Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

207. zk., 2018ko urriaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
5266

AGINDUA, 2018ko urriaren 10ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baita diru-laguntzak emateko araubidea pertsona fisikoki inaktiboentzako jarduera fisikoak 2018an antolatzeko, aktibo izan daitezen. (MUGIMENT deialdia).

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, agindu honen bidez, diru-laguntzen lerro bat ezartzen du pertsona fisikoki inaktiboentzako jarduera fisikoak antolatzen laguntzeko, aktibo izan daitezen.

Inaktibitate fisikoaren eta sedentarismoaren ondoriozko arazoen garrantzia sozialak eraginda egiten da deialdi hau, eta, arazo horiek konpontzeko, jarduera fisikoen egitekoa da gakoa.

Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legearen printzipio gidarietan xedatzen duenez, interes publikoko gizarte-jarduera da kirola, pertsonak bete-betean prestatzeko eta garatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko eta norbanakoak eta gizartea ondo izateko lagungarria. Halaber, aitortzen du pertsona guztien funtsezko eskubidea dela kirolean askatasunez eta norbere borondatez jardutea. Horretarako, zehazten du botere publikoek, dagokien eskumenen esparruan, eskubide hori egoki erabiltzea bermatuko dutela kirol-jarduna gizarte-sektore guztietara zabaltzeko –babesgabeenetara, batez ere–, programa berezien onarpenean eta burutzapenean oinarritutako kirol-politika baten bidez.

Agindu hau, halaber, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Diru-laguntzen 2018-2020 urteetarako Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu du plan hori, eta aipatutako sailaren web-orrian argitaratuta dago.

Kontuan hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen I. tituluaren IV. kapitulua, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren xedea, diru-laguntza programa hau landu eta aplikatzean.

Hortaz, zehaztu behar da jarduera fisikoek zer eskakizun eta irizpide bete behar dituzten diru-laguntzak jaso ahal izateko, bai eta aipatutako diru-laguntza horien eskabidea, izapideak eta emakidak erregulatzeko arauak ezarri ere.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek ezartzen du diru-laguntzak emateko araubidea pertsona fisikoki inaktiboentzako jarduera fisikoak 2018an antolatzeko, aktibo izan daitezen. 2018an egin edo hasi beharko dira jarduerok, agindu honetan jasotzen diren baldintzetan.

Deialdi honen ondoreetarako, pertsona inaktibotzat joko dira Osasuneko Mundu Erakundeak adin bakoitzerako gomendatutako gutxieneko jarduera fisikoa egiten ez dutenak (hemen kontsultagai: http://www.who.int/dietphysicalactivity/factsheet_recommendations/es/

2. artikulua.– Jarduerak.

Lau programa hauetako batean barne hartu beharko dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak:

1.– Jarduera Fisikoaren Orientazio zerbitzuak sortzea eta garatzea.

Deialdi honen ondoreetarako, Jarduera Fisikoaren Orientazio zerbitzua izenarekin ezagutuko dugu pertsona inaktiboei zuzendutako zerbitzua, zeinetara gerturatu baitaitezke jarduera fisikoa egiteko behar duten aholkua, orientazioa eta laguntza jasotzera, betiere, jarduera fisikoan aditua den pertsona baten eskutik, maiztasunez egiteko ohitura hartu arte.

2.– Jarduera fisikoak antolatzea parke osasungarrietan.

Parke publikoetan kokatu ohi diren sarbide libreko espazioak dira parke osasungarriak. Ekipamendu espezifikoa dute ariketa fisiko errazak egiteko, hain zuzen, mugikortasuna, malgutasuna eta giharren tonifikazioa hobetzeko ariketak. Pertsona helduentzat diseinatuta daude, zaharrenentzat bereziki. Parke osasungarri horietan antolatutako jarduera fisiko oro izango da diruz lagungarri.

3.– Interes bereziko kolektiboentzako jarduera fisikoak antolatzea.

Kolektibo horietan sartzen dira patologia kronikoak dituzten eta/edo egoera sozial edo pertsonal babesgabean dauden pertsonak (zaintzaileak, bakarrik bizi direnak, mendetasun-egoeran daudenak, dibertsitate funtzionala dutenak, immigranteak, maila sozioekonomiko gutxikoak). Kolektibo horientzako jarduera oro izango da diruz lagungarri.

4.– Jarduera fisikoak antolatzea Kirolaren Europako Astean.

Europako Batzordearen ekimena da Kirolaren Europako Astea, Europa osoan kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko; 2015etik antolatzen da. Kirolaren Europako Astean egiten diren jarduerak eta horietan aktiboki parte hartzeko aukera eskaintzen duten jarduerak bakarrik sartu ahal izango dira programa honetan. Programa honetatik kanpo geratzen dira jarduera pasiboak, hala nola, ikuskizunak, aurkezpenak edo prestakuntza sedentarioak ikustea.

2018an, irailaren 23tik 30era burutuko da Kirolaren Europako Astea.

3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

Orotara, ehun eta hirurogeita hamar mila (170.000) euro bideratuko dira deialdi honetarako, eta deialdi honen xede diren lau programen artean banatuko dira. Honela:

1.– Jarduera Fisikoaren Orientazio zerbitzuak sortzea eta garatzea.

Hirurogeita hamar mila (70.000) euro.

2.– Jarduera fisikoak antolatzea parke osasungarrietan.

Hogeita hamar mila (30.000) euro.

3.– Interes bereziko kolektiboentzako jarduera fisikoak antolatzea.

Berrogeita hamar mila (50.000) euro.

4.– Jarduera fisikoak antolatzea Kirolaren Europako Astean.

Hogei mila (20.000) euro.

Lau programa horietako batean, aurreikusitako partida ez bada amaitzen, partida amaitu duten beste programentzako izango da soberakina; zenbateko diru-kopuru berdina emango zaio programa bakoitzari.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeek jaso ahal izango dituzte agindu honetan araututako diru-laguntzak.

2.– Ezin izango dute diru-laguntzarik jaso Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan azaldutako egoeretariko batean dauden erakundeek.

Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalen bat duten erakundeek, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren bat dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu, zehapenak ezarritako epean zehar, sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalen bat dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Araudiaren 68. artikuluan arautuarekin bat, diruz lagundutako jarduera partez egitea azpikontratatu ahal izango du erakunde onuradunak, baina azpikontratazioaren ehunekoa ez da jarduera horren % 50 baino gehiago izango.

Era berean, onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei dagokienez, baita diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordaintzeari dagokionez ere.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

Agindu honetan araututako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko, hilabeteko epea izango da, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Erakundeek diru-laguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Erakunde interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dituzte eskabideari lotutako izapide guztiak, helbide hauetan:

http://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/-/ayuda_subvencion/2018/mugiment/

http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/diru_laguntza/2018/mugiment/

Halaber, beste Administrazio Publiko batzuen erregistro elektronikoetan ere aurkeztu ahal izango dira, 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Helbide honetan egingo dira eskaeraren osteko izapideak:

http://www.euskadi.eus/micarpeta

http://www.euskadi.eus/nirekarpeta/

Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten eran. Halaber, eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da prozedura osoan zehar, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.

Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.

6. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztean, erakunde eskatzaileak baimena ematen dio organo kudeatzaileari automatikoki egiazta dezan, behar adina aldiz eta erakunde eskatzaileen baimenik gabe, laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileek berariaz uka dezakete baimen hori, baina, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa aplikatuz, erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko da betebehar hauek bete direla eskabidean (I. eranskina):

● Erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zehapen administratibo edo penalik, ez eta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, hala xedatuta baitago Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean.

● Erakunde eskatzaileak bi sexuen arteko tratu-berdintasuna bermatuko duela diruz lagundutako jardueran.

● Erakunde eskatzaileak zabalkunde-forma orotan jasoko du Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntzarekin egin dela diruz lagundutako jarduera, eta diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi publikoetara gomitatuko du Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza. Diru-laguntza eman eta gero egiten bada jarduera, diru-laguntza emateko ebazpena jasotzen duenetik beteko du hori.

● Erakunde eskatzaileak egunean dituela indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, erregelamenduz zehazten den eran.

● Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako dokumentazioan adierazitako edukiak.

● Erakundeak betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den legedian jasotzen diren eskakizunak.

7. artikulua.– Jarduera esplikatzeko dokumentazioa, eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa.

Eskabidearekin batera (1. eranskina) aurkeztu behar dira azalpen-memoria bat (2. eranskina), 12. artikuluan barne hartutako alderdiak biltzen dituena, eta diruz laguntzea eskatu den jardueraren aurrekontua (3. eranskina).

8. artikulua.– Emate-prozedura.

Laguntzen zenbatekoa zehazteko, lehiaketa-prozedura erabiliko da; horri jarraikiz, eskabideek, 12. artikuluan jasotako irizpideak aplikatuta, balorazio-fasean lortutako puntuazioarekiko proportzioan banatuko da agindu honen 3. artikuluan esleitutako zuzkidura ekonomikoa.

Diru-laguntzei buruzko proposamena eta ebazpena egiteko, kontuan izan beharko da deialdi honen xede diren lau programen arteko banaketa ekonomikoa, betiere.

9. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

10. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

Ikusiz gero eskabidea izapidetzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela, edo akatsak aurkituz gero eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan, hamar egun balioduneko epea emango zaio erakunde interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko dokumentuak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, aurrez, dagokion ebazpena emango da.

Erakunde eskatzaileren batek eskabidea era presentzialean aurkeztu badu, zuzenketak aurkezpen elektronikoaren bidez egiteko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin zen eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.

11. artikulua.– Balorazio-batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute batzordea: Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria (batzordeko presidentea izango da) eta Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak arlo horretan bertan izendatutako bi teknikari (horietako bat idazkaria izango da).

Halaber, gai zehatzak aztertzeko, balorazio-batzordearen bileretan parte hartu ahal izango dute, hitzarekin baina botorik gabe, bertaratuen gehiengoak onartzen dituen eta jorratu beharreko gaiari buruz jantzita dauden pertsona guztiek.

Balorazio-batzordea eratzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7. artikuluan ezarritakoa beteko da.

Balorazio-batzordearen osaera eragilea EHAAn argitaratuko da, berau eratu aurretik, interesdunek errefusatzeko duten eskubidea erabil ahal izan dezaten, legez ezarritako zehaztapen eta baldintzetan.

Balorazio-batzordeak, beharrezko irizten dionean aurkeztutako eskabideak egoki ebaluatzeko, behar adina azalpen eta txosten tekniko eskatu ahal izango dizkie eskatzaileei.

Batzorde horrek ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, ezarritako esleipen-irizpideetan oinarrituta, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari helaraziko dio.

12. artikulua.– Baloratzeko eta hautatzeko irizpideak.

Balorazio-batzordek aztertuko ditu jasotako eskabideetan aurkeztutako deskribapen-memoriak, eta zehazten diren alderdiak ebaluatuko ditu, lau programentzako baremo eta irizpide hauen arabera:

1.– Jarduera Fisikoaren Orientazio zerbitzuak sortzea eta garatzea.

A) Barne hartzen baditu zerbitzuaren xedeak: 0,5 puntu.

B) Barne hartzen badu erabiltzaileen jarduera fisikoaren mailaren kuantifikazioa IPAQ edo baliokidearen erabileraren bidez: 0,5 puntu. Helduen (15-69 urte) jarduera fisikoaren maila aztertzeko galde-sorta da jarduera fisikoari buruzko nazioarteko inkesta (international physical activity questionnaire edo IPAQ). Horri buruzko informazio gehiago kontsulta daiteke jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuentzako gidan (https://docs.google.com/document/d/14yr5zn-EhJ1xlwc-DtRFwGHXsVXompIa9wDfRTTJKDg/edit?usp=sharing)

C) Barne hartzen badu aniztasunerako arreta nola kudeatuko den: ezberdintasun sozioekonomikoak dituztenak, bakarrik bizi direnak, mendetasun-egoeran daudenak, instituzionalizatuak, zaintzaileak eta/edo genero-ezberdintasunak: puntu 1.

D) Barne hartzen badu nola jakinaraziko den zerbitzua komunikabideen, sare sozialen eta/edo bestelakoen bidez: 0,5 puntu.

E) Barne hartzen baditu zerbitzuaren jarraipen-adierazleak eta ebaluazio-irizpideak: 0,5 puntu.

F) Orientazio-zerbitzura bideratzen duen eragile-kopurua (ez pertsonak, baizik eta erakundeak: anbulatorioa, zerbitzu sozialak, eskola, berdintasun-zerbitzua...); memorian adierazi behar da eragileen zerrenda. 1-3 eragile: puntu 1; 4 eragile edo gehiago: 2 puntu.

G) Orientazio-zerbitzua eskaintzen duten pertsonen kontratuan zehaztutako asteko ordu-kopurua, orientaziora bideratuak (kontratuan ezarritakoaren kopiaren bidez egiaztatua). 1-5 ordu: puntu 1; 6-10 ordu: 2 puntu; 10-15 ordu: 3 puntu; 15-20 ordu: 4 puntu; 21 ordu edo gehiago: 5 puntu.

2.– Jarduera fisikoak antolatzea parke osasungarrietan.

A) Barne hartzen baditu zerbitzuaren xedeak: puntu 1.

B) Barne hartzen badu egingo diren saioen edukiaren deskribapen bat: puntu 1.

C) Barne hartzen badu nola kudeatuko den aniztasunerako arreta: ezberdintasun sozioekonomikoak dituztenak, bakarrik bizi direnak, mendetasun-egoeran daudenak, instituzionalizatuak, zaintzaileak eta/edo genero-ezberdintasunak: 2 puntu.

D) Barne hartzen badu nola jakinaraziko den zerbitzua komunikabideen, sare sozialen eta/edo bestelakoen bidez: puntu 1.

E) Barne hartzen baditu zerbitzuaren jarraipen-adierazleak eta ebaluazio-irizpideak: puntu 1.

F) Urte osorako programatutako saioen ordu-kopurua: 4 puntu, gehienez.

1-20 ordu: puntu 1; 21-40 ordu: 2 puntu; 41-60 ordu: 3 puntu; 61 ordu edo gehiago: 4 puntu.

3.– Interes bereziko kolektiboentzako jarduera fisikoak antolatzea.

A) Barne hartzen baditu zerbitzuaren xedeak: puntu 1.

B) Barne hartzen badu egingo diren saioen edukiaren deskribapen bat: puntu 1.

C) Barne hartzen badu nola kudeatuko den aniztasunerako arreta: ezberdintasun sozioekonomikoak dituztenak, bakarrik bizi direnak, mendetasun-egoeran daudenak, instituzionalizatuak, zaintzaileak eta/edo genero-ezberdintasunak: 2 puntu.

D) Barne hartzen badu nola jakinaraziko den zerbitzua komunikabideen, sare sozialen eta/edo bestelakoen bidez: puntu 1.

E) Barne hartzen baditu zerbitzuaren jarraipen-adierazleak eta ebaluazio-irizpideak: puntu 1.

F) Urte osorako programatutako saioen ordu-kopurua: 4 puntu, gehienez.

1-20 ordu: puntu 1; 21-40 ordu: 2 puntu; 41-60 ordu: 3 puntu; 61 ordu edo gehiago: 4 puntu.

4.– Jarduera fisikoak antolatzea Kirolaren Europako Astean.

A) Barne hartzen baditu antolatutako jardueraren xedeak: puntu 1.

B) Barne hartzen badu egingo diren saioen edukiaren deskribapen bat: puntu 1.

C) Barne hartzen badu nola kudeatuko den aniztasunerako arreta: ezberdintasun sozioekonomikoak dituztenak, bakarrik bizi direnak, mendetasun-egoeran daudenak, instituzionalizatuak, zaintzaileak eta/edo genero-ezberdintasunak: 2 puntu.

D) Barne hartzen badu nola jakinaraziko den zerbitzua komunikabideen, sare sozialen eta/edo bestelakoen bidez: puntu 1.

E) Barne hartzen baditu zerbitzuaren jarraipen-adierazleak eta ebaluazio-irizpideak: puntu 1.

F) Kirolaren Europako Aste osorako programatutako saioen ordu-kopurua: 4 puntu, gehienez.

1-5 ordu: puntu 1; 6-12 ordu: 2 puntu; 13-20 ordu: 3 puntu; 21 ordu edo gehiago: 4 puntu.

13. artikulua.– Bateragarritasuna.

Bateragarriak izango dira deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak eta bestelako baliabideak, baldin eta helburu bererako badira eta, betiere, gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Izan ere, halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.

14. artikulua.– Ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak emateko ebazpena Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du balorazio-batzordek helarazitako proposamena aztertu ondoren, sei hileko epean, deialdia egiteko agindu honek indarra hartzen duen egunetik aurrera. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

Ebazpen-epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertuko da, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.

Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, agindu honen 10. artikuluan xedatutakoa aplikatu behar bada, ebazpena emateko epea eten egingo da, izapide horrek eskatzen duen bezainbat denboraz, jakinarazpena jaso eta horri erantzuteko epearen arabera.

Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30. artikuluan eta 39/2015 Legearen 43. artikuluan xedatutakoarekin bat, jakinarazpena egindakotzat joko da haren edukira iristen den unean. Jakinarazpenaren xede-egintza jaso dela adierazteko sinadura elektronikoa jaso eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da kasuan-kasuan ezarritako epealdia.

Jakinarazpenaren xede-egintza erakunde interesdunaren edo, hala badagokio, haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren eskura jartzen denetik (aipatutako dekretuak adierazten duen helbide elektronikoan) hamar eguneko epea igarota, erakunde edo pertsona horrek ez badu jakinarazpen horren edukira jo, jakinarazpen horri uko egin diola ulertuko da. Halakoetan, izapidea gauzatutzat joko da, eta prozedurak aurrera jarraituko du, non eta ez den frogatzen, ofizioz edo erakunde hartzaileak hala eskatuta, eduki horietara jotzeko ezintasun tekniko edo materialik egon dela.

Erakunde interesdunak telefono mugikor bat eta/edo helbide elektroniko bat eman ahal izango du jakinarazpenen oharrak bidaltzeko.

Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo inongo berariazko ebazpenik eman gabe igarotzean ebazteko epea, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan ezarritakoarekin bat. Dena dela, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean aurreikusitakoaren araberako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko aukera ere badute.

15. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntzen ordainketa aldi bakar batean egingo da, diru-laguntza 17. artikuluan eskatzen den bezala justifikatu ondoren.

Erakunde onuradunek egunean izan beharko dituzte zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izan beharko dituzte.

Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du erakunde onuradunak.

Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/y22-tresnak/es/contenidos/informacion/regtelter_infor/es_rtt/infor_rtt.html

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti bete beharko dute Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan ezarritako betebehar-erregimena; zehazki, honako hauek bete beharko dituzte edonola ere:

a) Diruz lagundutako jarduera egitea.

b) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela jakitera emateko jakinarazpena jaso eta hamabost egun balioduneko epean, onuradunek ez badiote idatziz eta espresuki uko egiten diru-laguntzari, onartu egin dutela ulertuko da.

c) Aurkeztu den aurrekontuan agertzen diren diruz lagundutako programei buruzko gastuak ordaintzeko erabili beharko da diru-laguntza, Eusko Jaurlaritzako Kultura, eta Hizkuntza Politikako sailburuordearen emate-ebazpenarekin bat etorriaz.

d) Deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa eman behar zaie Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, haiek hala eskatuz gero beren funtzioen jardunean.

e) Jarduera beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuen bidez finantzatu dela jakinarazi behar zaio diru-laguntza ematen duten organoari. Adierazitakoaren berri izan bezain laster jakinarazi behar zaio, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen.

f) Jasotako funtsen erabilpena frogatzen duten dokumentuak gordetzea, baita elektronikoak ere, frogaketak edo kontrolak egiteko erabil baitaitezke.

g) Eusko Jaurlaritzaren Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza gonbidatzea jardunaldia aurkezteko egingo diren ekitaldi publiko guztietara, eta jarduera gauzatzen den artean ikusteko moduko tokian adieraztea Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso duela jarduerak, non eta diru-laguntza ez den jarduera egin ostean ematen; hala bada, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik aurrera sortuko dituzten dokumentu guztietan adierazi beharko dute hori.

h) Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekitaldi guztietan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak agintzen duenari jarraituz. Gizon eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez dagoela bermatzea.

i) Jasotako funtsak itzultzea deialdi honen araudian aurreikusitako kasuetan.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiltzea ekimenak gauzatzean.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Justifikazioak bide elektronikoz aurkeztuko dira 2019ko otsailaren 28a baino lehen, agindu honen 5. artikuluan ezarritako jarraibideei jarraituz eta kontuan hartuta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 30. artikuluan diru-laguntzen justifikazioak aurkezteko ezarritakoa, non eta elektronikoak ez diren jatorrizko fakturak. Horiek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariari bidali beharko zaizkio, eta EAEko erregistro laguntzaileetan aurkeztu ahal izango dira (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

Justifikazio-dokumentazioa:

a) Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko memoria zehatza; zer jarduera egin eta zer emaitza eskuratu den adierazi behar da.

b) Jatorrizko fakturen bidez eta zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga-balio baliokidea duten edo administrazio-efikazia duten gainerako jatorrizko dokumentuen bidez egiaztatuko dira gastuak.

Faktura elektronikoen bidez ere egiaztatu ahal izango dira gastuak, baldin eta zerga-arloan onartuak izateko eskakizunak betetzen badituzte, betiere.

Diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren adinako diru-kopurua egiaztatuko da.

c) Diru-laguntza emateko ebazpenean jarritako baldintzekin bat, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa berariaz jasotzen duen diruz lagundutako jardueraren dokumentazio guztiaren aleak (dokumentu grafikoak, fotografikoak edo ikus-entzunezkoak).

d) Jardueraren kostu-kontuen behin betiko balantzea, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita. Bereziki jaso beharko da helburu berarekin eskuratutako gainerako laguntzen zerrenda, baldin eta, eskabideak aurkezteko unean, jakiterik ez bazegoen haiek eraginkor izango zirela (IV. eranskina).

18. artikulua.– Gastu diruz lagungarriak.

Gastu diruz lagungarritzat hartuko dira diruz lagundutako jardueraren izaerari zalantzarik gabe erantzuten diotenak, hertsiki beharrezko direnak eta 2018an egiten direnak. Gastu diruz lagungarriak eskuratzeko kostua ezin izango da inola ere merkatuko balioaren gainetikoa izan.

Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.

Gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarri izango: a) Banku-kontuetako interes zordunak. b) Interesak, errekarguak eta administrazio-zehapenak eta zehapen penalak. c) Prozedura judizialen gastuak.

Gastu diruz lagungarriak izango dira zergak, baldin eta erakunde onuradunak egiazki ordaintzen baditu. Gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarritzat joko: zeharkako zergak, baldin eta errekuperatu edo konpentsatu badaitezke, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

Zeharkako kostuak diruz lagundutako jarduerari egotziko dizkio erakunde onuradunak, arrazoiz dagokien partean, oro har onartutako kontabilitate-printzipio eta -arauekin bat, eta, betiere, jarduera egiten den aldiari badagozkio kostu horiek.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Baldin eta diru-laguntza ematean kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –diru-laguntzaren xedea bete bada, betiere– eta, hala badagokio, beste erakunde publiko zein pribatu batzuetatik bestelako diru-laguntza eta laguntza bateragarriren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, diru-laguntzaren araudi erregulatzailean ezarritako baldintzetan eta diru-laguntzen arauak ezarritako onuradun izateko gutxieneko eskakizunak zaintzen badira, betiere. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-ebazpena emango du, non doituko baitira esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoak.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan ezarritakoak dira ustezko ez-betetzeak; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluaren bidez onartu zen testu bategin hori.Horrelako ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta horiei dagozkien legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, xedapen hauen arabera, betiere: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikulua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 2. artikuluetan ezarritako baldintzak, eta 698/1991 Dekretuaren 4. artikulua (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko eskakizunak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak jakinarazten dizu «Kirolaren arloko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategi batean sartuko direla ematen dituzun datuak eta diru-laguntzen deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen direnak. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarena da fitxategia, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko abenduaren 2ko Aginduan dago erregulatuta fitxategi hori, zeinaren bidez arautzen baitira Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko datu pertsonalen fitxategiak (hizkuntza-politikaren, kulturaren eta gizarte-hedabideen arloak). kirolaren arloko diru-laguntzak kudeatzea da fitxategi horren helburua. Fitxategi horren berri aurretik eman zaio Datuak Babesteko Euskal Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezko segurtasun-neurriak ditu. Datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalak babesteari buruzko arautegiarekin bat etorrita, datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten erakundeek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako dokumentuak benetakoak direla frogatzeko (Administrazio honen zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko galdegindako eskakizunak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiazta dezan.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 10a.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala