Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2018ko abenduaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5986

AGINDUA, azaroaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira 2019-2021 aldian egin beharreko oinarrizko ikerketako eta/edo ikerketa aplikatuko proiektuak egiteko laguntzak eta 2019-2020 aldirako Unibertsitatea-Enpresa ekintzetarako aurreikusitako funtsen kargura ikerketa eta berrikuntza teknologikorako laguntzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikerketa-taldeek kalitatezko ikerketa egin dezaten bermatu eta sustatu nahi da; hots, dela haien jarduerak nazioartekotzea eta horren emaitzak garrantzi zientifiko eta teknologiko handiko foroetan argitaratzea, dela euskal gizartearen gizarte-, teknologia- eta ekonomia-arazoak konpontzen laguntzea. Horregatik guztiagatik, sail honek sustatzen dituen proiektuak –oinarrizko ikerketakoak eta ikerketa aplikatukoak– egiteko programari eutsi egin behar zaio aurrerantzean ere.

Deialdi honek Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistema sendotzen du, ezagutzaren garapena eta erakunde ezberdinetako taldeen arteko koordinazioa bultzatzen baititu. Aldi berean, modu koordinatuan uztartzen da honako helburu hau duten beste deialdi batzuekin: beste enpresa batzuekin lankidetzan teknologia berritzailea garatzea, baliabide materialak eta giza baliabideak bultzatzea, eta bikaintasuneko ikerkuntza-taldeak eta unitateak antolatzea eta abian jartzea.

Bestalde, unibertsitateen eta enpresen arteko ekintza bateratuak egiteko laguntza-programak ere aurrera egin behar du. Izan ere, ekoizpen-ingurunea jabetuta dago zientzia- eta teknologia-ezagutzaren arloan dituen mugez; baina, nahiz eta euskal unibertsitateek eta eragile zientifiko-teknologikoek ahalmen zientifiko eta tekniko handia izan ezagutzei eta ekipamenduei dagokienez, ekoizpen-ingurunea ez da ari hori behar adina aprobetxatzen. Berrikuntza-prozesuak, arazo zehatzak ebazteko asmoz ezagutza zientifikoak eta teknikoak erabili eta aplikatzeko prozesua den aldetik, jadanik ez dio jarraitzen ohiko eskema linealari, zeinean oinarrizko ikerketatik ikerketa aplikatura pasatzen baita eta bertatik garapen teknologikora, ekoizpen- eta merkaturatze-prozesuan amaitzeko; aitzitik, era askotako loturetan oinarritutako dinamika berri bati erantzuten dio.

Berrikuntza teknologikoa industria-ekoizpeneko enpresetan nabaritu ohi da, baina hainbat eragileren arteko elkarrekintza askoren ondorio da: ikerketa teknologikoko zentroak, unibertsitateak, enpresa-elkarteak, enpresa txiki eta ertainak, industria-talde handiak, azken erabiltzaileak, administrazio publikoak, etab. Berrikuntza, ondorioz, eredu elkarrekintzaile baten emaitza da, zeinean garrantzia handia ematen baitzaio eragileen arteko elkarrekintzari eta, egungo egoeran, haien arteko kontaktu- eta truke-mekanismoak sortzeari. Tartean dauden eragileen kulturak eta estrategiak aldatzea dakar horrek berarekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemak badu alde ahul bat, unibertsitateen eta inguruko eragile zientifiko-teknologiko eta ekoizpen-enpresen arteko elkarrekintzari dagokionez. Agindu honen bitartez, Hezkuntza Sailak lankidetza sustatu nahi du unibertsitateko teknologia-taldeen, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen –deialdiaren ondorioetarako, «erakunde laguntzaile» esango diegu– eta, hala badagokio, teknologia-berrikuntzan interesa duten industria-enpresen artean. Agindu honetan lehenengoen eta azkenekoen parte-hartzea derrigorrezkoa izaki, ZTBESko erakunde laguntzaileen parte-hartzea indartu eta bultzatu nahi da deialdi honetan.

Unibertsitatea-Enpresa proiektuen ildoarekin bat, asmoa da, ahal den neurrian, parte hartzen duten ikerketa-taldeetan enpresetako eta unibertsitate eta teknologi-zentroetako teknikariek parte hartzea, eta proiektuen helburuak produktu edo prozesu berritzaileak lortzera bideratzea, aurrelehiakortasunaren edo lehiakortasunaren mailan, aipatutako lehentasunekin bat etorriz enpresek haiekiko interes handia baitute. Halaber, proiektu horiek garatuko dituzten ikerketa-taldeetan doktoreak sartzea ere balioetsiko da, haien laneratzea ez ezik, unibertsitatearen, ikerketa-organismoen eta enpresen arteko lankidetza ere bultzatzeko; hartara, talentua ekoizpen-sarean txertatzea sustatuko da, sarearen lehiakortasuna areagotzeko.

Hezkuntza Sailak proiektuen zuzeneko kostuaren alde handi bat finantzatuz sustatuko du elkarrekintza hori, baina enpresek ere finantziazioan parte hartu beharko dute, ikerketa-proiektuarekiko duten interes teknologikoaren neurrian.

Horrenbestez, deialdi honen xedea bikoitza da: alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistema indartzea, sail honek kudeatzen dituen oinarrizko ikerketako eta/edo ikerketa aplikatuko proiektu zehatzak garatzen lagunduta, eta, bestetik, unibertsitateko eta teknologia-zentroetako ikerketa-taldeen eta ekoizpen-inguruneko enpresen arteko elkarrekintza bultzatzea, enpresentzat interesgarriak diren ikerketa aplikaturako edo teknologikorako proiektuen bitartez, zeinek unibertsitatetik enpresarako teknologiaren transferentzia ekarriko baitute, edota prozesuen edo produktuen mailan helburu berritzaileak gauzatzea.

Era berean, agindu honek aintzat hartzen ditu Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planean jasotako estrategiak –plan horrek koherente izan nahi du Europa mailan ezarritako helburu estrategikoekin; alegia, Europa 2020 Estrategiarekin–; hartara, ezagutzan oinarrituta dauden eta modu jasangarrian hazteko gai diren eta enplegua ikuspegi kuantitatibotik nahiz kualitatibotik hobetzeko gai diren ekonomia lehiakorrak eta dinamikoak garatuko dira.

Agindu honetan arautzen diren laguntzak Hezkuntza Sailaren 2018rako diru-laguntzen plan estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren Aginduan sartzen dira.

Administrazio publikoen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen duenaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua kontuan hartu da (2017ko apirilaren 21eko EHAA, 76. zk.).

Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautzen dituen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da diru-laguntzak ematea honako bi laguntza-lerro hauetako ikerketa-proiektuak egiteko:

1.– 2019-2021 aldian egin beharreko Oinarrizko Ikerketako eta/edo Ikerketa Aplikatuko Proiektuetarako laguntza-lerroa (aurrerantzean, OIAP); bi modalitate ditu:

– 1. modalitatea: erakunde bakarreko ikerketa-taldeen proiektuak.

– 2. modalitatea: lankidetza-proiektuak, zeinetan parte hartzen baitute erakunde ezberdinetako ikertzaile-taldeek proiektu berean. Erakunde parte-hartzaile guztiek, zeinak 3. artikuluan aurreikusitako erakundeak izango baitira denak, eskatzaile gisa jardungo dute, banakako eskaerekin, eta lankidetza proiektu bateko ondorioetarako hartuko da soilik aintzat, izan haren ebaluazioan zein betearazpenean.

2.– 2019-2020 aldian, ezagutza unibertsitatetik enpresetara eramatea –enpresa horientzat interesgarriak diren arloetan– helburu duten ikerketa-proiektuetarako laguntza-lerroa (aurrerantzean, UEP). Unibertsitate-taldeak garatu behar ditu proiektuak, enpresako langileen partaidetzarekin; aukeran, erakunde laguntzaileetako ikertzaileek ere parte hartu ahal izango dute.

Parte hartzen duten enpresek proiektuaren kostu osoaren % 10, gutxienez, finantzatu beharko dute, eskudirutan egindako ekarpenarekin. Diru hori ikertzaileen lansariak ordaintzeko erabili ahalko da. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat izenpetuko da unibertsitate onuradunaren eta enpresaren artean, 16.2.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Eskaeran parte hartzen duten erakundeetariko bakoitzean garatu beharko dira ikerketa-jarduerak.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

Agindu honen xede diren laguntzetarako 970.000 euro erabiliko dira, EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako xedatutako partidaren kargura. Aurrekontu hori honela banatuko da, aipatu laguntza-lerroen arabera:

1.– OIAP lerrorako, 690.000 euro erabiliko dira guztira. Aurrekontuaren % 50 modalitate bakoitzeko proiektuak finantzatzeko izango da. Modalitateetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste modalitateko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta proiektuok ebaluazioa gainditu badute eta, lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute diru-laguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako.

2.– UEP lerrorako 280.000 euro erabiliko dira guztira.

3.– 50.000 eurokoa da diruz lagundu daitekeen bi lerroetako ezeinetan proiektu bakoitzarentzat ezarritako gehieneko finantzagarria, aintzat hartuz OIAP lerroko 2. modalitatean, bi erakunde edo gehiagok lankidetzan dihardutela proiektu berean.

4.– Laguntza-lerroetako batean ez bada agortzen aurrekontu erabilgarria, soberakina beste lerroko proiektuak finantzatzeko erabili ahal izango da, baldin eta ebaluazioa gainditu badute eta, ondoriozko lehentasun-ordenari jarraikiz, ez badute diru-laguntzarik jaso, modalitate hori finantzatzeko hasiera batean bideratutako diru-hornidura nahikorik ez zegoelako. Soberakin hori OIAP lerrora bideratzen bada, bi modalitateak batera hartuta puntuazio altuena lortu duten proiektuak aukeratuko dira, harik eta diru-hornidura amaitu arte.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Laguntza-lerro bakoitzak onuradun mota ezberdinak ditu, baina beti izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan egiaztatutako erakundeak (aurrerantzean, ZTBES), zeina jasota baitago Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan. Hona erregistro horretako zer kategoriatan egon behar duten erakunde eskatzaileek eskaera egiteko epea amaitu baino lehen eta laguntza gauzatzeko epea amaitu arte.

1.1.– OIAP lerroan:

a) Oinarrizko eta bikaintasuneko ikerketa-zentroak (BERC).

b) Unibertsitateko ikerketa-egiturak, plantillan 6. artikuluaren arabera eratutako ikerketa-taldeak izan beharko dituztenak. Egoitza EAEn duten unibertsitateen kasuan, ikertzaileek euskal unibertsitate-sisteman ikerketa-taldeen jarduera laguntzeko deialdian «A» edo «B» talde moduan egiaztatuta dagoen eta 2016-2021 aldiko deialdian diru-laguntzarik jaso ez duen ikerketa-talde baten parte izan beharko dute edo, 2013-2018 aldiko deialdian A talde moduan egiaztatuta dagoen talde batekoa.

1.2.– UEP lerroan, aurreko b) apartatuan aipatutakoek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak:

1.2.1.– Enpresa, diru-laguntzaren onuradun ez bada ere, ikerketaren emaitzen benetako jasotzailea da, alde batetik, proposatutako gaiak eta ikerketaren emaitzek enpresaren interesekin bat etorri behar baitute eta, bestetik, enpresak emaitzei lotutako ezagutzak bere jakintzaren barruan sartuz erabili eta unibertsitate-talde ikertzailearekin izenpetu behar duen hitzarmenean ezarritakoaren arabera ustiatu behar baititu.

1.2.2.– Enpresa parte-hartzaileak edo parte-hartzaileek, zeinek den-denek eduki behar baitute beren egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan eta eskaeran parte hartu behar baitute, ezin izango dute jaso diru-laguntzaren parterik, ez zuzenean ez zeharka. Beraz, proiektuaren esparruan, unibertsitate onuradunak ezin izango ditu horiek kontratatu lanak egiteko, eta enpresa horiek ezin izango dute hornigairik saldu, ezta geldialdi teknikoengatik kobratu ere. Aitzitik, eskudirutan egindako ekarpen ekonomikoez gain, honako hauek ipini beharko ditu enpresak: proiektuaren helburuak lortu ahal izateko behar diren giza baliabideak, baliabide teknikoak eta materialak, horrek, izan ere, enpresak proiektuaren emaitzekiko duen interesa uzten baitu agerian. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean egiaztatutako eragileak ez dira enpresatzat hartuko kasu horretan.

1.2.3.– UEP lerro honetan, eskaeran lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzailetzat hartuko dira, halakorik baldin badago, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (aurrerantzean, ZTBES) osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan adierazten den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan egiaztatutako eragileak, hain zuzen ere, honako kategoria hauetan:

– Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerkuntza Zentroak (BERC).

– Teknologia Zentroak.

– Ikerketa kooperatiboko zentroak (IKZ).

Lankidetzan diharduten erakunde parte-hartzaile hauek ezin dira izan deialdi honetako laguntzaren onuradun, nahiz eta enpresaren ordainketetatik kobratu ahal izango duten, zehazki, 1.2 artikuluaren arabera dagokien ordainsarien zatia.

2.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Erakundeak ezin izango dira onuradun izan baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administratibotik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Erakunde onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan beharko dituzte. Gainera, erakunde onuradunek diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai diru-laguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

c) Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Ikerketa-proiektuen betekizunak.

1.– Proiektuak 1 eta 3 urte osotan egiteko eskatu ahal izango dira OIAP lerroan, eta 1 edo 2 urte osotan egiteko UEP lerroan, eta, azken urtearen ondoren, lau hilabeteko aldi gehigarria egongo da amaitzeko. Horretarako, baina, 16. artikuluan deskribatutako gastu-ziurtagiriak eta amaierako txosten zientifikoa entregatu beharko dira.

2.– Deialdi honen ondorioetarako, 2019ko ekitaldian hasiko dira proiektuak gauzatzen, hots, 13.5 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, emandako diru-laguntza onartzen denean. Betearazpen-fasearen amaiera proiektuan aurreikusitako iraupenaren araberakoa izango da, baina administrazio-jarduketak 2022ko ekainaren 30a baino lehenago amaitu behar dira, OIAP lerrorako, eta 2021eko ekainaren 30a baino lehenago, UEP lerrorako.

3.– Deialdira aurkezten diren ikerketa-proiektuek I. eranskinean aipatzen diren printzipio bioetikoak errespetatu beharko dituzte.

5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.

1.– Diruz lagundutako jardueraren ezaugarriari inongo zalantzarik gabe erantzuten dioten kontzeptuak lagunduko dira diruz, baldin eta behar-beharrezkoak badira eta oinarri arautzaile hauetan zehaztutako epean egiten badira.

Diruz lagundutako gastuen eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Eskaerarekin batera joan behar duen proiektuaren aurrekontua epigrafeka eta urteka egituratu eta justifikatuko da, deialdi honen bidez lagun daitezkeen kontzeptu hauen arabera:

a.1.– Laguntzaile ez-doktore diren langileak (OIAP lerroa eta UEP lerroa).

Bi lerrootan, proiektuko eta urteko laguntzaile bati ordaintzeko kopurua finantzatu ahal izango da, baldintza hauekin:

– Laguntzaileen kontzeptuan, lanaldi osoagatik –hau da, urtean 1.600 ordu– 18.200 euroko diru-laguntza jaso ahal izango da laguntzaile beraren lehenengo eta bigarren urteetarako, eta 22.800 euro hirugarren urterako, OIAP lerroaren kasuan. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, urtekako lanaldi horren arabera kalkulatuko da kopurua, proportzioan.

– Laguntzaileak gradu-, lizentziatura-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua izan beharko du, eta ezin izango da deialdian parte hartzen duten erakundeen plantillan aurrez aritutakoa izan.

– Erakunde eskatzailearekin izenpetutako doktoretza-aurreko kontratuak gutxieneko ordainsari gisa jasoko ditu diru-kopuru horiek, hargatik eragotzi gabe erakunde kontratatzailearen kontura osatzeko aukera; hala bada, erakunde kontratatzaileak ordaindu beharko du gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala.

– Urtebete gutxienez eman beharko du proiektuan lanean.

a.2.– Doktoreak (UEP lerroarentzat soilik).

– Doktore diren laguntzaileen lanaldi osoagatik –hau da, urtean 1.600 ordu sartzeagatik– urteko bakoitzeko 37.000 euroko diru-laguntza jaso ahal izango da. Proiektuan aritzeko lanaldia laburragoa izanez gero, urtekako lanaldi horren arabera kalkulatuko da kopurua, proportzioan.

– Laguntzaileak doktore titulua izan beharko du; ezin izango da deialdian parte hartzen duten erakundeen plantillan aurrez aritutakoa izan, ez bada doktoratu aurrekoentzako kontratu batekin, eta 2018an eskuratua izan behar du doktore-tesia.

– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezingo da inolako soldata-zenbatekorik jaso.

– Gainera, urtebete gutxienez eman beharko du proiektuan lanean.

b) Material inbentariagarria.

Proiektuaren kargura eskuratutako ekipamendu bakoitzak urteko 20.000 euro baino gutxiago balio beharko du, BEZik gabe, eta erakunde onuradunaren inbentarioan jasota egongo da, harik eta proiektua gauzatzen amaitu arte, 4. artikuluan deskribatu bezala, eta, nolanahi ere, eskuratzen denetik gutxienez bi urtez. Deialdi honetatik kanpo daude esplizituki altzariak eta instalazioak, baita kudeaketarako ekipamendu informatikoa erostea ere.

c) Material suntsikorra.

Mugarik gabe ordainduko da, behar bezala justifikatuta badago eta proiektuaren jardueretan beharrezkoa bada, betiere. Kanpo geratzen da bulegoko material orokorraren finantzaketa.

d) Bidaiak.

Proiektuaren jardunak burutu ahal izateko egiten direnak. Bidaia-gastuak onartuko dira, proiektua betearazteko azken urtean lortutako emaitzak erakusteko, baina ikerketa-taldeko pertsona bakar batentzat soilik.

e) Bestelako gastu batzuk.

Aurreko kontzeptuetan sartzen ez diren gastuak finantzatu ahalko dira, finantzatutako urteko aurrekontuaren % 5 gehienez, baldin eta proiektuaren helburuak garatzeko beharrezko direla justifikatzen bada.

3.– Ez dira inola ere aintzat hartuko ez deialdi honen ebazpenaren aurretik egindako gastuak, ez 4. artikuluan adierazitako gauzatzeko aldia amaitu ondoren egindakoak.

4.– OIAP lerroko 2. modalitateko eskaeren kasuan, kontzeptuetarako aurreikusi diren mugak parte hartzen duten erakundeetako bakoitzari aplikatzen zaizkio, modu independentean.

5.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Taldeen osaera.

1.1.– OIAP lerroan, laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldea osatzen duten ikertzaileen zerrenda jasoko da eskaeran. Hiru pertsonak, gutxienez, osatuko dute taldea proiektuak irauten duen bitartean. Horietatik bik, gutxienez, doktoregoa egiaztatzen duen titulua izan behar dute, eta horien artean egon behar du taldea zuzenduko duen ikertzaile nagusiak, zeinak estatutupeko edo lan-kontratuko lotura bat izan behar baitu erakunde eskatzailearekin.

Gainerako ikertzaileak ikerketa-laguntzaile izan ahalko dira, eta gradu-, lizentziatura-, ingeniaritza- edo arkitektura-titulua izan beharko dute.

OIAP lerroan, kontuan hartuko da erakunde eskatzaileko ikertzaileek guztira proiektuari gutxienez zenbat ordu eskainiko dioten. Gutxieneko dedikazioa, bada, urteko 1.400 ordukoa izan beharko da, eta talde bakoitzeko ikertzaile nagusiak urteko 420 ordu eskaini beharko ditu, gutxienez.

1.2.– UEP lerroan, diru-laguntzaren xede den proiektuan lan egingo duen ikerketa-taldeko ikertzaile guztien zerrenda aurkeztu behar da eskaeran; eskaeran parte hartzen duen erakunderen batekin kontratua izan beharko dute ikertzaile horiek. UEP lerroan, ezinbesteko baldintza da gutxienez unibertsitate onuraduneko ikertzaile-talde batek eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza soziala duen enpresa batek parte hartzea proiektuan. 3.1.2.3 artikuluaren arabera, aukerakoa izango da lankidetzan diharduen erakunde baten parte-hartzea. Proiektuak dirauen artean, ikerketa-taldea gutxienez hiru lagunek osatuko dute, honela:

a) Proiektua zuzenduko duen ikertzaile nagusi bat, doktore-titulua izango duena eta erakunde eskatzailearekin estatutupeko edo lan-kontratuko lotura bat izan behar duena.

b) Gainerako ikertzaileak, doktore-titulua edo lizentziatura, arkitektura edo ingeniaritza edo unibertsitateko gradua izan dezaketenak. Erakunde parte-hartzaile bakoitzean baldintza hori betetzen duen ikertzaile bat gutxienez egon beharko da, eta erakundearen plantillakoa izan beharko du.

c) Enpresetako langileak, programaren xede den teknologiaren arloan esperientzia egiaztatua dutenak eta aurreko paragrafoetan adierazitako kategorietan sartzen ez direnak.

1.3.– Gutxieneko eskakizun galdagarria izango da aurreko bi ataletan deskribatutako ikerketa-taldeen osaera, 18.2 artikuluan jasotakoetatik, eta hori ez betetzea, nahiz eta gertatzez izan, diru-laguntza eskubidea galtzeko arrazoi izango da.

2.– Erakunde bakoitzak nahi beste eskaera aurkeztu ahal izango ditu lerro bakoitzean, ikertzaile nagusien bitartez, laguntza-lerro bakoitzerako 3. artikuluan ezarritako eskakizunak betez gero, baina betiere honako muga hauekin:

– Ikertzaile nagusi bakoitzaren eskaera bat baino ez da onartuko lerro bakoitzeko.

– Era berean, ikertzaile bakoitzak eskaera batean baino ezingo du parte hartu deialdiko lerro bakoitzeko. Lerro bakoitzean eskaera batean baino gehiagotan aurkezten bada, zeinetan parte hartuko duen aukeratzeko eskatuko zaio.

– Laguntza-lerro bereko proiektuetan parte hartu duten edo parte hartzen duten ikertzaileek ezin dute parte hartu deialdi honetan, baldin eta –eskabidea aurkezteko unean– egiteko dituzten obligazioak (salbu emaitzak argitaratzea) dela-eta euren jarduerak amaitu ez badituzte.

– Finantzatutako proiektu bat onartutako amaiera-data baino lehen bertan behera uzten bada, parte hartu duten ikertzaileek ezingo dute beste proiektu berri batean parte hartu, harik eta hasierako proiektu hori onartu zen unean aurreikusitako amaiera-data bete arte. Alderdi hori 18.2 artikuluan deskribatutako gutxieneko eskakizun galdagarritzat hartu denez, inguruabar horietan gertatzen diren proiektu-eskaerak ukatu egingo dira, eta gutxieneko horien gertatzezko ez-betetzeak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.

3.– Erantzukizunpeko adierazpen sinatu baten bidez, parte hartzen duen ikertzaile bakoitzak adieraziko du zenbat ordu konprometitu dituen deialdi honetan eskatutako proiektua egingo den urteetan emandako edo eskatutako beste proiektu batzuetan. Hori horrela, urteko 1.600 ordu aintzat hartuko dira pertsonako dedikazio osoan, eta ordu-kopuru nahikoa eskaini beharko die proiektu honetan esleitu eta konprometitutako jarduerei.

4.– Deialdiko eskabideak aurkezteko epea amaitu baino lehen kontratatu beharko ditu erakunde eskatzaileak taldekideak. Halaber, proiektuan izango duten parte-hartzearen pareko aldirako eta dedikaziorako gutxienez kontratatu beharko ditu erakunde eskatzaileak artikulu honen 1. atalean aipatzen den gutxieneko ikertzaile-taldeko kideak. Gainerako taldekideek proiektuan izango duten parte-hartzearen iraupena baino txikiagoko kontratua izan ahal izango dute, baldin eta erakunde eskatzaileak proiektuan parte hartzen duten aldi osoan zehar kontratu horiei eusteko engaiamendua egiaztatzen badu, betiere. Ikertzaile nagusiak, bere aldetik, kontratu bat izan beharko du erakundearekin, proiektuaren iraupen osoaren adinakoa edo handiagoa, 4.1 artikuluan zehaztutako betearazpen-fasea eta lau hileko aldi gehigarria barne.

5.– Baldin eta obra-kontratu bat badute ikertzaileek, agiri bidez frogatu beharko dute obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar zaizkion adierazi beharko du enpresak, argi adierazteko zenbat ordu eskaini behar zaizkien proiektutan konprometitutako jarduerei. Gehienez ere, urteko 1.600 orduko dedikazioa hartuko da aintzat.

6.– Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonen kasuan (prestatzen ari diren doktoretza aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera), finantzatzen duen organismoaren izendapena aurkeztu beharko du, finantzaketa-aldi osoa adierazita; horrez gain, deialdi honetan eskatutako proiektuari urtean zenbat ordu eskain diezazkiokeen azaltzen duen ziurtagiria ere aurkeztu beharko du –doktore-tesiaren proiektuarekin bateragarria izateko moduan–, baita tesiaren eta proiektuko jardueraren arteko gainjartze-ehunekoa eta tesia zer zentrotan egin behar duen ere. Prestatzen ari den doktoretza-aurreko ikertzaile bakar bat baino ez da onartuko proiektu-eskaera bakoitzean.

7.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da. BERCetako bati atxikitako EHUko irakasleak BERCeko langileak direla ulertu ahal izango da, dagokion atxikipen-agirian zehaztutako iraupen eta dedikazioarekin.

7. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan azaltzen diren laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 11n amaituko da, eta behin aurkeztu eta gero ezin izango dira aldatu.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.

2.– Agindu honetako I. eranskinaren arabera bete beharko da eskabidea. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren esteka honetan egongo da erabilgarri deialdiko lerro bakoitzeko eskabide-inprimakia: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/piba-pue-2019/y22-izapide/eu

Eskabidea bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, proiektuko ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko hala ez bada, edo ziurtagiri elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Eskabidea zein laguntza-lerrotan egin nahi duen hautatu eta gero, aplikazioan azaltzen diren jarraibideak bete beharko ditu, eskabidea amaitu arte.

3.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskabidean. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatu aplikazioan, elektronikoki.

4.– OIAP lerroko 2. modalitateko eskabideen kasuan, parte hartzen duten erakunde guztiak izango dira eskatzaileak –3. artikuluan aurreikusitako erakundeak ere izan beharko dute–. Haietako bat proiektuaren koordinatzailea izango da: proiektuaren garapenaz arduratuko da, eta Administrazioarekiko solaskidetza eta harremanak bere gain hartuko ditu. Berariaz adieraziko da hori eskabidean, baita parte hartzen duten erakundeak zein diren ere. Urrats hori egin ondoren baino ezingo dute parte hartzen duten erakundeek beren eskabidea aurrekoari lotu. Gainerakoan, banakakoaren modu berean egingo dute.

5.– Eskabidean erantzukizunpeko adierazpen bat ere erantsi behar da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikuluan aipatzen dena (Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen). Adierazpen horrek hauek jaso beharko ditu:

– Erakunde eskatzaileak helburu bererako beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutan eskatu duen –eta, hala badagokio, eskuratu– diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabiderik.

– Ea erakunde eskatzailea itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen edo egon den.

– Ea erakunde eskatzaileak baduen diru-laguntzak itzultzea dela-eta egin beharreko ordainketarik egiteke.

– Erakunde eskatzaileak diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalik duen, edo horretarako desgaitzen duen legezko debekurik duen.

– Erakunde eskatzaileak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste debekuren bat duen.

– Erakunde eskatzaileak onuradun izateko baldintza guztiak betetzen dituela.

– Erakunde eskatzaileak konpromisoa hartzen duela Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazteko diru-laguntza emateko eskatu eta kontuan hartzen diren baldintzetako bati eragiten dioten egoeretan izandako edozein aldaketa, bai eta edozein administrazioren edo erakunde publiko zein pribaturen eskutik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak jaso izanaren berri emateko ere.

– Eskabideko datuak egiazkoak direla eta erakunde eskatzaileak bere gain hartuko dituela datuen zehaztasun-ezak ekar litzakeen erantzukizunak.

6.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, eskabiderekin batera aurkeztu beharko ditu beharrezko egiaztagiri eguneratuak.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabideko hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebazteko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Diru-laguntzaren eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean edo aginduzko agiri guztiekin batera aurkeztu ezean, hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko errekerimendua egingo zaie erakunde eskatzaileei. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu/) argitaratuko da akatsak zuzentzeko jakinarazpena, eta jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazteko, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

10. artikulua.– Hautaketa Batzordea eta ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuz, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez, izapidetzeko zein eskabide onartu eta zein ez erabaki beharko dute.

2.– Batzordeak kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat.

3.– Proiektuen ebaluazioak bi fase izango ditu. Lehenik, onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Hautaketa Batzordeak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioko Ikerketako Estatu Agentziako Koordinazio eta Ebaluazio Azpidibisioari, zeinak 11. artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, lerro bietan 8 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo artikuluan azaltzen denaren arabera.

Bigarrenik, Hautaketa Batzordeak berak baloratuko du 8. irizpidea –proiektu bakoitzak EAEko ikerketarako estrategiei eta plangintzei begira duen garrantzia neurtzen duen irizpidea–, eta, azkenik, 10. irizpidea ere berrikusiko du, artikulu honen 2.2 zenbakian adierazitakoari jarraituz.

Ebaluazioaren bi faseon emaitza izango da puntuazio orokorra.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek izango ditu kontuan, lerro bakoitzeko eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

2.– 8. eta 10. irizizpideen balorazioa.

2.1.– 8. irizpidea baloratzeko, zeina EAEko estrategiei eta plangintzei begira proiektu bakoitzak duen garrantziari buruzkoa baita, dagokien bi azpiataletan deskribaturiko itemak baliatuko ditu Hautaketa Batzordeak, agindu honen III. eranskinari jarraituz.

2.2.– 10. irizpidea berrikusiz, Hautaketa Batzordeak egiaztatuko du lankidetzan diharduen erakunde parte-hartzailea bat datorrela 3.1.2.3 artikuluan adierazitakoarekin eta kanpo-ebaluazioaren balorazioa errespetatuko duela, halakorik dagoenean. Bestela, 0 puntu emango dira.

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatzeko eta irizpideak aplikatzean objektibotasun handiagoa lortzeko, balorazio-irizpideen xehetasunak jaso dira deialdiaren III.1 eta III.2 eranskinetan, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenagoa izan dadin.

4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 2. irizpidearen araberakoa; gero 3. irizpidearen araberakoa eta, azkenik, 4. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

12. artikulua.– Onartutako aurrekontua zehaztea eta laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Diru-laguntzak lehiaketaren bidez emango dira, eta proiektuak dirauen artean jaso ahal izango dira. Horretarako, Hautaketa Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskabideak ebaluatu ondoren.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balioespena lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.

3.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak emateko, hiru prozedura independente erabiliko dira: bi OIAP lerrorako (modalitate bakoitzerako bat), eta beste bat UEP lerrorako.

4.– Onartutako aurrekontua 5. artikuluan ezarritako kontzeptuetara egokituko da, eta eskaeran planteatutako eta behar bezala egiaztatutako beharren arabera, eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpidibisioaren txostenetan jasotako gomendioen arabera zehaztuko da. Urteka banatuko da diru-laguntzaren guztirako zenbatekoa, aipatu diren beharren eta onartutako lan-planaren arabera.

5.– Laguntzak lehentasun-ordenari jarraikiz esleituko dira, balorazio-fasean proiektu bakoitzak dagokion laguntza-lerroan –eta dagokion modalitatean, kasuan kasu– lortutako puntuazio orokorraren arabera. Onartutako aurrekontuaren arabera eta 1. 2. eta 5. artikuluekin bat etorriz emango dira laguntzak.

13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Hautaketa Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena, eta sailburuordeak esleitu edo ukatu egingo du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri artikulu honetako 3. zenbakiaren arabera jakinaraziko da.

2.– Onartzen den proiektu bakoitzari buruzko datu hauek jaso beharko dira ebazpenean:

– Laguntza zer lerrotan –eta modalitatetan, hala badagokio– eskatzen den.

– Eskaeraren kodea.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuraduna.

– Erakunde parte hartzaileak, halakorik bada.

– Ikerketa-proiektuaren titulua.

– Proiektua burutuko den urtealdi bakoitzari zer diru-zenbateko esleituko zaion.

Lankidetza-proiektuak badira (OIAP lerroko 2. modalitatea), parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari dagokion finantzaketa jasoko da.

Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako:

– Laguntza zer lerrotan –eta modalitatetan, hala badagokio– eskatzen den.

– Eskaeraren kodea.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde eskatzailea.

– Ez finantzatzeko edo baztertzeko arrazoia.

3.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu/), eta jakinarazpenaren ondoreak izango ditu argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Horrek ez du galarazten, ordea, publizitate-ondoreetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratzea, adierazteko nortzuk diren 2019ko lehenengo seihileko onuradunak eta zenbateko diru-laguntza ematen zaien.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazteko, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ebazteko epe hori eten ahal izango da ebaluazioak dirauen bitartean.

5.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan ebazpena argitaratzen denetik hasita hamar eguneko epean erakunde onuradunak berariaz uko egiten ez badio diru-laguntzari, onartzen duela ulertuko da. Une horretatik aurrera hasiko da proiektua gauzatzen, urtebeteko, bi urteko edo hiru urteko aldian, ebazpenean zehaztutakoaren arabera.

6.– Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan jasotako diru-laguntza publikoa dela behar bezala jakinarazteko, Gobernu Kontseiluaren 2007ko martxoaren 27ko Erabakiari dagokionez, organo kudeatzaileak EHAAn argitaratu beharko du diruz lagundutako eskabideen zerrenda, ebazpena irmo bilakatu eta hurrengo hilabetean.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da xede berarekin emandako beste batzuekin, sail honek berak euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduna laguntzeko deialdian emandako laguntza ekonomikoekin izan ezik. Baldin eta ikerketa-proiektu batek beste instituzio baten deialdian edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdian parte hartzen badu eta zati batean behintzat finantzatua izan bada, beste instituzio horren finantzaketak estaltzen ez duen zatia deialdi honen bidez osatu ahal izango da, baina guztirako finantzaketak ezingo ditu gainditu ikerketak dituen diru-beharrak. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru-kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Erakunde onuradunari ordainduko zaio diru-laguntzaren zenbatekoa. Baldin eta OIAP lerroko 2. modalitatearen araberako lankidetza-proiektua bada, proiektuan berean parte hartzen duen erakunde onuradun bakoitzari ordainduko zaio.

2.– Urteari dagokion kopurua aurretik ordainduko da, betearazpen-faseko urte bakoitzean. 13.5 artikuluan deskribatutako diru-laguntza onartzeko aldia igaro ondoren egingo da lehen urtekoari dagokion ordainketa. Bigarren eta hirugarren urteetako ordainketa aurreratuak egin baino lehen, aurreko urteko txostena aurkeztu beharko da, baita diru-laguntzaren helburuen eta betearazpenaren betetze-mailaren justifikazio zuzena ere, onartutako proiektu-planean aurreikusitako eran.

Proiektua burutzeko azken urteari dagokionez, diru-laguntzaren % 75 ordainduko da aurrez. Azken urteko bigarren ordainketa egiteko –gainerako % 25a–, 4.1 artikuluan adierazitako aldi gehigarria igaro ondoren egingo da; hots, erakunde onuradunak dagokion dokumentazio guztia, aginduaren 16. artikuluaren 2., 3. eta 4. zenbakietan zehaztutakoa, bidali eta Ikerketa Zuzendaritzak oniritzia eman ondoren.

16. artikulua.– Proiektuaren garapenari eta diru-laguntzaren justifikazioari buruzko agiriak.

Diru-laguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, diru-laguntza betearazteko fasea hasiko da, baita haren jarraipena egitekoa ere. Horretarako, erakunde onuradunak jarraipenerako eta justifikaziorako honako agiri hauek entregatu beharko ditu bide telematikoaren aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin, adierazten diren epeetan (aplikazio telematikoak eskainiko ditu behar diren txantiloi edo ereduak):

1.– Bi lerroetarako agiri komunak.

1.1.– Laguntzaileen kontratua, 5.2.a) artikuluaren arabera: diru-laguntzak laguntzaileentzako diru-hornidurarik badu, laguntzaileari buruzko proposamena bidali beharko da, zeinean ikertzailea nor den, haren ibilbide akademikoa edo CVa eta adostasuna jasoko baitira. Geroago, organo kudeatzaileak proposamena onartutakoan, laguntzailea erakunde onuradunarekin lotzen duen kontratuaren kopia bidali beharko da, non parte hartuko duen proiektuaren kodea eta titulua adieraziko baitira, eta bai haren egitekoak eta urteko dedikazioa ere. Kontratu hori ezingo da ebazpenaren argitalpena baino lehenagokoa izan, eta, zein urtetarako zehazten den, harexen lehen sei hilabeteetan aurkeztu beharko da. Kontzeptu horrengatik emandako diru-laguntza ez bada deialdian ezarritako zenbatekoaren % 100ekoa eta ez badu kontratuaren kostu guztia estaltzen, laguntzaileek beste eginkizun batzuk egin ahal izango dituzte erakundean, harik eta eurei dagokien dedikazioa bete arte.

1.2.– Urteroko txostenak: 15.2 artikuluan aurreikusitako 2. edo ondorengo ordainketak baino lehen aurkeztu beharko dira nahitaez. Erakunde onuradun bakoitzeko ikertzaile nagusiak, proiektua burutzeko urte bakoitza amaitzean, proiektuaren urteko txosten bat aurkeztu beharko dio organo kudeatzaileari. Txosten horretan honako hauek jasoko dira: proiektuaren helburuen erdieste-maila, izandako gorabeherak, ateratako emaitzak, eta urtean diru-laguntzatik benetan gastatu denaren zenbatespena. Horrekin batera, diru-laguntzari loturiko gastuaren gaineko egiaztagiriak eta ordainagiriak biltzen dituen zerrenda zehatz bat jasoko da.

1.3.– Gastuaren azken ziurtapena: proiektua gauzatzeko azken urtea amaitzerakoan, dagokion urteko txostena aurkeztu ondoren, erakunde onuradunak, egindako gastu guztiaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, kontzeptuen araberako banaketa adieraziz, eta, erabili gabeko gerakinik balego, hori ere justifikatuz. Era berean, proiektu bererako edo proiektuaren helburu partzialetarako jasotako sarreren eta egindako gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Ziurtagiria aurkezteko epea, zeinak bat etorri behar baitu urteko txostenetan adierazitakoarekin, bi hilekoa izango da, proiektua amaitzen denetik hasita. Gastuaren guztizko betearazpenaren % 40 –gutxieneko eskakizun galdagarritzat hartua– baino gehiagoko ez-betetzeak 18.2 artikuluan deskribatutako diru-laguntza eskubidea galtzea ekarriko du berarekin.

1.4.– Amaierako txosten zientifikoa: formatu askea du, eta nahitaez egin behar da, azken urtea ordainduko bada. Proiektua gauzatzeko azken urtea amaitu ondoren lau hilabete igaro baino lehen, proiektuko ikertzaile nagusiak amaierako txosten zientifikoa aurkeztu beharko du, eta, bertan, zehaztasun handiz adierazi zein diren aurrekariak, bibliografia, helburuak, metodologia, emaitzak, emaitzen eztabaida, ondorioak eta zabalkundea emateko eta jendarteratzeko jarduerak.

1.5.– Argitalpenak: baldin eta liburu, monografia, artikulu, doktore-tesi, lizentzia-tesina, kongresuetarako komunikazio edo abarretan argitaratu badira proiektuaren emaitzak, edo patenteak, kontratuak, baliagarritasun-modeloak eta abar eragiten badituzte, Hezkuntza Sailaren babesletza jaso beharko da, proiektuaren kodea ere aipatuz. Argitalpenen kopia bana bidali beharko da Ikerketa Zuzendaritzara.

1.6.– Urteko txostenei, amaierako txosten zientifikoari eta argitalpenei ebaluazio zientifikoa egin dakieke, 10. artikuluan aurreikusitako ebaluazioaren ildo beretik. Ebaluazio horretan 100 puntutik 50 lortu ezean, itzultzeko arrazoia izango da, eta 19.2 artikuluari jarraikiz jardungo da.

1.7.– Diru-laguntza behar bezala aplikatzen dela egiaztatu ahal izango du organo kudeatzaileak espedienteen % 20ko ausazko lagin baten bidez. Horretarako, egiaztagiri guztiak ematea eskatuko zaie hautatutako onuradunei.

2.– Agiri horiez gainera, UEP lerrorako, jarraipen-dokumentazio hau beharko da nahitaez:

2.1.– Parte hartzen duten erakundeen arteko hitzarmena eta enpresaren ordainketa: lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da unibertsitate onuradunaren eta enpresa parte-hartzaile(ar)en artean, bai eta erakunde laguntzaileen artean ere, baldin badaude, Transferentzia Teknologikorako Erakunde baten bitartez (hala nola: BTBak, Unibertsitate-Enpresa Fundazioa, Estrategia Teknologikorako Unitatea edo beste batzuk). Hitzarmen horretan honako hauek jaso beharko dira: ekonomia-harremanak; ikerketaren garapenean erantzukizunak nola banatzen diren; proiektuaren emaitzen jabea nor den eta haien erabilera eta baliatzea zein izango diren, eta deialdiari dagokionez enpresek beren gain hartu dituzten betebeharrak.

Ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez hilabeteko epean, sinatutako hitzarmena eta enpresaren ordainketaren egiaztagiria aurkeztu beharko dira Ikerketa Zuzendaritzan, diru-laguntzaren lehen ordainketa egiteko aldez aurretik bete beharreko baldintza moduan.

2.2.– Enpresaren txostenak: diruz lagundutako ikerketan lortutako emaitzak enpresak nola aplikatu eta/edo ustiatu dituen ikusteko, jarraipen bat egingo da; horretarako, enpresa parte-hartzaileak, proiektua amaitzen duenean, memoria bat aurkeztuko du, eta, bertan, proiektuaren garapenari eta lortutako emaitzei buruz duen iritzia adieraziko du. Geroago, proiektua amaitu ondorengo urtearen amaieran, emaitzen ustiapenari buruzko txostena aurkeztu beharko du, eta bertan adierazi beharko du emaitzak nola erabili dituen, emaitza horiek enpresan nola ezarri dituen, zer patente egin dituen eta zer onura lortu dituen.

Enpresaren legezko ordezkariak sinatu behar ditu txosten horiek, eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin aurkeztu behar dira.

3.– Salbuespenez, ikerketa-proiektua bukatzea eta, ondorioz, diru-laguntza osorik erabiltzea eragotzi duten arrazoiak egon badira, ikertzaile nagusiak, erakundeko legezko ordezkariaren oniritziarekin, proiektua burutzeko eta kreditua gastatzeko epealdia luzatu dadila eskatu ahal izango dio Ikerketako Zuzendaritzari. Luzapenak ez du gaindituko hiru hilabeteko epea proiektuaren betearazpen materialari dagokionez, eta ez dio inolaz ere eragingo emandako urtealdien betearazpenari. Aurreikusitako betearazpen-amaierako eguna baino lehen egin beharko da eskaera.

Hirugarrenek (hornidurak eta argitalpenak) esku hartzeko aurreikusitako epeen luzapenari buruzkoak soilik izan ahal izango dira luzapen-eskabidean aipatutako arrazoiak, eta behar bezala egiaztatuta, betiere.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak konplitu beharko dituzte, bai eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Diru-laguntza ematearen oinarrian dagoen proiektua betearaztea.

2.– Diru-laguntza ematen duen organoari edo erakunde laguntzaileari betekizunak eta baldintzak betetzen direla frogatzea, baita diru-laguntzaren xede den jarduera egin dela eta haren helburua bete dela ere.

3.– Diru-laguntza ematen duen organoak edo erakunde laguntzaileak egin beharreko egiaztatze-jarduerak onartzea, hala dagokionean, baita Espainiako nahiz Europako kontrol-organo eskudunek egin ditzaketen finantza-egiaztatze eta -kontrol oro ere, eta aurreko jardueren burutzapenean eska dakiekeen informazio oro ematea.

4.– Jarduera beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea diru-laguntza ematen duen organoari edo entitate laguntzaileari.

Adierazitakoaren berri izan bezain laster egin beharko da jakinarazpen hori, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

5.– Diru-laguntza emateko ebazpen-proposamena eman aurretik egiaztatzea egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ondoren zehazten den moduan:

Diru-laguntzak jasotzeko eskabidea aurkezteak berarekin ekarriko du eskatzaileak baimena ematea organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan hark egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, aurreko zenbakian aurreikusitakoak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu hala eskatuz gero.

6.– Kontabilitate-liburuak, erregistro bideratuak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izatea onuradunari kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion merkataritza-legeriak eta sektorekoak eskatutako baldintzetan, eta diru-laguntzen oinarri arautzaileek eskatutako kontabilitateko egoera-orri eta erregistro espezifiko oro, egiaztatze- eta kontrol-jardun egokia bermatzeko.

7.– Jasotako funtsen erabilpena frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.

8.– Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluko 4. atalean jasotako zabalkunde-neurriak betetzea.

9.– Jasotako funtsak itzultzea lege honen 37. artikuluan aurreikusitako kasuetan.

18. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea. Gutxieneko eskakizun galdagarriak.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, betiere diru-laguntzaren helburua bete dela ulertzen bada, eta, kasua bada, beste instituzio publiko edo pribatu batek emandako laguntzarik ere eskuratu bada, diru-laguntzak emateko ebazpeneko diru-kopuruak ere aldatu ahal izango dira. Diru-laguntza jasotzeko baldintzen aldaketatzat joko dira, halaber, behar bezala justifikatzen edo egiaztatzen ez diren gastuak; kasu horretan, beraz, egokiro justifikatu edo egiaztatu ez diren gastuak laguntzeko diru-kopuruak aldatzeko ebazpena emango da.

Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzen zenbatekoak berregokitzeko.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik urte bakoitzerako esleitutako zenbatekoa aldatu edo bertan behera uzten bada, hori jakinarazteko, banakako ebazpena emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak.

2.– Aldaketa horiek bidezkoak izan ahal izango dira baldin eta agindu honen bidez diruz lagunduko diren proiektuentzako gutxieneko eskakizun galdagarriak gordetzen badira, betiere. Horiek ez betetzeak diru-laguntza eskabidea galtzea ekarriko du, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak gehi dagozkion berandutze-interesak Euskadiko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharra.

2.1.– 6.1 artikuluan deskribatutako ikertzaile-taldeen osaera.

2.2.– Aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuetan parte hartu duten ikertzaileen bateraezintasuna, 6.2 artikuluaren hirugarren paragrafoan deskribatua.

2.3.– Gastuaren azken egiaztagirian jasotako proiektuaren guztizko betearazpenaren % 40 ez betetzea, 16.1.3 artikuluan deskribatua.

19. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzultzeko arrazoia.

Ikusiz gero ez direla betetzen diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak, jasotako dirua eta dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkio, xedapen hauen arabera: Euskadiko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikulua; arau-hausteen eta administrazio-zehapenen arloko oinarrizko araudia; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

1.– Arau-hauste administratibo bat gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutakoez gain, hauek ere hartuko dira diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo diru-laguntza itzultzeko arrazoitzat:

2.1.– Proiekturako eskaera egin duen ikertzaile nagusiak ikerketa-proiektuari uko egitea edo ikertzaile hori erakunde onuraduna ez den beste erakunde batera edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora aldatzea, baldin eta horrek arriskuan jartzen badu proiektuaren zuzendaritza eta aurreikusitako helburuak lortzea.

2.2.– Ikerketa proiektu bera egiteko beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo ikerketa proiektuaren aldaerak, behar bezala justifikatu gabeak, beste erakunde, antolakunde edo zentro publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

2.3.– Ikerketa proiektua ez garatzea proposatutako helburuen eta onartutako epeen arabera.

2.4.– Deialdi honetako oinarriak larriki ez betetzea –osorik edo partez–, hauei buruzkoak barne: urteko txostenen, gastuaren ziurtagiriaren eta amaierako txostenaren ebaluazioari buruzko kontuak (16.1.6 artikulua) eta gastuaren justifikazio-agiriak gordetzeari buruzkoak (16.1.7 artikulua).

2.5.– Laguntzen izaera publikoari buruzko zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra ez betetzea, agindu honen 17.5 artikuluan jasotako neurriak, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legearen 37.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

2.6.– Datuak larriki ezkutatzea edo aldatzea, edo eskaera manipulatzea.

20. artikulua.– Datuak babestea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak –zeinen erabilera eta argitalpena baimentzen baitute parte-hartzaileek– fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena «Ikerketa Proiektuak» izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonak deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Ikerketa Zuzendaritzan erabili ahal izango dira datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokia egoteko baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzen ebazpena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, deialdia argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu ondoko egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
DEIALDIAN AURKEZTEN DIREN PROIEKTUEK BETE BEHARREKO PRINTZIPIOAK

Deialdian aurkezten diren proiektuek printzipio hauek errespetatu beharko dituzte:

a) Honako adierazpen eta hitzarmen hauetan ezarritako oinarrizko printzipioak: Helsinkiko Adierazpena (Munduko Medikuntza Elkartea), Giza eskubideei eta biomedikuntzari buruzko Europako Kontseiluaren Hitzarmena, Giza genomari eta giza eskubideei buruzko UNESCOren Adierazpen Unibertsala, eta ikerkuntza biomedikoari, datu pertsonalen babesari eta bioetikari dagokienez Espainiako legedian ezarritako baldintzak.

b) Gizakiekin ikerketak egin edo giza jatorriko laginak erabiltzea dakarten proiektuek Ikerkuntza Biomedikoari buruzko uztailaren 3ko 14/2007 Legean araututakoa bete behar dute.

Era berean, lege horri lotuta egongo dira: gizakien enbrioietan jatorri duten zelulak eta ehunak edota horietatik eratorritako zelula-lerroak erabiltzea espezifikoki eskatzen duten ikerkuntza-proiektuak.

c) Saiakuntza klinikoak xede dituzten proiektuek otsailaren 6ko 223/2004 Errege Dekretuan ezarritakoa bete behar dute.

d) Animaliekin esperimentuak egitea dakarten proiektuek indarrean den lege-araubidean ezarritakoa bete beharko dute, eta bereziki otsailaren 1eko 53/2013 Errege Dekretuan –esperimentuak egiteko eta bestelako helburu zientifikoetarako erabiltzen diren animalien babeserako oinarrizko arauak jasotzen dituena– ezarritakoa.

e) Genetika aldatuta daukaten organismoak erabiltzea dakarten proiektuetan bete beharko da, batetik, apirilaren 25eko 9/2003 Legea –Genetika aldatuta daukaten organismoak bakarturik erabiltzeari, borondatez askatzeari eta merkaturatzeari buruzkoa–, eta, bestetik, lege hori garatzen duen arau orokorra onesten duen urtarrilaren 31ko 178/2004 Errege Dekretua.

f) Agente biologikoak erabiltzea dakarten proiektuak, berriz, Laneko arriskuen prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hori garatzen duten errege-dekretuetan ezarritakoari egokitu beharko dira, agente biologikoekin kontaktuan izatearen ondoriozko arriskuei dagokienez.

g) Azkenik, material genetikoa hartzea edo trukatzea xede duten proiektuek honako hauek bete beharko dituzte: Dibertsitate Biologikoari buruzko Hitzarmena, Elikadurarako eta Nekazaritzarako Baliabide Fitogenetikoei buruzko Nazioarteko Ituna, eta Mintegiko Haziei eta Baliabide Filogenetikoei buruzko uztailaren 26ko 30/2006 Legea.

II. ERANSKINA
ESKABIDEAREN EDUKIA

1.– Eskabidean, honako informazio hau jasotzen da:

a) Unibertsitate eskatzailearen identitatea, sinadura digitalaren bitartez, eta ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren zenbakiaren bitartez. Enpresak IFZ dokumentua ekarri beharko du.

b) Ikerketa-taldeak egin behar duen lan-planari buruzko informazioa; hala nola, helburuak, lanen banaketa eta ikertzaile bakoitzaren ordu-dedikazioa.

c) Ikerketa-taldeak parte hartuko duen ikerketa-proiektu aktiboak edo eskabide-fasean dauden proiektuen identifikazioa, eskatutako proiektuaren garapenarekin bat etorrita; proiektuan parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak proiektu horietarako izango duen ordu-dedikazioa.

d) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren identifikazioa, NANaren edo AIZren bitartez; gainera, datu pertsonalak; titulazio akademikoa, kontratu mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

e) Aurrekontua: informazio ekonomikoa, diruz lagun daitezkeen kontzeptuen arabera; eta kostu ekonomikoa, urteen arabera, 5. artikuluari jarraikiz.

f) Kofinantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena; diru-laguntzei eta laguntzei dagokienez, desgaitzen duen zehapen-prozedura, bai eta genero-diskriminazioarekin ere, 8.5 artikuluaren arabera; eta bete beharreko printzipio bioetikoei buruz 4.3 artikuluan xedatutakoa betetzen dela dioen adierazpena.

2.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau ere –bai teknikoa, bai administratiboa– aurkeztu beharko dira:

2.1.– Agiri teknikoak:

Agiri administratiboetatik berezituta, eta aplikazioak sortzen duen eskaerarekin batera, agiri teknikoek osatzen dute aurkezturiko proposamen zientifikoari ebaluazio teknikoa egiteko erabiliko den informazioa:

a) Ikerketa-proiektuaren memoria, honako alderdi hauek jasotzen dituela:

– Laburpena.

– Gaiaren aurrekariak eta egungo egoera.

– Bibliografia aipagarriena.

– Proiektuaren interes orokorra.

– Hipotesiak eta helburu orokor eta operatiboak.

– Proiektuaren azken emaitza eta emaitza hori ustiatzeko plana.

– Helburuei lotutako mugarriak. Lan-plana. Kronograma. Ikertzaileek atazei eskainitako dedikazioa.

– Mugarri bakoitzean erabilitako metodologia.

– Proiektua burutzeko eskuragarri dauden instalazioak, tresnak eta teknikak.

– Arduren banaketa.

– Ikerketa-taldeak gaiari buruz duen esperientzia.

– Egindako azken 5 proiektuen emaitzak eta atarramentua.

– Kofinantzaketaren deskribapena, hala badagokio.

– Eskatutako diru-laguntzaren justifikazio zehatza.

– Bi zentro edo gehiagoren arteko lankidetza, hala badagokio.

– (UEP lerrorako soilik) Enpresak proiektuan izan duen parte-hartzea.

– (OIAPeko 2. modalitaterako soilik) Erakunde parte-hartzaileen taldeen kudeaketa, integrazioa eta komunikazioa.

b) Ikerketa-taldeko ikertzaile bakoitzaren curriculum vitae laburtua (deialdiaren datatik azken sei urteei dagokiena). Ikertzaileak sinatu beharko du dokumentuaren orri bakoitza. Ezaugarri horiek dituzten dokumentuak bakarrik hartuko dira aintzat eta ez dituztenei akatsak zuzentzeko errekerimendua egingo zaie.

c) Hala badagokio, eskatutako material inbentariagarriaren proformako fakturak.

d) Enpresaren ezaugarriak eta orain arte egin diren I+G ekintzak.

e) Proposamena ezaugarri teknikoen arabera ebaluatzeko bidezkotzat jotzen diren agiriak.

2.2.– Administrazio-dokumentazioa:

f) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2018-2019 aldian aktibo dituen proiektuei zenbat denbora eskainiko dien, eta bakoitzak eskatutako proiektuari zenbat denbora eskainiko dion, 6.2 artikuluaren arabera.

g) Erakunde eskatzaileak edo laguntzaileak parte hartuko duen ikertzaile bakoitzarekiko egoera laboralaren inguruko dokumentazioa (Gizarte Segurantzaren IDC delakoa edo antzekoa), datu hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, 6.4 eta 6.5 artikuluen arabera.

h) Unibertsitate onuradunaren, enpresa parte-hartzailearen (hala badagokio) eta enpresa parte-hartzailearen adierazpena; enpresak bertan adieraziko du zenbateko diru eta bestelako baliabideen ekarpena egin dion proiektuari.

i) Hala badagokio, unibertsitate eskatzaileari atxikitzeko dokumentua, betiere Ikerbasquek kontratatutakoa baldin bada, 6.7 artikuluaren arabera.

j) Hala badagokio, doktoretza aurreko beka emateko eta/edo izendatzeko dokumentua, proiektuan parte hartzeko baimenaren ziurtagiria eta beka aplikatzeko zentroarena, 6.6 artikuluaren arabera.

k) Hala badagokio, 3.2 artikuluan diru-laguntzak eta laguntzak jasotzeko desgaitzeei eta zehapenei buruz jasotakoarekin lotutako dokumentazioa.

l) Esleipen-irizpideen arabera proposamena egoki baloratzeko beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa.

III. ERANSKINA (OIAP)
EBALUAZIO IRIZPIDEAK
OINARRIZKO IKERKETAKO ETA IKERKETA APLIKATUKO PROIEKTUAK 2018-2020
(Ikus .PDF)
III. ERANSKINA (UEP)
EBALUAZIO IRIZPIDEAK
UNIBERTSITATEA-ENPRESA IKERKETA PROIEKTUAK 2018-2019
(Ikus .PDF)
ESKABIDE-ORRIA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala