Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

178. zk., 2018ko irailaren 14a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4528

AGINDUA, 2018ko irailaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Vitoria-Gasteizko «Santa Maria» izeneko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuari (Araba) baimena ematen baitzaio Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakats dezan.

Aztertuta geratu da Gasteizko (Araba) «Santa Maria» izeneko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazi duen espedientea, zeinaren bidez Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko baimena eskatzen baitzuen.

Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedurari jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.

Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua, araubide orokorreko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzak eskaintzeko baimenak ikastetxe pribatuei emateari buruzkoa (apirilaren 9ko BOE); otsailaren 12ko 131/2010 Errege Dekretua, apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua aldatzen duena (martxoaren 12ko BOE); azaroaren 16ko 215/2010 Dekretua, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezarri, eta abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren artikulu batzuk (azken dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko umeen haur-eskolak arautu zituen 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan) indarrean iraunarazten dituena (azaroaren 19ko EHAA), eta gai horretan aplikatzekoak diren gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxeari baimena ematen zaio 2018-2019 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakats dezan:

Kode-zenbakia: 01001346.

Izen generikoa: Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatua.

Izen espezifikoa: «Santa Maria».

Titularra: «Compañía de María-Marianistas».

Helbidea: Luis Heintz kalea 5.

Udalerria: Vitoria-Gasteiz.

Lurralde historikoa: Araba.

Baimentzen den irakaskuntza: Haur Hezkuntzako 1. zikloa.

Ikastetxearen osaera:

– Haur Hezkuntzako 1. zikloa: 8 unitate, honelako edukierakoak:

● 3 unitate, urtebetetik bi urtera bitarteko haurrentzat; bakoitza 13 ikaspostuko edukierakoa.

● 5 unitate bi urtetik hiru urtera bitarteko haurrentzat, bakoitza 18 ikaspostuko edukierakoa.

– Haur Hezkuntzako 2. zikloa: 12 unitate, 300 ikaspostu.

– Lehen Hezkuntza: 24 unitate, 600 ikaspostu.

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 16 unitate, 480 ikaspostu.

– Batxilergoa: «Zientziak » eta «Giza eta Gizarte Zientziak» modalitateak. Edukiera: 8 unitate, 280 ikaspostu.

– Hezkuntza Berezia:

● Hezkuntza Bereziko 3 gela ireki.

● Hezkuntza Bereziko 2 gela egonkor.

2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako unitateetako irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak bete beharko du martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxearen titularraren erantzukizuna izango da baldintza horiek ez betetzea.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak berez ez dakar hezkuntza-itunen araubidearen edo diru-laguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortzea.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honen kontra, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 5a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala