Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2018ko abenduaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6071

AGINDUA, 2018ko azaroaren 13koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira «Fundación Patronato Santa Eulalia» izeneko fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak.

Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskaeraren espedientea. Honako aurrekari hauek ditu oinarri:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko urriaren 10ean, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko «Fundación Patronato Santa Eulalia» fundazioaren estatutuetan egindako aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak. Aldaketa horiek egitea 2018ko uztailaren 17an erabaki zuen patronatuko kide bakarrak. Espedientean jasotako agiriak erantsi zitzaizkion eskabide-idazkiari.

Bigarrena.– Era berean, patronatuaren bilera horretan, fundazioak erabaki zuen patronatuaren helburuei eta onuradunei buruzko artikuluak aldatzea.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusita dago lau lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, legea indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Era berean, lege horren 37.1 artikuluak honela dio:

«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.

Patronatuak onartutako estatutu-aldaketek fundazioaren helburuak errespetatzen dituztela bermatuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango erregistroan inskribatu aurretik babeslaritza onartzea.

Edonola ere, estatutu-aldaketa fundatzaileek jarritako helburuak aldatzean edo ezabatzean badatza eta betiere posible bada hori egitea, babeslaritzaren berariazko onarpena eduki beharko da erregistroan inskribatu baino lehen».

Kasu honetan, fundazio-helburuen aldaketak ez die eragiten helburuen edukiari eta funtsari, ez eta fundazio-borondateari ere; idazketa formalari bakarrik eragiten dio, gizarte-errealitatera egokitzeko.

Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluak eta lehenengo xedapen iragankorra; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikulua. Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin.

Ikusi dira aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta, beraz, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundazioaren helburuei buruzko artikuluaren aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Santurtziko «Fundación Patronato Santa Eulalia» fundazioaren estatutu-aldaketak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin baitziren, eta baita fundazioaren helburuei eta onuradunei buruzko artikuluen aldaketa ere; aldaketa horiek bat datoz 2018ko uztailaren 17an Juan Ignacio Gomeza Villa notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 1.424).

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 13a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala