Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

242. zk., 2018ko abenduaren 18a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
6170

182/2018 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona, eta, ondorioz, sozietatearen estatutuak aldatzen dituena.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.

Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.

Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoak, 2018ko azaroaren 12ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala ehun eta hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta hirurogeita hamaika euro eta hirurogeita hamabost zentimo (169.971,75) gehitzea; eta, horretarako, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten mila bederatziehun eta hogeita hamazazpi (1.937) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 12.069tik 14.005ra zenbakituak, biak barne.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.

Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.

Horren ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, ehun eta hirurogeita bederatzi mila bederatziehun eta hirurogeita hamaika euro eta hirurogeita hamabost zentimotan (169.971,75); eta, horretarako, laurogeita zazpi koma hirurogeita hamabost (87,75) euroko balio nominala duten mila bederatziehun eta hogeita hamazazpi (1.937) akzio berri jaulkitzeko.

Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 1.228.938,75 eurokoa, 14.005 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 87,75 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.

2. artikulua.– Gasteiz Irratia-Radio Vitoria S.A. sozietatearen estatutuen 3. artikuluaren lehenengo apartatua aldatzea, honela idatzita geratzeko: «Sozietatearen kapital soziala milioi bat berrehun eta hogeita zortzi mila bederatziehun eta hogeita hemezortzi euro eta hirurogeita hamabost zentimo izango da (1.228.938,75), 14.005 akzio izendunetan banatuta. Akzio bakoitzak 87,75 euroko balio nominala du, 1etik 14.005era arteko zenbakiak (biak barne) dituzte hurrenez hurren eta Euskal Irrati Telebista erakundeak guztiz harpidetu eta ordainduko du.»

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 11n.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ogasun eta Ekonomiako sailburua,

PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.


Azterketa dokumentala