Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2018ko azaroaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
5784

AGINDUA, 2018ko azaroaren 13koa, Segurtasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira kasu hauetarako prebentzio-neurriak eta jarduketa-prozedurak: laneko jazarpen morala, sexu-jazarpena, jazarpen sexista edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena eta Ertzaintzako langileen lan-esparruko beste jazarpen mota batzuk.

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak ezarri bezala, lan-erakunde guztiek, administrazio publikoak barnean hartuta, sustapen-lana egin behar dute funtzionarioen lan-baldintzak hobetu daitezen eta lan-segurtasuna eta osasuna babestuago egon daitezen; hau da, kalte edo min fisikoa eragin dezaketen arriskuak prebenitzera edo arrisku horietatik babestera ez ezik, osasun psikikoaren narriadura eragin dezaketen arriskuei aurre egitera era zabaldu behar da euren lana.

Testuinguru horretan, langileek dituzten arrisku psikosozialak hauteman ditzaketen prozedurak jarri behar dira martxan, bai eta jarduketa-prozedura bat ere, jazarpen moral, sexu-jazarpen, jazarpen sexista edo sexu-orientazio edo identitate arrazoiengatiko jazarpen posible baten inguruko idazkiak edo komunikazioak dauden kasuetarako.

Laneko jazarpena, hau da, lan-eremuko etengabeko erasoa, lan-arrisku larria da pertsona jazarriaren duintasun pertsonalaren edo profesionalaren aurka. Horretaz gain, argi eta garbi gainditzen ditu pertsonen arteko gatazka arrunten mugak, biktimaren osasunari kalte egin diezaiokeelako eta eragindako kalteak, askotan, konpongaitzak izaten direlako.

Ondore horiek prebenitzeko, 2007an, kasu horietarako zenbait neurri eta jarduketa-prozedura arautu ziren, zeinak 2012. urtean aldatu baitziren. Agindu honen helburua da jarduketa-ildo hori hobetzea, eta, horretarako, jazarpen moral edo sexu-jazarpenen, jazarpen sexisten edo sexu, orientazio edo identitate arrazoiengatiko jazarpenen kasuetarako prebentzio- eta jarduketa-mekanismoak eguneratu eta osatuko dira. Hori guztia Ertzaintzan laneko segurtasun eta osasunerako prebentzio-mekanismoetan integratuta egongo da, edozein funtzionariok bere maila berekoekin edo bere gainekoekin duen harremanean, bere duintasun pertsonalaren errespetua bermatze aldera.

Agindu honen edukiaren berri eman zaie Ertzaintzaren Segurtasun eta Osasun Batzordeko kide guztiei.

Prozeduran, bi jarduketa daude artikulatuta: prebentzioa eta bitartekaritza. Prebentzioan, lan-esparruan horrelako egoerarik ez sortzea lortu nahi da, langileen sentsibilizazioaren bitartez.

Bitartekaritzaren helburua da pertsonen arteko gatazkak eta erakundearenak ahalik eta goizen konpontzea, hasierako desadostasunak okerrera egin ez dezan eta iraun ez dezan. Alde horretatik, uste dugu helburu hori lortzeko modurik eraginkorrena dela Bitartekaritza Batzordeaz baliatzea, bera izango baita agertzen diren gatazkak konpontzeko proposamenak egiteko organo eskudun espezialista, Ertzaintzako langileen segurtasuna eta osasuna are babestuago egoteko xedez.

Bitartekaritzaren fasea garatzeko zehaztasunak Agindu honetan daude adierazita, eta, gainera, behar diren jarduketak egiteko zenbait epe ere sartu dira. Ahalik eta epe laburrenak dira, prozedura beharrik gabe luza ez dadin langileen osasunaren kaltetan.

Prozedura osoan, ideia hau dago jasota: jazarpenak «laneko indarkeria»ren kontzeptu globalari erantzuten dio, eta kontenplaziorik gabe eten behar da.

Azkenik, erregulazio honek nabarmentzen du funtzionarioen eskubideei buruzko informazioa eta hezkuntza sustatu behar direla langileen artean. Zentzu horretan, ezinbestekotzat jotzen dira laneko oinarrizko printzipio eta eskubideei eta horien jarraipenari buruzko 1998ko ekainaren 18ko Lanaren Nazioarteko Erakundearen Adierazpena eta laneko arriskuen prebentzioari buruzko legerian xedatutakoa.

Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Jarraitu beharreko prozedura eta jarduketen prebentziozko neurriak ezartzea, antolaketa eta aurreikuspenekoak, lantokian jazarpen moral, sexu-jazarpen, jazarpen sexista edo sexu-arrazoiengatiko jazarpeneko kasuetarako, bai eta sexu-orientazio edo identitate, sinesmen erlijioso edo jatorri etnikoan oinarritutako jazarpeneko kasuetarako ere, horien bidez, Ertzaintzako langileen lan-esparruan gatazkak eragin ditzaketen egoerak ekiditeko.

2.– Jarduketa-protokolo bat ezartzea, laneko jazarpen-portaerak identifikatu eta, behar izanez gero, errotik kentzeko.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

Agindu honetako xedapenak hauei aplikatu beharko zaizkie: Ertzaintzako karrerako funtzionarioei, euren administrazio-egoera zerbitzu aktiboa edo bigarren jarduera bada, eta praktiketako funtzionarioei.

3. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

1.– Ertzaintzak konpromisoa dauka aukera-berdintasunarekin, eta edozer jazarpen motaren aurka borrokatzen du; hala, jarduteko oinarrizko printzipiotzat du sexu, arraza, jatorri, egoera zibil eta kondizio zibila direla-eta inor ez baztertzea, bai eta arrazoi objektiboekin justifikatuta ez dagoen lehentasunezko edo pribilegiozko tratua galaraztea ere.

2.– Ertzaintzak, erakundean bertan, arrisku psikosozialtzat hartzen du jazarpena; biktimen osasun fisikoa eta psikologikoa gutxitzen ditu, eta bere inguruari, familiari, erakundeari eta gizarteari, oro har, ere kalte egiten die.

3.– Hori dela eta, prebentiboki heldu behar zaio arrisku horri, eta Ertzaintzako lan-esparruan antzematen diren jazarpen-portaerak eten behar dira, Agindu honetan eta aplika daitekeen gainerako ordenamenduan jasotzen diren biktimentzako neurri prebentibo, aringarri, zuzentzaile eta babesleen bidez.

4.– Ertzaintzan ez da onartuko lantokian jazarpen moral, sexu-jazarpen, jazarpen sexista edo sexu-arrazoiengatiko jazarpena izan daitekeen inolako portaerarik, ez eta sexu-orientazio edo identitate, sinesmen erlijioso edo jatorri etnikoetan oinarritutako jazarpen-portaerarik ere.

5.– Ertzaintzako langile guztiek eta, batez ere, euren kargura langileak dituzten eta erantzukizuneko eginkizunak dituztenek, duintasun berdinen aitorpenean eta elkarrenganako errespetuan oinarritutako lan-giroa sustatu behar dute, eta, horren ondorioz, jazarpena izan daitekeen portaera oro baztertu behar dute, hau da, ez dute halakorik onartu behar.

6.– Ertzaintzako edozein langilek Ertzaintzako beste kide baten duintasuna, errespetua nahiz integritateari kalte egiten badio edo horrelako portaerarik eragin, onartu edo ezkutatzen badu, ordenamendu juridikoan aurreikusitako erantzukizunak izango ditu, eta, erakundetik, portaera horiek argitzeko eta, behar izanez gero, zigortzeko neurriak hartuko dira.

7.– Era berean, gatazkak eragindakoek errugabetasun-presuntzioa izateko eskubidea bermatuko da.

8.– Segurtasun Sailak konpromisoa hartuko du jazarpenaren aurkako prebentzio-kultura sustatzeko, bere langile guztiak sentsibilizatzeko prestakuntza- eta informazio-jarduketen bidez.

4. artikulua.– Definizioak.

1.– Laneko jazarpen morala: pertsona batek edo talde batek indarkeria psikologikoa baliatzen du lantokian beste pertsona baten edo batzuen aurka, maila pertsonalean edo profesionalean suntsitzeko xedez, lan-esparruan etsai-giroa sortuta. Indarkeria horrek sistematikoa edo ohikoa izan behar du, hau da, prozesu baten barrukoa; ez, ordea, egintza bakar bat, nahiz eta oso astuna eta bizia izan. Horrek barnean hartzen ditu, besteak beste, hauen ondoriozko larderia- eta eseste-portaerak: adina, desgaitasuna, osasuna, sexua, generoa eta sexu-orientazio edo identitatea, sinesmenak edo iritzi politikoak, sindikalak, erlijiosoak edo bestelakoak, jaiotza eta jatorri nazionala edo soziala, gutxiengo baten kide izatea, edo gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasunari eragiten dion beste edozein egoera. Jazarpenak lantokian gertatu behar du, nahiz eta lan-arrazoiengatik ez izan.

2.– Sexu-jazarpena: Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak ematen duen definizioaren arabera, sexu-jazarpena da sexu-izaerako jokabide bat sortzea, ahozkoa edo fisikoa, xede nahiz ondore izateagatik pertsonaren duintasunaren aurka egitea, batez ere, kikilduta, makurrarazita edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea bada.

3.– Jazarpen sexista edo sexuan oinarritutakoa: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 43. artikuluaren arabera, jazarpen sexista da «nahi ez duen pertsona batekin eta horren sexua dela-eta, hitzez, hitzik gabe edo fisikoki edozein jokabide izatea, eta horren helburua edo ondorioa pertsona horren duintasunari erasotzea edo kikilduta, etsai, makurrarazita, irainduta edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea bada. Jokabide horrek sexuarekin zerikusia duenean, jazarpen sexista izango da».

4.– Sexu-orientazio edo identitate arrazoiengatiko jazarpena: pertsona baten sexu-orientazioa edo identitatea dela eta, haren duintasunari erasotzea eta lanean kikilduta, makurrarazita edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea helburu edo ondorio duten jokabideak.

5.– Sinesmen erlijiosoetan oinarritutako jazarpena: pertsona baten sinesmen erlijiosoak direla eta, haren duintasunari erasotzea eta lanean kikilduta, makurrarazita edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea helburu edo ondorio duten jokabideak.

6.– Jatorri etnikoan oinarritutako jazarpena: pertsona baten jatorri etnikoa dela eta, haren duintasunari erasotzea eta lanean kikilduta, makurrarazita, edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea helburu eta ondorio duten jokabideak.

7.– Jazarpentzat hartu behar diren portaerak zehazte aldera, kontuan izango dira aplikatu beharreko ordenamendu juridikoan nahiz doktrina zientifikoan zehazten direnak, bai eta Lanaren Nazioarteko Erakundeak nahiz laneko osasunaren babesari lotutako erakunde publikoek jasotzen dituztenak ere. Kontuan hartuko dira, baita ere, horrela definitu diren jazarpen-portaeren aurrean ezarri beharreko jarduketak zehazteko.

5. artikulua.– Kalte-mehatxua.

Agindu honetako prebentzio-neurriak eta jarduketa-prozedura aplikatu behar dira 4. artikuluan deskribatutako portaeretan erasandako langileei kalte-mehatxuren edo kalte moral, psikiko edo fisikoren bat egiten bazaie.

6. artikulua.– Salbuespenak.

1.– Laneko jazarpen moralaren kontzeptutik kanpo, pertsonen arteko gatazka iragankorrak eta une zehatz batekoak utziko dira, zeinak giza harremanen eremuan sor daitezkeen eta lan-antolaketan eta garapenean eragina izan dezaketen, helburutzat izan gabe gatazkako alderdietako bat suntsitzea, ez maila pertsonalean ezta profesionalean ere.

2.– Gatazka horietan, ematen badu pertsona biren interesak bateraezinak direla, langileak kudeatzeko organoak bereganatu beharko du lidergoa, eta, ondorioz, itzalpeko eta oraingo gatazka horiek konpontzeko behar diren eginbideak bete.

7. artikulua.– Prestakuntza.

1.– Laneko jazarpena prebenitzeko prestakuntza-plan orokor bat jarriko da martxan. Prestakuntza horretan, langileak gaitu behar dira jazarpen-egoerak identifikatzeko eta kasu horietan zer prozedura bete behar duten jakiteko.

2.– Prebentzio Zerbitzua izango da gai honi buruzko prestakuntza- eta informazio-jarduketak egiteko arduraduna.

II. KAPITULUA
PREBENTZIOA

8. artikulua.– Prebentzioa.

1.– Laneko jazarpen-portaeren prebentzioa elkarrenganako errespetuaren, tolerantziaren eta aukera-berdintasunaren balioetan oinarritutako barne-kulturaren testuingururik zabalenean dago sartuta.

2.– Horretarako, Prebentzio Zerbitzuak laneko jazarpena prebenitzeko ekintza hauek gauzatuko ditu:

a) Arrisku-faktoreak ebaluatzea eta identifikatzea eta arrisku psikosozialak kontrolatzea.

b) Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak egitea, Ertzaintzako langileen lan-harremanetako jazarpen-egoera dakarten portaerak identifikatzeko.

c) Ertzaintzako langileentzat, lan-giroa hobetzeko etengabeko prestakuntzarako ekintzak egitea, gatazkei aurre egiteko eta jazarpen-egoerak sor ditzaketen faktoreak identifikatzeko ardura eta gaitasuna areagotu ditzaten.

d) Jazarpena prebenitzeko neurriak proposatzea.

e) Jazarpenaren aurkako prozedurari eta bitartekaritza-faseari buruzko informazioa ematea eta zabaltzea.

9. artikulua.– Aholkularitza eta arreta goiztiarra.

1.– Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzako Laneko Prebentzio eta Osasuneko Atalak emango dio behar duen orori laguntza eta aholkularitza legal, mediko edo psikologikoa.

2.– Halaber, Prebentzio Zerbitzuak arreta goiztiarra emango die jazarpenaren biktima posibleei, eta, behar izanez gero, lan-arloko neurriak proposatu ahal izango dira, langileen osasuna babesteko xedez.

III. KAPITULUA
BITARTEKARITZA-PROTOKOLOA

10. artikulua.– Bitartekaritza-protokoloa.

1.– Ertzaintzaren eremuan Agindu honetan aipatu diren laneko jazarpen-egoerak ebazte aldera, eta, betiere, zigor edo diziplinazkoak ez badira, abian jarriko da kapitulu honetan arautzen den bitartekaritza-protokoloa.

2.– Prozeduraren xedea da fede onez argitzea salatutako egintzak, eta horretarako, bitartekaritza-batzorde bat sortuko da, jazarpen-egoerak ebaluatu eta ebaztea helburu duten jarduketa-pauta eta proposamenak egin ditzan, etorkizunean horrelakorik berriro gertatzea prebenitzeko.

3.– Prozedura hori printzipio hauen arabera gauzatuko da: bizkortasuna, biktimaren egoera pertsonal, bizitza pribatu eta intimitatearekiko errespetua eta konfidentzialtasuna; bere duintasun pertsonala kaltetzen ez dela bermatuta.

11. artikulua.– Bitartekaritza Batzordea.

1.– Bitartekaritza Batzordeko kide izendatzen direnei gaiari buruzko prestakuntza espezifikoa emango zaie, barnean hartuta, besteak beste, legezko alderdiak, trebetasun sozialak eta behar diren jarduketa-prozedurak, kide guztiek era egokian egin diezaieten aurre lan-esparruko jazarpenari loturiko gatazkei.

2.– Batzordearen espezializazioa eta inpartzialtasuna bermatzearren, Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatzen dituen pertsona hauek izango dira batzordekideak:

a) Lehendakaritza: Laneko Prebentzio eta Osasuneko Ataleko pertsona bat, Giza Baliabideen Zuzendaritzak proposatuta. Berdinketa izanez gero, kalitatezko botoa izango du.

b) Bokalak:

– Lan-arriskuen prebentziorako teknikari bat, Laneko Prebentzio eta Osasuneko Atalekoa, Giza Baliabideen Zuzendaritzak proposatuta.

– Ertzaintzaren Zuzendaritzako pertsona bat, zuzendaritzak berak proposatuta.

– Prebentzio-ordezkari bat, bokal gisa, Laneko Segurtasun eta Osasuneko Batzordean ordezkaritza duten sindikatuek proposatuta. Adostasunik izan ezean, batzorde horretan ordezkaritzarik handiena daukan sindikatuak proposatutako du.

c) Idazkaritza: Laneko Prebentzio eta Osasuneko Ataleko pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe, Giza Baliabideen Zuzendaritzak izendatuta.

3.– Titularrak nahiz ordezkoak izendatu beharko dira, eta Batzordean, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua lortzeko behar diren neurriak hartuko dira.

4.– Batzordeak bere egitekoa zuzen gauzatzeko egoki iritzitako pertsonen partaidetza eskatu ahal izango du, baita helburu horretarako beharrezkotzat jotzen dituen proba guztiak egitea erabaki ere.

5.– Idazkariaren egitekoak izango dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritakoak. Halaber, haren ardura izango da beti kasuko organo eskudunetik hartzea Batzordeak eraginkor jarduteko behar den dokumentazioa.

6.– Era berean, fase honetan, Bitartekaritza Batzordeak ahalmena izango du beharrezkotzat jotzen dituen kautela-neurriak proposatzeko, ustezko jazarpenak bere horretan jarraitzea eragozteko eta, hala badagokio, prozedurak irauten duen bitartean, ustezko jazarlea biktimarengandik banatzeko kautela-neurriak.

7.– Batzordekideei, abstenitzeko eta errekusatzeko legezko kausak aplikatuko zaizkie. Izendapenaren proposamena mekanismo berdina erabilita egin duenari dagokio abstentzio- eta errekusatze-egoerak ebaztea. Abstentzio- edo errekusatze-kausa onartzekotan, errekusatu edo abstenitutako pertsonaren ordezkoak jardungo du. Pertsona hori abstentzio- edo errekusatze-kausa batean sartuta badago, ordezko bat izendatuko da, errekusatutako edo abstenitutako pertsona izendatzeko ezarritako izendapen-mekanismoari jarraituz.

12. artikulua.– Hasiera.

1.– Ertzaintzako edozein funtzionariok komunika dezake, idatziz, jazarpen-egoera bat, ustez halakoren baten biktima bada edo halakoren baten berri izan badu. Ertzaintzaren Burutzak edo Zuzendaritzako pertsona titularrak ere eman diezaiokete hasiera prozedura honi, baldin eta uste badute beharrezkoa dela langileen osasuna babesteko; hala bada, Giza Baliabideen Zuzendaritzari idatziko diote, prozedurari hasiera emateko eskatzeko.

2.– Ertzaintzaren Prebentzio Zerbitzuak eskatu behar dio Giza Baliabideen Zuzendaritzari ofizioz eman diezaiola hasiera prozedurari, jazarpen-egoeraren bat dagoela dakienean.

13. artikulua.– Zein formatutan egin komunikazioa.

1.– Komunikazio-idazkian, nahitaez bete beharko dira datu hauek:

a) Komunikaziogilearen zenbaki profesionala.

b) Ustezko biktimaren edo biktimen eta ustezko jazarlearen edo jazarleen zenbaki profesionala edo izen-abizenak, eta zer jazarpen-egoera komunikatzen den.

c) Kontakturako telefono-zenbakia edo helbide elektronikoa.

2.– Idazkiari, egoki iritzitako edozein agiri erantsi ahal izango zaio, Bitartekaritza Batzordeak gatazkak konpontzeko proposamena egin ahal izan dezan.

3.– Halaber, idazkia aurkezten duen funtzionarioak berariazko baimena emango du gatazkako alderdiei helaraz dakien aurkeztutako dokumentazio hori.

14. artikulua.– Bitartekaritza Batzordearen deialdia.

1.– Giza Baliabideen Zuzendaritzan jazarpen-egoera posible baten inguruko jakinarazpena jaso bezain laster, Bitartekaritza Batzordeko Idazkaritzara bidaliko da, eta hark, bestelako izapiderik egin gabe, Batzordearen bilera egiteko deialdia egingo du, jasotako dokumentazioa aztertu eta izapidetzeari buruzko erabakiak hartzeko. Komunikazioa jaso eta lehendabiziko 5 egun baliodunetan egin beharko da bilera hori.

2.– Batzordearen lehen bilera horretan, erabakiko da biktimari zitazioa egitea jakitearren ea prest dagoen ustezko jazarlearekiko bitartekaritza-bilera batean parte hartzeko.

3.– Batzordekideek uste badute komunikatutako egitateak zigor-arloko legez kontrakoak izan daitezkeela, Giza Baliabideen Zuzendaritzari jakinaraziko diote, behar den izapideari ekin diezaion. Halaber, erabakitakoaren kopia bat igorriko zaio Ertzaintzaren Zuzendaritzari. Kasu horretan, amaitutzat joko litzateke Batzordearen jarduketa.

15. artikulua.– Bitartekaritza-bilera.

1.– Batzordeko idazkariak, batzordekideek eskatuta, idatziz egingo die bilera baterako zitazioa gatazkako alderdiei, egoera ebaluatzeko xedez edo bitartekaritza egiteko xedez. Zitazio horrekin batera, Idazkaritzaren esku dagoen dokumentazio guztiaren kopia bidaliko da. Bilera horietara, gatazkako alderdietariko bakoitza bere aholkulariarekin joan daiteke.

2.– Fase honetara heldu ahal izateko, nahitaezkoa da alderdi parte-hartzaileek Batzordearen bitartekaritza onartzen dutela adierazteko berariazko baimena izatea.

3.– Bitartekaritza-bilerak Batzordearen lehen deialdia egin eta lehendabiziko hamabost egun baliodunetan egingo dira, ez badago epea luzatzeko arrazoi justifikaturik; baina, dena den, beste hamar egun baliodun gehiagotan, gehienez. Idatziz emango zaie horren berri alderdiei.

16. artikulua.– Bitartekaritza proposatzea.

1.– Bitartekaritza Batzordeak emango du kasuaren jarduketa-proposamena, azken bitartekaritza-bilera igaro eta 15 eguneko epean. Proposamen hori ez da loteslea izango, bitartekaritzaren izaera bera dela eta.

2.– Jarduketa-proposamena idatziz egingo da, eta barnean hartuko ditu honako hauek:

a) Bitartekaritza-fasean egin diren jarduketak.

b) Azaldutako gatazka konpondu ahal izateko proposatu diren jarduketa-neurriak.

3.– Proposatutako neurriak Batzordeko idazkariak jakinaraziko dizkie gatazkaren alderdiei, Ertzaintzako Zuzendaritzari eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari, hurrengo bost egun baliodunetan.

17. artikulua.– Bitartekaritza-prozeduraren amaiera.

1.– Bitartekaritza-prozedurari amaiera emango zaio gatazkako bi aldeek bitartekaritza-proposamena onartzen badute, edo alderen batek proposamen horri uko egiten badio.

2.– Idatziz onartu edo ukatu beharko da bitartekaritza-proposamena, dokumentu bakar batean nahiz dokumentu desberdinetan, eta horretarako, akta egingo du Batzordeko Idazkaritzak.

3.– Ertzaintzako Zuzendaritzari eta Giza Baliabideen Zuzendaritzari helaraziko zaie bitartekaritzaren ondorioz egindako akta, horren berri izan eta behar bezala joka dezaten.

4.– Bitartekaritza-fasea amaitu ondoren, Bitartekaritza Batzordeko Idazkaritzak Giza Baliabideen Zuzendaritzari helaraziko dio espedientea, prozedurako dokumentazio guztiarekin batera, bertan gordetzeko.

18. artikulua.– Prozeduraren jarraipena.

1.– Giza Baliabideetako Zuzendaritzako Laneko Prebentzio eta Osasuneko Atalaren ardura izango dira honako hauek:

a) Neurri zuzentzaileen efikazia egiaztatzea.

b) Bitartekaritza edo proposatuko neurriak onartu ezean, alderdien arteko gatazkaren ebaluazioaren jarraipena egitea.

2.– Hori guztiori jakinaraziko zaie Bitartekaritza Batzordeari eta Ertzaintzako Zuzendaritzari.

3.– Giza Baliabideen Zuzendaritzak protokolo hau aplikatzeak emakumeengan eta gizonengan dituen ondoreen jarraipena egingo du, eta horretarako, kexak eta salaketak sexuaren arabera banatuta erregistratu, ebaluatu eta berrikusteaz gain, gogobetetasun-maila ikertuko du, horien inguruko iritzi, iradokizun eta kexak jaso eta aztertuta.

IV. KAPITULUA
PROZEDURAREN BERMEAK

19. artikulua.– Isilpean gordetzeko betebeharra.

Ertzaintzako langile guztiei eta xedapen honetan araututako prozeduran aurreikusitako faseetan parte hartu duten eta Administrazioari loturik dauden pertsona guztiei eskatuko zaie isilpean gordetzeko betebeharra betetzea, kasu bakoitzari aplikatzen zaion funtzio publikoko araudian xedatutakoarekin bat.

20. artikulua.– Intimitaterako eskubidea babestea.

1.– Une oro bermatuko da babestuta egotea prozedura honen edozein fasetan parte hartu dutenen intimitaterako eskubidea.

2.– Prozedura honetan sortutako informazio pertsonalaren tratamenduak datu pertsonalen babesari buruzko legeek xedatutakoa bete beharko du.

21. artikulua.– Ertzaintzako langileek osasunaren babes integrala izateko daukaten eskubidea.

Segurtasun Sailak, behar izanez gero, urgentziako aholkularitza eta laguntza psikologikoa emango die Agindu honetan jasotzen diren jazarpen moduen biktimei, eta beraien osasuna behar bezala babesteko behar diren neurri zuzentzaileak hartuko ditu.

Halaber, guztiz berrindartzeko behar den antolamendu-laguntza eta laguntza psikologikoa emango da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Ertzaintzako langileen eta lantokia partekatzen duten kanpo-enpresako langileen arteko jazarpen-egoerarik izanez gero, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 24.1 artikuluan xedatutakoaren arabera jokatuko da.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Ertzaintzako funtzionarioen eta Segurtasun Administrazioko zerbitzu laguntzaileetako langile lan-kontratudunen arteko jazarpen-egoera gertatzen bada, bitartekaritza-batzorde espezifiko bat sortuko da horretarako, eta bertan egongo dira bi alderdien sindikatu- eta erakunde-ordezkariak.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Bitartekaritza Batzordeak lanean gertatzen diren jazarpen sexualeko eta sexuan oinarritutako jazarpeneko kasuek dituzten espezifikotasunetara egokituko du protokolo hau. Bereziki, ez da aktibatuko ustezko sexu-jazarpen eta sexu-arrazoiengatiko jazarpeneko kasuetan biktimak aurrez eta era boluntarioan eskatu ez duen bitartekaritza-mekanismorik.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Herrizaingoko sailburuaren 2007ko irailaren 10eko Agindua indargabetuta geratzen da (agindu haren bidez, Ertzaintzaren laneko jazarpen moraleko kasuetarako prebentzio-neurriak eta jarduketa-prozedura arautzen ziren), baita hura aldatzen duen 2012ko urriaren 19ko Agindua ere.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari ahalmena ematen zaio agindu hau garatzeko beharrezko diruditen alderdi osagarriak garatzeko.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarri da indarrean xedapen hau.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 13a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala