Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2018ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
6009

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 13koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa.

AURREKARIAK

2017ko maiatzaren 15ean, Ingurumen Administrazioko zuzendariak ebazpen bat eman zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren ingurumen-azterketa estrategikoren irismena zehaztuz.

2018ko otsailaren 20ko agindu baten bidez, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak hasierako onarpena eman zion Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren dokumentuari.

2018ko otsailaren 28an Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako iragarki baten bidez, onartu zen berrikuspen dokumentuaren ingurumen-azterketa estrategikoaren jendaurreko informazioaren izapidea abian jartzea, 45 egun baliodunez, iragarkia argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita; horrela, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 21. artikuluan eta Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa bete zen.

Era berean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan eta urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoa betez, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak kontsulta egin zien eragindako administrazio publikoei eta 2017ko maiatzaren 15eko Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren Ebazpenenean identifikatutako pertsona interesdunei, egokitzat jotako iradokizun eta oharrak egin zitzaten.

Behin jendaurreko informazioaren eta entzunaldiaren izapideak amaituta, 49 alegazio-idazki eta txosten jaso zirela ohartarazi zuen Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak, administrazio-espedientean jasotako emaitza eta edukiarekin. Alegazio eta txosten horiek kontuan izan dira Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen behin betiko bertsioa idazterako orduan.

2018ko urriaren 30ean, Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaera egin zuen, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak eta abenduaren 9ko 21/2013 Legeak ezarritakoa betez.

Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu ziren:

– EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspena. Behin-behineko onespen dokumentua. 2018ko iraila.

– EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren ingurumen-azterketa estrategikoa. 2018ko iraila.

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitzak deskribatzen dituen dokumentua.

– Eragindako administrazio publikoekin eta interesdunekin egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituen dokumentua.

– Alegazioen hitzez hitzeko kopia, Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzako Zerbitzu Teknikoak espedientean sartutakoa aipatutako eskaeran jasotako gordailu digitaletik honako link honen bitartez: http://www.euskadi.eus/web01-a3lurral/eu/.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumen-efektu nabarmenak izan ditzaketen planen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea, eta ingurumenaren babes-maila handia bermatzea, garapen jasangarria sustatzeko.

Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoa aplikatuz, administrazio publiko batek onartutako planetan beharrezkoa izango da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egitea, baldin eta lege-mailako xedapen batek ebaluazioa egin eta onartzea exijitzen badu planak ingurumenaren gainean izan daitezkeen ondorio esanguratsuengandik.

Era berean, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 46.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, beharrezkoa da ingurumen-eraginari buruzko baterako ebaluazioa egitea, ingurumen-ebaluazio estrategiko gisa ulertuta. Izan ere, Legearen I. eranskinaren A) apartatuan jasotako planen kasuan beharrezkoa da ebaluazioa egitea, eta horien artean daude Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

Halaber, aplikatuta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 17. artikuluan eta hurrengoetan zein Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa, bai Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzak bai Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak beharrezko den guztia xedatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura aurrera eraman ahal izateko ingurumen-azterketa estrategiko baten bidez, zeinaren irismena aurrez ezarri den kontsulta publikoen eta eragindako administrazio publikoen eta interesdunen parte hartzearekin egindako prozedura baten bitartez.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren ingurumen-ebaluazio estrategikoaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoa egokia dela eta indarrean dagoen araudiari egokitzen zaiola, irismeneko dokumentuan jasotako baldintzak barne, ingurumen-adierazpen estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –organo eskuduna otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera, zeinaren bidez ezartzen den Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala–. Adierazpenak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren proposamenean ingurumen arloak behar bezala kontuan izan direla dio, eta berrikuspenak ingurumenean izan ditzakeen eraginen aurreikuspena ere egiten du, tartean, azkenean onartuko den Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenean sartu beharreko azken xedapenak ere kontuan izanik –soilik ingurumen ondorioak dituztenak–.

Ildo horretan, kontuak izanik Natura 2000 Sareko espazioen kasuan aplikatu beharreko irizpideak eta Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan arautako erabilerak dagokion babes figurek ezarritakoak direla, modu esplizituan jaso behar da espaziootako kontserbazio helburuengan ez dela aurreikusten aintzat hartzeko moduko ondorio negatiborik.

Orain arte ezarritakoari jarraikiz, espedienteko txostenak aztertu dira eta honako hauek guztiak ikusi dira: Euskal Herriko ingurumena babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretua; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, bada, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenaren ingurumen-adierazpen estrategikoa formulatzea, jarraian zehaztu bezala:

A) Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroek arlo ezberdinetako lurralde gidalerroak zehazteko markoa osatzen dute.

Egin zirenetik igarotako denborak justifikatzen du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspena, gidalerrook aplikatzearen emaitzak balioesteko behar besteko denbora igaro baita jada; horrez gain, natura, ingurumena eta hirigintza babestearekin lotutako legerian izandako aldaketak lurralde-plangintzara gehitzeko beharra ere badago.

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aplikazio-eremu geografikoa Euskal Autonomia Erkidego guztia da, lurralde, eskualde edo udalerri mailako bereizketarik gabe. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde osoa hartzen du, jurisdikziopeko urak eta jabari publiko hidraulikoaren barneko urak barne.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea ingurumen-balio handiak dituzten eremuak eta oso gizatiartu eta degradatuta dauden beste batzuk espazioan estuki lotuta izateagatik ezaugarritzen da.

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen lurralde-eremuan bereziki garrantzitsuak diren esparruak daude, haien natura-balio bikainak, kultura-balioak, edo gaur egungo zein etorkizuneko gizakien osasunerako eta ingurumenerako dituzten arriskuak direla-eta. Lehenengoen artean daude legeak aplikatzearen ondorioz ingurumen-babeseko erregimenen bat duten espazioak. Espazio horiez gain, ingurumen-balio nabarmenak dituzten eta zenbait katalogo eta inbentariotan jasota dauden beste espazio batzuk daude, baita igarobide ekologikoak eta Natura 2000 Sarearen koherentzia eta lotura ekologikoa indartzen duten beste elementu batzuk ere.

Era berean, ingurumen-eremu garrantzitsuak dira balio agrologiko nabarmena duten lurzoruak eta Kantauri Ekialdeko, Kantauri Mendebaldeko eta Ebroko Mugape Hidrologikoetako Plan Hidrologikoetan ezarritako Eremu Babestuen Erregistroko Euskal Autonomia Erkidegoko beste eremu batzuk, baita lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren ondoriozko babes-erregimenen bat duten naturaguneak ere, adibidez, Txingudiko Baliabide Naturalak Antolatzeko Plan Berezian jasotakoak.

Kultura-balio handia dutenen artean kultura-ondarearen zati direlako kalifikatuta edo inbentariatuta dauden eremuak edo ondasunak daude, bai eta ustezko arkeologia-eremuak ere.

Ingurumen-arrisku garrantzitsuak dituzten eremuen artean, urak hartzeko 10 eta 100 urteko errepikatze-denbora duten eremuak daude, baita 500 urteko errepikatze-denbora dutenak eta Lehentasunezko Fluxuko Eremuak, eremu higagarriak edo higatzeko arriskua dutenak, kutsagarriak izan daitezkeen jarduerak edo instalazioak pairatzen dituzten edo pairatu dituzten lurzoruak eta akuiferoak kutsa ditzaketen eremuak ere.

Honako ingurumen-adierazpen estrategiko honek bat egiten du ingurumen-azterketa estrategikoan jasotako ondorio nagusiekin, jarraian laburbiltzen direnak:

– Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko dokumentuak ez du aldaketa nabarmenik planteatzen egun indarrean diren Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekiko ingurune fisikoaren aldaketa zuzenak eragin ditzaketen jarduketei dagokienez. Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak garatzeko bitartekoei dagokie, eta, azken batean, etorkizunean euren baitan baimendu daitezkeen proiektuei, jarduketok zehaztea, eta, horrela badagokio, baita euren ingurumen ebaluazioa ere. Ondorioz, ez da detektatu ezabatu edo berriz definitu beharreko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen jarduketarik.

– Bestalde, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen berrikuspenean, ezartzen da ingurumen ebaluazio prozeduren ondorioetarako etorkizunean proiektuak baimentzeko markoa ezartzen dutenik ulertzerik ez den ingurumen babeseko zehaztapen multzo bat; ingurumen izaera ez duten eta ingurumenarekiko ondorio esanguratsurik ez duten beste hainbat zehaztapen ere ezartzen dira.

Hala ere, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aplikatzeko arauetan bai detektatu dira egun indarrean den ingurumen legeriarekin bat ez datozen eta zuzentzea komeni den zenbait kontu puntual.

B) Neurri babesleak, zuzentzaileak, konpentsatzaileak eta segimenduzkoak aplikatuko dira indarreko araudiaren arabera, honako Ebazpen honetako hurrengo apartatuetan ezarritakoaren arabera, eta, aipatu berri dugunarekin talka egiten ez duenean, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aplikazio arauetan aurreikusitakoaren arabera. Honako prozedura honetan aurrera eramandako ingurumen-ebaluazio estrategikoaren emaitza gisa, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aplikatzeko arauak jarrian zehaztu bezala aldatu beharko dira:

3.1.2 artikulua.– Azpiegitura berdeak:

Honako hau dioen lekuan:

«– Beren ingurune-balioengatik babestutako guneak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba.

– Korridore ekologikoak eta naturaren ikuspegitik interesa duten beste gune multifuntzional batzuk».

Honako hau esan behar du:

– Naturagune babestuak.

– Korridore ekologikoak eta naturaren ikuspegitik interesa duten bestelako guneak.

Espazio horien definizio zehatza II. eranskineko 2.b.2. apartatuan garatzen da.

3.3 artikulua.– Ingurune fisikoaren antolamendu-matrizea:

...

C) Onartutako erabileren barruan:

...

Honako hau dioen lekuan:

«– 23: Ingurumen araudi espezifikoa dute (Baliabide Naturalak Antolatzeko Plana, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilpenerako eta Kudeaketarako Egitamu Gidaria, Kontserbazio Bereziko Eremua) edo hezeguneen lurralde-plan sektoriala edo itsasertzeko lurralde-plan sektoriala».

Honako hau esan behar du:

23: Aplikatu beharreko irizpideak eta erabileren erregulazioa dagokion babes-figurak ezarritakoak izango dira.

Era berean, antolamendu-matrizearen eskema ere zuzendu behar da, esandakoaren arabera. Laburbilduta: 23-babes figura aplikagarria.

4.1 artikulua.– Jarraian zehaztutako elementuek osatutako azpiegitura berde bat ezartzea:

Honako hau dioen lekuan:

«a) Beren ingurune-balioengatik babestutako espazioak.

b) Dokumentu honek aipatutako korridore ekologikoen sarea.

c) Ibilguak eta gainazaleko uren babeseko zona gisa kategorizatutako haien zonak, RAMSAR hezeguneak eta Hezeguneen Lurralde Plan Sektorialak inbentariatutako ur-masa guztiak.

d) Dokumentu honek aipatutako beste espazio multifuntzional batzuk».

Honako hau esan behar du:

– Naturagune babestuak.

– Korridore ekologikoak eta naturaren ikuspegitik interesa duten bestelako guneak.

Espazio horien definizio zehatza II. eranskineko 2.b.2. apartatuan garatzen da.

16.6 artikulua.– Energia Eolikoaren lurralde-plan sektoriala egungo energia-eskakizunetara egokitu beharko da, energia berriztagarriek–eta zehazkiago energia eolikoak– bete beharreko helburu sektorialak oinarri hartuta. Gainera, honako hauek ere bete beharko ditu:

... (jarraian, 16.6 artikulua hiru apartatutan garatzen da).

Agirian jasotakoen aurretik beste bi zehaztapen berri sartu beharko dira, honako edukiokin:

a) Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 14ko 42/2007 Legeko 46. artikuluak ezarritako mugak kontuan izatea.

b) Haize gutxirekin ere aprobetxamendu eolikoa ahalbidetzea helburu duten teknologiak garatzera bideratutako jarduketa bat sartzea, mendialdeetatik kanpo ere parke eolikoak garatu ahal izatea helburu hartuta.

38.2 artikulua.

Honako hau dioen lekuan:

«Ingurumen-arloko ebaluazio-prozeduraren izapideak eta planaren funtsezko prozeduraren izapideak batera egingo dira, izapidetze-epeak hobetzea helburu».

Honako hau esan behar du:

Ingurumen-ebaluazio estrategikoko prozedurak plan eta programak onartzeko prozeduren barnean sartuko dira; hala, posible den heinean, bi prozedurotan eskatutako antzeko izapideak aldi berean egin eta administrazio-egintza bakarrean batuko dira.

38.3.b artikulua.

Honako hau dioen lekuan:

«Globalki koherentea izan beharko den dokumentu bakar batean barnebilduko dira Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta administrazio zentralak aurkeztutako txosten sektorialak, baita, baldin badaude, ingurumen-ebaluazio estrategikoarekin lotutako ingurumen-organoaren txostenak ere».

Honako hau gehitu behar da:

Hori guztia Planen eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 13. artikuluaren 4. eta 6. apartatuetan ezarritakoa kaltetu gabe.

38.4 artikuluari buruz.– Ingurumen ebaluazioaren arloko legeria espezifikoa aplikatuta, plan orokorrei aplikatu beharreko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta administrazio-prozedura batean gauzatzen da; bertan, ingurumenaren gaineko balizko ondorio esanguratsuak aztertzen dira eta zenbait administrazio-arlotan eskumen zabalak dituzten eragile ezberdinek parte hartzen dute. Prozedura horretan ingurumen-organoak duen funtzioa txostenak egiterena da. Txostenotan, alde batetik, ebaluazioaren irismena zehazten da, eta, bestetik, honako elementuak jasotzen dira: ebaluazio prozesuan zehar izandako ingurumen-arloen integrazioaren balorazioa, ingurumen-azterketa estrategikoaren kalitatea, eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza, organo sustatzaileak kontsultok nola hartu dituen aintzat, plan edo programak abian jartzeak ekarriko dituen eragin esanguratsuen aurreikuspena, eta azken ingurumen-zehaztapenak. Aurreko guztia kontuan hartuta, 38. artikuluko 4. apartatua ez dator zehaztapenokin bat, eta, beraz, ezabatu egin behar da.

II. eranskina, 2.b.2 apartatua.– Azpiegitura berdearen baldintzatzaile gainjarriak:

Honako hau dioen lekuan:

«A) Beren ingurune-balioengatik babestutako guneak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba: bertan gaur egun deklaratuta dauden parke naturalak, babestutako biotopoak, zuhaitz apartekoak, Natura 2000 Sarea, Urdaibaiko Biosfera Erreserba eta Txingudiren Babeserako Plan Berezia bilduta daude, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legea, Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesteari eta antolatzeari buruzko Legea eta honako kapituluan adierazitako gainontzekoak jarraituz etorkizunean deklaratzen direnak ere, euren babeseko gune periferikoak barne. Garrantzi natural handieneko guneak dira. Irizpideak eta dagokien erabilera-erregulazioak beren ondoz ondoko babes-figurek ezarritakoak izango dira.

B) Korridore ekologikoak eta interes naturaleko beste gune multifuntzional batzuk: dokumentu honetan definitutako korridore ekologikoen sarea da, baita izan ditzakeen eguneratzeak ere edo lurralde-plan partzialek edo hirigintza-planek gehi ditzaketenak, bakoitzak bere eskalan. Baldintzatzaile horren barruan biltzen dira, halaber, babes-figurarik ez izan arren naturgune garrantzitsuak diren, eta, beraz, beren ingurumen-balioaren neurriko tratamendua izan behar duten guneak. EAEko azpiegitura berdearen zati diren guneak dira. Gune horietan aurreikusitako edozein erabilera kapitulu honetan adierazitako azpiegitura berdearen helburuen mende egongo da, eta, dokumentu honetan proposatutako korridoreei dagokienez, batik bat beren ingurumen-balioengatik babestutako guneen arteko konektibitate ekologikoa bermatzeko lehentasunezko helburuaren mende. Jarduera onargarriak adierazitako helburuak ahalbidetzen dituzten guztiak izango dira, helburu horiek bultzatzen dituzten jarduerek lehentasuna izango dutelarik».

Honako hau esan behar du:

a) Honako bitarteko arauemaileetakoren bat aplikatzearen ondorioz ingurumen-babeseko erregimenen bat duten guneak:

– 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa.

– 1/2014 Legegintzako Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

– 10/2001 Legea, uztailaren 5ekoa, Plan Hidrologiko Nazionalarena.

Aipatu arauak aplikatzearen edo aldatzearen eraginez etorkizunean izan daitezkeen ondorioak kaltetu gabe, kategoria honen barnean honako zona eta elementu hauek daude:

– Parke naturalak.

– Paisaia babestuak. Hauek izango lirateke: administrazio eskudunek, aplika daitekeen plangintzaren bidez, dituzten balio natural, estetiko eta kulturalengatik eta Europako Kontseiluaren paisaiaren Hitzarmenarekin bat, babes berezia merezi dutela uste duten guneak.

– Biotopo babestuak.

– Zuhaitz apartekoak.

– Natura 2000 Sarea (Batasunaren intereseko lekuak, Kontserbatzeko Eremu Bereziak eta Hegaztia Babesteko Eremu Bereziak).

– Nazioarteko hitzarmen eta akordioetan ezarritakoarekin bat formalki izendatutako naturaguneak eta, bereziki, hauek:

– Ramsar hezeguneak.

– Urdaibai Biosfera Erreserba.

– Euskal Kostaldeko Geoparkea.

– Erreserba hidrologikoak.

b) Korridore ekologikoak eta naturaren ikuspegitik interesa duten bestelako guneak.

b.1.– Natura 2000 Sarearen koherentzia ekologikoa eta konektibitatea hobetzeko planeamenduak definitutako korridore ekologikoen sarea, baita migraziorako, banaketa geografikorako eta fauna eta flora basatiko espezie populazioen elkartruke genetikorako oinarrizkoak diren edo funtsezko garrantzia duten paisaia-elementuak eta lurreko zein itsasoko guneak ere.

b.2.– Babestutako guneez gain, honako katalogo edo inbentarioetan jasotako guneak edo etorkizunean jaso daitezkeenak:

– Mehatxatutako flora edo faunako espezieen banaketarako interes berezia duten eremuak, Mehatxatutako Espezieen EAEko Katalogoan jasotakoak.

– EAEko Basoen Inbentarioan jasotako baso naturalak eta erdi-naturalak.

– EAEko paisaia berezi eta nabarmenen katalogoaren eta paisaien katalogo eta gidalerroen arabera paisaia-balioagatik katalogatutako eremuak.

– EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako guneak.

– EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko babes bereziko guneak.

– EAEko Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planean sartuta dauden eta babes bereziko zonaldeetatik kanpo dauden hezeguneak.

– EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen Kudeaketarako Baterako Planean sartuta daude interes bereziko guneak.

– Batasunaren intereseko habitatak dituzten eremuak (92/43/EE Zuzentarauaren I. eranskina), bereziki lehentasunezko habitatak, Natura 2000 Saretik kanpo.

– Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritako hegazti mehatxatuentzako intereseko eremuak. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta hegaztiak goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko diren abifauna babesteko eremuak argitaratzen dira.

C) Planaren berrikuspena izapidetu bitartean ez da gehitu ingurumen-ebaluazio estrategikoaren hedapenik eskatzen duen jarduketa berririk.

D) Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetatik ondorioztatutako plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluaziorako arau orokorrak.

Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen ondoriozko plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioak justifikatu beharko du planok, programok eta proiektuok nola ezartzen dituzten arau, estrategia eta programa hauetatik eratorritako ingurumen-helburuak:

– VII. Europar Batasunaren Ingurumen arloko Ekintza Programa.

– 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurumena Babestekoa.

– 42/2007 Legea, abenduaren 13koa, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzkoa.

– Euskal Autonomia Erkidegoko 2020rako Ingurumen Esparru Programa.

– EAEko Garapen Jasangarrirako Ingurumen Estrategia 2002-2020.

– EAEko Biodibertsitate Estrategia 2030.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Geodibertsitate Estrategia 2020.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Klima-aldaketaren aurkako 2050 Estrategia.

– EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Plana 2020.

– Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 2. artikuluan bildutako garapen jasangarriko printzipioak.

– Paisaiaren arloaren gaineko jarduketa-helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzearen inguruko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 2. artikuluan jasota daudenak.

– EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren arabera ezarritako kalitate akustikoko helburuak.

Honako helburu, printzipio eta irizpideak hartuko dira kontuan bereziki:

1.– Egungo belaunaldien beharrei aurre egingo dien garapen jasangarria bermatzea, etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei aurre egiteko ahalmena arriskuan jarri gabe.

1.1.– Lurzoruaren okupazioa geldiaraztea, erabilerak nahastea eta gune degradatuak leheneratzea eta berrerabiltzea sustatuz eta gaitasun agrologiko handikotzat hartzen direnen eta horregatik babestuta daudenen okupazioa geldotuz joatea.

1.2.– Pertsonen eta salgaien mugikortasun jasangarrirako hiri-ereduak bultzatzea.

1.3.– Hiri-segregazioa, hiri-barreiadura eta mugikortasun behartua saihestea irisgarritasuna sustatzeko asmoz, lurzoruaren erabileren plangintza integratuaren, mugikortasunaren, eta hiri-egitura dentso, trinko eta konplexuen bidez.

1.4.– Ingurumeneko eraginak minimizatzea, jardueren ondorioak aurrez ebaluatuz.

1.5.– Landa-eremuaren jasangarritasuna bermatzea nekazaritzaren eta ingurumenaren arteko oreka zainduz eta bultzatuz.

1.6.– EAEn energiaren, uraren, hondakinen eta lurzoruen erabilera arduratsua sustatzea.

2.– Natura-ondarea babestea, zaintzea eta lehenera ekartzea, eta ekosistemek eskura jartzen dituzten zerbitzuak zaintzea. Biodibertsitatearen galera geldiaraztea.

2.1.– Biodibertsitatea babestea, horretarako biodibertsitatearen osagaiak modu jasangarrian erabiltzen direla zainduz, ingurumenaren baliabideen erabileratik ateratako etekinetan parte-hartze justua eta bidezkoa lortzeko.

2.2.– Kontserbazio-eskakizunak, erabilera jasangarria eta natura-ondarearen hobekuntza eta leheneratzea eta biodibertsitatea politika sektorialetan integratzea, ingurumena babestea lurralde- eta hirigintza-antolamenduaren gainetik lehenesteko legezko printzipioa kontuan hartuta.

2.3.– Habitaten eta populazio biologikoen galera eta degradazioa gelditzea, eta horien kontserbazio-egoera hobetzea, lurralde erresiliente eta multifuntzional baterantz aurrerapausoak egiteko.

2.4.– Ondare geologikoaren kontserbazioa indartzea ondare hori lurralde- eta sektore-plangintzaren tresnetan eta ingurumena prebenitzeko prozeduretan txertatuta.

3.– Klima-aldaketaren eragina mugatzea.

3.1.– Energia berriztagarriak biodibertsitatearen kontserbazioarekin eta ur eta lurzoruen babesarekin bat egiteko moduan ezartzen direla sustatzea.

3.2.– Intermodalitatea eta berotegi-efektuko gas gutxiago isurtzen dituzten garraiobideak bultzatzea.

3.3.– Klima-aldaketarekiko erresilientea, trinkoa eta erabilera mistokoa den hiri-egitura bultzatzea.

4.– Aire, ur eta lurzoru garbiak eta osasungarriak bermatzea.

4.1.– Arrisku naturalak dituzten lurzoruen urbanizazioa geldiaraztea (uholdeak, akuiferoen ahultasuna, erosioa).

4.2.– Azaleko ur-masak (ibaiak, estuarioak, kostaldeko urak, aintzirak eta hezeguneak), lurpeko ur-masak eta urarekin lotutako babestutako zonaldeak (bainatzeko tokiak, hartuneak, nitratoekiko eremu zaurgarriak) egoera onean izatea lortzea.

4.3.– Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioekin bat airearen kalitatea ziurtatzea (kanpoan eta barnean, zarata barne), baita zarata handiekiko esposizioa duen biztanleria murrizten dela bermatzea ere.

4.4.– Lurzoru kutsatuaren kudeaketa hobetzea, berme juridikoa eta eragileen eta lurzoruaren erabiltzaile potentzialen jarduera indartuz.

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia komunikatzea Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratze Zuzendaritzari.

Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 13a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

IVAN PEDREIRA LANCHAS.


Azterketa dokumentala