Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2018ko abenduaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
6069

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 3koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez arautzen baitira asoziazionismoa sustatzeko eta emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan parte hartzeko 2019ko ekitaldian emango diren diru-laguntzak.

Emakunde eratzeko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtsezko helburua da emakume eta gizonen arteko berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea da Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintzaren, ekonomiaren eta gizartearen maila eta esparru guztietan. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea, berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, bere osotasunean garatzeko dauden oztopoak kentzea eta emakumeen aurkako diskriminazio era guztiak desagerraraztea EAEn.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, 24.3 artikuluan, EAEko herri-administrazioei eskatzen die susta ditzatela emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko jarduerak egiten dituzten elkarteak, eta emakumeen autonomia bultzatu eta emakumeen estatus soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea helburu dutenak.

Bestalde, 4/2005 Legeak 15.1 artikuluan xedatzen duenez, legealdi bakoitzean, Eusko Jaurlaritzak plan orokor bat onetsi behar du, non zenbait jarraibide eta gidalerro jasoko baitira koordinatuta eta orokorki, EAEko botere publikoek emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan izango dituzten jarduerak orientatzeko. Ildo horretatik, Berdintasunerako VII. Planaren egituran, hasieran, berdintasunaren aldeko gobernantza hobetzeko arloa dago, eta lehentasunezkoak diren hiru ardatz estrategiko daude; haietako bat da, hain zuzen ere, emakumeen ahalduntzea. Hori dela eta, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen iritziz, beharrezkoa da emakumeen asoziazionismoa eta parte-hartze aktiboa babesten eta sustatzen jarraitzea; izan ere, emakumeen elkarte eta federazioek eta xede eta jardute-eremu bakarra emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna sustatzea duten fundazioek zuzenean lagundu eta eragin dezakete bi sexuen benetako berdintasunaren aldeko eraldaketa sozialean, euskal gizartean.

Horrenbestez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aurreikusita dauka irabazi-asmorik gabeko elkarte eta federazioei eta fundazioei diru-laguntzak ematea 2019ko ekitaldian, baldin eta jardun-eremu eta helburu bakartzat badute emakumeen ahalduntze pertsonal, kolektibo, sozial eta politikoa sustatu eta garatzea genero-ikuspegia duten partaidetzazko prozesuen bidez. Helburua da emakumeen eta gizonen benetako berdintasunaren alde egitea, gizartean eta herritarren artean, honako hauek aldezteko: emakumeen garapena eta haien jardunena, ahalduntzearena, parte-hartze sozio-politikoarena eta elkarte-sarearena. Helburua da pixkanaka lortzea emakumeen eta gizonen berdintasuna; horregatik, diru-laguntzen deialdi hau arautzen da, publikotasun-, lehia- eta objektibotasun-irizpideei jarraituz. Hala ere, aurreko ekitaldietan egin zen bezala, orain arte aurkeztu diren programa eta jardueren ezaugarriak ikusita, eta kontuan hartuta gero eta elkarte sortu berri gehiagok parte hartzen duela, baliabide ekonomikoak zuzentasunez banatzen ahaleginduko gara betekizunak betetzen dituzten elkarte eta federazio guztien artean.

Bestetik, deialdi hau 2018ko urriaren 31n onartutako Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren babespean egiten da. Era berean, diru-laguntzetarako honako hauetan araututako araubideari lotuta dago: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean, eta lege horren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan.

Azkenik, deialdi honi, kudeaketa bizkortzeko xedez, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio, EAEko 2019ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarte eta federazioei eta xede eta jardute-eremu bakarra emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea duten fundazioei Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emango dizkien diru-laguntzak arautzea. Erakundearen xede eta helburuei loturiko programa zehatzak egin beharko dituzte 2019ko ekitaldian, hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz eta kreditu-mugetatik atera gabe.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Emakundearen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko diru-baliabideak. Zenbatekoa hirurehun eta hirurogeita hamasei mila (376.000) eurokoa izango da.

2.– Laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera (agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz nola izapidetu arautzen da).

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzak Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuko irabazi-asmorik gabeko emakumeen elkarte eta federazioek eska ditzakete, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen aplikazio-eremuko fundazioek, baldin eta helburu eta jarduteko eremu bakarra emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea badute eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen badituzte. Beharrezkoa izango da, gainera, jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan garatzea eta egoitza soziala ere Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzei edo diru-laguntzei dagokienez itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Laguntza ordaintzeko, halaber, beharrezkoa izango da betebeharrak ordainduta izatea.

4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen programak.

1.– Indarrean den Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako EAEko Planaren arabera, eta Erakundearen helburuei jarraikiz, diruz lagunduko diren programak 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira, eta honako hauek egiteko bideratuko dira:

a) Emakumeen eskubideak aniztasunetik zabaltzea, bai eta emakume-mugimenduaren historia eta pentsaera feminista zabaltzea ere, bereziki Emakumeen Aurkako Diskriminazio Modu Guztiak Ezabatzeari Buruzko Hitzarmenaren (CEDAW) nazioarteko esparrutik.

b) Ikerketa, dibulgazioa eta/edo sentsibilizazioa emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan; emakumeen eskubideak sustatu eta defendatzea, eta emakumeen erreferenteak eta genealogiak sortzea.

c) Genero-ikuspegia duten eta ahalduntze indibidualaren, kolektiboaren eta sozialaren alde egiten duten partaidetzazko prozesuak sustatzea, eta, horretarako, zenbait jarduera egitea, helburu hauek betetzeko: emakumeen egoera sozio-politikoari buruzko eztabaida sustatzea; sarean egindako lana bideratu eta sortzea, eta emakumeek kudeaketa- eta zuzendaritza-lanetan duten gaitasuna garatzea partaidetzako eta interlokuzio sozialeko espazioetan, bereziki aniztasuna aintzat hartuta.

d) Emakumeen presentzia eta protagonismoa sendotzea, eta haien partaidetza genero-ikuspegitik sustatzen duten jarduerak egitea, aniztasuna integratuz bai erabakiak hartzeko prozesu eta espazioetan, bai EAEko erakunde sozial eta politikoen kudeaketan eta zuzendaritzan.

e) Emakumeen eta haien elkarteen artean esperientziak sustatu eta trukatzea, kolektiboan eta sarean; bereziki, prozesuen logika eta metodologia aintzat hartzen dutenak.

f) Belaunaldi arteko itunak egitea emakumeen artean, eta sarean egiten duten lana sustatzea.

g) Emakume guztiek politikaren, ekonomiaren, gizartearen eta kulturaren arlo guztietan parte hartzea sustatuko duten jarduerak, emakumeen elkarteak bultzatzekoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko elkarteen mugimendua koordinatzekoak.

h) Gizartea emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz sentsibilizatzea eta horri buruzko informazioa ematea, eta informazio-baliabideetan eta hedabideetan emakumeen eta gizonen irudi berdintasunezkoa, askotarikoa eta estereotiporik gabea sustatzen duten ekimenak egitea.

i) Etxeko lanetan, senideak zaintzekoetan, zaintza sozialetan eta zeregin horiei dagozkien arduretan, gizonen erantzukidetasuna sustatzea, helburu hartuta era arrazionalagoan eta berdintasun handiagoz banatzea norberarentzat, aisialdirako, familiarako eta lanerako dugun denbora.

j) Berdintasunaren arloko prestakuntza, zenbait arlotan: hezkuntza, kultura, kirola, prestakuntza-enplegua, osasuna, gizarte-partaidetza, aniztasuna...

Trebetasunak ikasteko programak (eskulangintza, elektrizitatea, sukaldaritza, arotzeria, etab.), diru-laguntzak jaso ahal izateko, beste jarduera batzuekin osatu beharko dira, hain zuzen ere emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko sentsibilizazio-, informazio- edo prestakuntza-jarduerekin, edo genero-ikuspegia barnean hartu beharko dute.

2.– Erakunde bakoitzeko, programa bakarra lagunduko da diruz, eta, haren barruan, hainbat jarduera aurkeztu ahal izango dira. Aitzitik, ez dira diruz lagunduko honako hauek:

a) Aisialdirako baino ez diren jarduera-programak.

b) Beste erakunde batzuei eskainiko zaizkien zerbitzu eta ekintzak finantzatzeko programak.

c) Genero-ikuspegirik gabeko programak.

3.– Aurkeztutako eskabide baten helburua ez badator bat diru-laguntzen lerro honekin, baina organo kudeatzaileak uste badu administrazio-ebazpena eman aurreko fasean dagoen Emakunderen beste laguntza-lerro batean sar daitekeela, organo horrek erabaki dezake eskabide hori beste laguntza-lerro batean sartzea, hots, bere helburura gehien gerturatzen den laguntza-lerroan. Eskabidea aurrena jaso duen lerroaren organo kudeatzaileak eskabide hori bidaliko dio azkenean hura hartuko duen lerroa kudeatzen duen organoari, eta horren berri emango zaio erakunde eskatzaileari, jakinarazpena jaso eta hamar eguneko epean bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Erakunde eskatzaileak epe horretan aurka egiten ez badu, lerro-aldaketa hori onartu duela ulertuko da.

5. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura eta diru-zenbatekoaren zehaztapena.

1.– Laguntzak esleitzeko, artikulu honen 5. paragrafoan aurreikusitako norgehiagokaren prozedura erabiliko da.

Horretarako, garaiz eta behar den eran aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. Onartzen den aurrekontuaren % 100 finantza daiteke, 10. artikuluan zehaztutako irizpideei eta ebazpen honen 4. apartatuan ezarritako baremoei jarraikiz. Erakunde eta programa bakoitzari 12.000 euro emango zaizkio gehienez ere, eta, zenbateko horretan, programatutako jarduera guztiak sartuko dira, nahiz eta programa bakoitzaren guztizko zenbatekoa handiagoa izan kopuru hori baino.

2.– Aurreko apartatuan aipatutako aurrekontua onartzeko, besteak beste irizpide hauek hartuko dira kontuan:

– Kalkulua egiteko, gehienez ere 12.000 euroko aurrekontua hartuko da kontuan, eta, zenbateko horretan, programa bakar bateko jarduera guztiak sartuko dira, nahiz eta programa bakoitzaren guztizko zenbatekoa handiagoa izan kopuru hori baino.

– Diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira funtzionamendu-gastu arruntak ez diren kostuak, jarduera egiteko beharrezkoak direnak.

– Ebazpen honetan zehaztutako araubidearen babesean, diruz lagundu daitezkeen gastutzat joko dira zenbait funtzionamendu-gastu arrunt, baldin eta jardueraren aurrekontu banakatu eta zehaztuan azaltzen badira eta jarduera garatzearekin zuzeneko lotura badute, hala nola materialak, prestakuntza, inprimatze-lana, zabalkundea, laguntza teknikoa, joan-etorriak, aretoen alokairua, diruz lagundutako jarduerarekin zuzeneko lotura duen telefonoa. Hau da, ez dira aintzat hartuko erakunde eskatzailearen funtzionamendu arruntetik eratorritako gastuak, esaterako: argiaren, gasaren eta telefonoaren kontsumoa, altzariak, ordenagailuak, etab. Gastu horiek ezingo dute gainditu proiektuari guztira emandakoaren % 30.

– Soldatak, lansariak eta dietak onartuko dira, baldin eta lagundutako programa garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonenak badira. Dietak zehazteko garaian, kontuan hartuko da otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua, Zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa.

– Mantenu- eta garraio-gastuak onartuko dira, baldin eta zuzenean lotuta badaude programan jasotako jardueren garapenarekin.

– Diruz lagun daitekeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko diruz.

3.– Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan, artikulu honen eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluaren arabera diruz lagundu ezin diren gastuak agertzen badira, Hautaketa Batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazterakoan; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.

4.– Diru-laguntzaren zenbatekoa, baremo hauen arabera kalkulatuko da:

– Onartutako aurrekontuaren % 100eraino, esleipen-irizpideen arabera 91 eta 100 puntu artean lortzen duten programentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 90eraino, esleipen-irizpideen arabera 81 eta 90 puntu artean lortzen duten programentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 80raino, esleipen-irizpideen arabera 71 eta 80 puntu artean lortzen duten programentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 70eraino, esleipen-irizpideen arabera 61 eta 70 puntu artean lortzen duten programentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 60eraino, esleipen-irizpideen arabera 51 eta 60 puntu artean lortzen duten programentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 50eraino, esleipen-irizpideen arabera 41 eta 50 puntu artean lortzen duten programentzat.

– Onartutako aurrekontuaren % 40eraino, esleipen-irizpideen arabera 31 eta 40 puntu artean lortzen duten programentzat.

Diru-laguntza jasotzeko, programek 31 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

5.– Laguntzak emateko, honela jardungo da:

a) Lehenik, 71 puntu edo gehiago lortu dituzten programei dagozkien diru-laguntzak esleituko dira. Deialdirako emandako guztizko dotazioaren hainbanaketa egingo da, baldin eta dotazio hori ez bada nahikoa aurrez kalkulatutako zenbatekoen arabera diru-laguntzak ordaintzeko.

b) 71 puntu edo gehiago lortu dituzten programei laguntzak eman ondoren deialdirako emandako guztizko dotazioa agortu ez bada, gainerako saldoa erabiliko da 31 eta 70 puntu bitartean lortu dituzten programei laguntzak esleitzeko. Kasu horretan, a) letran aurreikusitako modu berean jardungo da.

6. artikulua.– Eskabideak formalizatzea eta aurkezteko epea, eta izapidetze elektronikoa.

1.– 2019ko urtarrilaren 31n amaituko da eskabideak aurkezteko epea, egun hori barne.

2.– Eskabideak baliabide elektronikoak erabiliz bakarrik aurkeztu beharko dira, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala eta oso-osorik beteta, eta hurrengo artikuluan adierazitako dokumentazioa erantsita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen denez. Hortaz, eskabideak euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira: https://www.euskadi.eus/2019/elkarteak/y22-izapide/eu

Erakunde bakoitzak eskabide bakar bat aurkez dezake, programa bat bakarrik bilduko duena (II. eranskina).

3.– Bide elektronikoz egindako eskabidearen ondorengo izapideak, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

4.– Prozedura honetako izapide guztiak bitarteko telematiko bidez egin ahal izateko, erakunde eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak onartutako edozein egiaztagiri elektroniko erabili ahal izango dute. Onartutako egiaztagiri elektronikoak esteka honen bidez kontsultatu ahal izango dira: https://www.euskadi.eus/informazioa/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu

5.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz zein gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

1.– Orokorrean, eskatzaile guztiek aurkeztu beharrekoak:

1.1.– Eskabidea, erantzukizunpeko adierazpenak eta adostasunak dituela, honako hauek egiaztatzeko:

– Erakunde eskatzailea legez eratuta eta erregistratuta dagoela elkarteen edo fundazioen erregistroan.

– Elkarte eskatzailearen edo federazio eskatzailea osatzen duten elkarteen estatutuetan emakume izatea eskatzen dela kide izateko betekizunen artean.

– Fundazio eskatzailearen xede eta jardute-eremu bakarra emakumeen sustapena dela.

– Erakunde eskatzaileak dagokion kide kopurua duela egun.

– Erakunde eskatzailea beste administrazio publiko batetik edo erakunde pribaturen batetik xede edo helburu bererako laguntzaren bat jasotzen ari den eta/edo halakorik eskatu duen eta onartu zaion, edo eskabidea artean ebatzi gabe dagoen.

– Erakunde eskatzailea BEZa ordaintzetik salbuetsita dagoela.

– Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.

– Erakunde eskatzaileak ez duela administrazio-zehapen edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik, eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera ez zaiola debekurik jarri ebazpen honetan araututako laguntzak eskatzeko.

– Erakunde eskatzailea ez dagoela itzulketa-edo zehapen-prozeduraren baten baitan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, artean prozedura izapidetzen ari dela.

– Erakunde eskatzaileak adierazten duela eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta indarrean den deialdian laguntza hauen onuradun izateko ezarritako betekizunak betetzen dituela.

– Erakunde eskatzaileak egunean dituela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den eran.

1.2.– Erakunde eskatzailearen datuak, I. eranskinaren arabera.

1.3.– Jardueren programa, 2019ko abenduaren 31 baino lehen egin beharrekoa. Erakunde bakoitzak ezin izango du programa bat baino gehiago aurkeztu. Horretarako, II. eranskina bete beharko da osorik, eta, han, jarduera bat baino gehiago jaso ahal izango da.

1.4.– Programa garatu behar duenak emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko prestakuntza eta/edo esperientzia duela egiaztatzen duen dokumentazioa, 10.1 artikuluan jasotako irizpideak egoki baloratzeko.

1.5.– Esleipen-irizpideak egiaztatzea ahalbidetzen duten gainerako agiri guztiak.

2.– Lehenagoko diru-laguntzetan dokumentazio hau aurkeztu ez dutenentzat, edo dokumentazioan aldaketak egiten direnerako:

2.1.– Identifikazio Fiskaleko Txartelaren kopia.

2.2.– Erakundearen estatutuen kopia bat.

3.– Edozein Administraziotan dauden agiriak ez dira berriz aurkeztu beharko. Horrelakoetan, agiriak noiz eta zein organo edo bulegotan aurkeztu ziren adierazi beharko da eskabidean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Era berean, ez da derrigorrezkoa izango aurrez baimena ematea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak automatikoki egiazta dezan betetzen direla zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua betez), eta egiazta ditzan, halaber, nortasun-datuak eta Datuen alta/Hirugarren interesdunari buruzko datuak.

4.– Administrazioak edozein unetan eskatuko die eskatzaileei programa baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio oro, eta dokumentu originalak aurkezteko ere eskatuko die, benetakoak direla egiaztatzeko.

8. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo atzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio interesdunari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsiko dela ohartaraziko zaio interesdunari; ezesteko, aurretiaz, ebazpena emango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

9. artikulua.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea.

1.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko eta emandako diru-laguntzen jarraipena egiteko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, eta ondoren, esleipen-proposamen arrazoitua aurkeztuko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, laguntzak emateko ebazpena hartzeko; gero, justifikazioari dagokion jarraipena egingo du.

2.– Hautaketa eta Jarraipen Batzordeko kideak:

Batzordeburua: Zuriñe Elordi Romero andrea, idazkari nagusia.

Bokalak:

– Sonia González Ubierna andrea, Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna (programa eta prestakuntza arloa).

– Izaskun Fernández Otegi andrea, Aholkularitza Juridikoko Arloko arduraduna.

– María Teresa Santamaría Zaraín andrea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko teknikaria.

Idazkaria: Aholkularitza Juridikoaren arduraduna izango da idazkaria.

10. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak esleitzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

a) Programaren kalitate teknikoa. 45 puntu, gehienez.

– Programaren azalpen argia: helburuak formulatzea, jarduerak deskribatzea –bereziki, lan-prozesua deskribatuko da, non jarduerak prozesutzat hartuko baitira, eta ez helburutzat–, prozesua ebaluatzeko adierazleen sistema...; eta programaren bideragarritasuna, aintzat hartuta egingo den lan-prozesuaren ezaugarriak, aurrekontua eta helburu horretarako ezarritako egutegia. 15 puntu, gehienez.

– Diru-laguntza eskatzen duen erakundearen baliabideak eta kudeaketa-ahalmena, metodologia (prozesuena, bereziki) eta ebaluazio egokiak. 15 puntu, gehienez.

– Balio-aldaketarako eta emakumeen ahalduntzerako elementu berritzaileak (helburuei, jarduerei eta metodologiari dagokienez), eta/edo emaitza ona izan dutela egiaztatu duten esperientzia berritzaileak transmititzea. 5 puntu, gehienez.

– Proposamenaren kalitate osoa; kontuan hartuko da genero-ikuspegia sartzea eta indarrean dagoen berdintasun-planarekin bat etortzea. 10 puntu, gehienez.

b) Programaren gizarte-onura eta eragin biderkatzailea. 40 puntu, gehienez.

– Programak zenbat hartzaile dituen eta zer kolektibori zuzentzen zaion; kontuan hartuko da eskatzaileak zer lurralde-eremutan jarduten duen. 5 puntu, gehienez.

– Jardueraren lurraldez gaindiko eremua edo eskala, hots, hainbat lurralde historikotako pertsonek partaidetza erreala izatea jardueran eta/edo erkidego mailako lankidetza-jarduerak egitea, premiak, jardunbide egokiak edo programaren helburuarentzako garrantzitsuak diren beste alderdi batzuk identifikatzeko. 5 puntu, gehienez.

– Beste elkarte batzuekin sarean lan egitea. 5 puntu, gehienez.

– Hedapen-bideak. 5 puntu, gehienez.

– Programan aniztasuna eta/edo mota guztietako diskriminazioak kontuan hartzeko aurreikusten diren neurriak. 10 puntu, gehienez.

– Esperientzia, aurkeztutako programan genero-ikuspegia integratzeko orduan, eta haren jarraitutasuna. 10 puntu, gehienez.

c) Irisgarritasunaren eta kontziliazioa ahalbidetzen duten elementuen sustapena. 10 puntu, gehienez.

– Zailtasun bereziak dituztenentzat irisgarritasuna ahalbidetzen duten elementuak. 5 puntu, gehienez.

– Bizitza pertsonala, lanekoa eta familiakoa uztartzea ahalbidetzen duten elementuak. 5 puntu, gehienez.

d) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatean edo garapenean. 5 puntu, gehienez.

2.– Diru-laguntza jasotzeko, programek 31 puntu lortu behar dituzte, gutxienez.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatu guztiek helburu berarekin ematen dituztenekin, betiere gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik egonez gero, diru-laguntza dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak emandako esleipen-ebazpenak amaitu egingo du prozesua, eta emandako eta ukatutako laguntzak adieraziko ditu. Ebazpena argitara emango da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan, eta hor argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Halaber, banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, publikotasun-ondorioak izan ditzan.

2.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da –gehienez ere–, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzarako eskaera ezetsi dela esan nahiko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, ebazpen honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazi –hau da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu– eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) «Datuen alta/Hirugarren interesduna» inprimakia bidaltzea, baldin eta lehenagoko diru-laguntzetan aurkeztu ez bada edo aldaketak izan baditu. Eranskin hori eskuratzeko: http://www.emakunde.euskadi.eus/emakundeu/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa

c) Diru-laguntza zertarako eman den, xede horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatzea onartu beharko dute.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

e) Diruz lagundutako jardueretan edozein bariazio edo aldaketa izan bada edo beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk lortu badira, idatziz jakinarazi beharko dute, Erakundeko Zuzendaritzaren berariazko onespena beharrezkoa baita aldaketak egiteko.

f) Jasotako diru-laguntza zertan erabili den egiaztatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapenak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

g) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen marka agerraraztea, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburua arautzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan adierazten den bezala (1999-10-26ko EHAA, 205. zk.), diruz lagundutako jardueren publizitate edo propaganda orotan, betiere posible bada publizitate horretan marka inprimatzea edo ikusteko moduan jartzea. Marka Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egoitzan eska daiteke. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen logotipoa beti jarri behar da diruz lagundutako programatik ateratzen den dokumentuan. Jardueraren edukiak bere gain hartzen dituena elkarte, federazio edo fundazioa dela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.

h) Erakunde onuradunek, aurkezten dituzten programa, memoria eta gainontzeko testu idatzietan, idazkera egokitu beharko dute hizkera ez-sexistara, hala ezarrita baitago Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 18.4 artikuluan. Orobat, bazter utzi beharko dituzte genero-estereotipoak, eta aktiboki sustatu emakumeen eta gizonen berdintasun erreala, egiten dituzten irudi, jakinarazpen, argitalpen, programa, ikastaro eta abarretan.

i) EAEko bi hizkuntza ofizialetan egin beharko dute diruz lagundutako programaren eta jardueren publizitatea, hala xedatuta baitago Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 39.2 eta 38.2 artikuluetan.

14. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.– Diru-laguntza zatika ordainduko da: % 75 ordainduko da 2019ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura, ez bazaio uko egin 13.a) artikuluan aipatutako epean, eta gainerakoa, % 25, 2020ko aurrekontu-ekitaldiaren kargura ordainduko da, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak egiaztatzen duenean diruz lagundutako jardueretan sortutako gastu guztiak justifikatu direla; bigarren zatia ordaintzeko, agiri hauek aurkeztu beharko dira 2020ko martxoaren 1era arteko epean (egun hori barne):

– Jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako helburuak deskribatuko dira, programan aurreikusitako egutegia kontuan izanda. Era berean, sexuka banakatuta, zuzenean onuradun diren pertsonen kopurua jasoko da (elkartea, federazioa edo fundazioa osatzen dutenak edo bertan lan egiten dutenak), baita zeharka onuradun direnena (programaren jarduerak gauzatzeko kontratatzen direnak edo jarduerak burutzeko kontratatzen den erakunde edo enpresa osatzen dutenak eta han lan egiten dutenak) eta azken onuradun direnena ere (azken finean programaren jarduerez baliatzen direnak) (III. eranskina).

– Diruz lagundutako jardueren balantze ekonomikoa, III. eranskineko ereduaren araberakoa, kontuan izanik diruz lagundu daitezkeen gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 31. artikuluan jasotako betekizunak bete beharko dituztela.

– Diruz lagundutako jardueratik ateratako produktua, halakorik balego.

– Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak. Fakturetako edo agirietako gastuaren data ezin da izan 2019ko abenduaren 31 baino geroagokoa.

– Soil-soilik lagundutako programa garatzen –eta ez beste ezertan– diharduten pertsonen soldata eta lansariak justifikatzeko agiriak.

– Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta elkarteek edo federazioek jarduerak bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten egiaztagiriak.

2.– Programaren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada, diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean, edo gastua egiaztatzeko agirien bidez (fakturak, ordainagiriak, etab.) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzaren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatu badira –betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada– eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak, aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo artikulu honetako aurreko apartatuan aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du, administrazio-bideari amaiera emango dion ebazpen baten bidez; horretaz gainera, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu –hala behar denean–, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du –hala badagokio–, eta 15 eguneko epea emango du dirua itzultzeko.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotako ez-betetzeren bat izan dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera, alde batera utzi gabe dagozkion gainerako ekintzak.

17. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatuarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituena), ezarritako baldintzak eta/edo betekizunak betetzen ez direnean, hau izango da emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura funtsatzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio alegazioak aurkezteko.

b) Alegazioak jaso ondoren edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak bete ez direla adierazten bada, galdutzat joko da diru-laguntza jasotzeko eskubidea, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeari buruz artikulu honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.

18. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu honetan sartuko dira: «Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak»; xedapen hauen arabera arautuko da fitxategi hori: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa eta datu pertsonalak babesteari buruzko 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena (Datuen Babeserako Erregelamendu Orokorra), eta Lehendakariaren otsailaren 25eko 8/2016 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baitira Lehendakaritzaren eta zenbait erakunde autonomoren (Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua) datu pertsonalak.

Emakundek botere publikoen eginkizun bat betetzen diharduela sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hori. Interesdunek datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, mugatzeko, lekualdatzeko eta aurka egiteko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, eta erregelamenduan jasotako beste edozein. Horretarako, idazki bat bidali beharko diote Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari (Manuel Iradier kalea 36, 01005 Vitoria-Gasteiz). Datuok ez zaizkio hirugarrenei emango, legeak horretara behartu ezean, eta ez dira hirugarren herrialdeetara transferituko.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 3a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.


Azterketa dokumentala