Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

175. zk., 2018ko irailaren 11, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
4481

EBAZPENA, 2018ko abuztuaren 29koa, HABEren zuzendari nagusiarena, udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, udal titularitateko euskaltegi publikoei, 2018-2019 ikasturteko diru-laguntzak emateko baldintzak ezartzen dituena.

Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen muga barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduen euskalduntzegintzan jardunez, HABEk jarritako helburuak lor daitezen, HABEren zuzendari nagusiak ikasturte akademiko bakoitzaren hasieran diru-laguntzen deialdia egingo duelarik.

Ildo horretatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, 2018-2020 epealdiko Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onartzen duen 2018ko urtarrilaren 31ko Aginduaren bitartez, Hizkuntza Politika alorrean 7. helburu orokor bezala helduen euskalduntzea bultzatzea aurreikusten du, «47130 udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei zuzendutako diru-laguntzak» kodea duen ekintza-atalean.

Bidezkoa da, beraz, 2018-2019 ikasturterako diru-laguntzen deialdia egitea eta finantzaketa-moduluak ezartzea, honen bidez udalen edo udal erakundeen menpeko euskaltegiei, hau da, udal euskaltegi deituei, dagozkienak finkatuz.

Horregatik, aipatu xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez, eta indarrean dauden Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bitartez onartutakoak, eta Diru-laguntzen Lege Orokorrak (azaroaren 17ko 38/2003 Legeak, aurrerantzean DLO) eta Lege hori garatzen duen Erregelamenduak (uztailaren 21eko 887/2003 Errege Dekretuak) ezartzen dutenaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta zuzkidura ekonomikoa.

1.– Ebazpen honen helburua da udal euskaltegiei 2018-2019 ikasturteko euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzen baldintzak arautzea.

2.– Laguntzarako eman daitezen kopuruak HABEk bere aurrekontuetan horretarako dituen funtsetatik emango dira, hau da, 12.065.000 euro, eta diru-kopuru hori izango da aurreikusitako laguntza guztien gehieneko muga jarriko duena.

3.– Diru-kopuru hori eskatutako finantzaketa behar guztiei erantzuteko aski ez balitz, diru-laguntzak hainbanatu egingo dira onuradunen artean, deialdi honetan ezartzen diren irizpideei jarraikiz jaso beharko lituzketen kopuruak kontuan izanda.

4.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, artikulu honen 2. atalean ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta HABEren aurrekontuetan beste diru-laguntzetarako aurrekontu-sailen izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskarien gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Ebazpen honen bidez deitutako diru-laguntzen onuradunak HABEren Erregistroan euskaltegi publiko gisa sailkatutakoak izan daitezke, betiere ondoren zehazten diren baldintzak eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotakoak betetzen badituzte.

2.– Honako hauek dira bete beharreko baldintzak:

2.1.– Baldintza orokorrak.

a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egotea, eta datu guztiak egunean edukitzea edo, dagokionean, Ebazpen honetako 3.4 artikuluan ezarritakoaren arabera eguneratzea.

b) DLOren 13. artikuluaren 2. atalean aurreikusitako egoeretan ez egotea. Eta batez ere, zerga guztiak ordainduta edukitzea eta egunean Gizarte Segurantzarekiko ordainketak.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela. Hala ere, eskaria egiten duenak baimena emango ez balu, berak aurkeztu beharko ditu baldintza horiei dagozkien egiaztagiriak.

c) Eskariarekin batera, Ebazpen honen 3. artikuluan eskatzen diren agiriak zuzen betetzea eta aurkeztea.

d) Giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatzea eta, ondorioz, diru-laguntza hauen onuradunek ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.

e) Ezin izango dute deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzarik lortu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigorrik duten erakundeek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezin izango dute diru-laguntzarik lortu sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

f) Betiere, onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea diru-laguntzen itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, eta dagokionean, ezinbestekoa izango da diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordainduta izatea Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekiko.

g) Diru-laguntza hauen onuradunek ikasle, irakasle nahiz beste langileen datu-pertsonalen eta ikas- eta irakas-prozesuen garapenetik eta kudeaketatik eratorritakoen datuen tratamendua Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduak xedatutakoa betez eta Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritakoaren arabera burutuko dute. Diru-laguntza hauen onuradunek aipatutako datuak interesdunaren baimenarekin berariazko fitxategietan jasoko direla eta, datu horien gainean dituzten helburuez gain, HABEri emango dizkiotela jakinaraziko diote interesdun bakoitzari, erakunde honek, azaroaren 25eko 29/1983 Legeak atxikitzen dizkion eginkizunak bete ditzan, datu horien tratamenduarekin ondoko helburuak eta erabilerak izango dituelarik:

– Ikas- eta irakas-prozesuen kudeaketa.

– HABEk euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen finantzaziorako bideratzen dituen diru-laguntzen kudeaketa.

– HEOCaren gaitasun-mailen egiaztapena.

– HABEk euskaltegietako eta autoikaskuntzarako zentro homologatuetako ikasleentzat bideratzen dituen diru-laguntzen kudeaketa.

Aipatutako datu-prozesamenduaren helburuetako bat ikas- eta irakas-prozesuen kudeaketa izanik, mugagabeko tratamendu-epea izango dutela jakinaraziko da eta ikasleek, irakasleek eta beste langileek onarpena eman beharko diete euskaltegiei edo autoikaskuntzarako zentroei eta HABEri, nork bere oldez egina, era zehatzaz, aldez aurretik jakinaren gainean egonda eta zalantzarik gabea. Onarpenarekin batera, ikasleek, irakasleek eta beste langileek, aipatutako datu pertsonalak eta ikas-prozesuaren garapenetik eta kudeaketatik eratorritakoak foru aldundiei, udalei eta beste herri administrazioei lagatzeko baimena emango diote HABEri, erakunde honek dagozkion helburuak bete ditzan.

2.2.– Baldintza akademikoak.

a) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) unez une aplikatzea.

b) Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroetako ikasleek Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskura ditzaten, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak ezartzen dituen prozedurak eta aipatu Agindu honen 4.4 eta 5.2 artikuluetan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak unez une aplikatzea.

c) Material didaktikoari dagokionez, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoa betetzea.

d) Irakaskuntzan erabiliko dituzten lokalek bete beharko dituzte aipatu 179/2003 Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako baldintzak.

e) Helduentzako euskalduntze-ikastaroak ematen dituzten irakasleek 179/2003 Dekretuak, 14. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Halaber, diruz lagundutako C2 mailako ikastaroetako irakasleek C2 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute; eta maila horretako ikasleek C1 mailako euskara-agiria edo baliokidea izan beharko dute.

f) Ikasleei matrikula-saria kobratu beharko diete. Ikasleek kopuru horren herena, gutxienez, ikastaroa hasi baino lehen edo beranduenik hasi eta lehenengo hamar eskola-egunetan ordainduta eduki beharko dute. Honetatik at geratzen dira matrikula erakunde batek ordaintzen dien ikasleak.

g) Jasota eta egunean edukiko dituzte matrikulen banku-agiriak, ikasleek matrikulak garaiz ordaindu dituztela frogatzeko. Ordainketak beti banku bidez egin beharko ditu ikasleak, ordainketa nori dagokion ere nabarmen azalduz. Horrela, matrikulen bidezko sarrera guztien mugimenduak ikusi ahal izango dira era errazean, eta ikasleek, eurei zuzendutako diru-laguntza deialdian, ez dute gai honi buruzko agiririk aurkeztu beharko eskaria egitean.

h) Helduen euskalduntzean egiten duten jardun osoaren berri eman beharko diote HABEri.

i) Diruz lagungarria den jardueraren aldetik, Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen diren irizpideak bete beharko dituzte.

j) Aurrez aurreko eta jardun biko ikastereduetan, euskaltegiek ikastaro bakoitzaren hasieran gutxieneko ikasle-kopuru hauek bete beharko dituzte diru-laguntzetan onartuak izateko, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera:

(Ikus .PDF)

Barnetegi erako ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.

k) HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasieran ebazpenez emango dituen jarraibideak bete beharko dituzte, jakinaraziko diren euskarriak erabiliz eta bertan adieraziko diren epeetan. Halaber, diruz lagungarria den jardueraren berri emateko, udal euskaltegiek HABEra luzatuko dituzten agirien bitartez, hauen berri eman beharko dute:

– Euskaltegiaren oinarrizko informazioa, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.

– Euskaltegiaren barruko karguak, aurreko ikasturteko informazioarekiko aldaketarik eman bada.

– Ikasturtean aritzen diren irakasle eta beste langile guztiak, hauen jarduera eta titulazioarekin batera.

– Ikasle guztiak, eta hauetako bakoitzaren oinarrizko datuak eta ezaugarriak. Halaber, ikasle bakoitzaren matrikula-ordainketak, ikasten emandako denbora eta aprobetxamenduaren berri. Barnetegien kasuan, ikaslea zein pentsio-motatan dagoen ere adieraziko da.

– Ikastalde bakoitzaren berri, bere ezaugarriak adieraziz (maila, ordutegia, egutegia, eta abar).

Ikasleei, irakasleei edo beste langileei dagokienean, jasotzen diren datu pertsonalen tratamendua bat etorriko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 Erregelamenduak xedatutakoarekin eta, zehazki, Norberaren Datuen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak ezarritako araudiarekin.

3. artikulua.– Eskarien aurkezpena, epeak eta aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.– Ebazpen honen bidez deitutako diru-laguntzen onuradunek diru-laguntza eskariak eta ondoko izapideak bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko dituzte, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan https://euskadi.eus/dirulaguntza/20182019/ue/y22-izapide/eu/ helbidean eskuragarri egongo den formularioaren bitartez.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko da. Eskariaren formularioan udal euskaltegiak 2018-2019 ikasturtean emango dituen aurrez aurreko talde-orduen eta autoikaskuntzarako matrikulen aurreikuspena zehaztuko du, Ebazpen honen 6. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera osatutakoa. Beraz, urrian hasitako ikastaldeen orduen zein autoikaskuntzako matrikulen eta aurreko ikasturtean azarotik aurrera bi atal horietan onartutakoen batuketekin bat etorri beharko dute eskariko talde-orduen eta autoikaskuntzako matrikulen kopuruek, Ebazpen honen 6. artikuluan irakasleen beharrak erabakitzeko ezartzen diren irizpideak kontuan hartuta.

2.– Diru-laguntza aitortu ondoren, gainerako eginkizunak eta izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

3.– Eskariak eta dagokion dokumentazioa aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta 2018ko azaroaren 7ra bitartekoa izango da.

4.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

a) Pertsonalaren Fitxa: udal euskaltegiko langileria osoaren informazio zehatza, lanpostuen izaera, egoera, langileen zerrenda, behin betiko karrerako funtzionarioei edo lan-itunpeko behin betiko langileei aitortzen zaizkien antzinatasun-data eta hirurtekoen kopuruak bereziki zehaztuz.

b) Matrikula-baremoak: ikastaro modulu bakoitzean ikasleek ordaindu beharreko matrikula-sariaren orduko kostua. Ikasturtean zehar udal euskaltegiak matrikula-kostuak aldatuko balitu, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan eskuragarri izango duen «Matrikula-baremoak azarotik aurrera» izeneko formularioa erabiliz eguneratuko ditu.

c) 2018-2019 ikasturterako Plana.

d) Udal euskaltegiak HABEren euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan datu guztiak eguneratuak ez balitu, eskariarekin bat falta diren datuak ekarri beharko ditu.

e) Erantzukizunpeko adierazpenak. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

e.1.– Udal euskaltegia ez egotea azaroaren 17ko DLOren 13.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan, ez izatea zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez egotea laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta, ezta sexua dela-eta eragindako bereizkeriengatik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.

e.2.– Udal euskaltegiak administrazio publikoen edo erakunde pribatuen eskutik eskatu edo jaso ditzakeen laguntzei buruzko bateragarritasun-adierazpenak.

e.3.– Udal euskaltegia diru-laguntzen itzulketagatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari diren prozeduretan parte ez izatea, eta horrelakoren batean parte hartu izan badu, prozedura horiek amaituta egotea, eta horrela egokitu denetan, ondoriozko obligazioak ordainduta egotea.

e.4.– Udal euskaltegiak datu pertsonalak eta ikas- nahiz irakas-prozesuaren garapenetik eta kudeaketatik eratorritakoak jasotzeko eta HABEri emateko ikasleen, irakasleen eta beste langileen baimena jasota izatea.

4. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.

Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat balego, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, dagokion Ebazpenaren bitartez, Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 68. artikuluan jasotako baldintzetan.

5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.

HABEren zuzendaritza nagusiari dagokio, Kudeaketa Zerbitzuko Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren kopuruak mugatzeko irizpidea.

HABEk onuradun bakoitzari eman beharreko diru-laguntza pertsonal-beharren eta pertsonal horri aplikatu beharreko soldata- eta antzinatasun-baremoen arabera kalkulatuko da, ondoren zehazten diren irizpideei jarraikiz:

1.– Deialdi honen I. eranskinak ezarritakoaren arabera antolatutako ikastaroei aurre egiteko behar eta eskolak ematen dituzten irakasleak babestuko dizkio HABEk 2018-2019 ikasturtean udal euskaltegi bakoitzari, dagokion zuzendari, idazkari didaktiko eta bulegoko pertsonalaz gain.

Irakasle-beharrak euskaltegiak egindako proiekzioaren arabera kalkulatuko dira, kontuan izanik diru-laguntzaren ondorioetarako onartuko den gehieneko proiekzioa urrian hasitako ikastaldeen orduei eta autoikaskuntzako matrikulei gehi aurreko ikasturtean azarotik aurrera onartutako ikastaldeen orduei eta autoikaskuntzako matrikulei dagokiena izango dela, 2010erako Euskal Toki Erakundeetako langileen lan-baldintzak arautzen dituen Udalhitz izeneko Hitzarmenak aitortutako eskola-orduen kopuruan oinarrituz.

Hala ere, Ebazpen honen 1. artikuluko zuzkidura ekonomikoa nahikoa izan ez eta artikulu berean aurreikusitako hainbanaketa egin beharra balego, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren neurriaren arabera, ondoren zehazten diren gutxieneko batez besteko ikasle-kopuru hauek ikasturtearen hasieran, urriaren azken lan-egunean, betetzen ez dituzten euskaltegiei doitu egingo zaie ordu onargarrien kopurua hainbanaketa egin aurretik, euskaltegian lortutako batez bestekoak euskaltegiari aplikatu behar zaion batez bestekoa betetzen duen proportzio berean:

(Ikus .PDF)

Autoikaskuntzako matrikulen kasuan ere, 2018-2019 ikasturtean hasitako matrikulen ordu teorikoak 2017-2018 ikasturtean ordu teorikoetatik errealetara eman zen aldearen proportzio berean doituko dira (deialdi honen I. eranskinaren 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera), baldin eta 2017-2018 ikasturteko ordu teorikoak baino gehiago badira; gutxiago balira, aldiz, gehienez ere, 2017-2018 ikasturteko ordu errealak izango dira.

Irakasle-beharraren gutxieneko unitatea irakasle erdia izango da, horretatik hurbilenekora biribilduz.

2.– Diruz lagunduko diren langileen kostuak kalkulatzeko ondoko baremoak erabiliko dira:

(Ikus .PDF)

Diru-laguntzen esleipenean, soldataz gain, antzinatasunaren hirurtekoengatiko kopurua ere aintzat hartuko da behin betiko karrerako funtzionarioen eta lan-itunpeko behin betiko langileen kasuan.

7. artikulua.– Diru-laguntzen ebazpena.

1.– HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez erabakiko da onuradun bakoitzari Ebazpen honen 6. artikuluan ezarritako irizpideen arabera onartzen zaion pertsonala eta, ondorioz, bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta Ebazpen honen 12. artikuluak dioenaren arabera.

2.– Ebazpena 2018ko abenduaren 20a baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinaraziko ez balu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.

3.– Izapidetze elektronikoa izanik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da udal euskaltegiak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

4.– Interesdun bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.

8. artikulua.– Beste diru-laguntzen bateragarritasuna.

1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gainfinantzaketa gertatzen ez bada.

2.– Gainfinantzaketa gertatuko balitz, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.

3.– Gainfinantzaketa hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatuko balitz, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.

9. artikulua.– Diru-laguntzen jarraipena eta ikuskapenak.

HABEren Ikuskatzailetza ataleko langile baimenduek noiznahi ikuska ditzakete udal euskaltegiak berauek emandako datuak egiaztatzeko, eta bertako arduradunari eska diezazkiokete eskolak emateko erabiltzen dituen lokalei buruzko berriak, eta bai ikasle, ikastalde, irakasle, beste langile eta erabiltzen duten material didaktikoari buruzkoak ere.

HABEren Ikuskatzailetzak aldian-aldian egiten dituen ikuskapenetan jasotako informazioa udal euskaltegiak HABEri ematen dion informazioarekin bat ez badator, edo Ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, HABEren zuzendari nagusiari helaraziko dio horren berri, besterik ezean, diru-laguntzetan dagozkion ondorioak har ditzan.

Ikuskapenean bertan jasotako informazioa, edo ikuskatzaileak gehienez ere hamabost eguneko epean euskaltegiak emateko eskatutakoa, ikuskapen-aktan jaso beharko du ikuskatzaileak, euskaltegiaren arduradunak eta ikuskatzaileak berak sinatuta.

Ikuskapen baten ondorioz ez-betetze bat atzemango balitz, HABEren zuzendari nagusiak behin betiko erabakia hartu baino lehen, udal euskaltegiaren arduradunari ikuskatutako egoera jakinarazi beharko dio, honek hamabost eguneko epean dagozkion alegazioak egin ahal izateko.

10. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:

a) Diru-laguntzaren ebazpena ematean, 2018ko abendua amaitu baino lehen, esleitutako diru-laguntza osoaren % 8 ordainduko da eta 2019ko otsailean % 40 ordainduko da.

b) 2019ko apiriletik aurrera, udal euskaltegiek 2018ko urri-abendua epeko gastuen zuri-agiriak bidali eta HABEk aztertu eta onartu ondoren, diru-laguntzaren Ebazpenean esleitutako laguntzaren % 42 ordainduko da.

c) Ikasturtearen dokumentazio frogagarriak jaso eta gero, dagozkion egiaztapenak egin eta diru-laguntzaren kitapena burutu ondoren, geratzen den kopurua ordainduko da, kasu bakoitzean dagokiona kitatuko delarik.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

11. artikulua.– Zuriketa.

1.– Udal euskaltegiek jasotako diru-laguntzen zuriketa, beren langileen soldata gastu gordinei dagozkien agirien bitartez egingo da, DLOren 30. eta 31. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Halaber, lehen zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2018. urtean izan dituen benetako sarrerak eta gastuak atalez atal zehaztuta eta izapidetze elektronikoan dagoen «Sarrerak-Irteerak» izeneko formularioari jarraikiz aurkeztuko dira.

Azken zuriketarekin batera, udal euskaltegiak 2018-2019 ikasturteko Memoria aurkeztuko du.

Gastuak ez zuritzeak diru-laguntza osorik bertan behera uztea ekarriko du eta, horrez gainera, kasu honetan, ordaindutako kopuruak itzuli beharko dira abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

2.– Aipatutako egiaztagiriak HABEri aurkezteko epeak:

a) 2019ko otsailaren 15a, 2018ko urritik abendura bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2018. urteko behin betiko aurrekontu zehatzari buruzko egiaztagiria aurkezteko.

b) 2019ko urriaren 11, 2019ko urtarril-iraila bitarteko gastuen zuri-agiriak eta 2018-2019 ikasturteko Memoria aurkezteko.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.

Ikasturtea bukatu ondoren, diru-laguntzaren kitapena egingo da, ondoren zehazten diren irizpideen arabera:

1.– Ikasturteko behin betiko datu errealak eta pertsonal gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu dela ikusten bada, edota ez dela zuritzen erabakitako diru-kopurua, diru-laguntzak emateko erabakia aldatu ahal izango da. Zentzu horretan, HABEren zuzendari nagusiak kitapen-ebazpena egingo du, datu errealen eta Ebazpen honetako 6. artikuluan finkatutako irizpideen arabera emandako laguntza-kopuruak doituz. Honetarako, matrikulazioaren jarraipenerako aplikazio informatikoa baliatuz udal euskaltegiak HABEra dagozkion epeetan bidaltzen dituen datuak izango dira 2018-2019 ikasturteko jardueraren oinarri. Aipatutako doikuntza, besteak beste, ondoren zehaztutako jokabideak aplikatuz egingo da:

1.1.– Emandako talde-orduak diru-laguntza aitortzerakoan kontuan hartutakoak baino gutxiago izan badira, esleitutako diru-laguntza proportzio berean doituko da.

1.2.– Diru-laguntzaren ebazpenean esleitutako talde-ratioak behera egin badu ikasturtean zeharreko batez bestekoan, azken hau hartuko da aintzat, taldeak berregitearen ondorioz jaitsi bada ratioa.

1.3.– Aitortutako diru-laguntzaren diru-kopuruak ezingo du gainditu jarduerak sortu dituen kostu errealen diru-kopurua; hala gertatuz gero, diru-laguntzaren diru-kopurua kostu errealen kopurura doituko da.

2.– Dokumentazio frogagarria diru-laguntzaren kontura aurreratutako kopurua estaltzeko adina ez bada, onuradunak behar ez bezala jasotako diru-kopurua itzuli egin beharko du, HABEk eginiko jakinarazpenetik hasita hilabeteko epean, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezarritako prozedurari jarraikiz. Ordainketa edo itzulketa hori emandako diru-laguntzaren behin betiko kitapena izango da.

3.– Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta, edozein kasutan, horrekin batera beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, betiere diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak betetzen badira.

13. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Ebazpen honetan araututako diru-laguntzen onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluan eta DLOren 14. artikuluan araututako betebeharreko hauek izango dituzte:

1.– Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

2.– Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.

3.– Ebazpen honek eta bere I. eranskinak araututakoak eta ezarritakoak, uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen dituenak; Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren bidez ezarritako Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren arabera aritzea diruz lagundutako jardueretan, baita Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko azaroaren 23ko Aginduak ezartzen dituen HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean ezarritako gaitasun-mailen ziurtagiriak eskuratzeko prozedurak eta aipatu Agindu honen 4.4 eta 5.2 artikuluetan oinarrituta ikasturtearen hasieran HABEren zuzendari nagusiak emango dituen jarraibideak ere.

4.– Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenaren arabera, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituzten bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaketen informazio oro ematea. Halaber, xedapen horretan ezarritakoaren arabera eta DLOren arabera, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk, helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.

5.– Onuradunek publizitate egokia eman beharko diote aitortutako diru-laguntzaren izaera publikoari, DLOren 18.4 artikuluan araututakoari jarraikiz.

14. artikulua.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.

Edozein kasutan, deialdi honetako onuraduna lotuta dago azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean eta DLOren 13. artikuluan jasotako oinarrizko xedapenetan zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.

Ez-betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen dira HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenean, HABEk deialdiz eskainitako diru-laguntzak eskuratzeko euskaltegi publiko zein pribatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak ezartzen dituenean, euskaltegi publikoei zuzendutako xedapenak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honetan aurreikusi gabe geratu diren gaietan, azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintzako Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak eta DLOn jasotako oinarrizko xedapenek ezarritakoa erabiliko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honen aurka, administrazio bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita izango ditu ondorioak.

Donostia, 2018ko abuztuaren 29a.

HABEko zuzendaria,

JOKIN AZKUE ARRASTOA.

I. ERANSKINA
IKASTURTEA ETA IKASTARO-MODULUAK

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma ezartzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduaren arabera, honako hauek dira, HABEren diru-laguntzen deialdian partaide izateko, euskaltegi eta euskararen autoikaskuntzarako zentro guztiek 2018-2019 ikasturtean euskara-ikastaroak antolatzeko jarraitu beharreko irizpideak:

1.– Ikasturtea:

Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentroen ikasturtea, 2018ko urriaren 1ean hasi eta 2019ko irailaren 30ean amaituko da. Betiere, helduen euskalduntzearen antolaketaren baitan, irizpide hauen ardatzetan:

– Irailean zehar hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, hurrengo ikasturtekotzat hartuko dira eta, diru-laguntzetan onartuak izateko, ikastaro hauetako talde guztiek diru-laguntzen deialdi honen 2. artikuluko 2.2.j) puntuan taldeak antolatzeko ezarritako gutxieneko ikasle-kopurua izan beharko dute, ikastaroaren hasiera egunean bertan, lehenengo eskola-eguna barne.

– Iraila baino lehen hasi eta urritik aurrera luzatzen diren ikastaroak, bi ikasturtetan zatituko dira, irailaren 30era bitartekoa batean eta urriaren 1etik aurrerakoa beste ikasturtera bilduz.

Matrikulazioaren jarraipenari dagokionez, HABEren zuzendari nagusiak ikasturtearen hasierako ebazpenaren bitartez jakinaraziko ditu urrian hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko azken eguna, baita azarotik aurrera hasten diren ikastaroen datuak aurkezteko epeak ere.

2.– Aurrez aurreko ikastereduan:

Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumean maila bakoitzerako ezarritako erreferentziazko irakastorduen kopuruak kontuan hartuta, euskaltegiek antolatuko dituzten ikastaroek ondoren zehazten diren gutxienekoak bete beharko dituzte:

2.1.– Urritik ekainera bitarteko ikastaroak:

a) Barnetegi iraunkorretako barnetegi ikastaroak: egunean 6 irakastordu eta gutxienez 80 irakastordu osatzen dituzten ikastaroak.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako kanpo ikastaroak: A1 mailan gutxienez 125 irakastordu jarraian eta A2, B1, B2, C1 eta C2 mailetan gutxienez 165 irakastordu jarraian osatzen dituzten ikastaroak.

2.2.– Udako ikastaroak, ekainetik irailera bitartekoak:

a) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako kanpo ikastaroak: gutxienez 80 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe.

b) Euskaltegietako eta barnetegi iraunkorretako udako barnetegi ikastaroak: 2, 3 edo 4 astekoak eta egunean, gehienez, 8 irakastordu.

c) Baldintza hauetatik kanpo ondoko udako ikastaro bereziak antolatu ahal izango dira udan ekainetik irailera bitartean B2, C1 eta C2 mailetan, zenbait kolektibo edo helburu zehatzetarako direnean eta aldez aurretik HABEren zuzendari nagusiaren onarpena behar ez dutenak:

c.1.– Udako aurrez aurreko ikastaro trinkoak: gutxienez 30 irakastordu, era jarraituan eta zatikatu gabe. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

c.2.– Udako barnetegi ikastaroak: aste beteko udako barnetegiak eta egunean gutxienez 8 irakastordu. Ikastaro hauetako ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, lortu nahi den mailaren aurreko azpimaila izango da.

c.1) eta c.2) azpiatal hauetako udako ikastaro bereziek, HABEren diru-laguntzapean onartuak izateko, maila burutzeko eta trebetasun zehatzak lantzeko helburua izan behar dute eta ikasleek ondoko baldintzak bete behar dituzte:

– Ikasturtean zehar euskaltegiren batean ikasitako ikasleak izan.

– Euskara-mailen agiriak eskuratzeko ikasturteko lehen azterketa-deialdian aurkezteko aukerarik izan ez duten edo egiaztatze-probak gainditu ez dituzten ikasleak izan.

2.3.– Maila burutzeko ikastaroak:

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2015eko uztailaren 22ko Aginduak ezartzen duen Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren A1, A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburu zuzena duten ikastaroak:

a) A1 maila burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua A1A0 salbuespenik gabe.

b) A2, B1, B2, C1 eta C2 mailak burutzeko helburua duten ikastaroak: gutxienez 120 irakastordu era jarraituan eta zatikatu gabe; ikasle guztien abiapuntua, salbuespenik gabe, burutu nahi den mailaren aurreko azpimaila.

Aurreko puntuetan zehaztutako aurrez aurreko ikastaro-moduluetako orduen kontaketa emandako irakastorduena izango da, hauen arteko atsedenaldiak kanpoan utzita.

3.– Tutorizatutako autoikaskuntza ikastereduan:

HABErentzat onargarria izan dadin, tutorizatutako autoikaskuntza bidezko ikaskuntzak honako baldintzak bete behar ditu:

3.1.– Ikastaro-moduluei dagokienez:

3.1.1.– Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek antolatu ditzaketenak:

a) 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 9 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

b) 100 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 4 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

c) 70 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, ekainetik irailera bitarteko udako autoikaskuntza-ikastaroetan, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

3.1.2.– Ikastaro-modulu horiez gain, autoikaskuntzarako zentroek honakoak ere antolatu ahal izango dituzte HABEren diru-laguntzen barruan:

a) Ikasturtearen barruan: 190 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, 12 hilabetez bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

b) Bi ikasturteetan luzatzen diren ikastaroak:

b.1.– Enpresetako ikasleentzat, 100 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, urtarriletik irailera bitartean, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

b.2.– Enpresetako ikasleentzat, 30 eskola-ordu matrikula bakoitzeko, urritik abendura bitartean, bakarlanean, mintza- eta tutoretza-saioetan banatuta.

Tutorizatutako autoikaskuntza eskaintzen duten euskaltegiek ere 3.1.2 azpiatal honetako ikastaro moduluak antolatu ahal izango dituzte, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, LanHitz edo enpresen plangintza batean sortuak eta txertatuak badaude, eta diru-laguntzen barruan onartuak izateko, ikastaroak hasi baino lehen eskaera arrazoitua aurkeztu beharko diote HABEren zuzendari nagusiari. Eskaerarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du honelako ikastarorik diruz lagundua izan nahi duen euskaltegiak.

3.2.– Bestelako baldintzak:

Ikasleak bakarlanean emandako ordutzat astean 10 ordu arteko jarduna onartuko da diru-laguntzetarako. Beraz, ikastaroaren gehienezko orduak eman eta hartutako mintza-saio eta tutoretzakoak gehi ikasleak bakarlanean emandako orduen batura izango da.

Gainera, ikasle bakoitzaren jardueragatik diruz lagunduko diren 6 ordutatik batek, gutxienez, hartutako mintza ordukoa izan beharko du. Salbuespen gisara, A1 eta A2 mailetara bitarteko jardueran diruz lagunduko diren 10 ordutatik batek, gutxienez, izan beharko du mintzakoa.

Tutoretza-saioetan, bakarlanean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

Euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuen kasuan, diru-laguntzetarako ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.

Euskaltegi publikoen kasuan, berriz, irakasle batek une berean hasieratik amaierara auto-ikaskuntzako 42 ikasleren tutoretza (astean ordubeteko mintza-saioak eta dagozkion tutoretza-saioak) oinarritzat hartuko da, horren arabera neurtuz bakoitzaren dedikazioa. Era berean, ikasle/orduak kontabilizatzerakoan, bakarkako jardun, mintza- eta tutoretza-saioei dagokienez, eman eta gauzatu ez den ordua ez zaio ikasleari emandakotzat jarriko datutegian.

IKTen bidezko ikaskuntza-prozesuak bere osotasuna gorde dezan, trebetasunen arteko oreka gorde beharko da, 179/2003 Dekretuak bere 6. artikuluan esaten denari jarraituz, non gutxieneko bezala eskatzen baita «erabilitako sistemak aurrerapen egokia eta orekatua bermatzea trebetasun guztietan eta bakoitzean, mintzamena barne».

4.– Jardun biko ikastereduan:

HABEren diru-laguntzen barruan onartuak izan daitezen, ikastaro hauek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena izan behar dute aurrez aurreko jardunean, bakarkako jardun tutorizatuan eta tutoretza-saioetan banatuta:

a) Aurrez aurreko jardunean, gutxienez, 40 eta gehienez 120 irakastordu.

b) Bakarkako jardun tutorizatuan, gutxienez, aurrez aurreko jardunaren irakastorduen kopurua. Atal hau ez da diruz lagunduko.

c) Tutoretza-saioetan, aurrez aurreko jardunean emandako 10 orduko, gehienez ere, 30 minutu lagunduko dira diruz.

5.– Helburu zehatzetarako ikastaro bereziak:

5.1.– AISA, Dendaketan eta Ostalaritza ikastaroak: 60 irakastordu. Euskaltegiak ikastaro berezi hauek hasi baino lehen bideratu beharko du eskaria, eta bukaeran ebaluazio-fitxa osatua helaraziko du HABEra. Euskaltegi pribatu homologatuen kasuan, onartutako taldearen eskola-ordua, oinarrizko moduluaren bitartez babestuko da, euskaltegiaren ratioan eraginik izan gabe.

5.2.– Herri-administrazioek, erakunde pribatuek eta gizarte-eragileek, euskararen sustapena eta erabileraren normalizazioa helburu izanik, ESEP, LanHitz edo gutxienez udal-mailako zein erakunde pribatuen nahiz gizarte-eragileen plangintza batean sortuak eta txertatuak dauzkaten ikastaroak: gutxienez 60 irakastordu.

Kasu bakoitzean, eskariarekin batera dagokion erakundeak egin edo onetsitako txostena aurkeztu beharko du euskaltegiak. Eskarian ikastaro bereziaren bitartez lau hizkuntza-trebetasunetan lortu nahi diren helburuak zehaztuko dira. Honelako ikastaroen eskariek hamar eguneko epean ezezko erantzuna jasotzen ez badute, onartuak izan direla ulertuko da.

5.3.– Barnetegi iraunkorretan trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko barnetegi ikastaro bereziak: egunean 6 edo 7 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

5.4.– Euskaltegietan aurrez aurreko jardunean trebetasun zehatzak lantzeko Gabonetako eta Aste Santuko ikastaro bereziak: egunean 5 irakastordu, eta gutxienez, 30 irakastordu.

6.– Malgutasuna:

Aurreko artikuluetan aurreikusitako ikastaroez gain, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako irizpideen arabera helduen euskalduntzearen esparruan beste ikastarorik emateko asmorik badu, eskabide arrazoitua aurkez lezake HABEren zuzendari nagusiaren aurrean ikastaroa hasi baino hamabost egun lehenago. Zuzendaritza honek helduen euskalduntzearen sustapenari begira eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak jarritako lehentasunak kontuan hartuz ebatziko du eskariaren gainean. Erabakia ezezkoa balitz, HABEren finantzaketatik at gelditzen dela ulertuko da.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala