Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2018ko irailaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4504

AGINDUA, 2018ko irailaren 5ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzeko, eta berrikuntzari laguntzeko 2018rako diru-laguntzak arautzen dituena eta haien deialdia egiten duena (Eraikal 2018 programa).

Eraikal Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren ekimen bat da, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoaren kudeaketa sustatzeko, obra berrian nahiz Eraikinen Ikuskapen Teknikoen ondorioz burutu behar diren birgaitze- eta mantentze-lanetan. Eraispen eta birziklapen lanak ere jasotzen ditu eraikinaren balio-bizitza osoa barnean hartzeko. Gainera, ingurumenaren aldagaia eta laneko arriskuen prebentzioa sartu nahi ditu eraikuntzaren sektorean, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean dauden enpresa eta profesionalen jasangarritasuna sustatuta eta berrikuntzarako laguntza emanda.

Bizitegi-eraikuntzaren sektorean, eragile ugarik parte hartzen dute zuzenean edo zeharka, bakoitzak bere funtzioarekin: proiektugileak, sustatzaileak, eraikitzaileak, gremioak, materialen hornitzaileak, kalitatea kontrolatzeko laborategiak eta entitateak, bezeroak, erabiltzaileak. Hori dela eta, azken kalitatean eragin dezaketen puntu kalteberak ugaritu egiten dira. Kalitatea kudeatzeko modu bakarra da sistema bat ezartzea prozesuan esku hartzen duten eragile guztien arteko harremana eta oreka bermatzeko.

Eraikal ekimenaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorea eraldatzen lagundu nahi da, sektore hori sendotzeko eta lehiakor eta eraginkor bihurtzeko, enpresetan etengabe hobetzera bideratutako kudeaketa-praktikak ezarriz. Izan ere, behar-beharrezkoa da praktika horiek abiaraztea, ingurumena errespetatuko duten kalitatezko lan-prozesu seguruen arabera eraikitako etxebizitzak herritarren eskura jartzeko, horien eta oro har gizartearen beharrekin bat etorriz.

Etengabeko hobekuntza indartzea oinarrizko osagaia da lehiakortasunerako, baina ez nahikoa; hori ikusirik, Eraikalek Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean ere berrikuntza sustatzen du, sektore horren oraina ez ezik, etorkizuna ere bermatzeko. Hori dela eta, honako hauekin lotutako proiektuak sustatu nahi dira:

– Eraikinen kontserbazio-egoera.

– Eraikinen kalitatea, eraikuntzarekin lotutakoa zein arkitektonikoa.

– Energia-eraginkortasuna.

– Kalitatearen kudeaketa, kalitate-sistemak ezartzea eta eraikuntzaren informazioa modelatzea.

– Eraikuntza jasangarria.

– Laneko segurtasuna eta osasuna.

– Irisgarritasuna eta domotika.

XI. legegintzaldirako gobernu-programan (2016-2020), altxatutako eraikin-parkea berroneratzen laguntzeko konpromisoa dago jasota (144. konpromisoa), etxebizitzei eta hiriak lehengoratzeari eskainitako blokean. Alde horretatik, bi ekimen aurreikusten dira: alde batetik, etxebizitzak berritzen laguntzeko 2017-2020 aldirako programa prestatzea eta garatzea, eraikinen mantentze- eta berriztatze-lanak egokiro kidetzeko eta integratzeko premisarekin, eta Europar Batasunaren Horizon 2020 programatik datozen energiaren efizientziako eta irisgarritasuneko eskakizunekin, eta, bestetik, eraikinen ikuskaritza teknikoak sustatzea, araudiak garatuta eta pizgarriak eskainita.

Gainera, Etxebizitza Sailburuordetzak eraikuntza-elementuen kalitatea jagoten eta arautzen du, eta profesionalen esku ipintzen du eraikinen kalitatea berrikuntzaren, energiaren efizientziaren eta jasangarritasunaren hobekuntzaren ikuspegitik kontrolatzeko esparrua.

Laguntza-deialdi honek helburu hori lortzen laguntzen du, horretarako hainbat jarduera finantzatuta, hala nola kudeatzeko sistemak ezartzea, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzea eta berrikuntzari laguntzea Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean.

Hala ere, eraikuntzaren sektorean jasangarritasuna sustatzeko jardun honek, programa honen bitartez enpresei eta profesionalei bideratzen zaizkien neurriez gain, jardun gehigarriak behar ditu, hain zuzen, oinarri hartuta ahalegin handia eskatzen duela eraikinek eraikuntza fasean nazioartean aitortuta dauden jasangarritasun baldintzak betetzeak. Horregatik, deialdi honetan diruz lagunduko den lerro berri bat jaso da, aplikagarri den araudiak jasotzen duen baino haratago dauden baldintzak betetzen dituzten eraikuntza-obrak sustatzen dituzten pertsonei zuzenduta.

Laguntza erregimen hau Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2018ko martxoaren 14ko Aginduaren bidez onartutako sailaren 2018-2020 aldiko diru-laguntzen plan estrategikoaren barruan jasota dago, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan xedatzen den bezala eta arau horretan jasotako edukiaren arabera. Agiri hori herritarren eskura dago sailaren web orrian.

Euskal Autonomia Erkidegorako 2018ko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legean bada behar beste kreditu Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromiso hauek gauzatu ahal izan ditzan; horrenbestez, Eraikal programaren 2018ko edizioaren deialdia egitea planteatzen da.

Ondorioz, azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuz, eta bat etorriz azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) xedatutakoarekin, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak emango dituen diru-laguntzak arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntzaren kalitate arkitektonikoa eta jasangarritasuna sustatzeko, eta berrikuntzari laguntzeko 2018rako diru-laguntzak arautzen dituena eta haien deialdia egiten duena (Eraikal 2018 programa).

2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzei Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamendua (EB) aplikatu beharko zaie; alegia, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa. Araubide honen arabera, estatu kide batek enpresa jakin bati emango dizkion de minimis laguntzen zenbatekoa gehienez ere 200.000,00 eurokoa izango da hiru zergalditako edozer alditan.

2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak eta gastuak.

1.– Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira honako lerro hauekin bat egiten duten jarduerak:

1.1.– I. lerroa: honako alderdi hauei dagozkien berrikuntza arloko proiektu edo ikerketak:

a) Bizitegi-eraikuntzaren kalitatea, funtzionalitatearekin, arkitekturarekin eta eraikuntzarekin lotuta:

– Obra berria: EKT (Eraikuntzaren Kode Teknikoa) aplikatzea, proiektuaren kontrola, obraren gauzapena eta zerbitzuko probak. Eraikinen energia-eraginkortasuna. Kostuen kudeaketa eta programazioa. Irisgarritasuna eta soluzio domotikoak ezartzea.

– Lehendik altxatuta dauden eraikinak: eraikinen kontserbazio-egoera, Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa (EIT), eraikinaren patologia, birgaitzea, erabilera nahiz mantenua eta balio-bizitza. Eraikinen energia-eraginkortasuna. Obraren eta proiektuaren kalitatearen kontrola. Kostuen kudeaketa eta programazioa. Irisgarritasuna eta soluzio domotikoak ezartzea. Ondarearen kontserbazioari eta babesari buruzko azterlanak, eta birgaitzearekin, energia-eraginkortasunarekin eta irisgarritasuna hobetzearekin bateragarriak ote diren aztertzea, dela araugintzaren aldetik, dela alderdi operatiboan.

– Industrializazioa. Eraikinen jasangarritasunaren, funtzionaltasunaren, malgutasunaren eta espazioaren arloko prestazioen ebaluazioa.

b) Kudeaketaren kalitatea hobetzeari eta kalitatea ezartzeari buruzko ikerketak eta Eraikuntzaren Informazioa Modelatzea.

c) Obretako lan-arloko segurtasunari eta osasunari buruzko ikerketak.

d) Eraikinen instalazioei buruzko ikerketak.

1.2.– II. lerroa: erreminta informatikoak, dibulgazio-kanpainak eta trebakuntza-jardunaldiak eta -ikastaroak garatzea, aurreko atalean aurreikusitako auziekin lotuta egiten direnak.

Ez dira ildo honetan sartzen sistema partikularren edo markaren publizitatea egiten duten ekintzak. Kode irekiko tresna edo plataforma informatikoak sortzeko proposamenak bakarrik onartuko dira. Halaber, aplikazio informatikoak behar dituzten sistemak ezartzeko, aplikazio horiek ere kode irekiko soluzioetan oinarritutakoak izan beharko dute.

1.3.– III. lerroa: eraikuntza sektoreko pertsona fisiko edo juridikoei bideratutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta egiaztatzea.

a) Honako arau hauetan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezartzea, ziurtatzea eta integratzea: ISO 9001, ISO 14001 eta ISO 14006 Normalizazioko Nazioarteko Arauak; UNE 166002 Espainiako Araua; EMAS; OHSAS 18001 Industria Segurtasuneko eta Osasun Okupazionaleko ebaluazio-araua.

b) «Saiakuntza-laborategien gaitasunerako baldintza orokorrak» izeneko ISO/IEC 17025 eta «Ikuskatze-lana egiten duten hainbat motatako erakundeen funtzionamendurako irizpide orokorrak» izeneko ISO/IEC 17020 normalizazioko nazioarteko arauetan oinarritutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta egiaztatzea.

c) Eraikuntza sektoreko profesionalei bideratutako eraginkortasun energetikoari eta jasangarritasunari buruzko egiaztagirien ziurtapena, betiere Espainiako Estatuaren barruan egokitutako nazioarteko errekonozimendu-ziurtagiria bada. Adibidez, Passivhaus, Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology (BREEAM) egiaztagiriak aholkularientzat eta Berde ziurtagiriak ebaluatzaileentzat.

Aurreko a) eta b) atalei dagokienez, ENAC egiaztapen-erakunde nazionalak edo haren Europako homologoak egiaztatutako egiaztapen-erakundeak izanez gero, esandako erakunde horiek emandako ziurtagiriak dituztenek bakarrik jaso ahal izango dituzte laguntzak.

1.4.– IV. lerroa:eraikuntzei bideratutako egiaztagiriak ezartzea eta egiaztatzea.

Eraikuntzei bideratutako eraginkortasun energetikoari eta jasangarritasunari buruzko egiaztagirien ziurtapena, betiere Espainiako Estatuaren barruan egokitutako nazioarteko errekonozimendu-ziurtagiria bada. Adibidez, LEED (Lider en Eficiencia Energética y Diseño Sostenible) eraikuntza jasangarrien sailkapen sistemari dagokion ziurtagiria, Passivhaus eraikinen egiaztagiria, Building Research Establishment Environmental Assessment Methodology (BREEAM) egiaztagiriak edo Berde ziurtagiriak.

2.– Agindu honen esparruan, honako hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko gastutzat: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoak.

IV. lerroari dagokionez, diruz laguntzen den jardueraren izaerari lotutako gastuak dira, eta ondorioz diruz lagundu daitezkeen gastuak dira hauek: egiaztagiria lortzeko beharrezkoak direnak eta inolako lege baldintza baten ondorio ez direnak. Adibidez, saiakuntzak, zerbitzu-frogak, etab.

3.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 ere azpikontratatu dezake onuradunak. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araubidea onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko, ulertzen da onuradun azpikontratatzaileak hirugarrenekin hitzartzen duela diru-laguntzaren helburua eratzen duen jardueraren exekuzio osoa edo partziala. Kontzeptu horretatik kanpo geratzen da onuradunak berak diruz lagundutako jarduera egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

4.– Ez dira diruz laguntzeko moduko jarduerak izango honako gastu edo inbertsio hauek:

– Ziurtagiriak mantentzera edo berritzera bideratutako gastuak, edota arauen bertsio berrietara egokitzeko prozesuan sortutakoak.

– Jarduerari oro har aplika dakizkiokeen zergen zenbatekoak (BEZ, PFEZ...).

– Ekipamendua erostera bideratutako inbertsioak edota euren amortizazioak.

– Enpresa batera berariaz bideratutako ekimenak, patente bat lortzea xede dutenak.

5.– Diruz laguntzeko jarduera guztiek 2018ko ekitaldian hasi beharko dute, eta 2020ko urriaren 30a baino lehen amaitu, baita IV. lerroan aurreikusitako ziurtatzeko eraikuntza lanek ere.

3. artikulua.– Laguntzen onuradunak.

1.– Agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan ahalko dira, aurreko artikuluko I. eta III. lerroei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan errotutako pertsona hauek:

a) Ekonomia-jardueren gaineko zergaren barnean, bizitegi-eraikuntzarekin lotutako sektore hauetakoren batean dauden enpresak eta profesionalak.

883.2 Higiezinen sustapena.

50 Obra berriko eraikinen eraikuntza nahiz birgaitze- eta mantenu-lanak. Instalazio elektrikoak, iturgintzakoak eta bestelakoak eraikuntza-obretan. Eraikinen akabera. Eraikuntza espezializatuko bestelako jarduerak.

843 Arkitektura- eta ingeniaritza-zerbitzu teknikoak eta aholkularitza teknikoarekin zerikusia duten bestelako jarduerak. Jarduera horiek honako hauen parte-hartzera mugatuta egongo dira: arkitektoen estudioak, aparejadoreen estudioak eta ingeniaritzako eta topografiako zerbitzuak. Ingeniaritza-estudioek egiaztatu beharko dute deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan bizitegi-eraikuntzaren arloan gutxienez bi proiektu, aholkularitza-lan edo txosten egin dituztela.

b) Eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko erakundeak eta eraikuntzaren kalitatea kontrolatzeko saiakuntza-laborategiak, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskumendunaren aurrean dagokion adierazpena aurkeztu dutenak, eraikuntzaren kalitate-kontrolerako erakundeek eta saiakuntza-laborategiek beren jardueran aritzeko bete behar dituzten baldintzak garatzen dituen martxoaren 31ko 410/2010 Errege Dekretua eta eraikuntzako kalitate-kontrola arautzeko urriaren 28ko 209/2014 Dekretua betez.

c) Ordezkaritza zabala duten edo jendea biltzeko ahalmen handia duten bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresa eta profesionalen talde edo elkarteak, nortasun juridikoa izan ala ez. Halakotzat hartuko dira bizitegi-eraikuntzaren sektorearekin lotura duten elkargo profesionalak, ikerketa teknologikoko zentroak, merkataritza-ganberak, eraikuntza-arloko klusterrak, etxebizitzen sozietate publikoak eta hirigintza-sozietateak.

2.– Aurreko artikuluan aurreikusitako II. lerroarekin lotuta, agindu honetan ezarritako laguntzen onuradun izan ahalko dira bizitegi-eraikuntzaren sektore enpresen eta profesionalen taldeak edo elkarteak, nortasun juridikoa izan ala ez, Euskal Autonomia Erkidegoan daudenak eta ordezkaritza zabala edo jendea biltzeko gaitasuna dutenak. Halakotzat hartuko dira bizitegi-eraikuntzaren sektorearekin lotura duten elkargo profesionalak, ikerketa teknologikoko zentroak, merkataritza-ganberak, eraikuntza-arloko klusterrak, etxebizitzen sozietate publikoak eta hirigintza-sozietateak.

3.– IV. lerroaren kasuan, laguntzaren onuradun gisa hartuko da egiaztagiria lortuko duten eraikinak sustatzen dituen pertsona fisikoa edo juridikoa, jarduera ekonomia-jardueren gaineko zergaren 833.2 epigrafearen barnean dagoelako, edo obra eremu pribatuan eta erabilera propiorako sustatzen den familia bakarreko etxebizitza-erabilerako eraikina bada.

4.– Honako erakunde hauek ezingo dira onuradun izan:

– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean dauden erakundeak.

– Horretarako ezgaitzen duen legezko debekua duten erakundeak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoari jarraikiz.

5.– Deialdi honetako eskabidea pertsona fisikoen edo juridikoen talde batek egiten duenean (publikoak edo pribatuak nortasun juridikorik gabe), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. artikuluari jarraikiz, taldeko kide guztiek laguntzen onuradun izateko eska daitezkeen baldintza guztiak bete beharko dituzte. Nolanahi ere, ordezkari edo ahaldun bakar bat izendatu beharko dute elkarteek, elkarteari onuradun izateagatik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde askietsiak dituena. Elkartea ezingo da desegin harik eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 44. artikuluan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.

6.– Diru-laguntzak eman eta ordaintzeko automatikoki egiaztatuko da eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikuluan. Dena dela, eskatzaileak berariaz ukatu dezake baimen hori, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran.

Era bereran, eskatzaileek diru-laguntzen itzulketagatik eratorritako betebeharrak ordainduta eduki beharko dituzte.

Atal honetan jasotako eskakizunak indarrean izango dira harik eta emandako diru-laguntza kitatu arte.

4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

1.– Eskaerak aurkezteko epea hilabete izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Pertsona juridikoek, nortasun juridikorik gabeko erakundeek eta nahitaez elkargokide izan behar duten jarduera profesionalen bat egiten dutenek, interesatuta egonik, parte hartzen duen prozedurako izapide guztiak bitarteko elektronikoen bidez egin eta kontsultatu beharko dituzte. Eskabideak eta erantzukizunpeko adierazpenak izapidetzeko zehaztasunak eta gainerako ereduak eskura daude honako egoitza elektronikoan (url):

https://www.euskadi.eus/2018/eraikal/y22-izapide/eu

Eskabidearen osteko izapideak http://www.euskadi.eus gunean egingo dira, «Egoitza Elektronikoa / Nirekarpeta» atalean.

Pertsona fisikoek bide elektronikoak edo aurrez aurrekoak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko. Eskabidea eta dokumentuak aurrez aurre aurkezteak edo bide elektronikoa erabiltzeak ez du esan nahi nahitaez baliabide horiek erabili behar direnik prozeduraren ondorengo izapideetan, edozein unetan alda daitezke-eta, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatzen duen moduan.

– Aurrez aurre, eskabideak toki hauetan aurkeztu ahal izango dira: Zuzenean zerbitzuan, EAEko erregistro osagarrietan, hau da, apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa) adierazitako edozein erregistrotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

– Bitarteko elektronikoz: Euskadiko egoitza elektronikoan sartuta aurkeztuko dira eskabideak, zenbaki honetan adierazten diren helbideen bidez.

3.– Deialdi honetan jasotzen den lerro bakoitzean, ez zaio emango diru-laguntza bat baino gehiago eskatzaile berari.

Eskatzaile batek diru-laguntza lerro batean eskaera bat baino gehiago aurkezten badu, organo kudeatzaileak horren berri emango dio, atzera egiten duen proiektuaren berri eman dezan 10 eguneko epearen barruan. Interesdunaren komunikaziorik ez badago, kudeatzaileak aurrekontu baxuena duen proiektua hautatuko du deialdian parte hartzeko.

4.– Interesdunek aukeran dute eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztea. Era berean, prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

5.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak konpromisoa hartzen du datuak –dagokien babes-mailarekin– tratatzeko, Europako Parlamentu eta Kontseiluaren 2016/679 Araudian (EB), 2016ko apirilaren 27koan, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio libreari lotuta pertsona fisikoak babesteari buruzkoan eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duen horretan (Datuen babeserako erregelamendu orokorra), Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.

5. artikulua.– Eskabidearen edukia eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

1.– Plataforma elektronikoan egiten den eskaerak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aipatutako erantzukizunpeko adierazpena jasotzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko 2011ko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu zen testu bategin hura. Deklarazio horren barruan honako puntu hauek jasoko dira:

a) Erakunde eskatzaileak administrazio zein beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik xede bererako laguntza, diru-laguntza, diru-sarrera nahiz bestelako baliabideak eskatu eta lortu dituen, berariaz adierazita eskatutako kopuruak, emandako diru-laguntzen zenbatekoa eta BEZa ere diruz lagundu daitekeen ala ez diru-laguntza programetan.

b) Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko edo zehatzeko prozeduraren batean dagoen edo horrelako baten xede izan den; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek izaera berdineko diru-laguntzen arloa hasi eta oraindik tramitatzen ari den prozedura bada.

c) Erakunde eskatzailea zigor- edo administrazio-bidetik laguntza edo diru-laguntza publikorik jaso ezin izateko zigortu duten, edo diru-laguntza publikoak jasotzeko ezgaitzen duen legezko debekuren baten pean dagoen.

d) Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela betetzen sexuagatiko diskriminazioa egitearen ondoriozko administrazio-zehapen edo -zigorrik, eta ez duela Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezarritako zehapenik.

e) Erakunde eskatzailea ez dago Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan onuradun izateko debekuen kasuan.

f) Erakunde eskatzaileak abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduarekin (EB) lotutako laguntzarik jaso duen zerga-ekitaldi honetan eta bi aurrekoetan, eta, baiezkoa izanez gero, laguntzon zenbatekoa.

g) Eskatzailea Agindu honetako IV. lerroan parte hartu ahal duen eraikuntzaren sustatzailea den.

Eskaera aurrez aurre aurkezten bada, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du eskaerarekin eta hurrengo atalean jasotzen den dokumentazioarekin batera. Adierazpena sinatuta egon beharko da.

2.– Eskaera egiten duen erakundearen ezaugarriak eta burutu nahi den ekintza kontuan harturik, eskabide guztiekin batera, ezinbestez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira. Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren egoitza elektronikoan eskuragarri egongo dira inprimakien ereduak:

a) Proiektuaren memoria, gutxienez honako hauek jasotzen dituena:

1.– Sarrera: eragile sustatzailearen deskribapen orokorra, enpresaren egituraren zirriborroa eta proiektuaren helburu orokorrak.

2.– I. lerroan bildutako jardueretarako: berrikuntza arloko proiektu edo ikerketak eta II. lerrokoak: tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena; memoriak honako alderdi hauek zehaztu beharko ditu:

– Proposatzen den jardueraren deskripzio xehea, proiektuan jasotzen den jardun bakoitza zehaztuz.

– Proposamena lan-ildoetako batera egokitzen dela.

– Sektorerako egokitasuna, aukera eta zuzentasuna.

– Inpaktu potentziala sektorean, inpaktu hori neurtzeko adierazleak eta neurketak barnean hartuta.

– Proiektu edo ikerketa taldearen kalitate tekniko eta zientifikoa eta esperientzia.

– Finantzaketaren egitura.

– Proiekturako proposaturiko helburuak eta epeak.

3.– III. eta IV. lerroetan aurreikusten diren jardueretarako, memoriak proiekturako proposatutako helburuak eta epeak zehaztu beharko ditu.

b) Laguntza eskatzen den jardun-lerroari dagokion aurrekontua. Aurrekontua urteka banakatuta egongo da 2020. urtera arte, bai eta lanketa eta/edo jardueren arabera ere, lanketa bakoitzaren barne-gastuak (proiektua zuzentzen duen eragilearen beraren gastuak) eta kanpo edo azpikontratatutako eragileen gastuak (kanpo-erakundeak azpikontratatzeagatiko gastuak) bereizita.

Barne-gastuei dagokienez, egin beharreko zereginen aurreikuspena zehaztu beharko da, baita baliatutako ordu-tarifaren egozpena ere.

Kanpo-kontratazioaren kasuan, arrazoitutako balioespena edo, ahal dela, aurrekontua aurkeztu beharko da, eta honako hauetan xedatutakoa bete: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan.

Eskabidea III. edo IV. lerrorako izango balitz, aurrekontuak aholkulariaren eta/edo egiaztatzailearen eskaintza jaso beharko du.

c) Diruz lagundutako jardueraren eredugarritasuna hedatzeko, jakinarazteko eta indartzeko ekintza-plana.

3.– Laguntza-eskaera ingeniaritza-estudio batek egiten duenean, eskaerarekin batera bizitegi eraikuntzaren arloan eskatzaileak egindako jardunen hartzailea izan den pertsona fisiko edo juridikoaren edo Herri Administrazioaren ziurtagiria aurkeztu behar da.

4.– Laguntza-eskaera pertsona fisiko zein juridikoen talde batek egin badu, publikoa edo nortasun juridikorik gabeko pribatua izan, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11.3 artikuluari jarraikiz, aurkeztutako eskaeran adierazi beharko dira taldekide bakoitzak hartu dituen egikaritze-konpromisoak, bai eta bakoitzari diru-laguntzaren zein zati dagokion ere; guztiak izango dira onuradun.

Ordezkariak eskabidea sinatu beharko du, eta bere izendapena aurkeztu.

6. artikulua.– Eskaerak zuzentzea.

1.– Laguntza kudeatzen duen erakundeak eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo harekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Adieraziko zaio, halaber, hala egin ezean, eskaeran atzera egindakotzat joko dela ebazpen bidez. Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluak aurreikusitakoaren arabera eman beharko da.

2.– Halaber, eskabidea izapidetzea onartu ondoren, diru-laguntzak kudeatzeko organo arduradunak interesekotzat jotako informazioa eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari, aurkeztutako proiektua egokiro balioesteko, eta horretarako 10 eguneko epea emango dio, informazioa eman ezean proiektua eskatutako informazioa kontuan hartu gabe aztertuko dela jakinarazita.

7. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzen dituen organoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertzea eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak, diruz laguntzeko lerro bakoitzean, dagokion prozeduran izapidetuko dira.

2.– I. eta II. lerroei dagozkien diru-laguntzak norgehiagoka bidez esleituko eta lehiaketa bidez zenbatetsiko dira puntuazio handienetik txikienera, harik eta lerro bakoitzeko aurrekontu-kreditua amaitzen den arte.

3.– III. eta IV. lerroei dagozkien diru-laguntzak norgehiagoka gabeko prozeduraren bidez esleituko dira. Dagokion lerroan eskura dagoen aurrekontu-zuzkidura onartutako eskabideen kopuruarekin zatituko da, eta inoiz ere ezingo da gainditu agindu honetan finkatutako laguntzaren gehieneko zenbatekoa.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

I. eta II. lerroetako diru-laguntzak esleitzeko, ondoren zerrendatutako irizpideak eta neurriak erabiliko dira, kasu bakoitzean zehaztutako haztapena kontuan hartuta:

1.– I. lerroa: berrikuntza-proiektuak edo -azterketak.

(Ikus .PDF)

2.– II. lerroa: tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena.

(Ikus .PDF)

10. artikulua.– Aurreikusitako kreditua eta diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Bigarren artikuluan zehaztutako ekintzetarako aurrekontu-zuzkidura osoa laurehun eta berrogeita hamar mila (450.000,00) eurokoa izango da, honako banakatze honen arabera:

(Ikus .PDF)

Zuzkidura honako aurrekontu-partida honetan dago: 18.0.1.05.31.0000.4.752.02.43122.004/Q.

2.– Esandako zenbatekoa honela banatuko da diru-laguntzaren lerro bakoitzerako:

– I. lerroa, berrikuntza-proiektuak edo -azterketak. Gehienez ere ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euro bideratuko dira.

– II. lerroa, tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen garapena. Gehienez ere ehun eta berrogeita hamar mila (150.000,00) euro bideratuko dira.

– III. lerroa, eraikuntza sektoreko pertsonei bideratutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta ziurtatzea. Gehienez ere ehun mila (100.000,00) euro bideratuko dira.

– IV. lerroa, eraikuntzei bideratutako egiaztagiriak ezartzea eta egiaztatzea. Gehienez ere berrogeita hamar mila (50.000,00) euro bideratuko dira.

3.– Eskabiderik ez dagoelako edo betekizunak betetzen ez direlako aipatutako jardun-lerroetako bati esleitutako diru-zenbatekoa agortzen ez bada, beste jardun-lerro bati esleitutako diru-zenbatekoari gehitu ahalko zaio. Soberakina I. lerroari aplikatuko litzaioke lehendabizi, ondoren, II. lerroari, hirugarren IV. lerroari eta, azkenik, III.ari, agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio-organoak egingo lukeen proposamenarekin bat. Inguruabar hori Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpenean aipatuko da.

4.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

4.1.– I. lerroa: berrikuntza-proiektuak edo -azterketak, eta II. lerroa: tresna informatikoen, dibulgazio-kanpainen, jardunaldien eta prestakuntza-ikastaroen eta jardunaldien garapena.

– Jarduerak puntuazioaren arabera antolatuko dira, puntu gehien lortu duenetik gutxien lortu duenera.

– Diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartu ahal izateko, gutxienez 50 puntu eskuratu beharko ditu.

– Antolatu eta gero, honako formula hau aplikatu ostean lagunduko dira diruz:

Eskuratutako puntuazioa/100 eta honako bi zenbateko hauetatik txikienarekin biderkatuta:

a) Aurkeztutako eta onartutako aurrekontua (zergak kanpo).

b) Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoa, lerro honetako proiektu edo azterlan bakoitzeko.

I. lerroan, proiektuko edo azterlaneko diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoa 40.000,00 euro izango da, eta II. lerroan, berriz, 30.000,00 euro.

4.2.– III. lerroa: eraikuntza sektoreko pertsona fisiko edo juridikoei bideratutako kudeaketa-sistemak ezartzea eta ziurtatzea. Lerro honetako jarduerak honako ordena honen arabera antolatuko dira:

– 2.1.3 puntuko a) eta b) letretako hiru sistemaren egiaztapena.

– 2.1.3 puntuko a) eta b) letretako bi sistemaren egiaztapena.

– 2.1.3 puntuko a) eta b) letretako sistema baten egiaztapena.

– Obra-ziurtagiria, 2.1.3 puntuko c) letraren arabera.

Diru-laguntza kanpoko gastuen zenbatekoaren % 50 izango da (zergak kanpo), Industria Segurtasuna eta Osasun Okupazionala Ebalutzeko OHSAS arauaren araberako laneko arriskuen prebentzioko ziurtagiriaren kasuan izan ezik (kasu horretan, kanpoko gastuen % 25 izango da, zergak kanpo), betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak onartutako proiektuei dagokienez.

Ziurtapen bakoitzeko, laguntzen gehieneko zenbatekoa honako hau izango da:

– Sistema bat egiaztatzeko: 5.000,00 euro, 18001 OHSAS Industria Segurtasuna eta Osasun Okupazionala Ebaluatzeko arauaren egiaztapenerako izan ezik, orduan 2.500,00 eurokoa izango baita.

– Sistema bi egiaztatzeko: 8.000,00 euro, egiaztapenetako bat 18001 OHSAS Industria Segurtasuna eta Osasun Okupazionala Ebaluatzeko araua izan ezean, orduan 5.500,00 eurokoa izango baita.

– Hiru sistema egiaztatzeko: 11.000,00 euro, egiaztapenetako bat 18001 OHSAS Industria Segurtasuna eta Osasun Okupazionala Ebaluatzeko araua izan ezean, orduan 8.500,00 eurokoa izango baita.

– Energia eraginkortasunari buruz eta jasangarritasunari buruz eraikuntza arloko profesionalei bideratutako ziurtapena egiaztatzeko: 2.000,00 euro.

Eskariek agindu honetan eskatzen diren baldintza objektiboak eta subjektiboak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, diru laguntza lerro honi dagozkion diru laguntzen zenbatekoa zehazteko, prozesu honi jarraituko zaio:

a) Atal honetan adierazitako jardueren lehentasun-hurrenkerako lehen zatian dauden eskariei dagokien diru-laguntza kopuruaren hasierako kalkulua egingo da, betiere aipatu diren portzentajeak eta kopuruak errespetatuz eta eskatutako kopurua gainditu gabe.

Lerro honetako diru-zuzkidura hasieran kalkulatu diren kopuru guztiak estaltzeko nahikoa bada, diru-laguntzak kopuru horien arabera banatuko dira. Bestela, kalkulatu diren kopuruen murrizketa lineala egingo da, aipatutako zuzkidura guztiak bermatzeko nahikoa izan arte.

b) Jardueren lehentasun-hurrenkerako lehen zatian dauden diru-laguntzak esleitu eta gero, diru-zuzkidurarik banatzeko balego, diru-laguntzak prozesu berdinarekin banatuko lirateke, tarteen lehentasun-hurrenkerako beheranzko ordenari jarraituz, hala badagokio, diru-laguntza lerroaren diru-zuzkidura agortu arte.

4.3.– IV. lerroa: eraikuntzei bideratutako egiaztagiriak ezartzea eta egiaztatzea.

Diru-laguntza kanpoko gastuen zenbatekoaren % 50 izango da (zergak kanpo).

Eraikin bakoitzeko, laguntzen gehieneko zenbatekoa 6.000,00 eurokoa izango da.

Diru-laguntzen lerro honetako diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, prozesu honi jarraituko zaio:

Agindu honetan ezarritako baldintza subjektiboak eta objektiboak betetzen direla egiaztatu ondoren, diru-laguntzaren zenbatekoaren hasierako kalkulua egingo da atal honetan zehaztutako portzentajeak eta zenbatekoak errespetatuz, eskatutako kopurua gainditu gabe.

Lerroaren diru-zuzkidura nahikoa bada hasieran kalkulatu diren laguntza guztiak bermatzeko, diru-laguntzak esleituko dira, kopuru horien arabera. Bestera, kalkulatu diren kopuruen murrizketa lineala egingo da, zuzkidura nahikoa izan arte guztiak estaltzeko.

11. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Eskabideak balioesteko, balorazio-epaimahai bat osatuko da honako kide hauekin: eraikuntzaren Kalitate Kontrolerako Laborategiko zerbitzuburua; eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko bi teknikari, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak izendatuta.

Balorazio-epaimahaiaren osaketa laguntzak eskatzen dituztenei jakinaraziko zaie, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan arautzen den uko egiteko araubidearen ondoreetarako.

2.– Esandako epaimahaiak, 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, diruz laguntzeko lerro bakoitzean aurkeztutako eskabideak balioetsiko ditu, 10. artikuluan haietako bakoitzerako zehaztutakoari jarraikiz, eta, hala, esleituko diren diru-laguntzen zerrenda biltzen duen dagokion ebazpen-proposamena egingo du (onuraduna, diruz lagundutako jarduera, eskuratutako puntuazioa eta zenbatekoa zehaztuta), baita ukatuena ere (eskatzailea eta ukatu izanaren arrazoia zehaztuta).

Bere eginkizunak betetzearren eta beharrezko irizten dien gaiei dagokienez, balorazio-epaimahaiak adituak dei ditzake hala bileretan parte hartzera nola aholku ematera.

12. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskariak diru-laguntza lerro bakoitzean izapidetuko dira, dagokion prozeduraren arabera.

2.– Diru-laguntza lerro bakoitzeko ebazpenak interesdunek adierazitako gai guztiak erabakiko ditu. Ebazpen hori Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak emango du, balorazio-epaimahaiak proposatutakoaren arabera.

3.– Prozedura bakoitzean emango den ebazpenak zehaztuko du eskatutako diru-laguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde edo pertsona onuradunen izena edo izen soziala, finantzatutako jarduera, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, diru-laguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira. Horrez gain, nortasun juridikorik gabeko elkarte pribatuak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa.

Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

4.– Aurreko atalean aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute horren kontra Etxebizitzako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraituz.

5.– Ebazpena eskatzaile bakoitzari jakinaraziko zaio, bakoitzari dagokion prozeduran; halere, eta guztiak jakinaren gainean ipintzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

6.– Ebazteko eta ebatzitakoa pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea lau hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko azken egunaren biharamunetik hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, eskaera ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

7.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak erakunde onuradunei ematea eta, hala badagokio, ordaintzea, baldintzapean geratuko da; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean.

13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako jarduera justifikatu beharko dute 2020ko azaroaren 15a baino lehen, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluak zehazten duen moduan.

2.– Horretarako, kasu guztietan honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, diru-laguntza eskaria aurkeztutako modu berdinean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen diru-laguntza jasotzeko jardun-lerroari dagozkion ekintzak egin direla azaltzeko memoria, haien ezaugarri nagusiak eta helburuen betetze-maila azalduta.

III. eta IV. lerroetan bildutako jarduerak egiaztatuko dira ziurtagiria edo diploma ematen duen erakundearen edo markak egiaztatutako erakundearen ziurtagiriarekin.

b) Diruz lagundutako gastua benetan egin dela egiaztatzen duten fakturak edo ordainagiriak.

c) Sarreren eta gastuen zerrenda; hala badagokio, helburu berbererako beste diru-laguntza, laguntza edo sarrera batzuk jaso diren zehaztuko da.

d) Diruz lagundutako ekimenaren berri emateko egindako komunikazio- eta publizitate-ekintzei buruzko memoria deskribatzailea.

e) Proiektuan sortutako materialen kopia.

f) IV. lerroa justifikatzeko, dagokion elkargo profesionalak bisatutako Obra Bukaerako Ziurtagiria aurkeztu behar da.

14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Agindu honen babesean emango diren diru-laguntzak honela ordainduko dira:

– Agindu honetako 15. artikuluko a) letran finkatutako epea igaro ondoren uko adierazirik ez bada, aldez aurretik ordaintzeko agindua emango da; hain zuzen, egokitutako diru-laguntzaren ehuneko sei koma hogeita bosti (%6,25) dagokion zenbatekoa. Hasieran ordaindutako ehuneko horri dagokion jardueraren justifikazioa aurkezten den lehen txostenarekin batera eman beharko da, laguntzaren gainerako ordainketak egin ahal izateko.

– Emandako diru-kopuruaren zati bat, ehuneko hamar (%10) hain zuzen, gorde egingo da, eta entitate onuradunak laguntzaren xede den jarduera benetan gauzatu dela eta jardueraren benetako kostua ziurtatzen duenean ordainduko zaio.

– Gainerakoa, proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarriekin ados, txostenak aurkeztu ondoren ordainduko da. Hala, txosten horietan justifikatutako gastuaren zenbatekoaren ehunekoa (diru-laguntza osoaren gainekoa), aurretik ordainduta dagoena kenduta, kalkulatuko da ordaintzeko aginduak emateko garaian, betiere diruz laguntzeko jarduerarako aurrekontuaren gainean (hura baliatu baitzen laguntzaren kalkulua egiteko).

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun diren entitateek honako betebeharrak izango dituzte, bai eta xedapen hauetan ezarritako gainerakoak ere, kasu guztietan: diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.

a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien idazkia jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, diru-laguntza onartu egiten dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede horretarako erabiltzea.

c) Diruz lagundutako ekintza gauzatzea eta justifikatzea, agindu honetako 2.5 eta 13. artikuluetan ezarritako epeetan.

d) Hala dagokionean, proiektuak gauzatzea egoki diren lizentziak, baimenak eta gainerako sektore-eskakizunak betez.

e) Diru-laguntza esleitzen duen organoak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edo Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egingo dituen egiaztapen-ekintzak bete behar dituzte, eta estatuko zein Europar Batasuneko kontrol-organo eskudunek finantza-arloa egiaztatzeko eta kontrolatzeko egin dezaketen edozein ekintza ere bai. Horretarako, ekintza horiek gauzatzean eskatzen zaien informazio guztia eskaini behar dute onuradunek.

f) Jarduera beste diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuekin finantzatu dela jakinaraztea diru-laguntza ematen duen organoari. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena, eta, nolanahi ere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

g) Onuradunek diru-laguntzei buruzko publizitatea eman beharko dute, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18. artikuluaren arabera. Publizitatea, gutxienez ere, esleitutako diru-laguntzaren berri erakunde onuradunaren webgunean ematea izango da, eta bestelako publizitaterik ere zehaztu ahal izango da jardueraren izaeraren eta ezaugarrien arabera.

h) Laguntzaren esparruan sortzen den informazio teknikoa eta grafikoa erabiltzeko eskubidea Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari doan eta era ez-esklusiboan uztea, guztia ere sailak bere informazio-sistemetan txerta dezan eta haren zabalkundea edo argitalpena egin dezan edozein baliabide edo formatu bibliografikotan, ikus-entzunezkotan, informatikotan edota teknikaren erabilerak ahalbidetzen duenetan. Edonola ere, jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuko dira.

2.– Onuradunak bere kabuz diruz lagundu den jarduera burutzeko egin behar dituen gastuen zenbatekoa handiagoa bada Sektore Publikoko Kontratuen Legean kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak baino, onuradunak, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 31.3 artikuluan xedatutakoa betez, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu, obra egiteko, zerbitzua burutzeko edo ondasuna emateko konpromisoa hartu aurretik. Aipatutako hori aplikatu beharko da hala proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko kontratuan (zerbitzu-kontratua) nola obra-kontratuan. Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.

3.– Erakunde onuradunek Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak antolatutako sentsibilizazio- eta trebakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute, baita esperientziak trukatzekoetan ere, betiere Eraikal ekimenean bildutako jardueren barruan.

16. artikulua.– Emandako laguntzaren zenbatekoa aldatzea.

Inbertsioaren behin betiko benetako kostua diru-laguntza emateko oinarritzat hartutako aurrekontua baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa bidezko proportzioan murriztuko da. Onartutako aurrekontuaren gaineko ehuneko baten arabera zehazten diren laguntzen kasuan, esandako ehunekoa aplikatuko da oinarri berriaren gainean.

17. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

1.– Diru-laguntza esleitzeko kontuan hartutako baldintzetan aldaketaren bat eginez gero, baldin eta deialdiaren xedea betetzat jotzen bada eta, hala dagokionean, deialdi honetan esleitutako diru-laguntzez gain beste erakunde publiko zein pribatu baten diru-laguntzak edo laguntzak jaso badira, horren berri aurretiaz eman beharko dute Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzak berariaz onar ditzan. Aipatutako aldaketek diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea ekarri ahal izango dute, betiere agindu honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunak betetzen badira. Horretarako, dagokion kitapen-ebazpena emango da, esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa aldatzeko edota, hala badagokio, egoki den zenbatekoaz gaindi jasotakoa itzultzea eskatzeko.

2.– Aldaketak ezingo du inolaz ere jardueraren izaera aldatu.

3.– Diru-laguntzaren onuradunak justifikazioan adierazten badu diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatu egin direla eta litekeena dela aldaketa horrek ebazpena bera ere aldaraztea, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.12 artikuluak xedatzen duenaren indarrez, eta aldaketok onartzeko aurrez behar den baimen-izapidea ez bada egin, diru-laguntza eman duen organoaren aukeran geratuko da aurkeztutako justifikazioa ontzat ematea, betiere hori eginda beste inoren eskubideak kaltetzen ez badira.

4.– Diru-laguntza eman duen organoak egiaztapen-egintzan aldaketak onartzeak ez du esan nahi onuraduna dagozkion zehapenetatik salbuetsita geratu denik.

5.– Diru-laguntza jaso duen jarduera egiteko eta amaitzeko epeari dagokionez, erakunde onuradunaren borondatez kanpoko arrazoiak ageri direnean eta behar bezala justifikatuta dagoenean, erakunde horrek, jarduera amaitzeko epea baino gutxienez hilabete lehenago, diru-laguntza jaso duen jarduera amaitzeko aldez aurretik zehaztutako epeak luzatzeko eskatu ahal izango du. Epea ez da luzatuko onuradunak justifikatutako atzerapen-denbora baino gehiago, ez eta 2020ko abenduaren 30etik aurrera ere.

Epea luzatzeko eskaera hori Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak onartu beharko du, ebazpen bidez. Ebazpen horretan, azken likidazioa egiteko beharrezkoak diren agiri guztiak aurkezteko epemuga berria ere zehaztuko da.

18. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.

1.– Laguntza-eskatzaileek atzera egin ahalko dute, betiere eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik. Horretarako, agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko organoari eskaera helarazi beharko diote, eta hark, ebazpen baten bidez, atzera egiteko eskaera onartu, eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

2.– Onuradunak, gainera, uko egin ahal izango dio onartutako laguntzari, eta hala egin ahal izango du laguntza onartu ondoren. Horretarako, emandako laguntzei uko egiteko eskaera helarazi beharko diote laguntzak kudeatzeko organoari, eta hark, ebazpen baten bidez, uko egiteko eskaera onartu, eta amaitutzat emango du haiei dagokien prozedura.

Ukoa onartutakoan, onuradunak automatikoki galduko du ebazpen bidez onartutako eskubidea, baita emandako laguntza kobratzeko eskubidea ere, eta, hala dagokionean, jasotako zenbatekoak bueltatu beharko ditu.

19. artikulua.– Ez-betetzearen ondorioak.

1.– Erakunde onuradunak Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren diru-laguntza eskaeraren eta emakidaren berariazko xederako erabiltzen ez badu, diru-laguntzaren oinarria den ekintza egiten ez badu, diru-laguntza eskatuta lortu nahi ziren helburu zehatzetara aplikatu izana justifikatzen ez badu edo behar bezala egiten ez badu edo, oro har, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluan, agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritako betebeharrak betetzen ez baditu, emandako eta jasotako kopurua itzuli beharko du legez aplikatu beharreko berandutze-interesekin batera; horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen berme eta itzultzeen araubide orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedurari jarraitu beharko dio.

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 19. artikuluaren 3. apartatuan jasotako kasuan, halaber, diruz lagundutako jardueraren kostuaren gainean izandako soberakina itzuli beharko da, eta diru-laguntzei aplikagarri zaien berandutze-interesa ere eskatuko da.

20. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Laguntza hauek bateragarriak izango dira helburu berbera duten funts publikoen edo pribatuen kargura jaso daitekeen beste edozein laguntzarekin. Hala ere, helburu berbererako jasotako laguntzen zenbateko osoa eta deialdi honetan emandako diru-laguntzaren kopurua batuta, azken kostu osoa baino handiagoa bada, deialdi honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoari gehiegizko kopuru hori kenduko zaio.

21. artikulua.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean jasota dagoen moduan; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean jasotakoari jarraikiz.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan jasotzen diren laguntzek arau hauek beteko dituzte: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1ko 39/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua, azken horren erregelamendua onartzen duena.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 5a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala