Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2018ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
6011

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo (Gipuzkoa) 5.2.04 Mendibil eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

EGITATEZKO AURREKARIAK

2018ko maiatzaren 8an, Irungo Udalak eskabide bat bete zuen, 5.2.04 Mendibil eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.

2018ko abuztuaren 7ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari (biak Eusko Jaurlaritzarenak), eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari.

Era berean, Irungo Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.

Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin ahal izateko.

Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Gipuzkoako Zuzendariordetzaren (biak Eusko Jaurlaritzarenak) txostenak jaso dira, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Irungo 5.2.04 Mendibil eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.

Aztertuta geratu dira Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.

Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehena.– 5.2.04 Mendibil eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (aurrerantzean, Plan Berezia) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Irungo Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:

A. Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Ebazpenaren xede den Plan Bereziaren helburua eremuaren antolamendu xehatua egitea da, baita Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) ahalbidetzen dituen hirigintzako zehaztapenak eta eraikuntza-baldintzak zehaztea ere. Zehazki, honako hauek proposatzen dira:

a) Etxebizitza-erabilerako lurzati eraikigarri bat familia bakarreko etxebizitza atxiki gisa xehetasunez kalifikatzea, bertan 4 etxebizitza egiteko.

b) Agindutako eraikuntzari dagozkion lerrokadurak, sestrak eta profil arauemaileak ezartzea.

c) Gaur egungo jabari publikoaren azalera eta laga beharreko berriarena xehetasunez kalifikatzea, estandar aplikagarriei jarraikiz.

Gaur egun dagoen bidearen amaieran erremate bat planteatzen da, hara iristen diren ibilgailuek bira eman ahal izan dezaten, baita oinezkoentzako bide berriak egitea ere.

Lursailek hiri-zerbitzu guztiak dituzte. Beraz, ez da beharrezkoa urbanizazio-proiektu bat egitea.

Eremuaren ezaugarri nagusiak.

«5.2.04 Mendibil» hiriaren iparraldean kokatuta dago, trenbide-zabaltzaren (mendebaldean), Irungo iparraldeko saihesbidearen (iparraldean), Jakobo Arbelaitz kalearen eta Mendibil kalearen (ekialdean) eta kale horretako 47. zenbakiaren (hegoaldean) artean. Eremuaren azalera 1.643,10 m2 da.

Eremua ez da ingurumen-interes bereziko eremutzat hartzen, ez baitu ingurumen-balio garrantzitsurik. Era berean, ez du kultura-ondarearekin lotutako elementu interesgarririk.

Eragindako eremuaren ingurumen-arriskuak. Plan Bereziaren exekuzioarekin lotutako ingurumen-eraginak

Eremuaren arazo nagusien artean, kalitate akustikoaren helburuak ez betetzea da guztietan esanguratsuena, trenbidearen zortasun akustikoko gunean dagoelako batez ere.

Oro har, ingurumenarekiko arazo nagusiak eraikina eta trenbide berriak eraikitzeko lanekin lotuta egongo dira batez ere (lurzoruaren okupazioa; lur-mugimenduak; kutsadura atmosferikoa, partikulak aireratzea eta zaratak; landaredia ezabatzea; baliabideen kontsumoa; herritarrei eragindako kalteak; eta abar).

Babestu, zuzendu eta konpentsatzeko neurriak: Ingurumen Dokumentu Estrategikoan (IDE) plan edo programaren aplikazioak ingurumenean eragin dezakeen edozein ondorio negatibo prebenitzeko, murrizteko, eta, ahal den neurrian, zuzentzeko aurreikusitako neurriak jasota daude, klima-aldaketa kontuan hartuta. Natura-baliabideen babesarekin eta haien erabilera optimizatzearekin, paisaiarekin, hondakinen kudeaketarekin, landarediarekin eta babes atmosferikoarekin loturiko neurrietan oinarritzen da proposamena, eta gauzatzeko faseetarako gomendioak biltzen ditu. Era berean, eremuko kutsadura akustikoa murrizteko neurriak jasotzen ditu.

B. Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.

1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.

b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik. IDEn, Plan Bereziarekiko, Donostialdeako Lurralde Plan Sektorialarekiko eta EAEko Ibaietako eta Erreketako Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialarekiko bateraezintasunak aztertu dira, besteak beste.

c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plan Bereziaren garapenarekin lortu nahi den helburuetako bat da lehendik dagoen bizitegi-bilbe hiritarra amaitzea, lurzoru berriak artifizialtzea ekidinez eta espazio libreak eta kalitatezko ekipamenduak sortzea bultzatuz.

d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak: ebazpen honetako aurreko apartatuetan aipatu den moduan, aurreikus daitezkeen eragin nagusien artean, eremuaren kanpoko espazioan KAH-ak gainditzea eta eraikina eta bide berriak eraikitzeko lanak izango genituzke (lurzoruaren okupazioa; lur-mugimenduak; kutsadura atmosferikoa, partikulak aireratzea eta zaratak; landaredia kentzea; paisaiaren kalitatea galtzea; baliabideen kontsumoa; herritarrei eragindako kalteak; eta abar).

e) Plan Berezia egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.

Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta Plan Bereziaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko da uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa, bereziki zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere.

3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:

– Obra-proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.

– Dagoen landaredia babestea.

– Ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.

– Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.

– Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.

– Gomendatzen da Plan Bereziak tamaina handiko ahalik eta zuhaitz gehien kontserbatzeko neurriak jaso ditzan, eta espazio libreetan bertako zuhaitzak eta zuhaixkak jartzea, ahalik eta irtenbide naturalenak aukeratuta.

– Gomendatzen da landareztatzeko plan bat egitea, barne hartzen duena haltzadi kantauriarreko espezieak erabiltzea eremua lehengoratzeko.

– Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.

– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.

– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.

Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.

– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.

– Induskatutako lurzoruen kontrola: Irungo Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.

– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.

– Aurkeztu den dokumentazioaren arabera, gaur egun nahiz etorkizunean gainditu egiten dira eta gainditu egingo dira kalitate akustikoko helburuak (KAH) Plan Bereziaren jarduketa-eremuan kokatuta dauden eraikuntzen kanpoaldean. Eremuan behar diren neurri zuzentzaileak, ekonomiko eta teknikoki bideragarriak direnak, hartu beharko dira kalitate akustikoko helburuak (KAHak) bete daitezen. Horrela izan ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 212/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira exekutatu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

– Urak babestea: kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.

– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.

– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:

– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.

– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo kontsumoa murriztea. Etorkizuneko eraikuntzara hobekien egokituko den energia berriztagarria aprobetxatzeko sistemak ezartzeko bideragarritasuna aztertzea (eguzki-energia, termikoa, fotovoltaikoa, energia geotermikoa edo biomasa).

– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea. Eraikuntza berrian, ura eta energiaren kontsumoa aurrezteko sistemak ezartzea (difusoreak, itzaltzeko eta pizteko sentsoreak, kontsumo baxuko argiztapena eta abar).

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea. Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.

– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea. Eraikuntza berrien barne-erabilerak banatzeko orduan, argi naturalaren aprobetxamendu eraginkorra hartu beharko da kontuan, besteak beste.

– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.

Bigarrena.– Irungo 5.2.04 Mendibil eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ingurumenean ondore kaltegarri esanguratsurik izango ez duela zehaztea, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoari jarraikiz, eta horrenbestez, ez zaiola ingurumen-ebaluazio arruntik egingo.

Hirugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Irungo Udalari.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, 5.2.04 Mendibil eremua Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala