Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2018ko azaroaren 8a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
5495

EBAZPENA, 2018ko urriaren 22koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariarena. Honen bidez, baimena ematen zaio Nortegas Energía Distribución SAU enpresari proiektu hau gauzatzeko Zumaiako udalerrian: «Etxadia bizitegia Artadiko San Miguel auzoan».

Zerbitzua: Energia.

Erreferentzia: 20/24181 – CGG-2018/03.

2018ko maiatzaren 14an, Javier Bermejillo Eguia jaunak, Nortegas Energía Distribución SAU enpresaren izenean eta hura ordezkatuz, administrazio-baimena eskatu du Zumaia udalerrian proiektu hau gauzatzeko: «Etxadia bizitegia Artadiko San Miguel auzoan».

Espedientea ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

AURREKARIAK

1.– Nortegas Energía Distribución SAUk onura publikoko aitorpenerako eta baimena emateko eskabide bateratua aurkeztu zuen Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzan, 2018ko maiatzaren 14an, hain zuzen A taldeko instalazioak exekutatzeko, betiere Gas kanalizatuko zerbitzu publikoko instalazioak baimentzeko eta zerbitzuan jartzeko ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuaren 2. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 73.4 artikuluan (1998-10-8ko BOE) ezarritakoaren ondorioetarako, dagokion iragarkia argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2018ko uztailaren 19koan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, 2018ko ekainaren 13koan, eta Diario Vasco egunkarian, 2018ko ekainaren 12ko alean. Iragarkia, orobat, Zumaiako Udaleko iragarki-oholean jarri zen jendaurrean, 2018ko ekainaren 14tik uztailaren 12ra bitartean.

3.– 2018ko maiatzaren 23an, proiektuaren separatak bidali zitzaizkien Zumaiako Udalari eta ukitutako organismoei, hau da, URA-Uraren Euskal Agentziari, hain zuzen ere baimenaren alde edo aurka zeuden adieraz zezaten, eta, hala iritziz gero, baldintza teknikoak ezar zitzaten. Eskabide hori berriro bidali zitzaion URA-Uraren Euskal Agentziari, 2018ko uztailaren 10ean.

4.– Zumaiako Udalak aldeko txostena eman zuen eta baldintza tekniko batzuk ezarri zituen, eta URA-Uraren Euskal Agentziak proiektua eraikitzeko baimena eman zuen eta baldintza tekniko batzuk ezarri zituen.

5.– Nortegas Energía Distribución SAU enpresa eskatzaileari helarazi zitzaizkion Zumaiako Udalak eta URA-Uraren Euskal Agentziak prestatutako baldintza teknikoak, eta hark erantzun zuen onartu egiten zituela baldintza haiek.

6.– Ezarritako jendaurreko informazio-aldian ez zen aurkeztu alegazio-idazkirik.

Hona hemen ebazpen honen

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Ebazpen hau bat dator Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko martxoaren 16ko Ebazpenarekin, zeinaren bidez Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko lurralde-ordezkaritzen esku uzten baita energiaren, industria-administrazioaren eta industria-segurtasunaren arloetako zenbait gairi buruzko eskumena.

2.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998-10-08ko BOE) eta Gas naturala garraiatzeko, banatzeko, merkaturatzeko eta hornitzeko jarduerak, eta gas naturaleko instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 27ko 1434/2002 Errege Dekretuak (2002-12-31ko BOE) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen dute gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, eta onura publikoko deklaratzen ditu lege horren IV. tituluan aipatzen diren instalazioak, gas-erregaiak kanalizazio bidez hornitzekoak

3.– Gas-erregaiak banatzeko eta erabiltzeko Arautegi teknikoa eta horren ICG (1-11) jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak (2006-09-4ko BOE) administrazio-baimenaren betebeharra ezartzen du gasa banatzeko sareak zabaldu aurretik, baita sare horiei loturiko Biltegiratzeko Zentroak eraiki aurretik ere.

4.– Ekainaren 9ko 107/1998 Dekretuak (1998-06-26ko EHAA), Kanalizaturiko gasaren zerbitzu publikoaren instalazioei baimena eman eta haiek jardunean jartzeari buruzkoak, zehazten du nola izapidetu, besteak beste, B presio ertainean garaturiko hiri eta hiriarteko eta industriaguneetako sareak.

5.– Eusko Jaurlaritzaren Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzaren 2014ko maiatzaren 5eko Jarraibidea, Gas kanalizatua banatzeko instalazioen administrazio-baimen espedienteak izapidetzeari buruzkoa.

6.– Espedientearen izapideetan egiaztaturik dago betetzen direla aipatutako legerian ezarritako baldintzak eta betekizunak.

Aipatutako lege-xedapenak ikusita, eta, oro har, haiekin bat datozen eta aplikagarri diren gainerakoak oinarri hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak hau

EBAZTEN DU:

1.– Baimena ematea Nortegas Energía Distribución SAU enpresari proiektu hau gauzatzeko Zumaiako udalerrian: «Etxadia bizitegia Artadiko San Miguel auzoan».

Instalazioaren ezaugarriak zehaztuta daude aurkeztutako proiektuaren memorian eta planoetan; laburbilduz, honako hauek dira:

– Gehieneko operazio-presioa: MOP = 5 bar.

– Gutxieneko presioa kontsumo-puntuan: 0,6 bar.

– Gas sarea:

Luzera: 1130 metro.

Hodia: Polietilenozko PE100 SDR17,6 DN110 mm eta 730 m luzerakoa; Polietilenozko PE100 SDR11 DN63 mm eta 390 m luzerakoa. Polietilenozko PE100 SDR11 DN40 mm eta 10 m luzerakoa.

– Harguneak:

Luzera: 80 metro.

Hodia: Polietilenozko PE100 SDR11 DN32 mm eta 80 m luzerako hamasei hargune.

2.– Baimentzen diren instalazioak onura publikoko deklaratzea; izan ere, deklarazio horrek berekin dakar eraginpeko ondasunak okupatu edo eskubideak hartu beharra, urriaren 7ko 34/1998 Legearen 105. artikuluan xedatutakoaren indarrez (1998-10-08ko BOE); eta, halaber, premiazko okupazioa egin eta ondorioak ezarri beharra dakar, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak premiaz okupatzeko deklaraziorako xedatutakoarekin bat etorrita.

Hauek dira baldintza orokorrak:

1.– Baimentzen diren instalazioak martxan jartzeko epea hogeita lau (24) hilabetekoa izango da, eraginpeko finkak benetan okupatzen direnetik hasita, eta, gehienez, hogeita hamasei (36) hilabetekoa, okupatu aurreko aktak sinatzen direnetik hasita.

2.– Ebazpen honen bitartez baimentzen diren instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera egin beharko dira. Proiektu hori Ángel Casas Bachiller industria-ingeniariak sinatu du, 2017ko urrian.

3.– Dagokion baimena lortu beharko da onartutako proiektuan dauden oinarrizko datuei eragiten dieten aldakuntzak sartzeko.

4.– Indarrean dauden xedapenen arabera instalazioetan egin beharreko azterketak, saiakerak eta probak –orokorrak nahiz partzialak– baimena eskuratu duen enpresak aldez aurretik Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritza honi jakinarazi beharko dizkio idazki bidez, behar den aurrerapenarekin.

5.– Instalazioak egiteko lanak amaitu eta gero, Lurralde Ordezkaritza honek obrako zuzendaritzako azken ziurtagiria eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Ziurtagiri horretan azaldu beharko dira egindako instalazioen behin betiko ezaugarriak eta trazadura, baita harguneak ere; era berean, jasota geratuko da instalazioak eraiki eta muntatzerakoan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzak onartutako arauak eta aplikagarri zaizkion gainerako Arau Teknikoak errespetatu direla.

6.– Nortegas Energía Distribución SAUk lanak amaitu direla jakinarazi beharko dio Lurralde Ordezkaritzari, behin betiko gainbegiratu eta martxan jartzeko akta egin dezan, hori barik ezin izango baita martxan jarri.

7.– Baimen hau lortu arren, udal- eta probintzia-erakundeen lizentzia eta baimenak eta obrak egiteko beharrezkoak diren gainerakoak lortu beharko ditu eskatzaileak.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen; beraz, haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean.

Donostia, 2018ko urriaren 22a.

Gipuzkoako lurralde-ordezkaria,

JOAKIN TELLERIA ARRIZABALAGA.


Azterketa dokumentala