Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

177. zk., 2018ko irailaren 13a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4503

140/2018 EBAZPENA, irailaren 10ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Emakumearen Euskal Erakundea - Emakundearen eta Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketa Unibertsitate-masterraren tituluko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hitzarmena sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Emakumearen Euskal Erakundea – Emakundearen eta Euskal Herriko Unibertsitatearen artean sinatutako lankidetza-hitzarmena Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketa Unibertsitate-masterraren tituluko ikasleek kanpoko praktika akademikoak egiteko. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 10a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN IRAILAREN 10EKO 140/2018 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ETA EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEA ENTITATE LAGUNTZAILEAREN ARTEKO HEZKUNTZA-LANKIDETZAKO AKORDIOA, GIZA BALIABIDEEN ETA ENPLEGUAREN KUDEAKETAKO UNIBERTSITATE-MASTERREKO IKASLEEK KANPOKO PRAKTIKA AKADEMIKOAK EGIN DITZATEN

Leioa, 2018ko apirilaren 13a.

BILDU DIRA:

Batetik, Araceli Garín Martín andrea, Euskal Herriko Unibertsitatea (aurrerantzean, UPV/EHU) ordezkatuz, eskumenak eskuordetuta, (Ebazpena, 2017ko urtarrilaren 25ekoa, UPV/EHUko errektorearena, 2017-02-03ko EHAA), Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreorde gisa jardunez, unibertsitate-masterren proposamenak egiteko prozedurari buruz indarrean dagoen araudian xedatutako eskuduntzen arabera eta indarrean dagoen Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen Araudiak ezarritakoaren arabera.

Eta, bestetik, Miren Izaskun Landaida Larizgoitia andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria (aurrerantzean, entitate laguntzailea), Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa ordezkatuz, Gobernu Kontseiluak 2018ko martxoaren 27ko Erabakiaren bidez emandako baimenaz jardunez eta urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2.a) artikuluak esleitzen dizkion eskumenen arabera (dekretu horretan ezartzen da Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen egitura organikoa eta funtzionala. EHAA, 2006-11-17).

Hezkuntzarako lankidetza-hitzarmen hau izenpetzeko lege-ahalmena aitortzen diote elkarri alde biek, eta

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– UPV/EHU Zuzenbide Publikoko erakundea da, sektore eta diziplina anitzekoa, irakaskuntza, ikerketa eta zientzia eta teknologiaren garapenerako jarduerak egiten dituena. UPV/EHUren helburuetako bat da «Kalitatezko goi-mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen prestakuntza osoa lortzeko eta lanerako beharko dituzten gaitasunak ziurtatzeko».

Bigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea EAEko Administrazioko erakunde autonomo bat da, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko bizitza politiko, sozial, kultural eta ekonomikoaren esparru guztietan gizonaren eta emakumeen arteko benetako berdintasun eraginkorra lortzeko jarduerak egiten dituen, hainbat jakintza-arlotan.

Hirugarrena.– Ikasleek gauzatzen eta unibertsitateak gainbegiratzen dituen prestakuntza-jarduerak dira kanpoko praktika akademikoak, eta ikasleei prestakuntza akademikoan jaso dituzten ezagutzak garatzen eta osatzen laguntzea dute helburu; hala, jarduera profesionalerako prestatzen, lan-merkatuan egokitzen eta ekiteko gaitasuna sustatzen lagunduko dieten gaitasunak eskuratuko dituzte.

Laugarrena.– Zehazki, curriculum-praktikak Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketako Unibertsitate Masterraren ikasketa-planaren barneko jarduera akademikotzat hartzen dira.

Bosgarrena.– UPV/EHUk Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketako Unibertsitate Masterraren titulua eskaintzen du, eta entitate laguntzaileak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sektorean gauzatzen du bere jarduera.

Seigarrena.– Unibertsitateko ikasleen kanpoko praktika akademikoak arautzen dituen UPV/EHUko araudiak (2012ko irailaren 27ko Gobernu Kontseiluan onetsia) ezartzen duenez, unibertsitateak eta entitate laguntzaileek Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmenak izenpetuko dituzte, kanpoko praktika akademikoak egiteko.

Zazpigarrena.– Aipatutako araudiarekin bat etorriz, kanpoko praktika akademikoak egin ahal izango dituzte unibertsitateak edo hari atxikitako ikastegiek emandako edozein ikasketatan matrikulatuta dauden ikasleek.

Zortzigarrena.– Aurreko adierazpen horiek kontuan izanik, tarteko diren aldeen arteko lankidetza erakundetzeko asmoz, alde biek hitzarmen hau izenpetzeko beharrezkoa den lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri, klausula hauen arabera.

Adierazitakoagatik, bi aldeek honako hau

ERABAKI DUTE:

Bakarra.– Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmen hau izenpetzea, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmen honen helburua da UPV/EHUko Giza Baliabideen eta Enpleguaren Kudeaketako Unibertsitate Masterreko ikasleek aipatutako entitate laguntzailean egingo dituzten curriculum-praktika akademikoak arautzea, uztailaren 11ko 592/2014 Errege Dekretuan (zeinaren bidez arautzen diren unibertsitateko ikasleen praktika akademikoak) eta Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudian ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Praktikak egitea: lekua eta programa.

Praktikak entitate laguntzailearen egoitzan egingo dira, Vitoria-Gasteizko Manuel Iradier kaleko 36.ean edo Emakundek Eusko Jaurlaritzaren Bilboko eta Vitoria-Gasteizko egoitzatan dituen bulegoetako batean. Praktikak egiteko lekua hitzarmen honi erantsitako I. eranskinean adieraziko da.

Iraupena eta ordutegiak ezartzeko, kontuan hartuko dira praktiken ezaugarriak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak dituen aukerak, praktika-jarduerek ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten haren eguneroko lanean.

Dagokion ikasketa-planak ezarritakoa oinarri hartuta, tutorearen ardura izango da prestakuntza-proiektu bat egitea, praktikak hasi aurretik. Programa horretan, datu hauek adieraziko dira:

– Zein ikasketari dagokion praktika.

– Praktikak zein entitate eta lekutan egingo diren.

– Tutore akademikoa.

– Erakundeko instruktorea.

– Praktika-programaren arduraduna.

– Ikasleen zerrenda, hala dagokionean.

– Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.

Hirugarrena.– Entitate laguntzailearen eta ikaslearen arteko harremana.

1.– Kanpoko praktika akademikoen helburua prestakuntza dela kontuan hartuta, praktikak egiteagatik ez da lan-harremanei dagokien betebeharrik sortuko, eta praktiketan ez dira beteko lanpostuei dagozkien lan-prestazioak.

2.– Halaber, ikasketak amaitzean ikaslea entitate laguntzaileko plantillan sartuko balitz, praktiketan egondako denbora ez litzateke kontuan hartuko antzinatasuna aitortzeko, eta ez luke frogaldia ordezkatuko, baldin eta dagokion hitzarmen kolektiboan bestelako baldintza bat berariaz adierazita ez badago.

Laugarrena.– Praktiketarako instruktorea.

1.– Entitate laguntzaileak instruktore bat izendatuko du ikasle bakoitzarentzat, eta haren egitekoa izango da prestakuntza-jarduerak antolatzea, praktika-programaren arduradunarekin eta ikaslearen tutorearekin adostuta.

2.– Entitate laguntzaileak izendatuko duen instruktorea erakunde horri berari loturiko pertsona bat izango da, eta, eskarmentu profesionalaz gainera, tutoretza modu eraginkorrean bideratzeko behar diren ezagutzen jabe izango da. Pertsona horiek ezin izango dute aldi berean instruktore eta unibertsitateko tutore izan.

3.– Instruktore horrek praktika-programaren arduradunaren adostasuna izan beharko du, eta «venia docendi» aitortu beharko zaio, UPV/EHUko Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoen Araudian adierazitako prozedurari jarraikiz.

Bosgarrena.– Instruktorearen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Entitate laguntzailearen instruktoreak eskubide hauek izango ditu:

a) Bere laguntza-lana aitortua izateko eskubidea, aurreko klausularen 3. zenbakian jasota dagoen moduan.

b) Kanpoko praktiken araubideari buruzko informazioa jasotzeko eskubidea, baita prestakuntza-proiektuari eta hura egiteko baldintzei buruzko informazioa jasotzekoa ere.

c) Unibertsitaterako sarbidea izateko eskubidea, bere eginkizunak betetzeko behar dituen informazioa eta laguntza eskuratu ahal izateko.

d) Bere etengabeko prestakuntzari lagun diezaioketen unibertsitateko instalazioak eta zerbitzuak (liburutegiak, mintegiak eta abar) erabiltzeko eskubidea. Horretarako, praktika-programaren arduradunak eskatu egin beharko du, «venia docendi» gaikuntzarekin batera, eta zehaztu egin beharko du zehazki zein zerbitzutarako sarbidea eskatzen duen eta zergatik.

2.– Era berean, honako betebehar hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta garatu beharreko jarduera prestakuntza-proiektuan zehaztutakoaren arabera antolatzea.

b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, eta praktikaren garapena bideratzea eta kontrolatzea, betiere elkarrekiko errespetua eta ikasketarekiko konpromisoa oinarri izanda.

c) Ikasleari erakundearen antolakuntzaren eta funtzionamenduaren berri ematea eta intereseko araudia ezagutaraztea, segurtasun eta lan-arriskuen arlokoa batez ere.

d) Hezkuntza-lankidetzako hitzarmenean zehazturiko jardueren garapena unibertsitateko tutorearekin koordinatzea, aintzat harturik aldi berean praktikaren garapen egokiari begira prestakuntza-proiektuan beharrezkotzat jo litezkeen aldaketak, eta bitarte horretan gerta litezkeen gorabeheren berri ematea eta gorabehera horiek konpontzea. Haren ardurapeko egitekoa izango da, halaber, azterketak egiteko baimenen kontrola.

e) Amaierako txostena prestatzea, Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiaren IV. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

f) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar duten prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasleei praktikak egin ahal izateko behar dituzten bitarteko materialak ematea.

h) Ikasleei erraztasunak eta bultzada ematea, berritzaileak eta ekintzaileak izan daitezen eta hobetzeko proposamenak egin ditzaten.

i) Unibertsitateko tutoreari erakunderako sarbidea ematea, bere eginkizunaren araberako helburuak bete ahal izan ditzan.

j) Instruktore lanaren bidez ikasleari buruzko informazioa eskuratzen badu, informazio hori isilpean gordetzea.

k) Ikasleari laguntza eta babesa ematea erakundean dagoen bitartean, ikasleak hor egiten dituen jardueretan izango dituen beharrizan profesionalei erantzuna emateko.

Seigarrena.– Ikasleen eskubideak eta betebeharrak.

1.– Kanpoko praktika akademikoak egiten ari diren bitartean, ikasleek honako eskubide hauek izango dituzte:

a) Praktikek irauten duten bitartean, unibertsitateko irakasle baten edo praktikak egiten ari den entitate laguntzailean lanean diharduen profesional baten tutoretza izateko eskubidea.

b) Ebaluaziorako eskubidea, Unibertsitateak zehazturiko irizpideen arabera.

c) Praktiken osteko txostena jasotzeko eskubidea. Praktikak eskaini dituen entitate laguntzaileak emango du, eta berariaz zehaztuko dira hartan bideraturiko jarduera, haren iraupena eta, hala behar badu, errendimendua. Txostena Ikasleen Kanpoko Praktika Akademikoak arautzen dituen UPV/EHUren Araudiaren IV. eranskineko ereduari jarraikiz egingo da.

d) Hala ezartzen denean, entitate laguntzailearen eskutik diru laguntza jasotzeko eskubidea, beti ere poltsa edo ikasketa laguntza moduan.

e) Jabetza intelektual eta industrialerako eskubidea, arloan arloko legediak arautzen dituen baldintzetan, ikasleek eskubide horren lagapen edo transmisiorako dokumentua sinatu duten kasuetan izan ezik.

f) Entitate laguntzailearen eskutik segurtasun eta lan-arriskuen prebentziorako araudiaren gaineko informazioa jasotzeko eskubidea.

g) Bere jarduera akademikoa, prestakuntza-lana eta ordezkaritza- nahiz partaidetza-betebeharrak betetzeko eskubidea, aldez aurretik behar beste denboraz entitate laguntzaileari jakinarazita.

h) Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, babesa, informazioa eta ebaluazioa jasotzeko eta praktikak aukera berdintasunean egiteko baliabide nahikoa izateko eskubidea.

i) Desgaitasuna duten ikasleen kasuan, praktikak eta desgaitasunaren ondorioz edo harekin lotuta dituzten jarduera eta egoera pertsonalak bateratzeko eskubidea.

2.– Era berean, betebehar hauek izango dituzte ikasleek kanpoko praktika akademikoak egin bitartean:

a) Unibertsitatearen arautegian kanpoko praktiken inguruan xedatutakoa betetzea.

b) Praktiken gaineko prestakuntza-proiektua ezagutzea eta betetzea, entitate laguntzaileak izendaturiko instruktorearen oharrei jarraikiz eta unibertsitateko tutorearen begiradapean.

c) Praktikak egiten dituen bitartean unibertsitateko tutorearekin harremanetan egotea eta sortutako gorabeheren berri ematea, eta, horrez gain, eskatzen zaizkion tarteko jarraipen-txosten eta -agiriak eta amaierako txostena entregatzea.

d) Hitzarturiko egunean entitate laguntzailean lanean hastea; hezkuntza-proiektuan aurreikusitako ordutegia betetzea, eta erakundearen jarduerarako, segurtasunerako eta lan-arriskuen prebentziorako arauak errespetatzea.

e) Hezkuntza Proiektua garatzea eta entitate laguntzailearekin hitzartutako jarduerak prestutasunez betetzea, proiektuan zehaztutako lan-ildoen arabera.

f) Praktiken amaierako memoria eta, hala behar izanez gero, tarteko txostena egitea, Ikaslearen Kanpoko Praktikak Arautzen dituen UPV/EHUren Araudiko V. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

g) Entitate laguntzailearen barne-informazioa isilpean gordetzea, eta egin dituen jardueren gaineko sekretu profesionala gordetzea, bai praktikak egiten ari den bitartean, bai praktikak amaitu ondoren.

h) Errespetuzko jarrera izatea, uneoro, entitate laguntzailearen politikarekiko, UPV/EHUren izen ona zainduz.

i) Indarrean dagoen araudian aurreikusitako beste zeinahi betebehar.

3.– Aurreko zenbakian ezarri diren betebeharrak betetzen ez badira, praktika berez dagokiona baino lehen bertan behera uztera behartu ahal izango da. Ikasleren batek betebeharrak urratzen baditu, UPV/EHUk edo entitate laguntzaileak jakinaren gainean jarri behar dute hitzarmen honetan ezarritako jarraipen-batzordea, eta azken horrek 10 eguneko epea izango du praktikak berez dagokiona baino lehen bertan behera uztera behartuko zaion ala ez erabakitzeko.

4.– Azterketak egin behar baditu, ikasleak praktiketara ez joateko aukera izango du, baina, horretarako, hiru egun lehenago justifikatu beharko dio egoera hori instruktoreari. Arrazoi akademikoen edo bestelako arrazoien eraginez praktiketara joan ezin bada, ikasleak lehenbailehen jakinarazi beharko die hori tutoreari eta instruktoreari, eta, hala badagokio, tutorearen baimena beharko du.

Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.

Entitate laguntzaileak praktikak egiteko beharrezkoak diren instalazioak eta baliabideak erabiltzeko aukera ematen du, eta jaso dezakeen ikasle-kopurua zehaztuko du. Emakundek konpromisoa hartzen du praktikak egiten ari diren ikasleek berdintasun-diagnostiko eta -plan baten jarraipenean eta balorazioan parte har dezaten. Horrez gain, Emakundek erakundeak berak aitortzen dituen entitate laguntzaileen zerrenda emango die, eta, hala badagokio, UPV/EHUk kasuan kasuko hezkuntza-lankidetzako hitzarmena sinatuko du haiekin, ikasleek kanpoko praktikak egin ditzaten.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– UPV/EHUk erantzukizun zibileko aseguru-poliza bat du, ikasleek praktiketan eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko.

2.– Ez Unibertsitatea ez ikaslea ez dira izango erantzuleak kalteak erakundeko instruktoreak emandako argibide edo agindu baten ondorio badira, eta argibide edo agindu hori ez bada praktiken jardueren programan agertzen.

3.– 28 urtetik beherako ikasleak, espainiarrak zein atzerritarrak, eskola-aseguruak babesten ditu. Horrez gain, UPV/EHUk istripu eta osasun-laguntzako «UPV/EHU Ikasle Asegurua» du kontratatuta, eta aseguru horrek UPV/EHUn matrikulatutako ikasle guztiak babesten ditu.

Nolanahi ere, aseguru osagarria eduki nahi duten ikasleek Unibertsitateak hitzartua duen «Cum Laude» istripu-poliza kolektiboa sinatu ahal izango dute.

4.– UPV/EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetako ikasleek istripu-poliza bat kontratatu beharko dute, gutxienez Cum Laude polizaren antzeko estaldura izango duena, praktikak erakundean egin behar badituzte.

Bederatzigarrena.– Diru-laguntza.

Ez ikasleek ez Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak ez dute dirurik jasoko praktikak egiteagatik.

Hamargarrena.– Ikaslearen datuak babestea.

Praktikak entitate laguntzailean egiten dituzten ikasleen datuak hitzarmen honen xedeak betetzeko soilik erabili behar dira.

Hamaikagarrena.– UPV/EHUren beste konpromiso batzuk.

1.– Aurretik adierazitakoari eragin gabe, UPV/EHUk konpromiso hauek hartzen ditu parte hartzen duten ikasleekiko:

a) Hitzarmen honen baldintzak jakinaraztea, ikasleari eragiten dioten alderdi guztietan.

b) Ikasleak bere gain hartzea hitzarmen honek eta aplikagarria den araudiak ezartzen dizkion betebeharrak.

c) Ikasleak berariaz onartzea bere datuak uztea, aurreko klausulan aurreikusitako xedeetarako.

2.– Aurrekoaren ondorioz, UPV/EHUk ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat emango dio entitate laguntzaileari.

Hamabigarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Jarraipen Batzorde bat eratuko da, tituluaren ardura duen Ikastegiko bi ordezkarik eta entitate laguntzailearen beste bi kidek osatuta. Haren egitekoa izango da praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor daitezkeen gorabeherei buruzko erabakiak hartzea.

2.– Batzordea eratzean, sinatzaileak batzordeburu izango dira txandaka, eta UPV/EHUri egokituko zaio hasierako txanda.

Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du sinatze-datatik aurrera, baina sinatzen duten bi aldeetatik edozeinek denuntziatu ahal izango du, martxoa aurretik, hemen hitzartutakoak hurrengo ikasturtean eraginik izan ez dezan. Halaber, indarraldia amaitu aurretik noiznahi, aldeek hitzarmena luzatzea erabaki dezakete, gehienez beste lau urtez.

2.– Hitzarmenaren denuntzia idatziz egingo da, eta ez die eragingo denuntzia egitean abian diren praktikei. Hori ez da eragozpen izango, ordea, seigarren klausulan, praktikak dagokiona baino lehen eteteari buruz ezarritakoa betetzeko.

Bederatzigarrena.– Suntsiarazteko arrazoiak.

1.– Hitzarmena azkendu egingo da hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Hitzarmena sinatu dutenek azkentzea adostea edo bi aldeetako batek denuntziatzea, hamahirugarren klausulan ezartzen den bezala.

b) Hitzarmen honen xede diren ikasketak kentzea.

Hamabosgarrena.– Hitzarmena interpretatzeko araubidea.

1.– Hitzarmen hau bere klausulen arabera arautuko da, eta administrazio-zuzenbidearen arabera interpretatu eta garatuko da.

2.– Aldeen artean sor daitezkeen eztabaidak, Jarraipen Batzordeak konpontzen ez baditu, administrazioarekiko auzien ordena jurisdikzionalean ebatziko dira.

Aurretik azaldutako guztiarekin ados daudelako, aldeek hezkuntza lankidetzako hitzarmen hau sinatu dute, bi aletan eta goian adierazitako egunean eta lekuan.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen Arloko Errektoreordea,

ARACELI GARÍN MARTÍN.

HITZARMENAREN I. ERANSKINA
PRESTAKUNTZA-PROIEKTUA
IKASTURTEA............./.......................
(Ikus .PDF)

Izen-abizenak

Tutore gisa

(Ikus .PDF)

Izen-abizenak

Instruktore denez eta Emakunde ordezkatuz

UPV/EHUren eta entitate horren arteko hezkuntza-lankidetzako hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera, honako informazio hau adierazten dute:

1.– UPV/EHUk eskaintzen duen irakaskuntza.............................................................

2.– Jarduerak egingo diren lekua................................................................

3.– Entitateko instruktorea...........................................................................

4.– Tutore akademikoa.............................................................................................

5.– Praktika-programaren arduradura .....................................

6.– Hezkuntza-helburuak:

(Ikus .PDF)

7.– Egin beharreko jarduerak edo zereginak:

(Ikus .PDF)

8.– Praktika-programaren iraupena:

Noiztik: _______________ Nora:___________________ (uu/hh/ee)

9.– Praktiken ordutegia:

Goizez ? edo/eta Arratsaldez ?

10.– Ordu-kopurua, guztira:___________________

11.– Hala badagokio, finantzazio-modalitatea:

a) Entitateak ikasleari eman beharreko diru-laguntza:______________€

b) Ordaintzeko modua: entitateak egoki deritzon bitartekoen bidez finkatutako zenbatekoa ordaindu beharko dio ikasleari zuzenean, eta Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatzeko eta kotizatzeko obligazioa bete beharko du.

1.– Ikasleen zerrenda (bat baino gehiago baldin badira; kasu horretan, bakoitzari egokitutako tutorea eta instruktorea adierazi beharko dira):

(Ikus .PDF)

Bi aletan sinatua, ______________(e)n,______aren ____(e)an.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea,

Tutorea (sinadura eta zigilua).

Entitatearen izenean,

Instruktorea (sinadura eta zigilua).

HITZARMENAREN II. ERANSKINA
PRAKTIKA EGINGO DUTEN IKASLEEK IZENPETU BEHARREKO AGIRIA

I. Datu orokorrak.

(Ikus .PDF)

..................................(e)n, ...............ko ....................ren ......... (e)an

.................................................................. jaunak/andreak (NAN zk.: ........................), UPV/EHUko ikaslea bera,

ADIERAZTEN DU

– Ezagutzen dituela kanpoko praktika akademikoak egiteko UPV/EHUren eta Datu Orokorren atalean aipatutako (entitate laguntzailearen/antolakuntza-unitatearen) arteko Hezkuntza Lankidetzako Hitzarmenaren baldintzak, eragiten dioten alderdi guztietan.

– Aipatutako hitzarmenak eta indarrean dagoen araudiak ezarritako betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen duela.

– UPV/EHUri eta (entitate laguntzaileari/antolakuntza-unitateari) baimena ematen diela bere datuak uzteko eta erabiltzeko, hitzarmenaren hamaikagarren klausulan ezarritakoaren arabera.

Eta bidezko ondorioetarako horrela jasota gera dadin, goian aipatutako lekuan eta egunean sinatzen du.

Ikaslea,


Azterketa dokumentala