Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2018ko abenduaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5985

AGINDUA, 2018ko azaroaren 20koa, Hezkuntzako sailburuarena, ekipamendu zientifikoa eskuratzeko 2019ko ekitaldiko laguntzen deialdia egiteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko zientzia- eta teknologia-ahalbideak areagotu beharra dago, eta ikertzaile-taldeek arrakastaz eta gaitasunez parte hartu behar dute Europako ikerketa-espazioaren eraikuntzan. Horregatik, sail honek kudeatzen duen ekipamendu zientifikoko laguntzen programarekin aurrera jarraitu behar da.

Agindu honen bidez, azpiegitura handien erabilera errazten zaie horrelakoak behar dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko talde zientifiko guztiei, ikerketa-taldeek sarean jardun dezatela sustatuz.

Herri Administrazioen diru-laguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako eran, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudiarekin eta laguntzei eta diru-laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin bat.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan ezartzen duenaren babespean, deialdi hau elektronikoki izapidetuko da.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretua kontuan hartu da (2017ko apirilaren 21eko EHAA, 76. zk.).

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz.

Sailaren 2018rako diru-laguntzen plan estrategikoa onartzen duen Hezkuntzako sailburuaren aginduan sartzen dira agindu honetan araututako laguntzak.

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da 2019an 18.000 eta 240.000 euro bitarteko kostua (BEZik gabe) duten ekipamendu zientifikoak erosteko diru-laguntzak ematea.

Deialdi honen ondorioetarako, ekipamendu zientifikotzat hartzen da I+G+b jarduerak garatzeko behar diren baliabide fisikoen (ekipoen) multzoa.

2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.

1.– Deialdi honetarako, 500.000 euro erabiliko dira.

2.– Eman beharreko laguntza guztien bolumenak ez du gaindituko kontsignazio hori edo kontsignazio hori eguneratzen denean ateratzen dena, betiere indarrean dagoen legerian kredituak lortzeko edo aurrekontuak aldatzeko aurreikusten den erregimenari jarraikiz eta horiei buruzko ebazpena eman aurretik. Aipatutako kontsignazioa gaindituz gero, horren berri emango du Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak, ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Deialdiaren eskaera baten erakunde onuradun izango dira, batetik, eskaera aurkezten duen erakundea, proiektuak egiteko ekipamenduaren beharra justifikatuta, eta, bestetik, horren alde egingo duen beste edozer erakunde, berenak justifikatuta, baldin badituzte; betiere, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen Erregistroan akreditatuta badaude (aurrerantzean, ZTBES) –Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren 28. artikuluan jasotakoa–, honako kategoriatan:

Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroak.

Unibertsitateen Ikerketa Egiturak (UPV/EHU izan ezik).

Ikerketa Kooperatiboko Zentroak.

Teknologia Zentroak.

Erakunde bat baino gehiago direnean, bat eskatzaile izango da eta besteak laguntzakoak.

2.– Laguntza-erakundeek eskaeran parte hartuko dute; alegia, ikerketa-taldeak utziko dituzte eta taldeok eskaeraren xede den ekipamendu zientifikoa erabiliko dute beren ikerketa-proiektuetan.

3.– Erakunde onuradunek, laguntza jasotzen duten aldian, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Erakundeak ezin izango dira onuradun izan baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapenen bat badute bide penaletik edo administrazio-bidetik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean badaude, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

b) Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Gainera, erakunde onuradunek diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan behar dituzte.

Baldintza hori bete beharko da bai onuradun izateko eta bai izaera horri eusteko diru-laguntzaren likidazioa egin arte. Alde horretatik, egiaztapenak egingo dira bai diru-laguntza ematen denean eta bai ordainketak egiten direnean.

c) Ezin izango dira agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izan honako xedapen hauetan jasotako egoeraren batean daudenak: Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan.

4. artikulua.– Diruz lagun daitekeena eta ekipamenduen eta proiektuen betekizunak.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamendu zientifikoak izango dira diruz lagun daitezkeen gastuak, baldin eta inongo zalantzarik gabe behar-beharrezkoak badira eta artikulu honen hurrengo zenbakian zehaztutako epean egiten badira.

Ekipamenduaren eskuratze-kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.

2.– Ekipamenduek eskaeran parte hartzen duten erakundeetako ikerketa-taldeen oraingo zein etorkizuneko ikerketa-proiektuak egiteko egokiak eta beharrezkoak izan behar dute. Ekipamendua erabiliko duten proiektuak 2019an eta 2020an garatuko dira, ekipamendua erakunde onuradunean funtzionatzen hasten denetik.

Ez dira diruz lagunduko deialdi hau ebatzi aurretik eskuratutako ekipamenduen gastuak.

3.– Agindu honen bidez diruz lagunduko diren ondasunak diru-laguntza eman den xede jakinera bideratuko dira, gutxienez bi urtez.

4.– Ekipamenduaren erabilerarekin lotuta dauden proiektuek administrazio publikoek eskaeran parte hartzen duten erakundeei espresuki finantzatuta egon behar dute.

Ekipamendua eskatzen den proiektua onartzeko, ezinbestekoa izango da ikertzaile nagusiak eskaeran parte hartzea; gainera, eskaera sinatzen duten gainerako pertsonek ere berariaz lan egin beharko dute proiektu horietan.

5.– Eskatutako ekipamendua, funtsean, gailu bakarra izango da, teknologikoki oinarrizkoa edo ardatza, eta 18.000 euro eta 240.000 euro artekoa. Gailu horrekin batera, aukerazko zenbait osagai edo modulu eros daitezke, gailu nagusiarekin batera funtzionamendu-unitate bakarra osatzen baldin badute. Aukerako osagaiak ez dira finantzatuko, gailu ardatzari edo oinarrizkoari lotzen ez bazaizkio.

Ezin izango dira finantzatu firma komertzial bat baino gehiagoren gailuetarako eskaerak, guztien artean funtzionamendu-unitate bakarra osatzen ez badute. Era berean, ezin da ekipamendu bereko ale bat baino gehiago eskatu.

6.– Ekipamendu bat beste erakunde batekin batera kofinantzatzen bada, hori emateko ebazpenak ekipamendua erosteko zer finantzazio ematen duen adieraziko du. Ekipamendu horrek deialdi honetan eskatutakoaren berbera izan beharko du.

7.– 90.000 eurotik gorako ekipamenduak langile espezializatuek erabili behar dituzte, eta zorrotz egin behar dira mantentze-lanak. Hori dela eta, eskaeran parte hartzen duten erakundeek ekipamenduaren ahalik eta eskuragarritasun eta errentagarritasun handiena egiaztatu behar dute. Hori horrela, erabiliko duten langile egokiak eta aseguratuko duen urteko mantentze-kontratua izateko konpromisoa hartuko dute.

8.– Eskaeran laguntza-erakunderen batek parte hartzen badu, eskatutako ekipamenduaren erabilera kudeatzeko araudi bat aurkeztu beharko da, eskaeran parte hartzen dutenek bete beharko dutena.

9.– Deialdi honetatik beren beregi baztertzen dira ondoko hauek: eraikinak birmoldatzeko edo hobetzeko obra zibilak; erabilera orokorreko (alegia, erabilera ez-zientifikoko) altzari, gailu eta tresnak, irakaskuntzarako edo kalitatea kontrolatzeko eta zerbitzu teknikoak emateko erabiltzen direnak; bulegoko altzari, gailu eta tresnak; kudeaketako ekipo informatikoak. Aitzitik, prozesuak kontrolatzeko ordenagailuak eta kalkulu matematikoko ekipo bereziak onartu egingo dira.

10.– Artikulu honetan diruz lagun daitezkeen gastuei buruz arautu ez denerako, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan adierazitakoa beteko da.

11.– Laguntza hauei dagokienez, egindako gastutzat hartuko da betearazpen-aldian egin eta agindu honetan ezarritako gastuak egiaztatzeko aldia amaitu baino lehen ordaindu dena.

5. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta horiek zehaztea.

1.– Ekipamenduak eskuratzeko laguntzen zenbatekoa finantza daitekeen gehieneko ehunekoaren arabera zehaztuko da. Ehuneko hori ekipamenduaren kostua oinarri hartuta lortuko da, taula honen arabera. Gehieneko finantzaketa-ehuneko hori organo kudeatzaileak onartutako eskaeraren zenbatekoari aplikatuko zaio, kontuan hartuta diru-laguntza jasoko duen eskaera bakoitzerako onartutako kofinantzaketak eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalak eginiko gomendioak. Hortik aterako da diru-laguntzaren zenbatekoa.

(Ikus .PDF)

2.– Erakunde eskatzaileak deialdi honen bidez jasoko duen laguntza osatzeko kopurua jartzeko konpromisoa hartuko du, harik eta, gutxienez, eskatutako ekipamendurako organo kudeatzaileak onartu duen eskaeraren zenbatekora iritsi arte; zenbateko hori aurreko paragrafoan deskribatu da.

3.– Erosketak dakartzan zergak ordaintzeko kostuak, ordea, ez dira finantzatuko.

6. artikulua.– Ikertzaileen betekizunak.

1.– Eskaeran parte hartzen duen erakunde bakoitzeko (eskatzailea edo laguntzakoa) gutxienez 3 ikertzaile zerrendatuko dira eskaeran. Ikertzaileok, bada, ekipamendu zientifikoa erabiliko den proiektuan/proiektuetan lan egingo duen ikertzaile-taldea osatuko dute.

2.– Gailua erabiliko den proiektuetako ikertzaile nagusiek ekipamenduaren eskaeran parte hartu beharko dute, ikerketa-talderen batean: eskatzailea edo laguntzakoa.

3.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetarako eskaera bakarrean parte hartu ahal izango du, dela erakunde eskatzailearen kide gisa, dela laguntza-erakundearen kide gisa. Doktore-tesia egiteko kontratatutako pertsonek ezingo dute ekipamenduen eskaeran parte hartu (prestatzen ari diren doktoratu aurreko ikertzaileak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 21. artikuluaren arabera).

4.– Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak 2018. eta 2019. urteetarako esleitutako edo eskatutako beste proiektu batzuetan zenbat ordu konprometitu dituen adierazi beharko du.

5.– 2018. eta 2019. urteetarako deialdian diru-laguntza bat jaso duen eskaera batean parte hartu duten ikertzaileek ezin izango dute deialdi honetako eskaera batean parte hartu.

6.– Erakunde eskatzaileak edo laguntzakoak deialdiko eskaerak entregatzeko epea amaitu baino lehen kontratatu behar du ikertzaile bakoitza, 2020ko abenduaren 31ra arteko aldirako, gutxienez, eta ekipamendua erabiliko duten proiektuetan aurreikusitako dedikazioaren berbererako, gutxienez.

7.– Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena, halakorik bada. Gainera, aipatu obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, argi gelditu dadin nahiko ordu eskain diezazkiela proiektutan konprometitutako jarduerei.

8.– Deialdiaren ondorioetarako, Ikerbasque Fundazioak Research Professor, Research Associate edo Research Fellow kategorietan kontratatutako ikertzaileak, baldin eta erakunde bati atxikita badaude, erakunde horretako langileak direla ulertuko da; betiere, atxikipen-agiria aurkezten badute.

7. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Saileko Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan azaltzen diren laguntzak kudeatzea.

8. artikulua.– Eskaerak formalizatu eta aurkeztea.

1.– Eskaerak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 11n amaituko da, eta, aurkeztu ostean, ezin izango dira aldatu.

Datuak larriki ezkutatzeak edo aldatzeak, edo eskatutako informazioa edo eskabidearen aplikazio telematikoan sartutako agiriak manipulatzeak eskaera ezestea ekarriko du.

2.– Agindu honen I. eranskinarekin bat etorriz bete beharko da eskabidea. Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuratu ahal izango da eskabidearen formularioa, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/ekizien/y22-izapide/es/

Eskabidea bi urratsetan egin beharko da:

Lehenik, laguntza eskatuko duen ikertzaile nagusiak alta eman beharko du aplikazioan erabiltzaile gisa, dagoeneko ez bada, edo ziurtapen elektroniko pertsonalaren bitartez sartu (esate baterako, NAN elektronikoa erabiliz). Hori egin eta gero, aipatu aplikazioan zehaztutako jarraibideak jarraitu beharko ditu, harik eta eskaera erabat bete arte.

Ondoren, eskaera aipatu aplikazioan bete ondoren eta agindu honen I. eranskinean zehaztutako agiri atxikiak gehitu ondoren, erakundeak edo legezko ordezkariak eskaera elektronikoki sinatu beharko du, eta erregistratuta geldituko da. Hala egin ezean, ez da erregistratuta geldituko. Horretarako, erakunde eskatzaileak eskabidea elektronikoki sinatzeko erakundearen txartela eduki beharko du, edo, bestela, legezko ordezkariak Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistroan alta emanda egon beharko du (Herrizaingo, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuaren 2012ko abenduaren 14ko Agindua), esteka honetan: https://euskadi.eus/representantes

3.– Parte hartuko duten gainerako ikertzaileek beren NAN edo AIZ zenbakia adierazi beharko dute eskabidean. Administrazio eskudunak automatikoki egiaztatuko du zenbakia aipatu aplikazioan, elektronikoki.

4.– Eskaerak honako hauetan aipatutako egoerei buruzko erantzukizunpeko adierazpena jaso beharko du: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. zenbakia –Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartua–; baita diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko betebeharretan egunean dagoela dioen adierazpena ere, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren arabera.

5.– Erakunde batek baino gehiagok erabiliko dituen ekipamenduen kasuan, 3. artikuluan adierazitako erakundeak izan beharko dira. Horietako bat eskatzailea izango da, eta gainerakoak laguntzakoak. Erakunde eskatzailea eskaeraren koordinatzailea izango da: ekipamendua eskuratzeaz eta kudeatzeaz arduratuko da, eta administrazioarekin harremanetan egongo da. Berariaz adieraziko da hori eskaeran, bai eta horren alde egingo duten eta, beraz, ekipoa erabiltzeko eskubidea izango duten erakundeak zeintzuk diren ere.

6.– Agindu honen bidez diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratuen azaroaren 8ko 9/2017 Legean kontratu txikirako zehaztutako zenbatekoak gainditzen dituenez, onuradunak ekipamendua eskuratzeko hornitzaile ezberdinen hiru eskaintza aurkeztu beharko ditu gutxienez eskaeran. Ez du halakorik egin beharko, dena dela, ekipamenduak hornituko dituen erakunde kopuru nahikorik ez badago merkatuan, ekipamenduaren ezaugarri bereziak direla eta. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da eskaeran.

7.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zuzenean egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 18. eta 19. artikuluetan jasotakoaren arabera.

Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu ahal izango du baimena. Hala eginez gero, eskabiderekin batera aurkeztu beharko ditu beharrezko egiaztagiri eguneratuak.

Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

9. artikulua.– Jakinarazpenak eta aurkeztutako eskabideko hutsak zuzentzea.

Zorrotz bete beharreko epe bat adierazten duten jakinarazpenak (esaterako, hutsak zuzentzea eta deialdia ebazteko eskatzea) prozedura honen arabera egingo dira:

1.– Diru-laguntzaren eskaerak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, erakunde eskatzaileei hauxe eskatuko zaie: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo manuzko agiriak aurkezteko. Epe horretan ez badituzte akatsak zuzentzen, eskaeran atzera egin dutela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezartzen duenaren arabera.

Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu/) argitaratuko da akatsak zuzentzeko jakinarazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

2.– Aurrekoa eragotzi gabe, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazteko, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

10. artikulua.– Hautaketa Batzordea. Ebaluazio-prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenaren proposamena egingo du, agindu honetan xedatutakoa zuzen aplikatzen dela begiratuz, bereziki ebaluazio-irizpideei dagokienez. Aurrez, izapidetzeko zein eskabide onartu eta zein ez erabaki beharko dute.

2.– Batzordeak kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, batzordeburu izango dena; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat.

3.– Proiektuen ebaluazioak bi urrats izango ditu: onartu den eskaera bakoitzari buruzko txostenak eskatuko dizkio Hautaketa Batzordeak Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioaren Ikerketako Estatu Agentziaren Koordinazio eta Ebaluazio Azpiatalari, zeinak 11. artikuluan aipatzen diren irizpideetarako puntuazioa ezarri beharko baitu, 7 zenbakia duen irizpiderako izan ezik, hurrengo artikuluan azaltzen denaren arabera eta proiektuen kofinantzaketari dagokionez. Irizpide hori Hautaketa Batzordeak berak baloratuko du. Ebaluatzeko bi esku-hartze horien emaitza izango da puntuazio orokorra.

11. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena prestatu ahal izateko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek izango ditu kontuan, lerro bakoitzeko eskaerak ebaluatu, aukeratu eta lehentasunen arabera ordenatu ahal izateko:

(Ikus .PDF)

2.– Salbuetsitako irizpideen balorazioa.

Aurreko zerrendako 7. irizpidea baloratzeko, zeina eskatzen diren ekipamenduen kofinantzaketari buruzkoa baita, honako kalkulua egingo du Hautaketa Batzordeak:

Kofinantzaketa-irizpidearen balioa = [(kofin koef)/0,80]*10

Gehienez 10 puntu, non:

– kofinantzaketa koefizientea (kofin koef) = egiaztatu eta onartutako ekipamenduaren kofinantzaketa/eskatutako ekipamenduaren zenbateko garbia.

3.– Ebaluazio-sistema homogeneizatu eta irizpideak aplikatzerakoan objektibotasun handiagoa lortze aldera, deialdiaren II. eranskinean jaso dira irizpideak zehatzago baloratzeko aldeen xehetasunak, ebaluatzaileei euren lanean laguntzeko eta ebaluazio-prozedura gardenago izan dadin.

4.– Puntuazio orokorrean berdinketarik egonez gero, 1. irizpidearen arabera lortu den kalifikazio handiena hartuko da aintzat, lehenik; berdinketak jarraitzen badu, 5. irizpidearen araberakoa. Guztiarekin ere, berdinketak jarraitzen badu, eskaerak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbakia erabiliko da ebazpena emateko irizpide gisa. Zenbaki hori aplikazio telematikoan sortzen den eskabide-inprimakian agertuko da.

12. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.

1.– Hautaketa Batzordeak egingo du laguntzak esleitzeko proposamena, aurkeztutako eskaeren ebaluazioa oinarri hartuta. Diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, eta eskaera bakoitzak balorazio-fasean lortu duen puntuazioaren araberako lehentasun-ordenari jarraikiz zehaztuko dira. Diru-laguntzaren zenbatekoa 5. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat etorriz esleituko da, horretara bideratutako kreditu erabilgarria agortu arte, 2. artikuluaren arabera.

2.– Ebaluazioan 50 puntu edo hortik gorako balorazioa lortzen duten eskaerak bakarrik lagun daitezke diruz.

3.– Deialdi honetan eskatutako ekipamendua eskuratzeko beste erakunde publiko baten kofinantzaketa badago, lehia bidezko deialdi bidez irmoki esleituta, esleituko den zenbatekoa Hautaketa Batzordeak ekipamendurako onartutako kostuari beste erakunde horrek emandako diru-laguntzaren zenbatekoa kenduta ateratzen den emaitza baino txikiagoa izango da.

13. artikulua.– Ebaztea, eta onartzea edo ukatzea.

1.– Hautaketa Batzordeak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari ebazpen-proposamena aurkeztuko dio, eta azken horrek esleitu edo ukatu egingo du, ebazpen arrazoitu baten bidez. Ebazpen horren berri interesdunei banan-banan emango zaie.

2.– Ebazpenean, eskabide bakoitzaren honako erreferentziak jaso behar dira:

– Eskabidearen kodea.

– Erakunde eskatzaileko ikertzaile nagusiaren izena.

– Erakunde onuraduna: eskatzailea edo laguntzakoa.

Finantzatutako eskaeretarako:

– Ekipamendu zientifikoaren izena edo deskribapen laburra.

– Deialdiaren bidez esleitzen den laguntzaren zenbatekoa.

Finantzatuko ez diren edo baztertu diren eskaeretarako:

– Ez finantzatzearen edo bazter uztearen zergatia.

3.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu/), eta argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak. Horrez gain, publikotasun-ondorioetarako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zerrenda bat argitaratuko da, adierazteko nortzuk diren 2019ko lehenengo seihileko onuradunak eta zenbateko diru-laguntza ematen zaien.

Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak aukera izango du interesdunei jakinarazpenaren argitalpenaren abisuak helarazteko, eskaeretan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

4.– Ebazpen horren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.

Deialdi hau argitaratzen denetik hasita sei hilabeteko epean berariazko ebazpenik ematen edo jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira administrazioaren isiltasunagatik. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22.1 artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz, ebazteko epe hori eten ahal izango da ebaluazioak dirauen bitartean.

5.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (9.2 artikulua) ebazpena argitaratzen denetik hasita 10 egun naturaleko epean erakunde onuradunak berariaz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egiten duela ulertuko da. 15.1 artikuluan gastua gauzatzeko eta 16. artikuluan diru-laguntzaren erabileraren jarraipena egiteko ezarritako epeak kontatzen hasiko dira diru-laguntza onartzen den egunetik aurrera.

14. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna/bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateragarria da helburu berarekin beste erakunde finantzatzaile batzuek eman ditzaketenekin. Onuradunak beste erakunde baten edo Eusko Jaurlaritzako beste sail baten deialdi batean parte hartu badu eta ekipamendu beraren erosketa zati batean finantzatu bada, gelditzen den zatia finantzatu ahal izango da deialdi honen bidez. Nolanahi ere, finantzaketa osoak ezingo ditu eskatutako beharrak gainditu. Gainfinantzaketarik detektatuz gero, dagokion diru-kopurua murriztuko da deialdi honen bidez emandako finantzaketan. Nolanahi ere, eskatzaileak argi eta garbi azaldu beharko du zein diren kanpoko finantzaketaren xedea, jarduerak, zenbatekoa eta banaketa.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko baldintzak.

1.– Diru-laguntza 13.5 artikuluaren arabera onartu ostean, agindu honek aipatzen duen diru-laguntza ordainketa bakarrean ordainduko da 2019. urtean, erakunde onuradunak 16. artikuluan azaltzen den jarraipen- eta justifikazio-dokumentazioa entregatu eta gero.

2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-araubideari eutsiz bermatuko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen itzulketen eta bermeen araubide orokorra arautu zen, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, araubidea eta obligazioak ezarri ziren.

16. artikulua.– Diru-laguntzaren erabileraren jarraipena.

1.– Diru-laguntza 13.5 artikuluan zehaztutakoaren arabera onartu ondoren, eta 2019. urtea amaitu baino lehen, finantzatutako ekipamendu zientifikoaren erosketaren jatorrizko fakturak aurkeztu beharko ditu erakunde onuradunak, bide telematikozko aplikazioa erabiliz eta legezko ordezkariaren sinadura elektronikoarekin. Behin laguntzen organo kudeatzaileak zigilatu ostean, erakunde onuradunari itzuliko zaizkio. Ebazpenean aipatzen den ekipamenduaren deskribapena jaso beharko da fakturetan.

2.– Ebazpena onartu eta urtebete igaro ostean, eskuratutako ekipamendua jaso, martxan jarri eta erabiltzeari buruzko txostena aurkeztu beharko du erakunde onuradunak; txosten horrek, gutxienez, atal hauek jasoko ditu:

a) Ekipamenduaren behin betiko kokapenaren deskribapena.

b) Eskuratutako ekipamenduaren kalitatearekiko adostasuna, aurreikusitako helburuetarako egokia dela, eta harrera-proben emaitza.

c) Laguntzako beste erakunde batekin partekatutako eskaera bat bada, talde eskatzaileen artean ekipamendua batera erabiltzeko programa.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte, baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoak ere, eta zehazki baldintza hauek:

1.– Erakunde onuradunak, ikerketa-taldearen bitartez, agindu honetan zehaztutakoari eta Ikerketa Zuzendaritzaren jarraibideei segituz egingo ditu gastuak. Proiektuaren diru-laguntzari egotzitako gastu guztia behar bezala justifikatu beharko da, onartutako horniduraren arabera.

2.– Gastua behar bezala egiaztatu beharko da, gastuen fakturak edo merkataritza-balioa duten agiriak aurkeztuta. Jatorrizko agiri horiek erakunde onuradunak gorde beharko ditu, eta organo kudeatzailearen esku egongo dira edozein egiaztapen egiteko.

3.– Erakunde onuradunek bost urtez, gutxienez, gorde behar dituzte laguntzari dagozkion gastuak justifikatzen dituzten faktura eta agiri guztiak, 15. artikuluan ezarritako epea amaitzen denetik zenbatuta. Halaber gorde beharko ditu entitate onuradunak, bost urtez gutxienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren eginkizunen barruan deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eska diezaioketen edozein informazio.

4.– Erakunde onuradunen urteko memorietan eta ekipamendua erabiltzen den proiektuetatik sortutako zientzia-argitalpenetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza jaso dela adierazi beharko da.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatuz gero, eta betiere diru-laguntzaren helburua bete bada, edo beste erakunde publiko edo pribaturen batek, aldi berean, bestelako diru-laguntza edo laguntzarik eman badu, diru-laguntzak emateko ebazpena alda daiteke. Horretarako, Ikerketa Zuzendaritzak beharrezko likidazio-ebazpena eman beharko du, eta ebazpen horretan berriro doituko dira emandako diru-laguntzen zenbatekoak, honela:

– Diru-laguntzaren xede diren gastuak ez badira behar bezala justifikatzen, ebazpenaren zenbatekoa aldatu eta murriztu egingo da. Justifikatu ez den gastuaren zenbatekoan murriztuko da laguntza.

– Ebazpena eman ostean kofinantzaketaren bat lortu bada, eta, beraz, kofinantzaketa hori ebazpenean kontuan hartu ez bada, ebazpenaren zenbatekoa aldatu eta murriztu egingo da. Kofinantzaketa berri horren zenbatekoan murriztuko da laguntza.

Agindu honetan ezarritakoa ez betetzeagatik esleitu den diru-zenbatekoa aldatu edo indargabetu behar bada, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpen indibidual baten bidez jakinaraziko du.

19. artikulua.– Diru-laguntzarako eskubidea galtzeko edo itzultzeko arrazoia.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta agindu honetan ezarritakoaren arabera, eta, zehazki, jarraian adierazitako ez-betetzeak egiaztatzen badira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

1.– Arau-hauste administratibo bat gertatzen bada, laguntza eta diru-laguntza publikoen alorreko arau-hausteen eta zehapenen araubidea aplikatuko da, alegia, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotakoa.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan azaldutako kausez gain, honako hauek diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzeko edo diru-laguntza itzultzeko kausatzat hartuko dira:

1) Ikertzaile nagusiak edo diru-laguntza eskatu duen erakunde onuradun eskatzailearen legezko ordezkariak ekipamenduari uko egiten badiote, edo ikertzaile nagusia jatorrizkoaz bestelako erakunde batera joaten bada, edo EAEtik kanpo lanera joaten bada, emandako ekipamendu zientifikoari dagokion proiektuen zuzendaritza arriskuan jarriz.

2) Talde bera osatzeko, beste iturri batzuetatik jasotako finantzaketak metatzen badira edo, ekipamenduaren aldakiak, aski justifikatu gabeak, beste erakunde publiko edo pribaturen bati aurkezten bazaizkio finantzatzeko laguntza eske, aurrez Ikerketa Zuzendaritzari horren berri eman gabe eta horren onarpena jaso gabe.

3) Diru-laguntza emandakoaz bestelako ekipamendu bat ordaintzeko erabiltzen bada, deialdiaren organismo kudeatzailearen baimenik gabe.

4) Deialdi honetako oinarrien eta administrazio-agirien ez-betetze astuna (osorik edo zati batez).

5) Diru-laguntza agindu honetan ezarritako epeetan ez erabiltzea, justifikatuta ez badago behintzat.

6) Datuak ezkutatzea (arau-hauste astuna bada), datuak aldatzea edo edozein manipulazio egitea.

20. artikulua.– Datu pertsonalen babesa.

1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren izena «Ikerketa» izango da, eta haren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Ikerketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Ikerketa Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokia egoteko baldintzapean gelditzen da agindu honetako laguntzak ematea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Deialdi honen aurka, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, deialdia argitaratu hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa egin daiteke, administrazioarekiko auzietako jurisdikzioaren aurrean, bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 20a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
ESKAERAREN EDUKIA

1.– Eskaeran, honako informazio hau jasotzen da:

a) Nortasuna: erakunde eskatzailearena, sinadura elektronikoaren bidez; ikertzaile nagusiarena, NANaren edo AIZren bidez; eta laguntza-erakundeena, IFKren bidez.

b) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren nortasuna, NANaren edo AIZren bidez; gainera, datu pertsonalak, titulazio akademikoa, kontratu-mota eta kontratatutako urteko ordu-dedikazioa.

c) Aktiboan edo eskabide-fasean diren ikerketa-proiektuen identifikazioa, zeintzuetan, eskatutako proiektua garatzen ari delarik, ikertzaile-taldeak parte hartuko duen, baita ekipamendua erabiliko den proiektuena ere.

d) Ekipamendu zientifiko hori erosteko beste erakunde batzuetatik jasotako finantziazioaren gaineko informazioa, finantza-bideak eman dituen erakundea eta eskatutako edo emandako zenbatekoa adieraziz, baldin eta hori dagoeneko ebatzita badago.

e) Eskatutako ekipamenduaren ezaugarri tekniko eta ekonomikoen gaineko informazioa.

f) Kofinantzaketari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (diru-laguntzei lotutako zehapen-prozedura desgaitzailea), 3.3 artikuluaren arabera.

g) Erakunde eskatzailearen adierazpena, hauei buruzkoa:

1) Bere inguru zientifikoan ekipamendu hori dagoen edo ez.

2) Ekipamenduaren erosketan, onuradunari dagokion zatia ordaintzeko konpromisoa, 5.2 artikuluan zehaztutakoari jarraikiz, baldin eta diru-laguntza ematen bada.

3) Erakundearen konpromisoa, 90.000 euroko edo gehiagoko ekipamendua erabiltzeko eta mantentzeko. Konpromiso honetan, adierazi beharko du ekipamendua erabiltzeko zein sistema erabiliko duen (langile operadoreak) eta ekipamendua mantentzeko zein sistema erabiliko duen, betiere eskatutako ekipamenduaren erabilgarritasuna eta errendimendua ahalik eta handiena dela ziurtatuz.

2.– Eskaerarekin batera, dokumentazio teknikoa zein administratiboa aurkeztu behar da:

1) Agiri teknikoak:

Dokumentazio administratibotik bereizita, eta aplikazioak sortzen duen eskabidearekin batera, dokumentazio teknikoan jasotako informazioaren bidez, aurkeztutako proposamen zientifikoaren ebaluazio teknikoa egingo da.

a) Proiektuetan ekipamenduaren premia dagoela justifikatuko duen memoria teknikoa. Orain arte erabili izan diren ekipamenduen ordez orain eskatzen diren teknika eta tresna horiek zergatik diren beharrezko azaldu behar da, beraz. Proiektuetako bakoitzaren deskribapena (edo, gutxienez, ekipamenduaren erabileraren % 70 daukatenen deskribapena). Erabiltzen dituzten teknologia alternatiboak zehaztu behar dira, eta eskatutako ekipamenduak ekarriko lituzkeen onura eta abantailak azaldu. Ekipamendu zientifikoaren eta bere osagaien balorazio ekonomikoa.

b) Ikerketa-taldea osatzen duten ikertzaileetako bakoitzaren curriculum vitae laburtua (azken 6 urteei buruzkoa, deialdiaren datatik zenbatzen hasita). Agiriaren orrialde bakoitzean sinatu beharko du titularrak. Ezaugarri horiek betetzen dituzten CVak bakarrik hartuko dira kontuan, eta ezaugarri horiek betetzen ez dituztenei agiriak zuzentzeko eskatuko zaie.

c) Kofinantzatutako ekipamenduaren ebazpenaren kopia, hala dagokionean (kofinantzaketen kasuan, eskabidearekin batera kofinantzaketa-eskabidearen kopia dutenak baino ez dira aintzat hartuko, eta ebazpena eman aurretik organo kudeatzailean emakida-dokumentuaren kopia aurkeztu baldin bada; beraz, erakunde eskatzaileek, hala badagokie, arreta handia jarri beharko diote alderdi horri).

d) Eskatutako ekipamenduaren proformako fakturak, gutxienez hiru firma komertzial ezberdinek emandakoak, 8.6 artikuluaren arabera, edo ezintasunaren justifikazioa.

e) Ezaugarri teknikoetan oinarrituta proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio teknikoa.

2) Administrazio-agiriak:

f) Parte hartuko duen ikertzaile bakoitzak sinatutako agiria (erantzukizunpeko adierazpena), 2019-2020 aldian aktibo dituen proiektuei zenbat denbora eskainiko dien, kofinantzatutako proiekturako dedikazioa barnean dela, eta bakoitzak eskatutako proiektuari zenbat denbora eskainiko dion, 6.2 artikuluaren arabera.

g) Erakunde eskatzailearekin edo laguntzakoarekin parte hartuko duen ikertzaile bakoitzaren lan-egoerari buruzko dokumentazioa (Gizarte Segurantzako kotizazio-datuen txostena, edo antzekoa), hauek zehaztuta: kontratuaren hasiera eta amaiera, iraupena eta urteko dedikazioa. Ikertzaileak obra-kontratu bat badu, gainera, agiri bidez frogatu beharko du obraren iraupena eta kontratuaren luzapena. Gainera, aipatutako obrari zenbat ordu eskaini behar dizkion adierazi beharko du, 6.4 eta 6.5 artikuluei jarraikiz.

h) Ikerbasquek kontratatu badu, zentro eskatzaileari atxikitzeko agiria, 6.8 artikuluaren arabera.

i) Parte hartzen duten erakundeetan lehendik dauden ekipamenduak eskatzen badira, honakoak aurkeztu beharko dira: ekipamendu horien erosketako fakturak, egungo egoera, azken urteko ekipamenduaren erabileraren estatistika (erabileraren erregistroko liburuxkarekin bat) eta aurrekoarekin alderatuta ekipamendu berriak zer abantaila duen.

j) Eskaeran laguntza-erakunde batek parte hartuko badu, erabilera kudeatzeko araudia aurkeztu behar da, sail honek abalaturik eta erakunde onuradunak sinaturik, eta araudi horrek bermatuko du ekipoaren erabilera beste ikerketa-talde batzuekin partekatuko dela.

k) Erakunde eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak, 3.3 artikuluan aipatutakoak.

l) Betekizun administratiboetan oinarrituta, proposamenaren balorazio zuzena egiteko egokitzat jotzen den dokumentazio administratiboa.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala