Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2018ko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6176

AGINDUA, 2018ko azaroaren 30ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez baiesten baita Donostiako Summa Aldapeta ikastetxeko badminton-instalazioak kirol-teknifikaziorako zentro gisa sailkatzeko eskaera.

Goi-mailako kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 31. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita daude goi-mailako kirol zentroek bete beharreko baldintzak, haien ezaugarri teknikoak eta sailkatzeko prozedura.

Dekretu horren 33. artikuluak dio Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez egingo dela goi-mailako kirol-zentroen sailkapena, ondoko lerroaldeetan zehazten den sailkapen-prozedura izapidetu ondoren.

2018ko azaroaren 29an, Badminton Federazioko presidenteak eskaera bat aurkeztu zuen, beharrezko dokumentazioarekin batera, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzan, Donostiako Summa Aldapeta ikastetxeko badminton-instalazioak kirol-teknifikaziorako zentro gisa sailkatzeko.

Dekretuaren 31. artikuluan bi eratako goi-mailako zentroak bereizten dira: goi-mailako zentroak (GMZ) eta kirol-teknifikaziorako zentroak (KTZ). Artikulu berean kirol teknifikaziorako zentroen definizioa dator: titulartasun publikoko edo pribatuko kirol-instalazioak dira, eta kirol-modalitate jakin batzuetarako entrenamendu-zentro izatea dute helburu; bertan, adin-taldeak eratuko dira kirol-emaitzen arabera, kasuan kasuko kirol-modalitatean prestakuntza intentsiboa lantzeko; helburu nagusia da laguntza ematea kirolariak lehiaketa-maila gorenetara errazago ailega daitezen.

Dekretuaren 32.2 artikuluak adierazten du zer baldintza bete behar dituzten zentro horiek:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoarentzat interes orokorrekoak diren kirol-instalazioak izatea.

2.– Kirol-instalazio espezifiko eta egokiak izatea, kasuan kasuko kirola egiteko.

3.– Kirolarientzako egoitza izan dezakete. Halakorik izan ezean, egoitza bat bilatu beharko diete kirolariei hurbil dagoen zentro egoki batean.

4.– Kirol-talde tekniko kualifikatu bat izatea; taldeko burua Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako lizentziatura edo titulazio akademiko baliokidea duen pertsona bat izango da; zentroak lantzen duen kirol-modalitate nagusian aditua izan beharko du pertsona horrek.

5.– Kirol-zerbitzu mediko bat izatea; zerbitzu horren egitekoa lesio eta gaixotasunak prebenitu eta sendatzea izango da, bai eta ahaleginak egitera berregokitzen laguntzea ere.

6.– Zentroa behar bezala kudeatzeko beharrezko administrazio-zerbitzuak izatea.

Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta ikuskatze-bisita egin ondoren, ikusi da baldintza horiek bete egiten direla.

Zentroak sailkatzeko prozedura Goi-mailako kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 33. artikuluan xedatuta dago. Artikuluak dio Eusko Jaurlaritzan kirol-arloko eskumena duen sailburuaren agindu baten bidez egingo dela goi-mailako kirol-zentroen sailkapena, bertan zehazten den sailkapen-prozedura izapidetu ondoren. Alegia:

a) Eskabide bat, kirol-zentroaren entitate titularra zein den azaltzen duena eta entitate horrek sailkapen horretan sartzeko interesa duela adierazten duena.

b) Lur-sailen eta instalazioen kokalekuaren planoa, eta horien gaineko titulartasuna egiaztatzen duten agiriak.

c) Zentroaren antolamendu funtzionala eta helburuak jasotzen dituen azalpen-txostena.

d) Kirol-erabilerari buruzko plangintza. Aurreikuspenen arabera, zentroaren erabiltzaile diren edo izan daitezkeen goi-mailako kirolarien zerrenda.

e) Zentroak dituen kirol-instalazioen eta zerbitzuen inguruko xehetasunak.

f) Ustiapen-eta inbertsio-aurrekontua, uneko urteari dagokiona.

Izapidetzeari dagokionez, entitate eskatzaileak guztiz bete ditu erreferentziako dekretuak eskatzen dituen baldintzak.

Espedientea ikusi ondoren, eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren Administrazio Zerbitzuko Fadurako (Getxo) Teknika Hobekuntzarako Zentroko zerbitzu teknikoek ikuskatze-bisita egin eta gero, ondorioztatu da aurkeztutako eskabideak baldintza guztiak betetzen dituela eta izapidetzeko jarraitu beharreko prozedurari jarraitu zaiola.

Ondorioz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Baiestea Badminton Federazioko presidenteak egindako eskaria, Donostiako Summa Aldapeta ikastetxeko badminton-instalazioak kirol-teknifikaziorako zentro gisa sailkatzeko dena, Goi-mailako kirolari buruzko uztailaren 20ko 2013/2010 Dekretuaren 32.2 artikuluaren baldintzak betetzen dituelako eta dekretu horren beraren 33. artikuluan ezarritako prozedurari jarraitu diolako.

Bigarrena.– Deklarazioaren indarraldia urtebetekoa izango da. Urtero beste urtebeterako luza ahal izango da, pertsona edo entitate interesdunak hala eskatuta, eta epemugarik gabe, dagokion kirol-auditoria egin ondoren, Goi-mailako kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 34.2 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

Hirugarrena.– Interesdunari jakinaraztea, dagozkion ondorioak izan ditzan.

Laugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazten denetik aurrera, horrela dago-eta xedatuta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazten denetik aurrera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legean ezarritakoarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 30a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala