Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2018ko irailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIA
4493

EBAZPENA, 2018ko irailaren 3koa, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariarena, lankidetza-erakundeei laguntzak emateko deialdia egiteko dena, 2018. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak sustatzeko.

Martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuak (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.) lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak arautzen ditu, erakundeotan genero-berdintasunaren aldeko erakunde-aldaketako prozesuak sustatzeko.

Dekretu horren 12. artikuluan xedatutakoarekin bat, bidezko da lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzetarako deialdia egitea, 2018. urterako genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak susta ditzaten.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Kontseilu Errektoreak, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 9ko 5/2008 Legearen 10.b) artikuluan ematen zaizkion eskumenez baliaturik, 2018ko otsailaren 14ko bileran, erabaki zuen zuzendariari proposatzea diru-laguntzerako deialdia abiaraztea, eta diru-laguntzak emateko oinarrizko irizpideak onartu zituen.

Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Ebazpen honen helburua da lankidetza-erakundeei laguntzak (martxoaren 27ko 40/2018 Dekretuan aurreikusitakoak) emateko deialdia egitea 2018rako, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak susta ditzaten.

2. artikulua.– Diru-zuzkidura.

1.– Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko orokorra 290.000 eurokoa da.

2.– Diruz lagundu daitezkeen faseetariko bakoitzerako jarritako diru-zuzkidura hau da:

a) Generoaren partaidetza-diagnostikoa egitea eta genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa prestatzea: 84.000 euro.

c) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena: 16.000 euro.

b) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoa ezartzea eta ondoren plana ebaluatzea: 176.000 euro.

d) Genero-berdintasunaren aldeko ekintza-plan estrategikoaren ezarpena ebaluatzea: 14.000 euro.

3. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua eta epea.

1.– Bitarteko elektronikoz aurkeztu beharko dira eskabideak, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan (Izapideak; Diru-laguntzak eta bekak atala), edo, bestela, http://www.elankidetza.euskadi.eus web-orrian (deialdiak atala).

2.– Hemen eskura daitezke eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta aurkeztu beharreko agiriak nola izapidetu behar diren jakiteko xehetasunak: https://euskadi.eus egoitza elektronikoan eta www.elankidetza.euskadi.eus webgunean, deialdien atalean.

3.– Inprimaki normalizatuan egingo da eskabidea, behar bezala beteta; egoitza elektronikoan eta aurreko zenbakian adierazitako web-orrian dago eskuragarri inprimaki hori.

4.– Eskabidea egin osteko izapideak helbide honetan egin beharko dira: http://www.euskadi.eus edo www.elankidetza.euskadi.eus

5.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

1.– Eskabideak erantzukizunpeko adierazpen bat hartuko du barnean, eta hor egiaztatuko ditu laguntza-eskatzaileak betebehar hauek:

a) Jakinaraztea helburu bererako bestelako laguntzarik, diru-laguntzarik edo sarrerarik eskatu eta, eskabidea izapidetu bitartean, ebazteko zain dagoen; eta erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako bestelako laguntzarik, diru-laguntzarik edo sarrerarik ez duela lortu jasotzen duena.

b) Erakunde eskatzailea ez egotea oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehapen-prozeduretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita.

c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko zehapen administratibo edo penalik, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen lege-debekurik ere, eta bereziki sexu-bereizkeria dela-eta jarritakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenak adierazten duenarekin bat etorriz.

d) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.

e) Egiazkoak izatea eskabidean eta harekin batera aurkeztutako agirietan agertzen diren datuak, eta betetzea diru-laguntza hauek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

f) Betetzea indarrean dagoen araudian laguntzen onuradun izateko ezarritako betekizunak; edukitzea horiek guztiak egiaztatzen dituzten agiriak, eta konpromisoa hartzea beroriek betetzen segituko duela diru-laguntza baliatzeari loturiko denboran zehar.

g) Jaso ez izana minimis araubideko laguntzarik azken hiru urte fiskaletan (aribideko urtetzat joko da uneko urte fiskala, eta aurreko urtetzat beste bi urte fiskalak), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren esparruan.

h) Ez izatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako debeku bat bera ere.

5. artikulua.– Hautaketa-batzordea.

Martxoaren 21eko 62/2017 Dekretuaren 9. artikuluan aipatutako hautaketa-batzordea, merezimenduak baloratuko dituena, hauek osatuko dute:

● Ainara Arrieta Archilla, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren Koordinazio Teknikoko arduraduna; batzordeburua izango da.

● Edurne Bengoechea Sorozabal, genero arloko programetako teknikaria.

● Ana Rojo González, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako aholkulari juridikoa; batzordeko idazkaria izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aipatutako diru-laguntzak honako xedapen hauen mende egongo dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa; 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta 40/2018 Dekretua, martxoaren 27koa, (2018ko apirilaren 9ko EHAA, 67. zk.), zeinaren bidez arautzen baitira lankidetza-erakundeei eman beharreko laguntzak, genero-berdintasunaren aldeko antolamendu-aldaketarako prozesuak susta ditzaten.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 3a.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,

PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.


Azterketa dokumentala