Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

239. zk., 2018ko abenduaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
6099

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 3koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena. Ebazpen honen bidez, 2019. urtean Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa eta erakunde pribatuei diru-laguntzak emateko deialdia egin eta diru-laguntza horiek arautzen dira, aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra– Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori –izatez eta zuzenbidez– bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Helburu horiek lan-eremuan lortu ahal izateko, enpresek eta erakunde pribatuek aktiboki parte hartu behar dute, alde batetik, emakumeek eta gizonek enplegua berdintasunez lortuko dutela eta lan-baldintza egokietan lan egingo dutela bermatzeari dagokionez, eta bestetik, euren produktuek eta zerbitzuek emakumeen zein gizonen beharrei eta interesei erantzuten dietela bermatzeari dagokionez.

Horrek duen garrantziaz jabeturik, eta ikusirik beharrezkoa dela enpresei –diagnostikoak egiteko eta barneko berdintasun-planak ezartzeko– laguntza teknikoa emango dieten aholkularitza-enpresa espezializatuak egotea, 2002. urteaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea aholkularitza-enpresei prestakuntza ematen eta horiek egiaztatzen hasi zen, Europako Gizarte Funtsaren laguntzarekin. Eta hori guztia burutzeko, homologazio-prozesu bat ireki zen, jarduteko planteamenduetan gutxienez eduki beharreko kalitate-maila eta homogeneotasuna bermatzeko. Une honetan, zenbait aholkularitza-enpresa homologatuk jada laguntza teknikoa eskain diezaiekete hala eskatzen duten enpresa eta erakunde pribatuei.

Ebazpen honen oinarri juridikoa Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortu zuen otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 3.j) artikuluan eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 2.2.m) artikuluan dago. Azken artikulu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitekoak dira, besteak beste, enpresa eta erakundeentzako laguntzak eta bestelako sustapen-neurri batzuk ezartzea, horiek baliabide material eta ekonomikoz eta giza baliabidez hornitzeko, eta hartara, emakumeen eta gizonen berdintasunerako planak, programak eta jarduerak egiteko, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Ebazpen hau enpresa edo erakunde pribatuek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten sustatu eta laguntzeko sortu da, horrela enpresek laguntza teknikoa jasoko baitute emakume eta gizonen berdintasunerako diagnostikoak eta berdintasun-planak egiteko, bai barne-antolamendurako bai eskaintzen dituzten zerbitzu edo produktuetarako. Eta ebazpen honen bidez, hain justu ere, xede horretarako diru-laguntzak arautzen dira. Azaldutako helburu guztiak aintzat hartuta, diru-laguntzetarako deialdi hau arautuko dugu, publizitate-, lehiakortasun- eta objektibotasun-irizpideen arabera, eta Emakundeko Diru-laguntzen Plan Estrategikoan aurreikusita dagoen eran, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2019-2021 aldirako Emakunde-Emakumearen Euskal erakundeko zuzendariaren 2018ko urriaren 31ko Ebazpenean, hain zuzen ere.

Azkenik, deialdi honi gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horri jarraikiz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen bidez, enpresa eta erakunde pribatuentzako diru-laguntzak arautzen dira, eta diru-laguntzetarako deia egiten da, 2019. urtean aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatu ditzaten. Aholkularitza-enpresek laguntza teknikoa emango dute emakume eta gizonen arteko berdintasunerako diagnostikoak egiteko eta berdintasun-planak diseinatzeko, bai barne-antolamendurako, bai ematen dituzten zerbitzu edo produktuetarako.

Diru-laguntzak erakundeei beren lehen pausoetan laguntzea du xede, enpresaren barruan berdintasuna sustatuko duen kultura bat txertatzen laguntzeko beren lehen berdintasun-diagnostiko eta -planak diseinatzen hastean, plan eta programa horiek diseinatzean beharko dituzten baliabide materialez, ekonomikoz eta giza baliabidez hornituz; helburua ez da, beraz, aurreragoko diagnostikoak edo planak finantzatzea, edo geroko ezarpenean edo kudeaketan laguntzea.

2. artikulua.– Hautaketa eta diru-hornidura.

1.– Deialdi hau norgehiagokaren prozeduraren bidez ebatziko da. Ondorio horietarako, norgehiagoka esango zaio honako prozedura honi: diru-laguntzak nori eman erabaki baino lehen, aurkeztu diren eskaerak alderatzea eskaeren artean lehentasunak ezartzeko, betiere 9. artikuluan finkatutako esleipen-irizpideei jarraituz eskaera horien zerrenda bat egiteko eta diru-laguntza emateko soilik irizpide horien arabera balioespenik onena lortu duten eskaerei.

2.– Emakunderen aurrekontuetan ondorio horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako da aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko bideratuko den diru-zuzkidura. Zenbatekoa laurogei mila (80.000) eurokoa izango da. Hori dela eta, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluak dioena kontuan hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen du agindu horrek), ebazpen honek arautzen duen deialdiko diru-laguntzak ebazteko, derrigorrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urterako aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa edukitzea.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunak konplitzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek eska ditzakete laguntzak, eta bereziko honako hauek:

a) Enpresa eta erakunde pribatuek nortasun juridiko propioa eta independentea izan behar dute. Nortasun juridiko bereizia duten taldeetakoak diren enpresek edo erakundeek euren aldetik aurkeztu behar dituzte eskabideak.

b) Zuzenean edo zeharka enpresaren partaidetzarik edo kontrolik handiena inolako herri-administraziorena ez izatea.

c) Erakundearen zuzendaritza eta administrazio-kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horretarako, egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean egon behar da, edo, bestela, lantokiak Euskal Autonomia Erkidegoan egon behar dira, eta horien zuzendaritza- eta administrazio-organoek antolamendu-aldaketak egiteko kudeatze-gaitasuna eta autonomia nahikoa izan behar dute, ebazpen honetan aipatzen diren berdintasunerako jarduera-planak bete ahal izateko.

d) EAEko lantokietan gutxienez 10 langile eta gehienez 250 izan behar dituzte.

e) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Baldintza horiek automatikoki egiaztatuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluarekin bat (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.); artikulu horretan ezartzen denez, diru-laguntzarako eskabidea aurkezten denean, eskatzaileak baimena ematen dio organo emaileari Errege Dekretu honen 18. eta 19. artikuluetan ezartzen diren baldintzen egiaztapena ziurtagiri telematikoen bitartez zuzenean eskuratzeko, eta horrelako kasuetan eskatzaileak ez du dagokion egiaztapena aurkeztu beharko, salbu eta eskatzaileak espresuki adierazten badu ez duela horretarako baimenik ematen.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Era berean, ordaintzeko betebeharrak egunean dituztela egiaztatu arte ez da diru-laguntza ordainduko.

g) Sexu-bereizkeria egiteagatik administrazio-zehapena edo zehapen penala duten erakundeek, zehapenean jartzen den aldian, ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak jasotzerik ez dute izango, ez eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera debeku horrekin zehatutakoek ere.

h) Laguntzen deialdi honetan, erakunde hauek ere ez dute parte hartzerik izango: diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera kentzen dien zehapena dutenek eta laguntza horiek jasotzeko gaitasunik gabe uzten dituen lege-debekuren bat dutenek.

i) Aurreko urteetan eta xede berarekin beste administrazio publiko batetik diru-laguntzaren bat jaso duten erakundeek ere ezin izango dituzte laguntza horiek eskuratu.

j) Deialditik kanpo geratuko dira, halaber, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea izatea (otsailaren 11ko 11/2014 Dekretua) edo antzekoren bat aitortu zaien erakundeak.

k) Azkenik, kanpo geratuko dira, halaber, berdintasunaren aldeko beren ibilbidean aurretik planak edo diagnostikoak egin dituzten erakundeak.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako betebeharrak hartzen dituzten enpresa eta erakunde pribatuek lor ditzakete laguntzak, eta bereziki hauek:

a) Enpresei eta erakundeei emakume eta gizonen berdintasunaren arloko laguntza teknikoa ematen dieten aholkularitza-enpresen homologazioa arautzen duen ekainaren 8ko 105/2004 Dekretuaren arabera homologatutako aholkularitza-enpresa baten laguntza teknikoa kontratatu edo kontratatzeko konpromisoa hartu izana. Laguntza teknikoaren xedea da Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzko Diagnostikoa egitea, gutxienez 20 orduko trebakuntza ematea eta Berdintasun-plana diseinatzea, 4. artikuluan xedatutakoa betez. Aukeratutako aholkularitza-enpresa homologatuak sinatu eta diseinatu beharko du eskariarekin batera helarazten den lan-proposamen teknikoa.

b) Zuzendaritzaren konpromisoa erakustea, adierazteko aurrera jarraituko duela diagnostikoa eta berdintasunerako plana egiteko hasitako lan-prozesuarekin, harik eta enpresa edo erakundea emakumeen eta gizonen berdintasunerako Lankidetza Erakunde aitorpena eskatzeko prest egon arte, 3 urteko epean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan eta ebazpen honen I. eranskinean jasotako moduan.

c) Zuzendaritzak prozesua dinamizatuko duen arduraduna izendatzea –erakundeko langileen artean–, deialdi honen I. eranskinean jasotako moduan.

d) Eusko Jaurlaritzako Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egotea. Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta inprimakian aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Alta emateko esteka hau da: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

e) Aurreikuspenen arabera laguntzak izango duen barne eta kanpo eraginari buruzko txosten bat aurkeztea. Gutxienez aurkeztu beharrekoa: diru-laguntzaren onuradun zuzenen eta zeharkakoen kopuruari buruzko informazioa, sexuaren arabera bereizita; heziketa egiteko aurreikusitako ordutegia, hezkuntzaren onuradunen kopurua, beti ere erakundearen langileak, sexuaren arabera bereizita; identifikatu behar da, gutxienez, plana martxan jartzean aldatuko diren erakundearen alderdi estrategikoak; planaren garapenak eragingo dien erakundeen kopurua, eta abar.

f) 2019. urterako lan-proposamena aurkeztea, homologatutako aholkularitza-enpresak egindakoa eta sinatua, non honako hauek jasoko diren:

– Erakunde edo enpresa eskatzailearen aurkezpena.

– Berdintasunari buruzko diagnostikoa eta berdintasun-plana egiteko motibazioa.

– Erakunde eskatzaileak berdintasunaren arloan daukan jardunbidea.

– Erakundearen alde edo alderdi estrategikoak, non berdintasun politikaren sustapenak eragin handia izan dezakeen.

– Diagnostikoan berrikusi beharreko alderdiak.

– Erabiliko den metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa.

– Emakume eta gizonen berdintasunaren inguruan langileak prestatzeko saioen programa (20 ordu gutxienez), 4. artikuluan ezarrita dagoen eran.

– Ekintza-plana prestatzeko prozesua.

– Barneko lantaldea, eta taldea osatzeko irizpideak, ebazpen honen I. deialdian jasotako moduan.

– Kronograma.

– Egindako proposamenaren jarduera motaren arabera xehatutako aurrekontua (Diagnostikoa, Plana eta Trebakuntza), kontratatuko den aholkularitza homologatuak sinatua. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) ere agertuko da jardueraren arabera xehatuta.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko izango da diru-laguntza. Aholkularitza-enpresek, 2019ko urtarrilaren 1etik azaroaren 30era, honako hauek egiten lagundu beharko die enpresei edo erakundeei:

a) Emakume eta gizonen berdintasunari buruzko Diagnostikoa, barne-antolamenduari eta zerbitzuak edo produktuak eskaintzeari dagokionez. Diagnostikoan honako hauek aztertu eta balioetsiko dira, gutxienez: hautaketa-politikak, karrera profesionalaren sustapena eta garapena, prestakuntza, ordainsariak, lan-osasuna, komunikazioa, eta bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzearen alorrekoa; halaber, genero-indarkeriaren eta sexu-jazarpen eta sexuaren ziozko jazarpen egoerak aztertuko dira. Horretaz gainera, erakundeak egiten dituen produktu eta zerbitzuak aztertu beharko dira, bai eta erakundearen beste plan eta politika batzuk ere. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Gutxienez 20 ordu ematea erakundearen langileei lan-munduan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan trebatzeko. Saio horrek diagnostikoan agertu diren berdintasun ezak ulertzeko balio behar du, bai eta berdintasun-plana diseinatzeko oinarri izateko ere, eta, gutxienez, langile guztien lagin adierazgarri batentzat egingo da. Proposamenak emango diren edukien xehetasunak izan behar ditu, orduak, langileen kopurua sexuaren arabera bereizita, e.a. Programak jaso behar ditu, gutxienez, pertsonak kudeatzeko prozesu ez diskriminatzaileak, lantokiko sexu-jazarpenak eta jazarpen sexistak eta berdintasuna zerbitzu-eskaintzan txertatzeko jarraibideak.

c) Berdintasun-plana diseinatzea enpresaren barne-antolamendurako eta zerbitzu edo produktuetarako. Aurkeztutako plana, gutxienez, urte anitzekoa izango da, adierazleak izango ditu, espero diren emaitzak neurtzeko emakumeen eta gizonen arteko aldeen murrizketaren ildotik, eta erantsita izango ditu esleitutako pertsonak, aurrekontua, jarraipen- eta ebaluazio-sistema. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuek, sailkatuak eta zehaztuak, bete beharko dituzte Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritako betekizunak.

Diruz lagun daitekeen zenbatekotik Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) kenduko da, irabazi-asmorik gabeko erakundeei izan ezik. Hau da, onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak erakundeen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituztenei, baldin eta zerga berreskuratzeko aukera ez badute. Horretarako, entitateek egiaztatu beharko dute.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.

1.– Eskabideak aurkezteko epea 2019ko otsailaren 7an amaituko da (egun hori barne).

2.– Eskabideak bide elektronikoz aurkeztuko dira, eskabide-ereduari jarraikiz, eta datu guztiak eman beharko dira, hurrengo artikuluan eskatutako dokumentazioarekin batera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen aurriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezartzen duen eran. Horrela, eskabideak bide elektronikoz aurkezteko, euskadi.eus-eko egoitza elektroniko hau dago: https://www.euskadi.eus/2019/enpresak/y22-izapide/eu

3.– Halaber, prozedura honen izapide guztiak egin eta kontsultatzeko erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili ditzakete: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

Interesdunek onartutako egiaztagiri elektroniko bat izan behar dute, prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz egin ahal izateko: https://www.euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/certificados_admitidos/eu_cert_ele/certificados_electronicos.html

Izapidetzeari buruzko zehaztapenak helbide elektroniko hauetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/2019/enpresak/y22-izapide/eu

4.– Eskabideak, aurkeztu beharreko dokumentazioarekin batera, EAEko hizkuntza ofizial bietako edozeinetan aurkez daitezke. Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta agiriak.

1.– Erakunde eskatzaileak ereduaren araberako eskabidea aurkeztu behar du, non honako erantzukizunpeko adierazpen eta adostasun hauek jasoko diren:

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, erakundeak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik ezarri zehapenak irauten duen aldian ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzeko erakundeak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erantzukizunpeko adierazpena, ziurtatzeko beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik ez duela jasotzen ebazpen honetan araututako diru-laguntzaren helburu bera duen laguntzarik; edo laguntza eskatu duela eta eman egin diotela.

– Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko erakundearen EAEko egoitza sozialean kudeatzen eta administratzen dela erakundea, edo, egoitza EAEtik kanpo izanez gero, Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokietako zuzendaritza- eta administrazio-organoek badutela nahikoa kudeaketa-gaitasun eta autonomia, ebazpen honetan aipatu berdintasunerako jarduera-planak betetzeko behar diren antolamendu-aldaketak egiteko.

– Erantzukizunpeko adierazpena, eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adierazteko, eta laguntza hauen onuradun izateko, indarrean den deialdian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adierazteko.

– EAEko Administrazioak eta haren menpeko erakundeek emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, itzultze- edo zehapen-prozeduretako kantitate zehatzen ordainketari dagokionez egunean daudela azaltzen duen erantzukizunpeko adierazpena.

– Administrazio publikoak dituen dokumentuak kontsultatu ahal izateko baimen berariazkoa, baldin eta urriaren 1eko 39/2015 Legearen 35. artikuluko eskubidea baliatu nahi bada.

2.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) I. eranskina, behar bezala betea, atal hauetan jasotako informazioa adieraziz:

– Dinamizatzailearen izendapena.

– Zuzendaritzaren konpromisoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena eskatzeari buruzkoa, diru-laguntza eman eta 3 urteko epean.

– Eskatutako laguntzak eta jasotakoak, erakunde emaileak eta laguntzen zenbatekoa.

– Barneko lantaldearen osaera eta lantaldea osatzeko irizpideak. Zehaztuko da erakundean sindikatu-ordezkaritza dagoen ala ez eta prozesuan parte hartzeko bideak.

b) II. eranskina, bidaltzen diren dokumentuen zerrenda.

c) Aholkularitza-enpresa homologatuak laguntza teknikoari buruz egindako proposamena, 3.2 artikuluko f) atalean zehaztutakoari jarraikiz.

d) Laguntzak kanpoan eta barruan ustez izango duen eraginari buruzko txostena.

e) Langile kopuruaren egiaztagiria, Gizarte Segurantzaren kotizazio-orrien bidez: TC1 eta TC2 ereduak, eskabidearen aurreko hilekoak.

f) Estatutuak eta eratze-agiria.

g) Esleipen-irizpideetan oinarrituta, proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen diren agiri guztiak.

3.– Eranskinik izendaturik ez duen dokumentazioa bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta bide elektronikoz izenpetua bidaliko da, helbide honetan: http:// www.euskadi.eus/nirekarpeta.

4.– Aurretiaz aurkeztutako dokumentazioa ez da berriz aurkeztu beharko. Horretarako, noiz aurkeztu zen eta zein prozeduretan aurkeztu zen aipatu beharko da, II. eranskinean horretarako dagoen atalean, eta, bestalde, kontsulta egiteko baimena eman badu.

5.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

7. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 6. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta horretarako, hamar eguneko epea emango dio jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela, aurretiaz ebazpena eman ondoren, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan agindutakoari jarraikiz.

8. artikulua.– Hautaketa Batzordea.

Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

a) Presidentea:

Zuriñe Elordi Romero andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko idazkari nagusia.

b) Bokalak:

Sonia Gonzalez Ubierna andrea, Programa eta Prestakuntza Arloko arduraduna.

Ane Miren Fernández Gómez andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko teknikaria.

Izaskun Fernández Otegi andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko Aholkularitza Juridikoaren Arloko arduraduna. Bera izango da Hautaketa Batzordearen idazkaria.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Proposamenaren kalitatea. 50 puntu, gehienez.

– Bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa, egutegiaren, metodologiaren eta aurrekontuaren arabera. 15 puntu, gehienez.

– Berrikuntzak eta proposamenaren eta erakunde-motaren arteko egokitasuna. 20 puntu, gehienez.

– Proposamena diagnostikorako eta planak egiteko metodologietara egokitzea. 10 puntu, gehienez.

– Proposamenaren kalitatea, osotasunean. 5 puntu, gehienez.

B) Lan-prozesuan Zuzendaritza inplikatzea eta erakundeko denetariko pertsonek parte hartzea. 15 puntu, gehienez.

– Erakundeak alor honetan duen ibilbidea. 7 puntu, gehienez.

– Lan-taldearen konfigurazioa. 8 puntu, gehienez.

C) Eragin biderkatzailea. 25 puntu, gehienez.

– Lurraldean duen ezarpena. 3 puntu, gehienez.

– Enpresaren tamaina. 6 puntu, gehienez.

– Jarduera sektorea/eremua. 6 puntu, gehienez.

– Barne- eta kanpo-eraginerako diseinatutako jarduerak. 10 puntu, gehienez.

D) Askotariko bereizkeria jasateko arriskuan dauden bertako emakume langileen behar espezifikoak kontuan hartzea. 10 puntu, gehienez.

2.– Gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten proposamenak atzera botako dira.

10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Diru-laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu nahi den jardueraren kostuaren % 50 izango da, gehienez ere; eta onuradun bakoitzeko, 10.000 eurokoa, gehienez ere.

2.– Ehuneko laurogeiko muga aplikatuko zaie (gehienez, 10.000 euro) irabazi-asmorik gabeko erakundeei, alegia: onurak titular edo partaideen artean banatu gabe, produkzioan edo ondasun- eta zerbitzu-banaketan lortutako irabaziak edo soberakinak erakundeen xedeak betetzeko inbertitzen edo bideratzen dituztenei.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntzak bateragarriak izango dira helburu eta xede bererako ematen diren laguntza edo diru-laguntzekin, laguntzen izaera eta erakunde emailea edozein direla ere, baldin eta laguntza guztiak batuta egin beharreko ekintzaren guztirako kostua gainditzen ez bada, ez eta diruz lagunduko den jardueraren kostuaren % 50eko muga ere, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera aplikatzekoa denean. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa gutxitu egingo da, dagokion gehienezko kopurura egokitzeko.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia eta arrazoitua emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari, eta diru-laguntza nori eman zaion, nori ukatu zaion eta ukatzeko arrazoiak zeintzuk izan diren adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie enpresa edo erakunde onuradunei. Hala ere, emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera. Epe horretan enpresa edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Ebazpenean, erakunde onuradunen zerrenda jasoko da, irizpide orokorrak aplikatuta lortu den puntuazioaren araberakoa (diruz lagunduko diren enpresa zein erakundeak eta bakoitzari emandako zenbatekoak jarrita), eta horretaz gain, ordezko erakundeen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunen batek uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko. Erakunde horiek ordezkapena egiteko hurrenkeraren arabera zerrendatuko dira, diruz lagunduko diren proiektuak adieraziko dira eta, onuradunak uko eginez gero, ordezkoaren laguntzak izan lezakeen gehienezko zenbatekoa ere azalduko da; zenbateko hori sekula ez da izango uko egin duen onuradunari esleitutakoa baino handiagoa.

13. artikulua.– Enpresa edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzak jasotzen dituzten enpresa edo erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betekizunak konplitu beharko dituzte, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 14 artikuluan ezarritakoak eta, bereziki, honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean enpresa edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, diru-laguntzaren inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Onartutako proiektuaren hasierako baldintzak edo edukia aldatzeko, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko, 15. artikuluan ezarritakoa betez.

e) Komunikazio guztietan, barnekoetan nahiz kanpokoetan (Webgunean, Intranetean, prestakuntzarako erabilitako materialetan, langileei bidalitako e-postetan, iragarki-taulan agertzen diren oharretan), diagnostikoa eta planak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen finantziazioa dutela azaldu behar da. Horretarako, erakundearen marka erreproduzitu behar da publizitate-euskarrian, parte-hartze mailaren arabera dagokion tamainan, kokalekuan eta ikuskeran, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuarekin bat etorriz. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean eska daiteke. Logotipoa diagnostikoan eta planean jarri behar da, bai eta horiek egiteko prozesuan sortzen diren dokumentuetan ere, izan barnean jakinarazteko, izan kanpoan jakinarazteko, azaroaren 17ko 38/2003 Legeak 18.4 artikuluan ezartzen duen moduan.

f) Prozesuaren hasieran, diagnostikoa eta plana egiteko asmoa jakinarazi behar zaie langileei, eta prozesuaren amaieran, diagnostikoaren eta adostutako planaren emaitza nagusienak ere. Horretarako, hori ziurtatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dira.

g) Proiektua gauzatu bitartean egindako agirietan eta bukaerako memoria eta txostenetan hizkera sexistarik ez dela erabili ziurtatu behar da.

h) Enpresek Emakunderi jakinarazi behar diote langileen zenbaketan eragina duen aldaketa oro -plantillan egindakoak-, berdintasun-planen alorreko mugen ondorioetarako.

i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea aitorpena eskatzeko konpromisoa hartu behar dute, diru-laguntza esleitzeko ebazpena EHAAn argitaratu eta hiru urteren barruan.

j) Justifikatu behar dute ekintzak burutzeko diru-laguntzen erabilera.

k) «Datuen alta/Hirugarren interesduna». Ez da bete beharko, eskatzailea Eusko Jaurlaritzaren Hirugarrenen Erregistroan alta emanda badago, non eta aipatzen diren datuak aldatu ez diren. Ebazpen honen 6.1 artikuluaren azken atalean aipatzen den baimena ematen denean ere ez da bete beharko. Inprimaki hori eskuratzeko helbidea: http://www.euskadi.eus/hirugarrenak/

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Jarduerak gauzatu ondoren eta jarduera horien ondorioz izandako gastu guztiak –Emakundek estali ez dituenak ere bai– justifikatu ondoren ordainduko da diru-laguntza, jardueraren guztizkora iritsi arte; horretarako, 2019ko azaroaren 30a baino lehen (egun hori barne), agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Egindako diagnostikoa, zeina ebaluatuko baita diru-laguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela, aurkeztutako proposamenaren eta azkenean bidalitako diagnostikoaren arteko koherentzia bermatuko da. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

b) Berdintasunerako plana, zeina ebaluatuko baita diru-laguntza esleitzeko aurkeztu zen proposamena kontuan hartuta. Horrela egiten ez bada, behar bezala justifikatu beharko da.

c) 2020rako ekintza-plana.

d) Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Egindako lan-prozesua eta lortutako helburuak deskribatuko dira, aurreikusitako egutegiaren arabera; halaber, sentsibilizazio-saioko edo saioetako edukiak, partaideak eta horiek saioei buruz egiten duten ebaluazioa.

e) Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, III. eranskinaren arabera, eta laguntza teknikoa egiaztatzen duen faktura xehatua, baita emandako aholkularitza-zerbitzuen ordainagiriak ere. Fakturek edo froga-balio baliokidea duten agiriek (merkataritzako trafiko juridikoan baliozkoak direnak edo eraginkortasun administratiboa dutenak) behar adina xehetasun izan behar dute, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko, edo egindako gastuak egiaztatzeko (diruz lagundutako jarduerei dagokienez), hau da, banku-egiaztagiriak zer kontzeptu eta faktura-zenbaki justifikatzen duen, horiexei egin behar die erreferentzia. Era berean, gastuak faktura elektronikoen bitartez ere egiaztatu ahal izango dira, betiere zerga-eremuan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte.

Diru-laguntzaz gain funts propioak edo bestelako diru-laguntza edo baliabideak erabiltzen direnean jarduerak finantzatzeko, funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira justifikazioan, baita diruz lagundutako jardueretan nola erabili diren ere.

f) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza aipatu dela egiaztatzen duen agiria, 13.e) artikuluan eskatutakoari jarraikiz.

g) Prozesuaren hasieran nahiz amaieran plantillari prozesu horren helburuak eta emaitzak agertu izanaren egiaztagiriak, 13.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

h) Laguntzaren barne eta kanpo eraginari buruzko aurretiazko txostenean aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruzko txostena.

i) Halaber, onuradunen kopurua sexuaren arabera xehakatuta jasoko da: zuzenekoak (erakundekoak direnak eta bertan lan egiten dutenak), bitartekoak (lana gauzatzeko kontratatu direnak edo diagnostikoa eta berdintasun-plana aurrera eramateko kontratatu den entitate edo enpresakoak direnak eta bertan lanean daudenak) eta azkenak (eginiko planaren onurak jasoko dituztenak).

2.– Dokumentazio hori bidaltzeko, jatorrizko dokumentazioa eskaneatuta eta elektronikoki izenpetua bidaliko da, helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Ordaintzeko, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, edozein unetan, jatorrizko dokumentazioa entregatzeko eska dezake, kautotasuna egiaztatzeko.

4.– Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da diru-laguntzaren zenbatekoan.

15. artikulua.– Diru-laguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira (betiere, ezarritako gutxieneko eskakizunak eta diru-laguntzaren helburua bete bada) eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk aldi berean laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.– Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa jasotzen denean, dokumentazioa aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatu egingo du (kasu bakoitzaren arabera), eta behar izanez gero, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak betetzen ez direla egiaztatuz gero, bereziki 13. artikuluan ezarritakoak, jasotako dirua eta honek sortutako atzerapen-interesak Euskal Herriko Diruzaintza Orokorrari itzuliko zaizkio, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen berme eta itzulketen araubide orokorra erregulatzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diotenaren arabera, betiere, hargatik eragotzi gabe, bidezkoak diren gainerako egintzak. Zehazkiago, dirua itzultzeko arrazoi izango dira azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 36 eta 37 artikuluetan hartutako egintza eta egoerak.

Deialdian jasotako betebeharrak –konpromisoak betetzeko helburuzkoak– partzialki betetzeak berekin ekarriko du jasotako zenbatekoak itzultzeko betekizuna, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37.2 artikuluari jarraikiz.

17. artikulua.– Itzulketa prozedura.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, azaroaren 17ko 38/2003 Legean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako diru-laguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren atzerapen-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea hamabi hilekoa izango da, gehienez ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean –Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak– sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi hori Lehendakaritzaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunde autonomoaren, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen otsailaren 25eko 8/2016 Dekretuan araututakora eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakora lotuta dago.

Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hau, botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Hala nahi dutenek, legeak aurreikusten dituen eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, aurka egiteko, zein Erregelamenduan aurreikusitako eskubideak baliatu ahal izango dituzte. Hori egiteko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hots, Programak eta Formakuntza Arloari (Manuel Iradier kalea 36, 01005 Gasteiz). Datu pertsonalak ez dira hirugarren herrialdeetara bidaliko, ezta hirugarren pertsonei emango ere, ez bada lege-eginbeharra betetzeko.

19. artikulua.– Minimis laguntzak.

1.– Ebazpen honetan araututako diru-laguntzak, Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107 eta 108 artikuluak minimis laguntzei aplikatzeko 1407/2013 Europako Batzordearen Erregelamenduan (EBAO, L 352 zk. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira. Diru-laguntza hauek minimis izaera dute, hau da, persona juridiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Kantitate hori baino gutxiagoko diru laguntzak ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.

2 – Diru-laguntzaren onuradunak aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta momentuko ekitaldi fiskalean jasotako minimis izaerako diru-laguntzen berri eman beharko du 1. eranskina beteaz, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan berariaz jasotzen diren diru-laguntzei, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta azken lege horren Erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Aurka egiteko, pertsona edo erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean (ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera); bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hilabete biko epean (ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera).

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 3a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala