Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

182. zk., 2018ko irailaren 20a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA AZPIEGITURA SAILA
4599

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 30ekoa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez argitzen baita zer egin behar duten egiaztapen metrologikoa egiten duten organismoek, konpontzaile metrologikoek eta titularrek baldin eta taximetroa konpontzearen edo aldatzearen ondoriozko egiaztapena egin behar bada.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2018ko maiatzaren 8an, Profesionalen eta Langile Autonomoen Batasunaren ordezkaritzan, Silvia Martínez andreak kontsulta bat egin zion Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailari. Kontsulta horretan, galdetu zion zer konponbide egon daitekeen autotaxi-ibilgailua konpondu behar bada eta berandutzerik badago, taximetroari loturiko zigilu bat edo gehiago kendu behar denean eta egiaztapen metrologikoko erakunde baimendun batek (aurrerantzean, EMBE) egiaztapena egin behar duenean, tresna metrologikoa konpondu ostean.

Bigarrena.– Azaroaren 22ko ITC/3709/2006 Aginduarekin bat, EMBEek 30 eguneko epea dute konponketen edo aldaketen ondoriozko egiaztapenak egiteko, egiaztatze-eskaera egiten den egunetik aurrera. Epe horren ondorioz, gerta daiteke taximetroa daukan ibilgailuren batek jarduerarik ez izatea egiaztatze-eskaera egiten den egunetik egiaztatzen den egunera bitartean, eta, kasurik onenean, gutxienez 10 kalkula daitezke; beraz, bidezkoa da argitzea zelan egin behar diren izapide hori eta prozedura, ahalik eta denbora gutxiena eman dezan zerbitzurako jarduerarik gabe.

Espediente hau ebazteko, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren 13. artikuluarekin bat, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak eskumena dauka ebazpen hau emateko.

Bigarrena.– Neurtzeko tresnen kontrol metrologikoa arautzen duten oinarrizko legeak hauek dira: Metrologiari buruzko abenduaren 22ko 32/2014 Legea eta lege hori garatzen duen ekainaren 3ko 244/2016 Errege Dekretua.

Hirugarrena.– Taximetroen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen azaroaren 22ko ITC/3709/2006 Agindua.

Laugarrena.– Uztailaren 21eko ITC/2032/2009 Agindua, Taximetroen gaineko Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen azaroaren 22ko ITC/3709/2006 Aginduaren III. eranskina aldatzen duena.

Aurrekariak eta zuzenbideko oinarriak ikusita, eta aplikagarria diren erregelamendu espezifikoetan xedatutakoaren arabera, honako hau

EBAZTEN DUT:

Jarduketa-prozedura baimentzea, konpontzearen edo aldatzearen ondorioz taximetroetan egin behar diren egiaztapen metrologikoak egiteko (ondoren adierazitakoa), taximetroaren edo modulu erantsien zigiluetariko baten bat apurtu behar bada, eta barnean hartuta tarifa-aldaketen ondorioz aldatzea eta ibilgailuan taximetro berria edo erabilia instalatzea:

1) Taximetroaren titularrak jakinarazi beharko dio EMBE bati bera konpondu edo aldatu duela; jakinarazpena zuzenean edo konpontzaile metrologiko baimendun baten bitartez egin dezake, eta adierazi beharko du zertarako egin duen, zer elementu ordezkatu dituen eta, kasuan kasu, zer doitze eta kontrol egin dituen. Halaber, zerbitzuan berrezarri aurretik, aparatua egiaztatzeko eskatu beharko du.

2) EMBEren batekiko hitzordua irmo baieztatuta izan ondoren egin ahal izango ditu konpontzaile metrologikoak tresna metrologikoa prest uzteko behar diren konponketak eta aldaketak, eta ezarritako legezko eskakizunak bete beharko ditu. Bestela, ezin izango da zerbitzuan ezarri.

3) Bi baldintza horiek betetzen badira, erakundearen egiaztapena izan arte, autotaxi-ibilgailuak dagokion zerbitzua egin ahal izango du.

4) Edozerengatik ere, taximetroak bigarrenez konpondu behar bada eta hasieran eskatutako konponketa- edo aldaketa-egiaztapenaren aurretik gertatzen bada, zeinek bere lurralde-ordezkaritzaren baimena lortu beharko du.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beraz, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Industriako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 30a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

AITOR PATXI OREGI BAZTARRIKA.


Azterketa dokumentala