Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

240. zk., 2018ko abenduaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
6114

5/2018 FORU ARAUA, azaroaren 12koa, Herritarren Partaidetzari buruzkoa.

Gipuzkoako diputatu nagusia naizen honek,

Jakinarazten dut: Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «5/2018 Foru Araua, azaroaren 12koa, Herritarren Partaidetzari buruzkoa»; eta nik aldarrikatzen dut eta argitara dadin agintzen, aplikagarria zaien herritarrek, partikularrek eta agintariek bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2018ko azaroaren 12a.

Diputatu nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

HITZAURREA

Gure inguruko ordezkaritza bidezko sistemak sendo finkatuta badaude ere, eta horietako instituzioen garapena erabateko normaltasunez gauzatu arren, ezinbestekoa da dituzten mugei aurre egitea, eta demokraziaren esperientzia partaidetzarako beste modu batzuetara zabaltzea, sistema demokratikoa aberasteko, are dituen oinarriak tinkoago egiteko ere.

Gizarte gero eta konplexuagoak sortzen ari dira, eta horietan gizarte behar berriak agertzen. Eta horrek guztiak areagotu egiten du gizartearen eta instituzioen arteko tartea handiagotzeko arriskua, aldi berean ageriko egitearekin batera herritarrek parte hartzeko egiten dituzten eskari berriak.

Gure gizarteen izaera demokratikoa sakonagotzearren herritarren partaidetza zuzenerako formak bultzatzeko beharra begi-bistan ari da geratzen, azken aldi honetan, nazio zein nazioarte mailako instituzio eta foro garrantzitsuenetan; eta gure testu juridiko oinarrizkoetan ere tokia aurkitzen ari da. Ildo horretatik, gogora ekarri behar ditugu Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Kartan jasotako printzipioak, Europar Batzordearen «Europar Gobernantza» liburu zurian, 2001eko uztailaren 25ekoan, jasoak, eta horri jarraipena eman dioten lanak, bazterrean uzteke, inolaz ere, Europar Ministro Kontseiluaren Batzordeak 2001eko abenduaren 6an egin Gomendioa, herritarrek bizitza publiko lokalean izan beharreko partaidetzari buruzkoa.

Herritarren partaidetzak, politika publikoak zehazteko eta politika horiek gauzatu edo kudeatzeko unean herritarrek ekarpen erabakigarria egin ahal izateko gaitutako modu eta prozeduren garapenaren bitartez, leku nagusia bete behar du botere publikoen jardueran, zehazki Foru Aldundiaren jardueran, foru arau honen aplikazio esparruari dagokionez. Herritarren partaidetzak ezinbesteko tresna izan behar du, botere publikoek gizartean gobernu onaren bidetik jo dezaten. Ildo horretatik, herritarren partaidetzak harreman zuzena du botere publikoen jardueraren gardentasunarekin; izan ere, aurretiazko ezinbesteko baldintza du botere publikoen jardute aurreikuspen eta asmoen gardentasuna, hori gabe oso zaila izango bailitzateke herritarren partaidetza hori modu eraginkorrean praktikara eramatea; bestetik, emaitza du botere publikoen jardueraren eta jarduera hori finkatzen den oinarrien gardentasuna. Horregatik botere publikoek eta Foru Aldundiak, foru arau honen aplikazio esparruan, beren gain hartu behar dute, erantzukizunez betiere, herritarren partaidetza ahalbidetzeko lana horretarako ekimena gizartetik bertatik sortzen denean, baina, horretaz gain, baita ekimen hori aktibatzeko eta bultzatzeko eginkizuna ere, herritarren erantzukizuntzat eta erantzukizun propiotzat gainera, hain zuzen partaidetza prozesuek zentraltasun egiazko eta eraginkorra izan dezaten gobernantzan eta dagozkien politika publikoen definizio eta kudeaketan, politika horien diseinuaren eta zehaztapenaren hasieratik beretik.

Gipuzkoako Lurralde Historikoak elkarte mugimenduaren tradizio luze eta sendoa du. Hori tresna izan da, gizarteak interes publikoko zenbait arlotan parte hartu ahal izatera begira. Elkarte jardueraren bitartez, Gipuzkoako herritarrek interes publiko handi-handiko proiektuak bultzatu dituzte. Denbora askoan zehar egoera zailetan egin behar izan zuten, beste testuinguru batean, zailtasun itzelak topatu zituzten proiektuak bultzatuta. Hala eta guztiz, ekimen horietako askok atarramentu ona izan zuten, eta ekarpen erabakigarria egin zioten Euskal Herri desberdin baten eraikuntzari. Ikastolen adibidea dugu esanguratsuena, inolako zalantzarik gabe. Elkarte mugimenduaren indarra eta Gipuzkoan beste gizarte baten eraikuntzari egin ekarpenen garrantzia ez da, baina, esperientzia horretara mugatzen. Ezta, izugarri garrantzitsua den arren, Gipuzkoako gizarte ekimenen kemenarekin gehien identifikatzen den ekimenetako beste bat den kooperatibismora ere. Esperientzia bi horiek, gizartearen moldaketan izan dituzten izaera orokorreko ondorioengatik, Gipuzkoan gizarte bizitzaren esparru askotara, esaterako kultura, kirol edo aisiara, zabaldu den praktika sozial baten adierazpenik garrantzitsuen eta deigarriena dira, ez besterik. Herritarren partaidetzarako foru arau honen bitartez tresna eta bide egokiak ezarri nahi dira, gizartetik beretik sortzen diren elkarte ekimenak ordezkatzeko asmorik gabe ordea, Gipuzkoako gizartearen partaidetzarako indarrak ekarpen erabakigarria egin ahal izan diezaion zera publikoaren gobernuari.

Gogoeta hauen esparruan, foru arau honek tresna izan nahi du, politika publikoak zehazteko eta horiek gauzatu edo kudeatzeko unean herritarren partaidetza egiaz erdigunean egon dadin, berezkoa zaion aplikazio esparruan betiere, hots, Foru Aldundiak, Lurralde Historikoko gobernuaren organo exekutiboa izaki, dituen eskumenen esparruan.

Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu egin zuten 1/2010 Foru Araua, uztailaren 8koa, herritarren partaidetzari buruzkoa. Foru arau horrek zeharo berritzailea izan nahi zuen. Eta berritzailea izan zen, bai, zeren eta, lehenik, exekuzioko prozedura administratiboen esparruan jaso egin baitzituen partaidetza zuzenerako prozedurak eta tresnak. Ezarri ziren partaidetza zuzenerako formak -foru arau honetan mantentzen dira- gobernu erakunde baten esparruan, hau da, Foru Aldundiaren esparruan zabaltzen dira. Horrek oso esangura handia du, zeren eta, tradizionalki, partaidetza zuzenerako formak gobernu erakunde exekutiboen esparrutik kanpo geratu ohi baitira. Bigarrenik, berritzailea izan zen ezarri ziren partaidetzarako tresna espezifikoen ezaugarriengatik; oraingo foru arauan, berriz, ahalegina egin da tresna horiek modu malguago eta garatuago batez zehazteko. Eta hirugarrenik, oinarrian konbentzimendu bat zuelako izan zen berritzailea, horren arabera herritarren partaidetza eraginkorra sustatzeko funtsezkoa baita emakumeen eta gizonen partaidetza baldintza berdinetan sustatzen eta bermatzen duten neurriak ezartzea.

Foru arau horretako 46. artikuluak ezartzen du ezen, indarrean jartzen denetik bost urte igarota, Foru Aldundiak, Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordearen bidez, eta Herritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritzaren laguntzaz betiere, foru arauan ezarritako herritarren partaidetzarako sistemaren ebaluazio orokorreko txosten bat egingo duela eta Batzar Nagusietara bidaliko duela. Artikulu bereko 2. apartatuak, segidan, ezartzen du ezen Batzar Nagusiek, Foru Aldundiak bidalitako txostenean oinarriturik, foru arauan «ezartzen diren partaidetzarako tresna eta prozeduren aplikazioaren ebaluazio orokor bat egingo» dutela. «Ebaluazio orokorrerako» prozesu horretan, eta beste baldintza batzuekin batera, entzun egin behar zaie herritarren erakundeei, ezarri eta araututako partaidetza prozesuetan parte hartu duten pertsonei eta toki erakundeei. Azkenean, eta orain azpimarratzea komeni denera joz, «ebaluazio orokor» hori egin ondoren Batzar Nagusiek egokien irizten zieten akordioak hartu behar zituzten 1/2010 Foru Arauan jasotako partaidetzarako tresna eta prozedurak mantentze, deuseztatze edo erreformatzera begira.

Aipatu 46. artikulu horretan ezarria betez Batzar Nagusiek, 2015eko azaroaren 25eko Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Batzordearen erabakiaren bitartez, ponentzia espezifiko bat eratu zuten, zenbait adituren eta partaidetza prozesuak egin eta garatzearekin harreman zuzena zuten talde eta erakundeen ordezkarien partaidetzarekin «ebaluazio orokor» bat egitearren. Ponentziak, egoki iritzi zien lanak egin ondoren, 2017ko urtarrilaren 13ko akordioaren bitartez onartu egin zuen herritarren partaidetzari buruzko Konklusio Txostena, eta Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Batzordeari aurkeztu zion. Batzorde horrek, 2017ko urtarrilaren 25eko saioan, behin betiko onartu zuen Ponentziaren txostena.

Txosten hori oinarri harturik Foru Aldundiak, Herritarren Partaidetzarako Foru Zuzendaritzaren bitartez, partaidetza prozesu bat diseinatu eta gauzatu zuen, herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Araua berrikusteko eta gaurkotzeko proposamenak jasotzearren, hain zuzen herritarren partaidetzari buruzko foru araua gaurkotzera begira txosten exekutibo bat egin ahal izateko eta, horren bitartez, hobeto egikaritu ahal izateko Batzar Nagusiek onartutako proposamenak. Horretarako, adituen partaidetza izan zen, eta, zehazki, 4 panel bereizi eratu ziren, jatorriaren eta espezializazioaren arabera sailkatuta.

Horrela, 1. panelean Gipuzkoako kontseilu eta foroetako kideak zeuden, 2. panelean udalak zeuden, 3. panelean gizarte ordezkariak, kasu honetan erakunde sektorialak, eta, 4.ean pertsona adituak.

Prozesuan zehar landu egin ziren Batzar Nagusien Txostenean aurreikusitako gomendio guztiak, aipatutako bederatzi gaien ingurukoak, honakoak baitziren: a) hizkuntza; b) pertsona fisiko eta juridikoen egoera; c) elkarte eta erakundeen erregistroa; d) partaidetzarako metodologia; e) tresnen malgutasuna, foru arauaren 23. artikuluak jasoaren arabera; f) foru arauaren 32. artikuluan aipatutako Partaidetza Programa; g) gardentasuna, informazioa eta partaidetza; h) herritarren epaitegiak; eta i) Gizarte Kontseilua.

Foru Aldundiak prestatutako txosten exekutiboak aldaketa ugari egiten dizkio herritarren partaidetzari buruzko uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauaren testuari. Alabaina, foru arauaren arkitektura eta herritarren partaidetzarako tresnak eta prozedurak beren horretan mantentzen dira, nahiz egin zaizkien aldaketek hobetu egiten dituzten batzuk zein besteak. Izan ere aldaketa horiek, sarritan puntualak edo xehetasun mailakoak badira ere, oso garrantzi praktiko handia dute zeren eta, onartu zirenetik igarotako urteen ondoren eta epe horretan zehar egin den aplikazioa dela eta, aukera ematen baitute herritarren partaidetzaren sistema oro har hobetzeko, hobekuntza espezifiko batez, gainera, partaidetzarako dauden tresna eta prozedurei dagokienez. Partaidetza sistemak uztailaren 8ko 1/2010 Foru Arauak ezarriarekiko halako jarraitutasun bat bazuela-eta haren aldaketa bat egiteko ideiak indarra hartu bazuen ere, segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzearren eta ulertzea erraztera begira foru arau berri bat prestatzera jo da, oraingoa ordezkatzearren. Dena den, berri horretan txertatu egingo da lehengo hartan jasotako erregulazioaren parte handi bat.

Foru arau hau prestatzeko unean emakumeen partaidetzara begira dauden muga eta oztopoen zeharo kontziente izan gara. Emakumeek diskriminazio mota asko jasaten dute; emakumeen kasuan bat egiten dute desberdintasun mota ezberdinek (adina, jatorria, etab...), eta horiek generoarekin bat egiten dutenean, diskriminazio modu kualitatiboki desberdin bat dute emaitza. Zailagoa da diskriminazio horri ekiten eta, horrenbestez, jarduera espezifikoa eskatzen du, zuzenean emakumeen partaidetza soziala bultzatzera zuzendu bat, hain zuzen emakumeek gizarte demokratiko baten garapenean egiten duten ekarpena, gizonekiko berdintasunez egina, benetakoa eta eraginkorra izan dadin. Horregatik, foru arau honetan jasotzen diren neurriek helburu transbertsala dute, hau da, sustatzea eta bermatzea emakumeen eta gizonen herritar gisako partaidetza orekatua, generoak beste desberdintasun ardatz batzuekin bat egiten duela kontuan hartzen duena, asmo garbia izanik, betiere, hemen aurreikusten diren herritarren partaidetzarako formak erabiltzen diren esparru guztietara genero politikak helarazteko eta garatzen den prozesu bakoitzean eragin efektiboa izateko. Hala, emakumeen eta gizonen berdintasun efektiborako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak (15. artikulua), Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak (3. artikulua) eta Emakumeen eta gizonen berdintasunerako martxoaren 9ko 2/2015 Foru Arauak (36. eta 37. artikuluak) xedatzen dutena betez, araua emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren printzipioarekin bat planifikatu da, genero berdintasunak eta sexuen arteko orekak gidatutako herritarren partaidetza sustatzearren.

Herritarren partaidetzaren eginkizun nagusiak isla izan behar du partaidetza prozesuak garatzeko herritarren ekimenei zein horien bitartez iristen diren konklusioei Foru Aldundiak ekiten dien moduan. Foru Aldundiak segitzen du ordenamendu juridikoaren arabera dagozkion eskumenen titular izaten, erabateko indarrez, eta hartzen dituen neurrien eta bere eskumenak gauzatzen eta kudeatzen dituen moduaren erantzule izaten segitzen du. Horrek aukera ematen dio, bai herritarren partaidetzarako prozesuak egiteko herritarren ekimenak zentzu negatiboan ebazteko, bai horrelako prozesuak egiten direnean horietatik ateratzen diren konklusioetatik urruntzeko. Baina era arrazoituan egin behar du, zehatz-mehatz azalduz zentzu negatiboko ebazpenak oinarri dituen arrazoiak.

Toki erakundeek, udalek bereziki, leku pribilegiozkoa dute herritarren partaidetzaren garapenera begira, herritarrengandik hurbilen dauden erakunde demokratikoak direlako. Ildo horretatik, Foru Aldundiak bi eginkizun osagarri hartu behar ditu bere gain. Alde batetik, toki erakundeekiko elkarlana bultzatu behar du, bere eskumenen esparruan herritarren partaidetzarako tresnak hobeto eta eraginkortasun handiagoz erabili ahal izan daitezen. Gainera, horrela erakunde haien jardueratiko onurak jaso ahal izango ditu, eta baita haiek esparru honetan garatzen dituzten tresna eta bitartekoetatik datozkionak ere, udal erregistroen baliozkotasunaren kasuan esaterako. Bestetik, toki erakundeen eskura jarri behar ditu bai laguntza teknikoa bai ekonomikoa, haien esparruan herritarren partaidetzaren garapena bultzatzeko, eta haiek beren eskumenak erabiltzeko unean duten autonomia goitik behera errespetaturik. Ondorio horietarako, Foru Aldundiak bultzatu egin behar du Lurralde Historikoko toki erakundeekiko lankidetza-hitzarmen alderdi anitzekoak izenpetzea, eta erakunde arteko foroak sortzea bultzatu behar du halaber, urtarrilaren 17ko 1/2017 Foru Dekretuak sortutako Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioak adibide moduan ezarritako bidean.

Foru arauak zazpi titulu, berrogeita zazpi artikulu, xedapen indargabetzaile bat eta amaierako xedapen bi dauzka.

I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu. Horretan, foru arauaren xede eta helburua zehazteaz gain, izango dituen aplikazio esparru objektiboa eta subjektiboa mugatzen dira. Horiek, zehazki, Foru Aldundiari dagozkion eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietako edozeinetan bizi diren pertsonei zein foru arauan bertan horretarako definitzen diren gipuzkoar erakundeei eragiten dieten gobernu eta administrazio eskumenen erabileran gauzatzen dira. Era berean, partaidetza prozesuetatik ondorioztatzen diren emaitzek Lurralde Historikoko gobernu eta administrazio jardueran izan dezaketen eragina jasotzen da.

II. tituluak herritarren partaidetzari lotutako eskubideak arautzen ditu, ordenamendu juridikoan ezarritako baldintzetan; eskubide horiek, zehazki, honakoak dira: Foru Aldundiaren eskumena diren gai publikoen kudeaketan partaidetza prozesuen bidetik parte hartzeko eskubidea; izapidetze bidean dauden erabakitze prozedurei buruzko informazioa Foru Aldundiaren egoitza elektronikoko zabalkunde publikoaren bitartez jasotzeko eskubidea; partaidetza prozesuak egitea eskatzeko eskubidea, Lurralde Historikoko udalerrietako edozeinetan bizi diren pertsonek dutena; eta herritarrek, herritarren erakundeek eta toki erakundeek foru arauan aurreikusten diren partaidetza prozesuak abiatzea proposatzeko duten ekimen eskubidea.

III. tituluak lau kapitulu hartzen ditu, eta bertan arautzen dira herritarren partaidetzarako tresnak. Foru arauak bereziki dihardu Foru Aldundiari dagozkion politika publikoen gainean erabakitzeko prozedura administratiboetan txertatuko diren deliberaziozko partaidetza prozesuak ezartzearen inguruan. Teknika horrek, izan ere, aukera ematen du erabakitze prozeduran gizarte interes eta itxaropenen aberastasun guztia jasotzeko, erabakiak hartzeko prozedurarentzako era onuragarrian gainera. Deliberaziozko partaidetza prozesuez gain, beste tresna osagarri batzuk ere aurreikusten dira, hala nola herri kontsultak edo foru arauen aurreproiektuak prestatzeko laneko partaidetza, eta horien esparruan koka daitezke, esaterako, partaidetzazko aurrekontuena bezalako esperientziak edota azken garaiotan zenbait esparrutan probatzen ari diren beste batzuk. Azkenean bada partaidetzazko tresnen ezaugarrien gaineko aurreikuspenak praktikan malgutzea ahalbidetzen duen aurreikuspen bat.

IV. tituluak bi kapitulu dauzka, eta herritarren erakundeak jasotzen ditu, partaidetza prozesuen garapenari dagokionez, erakunde horiek Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroan izena emateko aukerarekin batera. Era berean, herritarren partaidetza sustatzeko neurriak eta barneko zein kanpoko prestakuntza-jarduerak aurreikusten dira, herritarren partaidetzaren kultura sustatzeko helburuz.

V. tituluak, bere lau kapituluetan, arautu egiten du herritarren partaidetzaren antolaketa. Lehen-lehenik Partaidetza Programa arautzen da, horrexek izan behar baitu herritarren partaidetzaren arloan Foru Aldundiaren jarduera biltzen duen proposamen multzoa jasotzeko tresna.

Gainera, foru arau honetan ezartzen den herritarren partaidetzarako sistema berritzaileak eskatzen du lortu nahi diren xedeetarako eta jaso diren berrikuntzetarako gobernu sistema egokia ezartzea. Partaidetza sistema txertatu egiten da konfiantzazko harremanek eta erantzukizun politikoak Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren artean eratzen duten ardatzean. Egitura horretan txertatzen da Lurralde Historikoko Herritarren Partaidetzarako Gizarte Kontseilua, horixe izango baita partaidetzaren arloko organo aholku-emailea. Kontseiluak jarduera sozialagatik edo partaidetzaren esparruan nabarmendu diren pertsonak izango ditu kide.

Foru arau honetan ezartzen den herritarren partaidetzaren gobernuak zuzendaritza eta koordinazio organo bat behar du. Ondorio horietarako, Foru Aldundiko departamentu guztiak ordezkatuta egongo diren Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordea arautzen da. Baina, aldi berean, partaidetza prozesuen kudeaketak autonomia teknikoa eta sinesgarritasuna behar ditu, bai partaideen aurrean bai, orokorrean, herritarren aurrean. Horregatik, partaidetza prozesuak garatzeko erantzukizuna bere gain hartuko duen herritarren partaidetzaren arloko organo eskudunaren eginkizunak orokorrean ezartzen badira ere, horiek zehazteko unean Foru Aldundiko departamentuak zein horietako bakoitzaren jarduera esparru eta eginkizunak zehazteko foru dekretura jo beharko da, egitura organiko eta funtzionalari buruzko kasuan kasuko foru dekretuetara bezalaxe.

VI. titulua herritarrek toki esparruan izan dezaketen partaidetzari eskainita dago, eta toki erakundeetan partaidetza sustatzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aholkularitza teknikoa eta Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioa arautzen ditu.

Azkenik, partaidetza prozesuak ebaluatu ere egin behar dira, horrelakoak martxan jartzera begira etengabeko hobekuntza prozesu bat finkatzearren. Foru arau honek segitzen dion foru arauak ezarri praktikak jasotzen du ezen, ebaluazio horrek, funtzionamendu epe zentzuzko baten ondotik, arauak ezarritako sistema osoari eragin behar diola, Batzar Nagusiek oinarri sendoa izan dezaten, hain zuzen ere, araua eraberritzeko eta egokitzeko prozesuari ekiteko. Horregatik VII. titulua partaidetza sistema eta partaidetza prozesuak ebaluatzeari eskainita dago.

Horrenbestez, foru arau honen bitartez zenbait arau-helburu lortzea bilatzen da, horientzat guztientzat transbertsala dela, betiere, emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren printzipioa. Helburu horiek ukitzen dituzten esparruak honakoak dira:

a) esparru politikoa: eskubideak garatzea eta demokrazia sendotze eta legitimatzea;

b) esparru ekonomiko-administratiboa: eraginkortasuna hobetzea, inertzia zuzentzeko bultzadak, erabakiak hartzea sinplifikatzea;

c) banaketa esparrua: interes eta subjektu sorta zabalagoa hartzea kontuan;

d) erabakitze esparrua: erabakien oinarri sendoagoa, eztabaida publikoari, informazio hobeari eta zuzendaritza politikoa, gizarte esperientzia eta teknikarien espezializazioa konbinatzeari esker;

e) esparru juridikoa: prozedura administratiboaren kontzepzio berria, interes publikoaren eta jarduera administratiboaren arteko identifikazioa gaindituz prozedurako emaitzak kontuan hartzeari esker;

f) esparru administratiboa: erabakiak hartzeko elementu osagarritzat administrazioaren diskrezionalitatearen esparruan; eta

g) esparru demokratikoa: ordezkaritza eskemaren gainditze partziala, esfera publikoa zabalduz eta ordezkari, kudeatzaile eta herritarren arteko lankidetzaren bitartez.

Irekitze honen ondorio baliotsua erakundeek eta gizarteak, hots, bere interesak agertzen dituen eta aitortuak eta aseak izan daitezen prest dagoen gizarte aktiboak, elkar aintzat hartzea izango da.

Foru arau hau prestatzeko unean jarraitu egin dira 39/2015 Legeak, urriaren 1ekoak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak, 129. artikuluan ezartzen dituen erregulazio onaren printzipioak. Hau da, arau ekimen hau egokitu egiten zaie beharrezkotasun eta eraginkortasun printzipioei, zeren eta, sorburu duen foru arauak xedatua eta, horren ondorioz, Batzar Nagusiek prestatu txostena betez, helburu baitu Lurralde Historikoko herritarren partaidetzarako prozedurak eraginkorragoak eta gauzagarriagoak egiteko interes orokorra ahalik eta modurik egokienean bermatzea; eraginkortasun printzipioari jarraitzen dio, zeren eta herritarren partaidetzarako tresnen garapenean ekonomia hobea ezartzeko ahalegina egiten baitu, horrela ezabatuz garapen prozesu horretako zama gehigarri oro; funtsezko ardatzetakoa du herritarrek partaidetza prozesuei buruzko informazioa eskuratzeko uneko gardentasuna, prozesu horiek garatzeko unekoa bezalaxe; eta mugatu egiten da, zorrotz mugatu ere, partaidetza prozesuak gauzatzeko beharrezko kontuak arautzera, eta hori egiten duenean errespetatu egiten du ordenamendu juridikoa, horrenbestez babestuz, era berean, proportzionaltasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak.

Foru arau hau Batzar Nagusiei dagokien eskumena baliaturik ematen da, 27/1983 Legeak, azaroaren 25ekoak, Autonomia Erkidegoko Erakunde Komunen eta bertako Lurralde Historikoetako Foru Organoen arteko Harremanei buruzkoak, 7.a)1 artikuluan xedatzen duenari dagokionez 6/2005 Foru Arauak, uztailaren 12koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 9.1 artikuluan xedatzen duenarekin bat.

I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Foru arau honen xedea da Gipuzkoako herritarren erakundeek eta Gipuzkoan bizi diren pertsonek Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernu eta administrazio eginkizunetan, betiere foru eskumenen esparruan, parte hartzeko duten eskubidea erabiltzeko berariazko tresnak eta prozedurak arautzea. Tresna eta prozedura horiek bermatuko dute emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua izatea, berdintasun baldintzetan eta modu egiazko eta eraginkorrean.

Herritarren partaidetzako prozesuen aplikazio praktikoan, Foru Aldundiak ahalegina egin beharko du gizonen eta emakumeen partaidetza orekatua bermatzeko. Partaidetza orekatua izango da bertan bi sexuetako bakoitzak duen ordezkaritza gutxienez % 40koa denean. Egoerak edo baldintzek ezinezko egiten badute, nabarmenki, helburu hori betetzea, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak modu arrazoituan justifikatu beharko du.

Partaidetza prozesuetan biltzen diren datuak sexuka bereiziko dira, hartara datu horien ebaluazio egokia bermatzeko.

2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernu organo exekutiboa Foru Aldundia denez, Foru Aldundiaren gobernu funtzioetan eta administrazio funtzioetan erabakiak hartzerakoan modu aktiboan pertsonek parte hartzeko ahalmena edukitzea da herritarren partaidetza, foru arau honen ondorioetarako. Foru arau honetan ezarritako eta araututako tresnen bidez bideratuko da herritarren partaidetza, nahiz eta ordenamendu juridikoan ezarritako partaidetzako beste moduren batera jotzeko aukera ere izan.

3.– Foru arau honetan xedatutakoak osatu egiten du oro har antolamendu juridikoan edo, berariaz, Gipuzkoako Lurralde Historikoarenean finkatutako erregulazioa, eta ez du, inolaz ere, herritarren partaidetza eskubideak murrizterik edo ahultzerik eragingo.

2. artikulua.– Aplikazio esparrua.

1.– Foru arau honen aplikazio esparru objektiboa Foru Aldundiari, Lurralde Historikoaren gobernuaren organo exekutiboa izaki, dagozkion gobernu eta administrazio eskumenak dira.

Foru Aldundiak foru arauak ezartzen dituen herritarren partaidetzako prozesuak egin ahal izango ditu bere funtzio exekutibo eta administratiboen, bere erregelamendu ahalaren eta Gipuzkoako Lurralde Historikoari dagozkion gaietako arau ekimenaren esparruan, Autonomia Estatutuari, Erakunde Komunen eskumenen banaketa arautzen duen Euskadiko Autonomia Erkidegoaren legediari eta lurralde historikoetako foru organoei eta, oro har, ordenamendu juridikoari jarraikiz.

Gainera, foru arau honek arautu egiten du herritarren partaidetza sustatzera begira Lurralde Historikoko toki erakundeekin zertzen den lankidetza, eta horretara zuzendutako hainbat tresna jartzen dizkio eskura.

2.– Aplikazio esparru subjektiboa Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerrietako edozeinetan bizi diren pertsonak eta herritarren erakundeak dira. Dena den kontuan hartuko dira partaidetza eskubideetako batzuk erabiltzeko espezifikoki eska daitezkeen baldintzak.

3.– Pertsonen arteko berdintasunaren printzipioari eraso egiten diezaioketen prozesu parte hartzaileak ez dira onartuko.

3. artikulua.– Helburuak.

Foru arau honen helburuak hauek dira:

a) Emakumeen eta gizonen partaidetza sustatzea eta bultzatzea, baldintza berdinetan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko gai publikoetan, eta partaidetza hori ezartzea Foru Administrazioaren funtzionamenduan, beronen kudeaketa maila desberdinetan.

b) Herritarren eta herritarrak antolatzen diren taldeen eskubide demokratikoak garatzea, demokrazia ordezkatzaileko eskubideak eta teknikak hobetzen dituzten partaidetza bidezko demokraziaren prozesu, praktika eta tresnak baliatuta.

c) Emakumeen eta gizonen aukera berdintasuna arautzen duten printzipioak maila orotara zabaltzen dituen herritarren partaidetzaren kultura sustatzea eta finkatzea.

d) Emakumeen eta gizonen inplikazio orekatua bultzatzea kudeaketa publikoan, arlo publikoa interesatzen zaien herritar aktiboak izatearren.

e) Gobernuaren jarduera gardenago egitea eta gobernu jardueraren eta gizartearen arteko lotura egituratzea Lurralde Historikoan.

f) Botere publikoak gizartearen behar eta dinamiketara zabal daitezen bultzatzea.

g) Ekintza politikoa eta administratiboa eraginkorragoa izan dadin bultzatzea gizarte elkarlanaren bidez, hain zuzen politika publikoen prestakuntzan eta lortutako emaitzen balorazioan baliatu ahal izatearren herritarren ezaguerak eta esperientziek ematen duten aberastasuna, emakumeen ekarpenak ikusezin bihurtu gabe.

h) Elkartasun eta gizarte integrazio maila handiagoak bermatzea, espezifikoki lagunduz bai genero berdintasunerako bidean bai ekonomia, kultura edota gizarte aldetiko bitarteko gutxiago dituztelako beren interesak babesteko unean desabantailazko egoeran dauden pertsonen interesak babesten.

i) Elkarte ehuna sustatzea eta partaidetzaren kultura eta ohiturak zabaltzea.

j) Lurralde Historikoko toki erakundeekin elkarlanean aritzea, herritarren partaidetza sustatzeko eta erakunde horien gobernu eta administrazio jardueran partaidetza prozesuak aurrera eramateko.

4 artikulua. Oinarrizko printzipioak.

Honako oinarrizko printzipio hauek hartuko dira kontuan, foru arau honen interpretazioan eta aplikazioan:

a) Unibertsaltasuna; horren arabera, partaidetzarako eskubidea herritar guztiei aplikatu behar zaie, Gipuzkoan dagoen lurralde, gizarte eta ekonomia aniztasuna kontuan hartuta.

b) Transbertsalitatea; horren arabera, herritarrek duten partaidetzarako eskubidea foru arau honen aplikazio eremuko maila guztietan txertatuko da, jarduketa ardatz transbertsal gisa.

c) Gardentasuna; horren arabera, informazio publiko guztia eskuragarria da eta herritarrek modu proaktiboan parte hartzearen zerbitzura dago.

d) Egiazkotasuna; horren arabera, informazio publikoak egiazkoa eta zehatza izan behar du, eta ziurtatu egin behar da egiazkotasuna, fidagarritasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta zaintza katea egiaztatua duten dokumentuetatik datorrela.

e) Eraginkortasuna; horren arabera, administrazio publikoek eta herritarrek lankidetzan jardun behar dute, herritarren partaidetzaren egikaritza erabilgarria eta bideragarria izan dadin, gai publikoak modu eraginkorragoan kudeatzeko lagungarri izanez.

f) Iraunkortasuna; horren arabera, partaidetzarako tresnak denboran etengabe eta modu jasangarrian parte hartzea ahalbidetuko duen prozesu ikuspegi batean kokatu behar dira.

g) Erraztasuna eta ulermena; horren arabera, herritarrek partaidetza prozesuetan jasotzen duten informazioa soila eta ulergarria izango da, beraren izaera kontuan hartuta.

h) Politika publikoak abian jartzean, gauzatzean eta ebaluatzean, genero ikuspegia txertatzen dela bermatuko da.

i) Irisgarritasuna, diskriminazio teknologikorik eza eta bitartekoak eta hizkuntzak egokitzea; horien arabera, partaidetzarako gaitutako bide eta bitartekoek ez dute bazterketa faktore bat izan behar biztanleriaren sektore jakin batzuentzat.

j) Gobernantza demokratikoa; horren arabera, Gobernuaren ekintza ikuspegi global batetik gauzatzen da, eta, erabakiak hartzeko garaian, herritarren eta administrazio publikoetako gobernu organoen arteko elkarrekintza ahalbidetzen duten mekanismoak, prozesuak eta erregelak integratzen ditu ikuspegi horrek.

k) Kontuak ematea; horren arabera, herritarrek politika publikoen kudeaketaren ebaluazioa egin ahal izango dute.

l) Fede ona; horren arabera, herritarrek, foru arau honetan aitortutako eskubideak gauzatzerakoan, fede onaren eskakizunen arabera jokatuko dute, fede on gisa ulertuta une bakoitzeko gizartearen pertzepzioarekin bat datorren jokabide leiala; eta administrazio publikoen jarduerak ere eskakizun horiei men egin beharko die.

m) Desgaitasunen bat duten pertsonen aukera berdintasuna, diskriminaziorik eza eta irisgarritasun unibertsala, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan garatzen diren herritarren partaidetza prozesuetan.

n) Gizarte egituraketa; horren arabera, administrazio publikoek partaidetza eremu publikoetan diharduten gizarte erakunde guztien partaidetza antolatua, elkartua eta aktiboa sustatuko dute, demokrazia sozial aurreratu eta parte hartzailearen mesedetan.

5. artikulua.– Herritarren partaidetzaren eraginkortasuna.

1.– Foru arau honek arautzen duen herritarren partaidetza gobernu onaren eta botere publikoen jardueren gardentasunaren tresna ezinbestekoa da, eta oinarrizko elementu bat da politika publikoak eta horien gainean Foru Aldundiak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernuaren organo exekutiboa den aldetik, egiten duen kudeaketa-lana zehazteko.

2.– Foru Aldundiaren erabakitze prozeduretan herritarren partaidetzarako tresnak ezartzeak ez du inolako aldaketarik, ez murriztapenik ekarriko Foru Aldundiak dagozkion erabakiak hartzeko unean izango duen ahalmen eta erantzukizunean.

3.– Partaidetza prozesuetatik ondorioztatzen diren emaitzak bere egin ahal izango ditu Foru Aldundiak, Lurralde Historikoko gobernu eta administrazio jardueran. Dena den, foru arau honetan aurreikusitakoa aplikaturik partaidetza prozesu bat izan den prozeduren kasuan Foru Aldundiak ez baditu bere egiten, osorik edo zati batez, prozesu haren emaitzak, arrazoitu egin beharko du, xehetasunez, erabaki hori.

6. artikulua.– Partaidetza tresnak.

1.– Herritarren partaidetzaren tresnak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenen eremuan, hauek dira:

a) Deliberaziozko partaidetza prozesuak.

b) Herri galdeketak.

c) Foru arauen aurreproiektuak prestatzeko partaidetza.

d) Aurrekontuak egiteko herritarren partaidetza.

7. artikulua.– Herritarren partaidetzarako prozesuak egiteko edo deialdiak egiteko epe baliogabeak.

1.– Foru arau honek arautzen dituen herritarren partaidetzarako prozesuak ezin dira egin edo ezin da deialdirik egin Gipuzkoako Batzar Nagusien hauteskundeen deialdiaren eta diputatu nagusi berriak kargua hartu artean.

2.– Legealdi batean protokoloa hasi duten partaidetza prozesuak ez dira inoiz bertan behera geratuko legealdia aldatu delako, salbuespen honekin: Aldundiak bere ekimena edo proiektua ez mantentzea.

II. TITULUA
HERRITARREN PARTAIDETZARI LOTUTAKO ESKUBIDEAK

8. artikulua.– Partaidetza eskubidea.

1.– Foru arau honek ezartzen dituen herritarren partaidetzako lanabesen bidez, pertsona eta talde hauek gauzatu dezakete parte hartzeko eskubidea Foru Aldundiaren eskumen diren gai publikoetan edo lankidetza teknikoaren zein finantzarioaren bidez Foru Aldundiaren partaidetza duten gaietan eta Lurralde Historikoan eragin handia izango duten gaietan:

a) Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri batean erroldatuta dauden pertsonak.

Partaidetza prozesuaren ezaugarriek hala gomendatzen dutenean, hamasei urte bete dituzten adingabeek parte hartu ahal izango dute, eta baita Lurralde Historikoko udalerri batean tarte baterako edo betiko bizi direnak ere. Horretarako, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak txosten arrazoitua eman beharko du, aurrez kontsulta eginez prozesuan parte hartzeko interesa erakutsi duten erakundeei eta prozesua sustatu duten pertsonei, hala dagokionean.

b) Erakunde, elkarte, gizarte erakunde edo taldeak, edozein erregistro publikotan inskribatuta daudenak eta, horrenbestez, izaera hori egiazta dezaketenak, betiere irabazi asmorik ez badute, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan jarduten badute.

c) Elkarteak, fundazioak, sindikatuak, enpresen elkarteak, elkargo profesionalak, zuzenbide publikoko korporazioak edo beste erakunde batzuk, baldin eta ordenamendu juridikoari jarraikiz izaera juridikoa badute, eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan jarduten badute.

Foru arau honetan ezarritako tresnak aplikatzearren, Foru Aldundiak gizon eta emakumeen partaidetza orekatua bermatuko du, berdintasun baldintzetan, modu egiazko eta eraginkorrean, bereziki emakumeen partaidetza eskasa den erakundetako emakumeena.

2.– Parte hartzeko eskubidea izango dute, halaber, plataformek, foroek edo herritarren sareek, alde baterako sortuak izaki izaera juridikorik gabeek, betiere arlo honetan eskumena duen departamentuko titularraren foru aginduaren bitartez ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte. Plataformak, foroak eta herritarren sareak birtualak ere izan ahal izango dira.

3.– Aurreko apartatuetan ezarritako moduetako edozeinetan eratutako herritarren erakundeak, plataformak, foroak edo herritarren sareak Partaidetzarako Herritarren Erakundeen Foru Erregistroan inskribatu ahal izango dira.

Erregistro horretan inskribatuta egotea ez da izango, bere horretan, ezinbesteko baldintza Foru Aldundiak egiten dituen herritarren partaidetzako prozesuetan parte hartzeko.

Erregistroan inskribatuta dauden erakundeen kasuan, inskripzio horrek berekin ekarriko die Foru Aldundiak informatuak izateko eskubidea, herritarren partaidetza arautzeko araudia aldatzeko edozein aurreproiekturi dagokionez edo foru arau honetan arautzen den edozein partaidetza prozesuren hasierari dagokionez, zein foru arauen aurreproiektuak prestatzeko prozedurak abiatzeari, Partaidetza Programa prestatzeari eta gizartean edo Lurralde Historikoan eragin handia izan dezakeen beste edozein kudeaketa prozedurari dagokionez. Informatzeko eskubide horren helburua da gardentasuna bermatzea eta partaidetza prozesuetarako herritarren ekimenaren eskubidea gauzatu ahal izatea.

4.– Foru arau honen esparruan herritarren partaidetzak bi bide izango ditu gauzatzeko: batetik biztanleen eskubide indibidualak erabiltzea eta, bestetik, partaidetza prozesuak garatzea. Prozesu horiek egituratzeko hainbat fase izango dira, informazioa, eztabaida, ondorioak, zabalkundea eta ebaluazioa alegia, eta biztanleek eta herritarren erakundeek parte hartuko dute horietan.

5.– Pertsona guztiek baldintza beretan parte hartzeko, Foru Aldundiak, partaidetza prozesuak garatzen diren bitartean, partaidetza prozesuak eta familia betekizunak kontziliatzeko zerbitzuak eskainiko ditu, bereziki deliberaziozko partaidetza prozesuen kasuan.

6.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere eskumenen esparruan, bermatuko dute betetzen dela izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko araudia, bai foru-arau honek xede dituen herritarren partaidetzarako prozesuetan, bai Partaidetzarako Herritar Erakundeen Foru Erregistroaren kudeaketan.

9. artikulua.– Partaidetza prozesuei buruzko informazio eskubidea.

1.– Oro har, Foru Aldundiak pertsona guztiei bermatuko die bere departamentuetako edozeinetan tramitazio bidean dauden erabakitze prozedurei buruzko informazio eskubidea, lege antolamenduan ezarritako mugen barnean betiere.

2.– Foru arau honetan arautzen den herritarren partaidetza ahalbidetzera begira Foru Aldundiak, bere departamentuetako bakoitzaren bidez, jendaurrera zabalduko du tramitatzea dagozkion erabakitze prozedurei buruzko informazioa. Horretarako, departamentu bakoitzak, Foru Aldundiaren informazio eta komunikazio sistema orokorrak baliatuta, tramitatzen ari den prozeduraren gaineko ezagutza eta jarraipen puntuala ahalbidetzen duten informazioa eta dokumentaziorako sarbidea prestatuko ditu. Foru departamentuek arreta berezia jarriko dute, kolektibo babesgabeenek edo ahulenek informaziorako sarrera eraginkorra izatea lortzeko.

3.– Horretarako, baliabide tekniko egokiak jarriko dira, doan, artxibategietan, liburutegietan, komunikazio zentroetan, auzo etxeetan eta zentro kultural publikoetan, herritarrentzako informazio bulegoetan edo herritarrentzat eskuragarri egon daitekeela eta egoki iritzitako beste edozein lekutan.

4.– Prozedura baten barnean foru arau honetan berariaz aurreikusitako deliberaziozko partaidetzarako tresnak txertatzen direnean, gaia dela eta eskumena dagokion Foru Aldundiaren departamentuak prozeduraren hasierari buruzko informazioa eman beharko dio, derrigorrean, Herritarren Partaidetzaren arloan eskumena duen organoari, herritarren erakundeei informazioa bermatzearren; honetaz gain, bete egin beharko da kasuan-kasuan eskumena duen foru departamentuari dagokion informazio obligazio orokorra.

5.– Informaziorako eskubidea bermatzearren, zabalkunde sistemak emakume eta gizonei berdin iristea bermatuko da. Edonola ere informazioaren idazketan, orobat, hizkuntza ez sexista erabiliko da.

6.– Lurralde historikoko pertsonen eta herritarren elkarteen benetako partaidetza bultzatzeko eta errazteko, Gipuzkoako Foru Aldundiak aktiboki erabiliko ditu komunikazio sozialerako teknologiak eta plataformak, batez ere gune interaktiboak eratuz beren egoitza elektronikoetan, atarietan edo web-orrietan, eta bozkatzeko eta inkestak egiteko sistema elektronikoak sustatuz, hartara informazioaren gardentasuna eta zabalkunderik onena bermatzeko herritarren partaidetzari eta Aldundiaren eta pertsona eta erakunde interesdunen arteko komunikazioari dagokionez.

7.– Edonola ere, aurreko apartatuan adierazitako teknologien eta komunikazio sareen erabileran, Foru Aldundiak kontuan izan beharko du badirela pertsona eta talde sozial batzuk zailtasunak dituztenak teknologia horiek eskura izateko eta erabiltzeko; ondorioz, beste baliabide batzuk erabili beharko ditu, aldi berean, pertsona eta talde horiei informazioa eskuratzeko modua bermatzearren, eta, gainera, aktiboki esku hartuko du muga horien eraginak ezabatu edo nabarmenki murrizteko, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko zailtasun gehien dituzten gizarte taldeen esparruan erabilera hori sustatuz eta erraztuz.

8.– Foru Aldundiak bere web orrian herritarren eskura jarriko du arau honen xede izan daitezkeen interes orokorreko jarduera guztiei buruzko informazioa. Web orri horrek, ahalik eta zehaztasun handienarekin, tokiko elkarte sarearen berri emango du, eta web orrian bertan espazio bat sustatuko da ideiak, iritziak, iradokizunak, abiatuta dauden partaidetza prozesuei buruzko eztabaida foroak eta antzekoak aurkezteko. Edonola ere, Foru Aldundiak informazioa gizartera zabalduko dela bermatuko du, eta ez partaidetzako webgunean bitartez soilik, foru arau honetan biltzen diren xedapenak ere kontuan hartuta.

10. artikulua.– Partaidetza prozesuak garatzeko eskari eskubidea.

1.– Foru arau honetako 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuek aipagai dituzten pertsona edo erakundeek eskari eskubidea baliatu ahal izango dute Foru Aldundiaren organoen aurrean, honen eskumenekoa eta beren interesekoa den edozein gairi dagokionez, lege antolamenduan ezarritako baldintzetan betiere.

2.– Zehazki, foru arau honetan aurreikusitako ondorioetarako eta beronek ezarritako baldintzetan betiere, foru arau honetako 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuek aipagai dituzten pertsona edo erakundeek eskubidea izango dute Foru Aldundiaren barneko edozein erabakitze prozeduratan partaidetza prozesu bat gara dadin eskatzeko.

11. artikulua.– Ekimen eskubidea.

1.– Foru arau honetan aurreikusitako ondorioetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak zein tokiko erakundeek, nork bere eskumenen esparruan, herritarren partaidetzarako prozesuak hasi ahal izango dituzte, bai ofizioz, bai 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren pertsona fisikoek nahiz herritarren partaidetzarako erakundeek eskatuta.

2.– Toki erakundeek ere ekimenerako ahalmena izango dute, foru arau honetan araututako partaidetza prozesuak irekitzea proposatzeko.

III. TITULUA
HERRITARREN PARTAIDETZAREN TRESNAK
LEHEN KAPITULUA
DELIBERAZIOZKO PARTAIDETZA PROZESUAK

12. artikulua.– Deliberaziozko partaidetza prozesuen esparrua.

1.– Deliberaziozko partaidetza prozesuak dira politika publiko jakin bat erabakitzeko edo zehazteko prozedura batean dauden ekintza guztiak, hartu beharreko erabakiaren eta haren ezaugarrien gaineko, jarduera bat gauzatzeko moduaren gaineko edo, bestela, eremu horretan dauden beste aukeren gaineko eztabaida publiko bitartez garatuak. Erabaki edo politika jakin horretan interesa duten pertsonek edo herritarren erakundeek parte hartzen dute zuzenean prozesuan, foru arauak zehazten dituen modu eta terminoetan.

2.– Foru arau honetan arautzen diren deliberaziozko partaidetza prozesuak Gipuzkoako Lurralde Historikoan garrantzi edo eragin berezia duten politika publikoak zehazteko prozeduren barruan baliatu ahal izango dira, betiere Foru Aldundiaren eskumenetakoak badira lurraldeko gobernu organo exekutiboa den aldetik.

3.– Politika publiko bat erabaki edo azaltzeko prozedura hasi eta Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu nahi den politika publikoaren oinarrizko ezaugarriak aurretiaz ezartzen dituen erabakia hartu eta berehala egingo dira deliberaziozko partaidetza-prozesuak.

4.– Salbuespen gisa, prozeduraren hurrengo faseetan ere deliberaziozko partaidetza prozesuak egin ahal izango dira, proiektu edo politika publiko jakin batek, tramitazioan zehar, hasieran aurreikusi gabeko garrantzia bereganatu duenean, edo horren ezaugarriak nabarmen aldatu direnean. Horrelako kasuetan, deliberaziozko partaidetza prozesu bat egiteko ekimena berariaz onartu beharko du Partaidetzarako Foru Batzordeak. Foru Batzordeak ekimena ezetsiz gero, behar beste arrazoitu beharko du erabaki hori.

13. artikulua.– Deliberaziozko partaidetza prozesuen protokoloa.

1.– Deliberaziozko partaidetzak, kasu bakoitzean, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoaren iritziz gaiaren izaerarako eta ezaugarrietarako egokienak ematen duten forma eta ezaugarriak izango ditu, aurrez kontsulta eginda, betiere, bertan parte hartuko duten edo, bestela, partaidetza prozesuaren ekimena izan duten herritarren erakunde eta pertsonei.

2.– Aurreko apartatuan esandakoaren ondorioetarako, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak deliberaziozko partaidetza prozesuaren protokolo bat onartuko du prozesu jakin bakoitzerako, nolanahi ere genero berdintasunaren printzipioa beteko duena prozesu protokolizatuaren pauso bakoitzean.

Protokoloa, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak egingo duena, dokumentu administratiboa da, eta horretan zehazten dira burutuko den partaidetza prozesuaren izaera eta ezaugarriak, egitura eta helburuak, erabiliko diren teknikak, arau izango dituen erregelak, ondorioak lantzeko prozedura, eztabaidagai izango diren gaiak eta eztabaidatik kanpo geratuko direnak. Halaber, bermatu egingo da aintzat hartzea gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatuaren printzipioa, foru arau honetako 1.1 artikuluaren 2. paragrafoak ezartzen dituen terminoetan eztabaida prozesuaren gehienezko iraupena, prozesuaren zuzendaritzaren ardura izango duen pertsona eta herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak beharrezko iritzitako bestelako guztiak.

3.– Deliberaziozko partaidetzak eskatuko du parte hartu nahi duten herritarren erakundeek halabeharrez prozesuan inskribatzea. Prozesu horretan, genero berdintasuna sustatzeko ekintzak garatzen dituzten edo genero berdintasuna eginkizuntzat duten erakundeen partaidetza bermatuko da.

4.– Herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak izena emateko epe bat gaituko du, gutxienez 30 egun naturalekoa, foru arau honen 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan zehazten diren eta partaidetza prozesuan esku hartzeko interesa duten erakundeentzat.

5.– Deliberaziozko partaidetza prozesuetan, orobat, parte hartu ahal izango dute prozesuan interes berezia dutela egiaztatzen duten gizabanakoek. Partaidetza prozesu bat abian jarri aurretik, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak izen-emate epe bat gaituko du prozeduran interesa duten biztanleei zuzendurik, pertsona horien ordezkari gisa jardungo duen pertsona kopurua finkatuko du eta, protokoloak zehazten duen prozedurarekin bat, ordezkari horiek izendatuko ditu.

6.– Deliberaziozko partaidetza prozesuaren garapenean, bai herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak bai prozesuan parte hartzen duten pertsonek proposatu ahal izango dute partaidetzako deliberaziozko prozesura aztergaian adituak gehitzea, genero berdintasuneko espezialistak barne, prozesuak euskarri tekniko egokia izan dezan. Deliberaziozko partaidetza prozesuaren arduraduna den pertsonak hartuko du erabakia, eta erabakia arrazoitu egin beharko du.

14. artikulua.– Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien ekimena deliberaziozko partaidetza prozesuetan.

1.– Foru Aldundiak ekimenerako ahalmena du deliberaziozko partaidetza prozesuak egingo diren gai edo prozedurak finkatzeko.

2.– Era berean Batzar Nagusiek, beren ekimenez, erabaki ahal izango dute Foru Aldundiak partaidetzazko deliberaziozko prozesuak egitea.

15. artikulua.– Deliberaziozko partaidetza prozesuak egiteko herritarren ekimena.

1.– Foru arau honetako 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuek aipagai dituzten pertsonek edo herritarren erakundeek ekimen eskubidea izango dute deliberaziozko partaidetza prozedurak egiteko Foru Aldundiaren departamentuetako edozein tramitatzen hasitako erabakitzeko prozeduretan. Ekimen eskubidea modu eraginkorrean gauzatzeko, Foru Aldundiak publizitatea bermatu behar du, oro har eta eskumeneko departamentuaren eta herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoaren webguneetan, herritarren partaidetzaren xede izan daitezkeen prozedurak hasten diren une beretik.

2.– Deliberaziozko partaidetza prozedurak egiteko ekimen eskubidea izango dute, halaber, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi diren pertsonek, baldin eta Foru Aldundiak garatu behar duen politikaren edo hartu behar duen erabakiaren eraginpean daudela uste badute, betiere Lurralde Historikoan edo bereziki politika edo erabaki horren eraginpean dagoen udalerri edo eskualdean bizi diren adinez nagusietatik gutxienez ehuneko bi ordezkatzen badituzte. Ondorio horietarako, prozedurak eragingo dion lurralde eremua ezarriko du Foru Aldundiak. Partaidetza prozesu baten ekimena baliatzen dutenak bat ez badatoz foru organoak egin duen lurralde eremu ukituaren zehaztapenarekin, aditzera emango diote Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeari, eta honexek erabaki beharko du, arrazoituz beti, alderdi hori.

3.– Deliberaziozko partaidetza prozesu baten ekimena gizabanakoek gauzatzeko, haren berri eman beharko zaio partaidetzaren arloan eskumena duen organoari, gutxienez proposatzen den deliberaziozko partaidetza prozesuaren helburu den gaia labur azalduz eta komunikatzeko bide bat adieraziz; ahal dela, bide telematikoa erabiliko da.

4.– Erregelamenduz eta gehienez ere foru-arau hau onartu eta bost hilabeteko epean zehaztuko da zein betekizun formal bete behar dituzten herritarren ekimenek deliberaziozko partaidetza prozesuak egiteko, eta betekizun horietan zehaztuko da, halaber, ekimen horiek genero rolen eta genero estereotipoen jarraipena ez ekartzea.

5.– Aintzat hartuta ekimen eskubidearen bidez prozesuak abiarazi nahi dituzten pertsona banakoek desabantaila dutela administrazioak edo elkarteek abian jarritako prozesuekin alderatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, partaidetzan eskumena duen organoaren bidez edo dagokionean gaian eskumena den organoaren bidez, bermatuko du prozesuaren publizitatea eta sustapena, banakakoen partaidetza erraztearren.

6.– Foru Aldundiak, partaidetzarako Foru Batzordeak proposatuta, gehienez ere hilabeteko epean hartuko du deliberaziozko partaidetzarako tresna erabiltzeko ekimenaren gaineko erabakia. Proposamena ezetsiz gero, erabaki arrazoitua beharko da, ekimenaren gai izandako deliberaziozko partaidetzarako tresna erabiltzeari egoki ez irizteko arrazoiak zehaztuta.

16. artikulua Deliberaziozko partaidetza prozesuak egiteko toki ekimena.

1.– Deliberaziozko partaidetza prozesuaren ekimena balia dezakete, orobat, Lurralde Historikoko foru erakundeek garatzeko asmoa duten politikaren edo hartzeko asmoa duten erabakiaren eraginpean dauden toki erakundeek, dela bakarka, dela beste toki erakunde batzuekin batera.

2.– Horretarako erabakia eskumena duen organoak hartu beharko du, legearekin eta toki erakundearen erregelamendu organikoarekin bat.

3.– Ekimenerako akordioak adierazi egin beharko ditu ekimena baliatzen duen toki erakundea bereziki ukitua izateko arrazoiak eta deliberaziozko partaidetza prozesuak izan beharko dituen ezaugarriak, eta emakume eta gizonek era orekatuan eta berdintasun erreal eta eraginkorra izateko baldintzetan parte hartuko dutela bermatuko du.

17. artikulua.– Deliberaziozko partaidetza prozesuaren garapena eta ondorioak.

1.– Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak finkatuko du zein unetan irekitzen den deliberaziozko partaidetza prozesua.

2.– Deliberaziozko partaidetza prozesua irekitzeko unea zehaztu ondoren, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak gehienez hilabeteko epea izango du partaidetza prozesuko protokoloa onartzeko.

3.– Deliberaziozko partaidetza prozesuaren protokoloa onartu eta gero, protokoloaren testu osoa argitaratu behar da partaidetzan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan, atarian edo web orrian, eta adierazi behar da prozesuaren hasiera data, eta ireki behar da prozesuan parte hartu nahi duten pertsonek –banaka nahiz erakundeen ordezkaritzan– izena emateko ezarritako gutxieneko epea. Gipuzkoako Foru Aldundiak beste edozein tresna erabili ahal izango du diskriminazio teknologiko eza bermatzeko eta eskuragarritasun printzipioa bermatzeko egokitzat jotzen badu.

4.– Politika publiko jakin bati loturik deliberaziozko partaidetza prozesu bat irekitzeak eten egingo du hartu behar den azken erabakia baldintza dezakeen jarduera oro, tramiteko ekintzak izan ezik.

5.– Herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak deliberaziozko partaidetza prozesua abiatzeari eta garatzeari buruzko informazioa ahalik eta gehien zabaltzea bermatuko du, herritarren partaidetzari ahalik eta mailarik handieneko sustapena ematera begira. Edonola ere, partaidetza prozesuaren protokoloa onartzeko ebazpena Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, hizkuntza inklusiboz idatziko da emakumeak eta gizonak ikusgarri egiteko moduan eta genero estereotipoak birsortzen dituzten irudiak saihesteko, eta hizkuntza arrunt eta ulertzen erraza erabiliko du.

18. artikulua.– Deliberaziozko partaidetza prozesuaren amaiera eta ondorioak.

1.– Deliberaziozko partaidetza prozesua amaiturik, horren ardura duen pertsonak prozesuko aktak igorriko dizkio herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoari, hala egokituz gero lortu diren konklusioak ere adierazita.

2.– Jasotako dokumentazioan oinarriturik, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak txosten bat egingo du partaidetza prozesuari buruz, eztabaidatutako gaien inguruko proposamenak bilduz horretan, eta pertsonek eta erakundeek egindako proposamen kopurua eta motak zehaztuz halaber, datuak sexuka eta erakunde motaka bereizita. Txosten hori Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeari eta eskumena duen departamentuari emango zaie. Herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak txostena argitaratuko du, eta ahalik eta zabalkunderik handiena emango dio Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez. Txostenaren argitalpena Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroan inskribatutako herritarren erakundeei jakinaraziko zaie, baita parte hartu duten edo deliberaziozko partaidetza prozesuan parte hartzeko interesa azaldu duten pertsona eta erakunde guztiei ere, eta, beti, Gipuzkoako Batzar Nagusiei.

3.– Hiru hilabeteko epean Foru Aldundiak, eta gaia dela eta eskumena dagokion departamentuak txostena eman ondoren, erabaki egingo du deliberaziozko partaidetza prozesuak ekarritako ondorioek nola eragingo dioten hartu beharreko erabakiari edo politikari. Zehazki, Foru Aldundiak zehaztu egin beharko du ekarritako ondorioek proiektuari uko egitea, proiektu ordezko bat aurkeztea edo proiektua aldatzea dakarten edo, aitzitik, proiektua hasieran proposatu zen baldintza berberetan aurrera eramateko asmoa duen. Proiektua aldatzea erabakitzen badu, zehatz adierazi beharko du zein aldaketa erantsiko dizkion. Foru Aldundiak hartzen duen erabakiak arrazoituta egon beharko du, eta deliberaziozko partaidetza prozesuaren ondorioek ezarritako bidetik jotzen ez badu, horretarako arrazoiak eman beharko ditu.

4.– Foru Aldundiak deliberaziozko partaidetzaren faseari amaiera emanez hartzen duen erabakiak prozeduraren tramitazioak aurrera segitzea ahalbidetzen du.

BIGARREN KAPITULUA
HERRI KONTSULTAK

19. artikulua.– Herri kontsulten edukia.

1.– Herri galdeketak dira Foru Aldundiak hartu beharreko erabaki publiko edo politiko jakin baten inguruan herritarrek duten nahia ezagutzeko prozedurak.

2.– Foru Aldundiak, indarrean dagoen legediaren barnean eta foru eskumenen esparruan, herri kontsultak egin ahal izango ditu hartu beharreko erabakiren edo politikaren baten gainean Lurralde Historikoko herritarren, guztien edo herritar talderen baten, iritzia zein den jakiteari egoki irizten dion kasuetan.

3.– Foru arau honetan araututako herri kontsultak modalitate guztietakoak izan daitezke, erreferenduma izan ezik; beraz, ez dira izango hauteskunde-prozesuetako berezko betebehar eta bermeekin gairen bati buruzko iritzia eman dezan hautesleriari zuzendutako deialdi formal bat.

4.– Herri kontsultak egiteko honako modalitate hauetako bat garatu ahal izango da:

a) Partaidetza bidezko kontsulta. Biztanleen zati edo talde jakin baten iritzia jakiteko egingo da, gaia interes publikokoa denean, zuzenean eragiten dien eta haiei soilik eragiten dien gaia denean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa denean.

b) Demoskopia prozedurak. Egoeraren arabera aukeratuko da prozedura demoskopiko egokiena gaiaren izaera edo ezaugarrientzako, egoiliarren partaidetza ahalik eta gardenena izan dadin kasuan kasuko gaiari buruz duten iritzia emateko.

c) Entzunaldi publikoak. Kontsultarako tresnak dira. Ahozko prozedura publiko baten bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak bidea emango die pertsonei, erakundeei, elkarteei eta eragile sozialei eragiten dieten gai bati buruzko erabaki bat hartu aurretik entzunak izan daitezen, politika publiko baten eraginpean daudenean zuzenean edo lotura dutenean.

d) Herritarren panelak. Gipuzkoako Foru Aldundiak sortuko ditu interes publikoko edozein gaiei buruz herritarrek eginiko galderei erantzuteko, batik bat etorkizunari buruz herritarrek dituzten usteei buruz.

5.– Herri kontsultak planifikatzerakoan, neurriak jorratuko dira emakume eta gizonen partaidetza orekatua bermatzeko, benetan eta modu eraginkorrean, berdintasun baldintzetan.

20. artikulua.– Herri kontsultak egiteko ekimena.

1.– Foru arau honetan araututako herri kontsultak Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren ekimenez egin ahal izango dira.

2.– Orobat ekimen eskubidea izango dute, foru arau honetan aurreikusten diren herri kontsultak egiteko, 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan zehazten diren herritarren erakundeek. Ekimena idazki batean formalizatu beharko da; horretan kontsultaren gaia adierazi beharko da, hartuko duen lurralde eremuarekin eta proposamengileen iritziz gaiaren zertzeladetarako egokiena den kontsulta formarekin batera.

3.– Era berean, biztanleek ere ahalmena izango dute, maila indibidualean, foru arau honetan aurreikusten diren herri kontsultak egiteko ekimenerako, baldin eta Gipuzkoako Lurralde Historiko osoko edo, Gipuzkoako Foru Aldundiak garatu behar duen politikak edo hartu behar duen erabakiak bereziki eragiten dion udalerri edo eskualde jakin bateko adinez nagusiko biztanleetatik gutxienez ehuneko bi ordezkatzen badituzte.

4.– Herri kontsultak egiteko ekimena baliatu ahal izango dute, era berean, Foru Aldundiak garatu nahi duen politikak edo hartu nahi duen erabakiak eragiten dien toki erakundeek, Udalaren Osoko Bilkuraren erabakiz. Ekimena gauzatzeko beren akordioan adierazi beharko dute zein arrazoitan oinarritzen duten toki erakundearen gaineko eragin berezi hori, baita herri kontsultak zein ezaugarri izan behar dituen ere.

5.– Aintzat hartuta ekimen eskubidearen bidez herri kontsultak egiteko prozesuak abiarazi nahi dituzten pertsona banakoek administrazioak edo elkarteek hasitako prozesuekin alderatuta duten desabantaila, Gipuzkoako Foru Aldundiak, egoitza elektronikoan, gune bat gaituko du hasiera batean artikulu honetako 3. puntuan ezarritako gutxieneko babesa ez duten ekimenak jasotzeko eta jakitera emateko, eta babesa jasotzeko sistema bat ezarriko du, argitaratzen denetik gutxienez bi hilabeteko epean babesa jasotzeko eta ekimenak behar duen babesa lortzeko aukera izateko.

6.– Herri kontsultak egiteko ekimenaren egikaritza erregelamendu bidez zehaztuko da, foru arau hau onartu eta gehienez ere lau hilabeteren barruan.

21. artikulua.– Herri kontsultak egiteko ekimenari buruzko erabakia.

1.– Herri kontsultak egiteko ekimena foru arau honetako 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan aurreikusten diren biztanleei edo herritarren erakundeei badagokie, Foru Aldundiak hiru hilabeteko epean ebatziko du ekimenaren gainean. Akordioa arrazoitua izango da eta, ekimenari ezezkoa ematen bazaio, zehaztu beharko da Foru Aldundiak zergatik ez duen egoki ikusten herri kontsulta egitea. Zergati horien artean emakumeen eta gizonen berdintasunari eraso egitea egon daiteke.

2.– Herritarren erakundeek, biztanleek edo toki erakundeek herri kontsultak egiteko ekimenaren gainean Foru Aldundiak hartzen duen erabakia Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, Foru Aldundiak aipatutako erabakia hartzen duenetik hasi eta 30 eguneko epean, eta gutxienez kontsulta hasteko aurreikusitako data baino 45 egun lehenago.

3.– Edonola ere, Foru Aldundiak herri kontsulta bat egitea onartzeko hartzen duen erabakiak adierazi egingo ditu kontsultaren xedea, erabiliko den prozedura teknikoa, dagokion lurralde eremua, kontsulta egingo den unea eta egingo den kontsulta mota dela eta garrantzitsuak izan daitezkeen bestelako ezaugarri teknikoak edo beste mota batzuetakoak.

4.– Foru Aldundiak hartu beharreko erabaki edo politika bati buruzko herri kontsulta egitea onartzen duen erabakiak eten egingo du hartuko den azken erabakia baldintzatu dezakeen tramite oro, herri kontsultaren prozesua amaitzen den arte.

5.– Foru Aldundiak herri kontsulta bat egin ahal izango du foru arau honetan aurreikusitako deliberaziozko partaidetza prozesu baten amaiera gisa.

22. artikulua.– Herri kontsulten emaitzak argitaratzea.

Foru arau honetan aurreikusten den herri kontsulta bat egindakoan, lortzen diren emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan argitaratu beharko dira gehienez ere 30 eguneko epean, kontsulta prozesua bukatzen denetik kontatzen hasita. Argitalpenean hura identifikatzen duten datu tekniko guztiak zehaztuko dira, emakumeen eta gizonen arteko genero berdintasunaren ikuspegia aplikatuko da eta une oro hizkuntza sexista erabiltzea saihestuko da.

23. artikulua.– Herri kontsulten ondorioak.

1.– Herri kontsulta baten emaitzak zehaztu ondoren, eta gaia dela eta eskumena duen departamentuaren txostenaren ondotik halaber, Foru Aldundiak, hiru hilabeteko epean, akordio baten bidez argitu beharko du lortutako emaitzek nola eragingo dioten hartu beharreko erabakiari edo politikari. Zehazki, Foru Aldundiak ezarri egin beharko du herri kontsultaren bidez lortutako emaitzek proiektuari uko egitea, proiektu ordezko bat aurkeztea edo proiektua aldatzea dakarten edo, aitzitik, proiektua proposatu zen baldintza berberetan aurrera eramateko asmoa duen. Proiektua aldatzea erabakitzen badu, zehatz adierazi beharko du zein aldaketa erantsiko dizkion.

2.– Foru Aldundiak hartzen duen akordioak arrazoituta egon beharko du, eta ez bazaie herri kontsultaren emaitzei egokitzen, horretarako arrazoiak eman beharko ditu.

3.– Foru Aldundiaren erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan argitaratu beharko da, Foru Aldundiak erabakia hartzen duenetik 30 eguneko epean.

4.– Foru Aldundiak herri kontsultaren faseari amaiera emanez hartzen duen akordioak prozeduraren tramitazioak aurrera segitzea ahalbidetzen du.

HIRUGARREN KAPITULUA
FORU ARAUEN AURREPROIEKTUAK PRESTATZEKO PARTAIDETZA

24. artikulua.– Herritarren partaidetza foru arauen aurreproiektuen prestakuntzan.

1.– Foru arauen aurreproiektuak prestatzeko partaidetza prozedurak dira Foru Aldundiaren arau ekintza baten inguruan interesa duten pertsonen edo erakundeen iritzia ezagutzeko prozedurak, hartara herritarrek egindako proposamenak dagokion aurreproiektuan sartu ahal izateko eginak.

2.– Kontu bereziki garrantzitsuak xede dituzten foru arauen aurreproiektuak prestatzeko lanetan herritarrek parte hartzeko formak ezarriko ditu Foru Aldundiak. Xede horien artean egongo dira genero inpaktu handia dutenak, hau da, emakumeek eta gizonek baliabideetarako sarrera eta baliabideen gaineko kontrola izatearekin lotuak.

3.– Foru arauen aurreproiektuak egiteko uneko herritarren partaidetza foru arau honetako 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan zehazten diren pertsonen edo herritarren erakundeen partaidetzaren bidez gauzatuko da.

Aurreko paragrafoan aipatutako herritarren erakundeek edo pertsonek foru arau baten aurreproiektu jakin bat prestatzeko prozesuan parte hartzea eskatu ahal izango dute, dagokien jarduera esparruan edo interesetan eragin berezia duela irizten diotenean. Foru Aldundiak partaidetza eskariaren gaineko erabaki arrazoitua hartuko du beranduenez eskaera jaso denetik 30 eguneko epean.

4.– Foru Aldundiak modu berezian sustatuko du herritarren partaidetza Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrei buruzko foru arauen aurreproiektuak urtero egiteko, Aldundia Lurralde Historikoko Gobernuaren organo exekutiboa den aldetik aurrekontuek jarduera politikoan duten garrantzia kontuan hartuta.

Herritarren partaidetza kanpo geratzen da espresuki zerga izaerako foru arauen aurreproiektuak egiteko prozesuetan.

5.– Artikulu honetan ezartzen diren herritarren partaidetzarako formak egokituko egingo zaizkio diputatu nagusiak, Batzar Nagusien aurrean, betetzeko konpromisoa hartzen duen legegintzaldiko egutegiari.

25 artikulua. Herritarren partaidetza foru arauen aurreproiektuen prestakuntzan.

1.– Foru arau honen 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuek aipagai dituzten pertsona edo erakundeek eskubidea izango dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenen barruan foru arauaren aurreproiektu bat garatzen hastea proposatzeko ekimena erabiltzeko, betiere Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi diren adinez nagusietatik gutxienez ehuneko bi ordezkatzen badituzte.

2.– Foru arauaren aurreproiektu baten ekimena gizabanakoek gauzatzeko, haren berri eman beharko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari, gutxienez proposatzen den foru arauaren aurreproiektuaren helburu den gaia labur azalduz, arrazoiak azalduz eta komunikatzeko bide bat adieraziz –ahal dela, bide telematikoa–.

3.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, gehienez ere 30 eguneko epean hartuko du foru arau baten aurreproiektu bat egiteko ekimenaren gaineko erabakia. Proposamena ezetsiz gero, erabakia arrazoitu beharko da, eskatutako foru arauaren aurreproiektua prestatzen hasteari egoki ez irizteko arrazoiak zehaztuz, eta erabaki hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan argitaratu beharko da.

26 artikulua. Herritarren partaidetza foru arauen aurreproiektuen prestakuntzan.

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, dituen eskumenen eremuan, herritarrek parte hartzeko prozesuak ezarriko ditu, hala nola partaidetzazko aurrekontuak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuetako alderdi batzuk lehenesten laguntzeko, herritarren partaidetza maila handitzeko eta hobetzeko.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztuko du, Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren irizpide orokorrak erabakitzen dituen Diputatuen Kontseiluaren erabakiaren bidez zehaztu ere, gastuen partiden zer ehuneko edo zenbateko gordeko diren partaidetzazko aurrekontuen prozeduraren bidez erabakitzeko.

3.– Aurreko apartatuko herritarren partaidetza prozesuak erregelamenduz garatuko dira, titulu honetako lehenengo kapituluan ezarritako printzipio eta prozeduren arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak egiteko prozeduraren berezitasunak errespetatzeaz gain. Beti ere, behar besteko aurrerapenaz egin behar da, partaidetza prozesuaren emaitzak dagokion aurrekontuen foru arauaren tramitazioan txertatu ahal izateko.

4.– Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetzazko aurrekontuen prozesuak sustatuko eta hedatuko ditu ekintza positiboen, informazioaren, prestakuntzaren eta sentsibilizazioaren bidez, eta unibertsaltasunaren zein autoarauketaren printzipioen arabera, herritarren partaidetza bultzatzeko eta errazteko.

LAUGARREN KAPITULUA
HERRITARREK DELIBERAZIOZKO PARTAIDETZARAKO BESTE TRESNA OSAGARRI BATZUEZ PARTE HARTZEA

27. artikulua.– Partaidetzarako tresnen malgutasuna.

Partaidetza prozesu jakin baten ezaugarrietara eta eskaeretara moldatze aldera, herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak, bere ekimenez, eta prozedura jakin baten barnean partaidetza prozesu bat egiteko interesa duten herritarren erakundeei aurrez kontsulta eginik, edota erakunde horietakoren baten ekimenez, ezarri ahal izango du partaidetza prozesua beste modalitate edo tresna batzuen bidez garatzea, edo beste aldagai batzuk sartu ahal izango ditu foru arau honetan oro har ezarrita dagoen deliberaziozko partaidetza prozesuan. Herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak bere erabakia arrazoitu beharko du, modu garbi eta zuzenean zehaztuz zein izan diren malgutze edo berritze horien arrazoiak.

28. artikulua.– Partaidetzarako tresna osagarriak.

1.– Foru Aldundiak partaidetzako tresna osagarriak ezarri ahal izango ditu, foru arau honetan aurreikusiez bestelakoak, baldin eta erakutsi badute egokiak direla herritarren partaidetzako helburuak betetzeko. Tresna horiek erakusten badute oro har egokiak direla, edo, gutxienez, egokitasun hori ez dela aparteko kasuetara mugatzen, foru arau hau aldatzea proposatu ahal izango du Foru Aldundiak, hartara tresna horiek oro har gehitzeko.

2.– Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak proposaturik, Foru Aldundiak ezarri ahal izango du herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak partaidetzarako tresna berria aplikatu ahal izatea ekarriko duen erregulazioa.

IV. TITULUA
HERRITARREN ERAKUNDEAK PARTAIDETZA PROZESUAN ETA ERREGISTROA
LEHEN KAPITULUA
HERRITARREN ERAKUNDEAK ETA ERREGISTROA

29. artikulua.– Herritarren erakundeak.

1.– Herritarren erakunde dira, foru arau honek arautzen duen partaidetzaren ondorioetarako, bai pertsona juridikoak, irabazi asmorik gabekoak, duten forma juridikoa eta izaera dena dela, bai izaera juridikorik gabeak ere, baldin eta interes kolektibo orokorren zein sektorialen defentsa baitute xede, beren jarduerak, esklusiboki edo ez, Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan, edo lurraldearen zati batean, garatzen dituztenean.

2.– Foru arau honen ondorioetarako, kanpoan geratzen dira erakunde politikoak.

30. artikulua.– Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroaren kudeaketa.

1.– Foru Erregistroaren kudeaketa herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoari egokituko zaio.

2.– Aurreko apartatuan zehaztutako Foru Erregistroak balioa izango du bakarrik foru arau honetan arautzen den herritarren partaidetza sustatzeko, eta ez du eragin mugatzailerik izango inskribatuta ez dauden erakundeen partaidetzan.

3.– Foru Aldundiak maila berekotzat izango ditu lankidetzazko harremana ezarria duen toki erakundearen Herritarren Partaidetzarako Erregistroko erregistroak eta Aldundiak berak zuzenean egindako erregistroak.

31. artikulua.– Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroaren funtzionamendua.

1.– Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroa bakarra izango da.

2.– Erakunde bakoitzarentzat orri bat irekiko da, eta horretan erasota lagako dira izen emateari buruzko datu guztiak; hasierako izen ematetik aurrera Foru Erregistroari aditzera ematen zaizkion aldaketa guztiak ere orri horretan jasoko dira. Erakunde bakoitzari dagokion orriari bertan erasota dauden datuak aipatzen dituzten dokumentu guztiak erantsiko zaizkio, protokolo baten bidez.

3.– Foru Erregistroan izena emateko eskariarekin batera erakundea eratzeko aktaren kopia kautotu bat aurkeztu beharko da, bere izaeragatik dagokion erregistroan izena eman izanari buruzko ziurtagiriarekin batera, horrelakorik baldin bada. Orobat, erakundeak Gipuzkoako Lurralde Historikoan duen helbidea jasoko da horretan, eta baita zuzendaritza karguak edo ordezkariak eta osaera organikoko beste pertsonak ere, datuak sexuka bereiziz. Erakundearen ordezkariek edo zuzendaritzako kideek jakinarazi behar dituzte, nahitaez, erakundearen egoerari eta baldintzei buruz garrantzitsuak diren bestelako datu edo gertakari guztiak, horien artean dela erakundeak emakumeen eta gizonen berdintasunaren sustapenarekiko hartua duen konpromisoa, hala badagokio.

4.– Edonola ere, Erregistroan inskribatu ahal izango dira, orobat, foru arau honetako 8. artikuluko 2. apartatuak aipatzen dituen erakunde guztiak, aski izanik identifikaziorako ezinbestekoak diren datuak.

5.– Foru Erregistroan izena emandako erakundearen ordezkariek edo zuzendaritzako kideek gaurkoturik mantendu behar dituzte, derrigorrean, erakundeari buruzko datuak. Erakundearen egoerari lotutako gertakariak edo datu garrantzitsuak ez jakinarazteak Erregistroko izen-ematea etenik uztea ekar dezake, jakinarazpen falta hori konpondu arte.

6.– Izen-emateetarako epea bi hilabetekoa izango da, eskaria eta eskatzen den dokumentazioa behar bezala aurkezten direnetik kontatzen hasita. Eskaera baietsitzat joko da epe horretan berariazko ebazpenik ez badago. Epe hori, dena den, etenik geratuko da, izen-emateari buruzko edozein datu edo dokumentu konpontzeko edo argitzeko egiten den errekerimenduren bat izanez gero.

7.– Izen-ematea ukatzeko erabakiak arrazoituta egon beharko du.

8.– Erregistroan ez da onartuko genero desberdintasuna iraunarazten duten erakunderik inskribatzea.

BIGARREN KAPITULUA
HERRITARREN PARTAIDETZARAKO JARDUERA SUSTATZEA

32. artikulua.– Herritarren partaidetzarako erakundeen jarduera sustatzeko diru laguntzak.

1.– Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorretan urtero sartuko da herritarren partaidetza sustatzeko programa bat.

2.– Arlo honetan, herritarren erakundeentzako diru laguntzak ezarriko dira, partaidetzari, partaidetzaren kulturaren sustapenari edo partaidetzarako prestakuntzari lotutako jarduerak sustatzearren.

3.– Artikulu honetan aipatzen diren diru laguntzak batez ere gizarte kolektibo desfaboratuenen, babesgabeenen edo gizarte bazterketa jasateko arrisku handienean daudenen jarduerak bultzatzera zuzenduko dira. Orobat kontuan izango da, bereziki, genero berdintasunaren eta adinekoen eta gazteen jardueraren sustapena, eta jarduerak genero ikuspegitik planifikatzen dituzten eta berdintasuna sustatzeko neurriak garatzen dituzten erakundeak saritu ahal izango dira. Ez zaio diru laguntzarik emango bere jardueraren arabera berdintasunari kaltea eragiten dionari.

4.– Artikulu honetan aurreikusitako diru laguntzak arautzen dituztenak oinarri orokorrak, aurrekontuko arauak eta diru laguntzen araubide juridikoari buruzko araudi orokorra izango dira.

33. artikulua.– Herritarren partaidetzarako erakundeen jarduera sustatzeko hitzarmenak.

1.– Foru Aldundiak eta herritarren erakundeek lankidetzarako hitzarmenak egin ahal izango dituzte, baldin eta azken horiek esperientzia badute partaidetza prozesuak bultzatzeko eta aurrera eramateko lanean, eta prozesu horietan generoaren dimentsioa txertatzen badute. Herritarren erakundeek beren gain hartzen dituzten betekizunen edukia herritarren partaidetzaren arloko jardueren ingurukoa izango da, esaterako partaidetza prozesuen sustapen, zabalkunde eta gauzatzearen zein horietarako prestakuntza eta ikaskuntzaren ingurukoa.

2.– Foru Aldundiak lagundu egingo du herritarren erakundeak hitzarmenean finkatutako obligazioak bete ahal izateko beharrezko baliabide eta tresnaz hornitzen.

34. artikulua.– Herritarren partaidetzari buruzko zabalkundea eta komunikazioa.

1.– Foru Aldundiak hainbat zabalkunde jarduera garatuko ditu, egoiliarrek jakin dezaten, batetik, Lurralde Historikoan herritarren partaidetza bultzatzeko politika garatzen ari dela, eta bestetik, zein diren foru arau honetan ezarritako herritarren partaidetzarako tresnak.

2.– Herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen organoak eta Foru Aldundiko departamentuek komunikazio eta sentsibilizazio kanpainak egingo dituzte, herritarren partaidetzaren garrantziaren gainean eta iragartzen diren prozesuen gainean.

Kanpaina horien ardatz bakarra herritarren partaidetza eta partaidetza horren garrantzia izango da, eta aldiro saihestu behar da erabilera alderdikoia edo erakunde baten aldeko erabilera egitea.

35. artikulua.– Foru Aldundiaren barne eta kanpo prestakuntza partaidetzarako.

1.– Foru Aldundiak, barne prestakuntzarako jardueren bitartez, partaidetzaren kulturaren garapena sustatuko du bere zerbitzuko langileen artean. Prestakuntza-jarduera horiek genero ikuspegia jasoko dute. Foru arau honetako helburuak lortzearren, Gipuzkoako Foru Aldundiak partaidetza prozesuetako teknika eta kudeaketa mailako prestakuntza sustatuko du bere zerbitzuko langileen artean; horretarako, gutxienez partaidetzarako prestakuntza ikastaro bat egingo du urtean, hain zuzen foru arau honetan jasotzen diren xedapenak baldintzarik egokienetan gauzatzea lortu ahal izan dadin.

2.– Foru Aldundiak kanpoko prestakuntza jarduerak garatuko ditu, Gipuzkoako Lurralde Historikoan bizi diren pertsonei zuzenduak, prestakuntza eta informazioa emateko herritarren partaidetzari nahiz eskubideei buruz, administrazio publikoen funtzionamenduari buruz eta haiek herritarrekin dituzten obligazioei buruz. Horretarako, prestakuntza-programa bat ezarriko du urtero, zeinetan genero ikuspegia txertatuko baita, Gipuzkoako herritarrei eta Gipuzkoako Lurralde Historikoan jarduten duten herritarren erakundeei zuzendua.

3.– Prestakuntza programek ziurtatu egingo dute horietan emakumeen eta gizonen partaidetza orekatua izatea, eta genero berdintasunaren printzipioa era transbertsalean jasoz planifikatuko dira, funtsezko printzipioa baita hori herritarren partaidetzarako prozesuetan.

V. TITULUA
HERRITARREN PARTAIDETZARAKO ANTOLAKUNTZA
LEHEN KAPITULUA
PARTAIDETZA PROGRAMA

36. artikulua.– Partaidetza Programa.

1.– Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak proposatuta, Foru Aldundiak Partaidetza Programa onartuko du, Foru Aldundiko departamentuekin kontsultatu ondoren.

Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeak, agintaldiko lehen urtearen barnean, legegintzaldirako Partaidetzako Programaren Aurreproiektua egingo du, eta publiko egingo du foru arau honetako 8. artikuluko 1. eta 2. apartatuek aipagai dituzten pertsonek eta herritarren erakundeek aukera izan dezaten haren edukiaren inguruko partaidetza ekimena gauzatzeko; ekimen hori erabiltzeko, hilabeteko epea ezarriko du. Aldi berean, Gizarte Kontseiluari aurkeztuko dio.

Aipatutako epea amaituta, Foru Batzordeak Partaidetzako Programaren Proiektua onartuko du.

Partaidetzako programa aintzat hartuko da Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorrak egiteko.

2.– Diputatu nagusiak, agintaldiko lehen urtean zehar, Batzar Nagusietan aurkeztuko du Partaidetza Programa.

3.– Partaidetza Programak jaso egin beharko du Foru Aldundiaren agintaldira begira foru organoen jarduera biltzen duten herritarren partaidetzaren arloko proposamenen multzoa, eta, bertan, partaidetza prozesuak eta lanabesak eta foru politikak egiteko, aplikatzeko eta berrikusteko metodoak zehaztuko dira.

4.– Partaidetza Programaren bidez, Foru Aldundiak aldi bakoitzean bere eginkizunetan jardun bitartean garatzea aurreikusten duen partaidetza prozesuak zehazten ditu, eta partaidetza prozesuen antolaketa ahalbidetzen du, herritarren lankidetza ahalik eta handiena izan dadin.

5.– Batzar Nagusien agintaldiaren lehenengo urtearen ondorengo urteetan foru diputatuak partaidetzazko programaren urte bakoitzeko zehaztapena aurkeztu beharko du Batzar Nagusietan urtero.

6.– Batzar Nagusiak jakinaren gainean jarri ondoren eta behin betiko formulazioa ezarrita, Partaidetza Programa Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroan inskribaturik dauden herritarren erakundeei bidaliko zaie, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eta bestelako ohiko medioetan argitaratuko da, hartara bermatu dadin Lurralde Historikoko herritarrek informazioa jasotzen dutela.

BIGARREN KAPITULUA
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO HERRITARREN PARTAIDETZARAKO GIZARTE KONTSEILUA

37. artikulua.– Izaera eta helburua.

Herritarren Partaidetzarako Gipuzkoako Lurralde Historikoko Gizarte Kontseilua herritarren partaidetzarako organo aholku-emailea da oro har, eta foru arau honetan aurreikusitako tresnak garatzeko eta aplikatzekoa bereziki.

38. artikulua.– Osaketa.

1.– Herritarren Partaidetzarako Gizarte Kontseilua osatuko dute, erregelamenduz zehazten den moduan, Gipuzkoako gizarteko eremu garrantzizkoetan jarduera sozial nabarmena izan duten pertsonek eta herritarren partaidetzaren eremuan maila teorikoan edo praktikoan adituak diren pertsonek.

Herritarren partaidetzako Foru Erregistroan izena emanda dauden herritarren erakundeen ordezkari bat ere izango da Gizarte Kontseiluko kide; herritarren erakundeek proposatzen dituzten pertsonen artean zozketaz aukeratuko da. Ordezkaritza hori urtero txandaka aldatuko da.

2.– Gizarte Kontseiluak gizon eta emakumeen arteko osaera orekatua izango du, foru arau honetan ezarritako baldintzetan.

39. artikulua.– Eginkizunak.

Herritarren Partaidetzarako Gizarte Kontseiluari dagozkio foru arau honetan aurreikusten diren partaidetzarako tresnak garatzeko eta aplikatzeko berariazko eginkizunak, eta baita Foru Aldundiak herritarren partaidetzaren esparruan garatzen dituen jardueren gaineko informazio eginkizunak ere, Partaidetza Programarako proposamenari buruzko informazio eginkizunak bereziki.

Zehazki, eta Foru Aldundiak eskaturik, Herritarren Partaidetzarako Gizarte Kontseiluaren eginkizunak honakoak izango dira:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiari aholkularitza eskaintzea herritarren partaidetzaren esparruko helburu eta jardueren definizioan eta partaidetza prozesuen jarraipenean eta ebaluazioan, partaidetza esperientziak izan behar duen oinarriaren gainean bezalaxe, egoki iruditzen zaizkion jarduera eta aldaketa proposamenak eginez horretarako.

b) Foru Aldundiak herritarren partaidetzaren arloan garatu beharreko jarduerez eta, zehazki, Partaidetza Programaren aurreproiektuaz informatzea, programan sartzeko egoki iruditzen zaizkion proposamenak eginez horretarako.

c) Partaidetza prozesu bakoitzaren amaierako ebaluazioari buruzko txostena egitea.

d) Partaidetza Programaren aplikazioari buruzko txostena egin eta aplikazio hori ikuskatu eta balidatzea, programarentzat aurreikusitako epea amaitu ondoren.

e) Herritarren partaidetzarako foru araua aldatzeko proposamenei eta, horrelakorik eginez gero, haren garapenerako araudia aldatzekoei buruzko txostena egitea.

HIRUGARREN KAPITULUA
HERRITARREN PARTAIDETZARAKO FORU BATZORDEA

40. artikulua.– Helburua.

Foru Aldundiaren barnean Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordea izango da. Herritarren partaidetzaren arloan Aldundiak zertzen dituen jarduerak koordinatzea izango du xede eta, zehatzago, foru arau honetan arautzen diren partaidetza prozesuak garatzeko jarduerak koordinatzea, arlo honetan foru departamentuek garatzen duten jardueraren koherentzia eta osagarritasuna lortzearekin batera.

41. artikulua.– Osaketa.

1.– Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordea osatuko dute herritarren partaidetzaren arloan eskumena duen departamentuak izendatutako pertsonak, batzordeburu izango baita, eta foru departamentuetako ordezkari banak, betiere emakume eta gizonen arteko ordezkaritza orekatua bermatuz.

2.– Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordearen saioetan parte hartu ahal izango dute egoki ikusten diren adituek, genero eta berdintasunean adituak barne horri egoki iritziz gero, hain zuzen ere batzordeari aholku emateko funtzioak betetzearren. Horiez gain, ukitutako toki erakundeetako ordezkariek ere parte hartu ahal izango dute.

42. artikulua.– Funtzionamendu araubidea.

1.– Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordea gutxienez urtean bi aldiz bilduko da.

2.– Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordea behar adina aldiz bilduko da batzorde horren esku hartzea behar den bakoitzean partaidetza prozesu bat behar bezala izapidetzeko, modu ohikoan nahiz ezohikoan, luzamendurik gabe.

3.– Foru Aldundiaren agintaldia hasirik, Foru Batzordeak, agintaldiko lehen urtean zehar, Partaidetza Programaren aurreproiektua egingo du, foru arau honetako 36. artikuluari jarraikiz.

43. artikulua.– Eginkizunak.

Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordearen eginkizunak honakoak dira:

a) Deliberaziozko partaidetza prozesuak egiteko ekimenak onartu edo ezeztea, arrazoituta.

b) Deliberaziozko partaidetza prozesuak eragiten dion lurralde eremuari buruz sortutako desadostasunak ebaztea, arrazoituta.

c) Deliberaziozko partaidetza prozesua zein unetan irekitzen den finkatzea.

d) Partaidetza tresna berriak erabiltzea ahalbidetuko duten erregulazioak proposatzea.

e) Foru Aldundiak onartuko duen Partaidetza Programaren proposamena egitea.

f) Ekimenak bultzatzea eta foru departamentuen elkarrekiko jardueren koherentzia, osagarritasuna eta koordinazioa ziurtatzea, foru arau honetan ezarritako ondorioetarako.

g) Herritarren partaidetzaren emaitzak sustatzeko eta horiek zabaltzeko kanpainak bultzatzea, eta partaidetza bidezko esperientzietako eztabaidei eta emaitzei zabalkundea ematea.

h) Toki erakundeekin elkarlanean aritzea partaidetza ekimenak bultzatzeko unean, eta hala egokituz gero elkarrekiko ekimenak abiatzea eta partaidetza esperientziak sustatzera zuzendutako ekimenak bultzatzea.

i) Administrazioaren eta herritarren prestakuntza sustatzea herritarren partaidetzarako esperientzien eta metodoen inguruan, eta hala egokituz gero adituekiko jardunaldi eta eztabaidetarako deialdiak egitea, herritarren partaidetzarako eskubidearen subjektuek prestakuntza hobea izan dezaten.

j) Foru Aldundiak hartu beharreko politika edo erabakien eraginpeko lurralde eremua zehazteko unean Lurralde Historikoan bizi diren pertsonek abiarazitako deliberaziozko partaidetzako prozesuetan sortzen diren desadostasunak ebaztea.

k) Partaidetza prozesuetan genero berdintasunaren eta emakume eta gizonen partaidetza orekatuaren gaia sartzea bermatzea, behar diren neurriak bultzatuz horretarako, eta generoaren eta herritarren partaidetzaren arloan administrazioaren eta herritarren prestakuntza eta sentsibilizazioa sustatzea.

LAUGARREN KAPITULUA
HERRITARREN PARTAIDETZAREN ARLOAN ESKUMENA DUEN ORGANOA

44. artikulua.– Eskumenak esleitzea.

Foru Aldundiko foru departamentuak eta bakoitzaren jarduera eremu eta eginkizunak zehazteko foru dekretuak departamentuetako bati esleituko dio, berariaz, herritarren partaidetzaren arloko eskumena.

Era berean, eta hurrengo artikuluan aurreikusten denaz gain, dagokion foru departamentuaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko foru dekretuak zehaztu egingo ditu foru arau honek herritarren partaidetzaren arloko organo eskudunari esleitzen dizkion eginkizunak.

Herritarren partaidetzaren arloko eskumena duen departamentuari eta haren menpeko herritarren partaidetzaren arloko organo eskudunari foru arau honek esleitzen dizkien eginkizunak betetzea bermatzeko behar besteko baliabide ekonomiko eta giza baliabideak bideratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak.

45. artikulua.– Eginkizunak.

Herritarren partaidetzaren arloko organo eskudunari, foru arau honek berariaz esleitzen dizkion eginkizunez gain, honakoak dagozkio:

a) Partaidetza Programa gauzatzea.

b) Foru departamentuek sustatzen dituzten partaidetzarako beste ekimen batzuk diseinatzen eta gauzatzen laguntzea.

c) Foru arau honetan aurreikusten diren herritarren partaidetzarako organoen jarduera koordinatzea eta kudeatzea, batez ere Foru Batzordeari, Gizarte Kontseiluari eta Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioari dagokienez.

d) Gipuzkoako Foru Aldundiaren jardueretan partaidetzaren transbertsalitatea eta herritarrak ahalduntzea sustatzea.

e) Herritarren Partaidetzarako Erakundeen Foru Erregistroa kudeatzea.

f) Sare sozialetan entzute aktiboa lantzeko definitutako estrategiak analizatzea eta herritarren partaidetzaren arloko komunikazio euskarriak dinamizatzea.

g) Bere eginkizunak gauzatzean genero berdintasuna aplikatzen dela bermatzea, eta baita ere partaidetzaren arloko organo eskuduneko langile guztien berariazko prestakuntza genero berdintasunean, horretarako beharrezkoak diren neurriak bultzatu eta garatuta.

VI. TITULUA
HERRITARREN PARTAIDETZA TOKI MAILAN

46. artikulua.– Toki erakundeetan partaidetza sustatzea.

1.– Toki erakundeekin lankidetza-hitzarmenak izenpetzea bultzatuko du Foru Aldundiak, toki erakundeen eskumen eta interes esparruan herritarren partaidetza sustatzera begira. Hitzarmen horiek toki erakundeekin banaka izenpetu ahal izango dira, edo erakundeok biltzen dituen elkartearekin edo elkarteekin.

2.– Hitzarmen horiek ezarriko dituzte toki erakundeek partaidetzaren kultura garatzeko eta partaidetza jarduerak eta prozesuak egiteko Foru Aldundiak baliatu ahal izango dituen lankidetzarako moduak, bai teknikoak edo logistikoak baita ekonomikoak ere.

3.– Lankidetza-hitzarmenen helburuetako bat toki mailan herritarren erakundeen sorrerari bultzada ematea izango da, edo dagoeneko badirenen jarduerak eta partaidetza jardueretako inplikazioa areagotzea.

4.– Foru Aldundiak toki erakundeen eskura jarriko ditu, hauen zerbitzuko langileen eskura zehazki, partaidetzarako prestakuntza programak eta programa horiek gauzatzeko ezartzen duen laguntza sistema.

47. artikulua.– Toki mailako partaidetza praktikarako foru laguntza teknikoa.

1.– Foru Aldundiak beharrezko laguntza teknikoa eskainiko die toki erakundeei, hauei dagokien esparruan partaidetza prozesuak gauzatu ahal izateko.

2.– Laguntza teknikoa partaidetzaren arloko organo eskudunak emango du.

48. artikulua.– Partaidetza prozesuak eskatzea toki mailako foru proiektuetan.

Foru eskumeneko eta toki edo foru ekimeneko proiektuen kasuan Foru Aldundiak, toki erakunde interesdunari edo interesdunei aurrez entzunda, partaidetza prozesu bat garatzea onartu ahal izango du, proiektuaren garrantzia edo ezaugarriak direla eta horrela egitea komeni denean.

49. artikulua.– Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioa.

Foru Aldundiak, Herritarren Partaidetzarako Erakunde arteko Espazioaren bitartez, Lurralde Historikoko toki erakundeekiko lankidetza bultzatuko du. Horren helburuak honakoak izango dira:

a) Erakunde arteko sare edo topaleku bat egituratzea, Lurralde Historikoko maila anitzeko gobernuen ikuspegitik, bereziki foru gobernuaren eta toki gobernuen ikuspegitik, herritarren partaidetzarako politikak bultzatzeko eta, horrela, herritarren eta beren erakundeen arteko harremanak sendotzeko.

b) Herritarren partaidetzaren esparruan ari diren erakundeen esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko espazioa ezartzea, elkarrengandik ikasteko erakunde komunitate bat eta esparru honetako erakunde hobekuntza sustatuta.

c) Laguntzarako eta lankidetza teknikorako bideak zabaltzea, Espazio horretan dauden erakundeek arauzko beharrak egoki betetzeko, erregelamenduak eta ordenantzak onartzeko zein herritarren partaidetzarako metodologiak, prozesuak eta tresnak abian jartzeko.

d) Bidea izatea, herritarren partaidetzaren esparruan Foru Aldundiaren diru laguntza politika zehazten laguntzearren.

e) Prestakuntza programak eta jardunaldi espezializatuak sustatzea, esfera transbertsal honetan eskumenak dauzkaten kargu publiko ordezkaritzadunen eskumen instituzionalak sendotzeko eta foru zein toki erakundeetako zuzendaritzako pertsonalak eta teknikariek herritarren partaidetzaren arloan dituzten gaitasun profesionalak garatzeko.

VII. TITULUA
PARTAIDETZA SISTEMAREN ETA PARTAIDETZA PROZESUEN EBALUAZIOA

50. artikulua.– Partaidetza prozesuen banakako ebaluazioa.

1.– Foru arau honi jarraikiz praktikan jarri den partaidetza prozesu bat amaitzean, partaidetzaren arloan eskumena duen organoak ebaluazio prozedura bat zabalduko du, non eta haren izaerari edo ezaugarriei jarraikiz beharrezkotzat jotzen ez den. Partaidetzaren arloko organo eskudunak hartuko du erabakia, hala badagokio, prozesuan parte hartu duten pertsonekin edo erakundeekin edo partaidetzako adituekin kontsultatu ondoren.

Herritarren partaidetzaren arloko eskumena duen organoari iruditzen zaionean ez dela beharrezkoa partaidetza prozesu baten ebaluazio prozedura zabaltzea, erabaki horrek arrazoitua izan beharko du eta testu osoa egoitza elektronikoan edo partaidetzaren arloko eskumena duen organoaren atarian edo web orrian argitaratuko da, partaidetza prozesua amaitzen denetik gehienez ere 30 eguneko epean.

2.– Partaidetza prozesuaren ebaluazioan, bertan parte hartu duten pertsona eta erakunde guztiei entzungo zaie, tramitazio fasean partaidetza prozesua txertatu den prozeduraren kudeaketaren ardura duen Foru Aldundiko zerbitzuko pertsonalari bezalaxe.

3.– Orobat, partaidetza prozesua ebaluatzeko prozedurak kanpo auditoria bat izan dezake, genero ezagutzak badituzten partaidetzaren arloko profesional adituek egina, baldin eta prozesuaren izaera edo ezaugarriengatik komenigarritzat jotzen bada.

4.– Ebaluazio prozeduran bildutako iritzi eta txostenei jarraikiz, Partaidetzaren arloko organo eskudunak ondorio batzuk landuko ditu, partaidetza prozesuan zertan asmatu den eta zertan ez adieraziz horretan, eta hurrengo prozesuetara begira egoki iruditzen zaizkion hobekuntza proposamenak eginez halaber.

5.– Partaidetzaren arloko organo eskudunak Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordeari helaraziko dio ebaluazio txostena. Dokumentu hori genero ikuspegitik egingo da, eta jarduerek eragindako genero inpaktuaren eta ateratako konklusioen berri emango du. Batzordeak publiko egingo ditu txostenak adierazitako konklusioak, eta baita bere iritzia ere, egoki iruditzen bazaio.

51. artikulua.– Herritarren partaidetzarako sistemaren ebaluazio orokorra.

1.– Foru arau hau indarrean sartu eta bost urtera Foru Aldundiak, Herritarren Partaidetzarako Foru Batzordearen bidez foru arau honetan ezarritako herritarren partaidetzarako sistemaren ebaluazio txosten global bat egingo du, eta Batzar Nagusietara bidaliko du. Txostena genero ikuspegitik egingo da, eta jarduerek sortutako genero inpaktua zein izan den adieraziko da.

2.– Batzar Nagusiek, Foru Aldundiak bidalitako txostena oinarri hartuta, ebaluazio global bat egingo dute foru arau honetan ezarritako partaidetza tresnen aplikazioaren eta prozeduren gainean.

3.– Partaidetza sistemaren ebaluazioak derrigorrez eduki beharko du Foru Aldundiaren langileen kanpoko ebaluazio fase bat. Fase horretan genero berdintasunaren ikuspegia ere bermatuko da gai horretan espezializatuak diren profesionalen partaidetzaren bidez.

4.– Partaidetza sistemaren ebaluazio orokorrerako prozesuan, edonola ere, entzun egingo zaie herritarren partaidetzarako Foru Erregistroan izena emandako herritarren erakundeei, partaidetza prozesuetan esku-hartze bereziki aktiboa izan duten pertsonei, eta toki erakundeei.

5.– Foru arau honetan aurreikusitako partaidetzako tresna eta prozeduren ebaluazio globala eginda, Batzar Nagusiek erabakiak hartuko dituzte horiek beren horretan mantentzeko, indarrik gabe uzteko edo aldatzeko.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe uzten da 1/2010 Foru Araua, uztailaren 8koa, herritarren partaidetzari buruzkoa, baita foru arau honetan xedatzen denaren aurka doazen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamendu garapena.

Foru Aldundiak, foru arau honen behin betiko onarpenaren hurrengo bost hilabeteren barruan, foru arau hau garatzeko eta aplikatzeko arauzko beharrezko xedapenak emango ditu.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.


Azterketa dokumentala