Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2018ko azaroaren 27a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
5827

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 14koa, Hezkuntzako sailburuordearena, 2019. urterako EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa-eredua finkatu eta agiri hau eskuratzeko probetara dei egiten duena.

Euskararen Gaitasun Agiriaz 1982ko irailaren 20an Hezkuntza Sailak emandako Aginduak (1982-11-06ko EHAA) bere 2.1 artikuluaren azken paragrafoan eta 1. artikuluari erreferentzia eginez, Hezkuntza Sailari berari egozten dio Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko azterketaren programa. 2019. urteko azterketan erabiliko den azterketa-eredua ebazpen honen 1. eranskinean jakinarazten da.

Aipatutako 1982ko irailaren 20ko Aginduak, 2. artikuluan, hainbat bide ezartzen zituen Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko, besteak beste, Hezkuntza Sailak deitutako deialdi irekien bidez antolatutako gaitasun-probak gainditzea. Bide hori indarrean dago gaur egun eta agiria lortzeko, deialdi bakoitzeko proba guztiak gainditu behar dira.

Horrez gain, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 1992ko abenduaren 28ko Aginduak (1993-01-18ko EHAA) Atariko Proba gehitu zuen, eta, Proba Idatzira eta Ahozko Probara aurkeztu ahal izateko, Atarikoa gainditu behar zela ezarri zuen.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuaren 13.1.h) artikuluak emandako eskumenaz baliatuz eta Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko hainbat atal arautzen dituen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren 1987ko urtarrilaren 23ko Aginduak bere 4. artikuluan ezarritakoa ikusita, hauxe

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko Programa.

Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko Hezkuntza Sailak antolatzen duen 2019. urteko azterketa Ebazpen honetako I. eranskinean ezarritakoaren arabera egingo da. Azterketa horiek EGA arautzen duen Hezkuntza Sailaren 1982ko irailaren 20ko Aginduaren 2.1 artikuluak aurreikusten ditu.

Bigarrena.– Deialdia, Hezkuntza Sailak 2019. urtean antolatuko dituen azterketetarako.

Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko 2019. urteko deialdia arautzen da, ebazpen honen II. eranskinean emandako oinarrien arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan araupetu gabekoetan, Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) arautzen duen 1982ko irailaren 20ko Aginduari (1982-11-06ko EHAA) eta gainerako arau osagarriei eutsiko zaie bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeari ere.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango du eragina.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honen aurka egiteko, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Hezkuntzako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 14a.

Hezkuntzako sailburuordea,

MIREN MAITE ALONSO ARANA.

I. ERANSKINA
AZTERKETA-EREDUA

1.– Konpetentziak eta estandarrak.

1.1.– EGAk (Euskararen Gaitasun Agiria) honako konpetentzia hauek ditu ardatz: konpetentzia linguistikoa, konpetentzia diskurtsiboa, konpetentzia funtzionala eta konpetentzia soziolinguistikoa.

1.2.– EGA Europako ALTE elkartearen kide osoa da eta haren Q marka du. Hori dela eta, ALTEren kalitate-estandarrak aplikatzen ditu EGAk.

Horrekin batera, Europako Kontseiluaren hizkuntzen ebaluaziorako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailako irizpideak kontuan hartzen ditu EGAk, atazak eraikitzeko eta ebaluatzeko orduan.

1.3.– Hizkuntzaren barne-osaeraz Euskaltzaindiak 2017ra arte eskaini dituen arau-erabaki nagusiak kontuan hartuko ditu EGAk 2019ko azterketan.

2.– Azterketa-faseak.

EGA azterketak hiru fase ditu:

2.1.– Sarrerakoa: atariko proba.

2.2.– Bigarren fasea: proba idatzia.

2.3.– Hirugarren fasea: ahozko proba.

3.– Atariko proba.

3.1.– EGA azterketako proba idatzian eta ahozkoan parte hartu ahal izateko, Atariko proba gainditu behar da.

3.2.– Atariko proba aukera anitzeko test bat da, 65 item dituena. Irakurgailu optikoz zuzentzen da.

3.3.– Atariko probak 50 minutuko iraupena du.

3.4.– Atariko probako itemek hizkuntzaren erabilera egokia eta zuzena neurtzen dute.

3.5.– Erantzun okerrengatik ez da punturik kentzen.

3.6.– Gainditzeko langa 46 erantzun zuzenekoa da; muga hori berdintzen edo gainditzen duten azterketari guztiak azterketaren hurrengo fasera aurkez daitezke, inolako numerus claususik gabe.

3.7.– Atariko proba gainditu dutenen kopurua aurkeztutakoen % 50era iristen ez bada, azterketari onartuen multzoa era honetan zabalduko da: 46ko langara iristen ez direnen artetik, 46tik hurbileneko puntuazioak ere onartuko dira, azterketa horren gainditze-ehunekoa % 50era iritsi arte. Puntuazio hori hartuko da gainditze-langatzat.

4.– Proba idatzia.

4.1.– Proba idatzia bi ataletan egiten da eta sei ataza ditu.

A) Lehenengo atala:

– Elkarrizketa-testua.

– Lexikoa.

– Irakurriaren ulermena.

B) Bigarren atala:

– Idazlan luzea.

– Idazlan laburra.

– Esaldiak berridaztea.

Bi atalak jarraian egiten dira. Lehenengo atala egiteko 65 minutu dira. Bigarrenerako, 130 minutu. Guztira, Proba Idatziak 3 ordu eta 15 minutu irauten du.

4.2.– Elkarrizketa-testua:

Elkarrizketa-testu batean 10 hutsune bete behar dira. Ataza betetzeko, aukera anitzeko galderak (a-b-c) erabiltzen dira. Testuaren hariari ongien egokitzen zaizkionak aukeratzea da ariketaren funtsa.

4.3.– Lexikoa:

Testu labur batean txertaturik, markatutako 10 hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Ataza betetzeko aukera anitzeko galderak (a-b-c-d) erabiltzen dira. Hitzek testuinguruan duten esanahia kontuan harturik aukeratu behar da baliokidea.

4.4.– Irakurriaren ulermena:

Testu batzuk eskaintzen dira, eta horiei buruzko 10 galderari erantzun behar diete azterketariek. Atazak honelakoak izan daitezke: aukera anitzekoak, testu-zatiei dagozkien ideiak aukeratzea edo lotura egokiak egitea.

4.5.– Idazlan luzea:

Bi gai eskaintzen dira aukeran, dosier eran, eta horietako bat garatu behar da. Gutxienez 250 hitz idatzi behar dira. Idazlanaren kalifikaziorako honako hiru alderdi hauek hartzen dira kontuan: a) atazaren helburua zehaztasunez betetzea; b) hizkuntza-aberastasuna eta egokitasuna; c) zuzentasuna.

4.6.– Idazlan laburra:

Idazki bat ondu behar da: hipotesi bat, gutun bat, informe bat edo gertakari baten kronika laburra. Gutxienez 150 hitz idatzi behar dira. Bi aukera eskaintzen dira, bat aukeratzeko. Kalifikaziorako, idazlan luzeko irizpideak erabiltzen dira.

4.7.– Esaldiak berridaztea:

Emandako 10 esaldi moldatu behar dira; hots, esaldi baliokideak sortu behar dira, beste egitura batzuk erabilita, betiere esaldi bakarra osatuz. Berridazketa bideratzeko eta gauzatzeko, elementu batzuk eskaintzen dira erreferentzia gisa.

5.– Ahozko proba.

5.1.– Ahozko Probak bi atal ditu:

A) Entzutezkoaren ulermena.

B) Mintzamena.

5.2.– Entzutezkoaren ulermena.

Grabazio zati batzuk entzun eta horiei buruzko galderak erantzun behar dira.

Grabazio zati bakoitza behin entzun behar da. Azterketariek denbora-tarte bat dute galderak eta erantzunak irakurtzeko.

Ordu-erdiko ataza da. 20 item dira.

5.3.– Mintzamena:

Atal honek bi ataza ditu: lehenengoa, gai baten ahozko azalpena; bigarrena, bat-bateko elkarrizketa-saioa. Azterketariak kontrakorik eskatu ezean, jardunak grabatu egingo dira. Epaimahaia bi aztertzailek osatzen dute. Azterketariak binaka aritzen dira epaimahaiaren aurrean.

a) Ahozko azalpena:

Azterketari bakoitzak gai bati buruzko informazioa jasotzen du. Euskarria testu idatzia, audioa edota bideoa izan daiteke. Azterketari bakoitzak egokitu zaion informazioaren azalpena egin behar du bost minutuan.

b) Elkarrizketa-saioa:

Aztertzaileek gai bat eskaintzen diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan aritzen dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte har dezakete, galderak eginez. Azterketariek, bien artean, hamar bat minutuz aritu behar dute.

6.– Puntuazioak.

6.1.– Proba Idatzian eta Ahozko Proban, puntuazioak eta denborak honako hauek dira:

(Ikus .PDF)

6.2.– Proba idatzian, gutxieneko puntuaziorik eskatzen ez duten atazetan (Elkarrizketa-testua, Lexikoa, Irakurriaren ulermena eta Esaldiak berridaztean) puntuazioek elkar konpentsatzen dute.

6.3.– EGA lortzeko, azterketaren hiru faseak gainditu behar dira: Atariko Proba, Proba Idatzia eta Ahozko Proba. Azken emaitza Gai edo Ez Gai izango da.

6.4.– Deialdi bateko proba baten puntuak ez dira gordeko hurrengo deialdi baterako.

II. ERANSKINA
HEZKUNTZA SAILAK EUSKARAREN GAITASUN AGIRIA (EGA) ESKURATZEKO ANTOLATUTAKO AZTERKETAK: 2019KO DEIALDIAREN OINARRIAK

1.– Artikulua.– Epeak eta egutegia.

2019ko deialdian izena emateko eta matrikula ordaintzeko epeak eta prozedura-urratsak ondoren azaltzen dira:

a) Izena emateko eta matrikula ordaintzeko epea:

Urtarrilaren 7tik 21era (eguerdiko 12:00ak arte), biak barne.

b) Onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrenda: Urtarrilaren 31n.

– Erreklamazioak egiteko eta akatsak zuzentzeko: otsailaren 14ra arte.

c) Onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrenda: otsailaren 21ean.

d) Atariko Proba: otsailaren 23an.

– Behin-behineko emaitzak: martxoaren 1ean.

– Erreklamazioak: martxoaren 8ra arte.

– Behin betiko emaitzak: martxoaren 13an.

e) Proba Idatzia: martxoaren 16an.

– Behin-behineko emaitzak: maiatzaren 9an.

– Erreklamazioak: maiatzaren 16ra arte.

f) Ahozko Proba*: maiatzaren 24, 25, 31 eta ekainaren 1ean.

– Behin-behineko emaitzak: ekainaren 7an.

– Erreklamazioak: ekainaren 14ra arte.

g) Azken emaitza: ekainaren 28an.

(*) Matrikula-kopuruak eta baliabideak aintzat harturik, probak egun bakarrean edo gehiagotan egingo dira.

2. artikulua.– Informazioa emateko eta jakinarazpenetarako tokia eta modua.

1.– Azterketa-prozeduran argitaratu edo jakinarazi beharreko ekimen guztiak, interesatuei helaraziko zaizkie ondorio horietarako, ondoko webgunean: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-euskara/

2.– Jakinarazpenak ikusi ahal izateko, matrikula egindakoan emandako erabiltzailea eta pasahitza erabili beharko dira.

3. artikulua.– Tramiteetan laguntzeko guneak.

Internetez izena emateko edota matrikula ordaintzeko arazo teknikoak izanez gero, Zuzenean Zerbitzuko 012 telefonora deitu beharko da (Autonomia Elkartearen kanpotik deituz gero 945 018000 telefonora deitu behar da).

Halaber, Hezkuntza Ordezkaritzek laguntza emango diete deialdien parte hartzaileei, administrazio-tramiteekin arazoak badituzte, ondoko telefonoetan:

– Arabako Hezkuntza Ordezkaritza:945 01 72 51.

– Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritza: 944 031 184.

– Gipuzkoako Hezkuntza Ordezkaritza: 943 022 873.

4. artikulua.– Deialdian parte hartzeko baldintzak eta debekuak.

1.– Deialdian parte hartu nahi dutenek ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Gutxienez 17 urte izatea edo deialdiari dagokion urtean betetzea.

b) Matrikula egoki egin eta ordaintzea, deialdian ezarritako epean.

c) Ondoren aipatzen diren bateraezintasun-egoeran ez egotea.

2.– Beste erakunde batzuek antolatutako EGAren 2019ko deialdi bereko azterketetan izena eman duten pertsonak ezin izango dira matrikulatu ebazpen honen bidez araututako deialdian.

Baldintza hau ez betetzeak prozesutik kanpo utziko du interesatua, hori atzematen den unea edozein delarik ere. Entzuteko hamar egun balioduneko epea emango zaio interesatuari eta ezarritako baldintza bete ez dela berresten bada, ordura arteko jarduera, azterketa eta kalifikazioak baliogabe geratuko dira.

5. artikulua.– Izena ematea: epea eta matrikula nola egin.

1.– Azterketetan parte hartu ahal izateko eskaera Internet bidez egingo dute interesatuek honako webgunean: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-euskara/

Izena emateko epea, lehenengo artikuluan zehaztu da.

2.– Desgaitasunak edo behar bereziak dituzten pertsonek azterketan beharko dituzten egokitzapenak (aulki edo mahai bereziak...) zehaztu beharko dituzte eta, matrikularekin batera, desgaitasuna eta behar bereziak adierazten dituen medikuaren txostena aurkeztu beharko dute; itundutako edota herri-ikastetxeetako ikasleek ikastetxean egin dieten egokitzapen-txostena ere aurkeztu beharko dute.

6. artikulua.– Prezio publikoa.

1.– Izena eman eta matrikula egiteko epean azterketen prezio publikoa ordaindu beharko da hezkuntza zerbitzuen prezio publikoak finkatzeko Hezkuntza Sailak onartutako araudiaren arabera. Zenbatekoa www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/hezkuntza-euskara/ atariaren bidez emango da ezagutzera.

Matrikularen ordainketa Administrazioaren ordainketa-pasabidearen bidez egin behar da. Interesatuak horretarako prest egongo den webgunean sartu eta ondoren zehazten diren prozeduretatik edozein erabili ahal izango du:

a) On-line ordainketa (Internetez). Ordainketa ordenagailuaren edo beste gailu baten bidez egingo da banketxe batera joan beharrik izan gabe, kreditu-txartel baten bidez edo banka elektronikoaren bidez.

b) Off-line ordainketa. Aplikazio informatikotik ordainketa-agiria inprimatu beharko da eta dokumentu horrekin banketxe edo kutxazain automatiko batean ordaindu ahal izango da.

2.– Hezkuntza Sailaren zerbitzuen prezio publikoak ezartzen dituen 2013ko uztailaren 10eko Aginduak (uztailaren 31ko EHAA) 4. artikuluan ezartzen duenari jarraikiz, zenbait pertsonak ez du prezio publikoa ordaindu beharko: hain zuzen ere, ondoan aipatzen diren salbuespen-motiboak betetzen dituztenek, matrikula-orrian hala aipatu badute eta salbuespen-motiboaren egiaztagiria atxiki badute.

Prezio publikoa ordaintzeko salbuetsita daude:

a) Espetxean dauden pertsonak.

b) Kategoria bereziko familia ugarietako partaideak.

c) Terrorismoaren Biktimen Laguntza Programa arautzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuan aipatzen diren egoeretan dauden pertsonak.

3.– Aipatutako 4. artikuluak ezarritakoaren arabera, % 50eko hobaria aplikatuko zaie kategoria orokorreko familia ugarien partaide direla egiaztatzen duten pertsonei.

4.– Salbuespena edo hobaria eskatzeko izaera matrikulan bertan markatu beharko da, eta dokumentuz egiaztatu. Izen-ematea egiten den unean familia ugariaren dokumentuak eguneratua egon beharko du.

5.– Matrikulatzeko/izena emateko epean dagokion ordainketa egiten ez bada eta salbuespen edo hobaritarako motiborik argudiatzen ez bada, prozeduratik kanpo geldituko da eskaera.

6.– Behin prezio publikoa ordainduta, zenbatekoa itzultzeko eskubidea kasu honetan izango da soil-soilik: Sailak azterketak ez egitea erabakitzen duenean.

7. artikulua.– Azterketak egiteko onartuen eta ez-onartuen zerrendak: behin-behinekoa eta behin betikoa.

1.– Onartuen eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzaren ebazpenez onartuko dira. Ez-onartuen kasuan, ez onartzeko zergatia jasoko da.

Ebazpenetik aurrera hamar egun balioduneko epea irekiko da erreklamatu ahal izateko eta matrikulazioan izan litezkeen akatsak eta hutsuneak zuzentzeko.

2.– Onartuen eta ez-onartuen behin betiko zerrendak organo berak onartuko ditu, behin erreklamazio- eta zuzenketa-epea amaitzen denean. Behin betiko ez-onartuen kasuan, erabakiaren zergatia ere zehaztuko da. Erreklamazioak eta zuzenketak ebatzitzat joko dira behin betiko zerrenden onespenarekin.

Behin betiko zerrenda onartzen duen Ebazpenaren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da, Hezkuntza sailburuordearen aurrean, 3. artikuluan esandako tokietan, argitaratu eta hilabeteko epean.

8. artikulua.– Azterketak.

1.– Azterketaren probak edo faseak 1. artikuluan azaltzen diren datetan egingo dira.

2.– Izena emandako pertsona bakoitzari dagokion azterketa-lekua eta ordua webgunean jakinaraziko zaizkio. Aldi berean, onartuen eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak edota aurreko faseko behin-behineko emaitzak argitaratuko dira.

3.– Azterketetarako onartuta dauden pertsonek probak egitera joan beharko dute adierazitako leku, data eta orduan. Azterketa-eguna, lekua edo ordua aldatzeko eskatu ahal izango da fase bakoitzean, salbuespeneko zirkunstantziak daudenean bakarrik; eskaera arrazoitua aurrez aurkeztu behar da, fase bakoitzaren behin-behineko zerrenden osteko erreklamazio-epean. Arau orokor gisa, goian aipatu epeak pasatzen direnean, ezin izango da aldaketarik egin. Nolanahi ere, EGA azterketaren antolaketaz arduratzen den organoak onartu ahal izango ditu epez kanpora aurkeztutako eskaerak, baldin eta eskaera motibatu duen gertaera epe horien ostekoa bada, beti ere eskueran dauden baliabideak ikusita eta 1. artikuluan argitaratu diren datak kontuan izanda.

4.– Azterketaren programa I. eranskinean azaltzen da, besteak beste, ondoko alderdiak zehaztu direlarik: edukien gainekoak, azterketaren egitura, haren zatiak eta balioespen-irizpideak.

5.– Azterketara aurkezten diren pertsonek nortasun-agiria eraman beharko dute une oro aldean (NANa, pasaportea, gidabaimena edo bizileku-baimena) eta eskatzen zaienean aurkeztu egin beharko dute. Aurkezten ez badute, azterketan ez onartzeko edo kanporatzeko motiboa izan daiteke. Halaber, azterketa-egunean antolakuntzak agindutako prozedura eta jarraibideei kasu egin beharko zaie. Norbaitek ez baditu errespetatzen, bere azterketa baliogabetzeko motiboa izan daiteke.

6.– Beharrezko neurriak hartuko dira desgaitasunen bat duten pertsonek, hala eskatu badute, azterketa egin ahal izan dezaten, beste partaide guztien antzeko baldintzetan, hala behar balitz, azterketa-denboren egokitzapena ere barne delarik, beti ere eskakizun-mailaren aldaketarik gabe.

9. artikulua.– Epaimahaiak.

1.– Azterketak osatu, zuzendu eta neurtuko dituen Azterketa Batzorde Ofiziala 1982ko irailaren 20ko Aginduaren 4., 19., 20. eta 37. artikuluetan xedatutakoa da.

2.– Ahozko probak bi Batzordekidek osatutako ekipo baten aurrean egingo dira eta berauek kalifikatuko dute proba. Batzordekideok 1982ko irailaren 20ko Aginduak ezarritakoaren arabera izendatutako dira.

3.– Azterketa Batzorde Ofizialak 1982ko irailaren 20ko Aginduaren 11. artikuluan, 12. artikuluan, 22. artikuluaren 4. eta 8. ataletan eta 37. artikuluaren 2. eta 3. ataletan aipatzen diren aktak eta fitxak jasoko ditu.

10. artikulua.– Proben zuzenketa eta emaitzak.

1.– Azterketaren proba edo fase bakoitzaren zuzenketak I. eranskinean bildutako irizpideen arabera izango dira.

2.– Azterketa Batzorde Ofizialak adostuko ditu emaitzak.

3.– Erreklamazioa aurkeztu ahal izango da behin-behineko emaitzak argitaratzen direnean, epaimahaiaren aurrean eta II. eranskinaren 1. artikuluan emandako epean. Epe horrek gutxienez 5 egun baliodun izango ditu, emaitzak argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita.

4.– Behin-behineko kalifikazioen aurkako erreklamazioen ebazpena inplizituki ulertuko da behin betiko kalifikazioen onespenean eta azterketaren azken emaitzen onespenean. Edonola ere, proba idatziaren edota ahozko probaren emaitza erreklamatzen dutenek emandako kalifikazioaren azalpen arrazoitua jasoko dute idatziz, matrikula egiterakoan jarritako helbidean; bertan azterketa ikusteko aukera ere emango zaie, informazio helburuekin soilik. Proba idatziaren erreklamazioaren ondorioz, ahozko proba egin behar izango balute, Hezkuntza Ordezkaritzak jakinaraziko dizkie interesatuei proba hori noiz eta non egingo den.

11. artikulua.– Azterketaren azken emaitza.

1.– I. eranskinean jasotako programaren 6. atalean bildutako irizpideak aplikatuz aterako da azterketaren azken emaitza.

2.– Azken emaitza Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren ebazpenez onartuko da. Horren aurka gorako errekurtsoa jarri ahal izango da hilabeteko epean Hezkuntzako sailburuordearen aurrean, 1.2.g) artikuluan esandako argitaratze-datatik kontatzen hasita.

12. artikulua.– Ziurtagiria.

1.– Azken emaitzan GAI izan duten pertsonek ziurtagiria jaso ahal izango dute, horren frogagarri, azken emaitzak argitaratu eta bi hilabeteko epean.

2.– Ziurtagiria eskuratzeko, aurretik dagokion tasa ordaindu beharko da, euskararen ezaguera egiaztatzen duten ziurtagiriena, hain zuzen ere, Tasa eta Prezio Publikoen Legeak 69.5 artikuluan zehazten duen zenbatekoan (Lege horren testu bategina irailaren 11ko 1/2007 Lege Dekretuaren bidez onartua), ziurtagiria luzatzen den ekonomia-ekitaldirako idazkuntzan.

3.– Ziurtagiria azterketa egin zen lurralde historikoko Zuzenean zerbitzuan jaso ahal izango da.

4.– Ziurtagiria eskuratzeko prozeduraren gaineko argibideak Interneteko helbide honetan ikusi ahal dira: http://www.euskadi.eus/informazioa/ega-deialdiak//web01-a3ega/eu/


Azterketa dokumentala