Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2018ko urriaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

TURISMO, MERKATARITZA ETA KONTSUMO SAILA
4872

EBAZPENA, 2018ko irailaren 21ekoa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez EAEko Kontsumo Sarien deialdia egiten eta arautzen baita 2018. urterako.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen xedea da kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babestea, aldeztea eta sustatzea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta II. tituluan jasotzen ditu haien eskubideak.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, eta haren helburua da Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileen defentsa eta babesari buruz dituen politikak planifikatzea, bultzatzea eta gauzatzea.

Kontsumobideri eginkizun hauek ezarri zaizkio, besteak beste:

Kontsumitzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea.

Produktu ekologikoen kontsumoa sustatzea.

Lankidetza-itunak eta -akordioak sinatzea enpresen eta profesionalen elkarteekin.

Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea.

Arduraz kontsumitzeko ohiturei buruzko hezkuntza sustatzea.

Kontuan izanik asko direla kontsumitzaileen eskubideen arloan lanean ari diren entitate, erakunde eta pertsonak, Kontsumobiderentzat interes handikoa da kontsumo-agente guztiek eta kontsumoari lotutako erakundeek kontsumitzaile arduratsuak lortzeko eta dagozkien eskubideak aldezteko azken helburuari begira egin duten edo egiten diharduten ahalegina saritzea.

Beraz, ebazpen honen xedea da kontsumitzaileen eskubideen alde egiten den lana saritzea eta kontsumo arduratsua sustatzea hainbat arlotan.

Orobat, saritu nahi dira beren ibilbide profesionalean Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumo arduratsua hedatzen eta kontsumitzaileen eskubideak babesten lagundu duten pertsonak edo kolektiboak.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Kontsumo Sariak emateko deialdia eta oinarri arautzaileak onartzea, eranskinean jasota dauden bezala.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, berau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 21a.

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,

NORA ABETE GARCÍA.

ERANSKINA
2018. URTEKO KONTSUMO SARIAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1. artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Kontsumo Sarien deialdia egitea eta arautzea. Sari horien bitartez, egindako lana aitortu nahi zaie kontsumo arduratsuarekin lotutako erakunde eta kontsumo-agente guztiei, denak ahalegintzen baitira, bakoitza bere jarduera-arloan, modu eraginkorrean lortzen Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaile arduratsuak eta horien eskubideen defentsa ona.

2. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.

Hauek izan daitezke agindu honen bidez onartutako deialdiko sarien onuradun:

Kontsumitzaileen eskubideen defentsaren eta babesaren alorrean lan egiten duten edo kontsumo arduratsuaren alde jarduten duten erakunde publiko eta pribatu, fundazio eta irabazi-asmorik gabeko elkarteak.

Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaileen babesaren arloan ibilbide profesional luzea egin duten pertsonak eta/edo taldeak.

3. artikulua.– Sarien kategoriak.

Bi sari arautuko ditu ebazpen honek, eta honako kategoria edo jarduketa-eremu hauetako bati egokituko zaio horietako bakoitza:

Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzearen aldeko jarduketak.

Ibilbide profesionala: beren ibilbide profesional luzeagatik gailentzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaile arduratsuak hezten eta babesten lagundu duten eta/edo laguntzen ari diren pertsonak edo taldeak saritzea.

4. artikulua.– Hautagaiak proposatzea eta aurkeztea.

1.– Hautagai izan nahi duen pertsonak edo erakundeak berak egin dezake hautagaitzaren proposamena, bai eta, balizko hautagairen batek egindako lanaren edo jardueraren berri izanik, hura proposatzea egokitzat jotzen duen edonork ere. Kontsumobidek hautagaitza aurkeztu ahal izango du egokitzat jotzen duen hautagaiaren alde, baldin eta hautagai horrek betetzen baditu parte hartu ahal izateko beharrezkoak diren baldintzak.

Nolanahi ere, hautagaitza bat aurkeztu ahal izateko, proposatutako pertsonak edo erakundeak ados dagoela adierazi beharko du aldez aurretik.

2.– Eskabideak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

3.– Eskabideak bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, kontsumoaren arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2018/kontsumo-sariak/y22-izapide/eu

4.– Eskabidean adieraziko da zein modalitatetan aurkezten den hautagaitza, baina aukera hori ez da loteslea izango epaimahaiarentzat, eta beste modalitate bati atxiki ahal izango dio hautagaitza, haren ezaugarriak ikusita egokitzat jotzen badu.

5.– Eskabidea aurkeztu osteko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egingo dira (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

6.– Eskabidea aurkezteak adierazten du espresuki eta formalki onartzen direla deialdi honetako oinarrietan ezarritako baldintzak.

5. artikulua.– Eskabideen edukia eta aurkeztu beharreko beste dokumentu batzuk.

1.– Eskabidean, erakunde eskatzailearen identifikazio-datuez gainera, honako hauek jasoko dira: aurkeztutako hautagaitzaren datuak, aukeratu den kategoria, eta eskabidea aztertzeko eta ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa.

2.– Eskabidearekin batera, azalpen-memoria aurkeztuko da, eta bertan jasoko dira, behar bezala arrazoituta, saritzekoak diren merezimenduak. Gainera, memorian dagoen informazioa egiaztatzeko beharrezkoak diren dokumentuak edota epaimahaiak balioetsi beharrekotzat jotzen direnak erantsiko dira.

3.– Eskabidea ez bada osorik betetzen, edo ez bada aurreko puntuan adierazitako dokumentazioa aurkezten harekin batera, 10 eguneko epea emango dio Kontsumobidek erakunde eskatzaileari errorea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko, eta adieraziko dio, hori egin ezean, ulertuko dela eskabidean atzera egin duela.

6. artikulua.– Hautagaitzak aztertu eta ebaluatzea.

1.– Epean aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta ebaluatu egingo dira, eta eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko. Hautagaitza bakoitza egokiro ulertu eta ebaluatzeko beharrezkotzat jotzen diren dokumentazio edota informazio osagarriak eskatu ahalko zaizkio erakunde eskatzaileari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak xedatutakoarekin bat etorriz.

7. artikulua.– Epaimahaia.

1.– Aurkezten diren hautagaitzak balioesteko epaimahaia eratuko da; honela osatuko da:

– Epaimahaiburua:

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua.

– Epaimahaikideak:

Kontsumobideko zuzendaria.

Eudelen ordezkari bat.

Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaile-elkarteen ordezkari bat.

Idazkari teknikoa: hitzarekin baina botorik gabe, plangintza, azterketa, informazio eta prestakuntzarako unitateko burua, titular gisa, edo erreklamazioetarako, bitartekaritzarako eta arbitrajerako unitateko burua, ordezko gisa.

2.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautuko ditu epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketak eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudia.

8. artikulua.– Esleitzeko irizpideak.

Sariak emateko proposamena egiteko xedez, kategoria bakoitzerako balorazio-irizpide espezifikoak hartuko ditu kontuan epaimahaiak.

1.– Kontsumitzaileen babes handiagoa eta kontsumitzaile arduratsuak izateko prestakuntza lortzearen aldeko jarduketak.

Irizpide hauen arabera balioetsiko dira hautagaitzak:

– Kontsumitzaileen eskubideak defendatzearen eta babestearen aldeko ekintzak.

– Kontsumitzaileen artean kontsumo arduratsua sustatzeko ekintzak.

2.– Ibilbide profesionala: beren ibilbide profesional luzeagatik gailentzen diren eta Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaile arduratsuak hezten eta babesten lagundu duten eta/edo laguntzen ari diren pertsonak edo taldeak.

Irizpide hauen arabera balioetsiko dira hautagaitzak:

– Euskal Autonomia Erkidegoan kontsumitzaile arduratsuak lortzen laguntzeko egindako ekarpena aintzatestea.

– Arduratze- eta profesionaltasun-eredu gisa egindako ibilbidea aintzatestea.

9. artikulua.– Sarien epaitza eta ebazpena.

1.– Epaimahaiak sariak emateko proposamena egingo du, eta, proposamen horretan, hartutako erabakia justifikatzeko arrazoiak agertuko.

2.– Epaimahaiaren proposamena ikusirik, Kontsumobideko zuzendariak hilabeteko epean ebatziko du, hautagaitzak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.

3.– Sariren bati buruzko epaitza eman gabe utzi ahal izango da, epaimahaien iritziz proposatutako hautagaitza bakar batek ere ez baditu betetzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak.

4.– Salbuespen gisa, eta epaimahaiburuak proposatuta, aipamen berezia eman ahalko zaio epaimahaiaren saririk eskuratu ez duen baina kontsumitzaileen eskubideen babesaren sektoreari egiten dion ekarpen handiagatik nabarmendu behar den hautagaiari, bai arrazoi orokorrengatik bai epaimahaiak balioetsitako beste arrazoi batzuengatik.

10. artikulua.– Aintzatespen publikoa.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak berariaz egingo duen deialdiaren bitartez gauzatuko da aintzatespen publikoaren ekitaldia.

11. artikulua.– Datu pertsonalak.

Deialdiak izapidetzean pertsona fisikoei hartzen zaizkien datu pertsonalak Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren arabera erabiliko dira. Erregelamendu horrek pertsona fisikoen babesa arautzen du, datu pertsonalen tratamenduari eta zirkulazio askeari dagokienez, eta indarrik gabe uzten du 95/46/EE Zuzentaraua (Datuen Babesari buruzko Erregelamendu Orokorra), eta, berari jarraituz, datuak erabiliko dira bai «Kontsumoko sariei buruzko agindua» fitxategian sartzeko, zeinaren helburua izango baita sari hauen deialdiak kudeatzea, eta bai deialdietan parte hartzen duten pertsonei deialdien nondik norakoaren berri emateko. Parte-hartzaileek baimena izango dute datu horiek argitaratzeko, betiere sari hauen bitartez lortu nahi diren helburuetarako. Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua da fitxategi horren arduraduna. Datuak eskuratu, zuzendu, deuseztatu eta horien aurka egiteko eskubideak Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuan baliatu ahal izango dira, helbide honetan: Santiago 11, 1, 01002 Vitoria-Gasteiz.


Azterketa dokumentala