Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

241. zk., 2018ko abenduaren 17a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
6135

6/2018 FORU ARAUA, azaroaren 12koa, Gipuzkoako A-15 eta N-1 gaitasun handiko errepideetan merkantzia garraioan arituko diren ibilgailu astunek zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko duten kanona arautzen duena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «6/2018 Foru Araua, azaroaren 12koa, Gipuzkoako A-15 eta N-1 gaitasun handiko errepideetan merkantzia garraioan arituko diren ibilgailu astunek zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko duten kanona arautzen duena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2018ko azaroaren 12a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Urriaren 3ko 7/2002 Foru Arauaren bidez onartu zen bide azpiegituren erabilera kanona, Gipuzkoako lurralde osoan exijitu daitekeena, Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA foru sozietate publikoak (aurrerantzean Bidegi SA) kudeatu eta administratu beharreko errepideen eraikuntza, ustiapen, mantentze eta artapen gastuak ordaintzeko. Gaur egun, hauek dira bide azpiegitura horiek: AP-8 Bizkaiko Golkoko autobidea eta AP-1 Gasteiz-Irun autobidea Eibartik, Gipuzkoako zatian.

Halaber, martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren bidez, Gipuzkoako Lurralde Historikoko araubideari gehitu zitzaion 2006ko maiatzaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 2006/38/EE Direktiba, zeinaren bidez aldatzen baita 1999ko ekainaren 17ko Europako Parlamentuaren eta Kontseilu Europarraren 1999/62/EE Direktiba, salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunei zenbait azpiegitura erabiltzeagatik kargak aplikatzeari buruzkoa.

Aipatutako direktibak foru araudian sartuz, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bide azpiegiturak erabiltzeagatik aplikatu beharreko kargak zehazteko irizpideak ezarri ziren: indarrean dagoen Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuaren (ekainaren 6ko 1/2006 Foru Dekretu Arau-emaileak onartutakoaren) VII. tituluan jasota gelditu zirenak. Gerora, gai horren inguruko araudia osatzea helburu izanik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2011ko irailaren 27ko 2011/76/EB Direktiba onartu zen.

Gero, abenduaren 15eko 7/2016 Foru Arauaren bidez arautu zen Gipuzkoako Lurralde Historikoko A-15 eta N-I gaitasun handiko errepideetan, zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanona.

Europako Batzordeak 7/2016 Foru Araua onartzeko printzipioak, irizpideak eta helburuak aztertu zituen; eta bere irizpena eman zuen 1999/62/EB Direktibaren 7(h)2 artikuluaren arabera.

7/2016 Foru Arauaren kontra errekurtsoa aurkeztu zen; eta 2018ko apirilaren 9an, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak 119/2018 epaia eman zuen: foru araua zuzenbidearekin bat ez zetorrela deklaratu eta deusezkotzat jo zuen, interpretatu baitzen ezarritako bidesari erregimenak, aukeratutako bide-zatien eta ibilbide-luzeraren arabera, zeharkako diskriminazioa dakarrela abiapuntua edo helmuga Gipuzkoatik kanpo duen garraioarentzat, Gipuzkoa barruko garraioarekin alderatuta; eta, ondorioz, urratu egiten dela 2011/76/EB Direktibak 7.3 artikuluan aurreikusten duen inor ez diskriminatzeko printzipioa.

Foru arau honen xedea da Gipuzkoako bide azpiegiturak behar bezala kudeatzen laguntzea, kudeaketa horrek berekin dakarren interes publikoa kudeatzeko baliabide gisa; aldi berean, aurreko paragrafoan aipatu den epaiak ezarritako irizpideak aplikatuz.

7/2016 Foru Arauaren onespena ekarri zuten printzipio, irizpide eta helburuei eutsiz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 119/2018 epaia kontuan hartuta, foru arau honek aldatu egiten ditu kanonaren ordainpeko bide-zatiak, diskriminazioa egon daitekeen interpretazio aukerak ekidin nahian, horrela, are gehiago bermatuz betetzen direla Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 1999/62/EE Direktibak, salgaiak garraiatzen dituzten ibilgailu astunei kargak aplikatzeari buruzkoak, ezarritako xedapenak.

Horretarako, azterketa tekniko batzuk egin dira, gaur egun eskuartean ditugun zirkulazioko datu errealak erabiliz, eta gaian adituak direnen laguntzarekin; hartara bermatu ahal izateko, ezartzen den kobrantza sistemak errespetatzen duela kanona aplikatzen den bideen erabiltzaileen diskriminazio-eza, jatorria eta helmuga edozein dela ere.

Kanona aplikatzeko, orain arte bezala, sistema ireki bat erabiliko da, Free Flow teknologiarekin; eta salgaien garraioan aritzen diren 3,5 tona baino gehiagoko ibilgailu astunei bakarrik eragingo die.

Ordainpeko zatietatik zirkulatzen duten ibilgailuak, errepidean dauden arkupeek identifikatuko dituzte, eta egindako ibilbideei dagokien zenbatekoa egotziko zaie.

Diseinatzeko garaian, kontuan izan dira 7/2016 Foru Arauak ezarritako kobrantza sistemak martxan daraman denboran lortu diren trafikoko datu errealak.

Artikulu bat gehitu da, biltzen den dirua zertarako erabiliko den argitzeko.

Kanonaren zenbatekoak azpiegitura kostuak berreskuratzeko printzipioa oinarri hartuta ezartzen dira. Zehazki, zenbateko hori zuzenean lotuta egongo da azpiegitura egiteko kostuekin eta ustiaketa kostuekin, kanona kudeatzeko kostuekin eta sarea garatu, hobetu eta mantentzeko kostuekin, egitura konpontzekoak barne direlarik. Horrela lortu nahi da erabilerak eragindako narriadura arintzea eta zerbitzu maila ezin hobeari eustea.

Ezarritako tarifak ez dira aldatzen ibilgailuaren emisioei buruzko EURO kategoriaren arabera; izan ere, erabiltzen den detekzio sistemarekin, praktikan ezin da bereizketa hori sartu, baina salbuespen hori aitortuta eta araututa dago aplikatzekoak diren direktibetan ere.

Azpimarratu behar da ezen 1999/62/EE Direktibaren 7 nonies artikuluaren arabera, azpiegiturengatik tasa erregimen berri bat aplikatu baino gutxienez sei hilabete lehenago, Batzordeari bidali behar zaiola behar den informazioa, hark bere irizpena eman dezan, informazioa jaso eta sei hilabeteko epean; beraz, foru arauaren aplikazioa irizpen horrek baldintzatzen du.

Ordaintzera behartuta dauden ibilgailuak behar bezala identifikatzeko, Free Flow sistemak laser detektagailuak ditu ibilgailuak sailkatzeko eta, ondorioz, ordaintzera behartuta dagoena identifikatzeko; matrikulak irakurtzeko kamerak; eta TAG gailuak irakurtzeko eta ibilgailuak kokatzeko antenak.

Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak -Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamendua (EB)- ezarritakoaren arabera, foru arau honek hainbat xedapen espezifiko jasotzen ditu, besteak beste: tratamenduaren xede diren datu motak; eragindako pertsonak; datuei buruzko komunikazioen entitate hartzaileak eta komunikazio horien helburuak; datuak gordetzeko epeak; eta tratamenduaren operazio eta prozedurak, tratamendu zilegi eta zuzen bat bermatzeko neurriak barne, betiere interes publikoaren helburua lortu nahi den xede legitimoaren araberakoa, betetze aldera.

Foru arauak errespetatu egiten ditu Free Flow sistemak eskuratu eta sortutako informazio pertsonalaren kudeaketari buruzko xedapenak, datu pertsonalen tratamenduaren eraginpean dauden eszenatokiak identifikatuta, eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak ezarritako edukiak eszenatoki bakoitzari dagozkion artikuluetan zehaztuta: 1) kanona ordaintzea TAG gailuaren irakurketa bidez; 2) kanona ordaintzea matrikula irakurtzeko sistema bidez, Irungo bideratutako bidesarian txartela hartuta; 3) kanona ordaintzea Bidegi SAren on line sisteman erregistratutako edo alta emandako ibilgailuen matrikula irakurtzeko sistema bidez; 4) ordaintzeko beharrik ez duten ibilgailuak borondatez erregistratzea edo alta on line ematea (ibilgailu arinak eta pertsonak garraiatzeko ibilgailuak, kanona ordaindu beharrik ez dutenak), kanona ordaintzera behartutako ibilgailuak ez direla identifikatzeko, batez ere ibilgailu horien ezaugarri, pisu eta neurriak eta ordaintzera behartuta daudenenak antzekoak direnean; eta 5) ez-ordaintzeak antzeman eta kudeatzea.

Foru araua honela egituratu da: 16 artikulu, bi titulutan banatuta; xedapen gehigarri bat; xedapen iragankor bat; bi xedapen indargabetzaile; eta amaierako bi xedapen.

Lehen tituluan, kanonaren kobrantza arautzen da; eta bigarren tituluan, berriz, sistemaren bidez lortutako datuen tratamendua aurreikusten da.

Xedapen gehigarriak Diputatuen Kontseiluari baimena ematen dio kobratzen noiz hasi behar den erabakitzeko; eta hori ez da izango 2019ko maiatzaren 15a baino beranduago. Izan ere, kontuan hartu behar da denbora beharko dela, alde batetik, Batzordeak eman beharreko nahitaezko irizpena eskuratzeko (horretarako sei hilabete izango ditu azpiegitura tasen bidesari erregimen berria aplikatzeko behar duen informazio osoa jasotzen duenetik hasita); eta, bestetik, erregulazio berriaren arabera, kobrantza sistemarako egin beharko diren egokitze teknologikoak burutzeko.

Foru arau honek arautzen duen kanona noiz hasiko den kobratzen erabaki arte, bere xedapen iragankorrak ezartzen du aplikagarriak izango direla honako hauek: abenduaren 15eko 7/2016 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko A-15 eta N-I gaitasun handiko errepideetan, zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko den kanona arautzen duena; eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 26ko 3/2017 Foru Arauaren laugarren xedapen gehigarria (ordaindu beharreko zenbateko zehatzak finkatzen dituena).

Azkenik, xedapen indargabetzaileak eraginik gabe uzten ditu aurreko paragrafoan aipatu 7/2016 Foru Araua eta 3/2017 Foru Arauaren laugarren xedapen gehigarria; eta amaierako xedapenei dagokienez, lehenengoak Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen dio foru arau hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan; eta bigarrenak foru araua indarrean noiz jarriko den xedatzen du.

I. TITULUA
KANONAREN KOBRANTZA ARAUTZEA

1. artikulua.– Xedea.

Foru arau honen xedea honakoa da: gaitasun handiko N-I eta A-15 errepideetan Gipuzkoako Foru Aldundiaren titulartasuneko errepide-zati batzuk erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanona arautzea.

2. artikulua.– Bide-zatiak identifikatzea.

Arau honen xede dira errepide-zati hauek:

a) «A-15 Nafarroa-Gipuzkoa autobidea», hasi Andoaingo Bazkardoko lotunean (158,930 KP), eta Urnietako lotuneraino (162,100 KP).

b) «A-15 Nafarroa-Gipuzkoa autobidea», hasi Hernaniko Zikuñagako lotunean (166,130 KP), eta, Astigarragan, AP-8ko eta GI-41eko lotunean dagoen amaieraraino (169,320 KP).

c) «N-I Madril-Irun errepidea», hasi Andoaingo hegoaldeko lotunean (445,500 KP), eta Lasarte-Oriako hegoaldeko lotuneraino (450,870 KP).

d) «N-I Madril-Irun errepidea», hasi Etzegaraten (405,450 KP), eta Idiazabalgo hegoaldeko lotuneraino (412,900 KP).

3. artikulua.– Ordainpeko ibilgailuak.

Kanona aplikatuko zaie Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuan ibilgailu astun gisa definitutakoei, hau da: ibilgailu motordunei edo ibilgailu talde artikulatuei, salgaiak errepidez garraiatzeko soilik erabiltzen badira eta 3,5 tona baino gehiagoko gehieneko pisu baimendua badute.

4. artikulua.– Sistemaren definizioa.

Ibilgailuak detektatzeko, identifikatzeko eta haiei kanona egozteko, Free Flow motako sistema ireki bat ezarriko da, ibilgailuak gelditu gabe.

5. artikulua.– Erabiltzaileen betebeharrak.

1.– Aurreko 3. artikuluan aipatutako ibilgailuekin ordainpeko zatietatik zirkulatzen duten erabiltzaileek dagokien tarifa ordaintzeko betebeharra dute.

2.– Gainera, Free Flow motako nahitaezko bidesari sistema bat denez, erabiltzaileek hura baldintza operatiboetan erabiltzea ahalbidetzen duten baliabide teknikoak eduki behar dituzte; edo, bestela, matrikula ordainbide batekin lotzea ahalbidetzen duen informazioa eman beharko dute.

6. artikulua.– Kanonaren ordainpeko ibilbideak arkupeei esleitzea.

1.– Aurreko 2. artikuluan deskribatutako bide-zatiekiko koherentzian, zati horietan dauden arkupeei honako ibilbide luzerak esleitzen zaizkie:

a) Etzegarateko arkupea: 7,45 kilometro.

b) Astigarragako arkupea: 3,19 kilometro.

c) Andoaingo arkupea: 5,37 kilometro. Sarrera/irteera Andoaingo iparraldeko lotunean (Bazkardo) duena (N-I-447-B / A-15-159): 2,20 kilometro.

2.– «Andoaingo arkupea, sarrera/irteera Andoaingo iparraldeko lotunean duena (N-I-447-B / A-15-159)» ibilbidea aplikatu ahal izateko, nahitaezko baldintza izango da ibilgailuak TAG gailua erabiltzea bidaia ordaintzeko.

7. artikulua.– Kanonaren zenbatekoak.

Aplikatuko den kanonaren zenbatekoak hauek dira, BEZa barne:

(Ikus .PDF)

8. artikulua.– Ibilgailuen sailkapena.

1.– Foru arau honen bidez ezarritako kanonaren ondorioetarako, honela sailkatuko dira ibilgailuak:

a) Astunak 1: gehieneko pisu baimendua 3,5 tona baino gehiagokoa, baina 12 tona baino gutxiagokoa dutenak.

a) Astunak 2: gehieneko pisu baimendua 12 tonakoa edo gehiagokoa dutenak.

2.– Sailkapen efektiborako, hau da, ibilgailu mota bakoitza bi kategoria horietako batean sailkatzeko, ibilgailuaren bolumenaren eta pisuaren arteko korrelazio bat ezarriko du sistemak, irizpide bolumetrikoen bidez (luzera, zabalera eta altuera).

Antzeko bolumena baina gehieneko pisu baimendu desberdina duten ibilgailuen korrelaziorako, matrikula eta kategoriaren erregistro bat ahalbidetuko da, erabiltzaileentzat borondatezkoa izango dena.

Korrelazio egokirik ez badago gehieneko pisu baimenduaren eta bolumenaren artean, gehieneko pisu baimenduak izango du lehentasuna; eta, behar izanez gero, berriro kalkulatuko da tarifa, kanona kudeatzen duen enpresak edo Bidegi SAk gehieneko pisu baimenduaren korrelazio okerra detektatzen duenetik hasi eta 10 egun balioduneko epean, gehienez.

9. artikulua.– Ordainbideak.

1.– Ordainbide hauek ezartzen dira behartuta dauden ibilgailuek kanona ordain dezaten:

a) TAG gailua.

b) Bidegi SAren webgunearen bidezko erregistro telematikoa, edo gara daitezkeen beste sistema telematikoen bidezkoa, banku txartela adieraziz; edo etorkizunean erregistro telematikoak ordaintzeko onartuko duen beste edozein ordainbide.

c) Irungo bidesari bideraturako erabili den banku txartela.

2.– Inoiz ez da onartuko eskudirutan ordaintzea.

10. artikulua.– Kanona ordainaraztea, kudeatzea eta biltzea.

Bidegi SA foru sozietate publikoari dagokio kanona ordainaraztea, kudeatzea eta biltzea.

Dena den, Bidegi SAk hirugarren baten esku utzi ahal izango du kanonaren kobrantza kudeatzea.

11. artikulua.– Kanona ez ordaintzea.

1.– Arau-hauste arina izango da, Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuak 96.3 d) artikuluan xedatutakoaren arabera, kanona ez ordaintzea bide azpiegitura erabiltzerakoan, kanona ordaindu beharra dagoen kasuetan.

Arau-hauste hori aipatu testu bateratuan xedatutakoaren arabera zehatuko da.

2.– Kanona ez ordaintzearen erantzulea izango da ibilgailuaren titularra, edo ohiko gidaria, baldin eta epe luzeko errentamendua Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren Ibilgailu Erregistroan jasota badago.

3.– Bide azpiegitura erabiltzerakoan kanona ordaintzen ez bada, kanona kudeatzeko erakundeak egin beharreko izapideak egingo ditu kanona kobra dadin, dagokion kudeaketa errekarguarekin. Errekargu hori zor den kanonaren % 20 izango da.

Zirkulazio datatik bi hilabete igaro badira zorra ordaindu gabe, kanona ordainarazteko ardura duen erakunde kudeatzaileak salaketa bidaliko du Gipuzkoako Foru Aldundira, horrek zigor espedientea ireki dezan, eta, premiamenduko prozeduraz, ordaintzeke dagoen zorra eska dezan; zenbateko horretan sartuta egongo da kudeaketa errekargua.

4.– Gertaera horiek egiaztatzeko, azpiegituran instalatutako edozein sistema edo bitarteko tekniko, mekaniko edo irudi-erreproduzitzaile erabili ahal izango da, ibilgailuak garbi identifikatzen dituena. Irudi hori frogabidea izango da salaketan.

12. artikulua.– Bildutako fondoen erabilera.

Bildutako fondoak ordainpeko bide-zatietara soilik xedatuko dira, horien bidez kostu hauek ordaintzeko: azpiegituren ohiko eta aparteko kontserbazioarena; kanona kobratzeko sistema erabiltzearen eta mantentzearena; arau edo teknologia berrietara egokitzearena; eta bidea hobetzeko proiektuena.

II. TITULUA
SISTEMAK JASOTAKO DATUEN TRATAMENDUA

13. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

1.– Free Flow sistema kudeatzeko, foru arau honen arabera kanona ordaintzera behartuta dagoen ibilgailuaren titulartasunari lotutako datu pertsonalak tratatu behar dira, kanon hori kobratzeko xedearekin.

2.– Datu tratamenduaren helburua izango da hautatzea zein ibilgailu dauden behartuta ordainpeko sistemako azpiegiturak erabiltzeagatik dagokion kanona ordaintzera; eta, zehazki: kanona kobratzeko prozesua gauzatzea, fakturak egitea, ez ordaintzeak eta arau-hausteen ondorioak kudeatzea; egiaztatze lanak egitea kudeaketa bat ez etortzeagatik, ados ez egoteagatik edo akatsak egiteagatik jarritako erreklamazioetan; eta bide-zati horiek erabiltzen dituztenetatik kanona ordaindu behar ez dutenak detektatzea.

3.– Jasotako datu pertsonalak ez dira erabiliko foru arau honetan aurreikusi ez den beste inolako helburuetarako.

Azpiegituraren erabilerari edo zerbitzu kalitateari buruzko estatistikak egiteko, ezabatu egingo da artikulu honen aurreko bi zenbakietan identifikatutako xedeak betetze aldera jasotako informazio pertsonal guztia.

4.– Artikulu honetan deskribatutako datu tratamenduen arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundian bide azpiegitura gaian eskumena duen departamentua izango da.

14. artikulua.– Jasotako datu pertsonalak.

1.– Aurreko artikuluan adierazi diren xedeak betetzeko, datu pertsonal hauek behar dira: Free Flow sistemaren arkupeak zeharkatzen dituen ibilgailuaren matrikularen irudia; lotutako ordainbidea; iragateari lotutako data eta ordua, eta ibilgailuaren titularraren identifikazioa; Free Flow sistemako alta edo erregistroa; eta informazioaren titularrek eskatu ahal dituzten fakturak egiteko behar diren datuak.

2.– Horrez gain, datu pertsonalak ez diren informazio gehigarria ere jaso ahal izango da, hala nola: matrikulatze herrialdea, ibilgailuaren marka eta modeloa, kategoria eta fitxa teknikoa.

3.– Datu pertsonalak ez dira jakinaraziko, edo ezingo dituzte eskuratu hirugarren batzuek, non eta ez den legezko arau bat betetzeko edo zerbitzua sostengatzeko.

15. artikulua.– Datu pertsonalak gordetzeko epeak.

1.– Ordaintzera behartuta ez dauden ibilgailuen datuek aldi baterako tratamendua izango dute: bide-ardatza erabiltzeagatik dagokion kanona ordaindu beharrik ez dutela egiaztatu artekoa soilik.

2.– Irungo bidesari bideraturako erabiltzen den txartela Free Flow sisteman kobratzeko erabili ahal izango da, betiere ordainketa egiteko unean ibilgailuak beste ordainbiderik ez badu. Txartel hori erabili ahal izango da, zirkulazioaren noranzkoaren arabera, ibilbidea egin den unea baino 4 ordu lehenago edo lau ordu geroago arte.

3.– Jasotako datuak gordeko dira kanona kobratzeko behar den aldirako soilik; eta, prebentzioz, ordaintzeko obligazioa sortzen den egunetik hasi eta urtebetez, jar daitekeen erreklamazioari erantzuteko. Urte bateko epe hori igarota, datuak blokeatuta geldituko dira, legez dagozkion akzio administratibo edo judizialen preskripzio epea bete arte.

16. artikulua.– Zilegitasun titulua.

Garatutako jardueran bildutako eta sortutako datu pertsonalen tratamendua gaitzen duen oinarri juridiko edo zilegitasun titulua da datuak tratatzen direla Gipuzkoako Foru Aldundiari eman zaizkion botere publikoen erabilpenean eta interes publikoa betetzeko, Foru Aldundia baita datu pertsonal horien tratamenduaren arduradun. Hori guztia Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak 6.1.e) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Diputatuen Kontseiluari baimena ematea.

Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio erabaki dezan noiz hasi behar den foru arau honen arabera kobratzen. Data hori ez da izango 2019ko maiatzaren 15a baino beranduago.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Diputatuen Kontseiluak erabakitzen duen arte kanona noiz hasiko den kobratzen, aplikagarriak izango dira, batetik, abenduaren 15eko 7/2016 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko A-15 eta N-I gaitasun handiko errepideetan, zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko den kanona arautzen duena; eta, bestetik, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 26ko 3/2017 Foru Arauaren laugarren xedapen gehigarria, ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa finkatzen duena.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira abenduaren 15eko 7/2016 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko A-15 eta N-I gaitasun handiko errepideetan, zati jakin batzuk erabiltzeagatik ordainduko den kanona arautzekoa; eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2018. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 26ko 3/2017 Foru Arauaren laugarren xedapen gehigarria.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamenduz garatzea.

Diputatuen Kontseiluari ahalmena ematen zaio foru arau hau garatzeko eta aplikatzeko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala