Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

195. zk., 2018ko urriaren 9a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4932

EBAZPENA, 2018ko urriaren 1ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2018an emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak argitaratzeko VI. lehiaketarako deia egiten eta arautzen duena.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen eremu guztietan. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan Emakunderen ardura da emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko politikak bultzatzea, aholkatzea, planifikatzea eta ebaluatzea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen duenaren arabera.

Berdintasunaren aldeko politikak garatuko baditugu, aztertu beharra daukagu batetik, zer genero-harreman eta -rol dauden egun emakumeen eta gizonen artean eremu guztietan dauden ezberdintasunen oinarrian, eta bestetik, nola eragiten duten edo nola eragin dezaketen abian jartzen diren ekimenen garapenean eta inpaktuan. Ikerlan horiek zabaltzea nahitaezkoa da eztabaida publikoa egiteko eta erabaki politikoak hartzeko, are gehiago genero-ikuspegia politika guztietan txertatu nahi badugu.

Horrela, profesionalek eta gizarte-eragileek egindako ikerlanak argitaratzea eta zabaltzea sustatzeko eta bultzatzeko ematen da ebazpen hau, zeinaren bidez arautzen baita 2018an emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak argitaratzeko VI. lehiaketarako deialdia. Izan ere, nabarmendu eta ikusarazi egin nahi dira eremu horretan egiten diren ikerlanak, gure gizartearentzat interesgarriak direnak. Azaldutako helburu guztiak aintzat hartuta, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera arautuko dugu deialdia.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Ebazpen honen xedea da 2018an emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak argitaratzeko VI. lehiaketa iragartzea eta arautzea. Lehiaketaren bidez, emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzen laguntzen duten ikerlanak hautatuko dira, argitalpen digitalaren bidez zabaltzeko, ebazpen honetan onartzen eta jasotzen diren oinarriekin bat etorriz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete zuzenean, dagokion administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Oinarrietan administrazio-prozedurari buruz aurreikusi ez den guztiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturikoa aplikatuko zaio.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 1a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

2018AN EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNARI BURUZKO IKERLANAK ARGITARATZEKO VI. LEHIAKETAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Lehiaketa honen xedea da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzen laguntzen duten ikerlanak hautatzea eta, argitalpen digitalaren bidez, argitara ematea.

Bigarrena.– Lehentasunezko gaiak.

Ikerlana argitaratzeko, hauek jotzen dira lehentasunezko gaitzat:

1.– Balioak aldatzea, umeen eta gazteen artean, bereziki.

2.– Emakumeek zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren eremuetan duten kokapena hobetzeko estrategiak: hezkuntzaren, irakaskuntzaren eta enpresaren arlokoak.

3.– Antolakunde sozio-ekonomikoko aldaketak, produkzio-eremuaren eta ugalketa-eremuaren artean oreka handiagoa lortzeko.

4.– Emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea.

Hirugarrena.– Helburuak.

Aurkezten diren ikerlanek helburu hauek lortzen lagundu behar dute:

– Gehiago jakitea emakumeen eta gizonen egoeraz, baldintzez eta batzuen eta besteen egoera desberdinaz, eta bizitzaren arlo guztietako genero-harremanez eta ezberdintasunak sortzen dituzten kausez.

– Berdintasun-politiketarako jardunbide egoki izan daitezkeen ikerketen emaitzak aditzera ematea.

Laugarrena.– Hautaketa eta saria.

1.– Sariaren bidez, jendearen aurrean jarri nahi da emakumeen eta gizonen berdintasunari laguntzen dioten gaiak ikertzen dituztenen ekoizpen intelektuala. Ikerlana izan daiteke banaka egindakoa edo elkarlanean egina, unitate akademiko berean edo diziplina arteko unitate akademiko batean, gizarterako interesgarriak diren jakintza-arlo bat baino gehiago lantzen direnez gero. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak editatuko du lan saritua, eta web-orrialdean argitaratuko du.

2.– Sari bakar bat emango da; gainerako lanak, ordezko gisa geratuko dira edo atzera botako dira. Hautaketa Batzordeak uste badu aurkeztutako lanak ez direla 70 puntuetara heltzen, sariak eman gabe gera daitezke.

3.– Deialdi hau lehia-konkurrentziako prozeduraz ebatziko da. Ondorio horietarako, prozedura hau joko da lehia-konkurrentziatzat: saria emateko, erkatuko egingo dira aurkeztutako lanak, eta lehentasun-hurrenkeran jarriko dira, oinarri arautzailetan finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta. Saria balioespenik altuena lortzen duenari emango zaio, aipatu irizpideak aplikatuta.

Bosgarrena.– Hautagaitzak aurkeztea:

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskaerak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundean aurkez daitezke (Manuel Iradier kalea 36, 01005 Vitoria-Gasteiz), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16 artikuluan aurreikusitako organoetan (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena). Eskaera-orri normalizatua aurkeztu behar da, behar bezala beteta.

Nahi izanez gero, bide elektronikoz egin daitezke izapideak -Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 211/2012 Dekretuan arautzen da bide hori- Halaber, euskadi.eus egoitza elektronikoa baliatu daiteke prozedura honetako izapide guztiak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

Egoitza elektronikoan eskuragarri daude izapideak egiteko argibideak -aurrez aurre egiteko nahiz bide elektronikoz-, eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak:

https://www.euskadi.eus/2018/ikerlanak/y22-izapide/eu

Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, edozein momentutan alda baitaiteke aukeratutako bidea.

Eskaeraren ondoko izapideak, bide elektronikoz, helbide honetan egingo dira: https://euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, nahi duten moduan. Horren haritik, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozedura guztian, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

4.– Lehiaketa honetan, pertsona fisiko orok parte har dezake -banaka zein taldean-, baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik gabea bada, eta horretarako gaitasuna kentzen dion lege-debekurik gabea, bereziki kontuan hartuta sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik jarritakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetatik seigarrenean xedatuarekin bat etorriz. Horretaz gain, sarirako aurkezten den lanak betekizun hauek bete behar ditu:

a) Argitaratu beharreko ikerlanak Euskal Autonomia Erkidegoan egina izan behar du.

b) Lehen argitaraldia izan behar da.

c) Argitaratu beharreko ikerlanak hizkera ez-sexistaz idatzita egon behar du.

5.– Hautagaitzarekin batera, dokumentu hauek aurkeztu behar dira, behar bezala sinatuta:

I. eranskina: taldeko kideen adierazpenak, hautagaitza pertsona bat baino gehiagok aurkezten badute. Taldeko kide bakoitzeko adierazpen bat aurkeztuko da.

II. eranskina: memoria eta argitaratu beharreko material osoa.

III. eranskina: kide bakoitzaren curriculum vitaea.

6.– Hautagaitza talde batek aurkezten badu, horien titular-kide direnek euren arteko bat izendatu beharko dute Administrazioaren aurrean koordinatzaile eta ordezkari izan dadin.

7.– Beharrezkoa dela iritziz gero, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak informazio gehiago eska dezake.

Seigarrena.– Aurkeztutako eskarian egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo bosgarren oinarrian eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta, horretarako, hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Horrez gain, ohartarazten zaio ezen, eskatutakoa egin ezean, eskaera ezetsi egingo dela, ebazpena eman ondoren, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. Eta 68 artikuluetan agindutakoari jarraiki (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

Zazpigarrena.– Lehiaketara aurkeztuko diren ikerlanen ezaugarriak.

1.– Ikerlanen egileak (egileek) testuaren azken bertsioa aurkeztu behar du (dute). Egileek lan saritua ezingo dute aldatu % 5 baino gehiago, sarira aurkeztutako bertsioarekiko.

2.– Lanak originalak izan behar dira, argitaratu gabeak, eta argitaratzeko laguntza ekonomikorik edo saririk inoiz jaso gabeak.

3.– Aurrez aurre aurkeztuz gero, eskabideekin batera, ikerlanaren kopia inprimatu bat aurkeztu behar da, eraztunez josia, eta, bide elektronikoz aurkeztuz gero, eskabideekin batera, lanaren kopia bat formatu digitalean erantsi behar da (Word, Pdf, e.a.).

Zortzigarrena.– Hautaketa Batzordea.

1.– Hautaketa batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko kide hauek osatuko dute:

a) Batzordeburua:

Zuriñe Elordi Romero andrea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen idazkari nagusia.

b) Epaimahaikideak:

Noemí Alangua Elvira andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko arduraduna.

M.ª de los Llanos Olivas Lagunilla andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Ikerketa, Dokumentazio eta Plangintza arloko emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorreko teknikaria.

Izaskun Fernández Otegi andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen Aholkularitza Juridikoaren arloko arduraduna. Idazkari lanetan ere arituko da.

2.– Hautaketa Batzordeak, hautagaitzak ebaluatu ondoren, proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari.

Bederatzigarrena.– Balorazio-irizpideak.

Erabakia hartzeko, Hautaketa Batzordeak irizpide hauek hartuko ditu kontuan, bakoitzari emandako puntuen arabera:

A) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko ikerlanaren kalitatea, orokorrean. Gehienez ere, 90 puntu emango dira, honela banatuta:

– Lanaren edukia argi aurkeztuta eta egituratuta egotea (15 puntu, gehienez).

– Lanaren kalitatea (20 puntu, gehienez).

– Helburuak zenbateraino bete diren (15 puntu, gehienez).

– Lehentasunezko gaiekin bat etortzea (15 puntu, gehienez).

– Ikerlana hedatzeak zer nolako irismena eta interesa duen (15 puntu, gehienez).

– Landutako gaiak alderdi berritzaileak izatea (10 puntu, gehienez).

B) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan euskaraz egindako ikerlanak (10 puntu, gehienez).

Gutxienez 70 puntu lortzen ez dituzten ikerlanak atzera botako dira.

Hautaketa Batzordeak punturik gehien emandako hautagaitza izango da lehiaketa honetan saritua izateko proposatua.

Hamargarrena.– Ebazpena.

1.– Eskabideak Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu, esleipen-irizpideei jarraituz; ondoren, proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Emakundeko zuzendariak ebazpen adierazia emango du, lehiaketa-prozesua amaitzeko eta saritutako lanen berri emateko.

2.– Erabakia hautagaitza aurkeztu duenari jakinaraziko zaio; talde batek aurkeztu badu, berriz, taldeak koordinatzaile izateko izendatu duenari. Hautagaitza saritua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, horren berri denek izan dezaten.

3.– Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da -gehienez ere-, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

4.– Epe horretan pertsona edo erakunde interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz (39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena).

5.– Ebazpenean, saria jaso duen hautagaitza adieraziko da, eta ikerlana identifikatuko da, eta, horretaz gainera, ordezkoen zerrenda ere jaso daiteke, onuradunak uko eginez gero, ordezkoengana jo ahal izateko.

Hamaikagarrena.– Jabetza intelektualaren eskubideak.

1.– Ustiapen ekonomikorako aukera ematen duten jabetza intelektualeko eskubideak, saritutako ikerlaren egileei dagozkienak, dohainik lagako zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, modu ez-esklusiboan, jabetza intelektualari buruz indarrean den legerian jasotako moduan.

2.– Eskubide horiek erreproduzitzeko, banatzeko, jendaurrean komunikatzeko eta eraldatzeko eskubideak dira, eta, orobat, ekonomikoki ustiatu daitezkeen gainerakoak, hain justu ere, mugarik gabe eta egun diren hizkuntza eta prozedura ororen bitartez, jabetza intelektualari buruzko araudiaren arabera xedaezinak diren baldintzen eta mugen arabera.

Hamabigarrena.– Hautagaitzen betebeharrak.

1.– Sariketa honetan parte hartzeak oinarriak erabat onartzea eskatzen du.

2.– Saritutako ikerlanaren egileek euskarri digitalean aurkeztu behar dute ikerlanaren behin betiko testua, berrikusia; hilabeteko epea izango dute, saria eman zaiola jakinarazteko ebazpenetik aurrera. Aurkeztu ezean, lehiaketa honetan parte hartzeari uko egiten diotela esan nahiko du.

3.– Saritu gabe geratzen diren lanak berreskuratu egin ditzakete egileek, lan sarituen berri ematen duen ebazpena argitaratu ostean. Hilabeteko epean jasotzen ez diren lanekiko ardurarik ez du hartuko Administrazioak.

4.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak aukera izango du testuaren formatua aldatzeko, gero argitaratu ahal izateko. Bereziki, ikerlanak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen saria jaso duela adierazi beharko da argitalpenean, eta Erakundearen logotipoa agertu beharko da.

Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.

Lehiaketa honetan parte hartzen duten lagunen datu pertsonalak Emakunde Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira, datuen tratamendua egiteko. Fitxategi horrek «Bekak, Laguntzak eta Diru-laguntzak» du izena. Fitxategi hori otsailaren 25eko 8/2016 Dekretuan araututa dago, hain zuzen ere, Lehendakaritzaren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunde autonomoaren, eta Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena, eta Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituen eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016/679 (EB) Erregelamenduan xedatutakora lotuta dago.

Erakundeak sustatutako laguntzak kudeatzeko baino ez da erabiliko fitxategi hau, botere publikoen izenean burututako eginkizun bat betetzeko. Hala nahi dutenek, legeak aurreikusten dituen eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko, transferitzeko, aurka egiteko, zein Erregelamenduan aurreikusitako eskubideak baliatu ahal izango dituzte. Hori egiteko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hots, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari (Manuel Iradier kalea 36, 01005 Vitoria-Gasteiz). Datu pertsonalak ez dira hirugarren herrialdeetara bidaliko, ezta hirugarren pertsonei emango ere, ez bada lege-eginbeharra betetzeko.


Azterketa dokumentala