Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

176. zk., 2018ko irailaren 12a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILA
4491

EBAZPENA, 2018ko uztailaren 17koa, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariarena, zeinaren bidez diru-laguntzak ematen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketa-sistemak ezartzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berritzen laguntzeko (Eraikal 2017 programa).

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuaren 2017ko irailaren 7ko Aginduaren bidez, zenbait diru-laguntza emateko 2017. urterako deialdia egiten da, hain zuzen ere Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketa-sistemak ezartzeko, eraikuntza- eta arkitektura-kalitatea hobetzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berritzen laguntzeko (Eraikal 2017 programa).

Honako hau ezartzen du 2017ko irailaren 7ko Aginduak:

7. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

7.1.– Etxebizitza eta Arkitektura Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan jasotako diru-laguntzen kudeaketa-lanak egitea eta aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea.

8. artikulua.– Esleipen-prozedura.

1.– Aurkeztutako eskabideak, diruz laguntzeko lerro bakoitzean, dagokion prozeduran izapidetuko dira.

11. artikulua.– Balorazio-epaimahaia.

1.– Eskabideak balioesteko, balorazio-epaimahai bat osatuko da, honako kide hauekin: Eraikuntzaren Kalitate Kontrolerako Laborategiko zerbitzuburua eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko bi teknikari, Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariak izendatuak.

2.– Epaimahai horrek, 5. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta, diruz laguntzeko lerro bakoitzean aurkeztutako eskabideak baloratuko dituzte, 6. artikuluan haietako bakoitzerako zehaztutakoari jarraikiz, eta, hala, emango diren diru-laguntzen zerrenda izango duen ebazpen-proposamena formulatuko dute (onuraduna, diruz lagundutako jarduera eta zenbatekoa zehaztuta), baita ukatutakoena ere (eskatzailea eta ukatu izanaren arrazoia zehaztuta).

12. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.

1.– Balorazio-epaimahaiak proposatutako deialdiaren ebazpena Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendariari dagokio.

2.– Ebazpenak zehaztuko du eskatutako diru-laguntzak emango diren edo, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, erakunde edo pertsona onuradunen izena edo izen soziala, finantzatutako jarduera, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, hala badagokio, diru-laguntza horren urtekako banaketa adierazi beharko dira.

Horrez gain, nortasun juridikorik gabeko elkarte pribatuak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.

Balorazio-epaimahaiak aurkeztutako akta ikusita, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Eraikal 2017 programaren barruan (Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketa-sistemak ezartzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berritzen laguntzeko diru-laguntzak ematen dituen programa) eskatutako diru-laguntzak ukatzea I. eranskinean zerrendatzen diren erakundeei, eranskin horretan jasotzen diren arrazoiengatik.

Bigarrena.– II. eranskinean zerrendatzen diren erakundeak Eraikal 2017 programaren (Euskal Autonomia Erkidegoko bizitegi-eraikuntzaren sektoreko enpresetan kudeaketa-sistemak ezartzeko, jasangarritasuna indartzeko eta berritzen laguntzeko diru-laguntzak ematen dituen programa) onuraduntzat hartzea.

Hirugarrena.– Agindu honen 15. artikuluko a) apartatuan finkatutako epea igaro ondoren (hamabost egun) uko egin ez bada, aldez aurretik ordaintzeko agindua emango da; hain zuzen, egokitutako diru-laguntzaren ehuneko sei koma hogeita bosti (% 6,25) dagokion zenbatekoa.

Emandako diru-kopuruaren zati bat, ehuneko hamar (% 10) hain zuzen, gorde egingo da eta entitate onuradunak laguntzaren xede den jarduera benetan gauzatu dela eta jardueraren benetako kostua ziurtatzen duenean ordainduko zaio.

Gainerakoa, proposatutako lan-planetan aurkeztutako mugarrien arabera, txostenak aurkeztu eta aurretiko ordainketa justifikatu ondoren ordainduko da. Ordaintzeko aginduak emango dira, eta zenbatekoak kalkulatzeko justifikatutako gastuen kopuruari diruz lagundutako jarduerarako onartutako aurrekontuaren gainean, laguntza kalkulatzeko oinarri gisa hartu zena, emandako diru-laguntzaren portzentajea aplikatuko zaio.

Laugarrena.– Proiektu batek Eraikal programaren diru-laguntzez gain beste laguntza bat edo gehiago baditu, gastuen justifikazioan adierazi beharko du, zenbatekoa eta zer motatakoa den zehaztuta; eta, kasu horretan, 2017ko irailaren 7ko Aginduaren 15. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuko dira.

Bosgarrena.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko eta pribatuetatik beste diru-laguntza batzuk edo bestelako laguntzak jasotzen badira, edo, hala badagokio, helburu bererako beste diru-sarrera edo baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin ahal izango da; betiere, diru-laguntzen onuradun izateko 2017ko irailaren 7ko Aginduan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.

Diru-laguntzen erregimen honen onuradunek nahitaez eman beharko dute Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunen jardunean eskatzen dieten informazioa.

Seigarrena.– Ebazpen hau behin betikoa da, eta ez dio amaiera ematen administrazio-bideari; beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saileko Etxebizitzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 17a.

Etxebizitza eta Arkitekturako zuzendaria,

PABLO GARCÍA ASTRAIN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala