Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

194. zk., 2018ko urriaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
4900

6198/2018 FORU AGINDUA, irailaren 6koa, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuarena, Bizkaiko foru errepideen zarata-mapak jendaurrean erakusteko izapidea ebatzi eta mapa horiek behin betiko onesten dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoa betetzeko xedez, goiko foru aginduaren bidez honako hau xedatu da:

Lehenengoa.– Ebaztea Bizkaiko foru errepideen zarata-mapen informazio publikoko izapidea, eta horretarako ezarritako epean erantzun zuten udalei emandako erantzunen laburpenak argitaratzea, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren Ingurumen Iraunkortasunerako Atalak egindako agiriarekin bat (eranskinean jasota).

Bigarrena.– Behin betiko onestea Bizkaiko foru errepideen zarata-mapak.

Hirugarrena.– Foru agindu hau «Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian» eta «Bizkaiko Aldizkari Ofizialean» argitaratzea, berariaz adierazita Bizkaiko foru errepideen zarata-mapen eduki osoa hiritarrek eskuragarri daukatela Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren webgunean, esteka honetan:

http://www.bizkaia.eus/home2/Temas/DetalleTema.asp?Tem_Codigo=10993&&Idioma=EU

Laugarrena.– Foru agindu hau jakinaraztea eta onetsitako zarata-mapen kopia digitalizatu eta geoerreferentziatu bana igortzea Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Planifikazio eta Etxebizitza Sailari, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Sustatzeko Sailari eta Bizkaiko Lurralde Historikoko udalei.

Bosgarrena.– Foru agindu honek bukatutzat ematen du bide administratiboa, eta honen aurka, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera bi (2) hileko epean Euskal Herriko Justizia Auzitegi Nagusiaren Epaitegian Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa jarri ahal izango da, albo batera utzi gabe, aukeraz eta administrazioarekiko auzi errekurtsoa jarri aurretik, ebazpen hau eman duen erakundearen aurrean berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izatea, jakinarazi eta hurrengoegunetik aurrera hilabeteko (1) epean.

Hori guztia, Bizkaiko kondaira lurraldeko foru erakundeen hautapen, antolaketa, erregimen eta funtzionamenduari buruzko otsailaren 13ko 3/1987 Foru Arauaren 69. artikuluan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114., 123. eta 124. artikuluetan eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 8,2., 25,1. eta 46.1. artikuluetan adierazitakoari jarraikiz.

Bilbao, 2018ko irailaren 6a.

Ekonomi eta Lurralde Garapena sustatzeko Saileko foru diputatua,

IMANOL PRADALES GIL.

ERANSKINA

Martxoaren 21ean Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak zarata-mapen mugaketarako proposamena daukan CDaren ale bana igorri zien Bizkaiko Lurralde Historikoko 112 udalei, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 12.1. artikuluak agintzen duen bezala. Legez ezarritako epea igaro ondoren, honako udalek zarata-mapei buruzko erantzunak eman zituzten. Zerrenda txostenak iritsi ziren ordenan dago antolatuta:

Forua, Zierbena, Bermeo, Atxondo, Sondika, Abadiño, Durango, Morga, Sopuerta, Lemoa, Elorrio, Bilbao, Gorliz eta Plentzia.

Txosten hauek banaka erantzun dira eta udal bakoitzari bere erantzuna bidali zaio, eta hala behar izan denean egin beharreko aldaketak egin dira, mapak informazio publikoko izapidetzera eraman aurretik.

Bestalde, eta 213/2012 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritakoa betetzeko, Bizkaiko foru errepideen zarata-mapak jendaurrean erakusteko izapideari buruzko iragarkia argitaratu zen maiatzaren 30eko BAOn eta 2018ko ekainaren 26ko EHAAn (122. zenbakia).

Iragarki hori Deia eta El Correo egunkarietan ere argitaratu zen, 2018ko maiatzaren 30ean.

213/2012 Dekretuaren 13. artikuluan adierazitako informazio publikorako epea igarota, Arrigorriagako Udalaren txostena jaso zen, eta aurrekoei bezala, erantzun indibidualizatua eman zitzaion.

– 1. txostena: Forua.

5.606 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko apirilaren 11koa.

Txostenaren laburpena:

Foruko Udalak eskatu zuen kontuan hartzeko 2017ko irailaren 27an hasiera batean onetsitako Hirigintza Plan Orokorra.

Erantzuna:

Foruko Hirigintza Plan Orokorra aztertu ondoren, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak hasieran egin zen dokumentazio akustikoa berrikusi zuen, eta erabaki zuen Foruko Udalerritik igarotzen den Bizkaiko Foru Aldundiaren errepide sarearen Zarata Mapak egiteari buruzko laburpen memorian eragin akustikoari eta plan orokor horretan jasotako neurriei buruzko laburpen bat jasoko zutela.

Eguneratutako laburpen memoria foru errepideen zarata mapen informazio publikoko izapidetzearen barneko dokumentazio akustikoari gehitu zitzaion; prozedura 2018ko maiatzaren 30aren eta uztailaren 23aren artean egin zen.

– 2. txostena: Zierbena.

5.997 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko apirilaren 18koa.

Txostenaren laburpena:

Zierbenako Udalak adierazi zuen Errepideei buruzko Lurralde Plan Sektorialean aurreikusitako Bilboko Portuko sarbide berriak egikaritu aurretik, inpaktu akustikoa arintzeko egin beharreko jarduketak bide-zorua mantentzea eta udalerriaren eraginpeko foru errepideetan ibilgailuen abiadura kontrolatzea izango zirela.

Erantzuna:

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak bat egin zuen Zierbenako Udalak bidalitako idazkiaren edukiarekin, eta bide-zoruaren mantentzeari buruz jakinarazi zion Kontserbazio Zerbitzuak horren kontserbazio lanak egiten jarraituko duela baldintza onetan mantentzeko eta hala, N-639 foru errepidean trafikoak sortzen duen inpaktu akustikoa arintzeko.

Abiadura kontrolatzeari dagokionez, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak adierazi zuen eskumen hori Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak duela.

– 3. txostena: Bermeo.

6.143 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko apirilaren 20koa.

Txostenaren laburpena:

Bermeoko Udalak zenbait gogoeta egin zituen foru errepideetako zarata mapen zenbait alderdiri buruz. Hona hemen horien laburpena:

a) Lehenik eta behin adierazi zuen foru errepide guztietako zaraten eragina Bermeoko Udalak 2015ean egindako zarata mapan jasotakoa baino baxuagoa dela. Horri buruz gogorarazi du Bermeoko zarata mapa horren oinarria Foru Aldundiak onetsitako datu ofizialak izan zirela. Ondorioz, aldaketa esanguratsu hori sortzeko arrazoiei buruzko informazioa eskatu zuen, kontuan hartuz gainera orain proposatzen diren zarata muga baxuagoek eragin handia izango dutela udalerriaren Jarduketa Planean, eta baita ondorengo hirigintza garapenetan ere.

Era berean adierazi zuen atxiki zuen planoan ikusten den bezala, zarata emisio maila jaitsi den zenbait lekuetan gaur egun etxebizitzak daudela, eta kezkatuta daude gutxitze horrek bizilagunen bizi kalitatean izan dezakeen ondorioekiko.

b) Bestalde, udalari jakinarazi zion bidalitako informazioaren arabera ulertzen dutela foru errepideetako zarata mapak lurzorutik 2 metrora kalkulatu direla, eta hori guztia nahiz eta 213/2012 Dekretuaren 11. artikuluaren 22. puntuan jasota egon kalkulu horiek 4 metrora egin beharko liratekeela. Ondorioz, baita ere eskatu zuen azaltzeko zergatik aldatu zuten zarata mapa egiteko metodologia.

c) Bukatzeko, udalak adierazi zuen Bl-3101 errepidearen tarte batzuk, 2015ean Bermeoko udalerriko foru errepideak zirenak, gaur egun kalkuluetatik kanpo geratu direla. Hain zuzen ere Bakiotik Bermeorako sarbidearen zati bat (institutu berriaren parean dagoena) eta Gaztelugatxeko errepide zaharra. Horrez gain adierazi zuen tarte hori Bermeoko Udalarena dela 2017. urtetik, baina ez dela Bermeoko Udalarena Gaztelugatxeko errepide zaharra. Beraz, eskatu zuen Bl-3101 errepideko tarte hori ez kentzeko gaur egungo foru errepideen zarata mapatik.

Erantzuna:

a) Bermeoko Udalak adierazitako zaratagatiko eragina orokorrean gutxitzeari dagokionez egiaztatu da 2 metrorako irudikapenak irudikapen maila baxuetan isofona estuagoak ematen dituela 4 metrorako irudikapenak baino, udalari bidalitako txosten espezifikoan egiaztatzen den bezala.

Beraz, ez da inpaktu akustikoa modu esanguratsuan aldatu izana, eta hala, sortu den ezberdintasuna zarata mapen irudikapen altueraren ondoriozkoa da.

b) Udalak zarata mapak 4 metrora baino 2 metrora zergatik egin direnari buruz eskatutako azalpenari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 11. artikuluko 3. puntuan hauxe dago ezarrita: «Zarata-mapa egin aurretik akustikari buruzko ekintza-planik badago, plan horren eraginkortasuna aztertuko du zarata-mapak. Hots-kutsadurari dagozkion neurri zuzentzaile, aurre-hartzaile edo zaintzaileak diseinatzeko xedea duten zarata-mapak lurzorutik 2 metroko altueran egindako neurketetan oinarrituko dira, Dekretu honen 46., 47. eta 54. artikuluetan xedatutakoan oinarrituta».

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak du Bizkaiko Lurralde Historikoko errepide azpiegiturak kudeatzeko eskumena, eta hala, Zarataren Aurkako Planaren esparruan «2014-2019 aldirako Bizkaiko errepideen Soinu Kalitatea Hobetzeko Ekintza Plana» izeneko agiria sortu zuen, 2015eko martxoaren 9ko 1.143/2015 Foru Agindu bidez onetsi zena. Beraz, zarata mapa horien helburua kutsadura akustikoaren alorreko neurri zuzentzaileak, prebentiboak edo babesekoak diseinatzea da, 213/2012 Dekretuaren 11. artikuluko 3. puntuak ezartzen duenaren arabera, eta beraz, 2 metroko altuerarekin egin da ebaluazioa.

c) Bukatzeko, eta jada aipatu den BI-3101 errepidearen tartea foru errepideen zarata mapatik ez kentzeari buruzko eskariari dagokionez, Bermeoko Udalari jakinarazi zaio tarte hori gaur egungo zarata mapen barne dagoela, eguneratutako kartografiak ezartzen duen hedapenarekin. Gertatu dena da tarte horri esleitutako Batez besteko Eguneko Intentsitatea oso baxua dela (egunero 400 ibilgailu, eta horietatik 16 gauean) eta ondorioz, inguru horretako zarata maila ez dela iristen isofonoen gutxieneko irudikapen mugara (50 dB(A) gauean).

– 4. txostena: Atxondo.

7.260 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko apirilaren 30ekoa.

Txostenaren laburpena:

Atxondoko Udalak jakinarazi zuen BI-636 errepideari dagozkion 2015eko datuak (Gerediaga-Elorrio korridorea ireki aurretik), eta Gerediaga-Elorrio korridoreari buruzko 2016ko datuak gainjarrita daudela, eta beraz, hori ez dela egokia.

Erantzuna:

Atxondoko Udalaren txostenari erantzunez, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak argitu du Bizkaiko Lurralde Historikoko foru errepide guztietako zarata mapak sortzeko 2015era arte trafiko zerbitzuak argitaratutako datu ofizialak erabili zirela, azken urteetakoak.

Atxondoko udalerriari dagokionez, eta kontuan hartuz Gerediaga-Elorrio korridorea 2016an jarri zela martxan, zarata mapak onetsi eta berehala zaharkituak ez geratzea saihesteko egokiagotzat jo zen aipatutako korridorea modelizazioaren barne gehitzea, une horretan eskuragarri zeuden datuak egokituz, eta bere gain hartuz 2016ko datu ofizialak argitaratzen zirenean ezberdintasunak sortzeko aukera zegoela, bai korridorean bertan, baita inguruko gainerako errepideetan ere, eta hori guztia korridorea martxan jartzean sortuko zen trafikoaren banaketa berriaren ondorioak kontuan hartuz.

Hala ere, Atxondoko Udalaren idazkia ikusirik eta kontuan hartuz egun horretan jada ezagunak zirela 2016ko trafiko zerbitzuaren datuak, Atxondoko udalerriko zarata mapak modelizatu ziren berriz ere. Emaitzen arabera, mapa bien arteko isofonen aldea oso baxua da, eta beraz, sailak adierazi du Bizkaiko Lurralde Historikoko gainerako lekuetan egindako modelizazioarekiko koherentzia mantentzeko egindako zarata mapak bere garaian egindako doikuntzekin bat eginez mantendu behar direla.

– 5. txostena: Sondika.

7.341 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 2koa.

Txostenaren laburpena:

Txostenean jasota dago 2014-2019 aldian Bizkaiko errepideen soinu kalitatea hobetzeko Ekintza Planean ez dagoela jasota udal mugarte horretarako jarduketa espezifikorik, eta beraz, eskatu du eraikinen Isolamendu Akustikoaren Planaren bitartez OCAk kontuan hartuz egingo den irismena 10dB(A) edo gehiagoko zarata mailak dituzten eraikinetara hedatzeko, aurretik adierazitako ekintza planean aurreikusitakoarekin bat eginez.

Erantzuna:

Idazki horri erantzunez, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak udalari jakinarazi dio ulertzen duela zarata mapak onesteko gaur egungo prozedura esparruaren helburua inguruko lurraldeari eragiten zaion zarata mailak ebaluatzea dela, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 10. artikuluak zehazten duen bezala.

Ondorioz, hurrengo fase batean, hau da, dagokion ekintza plana sortzeko eta onesteko fasean ezarriko dira dagozkion neurri zuzentzaileak. Aipatutako ekintza plana izapidetzeko 213/2012 Dekretuaren II. kapituluan ezarritako prozedura hartuko da oinarritzat, eta bertan, berriz ere eraginpeko udal guztiei emango zaie entzunaldia, eta Sondikako Udalak maiatzaren 2ko idazkian jasotako kontuak planteatu ahal izango ditu.

– 6. txostena: Abadiño.

7.598 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 4koa.

Txostenaren laburpena:

Udalak adierazi du Abadiñoko udalerriaren modelizaziorako erabilitako sarrera datuen oinarria 2015eko Batez besteko Eguneko Intentsitatea izan zela, eta kontuan hartuz Gerediaga-Elorrio autobidea 2016ko abuztuan jarri zela martxan, BI-3336 errepidean pixkanaka trafikoa gutxitu dela, eta ondorioz, sail horrek egindako estrapolazioaren fidagarritasunari buruzko duda dagoela. Horregatik guztiagatik, BI-3336 errepideko zarata mapak berriz ere egitea komenigarritzat jotzen du, gaur egungo trafiko intentsitatearen datu errealak kontuan hartuz.

Erantzuna:

Abadiñoko Udalaren txostenari erantzunez, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak argitu du Bizkaiko Lurralde Historikoko foru errepide guztietako zarata mapak sortzeko 2015era arte trafiko zerbitzuak argitaratutako datu ofizialak erabili zirela, azken urteetakoak.

Abadiñoko udalerriari dagokionez, eta kontuan hartuz Gerediaga-Elorrio korridorea 2016an jarri zela martxan, zarata mapak onetsi eta berehala zaharkituak ez geratzea saihesteko egokiagotzat jo zen aipatutako korridorea modelizazioaren barne gehitzea, une horretan eskuragarri zeuden datuak egokituz, eta bere gain hartuz 2016ko datu ofizialak argitaratzen zirenean ezberdintasunak sortzeko aukera zegoela, bai korridorean bertan, baita inguruko gainerako errepideetan ere, eta hori guztia korridorea martxan jartzean sortuko zen trafikoaren banaketa berriaren ondorioak kontuan hartuz.

Hala ere, Abadiñoko Udalaren idazkia ikusirik eta kontuan hartuz egun horretan jada ezagunak zirela 2016ko trafiko zerbitzuaren datuak, Abadiñoko udalerriko zarata mapak modelizatu ziren berriz ere. Emaitzen arabera, mapa bien arteko isofonen aldea oso baxua da, eta beraz, sailak adierazi du Bizkaiko Lurralde Historikoko gainerako lekuetan egindako modelizazioarekiko koherentzia mantentzeko egindako zarata mapak bere garaian egindako doikuntzekin bat eginez mantendu behar direla.

– 7. txostena: Durango.

7.747 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 7koa.

Txostenaren laburpena:

Durangoko Udalak zenbait gogoeta egin zituen foru errepideetako zarata mapen zenbait alderdiri buruz. Hona hemen horien laburpena:

a) Adierazi duenaren arabera, BI-732 eta BI-623 errepideen eragin akustikoa gaur egun BFAk onetsitako zarata mapekin alderatuz baxuagoa da, eta N-634 errepidean sortutako mailetan gehikuntza egon da. Beraz, aldaketa horiek justifikatzen dituzten arrazoiak zeintzuk diren jakin nahi du.

b) Horrez gain adierazi zuen aurkeztutako dokumentazioaren arabera ulertzen dela zarata mapak kalkulatzeko lurzoruarekiko 2 metroko altuera hartu dela oinarritzat, eta 213/2012 Dekretuaren 11. artikuluko 2. puntuaren arabera, kalkulu horiek 4 metroko altueran egin beharko liratekeela. Metodologia aldaketa hori justifikatzeko eskatu zuten.

Erantzuna:

a) Durangoko Udalak adierazitako zaratagatiko eragina orokorrean gutxitzeari dagokionez egiaztatu da 2 metrorako irudikapenak irudikapen maila baxuetan isofona estuagoak ematen dituela 4 metrorako irudikapenak baino, udalari bidalitako txosten espezifikoan egiaztatzen den bezala.

b) Udalak zarata mapak 4 metrora baino 2 metrora zergatik egin direnari buruz eskatutako azalpenari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 11. artikuluko 3. puntuan hauxe dago ezarrita: «Zarata-mapa egin aurretik akustikari buruzko ekintza-planik badago, plan horren eraginkortasuna aztertuko du zarata-mapak. Hots-kutsadurari dagozkion neurri zuzentzaile, aurre-hartzaile edo zaintzaileak diseinatzeko xedea duten zarata-mapak lurzorutik 2 metroko altueran egindako neurketetan oinarrituko dira, Dekretu honen 46., 47. eta 54. artikuluetan xedatutakoan oinarrituta».

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak du Bizkaiko Lurralde Historikoko errepide azpiegiturak kudeatzeko eskumena, eta hala, Zarataren Aurkako Planaren esparruan «2014-2019 aldirako Bizkaiko errepideen Soinu Kalitatea Hobetzeko Ekintza Plana» izeneko agiria sortu zuen, 2015eko martxoaren 9ko 1.143/2015 Foru Agindu bidez onetsi zena. Beraz, zarata mapa horien helburua kutsadura akustikoaren alorreko neurri zuzentzaileak, prebentiboak edo babesekoak diseinatzea da, 213/2012 Dekretuaren 11. artikuluko 3. puntuak ezartzen duenaren arabera, eta beraz, 2 metroko altuerarekin egin da ebaluazioa.

– 8. txostena: Morga.

7.884 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 8koa.

Txostenaren laburpena:

Udalak Olea auzoko egoera akustikoa hobetzeko neurri bezala proposatu zuen BI-2121 errepidea herrigunetik igarotzen den lekuan abiadura murriztea.

Erantzuna:

Idazkiari erantzunez, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak erantzun zuen Olea auzoko egoera akustikoa Bizkaiko Lurralde Historikoko beste egoera batzuekin alderatuz ez dela larria, kalitate akustikoko helburu bezala ezarritako mugak 2 dezibeliotan bakarrik gainditzen baitira, eta hori bakarrik ikusgarrien dagoen hargailuarentzat. Aurrekoa gorabehera, gaur egun indarrean dagoen ekintza plana ordezkatzeko ekintza plan berria izapidetzen den unean, eta 213/2012 Dekretuan ezarritako prozedura aplikatuz, udal horri txostena eskatuko zaio berriz ere, eta dagozkion neurriak hartuko dira.

– 9. txostena: Sopuerta.

7.985 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 9koa.

Txostenaren laburpena:

Sopuertako Udalak jakinarazi zuen Avellanedan udal mugarte bat oker definituta dagoela, eta BI-4612 errepidearen adarra ez dela jaso, Avellanedako biribilgunetik aurrera. Horrez gain adierazi zuen BI-2701 errepidea ere ez dela jaso Sopuertako udalerriaren barneko foru errepidearen barnean.

Erantzuna:

Adierazpen horri dagokionez, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak dagokion kontsulta egin zion Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailaren Informazio Geografikoko eta Kartografikoko Atalari. Hala, bertako artxibategietan jasotako mugapenei buruz galdetu zuen, Sopuertako eta Zallako udalek 1889an eta 1927an egindako mugaketei buruz hain zuzen ere; horiek sail honek egindako zarata mapetan erabilitako mugapen berberak dira.

Beraz, eta kontuan hartuz Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak ez duela eskumenik udal mugarteak zedarritzeko, kalkulu ereduetan alor horretan eskumenak dituzten organoek ezarritako muga ofizialak erabiltzen dira.

Aurrekoaren ondorioz, BI-4612 adarra, Avellanedako biribilgunetik BI-2701 errepidera doana, ezin da Sopuertako udalerriko zarata mapen barnean sartu, eta beraz, Zallako udalerrian egoten jarraituko du.

– 10. txostena: Lemoa.

8.066 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 10ekoa.

Txostenaren laburpena:

Lemoako Udalak zenbait zuzenketa egin zituen N-240 eta BI-635 foru errepideetako zaratengatik eraginpekoak diren udalerriko hiru higiezinen erabilerari eta egungo egoerari dagokionez.

Erantzuna:

Lemoako Udalak emandako informazioaren arabera, zarata mapak eta udalerri horretako laburpen memoria zuzendu dira.

Zuzendutako agiri horiek foru errepideen zarata mapen informazio publikoko izapidetzearen barneko dokumentazio akustikoari gehitu zitzaizkion; prozedura 2018ko maiatzaren 30aren eta uztailaren 23aren artean egin zen.

– 11. txostena: Elorrio.

8.175 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 11koa.

Txostenaren laburpena:

Elorrioko Udalak adierazi zuen ez zaiola irtenbide egokia eman N-636 errepidearen ondoan dauden etxebizitzen arazo akustikoari, eta horrenbestez eskatu zuen errepide horretatik hurbilen dauden etxebizitzek duten inpaktu akustikoa berrikusteko, adibidez San Anton, Torrekua eta antzeko kaleen inguruan daudenena. Horrez gain eskatu zuten inpaktuak arintzeko neurri zuzentzaileak hartzeko, bai etxebizitza horietan, baita gaur egun 213/2012 Dekretuan adierazitako mugak gainditzen dituztenetan ere.

Erantzuna:

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak ulertzen du zarata mapak onesteko gaur egungo prozedura esparruaren helburua inguruko lurraldeari eragiten dion zarata maila ebaluatzea dela, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 10. artikuluak zehazten duen bezala.

Beraz, hurrengo fase batean, hau da, dagokion ekintza plana sortzeko eta onesteko fasean ezarriko dira dagozkion neurri zuzentzaileak. Aipatutako ekintza plana izapidetzeko 213/2012 Dekretuaren II. kapituluan ezarritako prozedura hartuko da oinarritzat, eta bertan, berriz ere eraginpeko udal guztiei emango zaie entzunaldia, eta Elorrioko Udalak maiatzaren 11ko idazkian jasotako kontuak planteatu ahal izango ditu.

– 12. txostena: Bilbao.

8.236 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 14koa.

Txostenaren laburpena:

Bilboko Udalak Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren eskumeneko zarata iturriek sortutako zarata murrizteko neurri zuzentzaileei buruzko informazioa eskatu zuen, horiek kontuan hartuak izan daitezen inguru planetan, eta hala, administrazio bietako ekintza planak koordinatu ahal izateko.

Erantzuna:

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak «2014-2019 aldirako Bizkaiko foru errepideetako soinu kalitatea hobetzeko ekintza plana» izeneko agiria bidali zuen, eta bertan jasota daude 2014-2019 aldirako ekintza plan horretan aurreikusitako neurri zuzentzaileak.

Era berean adierazi zen 2020-2025 aldirako aurreikusitako hurrengo ekintza plana sortzen dutenean, Bilboko Udalari bidaliko zaiola bere txostenerako, eta era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213-2012 Dekretuan ezarri bezala, informazio publikoko prozedura egingo zaiola. Une horretan, berriz ere posible izango da ekintza plan biak koordinatzea.

– 13. txostena: Gorliz.

8.435 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 16koa.

Txostenaren laburpena:

Gorlizko Udalak bidalitako dokumentazioa aztertu zuen, eta horren arabera erabaki zuen ez zuela alegaziorik egingo.

– 14. txostena: Plentzia.

8.528 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko maiatzaren 17koa.

Txostenaren laburpena:

Plentziako Udalak araubide akustikoak ezarritako adierazleak gainditzen diren puntuetan OCAk lortzeko ekintzarik planteatu denari buruzko informazioa eskatu zuen.

Erantzuna:

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak Plentziako Udalari jakinarazi zion gaur egun onetsita dagoela «2014-2019 aldirako Bizkaiko foru errepideen soinu kalitatea hobetzeko ekintza plana» izeneko dokumentua, eta bertan daudela gehituta gauez eta fatxadako punturen batean 65 dB(A) dezibelioak gainditzen dituzten etxebizitzetarako jarduketak.

Era berean adierazi zitzaion Plentziako Udalarentzat zarata mapetatik jasotako datuen arabera ez dagoela gauean 65 dB(A) dezibelio baino gehiagoren aurrean egon duen biztanlerik, eta beraz, ekintza plan horren esparruan, ez dagoela jarduketarik aurreikusita udalerri horretarako.

Bukatzeko jakinarazi zitzaion izapidetuko den hurrengo ekintza plana sortzeko eta onesteko prozeduran (213/2012 Dekretuaren II. kapituluan ezarritako prozedurarekin bat eginez gauzatuko denean) berriz ere entzunaldia emango zaiela eraginpeko udalei, eta udal horrek egoki deritzon gogoetak jakinarazi ahal izango dituela bertan aurreikusitako neurrien inguruan.

– 15. txostena: Arrigorriaga.

13.812 zenbakidun sarrera-erregistroa, 2018ko abuztuaren 1ekoa.

Txostenaren laburpena:

Arrigorriagako Udalak zenbait gogoeta egin zituen udalerriaren egoera akustikoari dagokionez, eta BI-625 errepidean orain dela hiru urte egindako obrak aipatzeaz gain, honako eskaerak egin zituen:

a) Behar diren neurriak har daitezela inpaktu akustikoa leuntzeko BI-625 foru errepidearen ondoan dagoen hiri aldean, bizitegi-eraikinetako fatxadek eta espazio libreek jasaten duten zarata-mailaren heinekoak.

b) Ahalik eta lasterren jardun dadila Martiartu auzoan, bertako zarata-maila oso arriskutsua baita.

c) «Pantaila akustikoa Gurutzean – BI-625» neurriaren nondik norakoen berri eman dakiola udalari, ez baitira ezagutzen haren kokapena eta gainerako xehetasunak.

Erantzuna:

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak Arrigorriagako Udalari jakinarazi dio gaur egun, BI-625aren ondoan, «Kurutzea kalea»ren parean, pantaila akustikoa eraikitzeko proiektua egiten ari direla. Pantaila horrek hobetu egingo du «Zubiondo» auzoko eta «Severo Ochoa» kaleko egoera akustikoa, egindako azterlanetik ondorioztatzen denez. Azterlan horren kopia udalari bidali zitzaion.

«Lonbo» kaleari dagokionez, 2015. urteko trafikoari buruzko datuekin eguneratutako zarata-mapen arabera, ez dira gainditzen kalitate akustikoko helburutzat ezarritako mailak. Beraz, ez da bidezkoa zuzenketa neurriak hartzea.

Azkenik, Martiartu auzoari dagokionez, hau jakinarazi zaio udalari: egindako zarata mapek zehaztu egiten dute inpaktu akustikoaren maila, eta kasurik txarrenean, 64 dB(A) ingurukoa da gauez, eta, beraz, kalitate akustikoko helburutzat ezarritako mailak gainditzen dira.

Hala ere, eraikinen altuera eta errepideraino dagoen tarte laburra kontuan hartuta, pantaila akustiko bat ez litzateke eraginkorra izango etxebizitzetako goreneko solairuetarako. Horrelako kasuetan isolamendua jartzen da fatxadan. Horrelako jarduketak «Foru errepideetako soinu kalitatea hobetzeko Ekintza Plana - 2014-2019 aldia» izeneko agirian daude jasota; zehatzago, Eraikuntzen Isolamendu Akustikorako Planean, eta lehenik eta behin gauean 65 dB(A) dezibelioak gainditzen dituzten etxebizitzak jorratuko dira. Ondoren gainerako etxebizitzei ekitea aurreikusten da, dagokien lehentasunaren araberako hurrenkeran, bakoitzak jasaten duen zarata maila kontuan izanik.


Azterketa dokumentala