Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

234. zk., 2018ko abenduaren 5a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5980

165/2018 DEKRETUA, azaroaren 20koa, langilerik gabeko instalazioek ibilgailuentzako erregaiak eta motor-erregaiak txikizka saltzeko bete behar dituzten eskakizunei buruzkoa.

Urriaren 20ko 2085/1994 Errege Dekretuak, Petrolio-instalazioei buruzko Erregelamendua onartzen duenak, ibilgailuen hornidurarako instalazioak arautzen ditu. Era berean, MI-IP 04 jarraibide tekniko osagarriak (urriaren 1eko 1523/1999 Errege Dekretua, Petrolio-instalazioei buruzko Erregelamendua aldatzen duena) eta uztailaren 7ko 706/2017 Errege Dekretu berria (MI-IP 04 jarraibide tekniko osagarria («Ibilgailuen hornidurarako instalazioak») onartzen duena eta petrolio-instalazioen arauak erregulatzen dituena).

IM-04 jarraibide tekniko osagarriak arautzen ditu, besteak beste, ibilgailuak motor-erregaiz edo erregai likidoz eta gaseosoz hornitzeko langilerik gabeko instalazioak. Halakotzat hartuko dira langilerik ez duten instalazioak non erabiltzaileak berak egiten baitu ibilgailuaren hornidura. Horretarako, araudiak dio honako betebehar hauek daudela: instalaziook suak itzaltzeko ekipamendu automatikoak edukitzea eta telebista-zirkuitu itxia edukitzea, bai eta, langiledun instalazioa izatetik langilerik gabekoa izatera pasa aurretik, autonomia-erkidegoko eskudun organoari jakinaraztea ere.

Bestalde, Ekintzaileak babesteko eta hazkundea eta enplegu-sormena sustatzeko otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretuaren 40. artikuluak Ondasun- eta zerbitzu-merkatuetan lehia indartzeko larrialdi-neurriei buruzko ekainaren 23ko 6/2000 Errege Lege Dekretua aldatzen du, eta haren 3. artikuluak ezartzen du ezen merkataritza-establezimenduek eta enpresa eta industria-jarduerak garatzeko bestelako inguruneek eduki dezaketela, besteak beste, ibilgailuak petrolio-produktuez hornitzeko instalazio bat gutxienez. Horretaz gain, establezimendua zabaltzeko udal baimena emateak petrolio-produktuez hornitzeko instalazioetarako beharrezko baimenak ematea dakar.

Azken urteotan, gorago aipatutako lege-aldaketa eta ibilgailuentzako gasolina eta gasolioak garestitzea direla-eta sortu dira mota horretako instalazioak leku guztietan, kostuak murrizteko eta jendeari preziorik onena eskaintzeko.

Hala ere, agerikoa denez, partikularrei hidrokarburoak saltzea jarduera arriskutsua izateaz gain, arriskua handitu egiten da erabiltzaileak edo bezeroak ibilgailua hornitzeko gailuak manipulatzen dituenean. Hori dela-eta, nahitaezkoa da segurtasun-neurriak hartzea edo neurri horiek aldatzea, baldin eta, instalazioen izaera dela-eta, egun dagoen araudian jasotako segurtasun-neurriak ez badira eragingarriak edo ezin badira gauzatu.

Era bertsuan, beharrezkoa da instalazioak, haien erabilera eta mantentze-lana kontrolatu eta zaintzea, jardueraren ustiapena segurua dela bermatzeko, oso arriskutsua da-eta petrolio-produktu likidoak manipulatzea eta erabiltzea.

Horretaz gain, nahitaezkoa da bermatzea erregaiak jendeari saltzeko instalazioetako bezeroek eta erabiltzaileek hornidurari buruzko behar besteko informazioa dutela, behar bezala erabiltzen dutela bermatzeko eta, hala badagokio, zerbitzua txarto emateagatik sor litezkeen kalteengatik erreklamatzeko. Ondorioz, berebiziko garrantzia eman behar zaio desgaitasunen bat duten pertsonen sarrera errazteari, arlo horretan bazterkeria-mota guztiak saihestuz; ekipamenduak eta tresnak doitu behar dira pertsona horiek arazorik gabe erabil ditzaten, eta seinale egokiak jarri behar dira.

Ildo horretatik, irisgarritasuna bermatu nahi da, honako lege-xedapen hauetan xedatutakoari jarraikiz: azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duena; azaroaren 5eko 38/1999 Legea, Eraikingintza antolatzeari buruzkoa eta hura garatzeko araudiak; abenduaren 4ko 20/1997 Legea, Irisgarritasuna sustatzekoa. Horretarako, langilerik gabeko hornitegi berrietarako, aurreikusi da erregaia banatzeko hornidura-instalazioen zati bat egokitzea, irisgarritasuna bermatzeko.

Hori dela eta, Hiri-ingurune publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuarekin bat etorriz, xedapen honen III. kapituluan zehazten dira ekipamenduak jartzeko neurri nagusiak.

Kontuan hartu behar da gaur egungo legeriak, zehatzago, 706/2017 Errege Dekretuak, IM-04 jarraibide tekniko osagarria («Ibilgailuen hornidurarako instalazioak») onartzen duenak eta petrolio-instalazioen arauen zenbait alderdi arautzen dituenak, definitzen duela suteetan babestu beharreko hornitegiaren eremua, erregaiz hornitu nahi duen ibilgailua kokatu behar den laukizuzen batean oinarrituta. Oso zaila da ibilgailua hor kokatzea, suteak itzaltzeko sistema automatikoaren estalpean egon dadin, sutea gertatuz gero. Gainera, suteak itzaltzeko sistema horiek ez daude berariaz araututa Suteen aurkako babeserako instalazioaren Erregelamenduan (maiatzaren 22ko 513/2017 Errege Dekretua); ez dago, halaber, arau harmonizaturik, ez eta Europako ebaluazio-agiririk ere, sistema horiek merkaturatzeko bidea ematen duenik. Bestalde, diseinu, eraikuntza eta saiakuntzarako arauek (UNE-EN 12416 arauak, 1. eta 2. zatiak) xedatzen dute instalatutako eta epe zehatz batean merkaturatutako ekipamenduak egokituko direla. Baina 2017ko abenduaren 12ko 513/2017 Errege Dekretua indarrean jarri zenetik egokitasun-ebaluazio teknikoak egin daitezke, dekretu honetan jasotakoak.

Kontuan hartu behar da hornitegiak dauden kokapenaren gorabehera klimatologikoen mende daudela, eta gorabehera horiek eragin handia dutela suteak itzaltzeko sistema automatikoen funtzionamenduan, batez ere funtsezko bi faktore hauei dagokienez: haizea eta tenperatura. Horregatik hartu dira kontuan Euskalmet-eko historikoak, sistema horietarako betekizunak zehazteko orduan.

Gainera, Administrazio honek tentu handiz aztertu du hornitegien segurtasunari buruzko arautegi konparatua, bai eta langilerik gabeko hornitegietan itzaltze automatikoaren sistemak huts egiteagatik gertatzen diren efektuen simulazioak ere.

Eusko Jaurlaritzak jakin badaki segurtasunean eta bezeroekiko eta erabiltzaileekiko tratuan kalitatea gal daitekeela langilerik gabeko instalazioetan. Hori dela eta, nahitaezkotzat jotzen du erregaia saltzeko guneetako instalazioei buruzko araudia garatzea. Aipatu behar da dekretu honetan ez daudela araututa hirugarren kontsumitzaileei erregaia txikizka saltzen ez dieten kooperatibak. Hori dela eta, hartzailea aldatzen ez denez, ez dituzte bete behar hirugarrenak salmenta-erregimenean hornitzen dituzten instalazioek bete behar dituzten eskakizun guztiak.

Azkenik, kapitulu batean arautzen da Berrikuskapenen, proben eta ikuskapenen Liburua delakoaren garapena, edozein hornidura-erregimenetan gertatzen dena, Euskal Autonomia Erkidegoari begira.

Horren ondorioz, Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2018ko azaroaren 20an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Erregaiak txikizka saltzeko instalazio guztiek ordutegiaren zati batean edo ordutegi osoan langilerik gabe dihardutenean, martxan jartzeko, dekretu honetan jasotako eskakizunak bete behar dituzte.

2.– Hirugarrenak hornitzen ez dituzten sozietate kooperatiboek ez dituzte zertan bete eskakizunok.

3.– Dekretu honetan, 706/2017 Errege Dekretuan ezarritako eskakizunen osagarriak diren beste eskakizun batzuk garatzen dira (dekretu haren bidez, IM-04 jarraibide tekniko osagarria («Ibilgailuen hornidurarako instalazioak») onartzen da eta petrolio-instalazioen arauen zenbait alderdi arautzen dira), eta eskakizun horiek langilerik gabeko instalazioetan aplika daitezke, motor-erregaiz eta erregaiz txikizka hornitzeko.

2. artikulua.– Instalazioek industria-segurtasunaren organo eskudunari jakinarazi beharra.

1.– Instalazio bat langileduna izatetik langilerik gabea izatera igarotzen bada, abian jartzeko ezarritako arauzko prozeduraren bidez eman beharko die horren berri eskumena duen Sailaren lurralde-ordezkaritzei.

2.– Hala ere, izapidetu egin beharko dira organismo eskudunetan izapidetu behar diren baimenak eta lizentziak.

3. artikulua.– Definizioak.

1.– Zona sailkatua: kokagune arriskutsua, kontuan hartuta atmosfera leherkorrak gertatzeko maiztasuna eta haien iraupena.

2.– I mota 2. eremua kokagunea: Kokagune horretan ez da erraza gas-atmosfera leherkorrik gertatzea, funtzionamendua normala bada, baina, halakorik gertatzen bada, denbora-tarte txiki batean baino ez du iraungo.

II. KAPITULUA.
ERABILTZAILEENTZAKO INFORMAZIOA
ERREKLAMAZIO-ORRIA

4. artikulua.– Kanpo aldeko informazio orokorra.

1.– Instalazioaren sarreran informazio-kartelak jarriko dira, behin betiko eta argi ikusteko eta erraz irakurtzeko moduan, elebidun edo piktogramekin, gutxienez 10 cm-ko tamaina duten karakteretan idatziak. Ibilgailuaren barrutik erraz irakurtzeko moduko tamaina izango dute, eta, kartelotan, funtzionamendu-ordutegia adierazteaz gain, erregaia saltzeko langilerik gabeko gunea dela azalduko da.

Gainera, argi ikusteko eta erraz irakurtzeko moduan adieraziko da ea zerbitzuguneak eta zerbitzuguneetako hornigailuak egokituta ote dauden desgaitasunen bat duten pertsonek erabiltzeko.

2.– Informazio horri honako datuak gehitu behar zaizkio:

a) Erregaien enpresa hornitzailearen izena edo anagrama edo, hala badagokio, salmenta-instalazioaren merkataritza-izena.

b) Gasolina- eta gasolio-moten litroaren jendeari saltzeko prezioen informazio-panela. Panelaren gutxieneko neurria hau da: 80 bider 60 zentimetro; karaktereek gutxienez 8 cm-ko tamaina izango dute. Zoladuratik metro bat eta erdira gutxienez egon beharko da.

c) Hornigailu bakoitzean ikusgarri agertu beharko da erregai bakoitzaren izena. Hornigailuak erregai eta motor-erregai mota desberdinak eskaintzen dituenean, informazioa modu bereizian agertu beharko da eta letra-tamaina 1,5 cm gutxienez izan behar da.

d) Hornigailuak alde bietara isur dezakeenean, informazio hori alde bietan agertu behar da.

e) Ordaintzeko onartutako moduak sarrerako informazio-kartelean adierazi beharko dira.

3.– Informazioa informazio-zutabeetan edo galtzadatik kanpoko karteletan agertu behar da, baina instalazioetarako sarreren hasieran, eta galtzadaren norabide bietan irakurri ahal izango da, erabiltzaileak informazioaren berri izan dezan instalazioetara sartu gabe.

Establezimenduak galtzadaren bi aldeetan baditu instalazioak, artikulu honetan ezarritako informazioa alde bietan jarri beharko da.

4.– Zutabe edo informazio-kartel horien kokapenak hirigintza-arauak eta tokiko organismoen eta autonomia-organismoen arauak bete behar ditu, bai eta segurtasun-eremuak eta bide publikoetako zortasunak errespetatu ere.

5. artikulua.– Segurtasun-seinaleztapenak.

Instalazioaren barruan, eta hornidura-gunera heldu baino lehen, gutxienez seinaleztapen bat jarri behar da, eta bertan, panel baten gaineko instrukzioak jarriko dira. Panel hori lurzorutik 1,22-1,98 metrora egon beharko da, eta informazioa 20 mm-ko garaieran, honako hau adierazita, elebidun edo piktogramen bidez:

– Ez erre edo surik ez piztu.

– Itzali motorra.

– Argiak itzali.

– Suterik edo isurketarik egonez gero, larrialdiko etengailua aktibatu behar da eta jakinarazi larrialdietako telefonoaren bidez.

– 15 urtetik beherakoek debekatuta daukate hornidura hartzea.

– Debekatuta dago ekipamendu eta gailu elektronikoak erabiltzea hornidura hartzen ari den bitartean.

– Debekatuta dago homologatu gabeko ontzietan edo 60 gasolina-litrotik edo 240 gasolio-litrotik gorakoetan hornidura hartzea.

– Aurreko puntuan aipatzen den horniketa dagokion hornigailuaren bokereletik egin ahal izango da soilik.

6. artikulua.– Gorabeherei buruzko informazioa.

1.– Ikusgarri eta hornigailutik hurbil jarri behar da funtzionamendu-jarraibideak dituen kartel bat, eta bertan, larrialdietan (suteak edo halabeharrezko isurketak) zelan jardun behar den adierazi behar da, eta larrialdietako telefonoa aipatu.

2.– Gainera, gorabehera klimatikoengatik edo suteengatik edo isurketengatik martxan jartzen badira dagozkion segurtasun-protokoloak, eta protokolo horiek eragiten badiete telebista-zirkuitu itxia duen kontrol-zentrotik aktibatzeko diren banaketa-zerbitzu guztiei, langilerik gabeko hornitegia «ez dabilela» jakinaraziko da.

3.– Erregai-hornigailu bat matxuratuta dagoenean, edo akats bat duenean neurketan, horniketa eteteaz gain, berehala telebista-zirkuitu itxiaren kontrol-zentrotik informazio-panel digital bat aktibatu beharko da, eta hor adieraziko da zein gailu edo instalazio dagoen matxuratuta, halakorik bada.

17. artikuluan aipatzen den gorabeheraren bat gertatuz gero, berehalaxe abisatuko zaie erabiltzaile posibleei, panelak, errotuluak edo kontrol-zentrotik aktibatutako informazio-pantailak erabiliz.

4.– Era berean, ur- edo aire-hornigailuak ez badabiltza edo egiten diren neurketak baimendutako tolerantziatik kanpo geratzen badira, honako hau dioten kartel finkoak jarriko dira matxuratutako gailuetan, kasu bakoitzean dagokiona: «Ura, ez dabil» edo «Airea, ez dabil».

7. artikulua.– Ordainketa-bide automatikoak.

1.– Erregai-saltzaile automatiko batean ordaintzeko, prezioei eta ordaintzeko onartutako moduei buruzko informazioa argi eta garbi azaldu behar da, baita erabilera-jarraibideak eman ere.

2.– B gasolioaren hornidurarako, elektronikoki hobaria jasotako gasolio-txartela erabili eta onartu beharko da.

8. artikulua.– Erreklamazio-orriak.

Hornigailuan edo ondoan eta agerian dagoen leku batean, panel bat jarriko da, non agertu behar baita Kontsumoko erreklamazio-orriak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketei erantzuteko prozedura arautzen dituen uztailaren 1eko 142/2014 Dekretuan eskatutako informazioa. Gainera, erreklamazio-orriak eta postontzi fisiko edo elektroniko bat ere egongo dira, dekretu horretan aipatzen diren kexak, erreklamazioak eta salaketak bideratzeko.

III. KAPITULUA
IRISGARRITASUNA

9. artikulua.– Baldintza orokorrak.

Hornidura-guneak beharrezko irisgarritasun unibertsalerako neurriak izango ditu, hornigailuetara, ordainlekuetara edo erabiltzaileak erabil dezakeen beste edozein kontrol-, komunikazio- edo larrialdi-sistematara heltzeko.

10. artikulua.– Irisgarritasunaren irismena.

1.– Gutxienez hornigailuaren alde bateko mahuka guztiak egokituta egongo dira desgaitasunen bat duten pertsonek erabiltzeko.

2.– Gainera, deskonexio-sakagailuak, itzaltze automatikoaren sistemaren aktibatze-sakagailuak, mahukak, komunikazio-sistemak eta ordainketarako eta produktuen hautaketarako bitarteko automatikoak jarri beharko dira, dagokien garaieretan.

3.– Nolanahi ere, hornigailuak, sakagailuak, telefonoak eta kutxazainak dauden irlatxoa zintarririk ez izateko eta ekipamendu horietarako sarbidea ez mugatzeko diseinatu beharko da.

11. artikulua.– Irisgarritasun-baldintza bereziak.

1.– Larrialdietako telefonoa eta mahukak 0,90 m-ko garaieran jarriko dira. Telefono horren ordez bideo-atezain bat jarri ahal izango da.

2.– Itzaltze automatikoaren sistemaren deskonexio- eta aktibatze-sakagailuak, eta kutxazainen eta salgai-hautaketarako gailuen teklatuak 0,90 eta 1,20 m arteko garaieran egongo dira.

3.– Salgai-hautaketarako eta ordainketa-bide automatikoetarako pantailek 1 eta 1,40 m arteko garaieran eta 15.º eta 30.º arteko maldan egon beharko dute, eta eserita dagoen pertsona batek ondo ikusteko moduan.

4.– Tiketak jasotzeko tokia 0,70 cm-ko garaieran egongo da, eta paperontzia eta isurkietarako ontziak 0,90 m-ra.

5.– Hornidura-eremua zerbitzuguneko lekurik argiztatuena izango da, gainerakoak baino 1,5 aldiz argiztatuago dago eta. Maila-aldaketek eta seinaleztapenek gutxienez 100 lux-eko argiztapena izango dute. Era berean, irlatxo bakoitzaren argiztapenak 20 lux gaindituko ditu.

IV. KAPITULUA
INSTALAZIOEN SEGURTASUNA

12. artikulua.– Segurtasun-distantziak.

1.– Aplikagarria den beste edozein arauk besterik eskatu arren, 15 m gutxienez egon behar dira hornidura-eremutik okupatzeko moduko erakin publiko batera edo bizitzeko moduko eraikin pribatu batera edo tunel baten sarrerara edo irteerara; ingurumariko bide publikoetako kanpoaldeko lerrora, berriz, 4 m gutxienez.

2.– Distantzia horiek % 30 gutxitu daitezke, baldin eta 2,50 metroko garaiera duen murru bat jartzen bada, gutxienez 5 metrora babestu beharreko hornidura-eremutik.

3.– Murru horiek, erasandako jabetzaren mugan zehar edo paraleloan jarrita, luzetara ipiniko dira, kasuan kasuko perimetro osoa babesteko.

13. artikulua.– Autobabeserako Plana.

1.– Langilerik gabeko edozein hornidura-lekuk bere burua babesteko plana izango du eta plan hori aldez aurretik izapidetu behar izan da babes zibilaren eskumena duen organoan.

2.– Enpresak identifikatu behar du berak kudeatu behar dituen kontingentziak enpresaren izenean berehala kudeatzeko gaitasuna duen pertsona: pertsona horrek berehala azaldu behar du instalazioetara, larrialdi-zerbitzuek edo babes zibilaren eskumena duen agintariak hala eskatzen dutenean. Pertsona hori nor den behar bezala zehaztuta egon beharko da Autobabeserako Planean.

3.– Nolanahi ere, aurreko puntuko «berehala» lokuzioak berez dakar gorabehera lehenengo minututik SOS Deiak zerbitzuei jakinaraztea, eta berehalako arreta eman behar duen pertsonari lehenengo hiru minututan jakinaraztea gorabehera.

14. artikulua.– Telebista-zirkuitu itxia (TZI).

1.– Instalazioak telebista-zirkuitu itxi bat eduki behar du, irudiak grabatu eta transmititzeko. Horrek bidea emango du denbora errealean instalazioa kontrolatzeko, urrutiko kontrol-zentro batetik.

2.– Segurtasun-kamerek honako hauek kontrolatuko dituzte zeharo: hornidura-eremuak, deskarga-eremuak, zona sailkatuak, aginte-mahaien eta kontrol-zentroen sarbideak eta su-itzaltze, komunikazio- eta larrialdi-ekipamenduak.

3.– Bideozaintzako sistemak baimenik gabeko sarrerak kontrolatuko ditu, edo bestela, mugimendu-, presentzia- eta alarma-detektagailuak jarriko dira, gerta litezkeen gorabeherak kontrol-zentroan jasota gera daitezen.

4.– Urrutiko zaintza-sistema honako gorabehera hauetakoren bat gertatzen denean aktibatu beharko da:

– Zaintzako bideokamerek huts egiten dutenean.

– Hornigailua behar bezala ez dabilenean, hau da, 75 litroak gainditzean edo 3 minutu baino gehiago ematean transakzio bakoitzean, salbu eta baimendutako gehieneko 3.500 kg-ko masatik gorako ibilgailuentzako hornigailuen kasuan, muga 500 litrokoa edo 15 minutukoa bada transakzio bakoitzean.

– Mahukak behin eta berriz erabiltzen direnean edo erabiltzeari uzten zaionean.

– Ordainketa-sisteman behin eta berriz egiten direnean saiakerak.

– Larrialdi-ekipamenduak aktibatzean edo erabiltzean.

– Sua, kea edo lurruna detektatzeko sistema aktibatzen denean.

– Tangak lar betetzen direnean.

– Dekretu honetako artikuluetan aipatzen den eguraldi txarra egiten duenean.

5.– Bideozaintzako sistemak hamar transakzio egin baino lehen gutxienez txekeatu behar du bere burua.

6.– Kontrol-sistema horren bidez lortutako datuek datuen babesari buruzko arauetan ezarritakoa bete beharko dute, eta, zehatz esanda, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren azaroaren 8ko 1/2006 Jarraibidean ezarritakoa (jarraibide hura kameren edo bideokameren bidez zaintza egiteko diren datu pertsonalei buruzkoa da).

15. artikulua.– Kontrol-zentroa.

1.– Kontrol-zentroak gutxienez bi langile iraunkor izango ditu. Langile horiek behar bezalako trebakuntza izango dute eta behar bezala prestatuta egongo dira su-itzaltzeen ekipamenduak erabiltzeko, eta gaitasuna izango dute gertatzen diren gorabeherak aztertzeko, behar bezala bideratze aldera, eta denek batera lan egingo dute, instalazioak langilerik gabe diharduen bitartean.

2.– Kontrol-zentro horrek Segurtasun pribatuaren eremuko alarma-sistemen funtzionamenduari buruzko otsailaren 1eko INT/316/2011 Agindua beteko du, eta, haren 2. artikulua betez, 3. mailako segurtasun-zentroa izango da.

3.– Irudiak koloreetan jasoko dira. Gutxieneko bereizmena: 640x480 pixel. Artxibatu egingo dira eta Administrazioaren esku jarriko, 30 eguneko epean.

4.– Kontrolatu nahi den instalazioaren zenbait eszena batera ikusiz gero, eszenen tamaina 12,7x16,51 cm2 izango da gutxienez.

5.– Instalazioak monitorizazio-sistema eduki behar du eta kontrol-zentroan 14. artikuluan adierazitako akatsengatiko alarmak, suteen aurkako babes sistemaren etena, larrialdietako etenaldia aktibatzea eta instalazioaren ekipamendu nagusiak ikuskatzea ahal izango dira kontrolatu.

16. artikulua.– Komunikazioa.

Norabide biko komunikazio sistema bat eduki behar da, bai telefonia mugikorraren bidezkoa, bai linea finkoaren bidezkoa. 24 orduko doako larrialdi-zenbakia izango du, gorabeherarik egonez gero erabili ahal izateko, eta behar bezala iragarrita eta seinaleztatuta egon behar da.

17. artikulua.– Gorabeheren kudeaketa.

1.– Kontrol-zentroak jaso eta erregistratuko ditu isurketen gaineko gorabeherak, eta bermatuta dago berehala gerturatuko dela pertsona bat gutxienez, 13.2 artikuluari jarraikiz.

2.– Hornidura-lekua ezin da egon aktibo, baldin eta erabiltzailearekiko komunikazio-arazorik, monotorizazio-arazorik, bideozaintzarekin lotutakorik edo suteen aurkako babes sistemaren ingurukorik bada.

3.– Gorabehera meteorologikoak (ekaitzak, haizeteak, uholdeak eta abar), obrak edo konponketak direla-eta, ezin bada bermatu ondo funtzionatuko dutela itzaltze-sistemek eta haiek kontrolatu eta ikuskatzeko sistemek –kontrol-zentroarekiko komunikazioa barne–, ibilgailuen hornitzea bertan behera geratuko da, normaltasunera itzuli arte.

4.– Horretarako, kontsumitzaileak, gorabehera zein den kontuan hartuta, larrialdiko etengailua aktibatu ahal izango du edo larrialdiko telefonoa erabili, gorabeheraren berri emateko. Arreta euskaraz zein gaztelaniaz eskaini ahal izango da.

18. artikulua.– Talketatik babestea.

Hornigailuak eta presioa arintzeko balbulen hodiak gutxienez 1,20 m neurtzen duten babeski bertikalez edo mutiloiz babestuko dira, ibilgailuaren talkari eusteko behar besteko erresistentzia izango dutenak.

19. artikulua.– Ura, isurketak eta jarioak biltzea.

1.– Langilerik gabeko eremuak hornidura-eremuetan egongo dira eta zoladura iragazgaitza izango dute, IM-04 jarraibide tekniko osagarriak («Ibilgailuen hornidurarako instalazioak») dioen bezala. Gainera, irristagaitza izan behar du, eta jarioak biltzeko instalazioak egongo dira.

2.– Erregaia deskargatzeko eremuan eta hornidura gunean, hormigoizko lauza bidezko iragazgaiztea polietilenozko xafla bidez sendotu beharko da.

3.– Harea lehor edo bestelako material xurgatzailez betetako ontziak eduki behar dira. Materialok egokiak izan behar dira petrolio-produktuetarako, behar besteko kantitatea egon behar da eta behar bezala seinaleztatu behar dira, isurketen edo jarioen kasuan erabiltzeko. Material xurgatzailearen gutxieneko kantitatea 100 litro da.

4.– Euri-uraren biltzea saihestuko da 2. eremua izeneko zona sailkatuan, zeina 4,5 metroko erradioa duen zirkulu batek definitzen baitu, hornigailua erdigunetzat duena, petrolio-produkturik bota ez dadin lur azpira, hala nola, kanaletara, ageriko estolda-zuloetara edo saretetara, han sutea gertatuz gero, zaila izango da-eta itzaltzea. Behar izanez gero, ura maldak berdinduz biltzea onartuko da, garrak itzaltzeko sareta duen estolda-zulo batera (deflagrazioaren aurkakoa) eramateko, eta artikulu honen 5. puntuan adierazten dena beteko da, hain zuzen ere, lur azpiko hodien bidez joango baita hidrokarburoak dekantatzeko kutxatilara.

5.– Hala ere, aipatutako eremuan, isurketak edo erregai-ihesak zirkuluerdi bidez biltzeko sistema bat egongo da gutxienez, eta sistema horrek, sekula % 1 baino txikiagoak izango ez diren maldak berdintzeagatik soilik, garrak itzaltzeko estolda-zulo baterantz (deflagrazioaren aurkakoa) eramango ditu, UNE EN ISO 16852 araua betez, eta balizko isurkina hidrokarburoak dekantatzeko kutxatila baterantz desbideratuko du.

6.– Deskarga-eremuan, isurketak edo erregai-ihesak biltzeko sistema bat egongo da gutxienez, eta sistema horrek, maldak berdintzeagatik soilik, garrak itzaltzeko estolda-zulo baterantz (deflagrazioaren aurkakoa) eramango ditu, UNE EN ISO 16852 araua betez, eta balizko isurkina hidrokarburoak dekantatzeko kutxatila baterantz desbideratuko du.

7.– Era berean, erabiltzaileen esku jarriko dira eskularruak edo antzeko produktuak, behin bakarrik erabiltzekoak, banaketa-produktuekiko kontaktu zuzena saihesteko. Jarriko dira, orobat, erabiltzaileek erabilitako eskularruak eta produktuak botatzeko ontziak ere, erabili ondoren botatzeko.

8.– Era berean, eremu horretan, kutxatilak behar bezala zigilaturik egongo dira eta estankoak izango dira, IM-04 jarraibide tekniko osagarriak («Ibilgailuen hornidurarako instalazioak») dioen bezala.

20. artikulua.– Tangen eta hodien aireztapena.

1.– B motako produktuak (gasolina) biltzen dituzten tangetan, irteerako aireztapen-hodiak presio/hutsaren balbula bat eduki beharko du, uztailaren 7ko 706/2017 Errege Dekretuaren V. kapituluarekin bat etorriz (dekretu haren bidez onartzen da IM-04 jarraibide tekniko osagarria, «Ibilgailuen hornidurarako instalazioak»), eta garren itzalgailua ere izan beharko du, deflagrazio atmosferikoen aurkakoa, UNE EN ISO 16852 arauari jarraikiz.

2.– C motako produktuak (gasolioa) biltzen dituzten tangetan, aireztapen-hodiak, B motako produktuena alde batera utzirik, garrak itzaltzeko sareta bat eduki beharko du, deflagrazio atmosferikoen aurkakoa, UNE EN ISO 16852 arauari jarraikiz, eta gutxienez 3,5 metroko garaiera izango du, lurraren mailaren gainetik.

3.– Zisternaren ahoarekin lotzeko, presioa arintzeko ahoaren hodiak detonazioen kontrako gar-itzalgailu bat izango du, noranzko bikoa, UNE EN ISO 16852 araua beteko duena.

21. artikulua.– Eskakizun elektrikoak.

1.– Larrialdietarako etengailu bat egon behar da, leku nabarmenean jarria eta erraz aurkitzeko modukoa. Behar bezala seinaleztatuta egongo da, eta gogoz besteko eragiketetatik babestuta, eta tentsiorik gabe utziko ditu eremu sailkatuetako ekipamendu elektriko guztiak.

2.– Larrialdietarako etengailuak hornigailuetatik urrun egon behar du, 6 metrora gutxienez eta 15 metrora gehienez, edozein hornigailutatik.

3.– Larrialdietarako etengailu batzuk behar dituzten hornigailu batzuk egonez gero, distantziak direla-eta, irteera guztiak konektatuta egon behar dira, denak eta aldi berean eten ahal izateko.

4.– Instalazioak tximistorratza eta gaintentsio iragankorren aurkako babesa izango ditu, gutxienez 1., 2. eta 3. motakoak, komunikazioetarako, larrialdietarako, telebista-zirkuitu itxirako eta suteen kontrako babeserako.

22. artikulua.– Argiztapena eta argiteria.

1.– Komunikatzeko, hornitzeko eta larrialdietan eteteko sistemak behar bezala argiztatuta egon behar dira eta larrialdietarako argiak edukiko dituzte.

2.– Larrialdietarako argi horiek nahikoak eta eragingarriak izan behar dira, erabiltzaileak leku seguru batera eramateko eta hornidura-gunetik urrun egon behar da leku hori.

23. artikulua.– Mahukek bete beharreko eskakizunak.

Mahuka 4 metro luze izango da gehienez, eta sistema bilkorra izango du batzeko.

24. artikulua.– Hornidurarako baldintza bereziak.

3.500 kg-ko masatik gorako Ibilgailuentzako banagailuen kasuan, eta gasolioaren hornidurarako bakarrik, transakzio bakoitzeko gehienez ere 500 litro onartuko dira 15 minutuan.

25. artikulua.– Eguraldi-gorabeheren kontrola.

1.– Instalazioek tenperatura-erregistradoreak eta anemometro doituak izango dituzte, eta tresna horiek aurretik eta alboetatik jotzen duen haizearen norabidea ebaluatuko dute. Sei hilabetean behin kalibratuko dituzte, eta etengabe eguraldiari buruzko informazioa emango diote zirkuitu itxiko telebista duen kontrol-zentroari. Ezarritako muga-baloreak gaindituz gero (tenperatura: -10 ºC; haizearen batez besteko abiadura: 18,9 km/h-tik gora), langilerik gabeko erregimeneko jarduera aldi batez eteteko protokoloak martxan jarriko dira. Hala badagokio, hornitegia langiledun erregimeneko bihurtuko da, eta hala jakinarazi beharko dio Administrazioan eskumena duen organoari, posta elektronikoz, gehienez ere 24 orduko epean.

2.– Eguraldian eragina badu, oro har abendutik martxora bitarteko ohiko haizearengatik, batez ere kostaldean eta 650 metroko altitudetik gorako inguruetan, hornitegiak langiledun erregimenean edo autozerbitzuan jardun ahal izango du.

3.– Lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu beharreko proiektuan sartu beharko da, batetik, instalazioa dagoen lekuaren eguraldi-gorabeheren azterlan bat, bestetik, aipatutako egoeretan eta egunetan zerbitzurik ez ematearen aurreikuspena, eta azkenik, zerbitzuaren araudiaren balizko aldaketa edo funtzionamendutik kanpo jarri ahal izatea. Sartu beharko da, orobat, eguraldi-gorabeheren eta gorabehera horiei emandako erantzunen azterlan xehatu bat.

V. KAPITULUA
SUTEEN AURKAKO BABESA

26. artikulua.– Sistemaren ezaugarriak.

1.– Langilerik gabeko hornidura-gune bakoitzak suteak detektatu eta itzaltzeko ekipamendu automatikoak izango ditu. Sistema hori langilerik gabeko erregimenean beti edo uneren batean funtzionatzen duten instalazioetako aldean erabiliko da, azaleko suteetatik babesteko.

2.– Diseinuari esker, sistemak gai izan behar du hornigailua erdigunea duen eta hornigailuaren irlatxoaren oinarria erreferentzia den 4,5 metroko erradioa duen eremu erdizirkularrean likido sukoi batek sortutako azaleko suak eragindako sutea itzaltzeko.

3.– Nolanahi ere, suteak itzaltzeko sistemen abiarazpena dela-eta estali behar den eremua hornigailuaren hornidura-eremuari dagokion zirkuluerdia izango da.

Itzaltze-sistema aktibatzen bada, kasuan kasuko hornigailua ez da abian jarriko, harik eta suak itzaltzeko sistema berriz eragile itzaltzailez kargatu arte, baldin eta lehenago berrarmatzea egin bada.

5.– Hornigailu ondoan itzaltze automatikoaren ekipamenduetako barreiagailuak eta iragazkiak egongo dira, erdigunean hornigailua bera dagoen 4,5 metroko zirkulu batean eragile itzaltzailea eman ahal izango dutenak, irlatxoaren oinarria erreferentzia delarik eta hornigaia hartzen ari den ibilgailuak betetzen duen zirkuluerdia kontuan harturik.

6.– Era berean, itzaltze automatikoko ekipamenduen barreiagailuak edo ahokoak hornidura-irlatxoaren aurrean jarriko dira, gerta litekeen isurketaren eremua estaltzeko, tanga hornigailuaren beste aldean betetzen denean.

7.– Hornigailuaren alde bakoitzean, bi suteak itzaltzeko bi ekipamendu automatiko jarriko dira gutxienez, behar bezala konektatuta daudenak; izan ere, gorabeherarik izanez gero, alde bati atxikitako ekipamenduak aldi berean jarriko dira martxan.

8.– Babestutako eremu bakoitzean eskuzko sakagailu bat egongo da, suteak itzaltzeko sistema automatikoa aktibatuko duena, sutea gertatuz gero.

9.– Halaber, eskuzko sakagailua behar bezala seinaleztatuta egongo da, baldin eta zeharo nabarmena ez bada non dagoen. Sakagailu horri eraginez gero, dagokion hornigailuari atxikitako itzaltze-sistemak jarriko dira martxan, eta telebista-zirkuitu itxia duen kontrol-zentroari abisua bidaliko dio, eta hor adieraziko da zer protokolori jarraitu behar zaion.

10.– Nolanahi ere, bermatuko da itzaltze automatikoaren sistema ibiliko dela -10 ºC eta 50 ºC bitarteko tenperaturetan, eta haizearen abiadura gehienez ere 18,9 km/h-koa bada.

27. artikulua.– Diseinuaren arauzko eskakizunak.

1.– Egokitasun-ebaluazio teknikoak onartuko dira, maiatzaren 22ko 513/2017 Errege Dekretuaren 5.3 artikuluari jarraikiz egindakoak (errege-dekretu haren bidez, Suteen aurkako babeserako instalazioaren Erregelamendua onartzen da), baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren gutxieneko baldintza meteorologikoei egokitzen bazaizkie. Suak hautsarekin itzaltzeko sistema finkoak ez ezik, suteak detektatzeko edo itzaltzeko beste bitarteko batzuk ere erabili ahal izango dira, sistema finkoak bezain eraginkorrak direnak, eta behar bezala dokumentatuta eta justifikatuta egongo dira.

2.– Egokitasun-ebaluazio teknikoak dagokion laborategiaren proba-eremura isuritako 75 gasolina-litrorekin –gutxienez– egingo dira.

3.– Hala ere, arau harmonizatuengatik, Europako ebaluazio-agiriengatik, UNE arauengatik edo beste arau batzuengatik arauz eta derrigorrez aplikatu behar badira suteak itzaltzeko sistemen diseinuaren eta funtzionamenduaren arloan bete beharreko eskakizun berezi batzuk, arau horietan xedatutakoa aplikatuko da.

28. artikulua.– Detektatzea eta alarma.

UNE-EN 54-23:2011 arauak (Suen detektatze- eta alarma-sistemak) 23. zatian («Su-alarmaren aparatuak») dioenez, kontrol-sistemako alarma-seinaleaz gain, alarma optiko-akustikoa ere aktibatuko da hornidura-gunean.

29. artikulua.– Hidranteak.

Instalazioak hirigunean badaude, nahitaezkoa izango da kanpoko hidratatzaileen sistema edukitzea, gutxienez bi ekipamendu izango dituena, salmenta instalazioko eremu guztiak estaltzeko, honako baldintza hauek betez:

a) Hidratatzaile baten –gutxienez– sarrerako izendun diametroa DN 100 izan behar da, ahal izanez gero, sarreratik hurbilen dagoena.

b) Bakoitzak babesten duen eremuaren erradioa 40 m da, horizontalki neurtuta, hidratatzailea dagoen tokitik.

c) Hidratatzailea dagoen tokitik babestu beharreko eremuetara 5 metro egon behar dira gutxienez.

d) UNE 23.500-12 arauaren edo hura ordeztuko duen beste edozeinen arabera diseinatutako hornidura II. kategoria izango da eta suhiltzaileek eta babes zibilak nahi dutenean erabili ahal izango dute.

e) Sare publikoak edo pribatuak elikatuko ditu gailu horiek, eta sare horrek 1.500 litro minutuko eta 90 minutuz eskaintzeko gaitasuna eduki behar du; hidratatzaileen sarrera-ahotan gutxieneko presioa 5 bar izan behar da, deskarga egiteko unean.

f) Erreserba 135 m3 izan behar da gutxienez.

VI. KAPITULUA
KONTROLATZEA, IKUSKATZEA ETA MANTENTZEA

30. artikulua.– Berrikuspenak, ikuskapenak eta instalazioen mantentzea.

1.– Instalazioa langilerik gabea denean, lan- eta segurtasun-ekipamenduak aldian-aldian ikuskatzeko prozedura ezarriko da, hiru hilean behin egingo duena mantentze-enpresa gaituak, eta egindako ikuskapen- eta mantentze-bisitak erregistratuko dira liburu batean.

2.– Hasieran, kontrol-organismoak segurtasun instalazioak ikuskatuko ditu, bai eta kontrol-zentroa (IV. kapitulua), suteen aurkako babes instalazioak (V. kapitulua) eta zisterna-kamioiak deskargatzeko eragiketak (VII. kapitulua) ere, espedientea organo eskudunean tramitatzeko, eta 5 urterik behin Baimendutako Kontrol Organismoak –suteen aurkako babesean eta erregai likidoetan kreditatua–- ikuskatuko ditu instalaziook.

3.– Instalazioak abian jarri baino lehen, organo eskudunari jakinarazi behar zaizkio instalazioetako kontrolatze- eta mantentze-zentroen telefonoak eta harremanetarako datuak. Era berean, berehala eman behar da datuon edo mantentze-lanak egiten dituen enpresaren aldaketen berri. Nolanahi ere, zerbitzu horiek ematen dituzten enpresak Administrazioaren esanetara egongo dira.

31. artikulua.– Gorabeheren erregistroa.

Kontrol-zentroan erregistratutako gorabehera guztiak edo komunikazio-sistemak artatutakoak behar bezala erregistratu behar dira, kontrol-organismoak edo Administrazioak berak auditoretza egin ahal izateko. Gorabehera horiek Zerbitzugunearen erregistro-liburuan erregistratuko dira.

VII. KAPITULUA
ZISTERNA-KAMIOIEN DESKARGAK

32. artikulua.– Deskargatzeko protokoloa.

1.– Lana arriskutsua denez, deskargak egin ahal izateko, zisternako gidariaz gain, instalazioko langileak ere egon behar dira, eta jarduera-protokolo bat hitzartu eta sinatu behar dute enpresa jaulkitzaileak / produktuaren jabe den enpresak, garraio-enpresak eta produktua jaso duen enpresak, Espainiako lurraldean salgai arriskutsuak errepidez garraiatzeko operazioak arautzen dituen otsailaren 14ko 97/2014 Errege Dekretuaren 37. 2 artikuluari jarraikiz.

2.– Protokoloa garraio-eskumenak dituen organoari jakinarazi behar zaio.

3.– Protokolo horren bidez bermatuko da, MI-IP04 jarraibide tekniko osagarriaren («Ibilgailuen hornidurarako instalazioak») 13.4 zenbakian adierazitakoaz gain (jarraibide hura irailaren 15eko 1427/1997 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), gidariak informazio hau eskuratu dezakeela:

– Zerbitzugunearen edo hornidura-unitatearen planoa, non azaltzen baita non dauden gordailuak, kargatzeko ahoak, baporeak berreskuratzeko konexioa, lur-konexioa eta zisterna-ibilgailuen aparkalekua.

– Karga-ahoetan gordailuan dagoen produktuari buruzko informazio zehatza agertu behar da.

33. artikulua.– Deskargan zehar bete beharreko baldintzak.

Zisterna-kamioia erregai-tangak betetzen ari den bitartean, debekatuta egongo da edozein ibilgailuk hornidura hartzea, hornigailuan eta deskargatu nahi diren gordailuetan. Hori dela eta, informazio-panel digitalen sistema bat jarriko da martxan, bolada batean ibili ez dabiltzan hornigailuen berri emango duena.

XEDAPEN GEHIGARRIA.– Edozein hornidura-erregimenetan egindako Berrikuskapenen, proben eta ikuskapenen Liburua.

Uztailaren 7ko 706/2017 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz (dekretu haren bidez, IM-04 jarraibide tekniko osagarria («Ibilgailuen hornidurarako instalazioak») onartzen da eta petrolio-instalazioen arauen zenbait alderdi arautzen dira), eta Berrikuskapenen, proben eta ikuskapenen Liburua dela-eta, hor erregistratuko baitira, agertzen diren sinadurak eta egiten dituzten erakundeak kontuan harturik, jarduera bakoitzean lortutako emaitzak, ebazpen honekin batera bidaltzen da liburu horren eredua.

Ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzan horren eskumena duen zuzendaritzari, behar diren aldaketak egin ditzan aipatutako liburuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabiliko baita.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Dauden edo eraikitzen ari diren instalazioak.

Dekretu hau indarrean jartzeko garaian dauden edo eraikitzen ari diren instalazioek hamabi hilabeteko epea dute, dekretua indarrean jartzen denetik hasita, bertan xedatutakoari egokitzeko.

Aurreko paragrafoan adierazitakotik kanpo geratzen da dekretu honen III. kapituluan irisgarritasunaren inguruan esaten dena, dekretu hau indarrean jarri eta geroko instalazioei baino ez zaie-eta aplikatuko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 20an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana