Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

197. zk., 2018ko urriaren 11, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4990

AGINDUA, 2018ko irailaren 14koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baitira Fundación Bitoriano Gandiaga-Bitoriano Gandiaga Fundazioaren estatutuen aldaketak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea ikusi eta aztertu da.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko abuztuaren 31n, eskabide bat sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko Fundación Bitoriano Gandiaga-Bitoriano Gandiaga Fundazioaren estatutuen aldaketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko eginak. Fundazioaren patronatuak erabaki zuen aldaketa horiek egitea, 2018ko maiatzaren 8an. Espedientean jasotako agiriak erantsi zitzaizkion eskabide-idazkiari.

Bigarrena.– Halaber, bilera horretan fundazioaren patronatuak erabaki zuen fundazioaren helburuak aldatzea, baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonen laneratzearen sustapena gehituz helburu berri gisa. Aurkeztutako dokumentazioan eskatzen da fundazio-helburuen aldaketa babeslaritzak onartzea, fundatzaileek ez dutelako espresuki debekatu.

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio agindu bidez ebaztea fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea. Hala aurreikusten da xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen lehenengo xedapen iragankorrak ezartzen duenez, fundazioek lege horretara egokitu beharko dituzte beren estatutuak, lege hori indarrean jartzen denetik bi urteko epean.

Era berean, 6/1985 Lege Organikoaren 37.1 artikuluan, honako hau ezartzen du:

«Fundazioaren patronatuak, arrazoiak emanda, estatutuak aldatzea erabaki dezake, baldin eta fundazioaren interesari komeni bazaio, fundazioaren helburua errespetatzen bada eta fundatzaileek berariaz debekatu ez badute.

Patronatuak onartutako estatutu-aldaketek fundazioaren helburuak errespetatzen dituztela bermatuko da, eta, beraz, ez da beharrezkoa izango erregistroan inskribatu aurretik babeslaritzak onartzea.

Edonola ere, estatutu-aldaketa fundatzaileek jarritako helburuak aldatzean edo ezabatzean badatza eta betiere posible bada hori egitea, babeslaritzaren berariazko onarpena eduki beharko da erregistroan inskribatu baino lehen».

Kasu honetan, fundazio-helburu berri bat sartzeak ez die eragiten helburuen edukiari eta funtsari, ez eta fundazio-borondateari ere; idazketa formalari bakarrik eragiten dio, gizarte-errealitatera egokitzeko.

Hirugarrena.– Funtsezko iritzitako datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, bereziki, honako xedapen hauetan eskatutakoak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan eta lehenengo xedapen iragankorrean; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 33.1 artikuluan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzeko ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan. Horrenbestez, aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan xedatutakoarekin bat dator estatutuen aldaketa.

Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ikusita, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Fundazioaren helburuei buruzko artikuluaren aldaketa onartzea.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Zarautzeko (Gipuzkoa) Fundación Bitoriano Gandiaga-Bitoriano Gandiaga Fundazioaren estatutuen aldaketak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legera egokitzeko egin baitziren, bai eta fundazio-helburuei buruzko 3. artikuluaren aldaketa ere; aldaketa horiek bat datoz 2018ko uztailaren 27an Félix María González de Echavarri Ara notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoko zehaztapenekin (protokolo-zenbakia: 743).

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 14a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala