Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

235. zk., 2018ko abenduaren 7a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
6005

156/2018 EBAZPENA, azaroaren 26koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Izenpe SA ziurtapen eta zerbitzu enpresaren arteko Akordioa, helburu duena datu biometrikoen atzipenean oinarritutako identifikazio-bitarteko elektronikoen proiektu pilotua hedatzea.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak akordio hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Izenpe SA ziurtapen eta zerbitzu enpresaren artean sinatutako akordioa, helburu duena datu biometrikoen atzipenean oinarritutako identifikazio-bitarteko elektronikoen proiektu pilotua hedatzea. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 26a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 26KO 156/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUAREN ETA IZENPE SA ZIURTAPEN ETA ZERBITZU ENPRESAREN ARTEKOA, DATU BIOMETRIKOEN ATZIPENEAN OINARRITUTAKO IDENTIFIKAZIO-BITARTEKO ELEKTRONIKOEN PROIEKTU PILOTUA HEDATZEKO IZENPETUA

Vitoria-Gasteizen, 2017ko urriaren 26an.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Beatriz Artolazabal Albeniz andrea, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua organismo autonomoko presidente gisa, organismo horren izenean eta hura ordezkatuz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari buruzko urriaren 13ko 3/2011 Legearen 9 c) artikuluan ezarritakoaren arabera esleitutako eskumenak baliatuz.

Aurrerantzean, Lanbide.

Bestetik, Izaskun Urrestarazu Amondarain andrea, Izenpe SA Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresaren izenean eta hura ordezkatuz. Zuzendaria delako ditu eskumenak, 2016ko martxoaren 21ean Vitoria-Gasteizko notario Alfredo Pérez Ávila jaunaren aurrean (bere protokoloko 773 zenbakiarekin) emandako ahalorde-eskritura betez (behar bezala inskribatua Arabako Merkataritza Erregistroan, 1541. liburukian, 79. folioan, VI-8926 orrian).

Aurrerantzean, Izenpe.

Alde bakoitzak besteari hitzarmen hau izenpetzeko ahalmen juridikoa aitortu, eta honako hau

AZALTZEN DUTE:

1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Lege berriak administrazio elektronikoaren ezarpenean sakontzen du, prozedura arinagoak eta gardenagoak lortzeko, gaur egungo gizartearen premiei erantzungo dietenak eta berekin ekarriko dutenak administrazio-prozedurak herritarrentzat sinplifikatzea, hori beharrezkoa baita. Bitarteko elektronikoen erabilera bermatzeko eta orokortzeko, Administrazioak beharrezkoak diren sistemak eta aplikazioak jarri behar ditu herritarren eskura.

Administrazio elektronikoaren oinarrietako bat, hain zuzen, prozeduran interesdun direnek erabil ditzaketen identifikazio- eta sinadura-sistemak zehaztea da. Aipatutako lege-testuaren 9. artikulutik 19. artikulura bitarteko artikuluetan daude araututa alderdi horiek.

9. artikuluan ezartzen denez, administrazio publikoak behartuta daude administrazio-prozeduran interesdun direnen nortasuna egiaztatzera, eta, halaber, artikulu horren 2. puntuan, interesdunak elektronikoki identifikatzeko zer sistema onartzen diren zehazten da, eta sistema horiek erabiltzaile gisa aurrez erregistratzeko eta nortasuna egiaztatzeko modua izan behar dutela ezartzen.

10. artikuluan, administrazio publikoek onartzen dituzten sinadura-sistemak arautzen dira.

2.– Eusko Jaurlaritzak eta foru-aldundiek, euren informatika-sozietateen bidez, Izenpe sozietatea eratu zuten, identifikazio eta sinadura elektronikoko berezko sistema erkide gisa erabil zedin, funtsezko xedetzat hartuta erakundeen zerbitzura jartzea herritarrek eta enpresek elkarrekin eta administrazioekin harremanak izateko behar dituzten bitartekoak, bai eta zerbitzu publikoetan sartu ahal izatea ere, integritate eta isilpekotasun berme guztiekin, arbuiorik gabe eta egiaztatuta; eta zerbitzu horiek ezartzeko ezinbesteko elementuetako bat identifikazio elektronikoa da.

Arau-testuinguru horretan, Izenpek B@k eta B@k Q garatu ditu pertsona fisikoen identifikazio eta sinadura elektronikorako bitarteko gisa. Bi sistemek hau guztia dute: erreferentzia-zenbaki bat, pasahitz bat, koordenatu-joko bat B@k Qren kasuan eta sinadura elektronikoko ziurtagiri bat, kualifikatu gabea (B@k) eta kualifikatua (B@k Q), Izenperen gordailu zentralizatu seguru batean emana.

Hitzarmen honen eremuan, Izenpek pertsonak identifikatzeko beste faktore seguruago batzuk sartu nahi ditu, hala nola emailOTP, smsOTP eta faktore biometrikoak, hala nola aurpegiko ezaugarriak eta hatz-aztarnak.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua urriaren 13ko 3/2011 Legearen bidez sortu zen, eta izaera administratiboa duen organismo autonomo bat da, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikia. Nortasun juridiko propioa du, bai eta jarduteko gaitasun osoa ere, bere helburuak betetzeko. Besteak beste, funtziotzat du enplegu-politika aktiboen bitartekotza eta betearazpena kudeatzea, bai eta diru-sarrerak bermatzeko prestazio ekonomikoak kudeatzea ere, arlo hori arautzen duen legerian ezarritakoaren arabera.

4.– Gaur egun, Lanbidek pasahitz operatiboa du ezarria, erabiltzaileek organismoarekin dituzten harremanetan nortasuna ziurtatzeko bitarteko gisa, eta pasahitz hori garatu nahi du, eta sistema elkarreragile bat abian jarri, bere zerbitzuak erabiltzen dituztenei aukera emango diena edozein administraziorekin komunikatzeko, betiere lege- eta segurtasun-bermeekin.

5.– Europako Parlamentuaren Eta Kontseiluaren 2014ko uztailaren 23ko 910/2014 Erregelamenduak (EB) ezartzen duenez (erregelamendu hori identifikazio elektronikoari eta barne-merkatuko transakzio elektronikoetarako konfiantzazko zerbitzuei buruzkoa da, eta 1999/93/EE Zuzentaraua indargabetzen du), konfiantzazko zerbitzu baterako ziurtagiri kualifikatu bat emateko, konfiantzazko zerbitzuak ematen dituenak ziurtagiri kualifikatua ematen zaion pertsonaren nortasuna identifikatuko du, zuzenean edo hirugarren baten bidez, eta hirugarren horrek erregistro-erakundearen izaera eskuratuko du.

Testuinguru horretan, Lanbidek eta Izenpek hitzarmen hau sinatu nahi dute, datu biometrikoen atzipenean oinarritutako pertsona fisikoak identifikatzeko bitarteko elektronikoak hedatzeko, eta Lanbide izango da Izenperen erregistro-erakundea.

Horretarako, bi aldeek hitzarmen hau egitea hitzartu dute, klausula hauen bidez arautuko dena:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hitzarmen honen xedea Lanbideren eta Izenperen arteko lankidetza-esparru bat ezartzea da. Esparru horren bidez, Lanbidek Izenperen erregistro-erakunde gisa jardungo du, B@K eta B@K Q identifikazio digitalerako eta sinadura elektronikorako bitartekoak bideratzeko.

B@k:

– Pertsona fisikoak identifikatzeko bitartekoa da, egiaztatzeko eta sinatzeko; osagai hauek ditu:

– Erreferentzia-zenbakia; erabiltzailearen NAN/AIZ/pasaportea da.

– Pertsona fisikoaren datu biometriko batzuk.

– Pasahitz bat.

– Ziurtagiria, kualifikatu gabea, zentralizatutako gordailu batean dagoena eta sinatzeko erabiltzen dena.

Horren osagarri, erabilera batzuetan edo guztietan kode bat bidal daiteke gailu mugikor batera:

– B@k baliabidea pertsona fisikoak identifikatzeko eta egiaztatzeko erabil daiteke sinaduretan; osagai hauek ditu:

– Erreferentzia-zenbakia: NAN/AIZ.

– Pertsona fisikoaren datu biometriko batzuk.

– Itsasontzi-jokoa: 16 karaktere eta haiei dagozkien erantzuteko 16 digitu.

– Pasahitz bat.

– Sinadura elektronikoaren ziurtagiria, kualifikatu gabea, zentralizatutako gordailu batean dagoena eta sinatzeko erabiltzen dena.

Bigarrena.– Egin behar diren jarduerak.

Lanbidek, Izenperen erregistro-erakunde gisa, jarduera hauek egingo ditu, bere zerbitzuak erabiltzen dituzten eta Izenpek ematen dituen identifikazio-bitartekoak eskatzen dituzten pertsonei dagokienez:

– Haien nortasuna egiaztatzea.

– Hatz-aztarnak hartzea.

– Aurpegiaren argazki bat egitea.

– B@k eta B@k Q emateko eskabidearen sinadura jasotzea.

– Eskuratutako datu biometrikoak (argazkia eta hatz-aztarna) erregistratzea, Izenperen nortasunen fitxategian.

Hirugarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honek urtebeteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik hasita.

Indarraldia amaitu aurreko edozein unetan, aldeek aho batez adostu ahalko dute hura urtebetez luzatzea, gehienez beste lau urtez, edo hura azkentzea.

Laugarrena.– Erregimen ekonomikoa.

Hitzarmen honek ez dakarkie betebehar ekonomikorik aldeei.

Bosgarrena.– Aldeen betebeharrak.

1.– Hauek izango dira Lanbideren betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

Erregistro-erakunde gisa dagozkion jarduerak egitea, bigarren klausulan ezarriak, kontuan hartuta Izenperen ziurtapen praktiken deklarazioa, hemen argitaratua: www.izenpe.eus/dpc

Bere jarduera eraginkortasunaren, kalitatearen, segurtasunaren eta gardentasunaren printzipioetan oinarritzea.

Izenperen hornitzaileentzako segurtasun-politika betetzea; Izenperen hornitzaileentzako segurtasun-politika, hemen argitaratua: www.izenpe.eus

Izenperi bidaltzea B@k eta B@k Q egiteko eskabidea, eskatzaileak eta Lanbideko operadoreak sinatua.

Izenpek bideratutako identifikazio-bitartekoak eskatzen dituzten pertsonei jarraibide zehatzak ematea, nortasun digitalaren prozesua sortzeko eta amaitzeko.

2.– Hauek izango dira Izenperen betebeharrak, kasu bakoitzean adierazten den irismenarekin:

Lanbideri jakinaraztea nola egin erregistro-erakunde gisa dagozkion jarduerak, eta sortzen den edozein kontutan laguntzeko prest egotea.

Horretarako, beharrezkoa den prestakuntza emango die nortasun digitalak sortzeko eta egiaztatzeko ardura duten langileei.

Erabiltzaileak erregistratzeko eta identifikatzeko beharrezkoa den softwarea Lanbideren esku jartzea.

Seigarrena.– Alde sinatzaileen erantzukizunak.

1.– Lanbidek erantzukizun hauek izango ditu:

Izenperen ziurtapen praktiken deklarazioan zehazten dena betetzea, aplikatzekoa denari dagokionez.

Zerbitzua behar bezala erabiltzea, hitzarmen honetan zehaztutakoari jarraikiz.

Hitzarmen honetan zehaztutako betebeharrak ez betetzearen ondorioz sortzen diren kalteekiko erantzukizuna Izenperen aurrean.

2.– Izenpek erantzukizun hauek izango ditu:

Hitzarmen honetan zehaztutakoa behar bezala egitea.

Hitzarmen honen arabera dagozkion betebeharrak ez betetzearen ondorioz sortzen diren kalteen erantzule izango da.

Zehazki, konfiantzazko zerbitzuen emaile den aldetik, edozein pertsonak bere jarduera egitean hitzarmen honek edo legeriak –hots, konfiantzazko zerbitzuak ematearen arloan aplikatzekoa den legeriak– ezartzen dituen betebeharrak ez betetzearen ondorioz edo arduragabekeriaz jokatzearen ondorioz sortzen dituen kalte-galeren erantzule izango da.

Zazpigarrena.– Datuen babesa.

1.– Aplikatzekoa den datu pertsonalen babeserako erregimena Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Legean (aurrerantzean, DPBL) eta hori garatzen duen araudian aurreikusitakoa izango da.

Bereziki, Izenpe (aurrerantzean, erantzulea) izango da hitzartutako zerbitzuetako datuak tratatzen dituzten fitxategien erantzulea, DPBLren arabera.

Fitxategi horiek Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren erregistro nagusiaren aurrean aitortuta daude.

Izenpek Izenperen hornitzaileentzako segurtasun-politika dokumentuan ezarritakoaren arabera datu pertsonalei aplikatzekoak zaizkien segurtasun-neurri teknikoak eta antolaketari dagozkionak bermatzen ditu.

2.– Lanbidek, Izenperen erregistro-erakunde gisa jarduten duenean, tratamenduaren arduraduna (aurrerantzean, arduraduna) bihurtzen da, DPBLko 12. artikuluaren arabera.

Arduradunak:

– Ezingo ditu erabili datu horiek hitzarmen honetan adierazitakoaz bestelako helburu baterako.

– Konpromisoa hartzen du erantzuleak adierazten dizkion jarraibideen arabera –kasu honetan, segurtasunaren erantzuleak emandako aginduen arabera– tratatzeko datuak.

– Harremanetik kanpo dauden hirugarren pertsonei ez dizkie datuak inongo kasutan komunikatuko, lagako edo jakinaraziko. Betebehar horretatik salbuesten dira arau-hausteak eta delituak ikertzeko beharrezkoak diren komunikazioak, adituen esku jarri ahalko baitira iker ditzaten, bai eta DPBLn ezarritako salbuespenak ere.

– Konpromisoa hartzen du datuak babesteari buruz aplikatzekoa den indarreko legerian ezarritako guztia betetzeko.

Hitzarmena egitearen ondorio gisa, konfidentzialtasun zorrotza bermatu beharko du: ezingo dizkie datuak hirugarrenei jakinarazi, eta datuak hirugarrenei jakinarazteak erantzuleari eta eraginpekoei ekar diezazkiekeen kalteen ardura izango du bere gain. Arduradunak dakizkien datuak lanpostuari dagozkion eginkizunetarako soilik erabiliko dira.

– Hitzarmen honetatik datorren daturen bat gordetzeko baimena izan badu, prestazioa egin ondoren, suntsitzera behartuta dago, bai eta datu horiek jasotzen dituzten euskarriak eta dokumentuak suntsitzera ere.

– Arduradunak DPBLn ezartzen den erantzukizun-erregimena bete beharko du, eta erantzukizun pertsonala izango du, datuak hitzarmen honetan zehaztutakoaz bestelako helburu baterako erabiltzen dituenean, hirugarrenei jakinarazten dizkienean edo hitzarmen honetako klausularen bat bete gabe erabiltzen dituenean.

– Izenperen hornitzaileentzako segurtasun-politikan zehaztutakoari jarraikiz, datuak babesteko indarreko legeriak –zerbitzuak ematean eskuragarri dituen datu pertsonalen arabera– ezartzen dituen segurtasun-neurri zehatzak ezarri beharko ditu (fisikoak, logikoak eta antolamenduari dagozkionak). Ondore horietarako, fitxategiek oinarrizko segurtasun-maila dutela joko da.

3.– Erantzuleak, egoki irudituz gero, urtero eskatu ahalko du fitxategi automatizatuetako datuen babesari buruzko auditoria-txostena, zerbitzuak ematean datu pertsonalen tratamendu automatizatuan esku hartzen duten tratamendu-zentroen, lokalen, sistemen, programen eta pertsonen berri ematen duena.

Txosten horretan, xehatu egingo dira kontratatuko zerbitzuak eta betetze-maila, DPBLren eta hura garatzen duen segurtasunari buruzko araudiaren arabera.

Auditoria erantzuleak eta arduradunak aurrez onartutako aditu independenteek egingo dute. Edozein kasutan, beren arloan ospea duten profesionalak izan beharko dute.

Arduradunak konpromisoa hartzen du datuak babesteari buruzko auditoriak aldizka-aldizka egin ahal izateko aplikazioak eta informazio-sistemak ezartzeko.

Bederatzigarrena.– Hitzarmena amaitutzat jotzea.

Hauek izango dira hitzarmen hau amaitzeko arrazoiak:

– Bi aldeak hitzarmena bertan behera uzteko ados daude.

– Hitzarmenaren indarraldia amaitu da, eta ez da hura luzatzeko erabakirik hartu.

– Sinatzaileetakoren batek ez ditu bete bere gain hartutako betebeharrak.

Kasu horretan, aldeetako edozeinek eskaera bidali ahalko dio hitzarmena bete ez duen aldeari, epe jakin batean bete ditzan bete gabekotzat jo diren betebehar edo konpromisoak. Dei edo eskaera hori jakinaraziko zaie hitzarmenaren betearazpenari buruzko jarraipena, zaintza eta kontrola egiteko mekanismoaren ardura duenari eta gainerako alde sinatzaileei.

Eskaeran adierazitako epea igarotakoan, betebeharrak oraindik bete gabe badaude, hura bidali zuen aldeak sinatzaileei jakinaraziko die hitzarmena baliorik gabe uzteko arrazoia, eta, beraz, hitzarmena baliorik gabe geratuko da. Arrazoi horren ondorioz hitzarmena baliorik gabe geratzen bada, sortutako kalteen ondoriozko kalte-ordaina ezarri ahalko da, hala aurreikusi bada.

– Indarreko legerian ezarritako gainerako arrazoiak.

Hitzarmena amaitutzat edo desegintzat joz gero, aldeek kontratua amaitutzat jo aurretik beste aldearen eta hirugarrenen aurrean beren gain hartutako betebeharrak bete beharko dituzte.

Hamargarrena.– Jarraipen batzordea.

Hitzarmen hau behar bezala betearazten dela koordinatzeko eta bermatzeko, Jarraipen Batzorde Misto bat eratuko da, lau kide izango dituena: bi Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua ordezkatuz, eta bi Izenpe ordezkatuz.

Batzordearen mahaiburutza sei hilean behin aldatuko da, eta Izenpek izango du lehen sei hilabeteetan.

Batzordea aldeetako edozeinek eskatzen duenean bilduko da, eta gutxienez lau hilean behin, egindako lankidetzaren emaitzak eta gertaerak aztertzeko.

Hamaikagarrena.– Hitzarmena aldatzea.

Hitzarmen hau bere indarraldian zehar aldatu ahalko da, alde sinatzaileek hala hitzartzen badute, eta hitzartzen diren aldaketak eranskin gisa gehituko zaizkio hitzarmenari.

Hamabigarrena.– Jurisdikzioa.

Aldeen artean hitzarmen honen interpretazioari eta betearazpenari buruz sortzen den edozein auzi Vitoria-Gasteizko epaitegi eta auzitegien mende jarriko da.

Bi aldeek sinatu dute hitzarmen hau, bat datozela adierazteko.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko presidentea,

BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.

Izenpe SA, Ziurtapen eta Zerbitzu Enpresa,

IZASKUN URRESTARAZU AMONDARIAN.


Azterketa dokumentala