Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2018ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
6010

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bitartez formulatzen baita ingurumen-inpaktuaren txostena, Markina-Xemeingo (Bizkaia) Bekobenta kalean hornidura-sarea birjartzeko proiekturako, Markina-Xemeingo Udalak sustatuta.

EGITATEZKO AURREKARIAK

2018ko maiatzaren 21ean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Markina-Xemeingo Udalak egindako eskaera bat jaso zen, udalerri horretako Bekobenta kaleko hornidura-sarea birjartzeko proiektuari buruzkoa, haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura abiarazteko helburuarekin, betiere ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen (aurrerantzean, abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 45. artikuluarekin bat etorriz, arau horren 7.2.b artikuluan xedatutakoaren gainean oinarritzen baita proiektua.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, 2018ko abuztuaren 1ean ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuaren eraginpeko administrazio publikoei zein interesdunei, aipatutako proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.

Zehazki, honako hauei egin zien kontsulta: Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza (Bizkaiko Lurralde Ordezkaritza) (horiek guztiak Eusko Jaurlaritzakoak), Ingurumen Zuzendaritza Nagusia eta Kultura Zuzendaritza (bi horiek Bizkaiko Foru Aldundikoak); Uraren Euskal Agentzia, Ekologistak Martxan Bizkaia eta Eguzkizaleak elkartea.

Kontsulten izapidea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren erantzuna jaso da, espedientean agertzen den emaitzarekin. Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduren 9ko 21/2013 Legearen 7.2.b artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren xede izango dira I. eta II. eranskinean sartuta ez dauden proiektuak, baldin eta nabarmen, zuzenean edo zeharka eragiten badiete Natura 2000 Sareko eremu babestuei. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloko indarreko legeria aplikatuta, Markina-Xemeingo Bekobenta kaleko (Bizkaia) hornidura-sarea birjartzeko proiektuari (Markina-Xemeingo Udalak sustatua) ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio; haren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenaren gaineko ondorio esanguratsurik duen ala ez eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian aurreikusitako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura arrunta egin behar zaion ala ez.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea Markina-Xemeingo Udalak (Bizkaia) sustatutako Markina-Xemeingo Bekobenta kaleko hornidura-sarea birjartzeko proiektuari, jarraian adierazten diren zehaztapenekin:

A) Markina-Xemeingo Bekobenta kalean dagoen hornidura-sarearen zati bat berritzea da proiektuaren helburua. Hornidura-sarea berritzeko, gaur egungo fibrozementuzko hoditeriaren ordez (FZ125 mm) burdinurtuzko bat ipiniko da; 200 mm-ko burdinurtuzko hoditeria erabiliko da sare nagusirako eta 32 mm-ko HDPEko hodiak harguneetarako.

B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:

1) Proiektuaren ezaugarriak:

Markina-Xemeingo Bekobenta kaleko hornidura-sarearen zati bat ordeztea da proiektu honen helburua. Izan ere, gaur egungo hoditeriaren materiala (120 mm-ko fibrozementua) ez da gomendagarria erabilera horretarako, erresistentzia baxua duelako eta matxurak eta hausturak izaten dituelako. Horrenbestez, 200 mm-ko burdinurtuzko hodiak (sare nagusian) eta 32 mm-ko HDPE hodiak (harguneetan) jarriko dira horien ordez.

Lehendik dagoen sarearekiko konexio-puntua (CRE1) Artibai ibaiaren hegoaldeko glorietan dago kokatuta eta, handik gertu, 200 mm-ko beste FD hodi batera desbideratuko da; aurrerago, 50. zenbakiko etxebizitzei dagokienari ekingo zaio. Hargune horien ondoren, ibaitik hurbil, hustubide bat proiektatu da eta, beharrezkoa denean, zuzenean isuriko ditu urak ibilgura. Gero, Artibai ibaia zeharkatzeko, zubiko taulara josiko da hoditeria; horretarako, lehendik dagoen hoditeria kendu behar da. Zubia zeharkatu ondoren, hoditeriak eskuineko espaloitik jarraituko du eta, bidegorrira iristean, haren azpitik jarraituko du etxebizitzak igarota lehendik dagoen sarera konektatu arte (CRE2). Hori baino lehen, desbideratze bat egin beharko da etxebizitza horien harguneak hornitzeko.

Aurreikusitako jarduketa gauzatzeko, zanga-indusketak egin beharko dira guztiz hiritartuta dagoen ingurune horretan, 170 metro luze ingurutan; horrez gain, 310 t soberakin inguru sortuko dira (kutsatu gabeko lurrak eta arrokak).

Hoditeria berritu behar dela aprobetxatuz, aldaketa batzuk egingo dira espaloietan: gaur egun hormigoizkoak direnak lauzatuko dira, atarien irisgarritasuna hobetuko da eta abar.

Lanak 3 hileko epean egin beharko dira.

2) Proiektuaren kokapena:

Ordeztu beharreko hornidura-sarearen zatia Markina-Xemeingo udal-mugarteko (Bizkaia) Bekobenta kalean dago kokatuta eta hirigune bat da. Ordeztu beharreko tartearen zati bat Artibai ibaia gurutzatzen duen zubiari atxikita dago.

Artibai ibaia –hoditeria berria haren zubi azpian instalatuko da, taulara josita (Ondasun Kultural gisa aitortzeko proposatu den zubia)– Natura 2000 Sarearen barnean dago (KBE ES2130011 Artibai Ibaia) eta egiturazko elementua da EAEko Korridore ekologikoen Sarean; izan ere, lotura-interes bereziko ibai-tartea da, oso korridore natural garrantzitsua baita ibai-ekosistemekin lotutako espezie askorentzat. Artibai ibaiko espezie potentzialen artean, bisoi europarra (Mustela lutreola) nabarmentzen da, Arriskuan dauden Espezieen Euskal Katalogoan galzorian dauden espezieen artean katalogatuta dagoena, baita loina (Parachondrostoma miegii) ere. Artibai ibaia interes bereziko eremua da bisoi europarrarentzat, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra kudeatzeko plana onesten duen ekainaren 16ko 118/2006 Foru Dekretuaren arabera. Tarte horretan, ibaia bideratuta eta guztiz hiritartutako ingurune batean kokatuta dago.

Bestalde, proiektuaren eremua Markina-Xemeingo Uholde Arrisku Garrantzitsuko Eremuan dago (ES017-BIZ-ART-01) eta uholdeak jasateko arrisku handia (10 urte), ertaina (100 urte) eta baxua (500 urteko errepikatze-denbora) izan dezake. Era berean, akuiferoak kutsatzeko zaurgarritasun handiko eremua da.

3) Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:

Proiektuaren izaera eta haren ezaugarriak ikusirik, inpaktu esanguratsuenak exekuzio-fasean gertatuko dira nagusiki, eta honako hauen ondoriozkoak izango dira: hornidura-hodiak ordezteko zangak irekitzea eta makinen joan-etorriak. Jarduketa hauetatik eratorritako ingurumen-afekzioak obretan ohikoak direnak izango dira: lur-soberakinak, zarata eta bibrazioak, kalitate atmosferikoaren murrizketa, hondakinen sorrera, ibilgura isurtzeko arriskua... Zentzu horretan, prebentzio- eta zuzenketa-neurri egokiekin afekzio horiek murritz daitezkeela uste da, eta Artibaiko KBEren kontserbazio-helburuei zuzenean eragingo ez diela uste da.

Bigarrena.– Proiektua exekutatzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan proposatutako neurri babesgarri, zuzentzaile eta konpentsagarriez eta baimen sektorialetan adierazitakoez gainera, baldintza hauek izan behar dira kontuan:

Natura-ondarea babesteko neurriak:

– Bisoi europarraren (Mustela lutreola) kudeaketa-planen eremuan egitekoak diren jarduerak foru-organo eskudunak ezarritako baldintzei jarraikiz gauzatuko dira. Organo horrek mugak ezar ditzake, bai lanak egiteko eran, bai horiek exekutatzeko mementoan, betiere kontuan hartuta zein diren aldi sentikorrak fauna mehatxatuaren ziklo biologikoei dagokienez.

– Lurzorua okupatzea dakarten lanak egin behar izanez gero, proiekturako behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Obrako materialek ahalik eta espazio txikiena hartu beharko dute, eta makineria eta ibilgailuak ezingo dira horretarako prestatutako eremuetatik kanpo ibili. Adierazitako eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatuz gero, neurri zuzentzaile eta lehengoratze-neurri egokiak ezarriko dira.

– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makinak uzteko, materialak bolada batean biltzeko edo pilatzeko, sortutako hondakin-tipologia ezberdinak kudeatzeko edo proiektuarekin zerikusia duen beste edozein jardun gauzatzeko, ingurumen-eragin txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira gune horiek. Eremu horiek inola ere ezin dira egon intereseko landaretza duten espazioetan (zuhaizti autoktonoak, ibaiertzeko landaredia, lehentasunezko intereseko habitatak), ezta ibilguetatik hurbil dauden lur-sailetan, hezeguneetan eta urak har ditzakeen eremuetan ere.

– Obren Zuzendaritzak onartu beharko du eremu horiek non dauden zehatz, egokitzapen-lanak hasi baino lehen. Kasu bakoitzean, aurretik in situ balizatu beharko da.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak (aldi baterako pilaketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak eta abar) lehengoratuko dira.

Ura eta lurzorua babesteko neurriak:

– Hargatik eragotzi gabe uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruan ezartzen dituen baldintzak, ez da inolako isuririk egingo jabari publiko hidraulikoaren gainean, ezta bere babes-zortasunean ere, eta ez dute jasoko solido-arrasterik.

– Halaber, erabat debekatuta dago makinak konpontzea edo makinei olioa aldatzea, horretarako berariaz jarritako guneetan ez bada. Obrak egiten ari diren inguruan ez badago azpiegitura egokirik zeregin horietarako, berariazko gune bat egokitu beharko da lan horiek egiteko. Esparru hori mugatuta egongo da, eta zorua iragazgaiztu egin beharko da; era berean, efluenteak jasotzeko sistema bat izango da, zorua eta urak kutsatzea ekiditeko.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak:

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Halaber, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoei, kalitate-helburuei eta isuri akustikoei dagokienez, obren fasean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obrek eraginpeko eremuan sorrarazitako zaratarengatik ez dira gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarrita, baina hori guztia dekretu horretako 35 bis artikuluan aurreikusitakoari kalterik eragin gabe.

Hondakinak kudeatzeko neurriak:

– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legeak araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea haiek balorizatzea.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikuntza- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Zabortegira bidali beharreko hondakinak honako hauen arabera kudeatuko dira: Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua; Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betelanak exekutatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, eta horien aldaketak.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, baita indarreko araudiaren arabera ere.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.

– Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Hala badagokio, eremu jakin batzuk egokituko dira, aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-poteak, iragazkiak, olioak, margoak eta abar. Gainera, hondakin geldoentzako edukiontziak ere jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Era berean, lanek irauten duten bitartean, sortzen diren hondakinak biltzeko gailu estankoak jarriko dira lanak egiteko eremu osoan (bidoiak, etab.). Motaren arabera bereiziko dira hondakinak, eta, ondoren, aldi baterako biltegiratuko dira aipatutako garbigunean.

– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.

Kultura-ondarea babesteko neurriak:

– Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako gainerako xedapenak gorabehera, obrak egitean aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, berehala jakinaraziko zaio Arabako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, eta hark erabakiko du zer neurri hartu.

Jardunbide egokien sistema bat hartzea.

Langileek jardunbide onen sistema bat hartu beharko dute, helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Natura-interes handiko landaretza-eremuen gaineko eragina kontrolatzea.

– Ibilguen gaineko eta beren bazterretako landaretzaren gaineko eragina kontrolatzea, eta, ondorioz, bisoi europarren eta Artibai ibaiarekin lotutako beste espezie batzuen gainekoa ere bai.

– Hondakinen isurketa eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.

– Proiektuaren eraginpeko herrigunean bizi direnei zarata eta hautsarekin enbarazurik ez eragitea.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak deseginda.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz aurreko puntuan adierazitakoek eta baimen sektorialetan ezartzen diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Hori dela eta, ez da beharrezkotzat jotzen Markina-Xemeingo (Bizkaia) Bekobenta kaleko hornidura-sarea birjartzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatzea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Martina-Xemeingo Udalari jakinaraztea.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.4 artikuluak xedatutakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean baimenik ematen ez bazaio aipatutako proiektuari. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala