Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2018ko urriaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4811

AGINDUA, 2018ko maiatzaren 24koa, Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Ilustre Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargo Ofizialaren estatutuak aldatzea.

Ikusi eta aztertu da Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko eskaeraren espedientea, aurrekari hauek kontuan hartuta:

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskaera sartu zen Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren estatutuen aldaketa onartzeko, eta, espedientea izapidetu ondoren, nahitaezko txostenak eskatu ziren.

Bigarrena.– Osasun Sailaren eta Lehiaren Euskal Agintaritzaren txostenak jaso ondoren, eskatzaileari eskatu zitzaion zuzen zitzala atzemandako akatsak, eta, estatutu berriak jaso ziren behar bezala beteta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean.

Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute, honako oinarri juridiko hauek kontuan hartuta:

OINARRI JURIDIKOAK

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua), profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.

Bigarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau agindu bidez ebaztea, hala baitago aurreikusita Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.

Hirugarrena.– Betetzen da Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikulua, bai eta Tituludun Lanbideen eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35.5, 35.6, 35.7, 38. eta 39. artikuluetan xedatutakoa ere.

Ikusita aipatutako manuak eta oro har aplikatzekoak diren gainerako arauak, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Onartzea Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren estatutuen aldaketa.

Bigarrena.– Agindua ematea aipatutako elkargo ofizialaren estatutuak agindu honen eranskin gisa argitaratzeko.

Aginduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak. Agindu honek bukaera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua aipatutako aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko maiatzaren 24a.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.

COLEGIO OFICIAL DE VETERINARIOS DE BIZKAIA - BIZKAIKO ALBAITARIEN ARGI LEGEZKO ELKARGOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA
COLEGIO OFICIAL DE VETERINARIOS DE BIZKAIA - BIZKAIKO ALBAITARIEN ARGI LEGEZKO ELKARGOAREN IZAERA JURIDIKOA

1. artikulua.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren izaera juridikoa.

1.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak babestua. Lege hori honako beste hauek aldatu dute: abenduaren 26ko 74/1978 Legea; apirilaren 14ko 7/1997 Legea; Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legea, tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzkoa, eta azaroaren 23ko 17/2009 Legea.

2.– Egitura eta funtzionamendu demokratikoak, ordezkaritza-izaera eta nortasun juridiko propioa izango ditu Elkargoak. Independenteak izango dira Erkidegoko, Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko, Bizkaiko Foru Aldundiko eta tokiko administrazioekiko, kasuan kasu, ez baitira haien parte; hala ere, legez dagozkien zuzenbide publikoko harremanak izango dituzte haiekin.

3.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak, berezko duen eta berari dagokion jardun-eremuan, gaitasun osoa du bere helburuak betetzeko. Horretarako, orotariko ondasunak erosi –kostu bidez nahiz irabaziz–, besterendu, saldu, zergapetu, eduki eta erreibindika ditzake; obligazioak har ditzake; eta, oro har, orotariko eskubideen titularra izan daiteke, eta edozein ekintza judizial, erreklamazio edo errekurtso baliatu nahiz jasan dezakete, edozein bidetan eta jurisdikziotan: arlo zibilean, zigor- eta lan-arloan, administrazioarekiko auzibidean eta arlo ekonomiko-administratiboan. Horrez gain, Elkargoaren eskumen-esparruan, ezohiko berrikuspen- eta kasazio-errekurtsoak ere sartzen dira.

4.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren legezko ordezkaritza, epaiketetan zein bestelakoetan, elkargoko lehendakariarena izango da. Gobernu Batzordeak hala erabaki ostean, lehendakaria legitimatuta egongo da prokuradoreei, letraduei edo bestelako mandatariei ahalmen orokorren bat edo bereziren bat emateko.

5.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoari dagozkio albaitarien lanbidearen ordezkaritza esklusiboa, nahitaez elkargora bildu beharra eskatzen duenean; elkargokideen jarduera profesionalen antolamendua –haren eskumen-esparruan–, eta beren interes profesionalak defendatzea.

Estatutu horien lehenengo xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat, Elkargoak ezinbestean barnean hartzen ditu albaitari guztiak, indarreko legeen arabera, lanbideko edozein modalitatetan, independenteki edo Estatuko Administrazio Orokorraren, autonomia-erkidegoaren, foru-elkargoaren, tokiko erakundearen edo instituzioen zerbitzura, baita bestelako erakunde publiko edo pribatuen zerbitzura ere, jarduten dutenak. Albaitaritzako titulua izan arren lanbidean jarduten ez dutenek ere, nahi izanez gero, elkargoko kide egitea eskatu ahal izango dute.

Estatutu hauetako 72. artikuluan arautzen da elkargoko kide egiteko prozesua. Salbuespen moduan, Estatutu hauetako 79. artikuluan xedatutakoarekin bat, elkargoko kide izateko itxaroten ari den albaitariaren figura onartuko da.

6.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabiliko ditu bere jardunean. Ildo horretatik, lankidetza eskainiko du albaitaritza lanbidearen alor zientifiko eta teknikoan euskararen erabilera era egokian normalizatzeko.

II. KAPITULUA
ADMINISTRAZIO PUBLIKOEKIKO HARREMANAK

2. artikulua.– Administrazio publikoekiko harremanak.

1.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak harremanak izango ditu Erkidegoko eta Estatuko administrazioekin Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren bidez (hori eratzen denean) eta Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiaren bidez.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko harremanak Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren bidez izango ditu Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak; foru-administrazioarekiko harremana eta Bizkaiko Lurralde Historikoko toki-administrazioekikoa, ordea, zuzena izango da.

3.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak, EAE mailako edo beste maila bateko organo legegile edo betearazleei –lege-proiektu edo -ekimenen inguruan– eta hala eskatzen duten erakunde guztiei, dagozkion eskumen-esparruetako informazioa emango die, hitzez edo idatziz.

4 Interes orokorrean laguntzeko xedea duenez, legearen babesa eta Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bizkaiko udalen aintzatespena izango du Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak.

5.– Egiteko propioak ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, foru-administrazioak zein toki-administrazioek eskuordetzen dizkioten beste batzuk ere izan ditzake Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak, baldin eta horrela xedatzen bada Eusko Jaurlaritzaren dekreturen, xedapenen, erabakiren edo hitzarmenen baten bidez; eta, horrela bada, ezinbestean argitaratu beharko da kasuan kasuko aldizkari ofizialean.

6.– Trataerari dagokionez, «txit argiak» forma erabiliko da Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoari eta lehendakariei buruz hitz egiteko.

III. KAPITULUA
COLEGIO OFICIAL DE VETERINARIOS DE BIZKAIA - BIZKAIKO ALBAITARIEN ARGI LEGEZKO ELKARGOAREN HELBURUAK ETA EGITEKOAK

3. artikulua.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren helburuak eta egitekoak.

1.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren funtsezko helburua da albaitaritza-lanbidearen ordezkari instituzionala eta defendatzailea izatea, baita elkargoko kideen lan-interesak eta haiek ematen dituzten zerbitzuen kontsumitzaileen nahiz erabiltzaileen interesak babestea ere; hargatik eragotzi gabe Europar Batasuneko, Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko, foru- eta toki-administrazioen eskumenak, funtzionario-harremana dela medio.

2.– Egitekoak. Elkargoak, bere helburuak betetzeko, azaroaren 21eko EAEko 18/1997 Legearen 24. eta 25. artikuluen bidez esleitutako egitekoak izango ditu, batez ere, honako hauek:

a) Elkargokideei beren lana erraztea, enplegu maila handiagoa lortzen eta etengabeko trebakuntza profesionala ematen saiatuz, eta, beharrezkoa denean, Administrazio Publikoekin eta ekimen pribatuarekin lankidetzan arituz.

b) Lanbidea Administrazioaren, instituzioen, auzitegien, erakundeen eta partikularren aurrean ordezkatzea eta defendatzea, interes profesionaletan eragina duten auzi guztietan alderdia izateko legitimitatea duelarik; legeari jarraikiz, eskaera-eskubidea erabil dezake, eta lanbidea defendatzeko bidezkotzat jotzen dituen lege-aldaketak proposa ditzake.

c) Bere eskuduntzaren eremuan, lanbidea antolatzea, irizpide deontologikoak betez eta partikularren eskubideak errespetatuz burutu dadin; horretarako, maila profesionalean eta elkargo mailan diziplinazko ahalmena erabiliko du.

d) Elkargoaren antolaketa eraginkorra bermatzea, espezializaturiko atalak edo batzordeak abian jartzea bultzatuz, eta prestakuntza, kultura, laguntza eta aurreikuspenen ikuspuntutik Elkargoarentzat eta lanbidearentzat interesgarriak diren jarduerak eta zerbitzu komunak sustatuz. Horretarako, legez eratutako beste elkargo profesional eta erakunde batzuekin elkarlana ezarri ahal izango du.

e) Elkargokideak defendatzea beren eginkizun profesionalak betetzen dituztenean edo elkargokide izateagatik dagozkien eskubideak erabiltzen dituztenean.

f) Elkargokideen artean harmonia eta lankidetza sustatzea, haien arteko lehia desleiala eragotziz, arrazoi profesionalengatik haien artean sortzen diren gatazketan elkargokideak adiskidetzen saiatuz edo arbitrajea eginez, eta, dagokionean, beren obligazio profesionalak betetzean sortutako desadostasunak –interesdunek hala eskatuz gero– laudoaren bitartez konpontzea.

g) Instrusismo profesionala galarazteko neurriak hartzea, eta Gobernu Batzordeak ezagutzen dituen kasuak Administrazioaren eta Justizia Auzitegien aurrean salatzea eta horien kontra egitea.

h) Indarrean dagoen Estatuko eta autonomia-erkidegoko araudiak zehazturiko kasuetan lan profesionalei oniritzia ematea.

i) Elkargoko ekonomia administratzea, kargak kuota eta ekarpenen bidez zuzen banatuz, horretarako behar dituen bilketarako eta kudeaketarako ahalmenak erabiliz.

j) Foru Arauei eta lanbidean jardutearen gaineko baldintza orokorrei eragiten dien beste edozein xedapenari buruzko irizpenak ematea, aplikagarri diren xedapenetan zehazten den moduan; beharrezko titulazioari, beste lanbide batzuekiko bateraezintasunei buruzko irizpenak ere ematea. Administrazioak esleitzen dizkion egiteko guztiak betetzea, eta administrazioarekin edo beste entitate batzuekin lankidetzan aritzea, baten batek edo Elkargoak bere ekimenez eskatutako azterlanak, txostenak eta estatistikak eginez, baita beste jarduera batzuk burutuz ere.

k) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek hala agintzen dutenean, lanbide-gaitasuneko gaietan lan egiten duten Administrazio Publikoen kontsulta-batzorde eta erakundeetan parte hartzea, baita ikerketa-planen eraketan parte hartzea ere, eta, eskatzen zaionean, lanbidean aritzeko gaitzen duten tituluak lortzeko ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolamendu-arauei buruzko txostenak egitea; era berean, albaitari berriei bizitza profesionalean sartzen laguntzeko beharrezko informazioa prestatzea.

l) Auzitegiei gai judizialetan peritu gisa lan egin dezaketen elkargokideen zerrenda ematea, edo Elkargoak berak haiek izendatzea, behar denean.

m) Ordainsari profesionalak eztabaidatzen direneko prozedura judizial edo administratiboetan irizpena ematea.

n) Bizkaiko Lurralde Historikoan lanbidea ordezkatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta nazioarteko organoetan lanbidearen ordezkari gisa parte hartzea.

ñ) Lanbidearekin zerikusia duten lege orokor eta bereziak, lanbide-estatutuak edo elkargoko organoek euren eskumeneko arloetan hartutako arau eta erabakiak betetzea eta kidetuei betearaztea.

o) Elkargokideen zerbitzuak kontsumitu eta erabiltzen dituztenen interesak babesteko mesedegarriak diren egiteko guztiak betetzea.

p) Probintzia mailako errolda bat –elkargoko kide diren albaitariak biltzen dituena–, baita Sozietate Profesionalen Erregistro Orokorra ere, sortzea eta eguneratua mantentzea, legez aurreikusitako edo Elkargokideen Batzar Orokorrak baimendutako moduan datuak argitara eman ahal izateko, baita –lehendakariaren oniritziarekin– eskatzen zaizkion egiaztagiriak ematea ere.

q) Legezko xedapenek ematen dizkioten edo elkargokideen edo lanbidearen interes profesionalei onura ekartzen dieten beste egiteko batzuk burutzea.

IV. KAPITULUA
COLEGIO OFICIAL DE VETERINARIOS DE BIZKAIA - BIZKAIKO ALBAITARIEN ARGI LEGEZKO ELKARGOAREN LURRALDE-EREMUA

4. artikulua.– Lurralde-eremua.

Bizkaiko Lurralde Historiko osoan du eskumena Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak.

V. KAPITULUA
COLEGIO OFICIAL DE VETERINARIOS DE BIZKAIA - BIZKAIKO ALBAITARIEN ARGI LEGEZKO ELKARGOAREN ERAKETA ETA ORGANOAK
1. ATALA. ERAKETA

5. artikulua.– Eraketa.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoa elkargokide guztiek osatzen dute, eta honako ordezkaritza-organo hauek izango ditu:

– Kide anitzeko organoak.

– Pertsona bakarreko organoak.

1.– Honako hauek dira kide anitzeko organoak:

a) Batzar Orokorra.

b) Gobernu Batzordea.

2.– Honako hauek dira, oro har, Gobernu Batzordea osatzen duten pertsona bakarreko karguak:

a) Lehendakaria.

b) Lehendakariordea.

c) Idazkaria.

d) Diruzaina edo Ekonomi alorreko bokala.

e) Beste bokal bat ehun elkargokideko.

2. ATALA. ELKARGOKIDEEN BATZAR OROKORRA

6. artikulua.– Elkargokideen Batzar Orokorra.

Elkargokideen Batzar Orokorraren erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat. Elkargoa ordezkatzeko organo gorena da, eta eskubide osoko elkargokide guztiek osatzen dute Batzar Orokorra, jardunekoak izan zein ez. Batzar Orokorrak Gobernu Batzordean eman behar du bere jardunaren berri. Urtearen lehenengo hiruhilekoan bilduko da, eta elkargokideen zuzeneko parte-hartzea eskatzen duten eskumen guztiak hartuko ditu bere gain, batez ere, honako hauek:

a) Elkargokideei ordainketa bereziak egitea eskatzen dieten ohiz kanpoko kredituak onartzea.

b) Elkargokidetzeari buruzko legegintza-egitekoak.

c) Estatutu hauek eta Deontologia Kodea onartu eta aldatzea.

d) Ematen diren domina, sari eta golardoen araubidea ezartzea.

e) Gobernu Batzordeko kide guztiak edo horietakoren bat bere kargutik kentzea, gaitzespen edo zentsura mozio baten bitartez.

f) Ohiko eta ezohiko aurrekontuak eta urteko kontuak onartzea.

7. artikulua.– Osaera eta botoen kuota.

Elkargoko obligazioak egunean dituzten elkargokide guztiek eskubidea dute egiten diren batzar guztietara joateko, hitza eta botoarekin. Bertaratzea eskubidea izateaz gain, betebehar morala ere bada.

8. artikulua.– Elkargokideen Batzar Orokorraren motak.

1.– Ohiko batzarra.

2.– Aparteko batzarra.

9. artikulua.– Batzarrean lantzeko proposamenak.

Elkargokideek urteko azken hiruhilekoan aurkeztu ahal izango dituzte ohiko Batzar Orokorrean eztabaidatu nahi dituzten proposamenak, deialdian, eskari-galderen atalean sartu beharrekoak.

Eguneko gai-zerrendan sartzeko, gutxienez hamabost elkargokidek babestu eta sinatu behar dituzte proposamen horiek.

10. artikulua.– Ohiko Batzar Orokorraren deialdirako formalitateak.

Gobernu Batzordearen erabakiz egingo da Ohiko Batzar Orokorrerako deialdia, batzar hori egin baino gutxienez 15 egutegi-egun lehenago.

Deialdia Elkargoko iragarki-taulan jarriko da, baita elkargokide guztiek jasotzen duten «Bizkaiko Albaitaritza» aldizkarian ere, nabarmendutako iragarki batean. Horrez gain, kide bakoitzari posta arruntez bidaliko zaio, idazkariak sinatutako eta lehendakariak onetsitako komunikatuan, lehenengo eta bigarren deialdiari dagozkion tokia, eguna eta ordua adierazita, bion artean gutxienez hogeita hamar minutuko tartea egon behar dela ahaztu gabe.

Halaber, horrekin batera gai-zerrenda jakinaraziko da, honako puntu hauek sartuta:

a) Aurreko bilkuraren akta irakurtzea eta onartzea, hala badagokio, hau da, aurreko bilkuraren amaieran onartu ez bada.

b) Lehendakaritzaren txostena.

c) Idazkaritzaren txostena.

d) Diruzaintzaren txostena. Aurreko ekitaldiko kontuak likidatu eta onartzea, hala badagokio, eta hurrengo urteko aurrekontua irakurtzea, baita onartzea ere, hala badagokio.

e) Gobernu Batzordearen edo lehendakariaren iritziz garrantzitsua den beste edozein gai, ezohiko batzarren eskumenekoa ez bada.

f) Elkargokideek egindako proposamenak, baldin eta estatutu hauen 9. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

11. artikulua.– Batzar Orokorra eratzea.

Batzarra balioz eratuta geratuko da lehenengo deialdian, baldin eta kideen gehiengo soila gutxienez bertan badago. Bigarren deialdian, berriz, balio osoz eratuko da bertaratuen kopurua edozein dela ere.

Batzar Orokorrean, honako ordena honi jarraituko zaio:

a) Lehendakariak hasiera emango dio bilkurari edo, bera ez badago, lehendakariordeak edo Elkargoan antzinatasun gehien duen Gobernu Batzordeko kideak.

b) Bertaratutako elkargokideak zenbatuko dira, izenak aipatuta.

c) Lehendakaritzaren, Idazkaritzaren eta Diruzaintzaren txostenak irakurriko dira.

d) Txanda bat irekiko da elkargokideek lehendakariari, idazkariari edo diruzainari –hurrenkera horretan eta hiru minututan gehienez– egoki iritzitako galderak egiteko edo azalpenak eskatzeko, betiere txostenetako edukiei buruz.

e) Txanda hori amaituta, aurreko urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontuak aurkeztuko zaizkio batzarrari, onar ditzan.

f) Ondoren, eskari-galderen puntuan adierazitako proposamenak eztabaidatuko dira.

g) Beste gairik egon ezean, lehendakariak amaiera emango dio bilkurari.

h) Bilkuran estatutu hauei jarraikiz ebatzi ezin daitekeen arazoren bat sortuz gero, lehendakariak ebatziko du, ondoen deritzon moduan. Bozketak eskua altxatuta egingo dira, non eta bertaratuen % 10ek gutxienez ez duten eskatzen bozketa sekretua egiteko.

Norbanakoengan edo elkargokideei zor zaien begirunean eragina duten kontuei buruzko bozketak sekretuak izango dira beti.

Bozketa sekretuak egiteko, elkarren antza duten txartelak erabiliko dira, botoak identifikatu ezin izateko modukoak.

12. artikulua.– Aparteko Batzarra.

Aparteko Batzar Orokorrerako deialdia lehendakari kargua betetzen duen pertsonak egingo du, bere ekimenez, Gobernu Batzordearen proposamenez edo elkargokideek eskatuta, azken kasu horretan, elkargoko errolda osatzen duten kideen % 30ek gutxienez egin behar du eskaera.

Aparteko Batzar Orokorra biltzeko eskaera elkargokideek egiten badute, idazki bat bidaliko diote Gobernu Batzordeari, zein gai eta zergatik eztabaidatu nahi duten azalduta.

13. artikulua.– Aparteko Batzarra egiteko deialdia.

Aparteko Batzarrerako deialdia idatziz egingo da batzar-eguna baino 15 egutegi-egun lehenago gutxienez. Hala ere, landu beharreko gaiak Gobernu Batzordearen iritziz presakoak direnean, nahikoa izango da deialdia hiru egun lehenago egitea.

Kasu horretan, deialdiaren iragarkia probintzian tirada gehien duen egunkarian jarriko da, edo beste argitarabideren bat erabiliko da, elkargokideek deialdiaren berri epe horretan izatea bermatuko duena.

Estatutuen 10. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu deialdiak.

14. artikulua.– Zentsura-mozioa aurkezteko batzarra.

Batzar Orokorraren helburua Gobernu Batzordearen edo batzordekideetako baten aurkako zentsura-mozioa aurkeztea bada, bakarrik eratuko da eta ondorioak izango ditu, baldin eta elkargokideen % 20ak baino gehiagok parte hartzen badute.

Quorum hori baldin badago, zentsura-mozioa onartzeko, Elkargoa osatzen duten eta Batzarrera bertaratu direnen gehiengo osoak eman behar du aldeko botoa.

3. ATALA. GOBERNU BATZORDEA

15. artikulua.– Eskumenak.

Honako hauek dira Elkargoaren Gobernu Batzordearen eskumenak:

a) Elkargoaren ordezkari ofiziala izatea.

b) Batzar Orokorraren erabakiak gauzatzea.

c) Ohiko Batzar Orokorraren eta apartekoen deialdia egitea.

d) Elkargoaren adierazpen ofizialeko organoak kontrolatzea eta gainbegiratzea.

e) Etengabeko prestakuntza programatzea, Bizkaian egiten diren ikastaroak eta biltzarrak antolatzea, eta zientzia-elkarteei laguntzeko eta horiekin lankidetzan aritzeko politika zehaztea.

f) Aurreproiektuen, erregelamenduen, kodeen eta gainerako arauen zirriborroak egitea.

g) Elkargoaren ondasun higiezinak, altzariak, instalazioak eta, oro har, ondarea zaintzea eta mantentzea.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluak aztertu behar dituen gaiak prestatzea.

i) Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko, Bizkaiko Foru Aldundiko edo tokiko administrazioen legegintza-proposamenei buruzko txostenak egitea.

j) Elkargoaren aurrekontu-proiektua betearaztea eta onartutako aurrekontuen kudeaketa, aurrekontuei buruzko araudian xedatutako eskumenen mugak errespetatuz.

k) Estatutuek Elkargoari esleitzen dizkioten diziplina-egitekoak gauzatzea; horrelakoetan, instrukzio-egile bat eta idazkari bat izendatuko dira, espedientearen instrukzioa egin eta, deontologia-batzordeari entzun ondoren, ebazpen-proposamena presta dezaten.

l) Lanbidearen irudia Bizkaian hedatzeko neurriak sustatzea eta onartzea.

m) Elkargokideei Gobernu Batzordearen jardueraren eta haiengan eragina izan dezaketen kontu guztien berri ematea.

n) Erakunde eta korporazio publikoekin eta lanbideko gainerako erakundeekin lankidetza-harremanak egitea eta lanbidearteko gatazketan jarraitu beharreko irizpideak finkatzea.

o) Albaitaritzaren arloan Bizkaian ematen den laguntzari buruz zer ikerketa soziosanitario eta profesional egin behar diren erabakitzea.

p) Albaitaritzak Bizkaian dituen arazoak konpontzeko ekimenak sustatzea.

q) Hainbat beka eta sari sortzea eta sustatzea.

r) Batzarrak eskuordetzan ematen dizkion egiteko guztiak betetzea.

16. artikulua.– Gobernu Batzordearen bilerak.

1.– Gobernu Batzordeak araudi bat prestatu eta onartu ahal izango du, bere bilkurak arautzeko eta lana antolatzeko.

2.– Gobernu Batzordea hilean behin bilduko da gutxienez; bestela, ohiz kanpoko bilerak egin daitezke, landu beharreko gaiak hala eskatzen duenean edo hiru elkargokidek idatzizko eskaera aurkezten dutenean.

3.– Gobernu Batzordea eratzeko, kideen erdiek gehi batek egon behar du bertan, bestela ezin izango da bilkurarik egin.

4.– Deialdiak idazkari kargua betetzen duenak egingo ditu, lehendakariaren aginduz, idatzizko edozein komunikazio-bide erabiliz eta bost egutegi-egun lehenago, presako kasuetan izan ezik, halakoetan epea hogeita lau ordukoa izan daiteke eta.

5.– Erabakiak bertaratuen gehiengo soilez hartuko dira (kideen erdiak gehi bat). Berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren botoa kalitatezkotzat edo ebazletzat hartuko da.

6.– Ez da eskuordetutako botorik onartuko.

4. ATALA. PERTSONA BAKARREKO KARGUAK

17. artikulua.– Lehendakaritza.

1.– Lehendakariari dagokio:

a) Elkargoaren ordezkari izatea egintza eta kontratu guztietan, baita era guztietako agintari, auzitegi eta epaitegien aurrean ere, estatutu hauetan aipatzen diren mugak errespetatuta, eta behar diren mandatuak emateko ahalmenarekin.

b) Bideratu behar diren txosten eta komunikazioak onestea eta Gobernu Batzordearen erabakiak betetzea edo betearaztea.

c) Estatutu hauetako xedapenen arabera dagozkion eskubide guztiak erabiltzea eta obligazio guztiak betetzea.

d) Gobernu Batzordearekin batera, izapide hutsa ez diren komunikazio eta idazki guztiak onestea.

e) Diruzainarekin edo Gobernu Batzordeak horretarako berariaz izendatutako beste edozeinekin, Elkargoaren obligazioak betetzeko egin behar diren ordainketak ikus-onestea, aurrekontuetan agertzen diren zenbatekoen arabera.

f) Gobernu Batzordearen akta eta egiaztagiriak, baita gainerako akta eta egiaztagiriak ere, ontzat ematea edo bere oniritzia jartzea ematea.

g) Ohiko zein aparteko batzarren deialdia egitea, batzarburu izatea, bilkurei amaiera ematea, batzarretan ordena zaintzea eta hitza ematea, Gobernu Batzordeak justifikatutako arrazoiengatik zeregin horiek beste kide bati espresuki esleitu dizkionean edo lehendakaritza eta landu beharreko gaiak bateraezinak direnean izan ezik.

h) Gobernu Batzordearen erabakiz, egoki iritzitako batzordeak, batzorde txostengileak edo lantaldeak izendatzea, Elkargoaren egitekoak hobeto betetzeko eta horren eskumen diren gaiak edo interesak aztertu eta ebazteko.

i) Edozein batzorde, batzorde txostengile edo lantaldeko buru izatea edo zeregin hori batzorde eragileko beste edozein kideri eskuordetzan ematea.

j) Elkargoaren eskumenekoak diren gaietan, Elkargoari eta ekimena duten kideei informazioa ematea.

k) Elkargoaren ohiko jarduera administratibo eta ekonomikoa burutzeko behar diren egintza guztiak gauzatzea.

2.– Lehendakariak ezin izango du Elkargoaren izenean kontraturik sinatu edo obligaziorik hartu, baldin eta aldez aurretik Gobernu Batzordearen baimenik lortu ez badu.

3.– Lehendakariak ahalegin bereziak egingo ditu elkargokideen arteko harremanak harmoniatsuak eta estuak izan daitezen, eta liskarrak, edonolakoak izanik ere, Elkargoaren barruan konpontzen saiatuko da.

18. artikulua.– Lehendakariordetza.

Lehendakariordeak Gobernu Batzordeak ematen dizkion egiteko guztiak izango ditu, eta bere gain hartuko ditu lehendakariaren eginkizunak, lehendakaria kanpoan bada, gaixorik badago, abstenitu bada edo kargua hutsik badago.

19. artikulua.– Idazkaritza.

Honako hauek dira idazkariaren eskumenak:

a) Gobernu Batzordearen erabakiak eta Gobernu Batzordeak, estatutuekin bat, ematen dituen ebazpenak legezkoak direla zaintzea.

b) Elkargoaren dokumentazioa zaintzea.

c) Aurreko idatz-zatietan aipatutako helburuak betetzeko egin beharreko jarduera guztiak egitea.

d) Lehendakariari bere eginkizunetan laguntzea, eta arlo tekniko-profesionalean hartu behar diren ekimenak bideratu eta sustatzea.

e) Batzar Orokorraren eta Gobernu Batzordearen aktak egitea, aurreko bilkuretakoak onartzeko aurkeztea eta, hala badagokio, bilkura horietan tratatu beharreko gaiei buruzko irizpena ematea, Gobernu Batzordeak hala aginduz gero.

f) Behar diren akta-liburuez arduratzea, egiaztagiriak egitea eta onestea, baita Gobernu Batzordeak egindako ohiko komunikazio eta zirkularrak ere onestea.

g) Bizkaiko elkargokideen errolda egitea, sozietate profesionalen erregistro orokorra mantentzea, erregistro-fitxategi batean edo euskarri informatikoan, beharrezko datu eta xehetasun guztiekin.

h) Elkargoaren administrazioak era egokian jarduteko behar direnak proposatzea eta kudeatzea.

i) Estatutuak esleitzen dizkioten egitekoak eta Gobernu Batzordeak agindutakoak bideratzea.

j) Elkargoko langileen burua eta bulegoen arduraduna izatea.

k) Karguaren berezko egitekoetan eskumen osoz aritzea. Horretarako, gaiaren arabera egoki ikusten dituen txostenak eta jarraibideak eskatu ahal izango dizkio Aholkularitza Juridikoari edo beste edozeini. Hala ere, txosten horiek ez dira lotesleak izango idazkariarentzat.

l) Erregistro juridiko-administratiboko sarrera-irteeren liburua kontrolatzea.

20. artikulua.– Diruzaina edo ekonomia arloko bokala.

Hauek dagozkio diruzainari edo ekonomia arloko bokalari:

a) Elkargoaren funtsak biltzea eta jagotea bere ardurapean; kutxan Gobernu Batzordeak erabakitako diru kopurua bakarrik egon daiteke, ez handiagoa.

b) Diru-sarreren eta -irteeren liburuez arduratzea, behar diren formalitateak betez.

c) Hiru hilean behin, diru-sarreren eta gastuen kontuak egitea eta Gobernu Batzordeari aurkeztea, hark onar ditzan.

d) Kontu korronteak ireki eta ixtea, eta dirua sartu edo ateratzea.

e) Gobernu Batzordeak hala erabakiz gero, gordailuak sortzea edo deuseztatzea, bere sinadura lehendakariaren edo horretarako izendatutako kide baten sinaduraren ondoan jarrita.

f) Elkargoaren diru-sarreren eta gastuen urteko kontuak egitea, eta lehenengo Gobernu Batzordeari, eta gero, Batzar Orokorrari aurkeztea, haien onespena lortzeko.

g) Elkargoaren jardun arrunterako sarrera-irteeren aurrekontua egitea, hurrengo ekonomia-ekitaldirako; Gobernu Batzordearen onespena lortzea, eta gero, Batzar Orokorrarena ere.

h) Elkargoaren Gobernu Batzordeari eta Batzar Orokorrari, halakorik eskatzen badiote, Elkargoaren ekonomia-bilakaeraren berri ematea.

i) Urtero, Diruzaintzako kontua aztertzea eta txostena egitea.

j) Elkargoaren altzari, tresna eta gauzen inbentarioa egitea eta, urtero, Gobernu Batzordeari eskuratutako, kendutako eta hondatutakoen berri ematea.

k) Gobernu Batzordearen bilkuretan egiaztatu beharreko ordainketen zerrenda aurkeztea.

l) Gobernu Batzordeak esleitutako beste egiteko batzuk betetzea.

21. artikulua.– Pertsona bakarreko karguei ordain-sariak ordaintzeko aukera.

Gobernu Batzordearen proposamenez, Elkargoko pertsona bakarreko zenbait karguk dietak jaso ahal izango dituzte; horretarako behar diren partidak ez ezik, Elkargoaren eta kideen ordezkaritza-gastuak behar bezala ordaintzeko partidak ere finkatuko dira urteko aurrekontuetan.

22. artikulua.– Karguen iraupena eta horiek uzteko arrazoiak.

1.– Pertsona bakarreko organoen agintaldia lau urtekoa izango da, karguaz jabetzen diren egunetik zenbatzen hasita. Dena den, iraupen berbereko beste agintaldi baterako edo batzuetarako hautatuak izan daitezke.

2.– Pertsona bakarreko organoetako kargua uzteko arrazoiak honako hauek izan daitezke:

a) Agintaldia amaitzea eta kargudun berriak karguaz jabetzea.

b) Karguari borondatez uko egitea.

c) Estatutuek karguan aritzeko eskatzen diren baldintzak jadanik ez betetzea.

d) Urtean zehar deitutako bileretara justifikaziorik gabe huts egitea, hiru aldiz segidan edo lau aldiz tarteka. Aldez aurretik kontraesaneko espedientea irekiko da.

e) Estatutu hauetako arauen arabera onartutako gaitzespen- edo zentsura-mozioa.

f) Diziplinazko arau-hauste larri edo oso larri baten ondoriozko zehapena, administrazioak, epaileak edo korporazioak emandako ebazpen irmo baten bidez ezarritakoa.

23. artikulua.– Agintaldian zehar hutsik gelditzen diren karguak betetzea.

1.– Lehendakaritza hutsik gelditzen bada, dagozkion egitekoak lehendakariordeak hartuko ditu bere gain.

2.– Gobernu Batzordeko karguren bat agintaldiko bigarren zatian hutsik geratuz gero, Gobernu Batzordeak berak aukeratuko du –elkargokide guztien artean– kargu huts hori beteko duen pertsona.

3.– Gobernu Batzordeko bi kargu baino gehiago hutsik gelditzen badira edo aurreko paragrafoan adierazitako moduan bete ezin izan badira, hauteskunde aurreratuak egingo dira.

Artikulu 24.– Konfiantza-galdekizuna.

1.– Gobernu Batzordeak borondatez egin diezaioke men Batzar Orokorraren konfiantzazko botoari, egoera dela eta hori egitea komeni dela iritziz gero.

2.– Horrelakoetan, Gobernu Batzordeko kideek ezin izango dute boto-eskubidea erabili.

3.– Konfiantza eman dela joko da bertaratutakoen gehiengo soilak aldeko botoa ematen duenean.

4.– Konfiantza-galdekizuna gainditu ezean, gaitzespentzat hartzea ekarriko du, baita Gobernu Batzordea kargutik kentzea ere; ondorioz, kargu horiek betetzeko hauteskundeetarako deialdia egin beharko da, estatutu hauetan xedatutako hauteskunde-sistemaren arabera.

25. artikulua.– Gaitzespena.

1.– Gobernu Batzordeko kideak banan-banan gaitzestea proposa dezake Batzar Orokorrak. Gobernu Batzorde osoa gaitzestea 26. artikuluan jasota dago (zentsura-mozioa).

2.– Eskaera elkargokideen % 20k sinatu behar dute, mozioaren arrazoiak garbi azalduta.

3.– Gaitzespen-mozioak ondorioak izateko, Batzarrean emandako botoen erdiek gehi batek aldekoak izan behar dute. Batzarrean kide guztien herenak gehi batek egon behar dute gutxienez.

4.– Gaitzespen-mozioak aurrera eginez gero, gaitzetsitako Gobernu Batzordeko kideek beren karguak utziko dituzte eta, gaitzespena onartu duen batzarrean bertan, organo kudeatzaile bat eratuko da, gehienez ere hilabeteko epean hauteskundeetarako deialdia egin dezan.

5.– Gaitzespen-mozioa proposatu dutenek ezin izango diote beste bat aurkeztu Gobernu Batzordeari, harik eta urtebete igaro arte.

6.– Agintaldiko azken seihilekoan ezin izango da gaitzespen-moziorik aurkeztu.

26. artikulua.– Zentsura.

1.– Batzar Orokorrak Gobernu Batzordeko kideak kargutik kentzea erabaki dezake zentsura-botoaren bidez.

2.– Eskaera elkargokideen % 20k gutxienez sinatu behar dute, mozioaren arrazoiak garbi azalduta.

3.– Eskaera aurkeztuta, gehienez ere hilabeteko epea izango du Gobernu Batzordeak Batzar Orokorra deitzeko, batzarra egin baino hamabost egun lehenago.

4.– Zentsura-mozioetan, Batzar Orokorreko kideek boto bana izango dute. Gobernu Batzordeak ezin izango du botorik eman.

5.– Zentsura-mozioa onartzeko, Elkargoa osatzen duten eta artikulu honetan ezarritako moduan horretarako deitutako Batzarrera bertaratu diren kideen gehiengo osoak eman beharko du aldeko botoa.

6.– Zentsura-mozioak aurrera egiten badu, zentsuratutako Gobernu Batzordeko kideek beren karguak utziko dituzte; horrenbestez, zentsurako Batzarrean bertan organo kudeatzaile bat eratuko da; organo horrek hauteskunde-prozesua abiaraziko du, hilabeteko epean hauteskundeetarako deia eginda.

7.– Zentsura-mozioa proposatzen dutenek ezin izango diote horrelako mozio gehiagorik aurkeztu kargu berari, harik eta urtebete igaro arte.

8.– Agintaldiko azken seihilekoan ezin izango da zentsura-moziorik aurkeztu.

VI. KAPITULUA
COLEGIO OFICIAL DE VETERINARIOS DE BIZKAIA - BIZKAIKO ALBAITARIEN ARGI LEGEZKO ELKARGOAREN LANGILEAK

27. artikulua.– Elkargoaren langileak.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko langileek indarreko lan-legeriak aitortutako eta adierazitako eskubideak eta obligazioak izango dituzte.

Elkargoko langileen eskubide eta obligazioak barne araubide batean jasoko dira, lan-legeria errespetatuta. Araubide hori Gobernu Batzordeak egingo du eta Batzar Orokorraren esku utziko du. Bertan, organigrama, lanpostu bakoitzaren deskribapena eta urteko ordainsari gordinak jasoko dira.

28. artikulua.– Izendapenak, kargu-uzteak eta kargugabetzeak.

Gobernu Batzordea arduratuko da Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko langileak –lan-kontratu finkokoak, behin-behinekoak edo aholkulariak– izendatzeaz, kargutik bereizteaz, kargu uzteaz, kargugabetzeaz eta abar, eta Batzar Orokorrari jakinaraziko dizkio egoera horiek. Proposamena, berriz, Elkargoko idazkaritzak egingo du, bera baita langileen burua.

Lan-araudian finkatutako prozedura erabiliko da neurri horiek hartzeko edo zehapenak edo diziplinazko zuzenketak ezartzeko. Nahitaezkoa izango da kargugabetze-espedienteari hasiera ematea.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko langileei loturiko izapide ofizialetarako, lehendakaria hartuko da lan-enpresako burutzat, eta idazkaria enpresa horretako langileen burutzat.

29. artikulua.– Gizarte-prestazioak.

Langile horiek elkargo-antolakundearen gizarte-prestazioak izango dituzte, betiere, beren borondatez eta Gobernu Batzordeak aldez aurretik irizpena emanda.

VII. KAPITULUA
PERTSONA BAKARREKO KARGUEN HAUTESKUNDE-ARAUBIDEA

30. artikulua.– Aplika daitekeen araudia.

1.– Hauteskunde-araubidean Estatutu hauetan xedatutakoa eta Elkargoak kargu horietarako garatzen dituen gainerako arauak beteko dira Gobernu Batzordeko kide bakarreko karguak betetzeko.

2.– Batzar Orokorrak hauteskunde-araubidearen berariazko erregelamendu bat onar dezake. Bertan garatuko du kapitulu honetan xedatutakoa, hain zuzen ere: hauteskunde-batzordearen eta hauteskunde-mahaiaren osaera; horiek aukeratzeko modua; hauteskundeetarako deialdiaren forma eta ondorioak; eskakizunak; hautagai-zerrendak aurkezteko eta aldarrikatzeko epeak; kanpainan eta hauteskunde-egunean jarduteko era eta, azkenik, bozkatzeko, botoak zenbatzeko eta karguaz jabetzeko era.

3.– Itxiak –oro har bozkatuko direnak– edo irekiak izan daitezke Gobernu Batzordeko karguetarako hautagaien zerrendak.

31. artikulua.– Hauteskundeetarako deialdia egiteko arrazoiak eta deialdiaren izaera.

1.– Honako egoera hauetan egingo da hauteskunde-deialdia:

a) Lau urteko agintaldia amaitzen denean.

b) Gobernu Batzordeko kide gehienek hala erabakitzen dutenean.

c) Gobernu Batzordeko karguak hutsik geratu edo gaitzetsiz gero.

2.– Deialdiaren izaera.

Gobernu Batzordeak berak egingo du Gobernu Batzorde osorako zein hango kargu baterako hauteskunde-deialdia; erabakia aktan jasoko da, deialdiaren justifikazioekin batera, eta honako puntu hauek jasoko dituen hauteskunde-egutegiarekin batera:

a) Hautagaiak aurkezteko data: erabakia hartu eta egutegiko hogeita hamar eguneko epea beharko da gutxienez.

b) Hautagaiak aldarrikatzeko eta hauteskunde-mahaia izendatzeko data, zeinak Gobernu Batzordearen bilkura batean egingo baitira; hautagaiak aurkezteko epea amaitu eta biharamunean egingo da aldarrikapena.

c) Hauteskundeak egiteko data –hauteskunde-kanpainarako egutegiko hogei eguneko epea egon behar da gutxienez–; botoa emateko tokia –ezustekorik izan ezean, Elkargoaren egoitza izango da–; eta botoa emateko ordutegia –gutxienez hiru ordu segidan–.

d) Hautatuak karguaz jabetzeko data –hauteskundeak egin eta hogeita hamar egun igaro aurretik baino lehen–.

Deialdiari buruzko ebazpenari eta hauteskundeetako egutegiari behar besteko publizitatea emango zaie. Hortaz, Elkargoaren buletinean –Bizkaiko Albaitaritza aldizkarian– edo komunikabideetan eta Elkargoko iragarki-taula ofizialean argitaratuko dira.

32. artikulua.– Hautagai izateko baldintzak.

1.– Elkargokide guztiak izan daitezke Gobernu Batzordeko karguetarako hautagaiak, baldin eta Espainiako edo Europar Batasuneko estatu bateko nazionalitatea badute, eskubide hori aitortu bazaie Batasuneko eta Espainiako legerian, eta artikulu honetako eskakizunak betetzen badituzte.

2.– Ezin izango dira hautagaiak izan lanbiderako desgaikuntza badute, edo Elkargoaren eskubide guztiak edo eskubide zibil guztiak ez badituzte, edo Elkargoko ordainketak egunean ez badituzte.

3.– Ezin izango dira hautagaiak izan legeak xedatutako bateraezintasunen araubidearen mende daudenak.

4.– Hautagaiak Gobernu Batzordeko kargu bakar baterako aurkeztu ahal izango dira.

5.– Hautagai izateko baldintza guztiak bete beharko dira deialdia egiten denerako.

33. artikulua.– Hautesleak.

1.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko kide guztiek izango dute bozkatzeko eskubidea, baldin eta Elkargoarekiko obligazioak edo deialdia egiten den unean sortuta dauden bestelako gastuak kitatuta badituzte eta legearen edo estatutu hauen araberako debekurik edo ezintasunik ez badute.

2.– Hautesleek eskubidea dute beren botoa askatasunez eta ezkutuan emateko.

34. artikulua.– Hautagai-zerrendak.

Hautagai-zerrendak idatziz aurkeztuko zaizkio Gobernu Batzordeari, horretarako adierazitako epean; idazki horretan, halakorik nahi izanez gero, hautagai bakoitzak bere artekaria izendatuko du, zeinek hauteskunde-mahaian parte hartuko baitu.

Honako bi modu hauek onartuko dira hauteskundeetan parte hartzeko:

a) Norbera banaka; elkargokideak kargu jakin baterako aurkezten du bere burua: lehendakari, lehendakariorde, idazkari, diruzain edo bokal izateko.

b) Hautagai-zerrenda osoa; hautagaien talde bat kargu guztiak betetzeko aurkezten da: lehendakari, lehendakariorde, idazkari, diruzain karguak eta, horietaz gain, 5.2.e) artikuluan jasotako bokalenak.

Beste aukera hau ere onartuko da: batzordekide izateko bada, hautagai titularrarekin batera ordezko bat adieraz daiteke, kargutik kendu edo kargua uzten den kasurako.

Hautagaiak edo hautagaitzak erabaki bidez aldarrikatuko dira behin-behinekoz Gobernu Batzordeak horretarako egindako bilera batean, eta elkargokide guztiei helaraziko zaie erabakia.

35. artikulua.– Hauteskunde Mahaia.

1.– Osaera.

a) Hiru elkargokidek eta horien ordezkoek osatuko dute; kideak zozketa publikoz aukeratuko dira bozkatzeko eskubidea duten elkargokide guztien artean, behin hautagai direnak baztertuta. Izendapena nahitaez onartu behar da, salbu eta ez onartzeko arrazoi sendoak aurkezten bazaizkio Gobernu Batzordeari.

Halaber, hauteskunde-mahaiaren parte izango dira hautagaiek izendatutako artekariak, begirale gisa, hau da, hitza izango dute, baina botorik ez. Ordezkatzen dituzten pertsonen interesak zainduko dituzte artekari horiek (hautagaitza bakoitzeko bat), eta eskubidea izango dute aurkaratzeko eta erreklamatzeko, eta aurkaratutakoa edo erreklamatutakoa hauteskunde-aktan agerrarazteko. Era berean, botoak garbiak eta argiak diren gainbegiratzeaz, baita bozketan gertatzen diren arazo edo anomalia guztiak jasotzeaz ere arduratuko dira.

b) Hautagaien behin betiko aurkezpena egin aurretik izendatuko dira.

c) Gobernu Batzordeak hauteskunde-mahaiko hiru kideetatik antzinatasun handienekoa lehendakari izendatuko du eta antzinatasun txikienekoak idazkari lanak egingo ditu.

d) Hauteskunde-mahaiaren izendapena Elkargoaren aldizkarian eta iragarki-ohol ofizialean emango da argitara.

2.– Egitekoak.

a) Botoa emateko txartel ofiziala prestatuko du, zeinetan agertuko baita Elkargoaren menbretea, eta honako hauek adieraziko baitira Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bietan: hautatuko diren karguak eta horietako bakoitzerako hautagaiak, izen osoa eta bi abizen jarrita, alfabetoaren arabera ordenatuta eta zenbakituta. Hortaz, hautesleak X bat baino ez du jarri beharko aukeratzen dituen izenen ondoan.

b) Gutun-azalaren eredua onartuko du. Gutun-azal horien barruan sartuko dira boto-txartel ofiziala, gero hautestontzian sartzeko.

c) Boto-eskubidea duten elkargokide hautesleen zerrenda ofiziala egingo du, idazkariak emandako informazioa abiapuntu hartuta. Zerrenda hori argitara emango da Elkargoaren iragarki-oholean, eta hautagai guztiei bidaliko zaie boto-txartelaren eta gutun-azalaren eredu ofizialekin batera.

d) Hauteskunde-propagandarako egiten dituzten dokumentuen ale bana eskatuko die hautagaiei.

e) Gobernu Batzordearen Idazkaritzaren laguntzarekin, boto-eskubidea duten elkargokide guztiei helaraziko die boto-txartel eta gutun-azal ofizial bana, boto-eskubidea erabil dezaten; halaber, haren erantzukizuna izango da kontsulta egiten den egunean, Elkargoaren egoitzan, behar beste ale eta hautetsontzi bat egotea.

f) Mahaiak, berau izendatu eta biharamunean, eta hautagaiak aurkezteko epea amaitzen denetik gutxienez egun batera eta gehienez bost egunera, aparteko bilkura egingo du onartutakoen eta baztertutakoen behin betiko zerrendak aurkezteko; horrez gain, akta bat egingo du eta jasota utziko ditu hautagaiak ez onartzeko arrazoiak. Onartu ez diren hautagai-zerrendetako kideek idatziz eta 24 orduko epean eska diezaiokete hauteskunde-mahaiko buruari ebazpen ziodun bat egin dezan –idatziz ere bai– eta arrazoiak adierazita.

g) Baztertutako hautagai-zerrendetakoek errekurtsorik jartzen badute, errekurtsoa aurkeztu ondorengo bi egunetan emango da ebazpena. Ebazpena aldekoa bada, iragarki-oholean jarriko da hautagai-zerrenda berria, eta hautagai guztiei jakinaraziko zaie; aurkakoa bada, berriz, baztertutako hautagai taldeak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoari –halakorik osatzen denean–, edo, bien bitartean, Espainiako Albaitarien Elkargo Ofizialen Kontseilu Orokorrari. Dena den, errekurtsoa jartzeak ez du hauteskunde prozesua etengo.

h) Elkargoko Idazkaritzaren laguntzaz, hautagaien behin betiko zerrendak egin, Elkargoaren iragarki-oholean jarri, eta horretarako zerrendetan adierazitako helbideetan jakinaraziko dizkio hautagai bakoitzari.

i) Hauteskunde-egunean, zaindu egingo du ea dena behar bezala egin den, botoak zenbatu, aktak idatzi, eta hautatutako karguak aldarrikatuko ditu.

36. artikulua.– Hauteskunde-kanpaina.

Hautagaiek hauteskunde-propagandarako jarduerak egin ditzakete, betiere, beste hautagaiei errespetua galdu gabe edo horien izena zikindu gabe eta lurralde osoan bete beharreko deontologia-kodearen aurka jo gabe.

Baldintza horiek bete ezean, pertsona hori hautagai-zerrendatik kentzea erabakiko du hauteskunde-mahaiak.

Erabaki hori aurkara daiteke, idatziz eta 24 orduko epean; hauteskunde-mahaiak beste horrenbeste denbora izango du ebazpena emateko. Hori gorabehera, baztertutako hautagaiak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoko Kontseiluari –eratzen denean– edo Elkargoen Kontseilu Orokorrari, baina horrek ez du hauteskunde prozesua etengo.

37. artikulua.– Bozkatzeko prozedura.

1.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren egoitzan dagoen hauteskunde-mahaian izango dira hauteskundeak. Boto guztiak hautetsontzi batean sartuko dira, eta hori egin aurretik, hauteskunde-mahaiak egiaztatuko du hautetsontzia hutsik dagoela; gero, mahaiburuak zigilatuko du kontsultari hasiera eman baino minutu batzuk lehenago.

2.– Bi modu bakarrik egongo dira boto-eskubidea gauzatzeko:

a) Pertsonalki Hauteskunde-egunean Elkargoaren egoitzara joango da hauteslea, horretarako adierazitako ordutegian; mahaian identifikatu egingo da, eta egiaztatuko du boto-eskubidea gauza dezakeela; gero, gutun-azala hautetsontzian sartuko du hautesleak. Hauteskunde-mahaiko idazkariak «P» bat idatziko du boto-eskubidea gauzatu duen hauteslearen izenaren ondoan, hautesle-zerrenda ofizialean.

Hautesleak hala eskatuz gero, ziurtagiria egingo zaio, hauteskunde-mahaiko idazkariak sinatuta eta mahaiburuak ontzat emanda; ziurtagirian adieraziko dira hauteslearen izena, botoa eman duen eguna eta ordua, baita agiria emateko xedea ere.

b) Posta bidez bozkatzea. Hautesleak, behar besteko aurrerapenarekin, boto-txartel ofiziala bidaliko du Elkargora, gutun-azal ofizial itxi batean sartuta. Gutun-azal hori beste batean sartuta joango da, itxita hori ere, eta horren aurrealdean «Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko hauteskunde-mahaia» jarriko du; atzealdean, berriz, bere izen-abizenak, helbidea, elkargokide-zenbakia eta sinadura. Botoa honela bidaliko du:

– Ziurtatutako postaz.

– Mezularien bitartez.

Gutun-azala Elkargora heltzen denean, erregistratu egingo da, igorlearen izena eta sarrera-data jasota, eta berehala jarriko da zaintzapean, hauteskunde-mahaiko buruak dioen tokian, hauteskundeak egin arte.

Egunero, Gobernu Batzordeko idazkariak emango dio hauteskunde-mahaiko buruari erregistroen berri, igorlearekin nahi beste egiaztapen egin dezan, egoki iritziz gero.

3.– Gobernu Batzordeak ez du erantzukizunik izango hauteskunde-mahaiari igorritako gutun-azalen zaintzan.

4.– Hauteskunde-egunean, botazioen hasieran, mahai gainean jarriko dira postaz jasotako gutun-azal guztiak; izan ere, igorleen eskura jarriko dira botoa aldatzeko edo beraiek zuzenean sartzeko aukera izateko; botazioak amaitu baino ordu erdi lehenago, hauteskunde-mahaiko buruak egiaztatu beharko du igorle horiek hautesle-zerrenda ofizialean agertzen direla, «C» batez markatuko du posta bidezko eskubidea gauzatu bada, eta gutun-azalak zabaldu eta hautetsontzian sartuko ditu banan-banan.

5.– Ez da eskuordetutako botorik onartuko.

38. artikulua.– Botoen zenbaketa.

Botoa emateko epea amaituta, hauteskunde-mahaiko buruak hautetsontziaren zigilua kendu eta barruan botoak dituzten gutun-azalak irekiko ditu.

Ondoren, botoak zenbatzen hasiko da hauteskunde-mahaiko buruak adierazten duen moduan; jendaurrean egingo da zenbaketa.

Artxibatuta geratuko dira boto-txartel ofizialak eta posta bidezko igorleen gutun-azalak, hauteskunde-mahaiaren eskura, gutxienez zortzi eguneko epean; epe hori amaituta, hauteskunde-mahaiko idazkariak suntsitu egingo ditu txartelak.

39. artikulua.– Hauteskunde-eguneko akta.

Hauteskunde-mahaiko idazkariak akta bat egingo du, honako kontu hauek aipatuta:

– Zein egunetan egin zuen Gobernu Batzordeak hauteskunde-mahaia eta mahaiburua izendatzeko bilera.

– Hauteskunde-mahaia nola geratu den eratuta: karguak eta alde bateko artekariak.

– Boto-eskubidea duten elkargokideen kopurua eta hautesleen zerrenda ofiziala, aktari erantsita.

– Zer ordutan hasi diren hauteskundeak.

– Zer ordutan amaitu diren hauteskundeak eta zenbat boto erregistratu den guztira.

– Aurrez aurre emandako eta hautesle-zerrenda ofizialean «P» batez markatutako botoen kopurua.

– Postaz bidalitako eta hautesle-zerrenda ofizialean «C» batez markatutako botoen kopurua.

– Kargu bakoitzerako hautagaien zerrenda, eta horietako bakoitzak lortutako botoen kopurua.

– Boto zurien kopurua.

– Boto nuluen kopurua eta arrazoiak.

– Baliogabeko botoen kopurua eta baliogabetu izanaren arrazoia.

– Hauteskunde-mahaiko kideez gain, botoen zenbaketan ikusle gisa bertan egon direnen zerrenda.

– Balizko erreklamazioak edo gorabeherak.

Aktako orrialde zenbakitu guztiak hauteskunde-mahaia osatzen duten kideek sinatuko dituzte.

Aktaren kopia bat berehala jendaurrean jarriko da, Elkargoaren iragarki-ohol ofizialean, gutxienez zortzi egunez.

Berehala, beste kopia bati igorriko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari, edo, bestela, Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiar.

Hauteskundeak egin eta bost egun igaro aurretik, aktaren laburpen bat Bizkaiko Albaitaritza aldizkarian argitaratuko da, Elkargoaren adierazpen-organo ofiziala baita. Gutxienez emaitzak adieraziko dira laburpen horretan.

40. artikulua.– Hautagaiak aldarrikatzea.

Boto gehien lortzen dituena izango da irabazle; berdinketa-kasuetan, berriro egingo dira hauteskundeak, hogeita hamar egun igaro aurretik.

Hautatuek gehienez ere 15 eguneko epea izango dute karguaz jabetzeko.

41. artikulua.– Erreklamazioak.

1.– Hauteskundeetako gorabeherak eta aurreko artikuluan aipatutako akta hogeita lau orduko epean errekurritu ahal izango dira hauteskunde-mahaiaren aurrean. Errekurtsoa epe berean ebatziko da, arauz ezarritako prozedurari jarraikiz.

2.– Hauteskunde-mahaiak emandako ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluari eta, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari. Administrazio bidea agortuta, administrazioarekiko auzietarako dagokion auzitegian jar daiteke errekurtsoa. Errekurtsoak jarrita ere, ez da etengo ebazpenak betearaztea.

VIII. KAPITULUA
EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA ETA HORIEN AURKA EGITEA

42. artikulua.– Eskumen organikoak.

Eskumenari ezin zaio uko egin, eta esleituta duen elkargo-organoak erabiliko du.

43. artikulua.– Eraginkortasuna eta deuseztatzea.

1.– Elkargoaren egintzak Administrazio Zuzenbidearen menpe badaude, lanbide-elkargoei buruzko legedian eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoan xedatutakoa edo horiek ordezkatzen edo aldatzen dituzten xedapenen araberakoa izango da horien araubide juridikoa.

2.– Gobernu Batzordearen eta Batzar Orokorraren erabaki guztiak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, baldin eta egoera pertsonalen batean eragina badute. Elkargoan jakinarazitako lanbideko kontuetarako helbidean egingo da jakinarazpena. Hala ere, ezin bada egin indarrean dagoen legeriarekin bat, ebazpena eman duen organoaren iragarki-taulan jarri eta handik hamabost egunera, jakinarazpena egintzat joko da.

3.– Diziplina-araubidean, elkargokideei ezin izango zaie zehapenik jarri, baldin eta aldez aurretik dagokion espedientea ireki eta interesdunei entzun ez bazaie.

4.– Honako kasu hauetan, erabat deusezak izango dira elkargoko organoen egintzak:

a) Konstituzioak babesten dituen eskubide eta askatasunei kalte egiten dieten egintzak.

b) Gaiagatik edo lurraldeagatik eskumenik ez duen organo batek emandako egintzak.

c) Ezinezko edukia dutenak.

d) Zigor-zuzenbideko arau-hauste direnak edo halako baten ondorioz emandakoak.

e) Legez ezarritako prozedura erabat alde batera utziz edo, Estatutu Orokor hauetan xedatutakoaren arabera, kide anitzeko organoek erabakiak hartzeko funtsezko arauak guztiz bazterturik emandako egintzak.

f) Ordenamendu juridikoaren aurkako egintza adieraziak nahiz presuntziozkoak, baldin eta egintza horien bidez horretarako funtsezko baldintzak betetzen ez dituztenek ahalmen edo eskubideak eskuratzen badituzte.

g) Lehia Defendatzeko uztailaren 3ko 15/2007 Legean ezarritako mugak errespetatzen ez dituzten erabaki, ebazpen eta gomendioak.

5.– Deuseztagarriak dira ordenamendu juridikoa hausten duten egintzak, agintea desbideratzen dutenak barne.

6.– Gobernu Batzordeak eten egingo ditu, beti, erabat deusezak diren egintzak eta, gainera, errekurtsoa aurkeztuko du horien aurka.

44. artikulua.– Gobernu Batzordearen egintzen aurkako errekurtsoak.

1.– Gobernu Batzordearen erabakiei gora jotzeko errekurtsoa dagokie, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik. Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari aurkeztu behar zaio errekurtsoa, edo, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, artikulu honetan adierazitako moduan eta kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari aurkeztu aurretik.

2.– Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpen-erabakia jakinarazi eta biharamunetik aurrera, ebazpen-erabakia esanbidezkoa bada. Esanbidezkoa ez bada, urtebeteko epea izango da erabakia hartzen den egunetik aurrera.

3.– Errekurtsoa aurkezteak ez du etengo aurkaratutako egintza betearaztea; hala ere, Gobernu Batzordeak edo Batzar Orokorrak eskumenez erabaki dezakete kautelaz etetea bai hartutako erabakiak beraiek, bai erabaki horien ondorio batzuk, interesdunak eskatuta eta egoki iritzitako arrazoiak alegatuta, edo errekurtsoa jarri delako; kontuan hartuta, batetik, zeinen garrantzitsuak eta larriak izan daitezkeen interesdunari eragindako kalte konponezinak; bestetik, zer-nolako ondorio garrantzitsuak eta larriak ekar ditzakeen erabakia ez betetzeak osasun publikoan edo hirugarrenen artean.

45. artikulua.– Batzar Orokorraren erabakien aurkako errekurtsoa.

1.– Gobernu Batzordeak edo erabakien eraginpeko edozein elkargokidek errekurri ditzake Batzar Orokorraren erabakiak; Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari aurkeztu behar zaio errekurtsoa, edo, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari aurkeztu aurretik, erabakia hartu eta bi hilabeteko epean.

2.– Gobernu Batzordeak uste badu Batzar Orokorraren erabakia oso kaltegarria dela Elkargoaren interesetarako, araubide juridikoaren aurkakoa, edo estatutu hauetan xedatutakoaren aurkakoa, berehala eten dezake erabaki-betearazpena; horretarako, aurreko apartatuan adierazitako errekurtsoa jarriko du dagokion epean.

3.– Batzar Orokorraren erabakien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri nahi duen elkargokide orok eska diezaioke Gobernu Batzordeari erabaki-betearazpena kautelaz eten dezan.

Gobernu Batzordeak eskumenez erabakiko du zer egin, kasuan kasuko inguruabarren arabera eta aurreko artikuluaren 3. apartatuan adierazitako inguruabarrak kontuan hartuta.

IX. KAPITULUA
EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA

46. artikulua.– Ekonomia- eta finantza-autonomia.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoa autonomoa da ondasunak kudeatzen eta administratzen. Hala ere, bere ekarpenak egin beharko ditu Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseilua mantentzeko, horrela xedatzen baita lanbide-elkargoei buruzko Legean eta Albaitarien Elkargo-antolakundearen Estatutu Orokorretan.

Artikulu 47.– Aurrekontuak egitea eta likidatzea.

1.– Urteko azken hiruhilekoan, Gobernu Batzordeak sarreren eta gastuen aurrekontuaren proiektua onartuko du eta, hurrengo urteko martxoaren 30a baino lehenago, elkargokideen Batzar Orokorrari aurkeztuko dio, onespena lortzeko. Aurrekontuak onartzeko Batzar Orokorrean elkargokide bi aukeratuko dira bertan daudenen artean, zeinek aurrekontu horien exekuzioaren auditoria-txosten bat prestatuko baitute exekuzioa dagokion Batzar Orokorrean onartu baino lehen.

2.– Era berean, abenduaren 31n urte horretako aurrekontuen balantzea eta likidazioa itxiko dira, indarrean dagoen kontabilitate-plan orokorraren arabera, eta hurrengo urteko lehenengo hiruhilekoan, Gobernu Batzordeak balantze eta likidazio horiek onartu eta Batzar Orokorrari aurkeztuko dizkio, onar edo errefusa ditzan.

Balantzearekin batera aurkeztuko diren agiriekin batera aurreko apartatuan aipatu den auditoria txostena aurkeztuko da, edo, horren ezean, baimendutako enpresa batek prestatutako auditoria-txostena.

Aldez aurretik, balantze hori iragarki-taulan jarriko da, eta horren berri Bizkaiko Albaitaritza aldizkarian argitaratu eta elkargokide guztiei bidaliko zaie.

Horretaz gain, eskura jarriko da kontabilitateko dokumentazio guztia, edozein elkargokidek, hala nahi izanez gero, eskuratu eta aztertu ahal izateko, elkargokideen Batzar Orokorra egin baino hamabost egun lehenago.

Gobernu Batzordeak onartuko du, uztaileko ohiko bilkuran, ekainaren 30eko egoera-balantzea, Elkargoaren iragarki-oholean jarri, eta horri buruzko informazio zabala emango du argitara Bizkaiko Albaitaritza aldizkarian; informazio hori elkargokide guztiei ere bidaliko die.

48. artikulua.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren baliabide ekonomiko arruntak.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren baliabide ekonomiko arruntak honako hauek dira:

a) Elkargoaren jarduerek sortutako edozein etekin, Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasunak edo eskubideak, eta Elkargoaren banku-kontuetan gordetako funtsak.

b) Elkargoan sartzeko kuotak.

c) Gobernu Batzordeak finkatzen dituen eskubideak, edozein gairi buruzko irizpenak, ebazpenak, kontsultak edo txostenak emateko, ordainsarien arauketak barne. Diru-sarrera horiek ez dira, inola ere, Elkargoak eskainitako albaitari lanbideari dagozkion zerbitzuetatik etorriko.

d) Kuota arrunten zenbatekoak, finkoak zein aldakorrak, eta aparteko kuotak, Gobernu Batzordeak ezarri eta Batzar Orokorrak aldez aurretik onartutakoak.

e) Gobernu Batzordeak ziurtagiriak egiteko finkatutako eskubideak.

f) Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak edo Euskadiko Albaitarien Elkargoen Erkidego Kontseiluak inprimaki ofizialetan eta bestelako ziurtatze-, bermatze eta identifikatze-elementuetan esleitu dezaketen parte-hartzea.

g) Elkargokideei bestelako zerbitzu orokorrak emateagatik jasotako zenbatekoak.

h) Gobernu Batzordeak xedatu edo finkatu, eta Batzar Orokorrak onartutako beste batzuk.

49. artikulua.– Elkargoen aparteko baliabide ekonomikoak.

Honako hauek dira Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren aparteko baliabide ekonomikoak:

a) Diru-laguntzak eta dohaintzak, Elkargoari Estatuak, korporazio ofizialek, erakundeek edo partikularrek emandakoak.

b) Jaraunspenez edo beste edozein tituluren bitartez, Elkargoaren ondare bihurtzen diren ondasun eta eskubideak, era guztietakoak.

c) Beste edozein kontzepturen ondorioz Elkargoak jasotzen dituen kopuruak, baldin eta Elkargoak zenbait ondasun edo errenta administratzen baditu behin-behineko edo behin betiko enkargu bat betetzeko (kulturakoak edo ongintzakoak barne).

d) Legez dagokion beste edozein.

50. artikulua.– Elkargoan sartzeko kuotak.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoan izena emateko, elkargokideek sarrera-kuota bana ordainduko dute. Horren zenbatekoa Gobernu Batzordeak finkatu eta aldatuko du, urterik urtera; elkargokide guztiei horren berri emango zaie, eta kuota hori berdina izango da elkargokidegai guztientzat. Elkargoan sartzeko kuota inola ere ez da izena emateko izapideekin lotutako kostuak baino handiagoa izango.

51. artikulua.– Ohiko kuotak.

Elkargoaren mantentze eta funtzionamendu arrunterako ordaindutakoak izango dira kuota arruntak.

Albaitari elkargokideek, jardunean egon zein ez, nahitaez ordaindu beharko dituzte Gobernu Batzordeak finkatuko eta Batzar Orokorrak onartuko dituen kuota horiek.

52. artikulua.– Aparteko kuotak.

Zorretan egonez gero edo ordainketa bereziak egin behar izanez gero, Gobernu Batzordeak proposatuta, Batzar Orokorrak aparteko kuotak ezarri ahal izango ditu, eta elkargokideek nahitaez ordaindu beharko dituzte.

53. artikulua.– Kuotak biltzea.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak hiru hilabetean behin jasoko ditu kuotak, bai ohikoak, bai apartekoak, hala badagokio.

Gaikuntzak, irizpenak, tasazioak, sinaduren onarpenak, zehapenak eta elkargokideen aldeko zerbitzuak edo prestazioak egin edo emateagatik dagozkien eskubideak ere jasoko dituzte elkargoek.

54. artikulua.– Gastuak.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren gastuak zerbitzuei eusteko behar bestekoak izango dira; ezin izango da aurrekontu onartutik kanpoko ordainketarik egin, justifikatutako kasuetan izan ezik. Horietarako, Diruzaintzako xedapenak kontuan hartuta, kreditu osagarria egoki dezake Gobernu Batzordeak, baina aldez aurretik Batzar Orokorrak onartu beharko du, urteko aurrekontu osoa gainditzen bada.

Ekonomia alorreko bokalak ezin izango du inolako gasturik egin lehendakariaren esanbidezko baimenik gabe.

Elkargoaren kutxan gastuak ordaintzeko behar beste diru egon behar da, eta, ahal dela, ordainketak banku-erakunderen batekin negoziatuko dira.

55. artikulua.– Kuotak ez ordaintzea.

Kuotak behar den epean ordaintzen ez dituen elkargokideak Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren idazki bat jasoko du, ordaindu gabeaz ohartarazteko erreklamazioa, alegia.

Ordaindu gabe jarraitzen badu eta ondoz ondoko bi ordaintze-aldi biltzen baditu, errekerimendua jasoko du kuotak ordain ditzan; horretarako, hamabost eguneko epea emango zaio, eta, epea amaituta, urteko % 20 gehituko, obligazioa ordaindu ezean.

Elkargokideak aurreko apartatuan aipatutako epean eta eran ordaintzen ez badu, gainordaina eta dagozkion zenbatekoak direnak direla, eten egingo zaizkio elkargokide izateagatik dagozkion eskubideak harik eta bere obligazioak ordaindu arte. Etenaldi horrek indar gabe geldituko da, ordea, elkargokideak bere zorrak ordaintzen dituenetik aurrera.

Elkargokideari dagozkion eskubideak etetea ez da diziplina zehapentzat hartu behar.

56. artikulua.– Elkargoaren ondasunak.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren ondarekoak dira edozein titulu juridikoren bidez eta Diruzaintzako saldoaren bidez eskuratzen dituen ondasun higigarri eta higiezin guztiak.

57. artikulua.– Erantzukizunak.

Funtsak erabiltzeko erantzukizuna zuzenean lotuko zaio horiek zaintzeko ardura duenari.

58. artikulua.– Ondasun higiezinak saldu eta erostea.

Ondasun higiezinik salerosteko, berariazko baimena beharko du Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak, legez eta estatutuen arabera eratu eta horretarako bakarrik deitutako elkargokideen ezohiko batzar orokor batek emandako baimena, hain zuzen.

Elkargokideen Batzar Orokorrean gutxienez honako hauek justifikatu beharko dira:

a) Egungo egoitzaren egoera materiala eta araubide ekonomikoa.

b) Elkargoaren ekonomia-funtsen egoera.

c) Kitatu beharreko zorren zenbatekoa, halakorik bada.

d) Higiezinaren kostua, metro karratu eraiki bakoitzeko.

e) Higiezinaren kostu osoa.

f) Altzari egokien aurrekontua, kasuan kasu, lehendik daudenak erabiltzen ez badira.

g) Ordaintzeko modua.

h) Ordainketari aurre egiteko nahikoa diru badagoela egiaztatzen duen agiria.

59. artikulua.– Ondasunen zertarakoa Elkargoa desegin ondoren.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoa deseginez gero, batzorde likidatzaile bat izendatuko da. Zorrak kitatu ondoren ondasunak eta baloreak sobran badaude, albaitaritzaren lanbidearekin zerikusia duten ongintzako erakundeei esleituko dizkie.

X. KAPITULUA
ENKARGU-OHARRAREN EDO AURREKONTUAREN ARAUBIDEA

60. artikulua.– Enkargu-oharra edo aurrekontua.

Elkargokideek beren bezeroei aurkeztuko diete enkargu-oharra edo aurrekontua, eta bertan adieraziko diete, gutxienez, prestazioaren helburuaren zehaztasunak eta aurreikusitako kostua, kontuan hartuta zein jarduera egin behar den edo nolako metodoa erabili behar den horretarako. Bezeroek ados daudela sinatu beharko dute.

XI. KAPITULUA
LANBIDE ORDAINSARIAK

61. artikulua.– Lanbide-ordainsariak eta elkargoen bidez ordainsariak kobratzeko zerbitzua.

1.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak ezin izango du lanbide-ordainsarien inguruko baremo orientagarririk ezarri, ez eta bestelako orientaziorik, gomendiorik, jarraibiderik, araurik edo erregelarik ere.

2.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak lanbide-ordainsariak kobratzeko zerbitzu bat ezarriko du, indarrean dagoen legediari jarraikiz, eta hori borondatezkoa izango da elkargoko kideentzat.

Erregelamendu bidez zehaztuko dira zerbitzu horren ezaugarriak.

II. TITULUA
ELKARGOKIDEEN ERANTZUKIZUNARI BURUZKO ARAUBIDEA
I. KAPITULUA
ERANTZUKIZUN PENALA ETA ZIBILA

62. artikulua.– Erantzukizun penala.

Lanbide-jardunean egiten dituzten delitu eta hutsegiteen ondoriozko erantzukizun penala izango dute albaitariek.

63. artikulua.– Erantzukizun zibila.

Lanbidean diharduten albaitariek erantzukizun zibila izango dute baldin eta, dela doloz, dela utzikeriagatik, beren ardurapean utzitako interesek (kontsumitzaile edo erabiltzaileen interesek, hain zuzen) kalterik jasaten badute. Erantzukizun hori legeria arruntaren arabera eskatuko da justizia auzitegietan.

II. KAPITULUA
DIZIPLINAKO ERANTZUKIZUNA
I. ATALA. DIZIPLINAKO PRINTZIPIO OROKORRAK ETA ESKUMENAK

64. artikulua.– Diziplina-araubidea.

1.– Lanbide-jarduera sozietate profesional baten bidez gauzatzea inola ere ez da oztopo izango elkargokideei Titulu honetan aurreikusitako diziplina-araubidea eraginkortasunez aplikatzeko, kide profesionalak izan edo ez.

2.– Elkargokideek diziplinazko erantzukizuna izango dute, betebehar profesionalak edo Estatutu hauetan araututako betebeharrak hausten badituzte, bestelako erantzukizun zibil, penal edo administratiboak kontuan hartu gabe.

Era berean, Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko zuzendaritza-kargudunek ere diziplinazko zehapenak jaso ditzakete.

3.– Sozietate profesionalak diziplina-erantzukizunaren menpe daude, eta haren eraginpean gertatuko dira legean eta estatutu hauetan ezarritako kasu eta egoeretan, hurrengo 67. artikuluan xedatutako arau-hausteetako bat eginez gero. Sozietate profesionalaren diziplina-erantzukizuna lanbidean dihardun elkargokideari dagokion diziplina-erantzukizuna galarazi gabe ezarriko da, sozietate horren bazkide izan zein ez izan.

65. artikulua.– Diziplina-ahalmena.

1.– Ezin izango da diziplinazko zehapenik ezarri, baldin eta horretarako espedienterik bideratu ez bada, interesdunari entzun ondoren.

2.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren Gobernu Batzordeari dagokio zehapenak ezartzeko ahalmena gauzatzea.

3.– Elkargoetako gobernu batzordeetako kideak epaitzeko eta zehatzeko ahalmena Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluak eta, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Orokorrak izango dute.

4.– Zehatzeko erabakiak betearazi beharrekoak dira. Hala ere, betearazpen-egintzak kalte konponezinak edo konpongaitzak eragin baditzake, organo zehatzaileak erabaki dezake errekurritutako egintza betearaztea etetea, ofizioz zein alderdi batek eskatuta.

5.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak berehala emango dio zehapen guztien berri Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari eta Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari, zehapen horiek lanbide-jarduna etetea badakarte; horrekin batera, espedientearen laburpen bat ere igorriko zaie. Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak probintzia mailako zehapenen erregistro bat izango du, Korporazio honek pertsona fisikoak zein sozietate profesionalak diren elkargokideei ezarritako zehapen guztiak biltzeko. Zehapen horiek, gainera, zehapena jaso duen elkargokidearen espedientean jasota utziko dira, edo, hala badagokio, sozietate profesionalari irekitako orrian, Sozietate Profesionalen Erregistroan.

6.– Jardun profesionala eteteko egintza irmoa denean, Bizkaiko Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak ezarritako zehapenek Espainia osoan izango dituzte ondorioak.

2. ATALA. ELKARGOKIDEEN FALTAK, FALTEN ONDORIOZKO ZEHAPENAK ETA AZKEN HORIEK EZARTZEKO AHALMENA

66. artikulua.– Elkargoek zehatzeko dituzten eskumenak.

Elkargoek diziplinazko zehapena ezarriko diete elkargokideen ekintza zein omisio guztiei, lanbidearen araurik, estatutu orokor eta partikularrik, barne-erregelamendurik, arau deontologikorik edo elkargoetako bestelako araurik hautsi badute.

67. artikulua.– Hutsegiteak.

Elkargoko albaitariek eta sozietate profesionalek egin ditzaketen hutsegite zehagarriak, elkargokideei edo sozietateei egoztekoak, arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

1.– Honako hauek dira hutsegite oso larriak:

a) Albaitarien lanbidean jardutea, Albaitaritzako lizentziaduna izan gabe, hau da, agintaritza eskudunak araututako albaitaritzako ikasketa-tituluaren jabe izan gabe.

b) Estatutu hauetan xedatutako egiteko profesionalak ez betetzea, eta, ondorioz, jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalte larria eragitea. Bereziki, zerbitzuak kontratatzen dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak, baita lanbide-jardueraren hartzaileen eskubideak ere ez errespetatzea edo larriki kaltetzea.

c) Lanbide-isilpekotasuna urratzea.

d) Albaitarien lanbidean jardutea, lanbiderako desgaikuntza edo bateraezintasun- edo debeku-kausaren bat izanda.

e) Albaitarien lanbidean jardutearen ondoriozko dolozko delituak egitea, zeinahi delarik ere parte-hartze maila.

f) Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakundearen estatutuetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuetan hutsegite larritzat jo direnak.

g) Arau-hauste larri bi edo gehiago egitea urte biko epean. Salbuespen izango da hurrengo paragrafoko i) letran aipatzen dena.

1.bis.– Hutsegite oso larriak dira sozietate profesionalek egin ditzaketen eta haiei lepora dakizkiekeen guztiak, artikulu honen 1. zenbakian tipifikatutakoak, a), c) eta e) letretan jasotakoak izan ezik.

2.– Honako hauek dira falta larriak:

a) Estatutu hauetan xedatutako elkargo-arauak urratzea.

b) Elkargo Antolakundeari intrusismo-egintza edo ezohiko jarduera profesional guztiak jakinarazi beharra urratzea, horien berri izanez gero, 18/1997 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Asegurua egiteko eginbeharra ez betetzea.

d) 18/1997 Legearen 13. artikuluan adierazten den betebeharra ez betetzea –nahitaezko jardun profesionalari buruzkoa–, horretarako errekerimendua behar bezala egin bada, zerbitzua egitea ezinezko egiten duen arrazoi justifikaturik izan ezean.

e) Albaitarien, lanbideko gobernu organoen edo lanbidea dela eta elkargokidearekin harremanetan jartzen diren pertsona edo erakundeen duintasunari kalte larria egitea edo horiei eraso fisikoa egitea.

f) Bidegabeko lehian jardutea, aldez aurretik erabaki judizial irmoa emanda.

g) Albaitarien kontseiluen edo elkargo profesionalen –edo horien organoen– ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten egintzak.

h) Halakotzat jo direnak bai Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakundearen estatutuetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuetan.

i) Bi urteko epean bost arau-hauste arin edo gehiago egitea.

2.bis.– Hutsegite larriak dira sozietate profesionalek egin ditzaketen eta haiei lepora dakizkiekeen guztiak, artikulu honen 2. apartatuan tipifikatutakoak, a) eta d) letretan jasotakoak izan ezik.

3.– Honako hauek dira falta arinak:

a) Jarduera profesionala arautzen duen edozein agindu urratzea, baldin eta urratze hori arau-hauste larria edo oso larria ez bada eta horrela xedatzen bada Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren eta Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren estatutu-arauetan, 1.f) eta 2.h) apartatuetan adierazitako moduan.

68. artikulua.– Zehapenak.

Elkargokideak diren albaitariei zehapenak jartzeko, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 16. eta 17. artikuluetan xedatutakoa bete behar da; legea Eusko Legebiltzarrarena da eta indarrean dago.

Sozietate profesionalen kasuan, honako zehapen hauek ezarri ahal izango dira:

1.– Honako hauek izan daitezke arau-hauste oso larriei loturiko zehapenak:

a) Aldi baterako baja Sozietate Profesionalen Erregistroan, gutxienez hilabetez eta gehienez ere bi urtez. Edonola ere, bajak iraun bitartean, sozietatearen lanbide-jarduera etetea ekarriko du.

b) Sozietate Profesionalen Erregistrotik behin betiko kentzea: handik aurrera sozietateak ezin izango du albaitaritza arloko lanbide-jarduerarik egin.

2.– Arau-hauste larriei loturiko zehapenak honako hauek izan daitezke:

a) Ohartarazpen publikoa, zehatzeko ebazpen irmoa Elkargoaren iragarki-taulan edo adierazpideetan eta hedabideetan argitaratuta.

b) Isuna, arau-haustearen aurre-aurreko ekitaldian lortutako etekin garbiaren % 0,5 eta % 3 bitartekoa.

3.– Honako hauek izan daitezke arau-hauste arinei loturiko zehapenak:

a) Ohartarazpen pribatua, sozietatearen kudeatzaileei zuzendutakoa.

b) Ofiziozko ohartarazpena, sozietatearen kudeatzaileei zuzendutakoa.

4.– Sozietate profesionalei ezarritako zehapenak, hala nola Sozietate Profesionalen Erregistrotik aldi baterako baja edo erabat kentzea, Justizia Ministerioari eta sozietatea inskribatuta dagoen Merkataritza Erregistroari jakinaraziko zaizkie.

69. artikulua.– Eskumena eta errekurtsoak.

Elkargo bakoitzeko gobernu-batzordea arituko da diziplina-egitekoetan, eta, halakorik behar bada, kasuan kasuko diziplina-zehapenak ezarriko ditu.

Gobernu Batzordeak ezarritako zehapenen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoko gobernu-batzordean, edo, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusian, estatutu hauetan xedatutakoarekin bat.

70. artikulua.– Diziplina-prozedura.

1.– Hastea. Gobernu Batzordeak ofizioz emango dio hasiera diziplinazko prozedurari, edo bestela, albaitari elkargokideren batek edo hirugarren interes legitimodunen batek sinatutako salaketaren ondorioz.

Diziplina-eskumena duen organoak ustezko arau-haustearen berri jakin bezain laster, erabaki egingo du, aurrekarien arabera, jarduketak artxibatuko diren ala espedienteari hasiera emango zaion; une horretan, instrukzio-egile bat izendatuko du Gobernu Batzordeko kideen artean.

Abstenitzeko edo ezesteko arrazoiak indarreko administrazio-legeetan xedatuta daude. Ezesteko eskubidearen ondorioetarako, instrukzio-egilearen izendapenaren berri eman behar zaio espedientepekoari, bera balia baitaiteke eskubide horretaz, zortzi eguneko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera.

2.– Instrukzioa. Egin beharreko ikerketak egin ondoren, instrukzio egileak, diziplina-hutsegiterik ikusten ez badu, espedientea artxibatuko du, edo, bestela, kargu-orria egingo du.

Kargu-orriak argia eta zehatza izan behar du, eta behar bezala arrazoituko da zein lanbide- edo elkargo-egintza diren ustez ez-zilegi; nola dagoen sailkatuta jokabide horren ondoriozko arau-hauste hori; eta, horren arabera, zein zehapen dagokion, halakorik badago. Espedientepekoari hamabost egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, idatziz erantzun dezan, kasuko deskargu-orria egiteko eta defentsarako egoki iritzitako frogabidea proposatzeko.

Zuzenbidean onargarriak diren frogabide guztiak onartuko dira espedientean; instrukzio-egileari dagokio horien praktika, hau da, proposatu zaizkionen artean egokitzat hartzen dituen eta berak erabakitzen dituen frogabideen praktika.

Egindako entzunaldiak eta frogak espedientean jasoko dira idatziz.

3.– Ebazpena. Diziplina-espedientearen instrukzioa amaituta, instrukzio-egileak espedientea eta ebazpen-proposamena aurkeztuko dizkio diziplina-organoari; entzunaldiaren izapidea egiteko aukera emango zaio berriro espedientepekoari, hamabost egun balioduneko epean, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, egoki irizten dituen edo bere eskubideari dagozkion alegazioak egin ahal izateko. Instrukzio-egileak ezin izango du deliberazioetan parte hartu, ezta diziplina-organoak erabakia hartzen duenean ere. Ebazteko ardura duen organoak espedientea itzul diezaioke instrukzio-egileari, ebatzi aurretik, erabaki arrazoitu baten bidez, ebazpena hartzeko ezinbestekotzat jotzen dituen eginbideak egin ditzan. Interesdunak badu eginbide berrietan parte hartzeko aukera, egoki irizten badio; dena den, eginbide horien emaitza jakinarazi behar zaio. Emaitza jakin ostean, interesdunak zortzi eguneko epea izango du eginbide berriei begira bere eskubideari ondo datozkion alegazioak egiteko.

Ebazpen arrazoitua izango da, eta interesdunak azaldutako eta prozeduratik eratorritako gai guztiak ebatziko dira; interesdunari hamar egun balioduneko epean jakinarazi behar zaio, erabakia hartu eta biharamunetik aurrera; jakinarazpenean adieraziko zaio zein errekurtso aurkez dezakeen eta zein epetan aurkeztu behar duen, indarreko legeekin bat.

71. artikulua.– Arau-hauste eta zehapenak preskribatzea.

Preskripzioei dagokienez, Tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 18. artikulua beteko da.

III. TITULUA
LANBIDEAN JARDUTEKO ETA ELKARGOKO KIDE EGITEKO ESKAKIZUNAK
I. KAPITULUA
ELKARGOKO KIDE EGITEKO BEHARRA

72. artikulua.– Lanbideko jarduera.

1.– Albaitaritzako lizentziatura edo graduko titulua duenak eta Estatutu hauetan adierazitako baldintzak betetzen dituenak eskubidea izango du Bizkaiko Albaitarien Legezko Elkargoan onartua izateko.

2.– Bizkaiko Lurralde Historikoan albaitaritzako edozein modalitatetan jarduteko, aldez aurretik Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko kide egitea ezinbesteko baldintza izango da, elkargokidetza nahitaezkoa denean. Izena emateko edo elkargoko kide egiteko kuota ezin izango da izena emateko izapideekin lotutako kostuak baino handiagoa izan. Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak behar diren baliabideak izango ditu eskatzaileek elkargoko kide bihurtzeko izapideak bide telematikoz egin ahal izateko, Elkargo Profesionalen Estatuko Legearen 10. artikuluan aurreikusitakoarekin bat.

3.– Jardun profesionala honela egin daiteke:

a) Funtzionarioa edo lan-kontratuduna izanda, Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko, foru aldundietako edo udaletako administrazioaren zerbitzura.

b) Albaitaritzarekin zerikusia duten enpresen, erakundeen, ustiategien eta industrien edo negozioen zerbitzura.

c) Norberaren kontura, hau da, albaitaritzako lizentziaturaz baliatuta egiten den aurrekoez bestelako edozein jarduera edo lanetan.

4.– Elkargoko albaitariek, lanbideko edozein modalitatetan jardunda ere, estatutu hauetako arauak eta Albaitarien Elkargo Antolakundeak emandakoak beteko dituzte, baita indarrean dagoen legeriak kasuan kasuko modalitaterako ezarritakoak ere.

Halaber, albaitari profesional guztiei aplika dakizkieke, beren lanbideko jardunean, albaitarien lanbidean jarduteko indarreko deontologia-kodean jasotako arauak.

5.– Albaitaritza arloan sozietate gisa aritzeko, legeetan xedatutakoa beteko da.

6.– Estatu osoan jarduteko nahikoa izango da albaitarien elkargo ofizial bakar batean izena ematea, eta hori, eskatzailearen lan-kontuetarako helbide bakarrari edo nagusiari dagokiona izango da. Lan-kontuetarako helbidea beste lurralde batean izateagatik beste elkargo batzuetako kide diren eta Bizkaiko Lurralde Historikoan aritu nahi duten profesionalei dagokienez, Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak ezin izango die eskatu komunikaziorik edo gaikuntzarik, ezta kontraprestazio ekonomikorik ere, zerbitzuak jasotzearen truke elkargokide onuradunei eskatzen dizkien ohiko ordainak izan ezik, zerbitzu horiek elkargokide izateko kuotan barne hartuta ez badaude.

7.– Lan-kontuetarako helbide nagusia beste lurralde batean izanda beste albaitari-elkargo batzuetako kide diren profesional batzuek lanbide-jarduera Bizkaiko Lurralde Historikoan egin nahi izanez gero, Bizkaiko Elkargoari dagozkion antolamendurako eskumenak eta diziplina-ahalmena gauzatze aldera, kontsumitzaile eta erabiltzaileen mesederako, Zerbitzu-jardueratan aske sartzeari eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legeari jarraikiz, agintari eskudunen artean komunikabide egokiak erabili beharko ditu Elkargoak, baita administrazioen arteko lankidetzarako sistemak ere. Hala badagokio, Bizkaiko Elkargoak ezarritako zehapenek Espainia osoan izango dituzte ondorioak.

8.– Albaitaritzaren jarduerari ekiteko eta horretan aritzeko, tratu-berdintasunaren printzipioa eta, batez ere, arraza edo jatorri etnikoagatik, erlijio edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo orientazio sexualagatik ez diskriminatzeko printzipioa beteko dira, Zerga, administrazio eta gizarte arloetako neurriei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen III. kapituluaren III. atalean adierazitako moduan.

9.– Lehia askeko erregimenean egingo da albaitaritza-lanbidea, eta Lehiaren Aldeko Legeari lotuta egongo da, zerbitzuen eskaintzari eta horien prezioak ezartzeari dagokienez.

II. KAPITULUA
ELKARGOAN SARTZEA ETA ELKARGOA UZTEA

73. artikulua.– Elkargoan sartzea.

1.– Estatutu hauen xedapen iragankorretako lehenengoan ezarritakoarekin bat, Bizkaiko Lurralde Historikoan albaitari-lanak –edozein modalitatetan– egin nahi dituztenek jarduera profesionalarekin hasi aurretik, dela autonomo gisa edo beste norbaiten kontura, eta dela erakunde publikoetan edo pribatuetan (edo sozietate profesional bateko kide profesional gisa), aipatutako Albaitarien Elkargo Ofizialean izena emateko eskatu beharko dute, bere egoitza profesional bakarra edo nagusia Bizkaian badago eta elkargokidetza nahitaezkoa bada.

2.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoan sartzeko, honako baldintza hauek betetzen direla egiaztatu beharko da:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa izatea, nazioarteko itun edo hitzarmenetan xedatutakoa edo legezko dispentsa izan ezik.

b) Adinez nagusia izatea eta ezgaitasun-prozedura batean sartuta ez egotea.

c) Albaitaritzako lizentziatura edo indarrean dauden arauen arabera horrekin homologatuta dagoen atzerriko tituluren bat izatea, hori guztia Europako Batasuneko arau eta hitzarmenetan xedatutakoarekin bat.

d) Jarduera profesionalerako desgaitzen duen zigor-aurrekaririk ez izatea.

e) Sarrera-kuota ordaintzea, eta inprimaki normalizatua betetzea.

f) Elkargoaren Estatutuak, araudiak eta xedapenak idatziz onartzea.

74. artikulua.– Elkargoan sartzeko eskabideak.

1.– Albaitarien elkargo ofizial batean onartua izateko, jatorrizko titulua edo tituluaren notario-lekukotza eta ikasketa-ziurtagiria aurkeztu behar dira, inprimaki normalizatuan egindako eskaerarekin batera. Titulua emateko eskubideak ordaindu izanaren agiriak –unibertsitateak igorritakoak– jatorrizkoa ordezkatu ahal izango du; hala ere, elkargoko kideak nahitaez aurkeztu beharko du jatorrizko agiria, jasotzen duenean. Era berean, zigor-aurrekarien ziurtagiria aurkeztu beharko du, eskatzaileak albaitaritzan jardutea eragozten dion inolako kausarik ez duela egiaztatzeko.

2.– Eskatzailea beste probintzia batetik badator, horrez gain, jatorrizko Elkargoan emandako ziurtagiria aurkeztu beharko du. Horretarako, Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak ezarritako ereduari jarraituko zaio, eta horren bidez, lanbidean aritzeko behin-behinean edo behin betiko ezgaituta ez dagoela adieraziko da.

Eskatzailea Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa bada, arau erkideek xedatutako eskakizunak betetzen dituelako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

3.– Eskatzaileak jasota utzi behar du lanbidean arituko dela, non egingo duen, zein modalitatetan, eta, halakorik bada, zein espezialitatetan.

4.– Gobernu Batzordeak ebatziko ditu eskatzaileen sarrera-eskaerak; hori dela eta, hilabeteko epea izango du erabakitzeko zer egin behar den inskripzio-eskaera bakoitzean. Epe horretan inolako erantzunik ematen ez badu, onartutzat hartuko da.

5.– Sarrera-eskaerak onartu edo ukatu egingo dira estatutu hauetan xedatutakoaren arabera. Gobernu Batzordeak egoki iritzitako eginbideak eta, kasuan kasu, txostenak eskatuko ditu, eta bidezko den ebazpen arrazoitua jakinaraziko du.

6.– Gobernu Batzordeak gai honetan hartutako erabakiaren aurka, errekurtso arrunta aurkez dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari eta, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari.

75. artikulua.– Elkargoan sartzeko eskaria ezestea.

Honako kasu hauetan ukatuko da elkargokide egiteko eskaera:

a) Sarrera-eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuak nahiko ez badira, edo legezkotasunaren gaineko zalantzarik eragiten badute, eta osatu edo zuzendu ez badira horretarako emandako epean.

b) Auzitegiek emandako epai irmo baten bidezko kondenarik badago eskaera egiten den unean, eta kondena horrek jardun profesionalean aritzeko desgaitzen badu.

c) Epai irmo baten bidez beste albaitari-elkargo ofizial batetik iraitzi eta lanbidean jarduteko desgaitu badute, berriz gaitu gabe.

d) Eskaera egiten den unean lanbide-jarduna etenda badago, Elkargoaren diziplina-zuzengarri irmo baten ondorioz.

Birgaikuntza lortzen denean edo elkargokide egiteko oztopoak desagertzen direnean, elkargokidetzea berehala eta aitzakiarik gabe onartu beharko du Elkargoak.

76. artikulua.– Eskabidea onartu ondorengo izapideak.

Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko kide izatea onartzen denean, eskatzaileari identifikazio-txartel bat egingo zaio, eta haren inskripzioaren berri emango zaio Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari, berak ezarritako fitxa normalizatuaren ereduan.

Halaber, espediente bat irekiko da aurrekariak eta lanbide-jarduna jasota uzteko. Elkargokideak une guztietan eman beharko ditu, nahitaez, aurrekariak egunean izateko behar diren datuak.

77. artikulua.– Elkargokide izateari uzteko arrazoiak.

1.– Honako kasu hauetan galduko da elkargokide-izaera:

a) Borondatezko baja, elkargokideak lanbidean jarduteari utzi dionean, modalitatea edozein dela ere, Elkargoaren lurralde-eremuan; Gobernu Batzordeari eskatu behar zaio idatziz, arrazoiak adierazita.

b) Epai irmo baten ondorioz, berekin lanbidean jarduteko desgaikuntza badakar.

c) Lanbidean jarduteko baldintzak ez betetzea; kasu horretan, jarduna galarazten duen hori gertatzen den unetik aurrerakoa izango da baja.

d) Elkargokideak kuotak behin eta berriro ordaintzen ez dituelako. Hiru hiruhileko ordainagiri jarraian ez ordaintzea edo segidakoak ez diren lau ordainagiri ez ordaintzea nahiko arrazoitzat joko da baja emateko. Erabaki hori Gobernu Batzordeak hartu beharko du, aldez aurretik dagokion espedientea irekita.

2.– Gobernu Batzordeak ebazpen arrazoitu baten bidez erabakiko du elkargokide-izaera galtzen den ala ez; ebazpena behar bezala jakinaraziko zaio interesdunari.

3.– Bajak Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari jakinarazi behar zaizkio.

III. KAPITULUA
LEIHATILA BAKARRA

78. artikulua.– Leihatila bakarra.

1.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak web-orri bat sortu eta mantenduko du, eta Zerbitzu-jardueretara oztoporik gabe iristeari eta zerbitzuetan oztoporik gabe jarduteari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legean ezarritako leihatila bakarraren bidez, albaitaritzako profesionalek Elkargoan sartzeko, elkargokide gisa jarduteko eta Elkargoan baja emateko behar diren izapide guztiak egin ahal izango dituzte, gune bakarra erabiliz, bide elektronikoz eta urrutitik. Zehazki, Elkargoak behar den guztia egingo du, albaitaritzako profesionalek honako hauek doan egin ahal izan ditzaten leihatila bakarraren bidez:

a) Beren lanbidean hasteko eta horretan jarduteko beharrezko informazio osoa eta inprimakiak eskuratzea.

b) Beharrezko dokumentazioa eta eskaerak aurkeztea, elkargokide egiteari buruzkoa barne.

c) Interesdun gisa parte hartzen duen prozedurak nola dauden jakitea, derrigorrezko izapide-egintzen berri jasotzea eta Elkargoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseiluak eta, hala badagokio, Kontseilu Orokorrak egintza horien gainean emandako ebazpenaren berri ere jasotzea, diziplina-espedienteen jakinarazpena barne, beste bide batzuen bitartez egiterik ez badago.

d) Elkargokideei ohiko eta ezohiko biltzar nagusietako bilkuretara joateko dei egitea eta Elkargoaren jardun publikoaren nahiz pribatuaren berri ematea.

2.– Leihatila bakar horren bidez, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak hobeto defendatzeko, Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak honako informazio hau eskainiko du, argi, okerrik ez sortzeko moduan eta doan:

a) Elkargokideen erregistrorako irispidea. Erregistroa etengabe eguneratuko da, eta, bertan, gutxienez, honako datu hauek jasoko dira: elkargoko kide diren profesionalen izen-deiturak, elkargokide-zenbakia, dituzten titulu ofizialak, lanbide-helbidea eta lanbide-gaikuntzaren egoera.

b) Lanbide-sozietateen erregistrorako irispidea. Erregistro horren edukia sozietate profesionalei buruzko martxoaren 15eko 2/2007 Legearen 8. artikuluan jasotakoa izango da.

c) Erreklamazio-bideak eta errekurtsoak, kontsumitzaileen edo erabiltzaileen eta elkargokide baten edo Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren arteko gatazkarik gertatuz gero aurkez daitezkeenak.

d) Zerbitzu profesionalen hartzailek zer kontsumitzaile- eta erabiltzaile-elkartetara edo erakundetara jo dezaketen laguntza jasotzeko (elkarte edo erakunde horien datuak).

e) Deontologia-kodearen edukia.

3.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta Kontseilua osatzen duten elkargoek behar diren neurriak hartu beharko dituzte artikulu honetan ezarritakoa betetzeko, eta, horretarako, sistema desberdinen arteko interoperabilitatea eta desgaitasuna duten pertsonen irisgarritasuna bermatzen dituzten teknologiak erabiliko dituzte. Hori lortzeko, koordinazio- eta lankidetza-mekanismoak jarri ahal izango dituzte martxan, baita beste lanbide batzuetako korporazioekin ere.

4.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluak alta, baja eta elkargokideen eta sozietate profesionalen erregistroetan eragina duten bestelako aldaketei buruzko informazioa emango diote Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari, jakinaren gainean egon dadin eta elkargokideen eta korporazio horien sozietateen erregistro zentraletan eta Kontseilu Nagusiaren sozietateen erregistroan jaso dezan.

IV. KAPITULUA
ELKARGOKIDE MOTAK

79. artikulua.– Elkargokide motak.

Honela sailkatuko dira elkargokideak, estatutu hauen ondorioetarako:

– Jarduneko elkargokideak.

– Ez-jarduneko elkargokideak.

– Elkargokide ohoragarriak.

– Ohorezko elkargokideak.

– Ohorezko lehendakariak.

1.– Jarduneko elkargokideak: albaitaritzan aritzen direnak, modalitatea edozein dela ere; hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea dute.

2.– Ez-jarduneko elkargokideak: Albaitarien Elkargo Antolakundeko kide izan arren, lanbidean aritzen ez direnak; hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea dute.

3.– Elkargokide ohoragarriak: albaitari erretirodunak dira, lanbide honetako edozein modalitatetan aritutakoak, baina gutxienez hogei urte eman behar izan dute elkargokide izaten; baita lanbidean aritzeko ezintasun iraunkorraren egoeran daudenak ere. Ez diote Elkargoari kuotarik ordaindu behar, baina hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea dute.

4.– Ohorezko kideak: albaitaritzaren inguruko lan bikain eta goresgarria egin duten pertsona fisiko zein juridikoak, albaitariak izan zein ez. Kategoria hau ohorezkoa baino ez da izango. Bizirik diren ohorezko hamar elkargokide izango dira gehienez.

5.– Ohorezko lehendakariak: albaitari izan zein ez, proiekzio publiko nabaria duten eta albaitarien lanbidea sustatzeko edo babesteko lan luze eta etengabea egin duten pertsona fisikoak. Kategoria hau ohorezkoa baino ez da izango. Bizirik diren ohorezko zazpi lehendakari izango dira gehienez.

6.– Oraindino elkargokideak ez diren albaitari bazkideak Elkargoaren informazio organoez eta prestakuntza egitasmoez baliatu ahal izango dira, Gobernu Batzordeak zehaztutako eran, baina inoiz ere ez dituzte elkargokideen eskubideak izango. Albaitaritzako ikasketak amaituta izan arren lanbidean ez dihardutenak joko dira elkargokide izateko zain dauden albaitari bazkidetzat. Bi urtez iraun ahal izango dute egoera horretan, ez gehiago.

V. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK

80. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

Honako eskubide hauek izango dituzte elkargokideek:

a) Korporazioaren kudeaketan parte hartzea; horretarako, elkargokideen batzarretara joatea eta botoa ematea. Eske-eskubidea ere badute, Estatutu hauetan araututakoaren arabera.

b) Sufragioa, aktiboa eta pasiboa, Gobernu Batzordearen hauteskundeetan Estatutu hauetan eta elkargo bakoitzaren estatutu partikularretan xedatutako moduan.

c) Elkargoaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluaren eta Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiaren babesa izango dute, jardun profesionalean iraindu edo gogaitzen dituztenean.

d) Hala esanbidez eskatuz gero, Elkargoaren eta, kasuan kasu, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluaren eta Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiaren ordezkaritza izango dute, jardun profesionalean judiziozko zein judizioz kanpoko erreklamaziorik egin behar dutenean; horretarako, kasuko ahalak eskuetsi beharko dituzte, eta elkargokide eskatzaileak berak ordainduko ditu prozedura horrek sortzen dituen judizioko gastuak eta kostuak.

e) Elkargoak eta Kontseilu Nagusiak ezarritako onura guztiez gozatzea, ordainsariez, ikastaroez, diru-laguntzez, eta abarrez; Elkargoaren liburutegia ere erabil dezakete, egoitzan zein etxean, horretarako adierazitako eskakizunak betez gero.

f) Lanbiderako onuragarriak diren ekimenak proposatzea, eta lanbideari, Elkargoari edo elkargokideari berari kalte eragin diezaieketen egintzetan edo jardueretan oinarritutako kexak egitea.

Gobernu Batzordeari eska diezaiokete ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egiteko; horretarako, elkargokideen % 20k gutxienez egin behar dute bat.

Halaber, Estatutu hauetan adierazitakoaren arabera, Gobernu Batzordeari eska diezaiokete Batzorde Orokorrerako ezohiko deialdia egiteko, Gobernu Batzordeari berari edo batzordekideetako bati zentsura-botoa emateko.

Sufragio-eskubide aktiboaren eskubidea ere badagokie, Estatutu orokor hauetan ezarritako moduan, baldin eta Gobernu Batzordeak edo batzordekide batek konfiantza-galdekizuna planteatzen badute.

g) Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluak eta/edo Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak eman eta tutoretzapean dituzten gizarte- edo asistentzia-prestazio guzti-guztiak eskuratzea.

h) Izendapenetan esleitu zaizkien karguak izatea eta, oro har, indarreko xedapenek ematen dizkieten gainerako eskubideez baliatzea.

i) Elkargoari eskatzea zerbitzuen truke jaso behar dituzten ordainsariak kobratzeko izapideak egin diezazkiela, baldin eta Elkargoak horretarako zerbitzurik sortu badu.

j) Lanbidean aritzea, Estatutu hauekin, indarrean dagoen deontologia-kodearekin eta jardun profesionala arautzen duten gainerako xedapenekin bat.

81. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

1.– Lanbidean sozietate profesional baten bidez jarduten badute ere, lanbidean etika puruz jardun behar dute elkargokide guztiek, estatutu hauetatik eta lanbidean jarduteko deontologia-kodetik datorren espirituari jarraikiz.

2.– Honako eginkizun hauek ere bete behar dituzte elkargokideek, lanbidean sozietate profesional baten bidez jarduten badute ere:

a) Estatutu hauetan xedatutakoa betetzea, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluaren Estatutuetan eta Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakundearen Estatutu Orokorretan xedatutakoa ere; era berean, elkargo-agintarien erabakiak eta ebazpenak bete beharko dira, baita autonomia-erkidegoko kontseiluarenak, eta, hala badagokio, Kontseilu Nagusiarenak ere.

b) Albaitarien Elkargo Antolakundearen kuota guztiak egunean izatea, dokumentu ofizialen horniduraren truke ordaindu gabe dituen edonolako zorrak kitatzea.

c) Esleitutako karguetan aritzea, Gobernu Batzordeak eta bestelako elkargo-batzordeek izendatuz gero.

d) Lanbideko jarduera eta egoera une guztietan legearen, Estatutu hauen eta albaitaritzako deontologia-arauen arabera egokitzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileen interesak gorde eta babesteko.

e) Elkargoarekiko eta beste elkargokideekiko harremanetan leialtasunez eta zuzentasunez jokatzea eta lanbideko jardueran elkargokideren bat laidotu badute, horren berri ematea Elkargoari.

f) Elkargoan idatziz salatzea edozein intrusismo-egintza eta legez kontrako edozein jarduera, horrelakoen berri izanez gero.

g) Elkargoari jakinaraztea lanbideko helbidea eta horren aldaketak.

h) Elkargokideen fitxategirako eskatutako datuak ematea Elkargoari. Halaber, Gobernu Batzordeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiak egiten dizkieten errekerimenduei erantzun beharko diete, lan-batzorde berezietan parte hartzeko eta batzorde horietan lankidetzan aritzeko, Elkargotik diru-etekinik jaso gabe.

i) Elkargoak, Kontseilu Autonomikoak, hala badagokio, edo Kontseilu Nagusiak euren eskumen-eremuan hartutako erabakien ondorioz ezartzen zaizkien gainerako egitekoak ere betetzea.

j) Estatutu hauetan edo elkargo bakoitzaren estatutu partikularretan adierazitako preskripzioetatik eratorritako beste edozein betebehar.

3.– Lanbidean sozietate profesional baten bidez jardunez gero, sozietateak ere erantzukizun zuzena izango du aipatu betebeharrak betetzeko, baldin eta aplikatzen bazaizkio.

82. artikulua.– Debekuak.

1.– Oro har, elkargokideek berariaz dute debekatuta, lanbidean sozietate profesional baten bidez jardun arren, indarrean dagoen legedian xedatutakoaren kontrako edo arau etiko, deontologiko eta juridikoen kontrako albaitaritza jarduerak egitea, eta, batez ere, kontsumitzaile eta lanbide-zerbitzuen erabiltzaileen interesen kontra aritzea edo horiek kaltetzea.

2.– Horrez gain, honako hauek debekatzen dira berariaz:

a) Prestigio handiko zientzia-erakunde edo profesionalen onespenik ez duten sendatzeko prozeduren edo baliabide pertsonalen eraginkortasuna bermatuta eskaintzea.

b) Zientifikoki kontrolatu gabeko tratamenduak edo baliabideak erabiltzea, edo elementu diagnostiko eta terapeutikoak aplikatzen dituztelako itxura egitea.

c) Jarduera dikotomikoak egitea.

d) Behar den titulua edo titulu homologatua izan gabe edo elkargokide izan gabe, albaitaritzan dihardutenak toleratzea edo estaltzea –edozein modutan ere–.

e) Albaitaritzako kontsulta edo bestelako zentro batean jardutea, titularra izanda edo ez, baldin eta elkargokideak badaki toki horretan beste pertsona batzuek legearen kontrako jardueretan dihardutela, nahiz eta jarduera horiek bere aurrean edo bere lan-orduetan ez egin.

f) Elkargokide ez diren edo behar bezalako gaikuntza ez duten pertsonei baimena ematea euren albaitaritza-klinika edo kontsultategia erabil dezaten, nahiz eta albaitaritzan aritzeko behar den titulua izan.

g) Bere izena uztea albaitari-kontsulta, -kabinete, -klinika edo -zentro batean osasun-arduradun edo erizaintzako aholkulari gisa ager dadin, toki hori berak zuzentzen ez badu edo zuzenean laguntzen edo aholkatzen ez badu, indarrean dauden legeek edo Estatutu hauek xedatutakoa ez bada betetzen, edo arau deontologikoak hausten badira.

h) Bisita medikoko delegatuen egitekoak betetzea, sendagai-laborategien ordezkari, komisionista edo informatzaile lanak egitea edo sendagaiari buruzko indarreko araudiak ezarritako eskakizun, obligazio edo debekuak urratuz jardutea.

i) Albaitaritzan jardutea, azterketa mediko baten bitartez egiaztatuta badago eta argi badago arazo organiko, fisiko eta psikikoren bat edo ohitura toxikoren bat duela eta ondorioz lanbidean jarduteko ezintasuna duela.

j) Zerbitzuak iragartzea edo zabaltzea, zuzenean zein publizitate-baliabideen bidez, indarreko legeetan xedatutakoa hautsita.

k) Prentsan, irratian edo telebistan adierazpen publikoak egitea, adierazpen horiek biztanleriaren osasunean arriskurik sortu ahal dutenean, edo Elkargoari, elkargokideei edo Gobernu Batzordeko kideei kalterik eragin edo izen ona galarazten dietenean.

l) Lanbide arlo bateko espezialista-izaeraz baliatzea, behar den titulu egiaztatzailerik eduki gabe.

m) Oro har, legezko arauen edo arau deontologikoen aurkako lanbide-jarduerak egitea, horien bidez arautzen baita albaitarien jardun profesionala.

3.– Debeku horiek sozietate profesionalei ere aplikatuko zaizkie, elkargokideak lanbidean horien bitartez jarduten duenean, baldin eta aplikagarriak badira.

VI. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ARTEKO DESADOSTASUNAK

83. artikulua.– Lanbideko desadostasunak.

Bizkaiko elkargokideen arteko desadostasunak Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoko Gobernu Batzordearen esku utz daitezke erabaki ditzan. Desadostasuna lurralde historiko desberdinetako kideen artean sortu bada, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Elkargoen Kontseiluaren ardura izango da eta Estatuko beste probintzia batzuetako elkargokideekin sortu bada, Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Orokorrarena.

VII. KAPITULUA
SEKTOREKO ELKARTEAK

84. artikulua.– Elkargokide izatearekin batera beste alor batzuetako elkargokide ere izan daiteke, direla alor zientifikokoak zein lanbide alorrekoak, betiere horrek ez badu urratzen Elkargoari buruz Estatutu hauetan ezarritakoa, horrelaxe xedatzen baita indarrean dauden legeetan.

VIII. KAPITULUA
BATZORDE TEKNIKOAK

85. artikulua.– Gobernu Batzordeak erabakia hartu eta gero, bidezkotzat jotzen dituen batzorde tekniko guztiak eratu ditzake Elkargoak. Deontologia Batzordea izango da horietariko bat, horrelaxe baitago jasota 15.k) artikuluan.

Elkargoko lehendakaria edo horren eskuordez jardun dezan bokala izango da Deontologia Batzordeko buru. Kide izango dira, halaber, legez osatutako sektore-elkargoetako ordezkari bana edo, horren ezean, elkargokide alorrik esanguratsuetako ordezkari bana, sekula ere zazpitik gora.

86. artikulua.– Batzorde tekniko baten eskumen alorra gehiengoa duen sektore-elkargo batek osatzen badu, batzordearen oinarritzat hartuko da horren ordezkaritza.

Batzordeak, Elkargoari dagokionez, Gobernu Batzordeko kide bat izan beharko du, batzordeko lehendakariaren egitekoak beteko dituena.

87. artikulua.– Funtzionamendurako araudi bat idatzi beharko dute batzordeek, eratu eta gero. Araudi hori, Batzar Orokorrak onartu ostean, estatutu hauei atxikiko zaie, eranskin modura. Hori dela eta, araudi horrek bat etorri beharko du Elkargoaren estatutuekin.

88. artikulua.– Batzorde bakoitzari beren-beregi dagozkionak gorabehera, honako hauek dira batzordeen egiteko nagusiak:

a) Gobernu Batzordearekin elkarlanean aritzea batzordearen oinarri den Elkargoaren eremuko agiri teknikoak erredaktatzeko.

b) Batzordearen eremuko albaitaritza jarduera profesionalak kalifikatzea.

c) Euren eremuko lanbide jardueran antzemandako irregulartasunen berri ematea Elkargoaren Gobernu Batzordeari.

d) Kasuan kasuko espezialitatean diharduten elkargokideen fitxekin erregistro bat osatzea.

e) Kasuan kasuko espezialitateari dagokion publizitatea zaintzea.

f) Etengabeko prestakuntzari loturiko proposamenak egitea.

g) Ekimenak bultzatzea, lanbidearen jarduna dena delako espezialitatean ahalik eta egokiena izan dadin, eta lanbidearen ospeari zein profesionalen eta gainerakoen interesei kalteak ekar diezazkiekeen egoera eta jarduerak saihestea.

Ez dira lotesleak izango batzordeek eman ditzaten txostenak. Batzordearen funtzionamendu araudian jasota balego Gobernu Batzordeak ebazpena hartu baino lehenago txostenak nahitaez eman beharra dagoela, txostenean proposatutakoaren aurkako ebazpena har lezake batzordeak.

Gobernu Batzordearen erabakia, orduan, kideen erabateko gehiengoz hartu beharko da (kideen erdiek gehi batek, edo erdiek gehi lehendakariaren kalitate-botoa berdinketetan, kideak bertan egon edo ez).

89. artikulua.– Batzorde bakoitzak aurrekontu-zuzkidura izan dezake bere funtzionamendurako; urteko aurrekontuetan onartu eta jasoko da.

Batzorde teknikoetarako aurreikusitako zuzkidura ezin izango da Gobernu Batzordearentzat ordezkaritza-gastuetarako aurreikusitakoa zenbatekoa baino handiagoa izan.

IV. TITULUA
URTEKO MEMORIA
KAPITULU BAKARRA
URTEKO MEMORIA

90. artikulua.– Urteko memoria.

1.– Gardentasunaren printzipioa bete beharko du Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak bere kudeaketan. Horretarako, memoria bat egin beharko du urtero; han, honako informazio hau jasoko da gutxienez:

a) Kudeaketa ekonomikoari buruzko urteko txostena, langile-gastuak behar bezain banakatuta. Gobernu Batzordeko kideek beren kargua dela eta jasotzen dituzten ordainsariak ere adierazi behar dira.

b) Kuota aplikagarrien zenbatekoa, kontzeptuen eta eman diren zerbitzu moten arabera banakatuta. Horrez gain, kuotak ezartzeko eta aplikatzeko arauak ere adieraziko dira.

c) Informazio osagarria eta estatistikoa, instruitzen ari diren edo dagoeneko irmoak diren informazio- eta zehapen-prozedurei buruzkoa. Arau-haustea, izapidetzea eta ezarritako zehapena ere adierazi behar dira, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.

d) Informazio osagarria eta estatistikoa, kontsumitzaileek edo erabiltzaileek eta haiek ordezkatzen dituzten erakundeek aurkeztutako kexei eta erreklamazioei buruzkoa, horiek izapidetzeari buruzkoa ere bai, eta, hala badagokio, kexa edo erreklamazioa baiesteko edo ezesteko izan dituzten arrazoiei buruzkoa, betiere datu pertsonalak babesteari buruzko legeria betez.

e) Deontologia-kodearen edukian egindako aldaketak.

f) Gobernu Batzordeko kideek dituzten bateraezintasunei eta interes-gatazken egoerei buruzko arauak.

g) Oniritzia emateko jarduerari buruzko estatistika-informazioa.

2.– Urteko memoria Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoaren web orrian argitaratu beharko da, urteko lehenengo seihilekoan.

3.– Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak beharrezko informazioa emango dio Espainiako Albaitarien Elkargoen Kontseilu Nagusiari, hark bere urteko memoria egin dezan.

V. TITULUA
ELKARGOKIDEEN ETA KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEN ARRETA-ZERBITZUA
KAPITULU BAKARRA
ELKARGOKIDEEN ETA KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEN ARRETA-ZERBITZUA

91. artikulua.– Elkargokideen eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen arreta-zerbitzua.

1.– Kideen kexak eta erreklamazioak jaso eta aztertu beharko ditu Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoak.

2.– Era berean, kontsumitzaile eta erabiltzaileei arreta emateko zerbitzua edukiko du Elkargoak. Elkargokideen zerbitzu profesionalak kontratatu dituzten kontsumitzaile eta erabiltzaileek aurkezten dituzten Elkargoaren edo elkargokideen jarduerari buruzko kexak eta erreklamazioak izapidetu eta ebatziko ditu, baita kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek eta erakundeek horien ordezkaritzan edo interesen defentsan aurkeztutakoak ere.

3.– Kontsumitzaile edo erabiltzaileei arreta emateko zerbitzuaren bitartez kexak edo erreklamazioak ebatziko ditu Elkargoak, bakoitzari dagokion moduan: gatazkak judizioz kanpo konpontzeko sistemaren berri emanda; espedientea elkargo-organo eskudunei igorrita –beharrezkoak diren informazio- edo diziplina-espedienteak bidera ditzan–; amaitutzat jota edo beste edozein erabaki hartuta, baina betiere zuzenbidearen barruan.

4.– Zerbitzu hori arautzean kontuan hartu beharko da, halaber, kexak eta erreklamazioak mezu elektronikoz eta urrutitik aurkezteko aukera.

VI. TITULUA
ESTATUTU HAUEK ERALDATZEA
KAPITULU BAKARRA
ESTATUTU HAUEK ERALDATZEA

92. artikulua.– Estatutu hauek eraldatzea.

Gobernu Batzordeak aurkeztu beharko du estatutu hauek eraldatzeko eskaera, edo bestela, elkargokideen % 15ak behintzat. Estatutuen edozein eraldaketa onartzeko, nahitaezkoa izango da horretarako deitutako Aparteko Batzar Orokorrean emandako botoen bi hereneko gehiengoa.

VII. TITULUA
ELKARGOA DESEGITEKO ETA LIKIDAZIOA EGITEKO PROZEDURA
KAPITULU BAKARRA
ELKARGOA DESEGITEKO ETA LIKIDAZIOA EGITEKO PROZEDURA

93. artikulua.– Elkargoa desegitea.

Elkargoak berak sustatu behar du Colegio Oficial de Veterinarios de Bizkaia - Bizkaiko Albaitarien Argi Legezko Elkargoa desegitea, horretarako deitutako bilerara bertaratutako elkargokideen gehiengo osoaren erabakiaren bitartez; bilera horretara, erroldako elkargokide guztien herenak azaldu beharko dira, betiere. Eusko Legebiltzarrak onartu behar du desegitea, eta, aldez aurretik, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkargoen Kontseiluari eta gainerako elkargoei entzun behar zaie, eta, kasuan kasu, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, beraiek erabaki behar baitute non sartuko diren elkargokide horiek euren korporazioa desegin ostean.

Elkargo ofizialak deseginez gero, batzorde likidatzaile bat izendatuko da, eta haren eginkizuna izango da zorrak kitatu ondorengo ondasunak eta balioak esleitzea, halakorik badago. Estatutu hauen arabera, Albaitarien Elkargo Antolakundearekin zerikusia duten erakunde ongileei esleituko zaizkie. Laguntza publikorik badago, laguntza horiei buruzko arauetan adierazten den helburua emango zaie laguntzei.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Elkargoko kide egiteko obligazioa.

Abenduaren 22ko 25/2009 Legearen xedapen iragankorretako laugarrenean ezarritakoari jarraikiz, bertan aipatutako legea indarrean jarri bitartean (lege horrek xedatuko du zer lanbidetarako egin beharko den elkargoko kide), indarrean dagoen derrigortasuna mantenduko da, hau da, Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakundearen indarreko Estatutu Orokorren 62. artikuluan eta Estatutu hauen 72. artikuluan jasota dagoen derrigortasuna. Estatutu Orokorrak otsailaren 22ko 126/2013 Errege Dekretuaren bidez onartu ziren.


Azterketa dokumentala