, Azken Portu 7 eremuan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Zarauzko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, babes sozialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzeko Zarautz udal-mugartean, Azken Portu 7 eremuan. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 18a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 18KO 167/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRA, INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILAREN ETA ZARAUZKO UDALAREN ARTEKOA BABES SOZIALEKO ETXEBIZITZEN SUSTAPENA AHALBIDETZEKO ZARAUTZ UDAL-MUGARTEAN, AZKEN PORTU 7 EREMUAN

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 26an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Ignacio María Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.

Eta bestetik, Xabier Txurruka Fernandez jauna, Zarauzko alkate-udalburua.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa eta Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkari-lanetan, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2018ko uztailaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Eta bigarrena, Zarauzko alkate-udalburu gisa, Udalaren ordezkari-lanetan, Udalbatzak 2018ko uztailaren 26an izandako bilkuran hartutako erabakiaren indarrez egintza honetarako baimendua.

Agertutako bi alderdiek elkarri aitortu diote Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa eta, horretarako, honako hau:

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak honako hau zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Bigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 2. artikuluan adierazten dira Euskadiko etxebizitza-politikaren printzipio gidariak, besteak beste, honako hauek:

1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio orokorraren mendeko organoak eta EAEko sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.

2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.

3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.

4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.

5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.

6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, baita bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.

7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraikiz.

8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-planifikazio bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.

9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.

10.– Etxebizitzaren arloan planifikazio bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Horregatik, botere publikoek –kasu honetan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako Sailak eta Zarauzko Udalak– elkarrekin esku hartu behar dute –are gehiago, horretara behartuta daude–, babes ofizialeko beharrezko etxebizitzak egitea ahalbidetzen duten baldintzak sortzearren eta beharrezkoa den lurzoru-ondare publikoa osatzearren, betiere espekulazioa eragozteari begira.

Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Toki Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan beren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Hirugarrena.– Zarauzko Udalak, 2008ko otsailaren 13an onespena eman zion Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari. Planak jasotakoaren arabera, 7. Eremua-Azken Portu- hiri lurzoru finkatutzat sailkatzen da eta bizitegi-erabilera eta azpiegitura eta komunikazioen sistema orokorraren kalifikazio orokorra du.

7. eremuak –Azken Portu– 99.910 m2-ko azalera du. Inguru horretan, erditik iparralderako zatian, gutxi gorabehera, +5,00 eta 6,50 koten artean kokatutako lurzoru lauak daude, eta erditik hegoalderako zatian lurrak aldapan daude, iparralderantz orientatutako mendi-mazelan. Zati horretan lurrak gorantz egiten du, hego-hegomendebaldeko ertzean +25,00 kotara heldu arte.

Udal plangintzak zehaztutakoaren arabera eremuan berezko erabilera etxebizitza kolektiboa da.

Auzoak dentsitate handia duen arren, ez du ekipamendu garrantzitsurik. Bertan aurki ditzakegun ekipamenduen artean, Lanpardo kalearen ondoan, Hegoaldean dauden hezkuntza-arloko ekipamenduak bakarrik aipa ditzakegu.

Bertan dauden ekipamenduko eraikuntzen eta lursailen multzoa (Lanpardo kalea 1 eta 3) irakaskuntza-ekipamendu gisa finkatzen da.

Lursail multzo horretan 22899 zenbakiko erregistro finka dago, 3250 m2-ko azalera duena, eta bere hegoaldean erabiltzen ez den eraikin bat dago.

Laugarrena.– Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 16. artikuluak adierazten duenez, Udalaren hirigintza-plangintzaren bidez, etxebizitzak babes publikoko araubide bati atxikita eraikitzeko kalifikatu ahal izango dira lursailak. Betiere, legearen 80. artikuluan aurreikusita dauden gutxieneko estandarrak eta kopuruak betetzeko behar den lurzoru-kalifikazioa egin beharko da gutxienez. Kalifikazio-egintzan, lurzoru horretarako izendatutako babes mota zehaztu beharko du hirigintza-antolamenduak.

Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 19. artikuluak adierazten duenez, Administrazio publikoek, bakoitzak bere eskumen-esparruan, sustatu egingo dituzte babes publikoko etxebizitzak, halako jarduketak bultzatzeko neurri ekonomiko, fiskal, hirigintzako eta bestelakoen bidez.

Bosgarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak lurzoru-ondare publikoa arautzen du, eta, horren arabera, gainerako ondaretik banandua eta independentea izango den ondareak osatuko du lurzoru-ondare publikoa, eta etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak kudeatuko du, helburu hauek betetzearren, besteak beste:

a) Lurzorua edo bizitegitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta eranskinak sustatzeko edo eraikitzeko.

b) Eraikin babestu horiek eta jarduketari berari lotutako ekipamendu publikoak sustatzea edo eraikitzea.

Helburu horiek betetzeko, Zarauzko Udalak doan lagako dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari Zarauzko 7 eremuan –Azken Portu– dagoen 22899 finka.

Etxebizitzen gaineko indarreko araudiak ez duenez aurreikusten aipatu Lurzoru Ondare Publikoa osatzen duten ondasunak doan eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak horretarako xedatutakoa beteko da.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 38. artikuluaren arabera, doan lagatako ondasunak eskuratzen direnean, haien titulartasuna dagokion sailak onartu beharko ditu, Gobernu Kontseiluak baimena eman ondoren, baldin eta, besteak beste, eskuratzeak baldintza edo erabilera-konpromiso bereziren bat badakar berekin eta baldintza edo erabilera horrek gasturen bat badakar, eta organo eskudunak, kasu honetan bezala, doako lagapena onartzeko interes publikoko arrazoiak ikusi baditu.

Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da Zarauzko udal-mugartean babes sozialeko etxebizitzen sustapena ahalbidetzea, 7 eremuan –Azken Portun–.

Bigarrena.– Zarauzko Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adostu dute 7 eremuan –Azken Portun– dagoen 22899 erregistro finkaren zati bat Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak babes sozialeko alokatzeko etxebizitzen sustapenerako erabiltzea.

Zarauzko Udalak 22899 partzelaren zati baten segregazioa egiteko hitza ematen du, hain zuzen ere partzelaren hegoaldea eta babes sozialeko etxebizitzak egiteko dena.

Segregazioa egin aurretik udal plangintzaren aldaketa bat onartu beharko da segregazio gai den eta Hitzarmen honen helburu diren babes sozialeko etxebizitzen sustapena burutu nahi den partzelan etxebizitzarako erabilera ahalbidetzeko.

Dagokion eskritura publikoaren bidez segregazioa formalizatua dagoenean, Zarauzko Udalak segregatuko den partzelaren kargarik gabeko lagapena egiteko hitza ematen du, partzela horretan dagoen eraikinarekin batera, doako lagapena egiteko dagokion akordioaren bidez.

Hitzarmen honetan zehaztutako ondare-eragiketa burutzeko dagokion baimena lortzea izango da baldintza, hala ezartzen baitu azaroaren 6ko 2/2007ko Legegintza Dekretu bidez onetsitako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, bere aldetik, hitz ematen du lagapen hori Gobernu Kontseiluak onartzeko tramitazioa egingo duela.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik zenbatzen hasi eta sei hilabeteko epearen barruan.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

– Lagapen gai den partzelan dagoen eraikina eraisteko beharrezkoak diren agiri teknikoak idaztea, lagapena formalizatu den unetik hasi eta 6 hilabeteko epearen barruan.

– Babes sozialeko etxebizitzen eta horien urbanizazioa burutzeko beharrezkoak diren agiri teknikoak idaztea, lagapena formalizatu den unetik hasi eta 6 hilabeteko epearen barruan.

– Babes sozialeko etxebizitzen eta horien urbanizazio osagarria egiteko obrak kontratatzea eta exekutatzea.

– Babes sozialeko etxebizitzen eraikinean sortutako behe solairuan dagoen lokalaren erabilera Zarauzko Udalari dohainik lagatzea. Lagapen horrek 75 urteko iraupena izango du, udal agintaritzak eskatu eta gero onartuko da eta ekipamendu erabilerarako izango da. Kasu honetan lokala egokitu gabe lagako da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zin egiten du etxebizitzekin lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak 4 urteko epean amaituko dituela, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik aurrera. Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoiak badaude, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, betiere Hitzarmenaren indarraldia gainditu gabe.

Aipatutako jardueretatik ondorioztatzen diren gastuak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordainduko ditu.

Lankidetza Hitzarmen honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren eta egonkortasuna eta finantza-iraunkortasunari buruzko printzipioak betetzeko Euskal Autonomia Erkidegoak dituen erabilgarrien baldintzapean egongo dira.

Laugarrena.– Zarauzko Udalak hurrengo konpromisoak hartu ditu:

– Zarauzko 7. Eremuan –Azken Portu- dagoen 22899 finkaren lagako den zatian etxebizitza erabilera ahalbidetuko duen hirigintza planeamendua aldatzeko beharrezkoak diren agiriak idatzi, izapidetu eta onartzea. Aldaketa horrek etxebizitza erabilerarako hurrengo datuak aurreikusi beharko lituzke gutxi gorabehera:

– Azalera: 1.860 m2

– Eraikigarritasuna: 2.500 m2.

– Eraikin-profila: BS+ 4 sestra gainetik.

– Etxebizitzen kopurua: 25.

– 22899 finkaren hegoaldean 1860 m2-ko lursail berria sortzeko finkaren segregazioa izapidetu eta onartu. Hain zuzen, banaketa gai izango da Hitzarmen honen helburu den babes sozialeko etxebizitzak egiteko erabiliko den eraikina dagoen finkaren zatia.

– Obrak burutzeko beharrezkoak diren udal lizentziak lau hilabeteko epearen barruan izapidetzea, etxebizitza arloan eskumena duen organoak aurkeztu duenetik hasita.

– Partzelari eta bertan dagoen eraikinari dagozkien segurtasun eta mantentze neurriak hartzea, babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko lanei hasiera ematen zaien bitartean.

Bosgarrena.– Zarauzko Udalak bere gain hartuko ditu hirigintza agirien izapidetzeak eta onarpenak eta 7. Eremuan –Azken Portu– dagoen 22899 finkaren banatzeak sortutako gastuak, eskritura egiteak eta Jabetza Erregistroan inskribatzeak sortutakoak barne direla.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ordaindu beharko ditu 7. Eremuan –Azken Portu– dagoen 22899 finkatik banandutako zatia doan lagatzearen ziozko eskuraketari lotutako ondare-eragiketa Jabetza Erregistroan inskribatzearen eta eskriturak egitearen ondoriozko gastuak, hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga salbu.

Seigarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartu du babes sozialeko etxebizitzen sustapenean interesa duen udalerri bakarra Zarautz dela deklaratzeko. Udalerri horretako herritarrak izango dira lehentasunezko hartzaileak.

Hala ere Zarauzko Udalak Programa horretan barne hartutako babes sozialeko etxebizitza zehatzen hautaketa-prozedura horretatik salbu egotea proposa dezake, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du horien esleipen berezitua egiteko, baldin eta udal jarduera urbanistikoen eraginpean dauden pertsonen faboretan egiten bada.

Esleitu ez dela-eta, etxebizitzaren bat soberan geratzen bada, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak zehaztuko du dagokion Eginkizun-Arloko zer udalerri eta/edo pertsona dauden horretan interesatuta, hartarako emandako Aginduaren bidez.

Zazpigarrena.– Zarauzko Udalak lagapen gai den partzelan dagoen eraikinaren eraisketa lanei eta babes sozialeko etxebizitzak eraikitzeko obrei dagokien karga-tasari 5. Udal ordenantzan ezarritako % 95eko hobaria aplikatuko dio. Hobari hori etxebizitza sozial eta alokatzeko diren babes ofizialeko etxebizitzen sustapenen kasuan aplikatzen da.

Zortzigarrena.– Zarauzko Udalak ez dio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, administrazio publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik jartzeko eskatuko, aplikatu beharreko araudian eska daitezkeen fidantza edo bermeak osatzeko, batez ere obrak egitean ukitu daitezkeen udal-agintaritzaren titulartasuneko ondasun higiezin edo higigarriak ordezkatzearekin edo hondakinak kudeatzearekin lotuta.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, zin egiten du hondakinak horien kudeaketa arautzen duten printzipioen arabera kudeatuko dituela, hau da, horiek baloratzeari emango diola lehentasuna (ezabatzeari bainoago), eta neurri egokiak hartuko dituela obraren ondorioz sor daitekeen eragina murrizteko, eta, edonola ere, obraren ondorioak jasan ditzaketen udal-titulartasuneko ondasunak beren hasierako egoeran utziko dituela bermatzeko.

Bederatzigarrena.– Bi Herri Administrazioek beharrezkotzat hartzen dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratzea. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, zuzkidura-bizitoki hauen sustapena egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Aipatutako Jarraipen Batzorde hori lau kidez osotuko da. Alderdi bakoitzak bi proposatuko ditu.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez bada, Jarraipen Batzordearen funtzionamendua Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko tituluko II. kapituluko 3. Sekzioan ezarritakoari jarraituko dio.

Hamargarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa dauka, eta, beraz, berau interpretatu, aplikatu eta betearaztearekin edo beronen ondorioekin lotuta sor daitezkeen alderdi guztiak ezagutzea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea amaitu denean.

Hitzarmen hau kontratu publikoen indarrean dagoen legediaren aplikazio eremutik kanpo geratuko da, Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legearen (lege horren bidez, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB zuzentarauen transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora) 6. artikuluan xedatutakoaren arabera. Hala ere, lege horren printzipioak aplikatu ahalko dira egon daitezkeen zalantzak edo atzeman daitezkeen hutsuneak ebazteko.

Hamaikagarrena.– Lankidetza-hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, hura sinatzen denetik aurrera. Aurreko atalean aipatutako epea amaitu aurretiko edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez adostu ahalko dute hura luzatzea, beste lau urteko aldi baterako gehienez, edo hura azkentzea.

Hamabigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuta eta, hala badagokio, aldatu egingo da sinatzaileen aho batezko erabakiaren bidez, hitzarmenari dagokion gehigarria sinatuz.

Hamahirugarrena.– Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.

Halaber, hitzarmen hau bertan behera uzteko arrazoiak izango dira bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian aurreikusten direnak.

Hala eta guztiz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenean atzera egin ahalko du, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu behar izanik gabe, baldin eta, sortzen diren arrazoien ondorioz (adibidez, hirugarren pertsonek eskuraketaren xede diren ondasunak okupatzearen ondorioz), hori gauzatzea bidera ezina bada.

Eraikina ez bada Hitzarmen honetako Hirugarren klausulan jasotzen den epean eraikitzen edo eraiki arren ez bazaio babes sozialeko etxebizitzen erabilerari eusten hurrengo 30 urteetan, Udalak lagapena bertan behera utzi ahalko du, eta, ondorioz, dagozkion izapideak egin ondoren, lurzatia eta, hala badagokio, eraikuntza Udalari itzultzea erabakiko da.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.

Zarauzko Alkate-Udalburua,

XABIER TXURRUKA FERNANDEZ.


Azterketa dokumentala