Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoa

Euskadi.eus

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

174. zk., 2018ko irailaren 10a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA SAILA
4464

AGINDUA, 2018ko ekainaren 12koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteentzako eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteentzako laguntzak emateko, Haur Hezkuntzako lehenengo ziklokoak izan ezik (L1.Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza).

EAEko hezkuntza-sistemarentzat ezinbestekoa da bertan sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta haien guztien laguntza, ezarrita dituen helburuak lortuko baditu. Zehazki, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren 29. artikuluak dio gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dutela haurren eta nerabeen eskolako hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko.

Heziketa integrala lortzeko, irakaskuntza arautuak behar-beharrezkoa du jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko ekintzak gauzatzea. Eta hori parte-hartzearekin bakarrik lortzen da, hala Helduen Hezkuntzako ikasleenarekin nola adin txikiko ikasleen gurasoenarekin, indarrean dagoen legediak ezarritakoaren arabera eratutako elkarteen bitartez.

Halaber, aipatutako dekretuaren 29.5 artikuluak hau ezartzen du: familiek parte har dezaten eta elkarlana egon dadin ikastetxeen eta familien artean, ikastetxeek eta guraso-elkarteek prestakuntza-jarduerak antolatu ahal izango dituzte gurasoentzat eta legezko tutoreentzat, betiere inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegitik.

Parte-hartze horrek, ordea, gastu handiak eragiten dizkiete legeak ezarritakoaren arabera eratutako erakunde guztiei, eta, beraz, sistemak berak lagundu egin behar die partaidetza hori gauza dadin.

Beraz, agindu honen bidez laguntzak emateko deialdia egiten da Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteak eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen guraso-elkarteak egon daitezen sustatzeko, bai eta elkarte horiek antolatzen dituzten jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak partez ordaintzeko ere.

Laguntza horietarako dauden baliabideak mugatuak direnez, guztira eman daitezkeen laguntzen zenbatekoa elkartea dagoen ikastetxeak duen bekadun-kopuruaren araberakoa izango da, eta kontuan hartuko da, baita ere, zentro hori sare publikoan edo itunduan dagoen; bi faktore horiek kolektibo babestuaren egoera sozio-ekonomikoaren adierazle argiak dira.

Hori dela-eta, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan jasotako xedapenetan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia betez –zeinaren bidez onesten baita Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz,

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, laguntzak emateko deialdia egiten da 3. artikuluan aipatzen diren jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko. Ekintza horiek 4. artikuluan aipatzen diren erakunde onuradunek 2018ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 14ra egiteko dira.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Helburu horretarako, zazpiehun eta laurogei mila (780.000) euroko kreditua esleitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2018. urterako.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Hezkuntza Sailak, deialdi honen bidez, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planeko ildo estrategikoari lotutako prestakuntza bultzatzen du, eta, batez ere, irakurzaletasuna bultzatzeari lotutako prestakuntza eta euskararen erabilerarekin lotutakoa.

1.– Agindu honetako laguntzak helburu hauek betetzeko dira:

a) Prestakuntza-jardueren gastuetarako, baldin eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jarduerak badira, eta gastu horiek ikastaroak eta mintegiak antolatu eta ematearen ondorioz sortutakoak badira. Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.

b) Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteek eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteek funtzionatzeko beharrezkoak diren ekintzetarako eta azpiegitura-gastuetarako (langileen nominak, hornidurak, alokairuak). Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.

c) Eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien gastuetarako –a) atalekoak ez direnak–; jarduera horiek unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduta badaude. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

2.– Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuek eskatutako kopuruaren % 50aren bestekoak edo hortik gorakoak izan beharko dute. Azken justifikazioan, ikasleen eta/edo gurasoen prestakuntza-jardueren justifikatutako gastuak guztira justifikatutako gastuaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta betekizunak.

1.– Erakunde hauek deialdi honetan parte hartu eta diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko Helduen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako ikasleen elkarteak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteak, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikasleenak soilik direnak izan ezik.

Elkarte horiek federazioren batean badaude, federazio horrek elkarteen ordezkari gisa jardun dezake, baldin eta izapidetze elektronikorako sarrera izateko bi aldeek sinatutako ordezkaritza eman bazaio federazioari (V. eranskina) «Ordezkaritza ematea».

2.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretako batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.

3.– Erakunde horiek legez eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistroan izena eta alta emanda egon beharko dute, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

4.– Era berean, ez dute izan beharko diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dien zigor administratibo edo penalik, ezta diru-laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuaren bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenarekin bat.

5.– Deialditik kanpo geratzen dira derrigorrezkoa ez den 0 eta 3 urte bitarteko irakaskuntza mailako haurren guraso-elkarteak.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Prozedura honen izapide guztiak elektronikoki egingo dira.

2.– Izapidetze elektronikoa Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak arautzen dute.

3.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari eta gainerako izapideei buruzko argibideak eta erabili beharreko txantiloiak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/diru_laguntza/2018/ampas/y22-izapide/eu

4.– Eskabidearen ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire kudeaketak» atalean egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.

1.– Ofizioz egiaztatuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion elkarte-erregistroko izen-ematea eta alta.

2.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela laguntzak eskatzen dituzten erakundeek; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Diru-laguntzei buruzko erregelamendu orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiria aurkeztu beharko du, Diru-laguntzei buruko Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den eran. Onuraduna edo erakunde laguntzailea ez daudenean behartuta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan aipatzen diren agiriak edo aitorpenak aurkeztera, betebehar hori erantzukizunpeko adierazpenaren bitartez egiaztatuko da.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.5 eta 50.6 artikuluak aplikatuta (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hura), eskabidean dagoen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez honako hauek egiaztatuko dira:

a) Edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.

b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.

c) Eskatzaileak ez duela diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.

4.– Eskabideetan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.

5.– Betebeharrak ebazpena eman aurretik egiaztatuko dira, bai beharrezko egiaztagiriak erakutsiz, bai organo kudeatzaileari betebeharrak zuzenean egiaztatzeko baimena emanez.

7. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea, eta horretarako epea.

1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» (I. eranskina) eta «Gastuen aurrekontua» izeneko inprimaki normalizatuak (II. eranskina) aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteta. Halaber, administrazio publiko edo erakunde pribaturen bati laguntza edo diru-laguntza eskatu dioten erakundeek (laguntza hori eman bazaie edo oraindik ebazteko badago) «Beste finantzaketa-iturri batzuk» inprimakia (III. eranskina) aurkeztu beharko dute. Ereduak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/diru_laguntza/2018/ampas/y22-izapide/eu

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.– Dokumentazioa modu elektronikoan aurkeztu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/diru_laguntza/2018/ampas/y22-izapide/eu

4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete dokumentazioa, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez besteko mailen irakaskuntza-kooperatiba batek ofizialki onartutako bi zentrotan badihardu, bi eskabide egingo du, zentro bakoitzeko bat. Zentro batean bi irakaskuntza-kooperatiba edo gehiago badihardute, irakaskuntza-kooperatiba eskatzaile bakoitzak adieraziko ikasleen zer ehunekori ematen dion zerbitzua, «Gastuaren aurrekontua» izeneko inprimaki normalizatuan.

8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.

1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela, edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, erakunde interesdunari hauxe eskatuko zaio: hamar egun balioduneko epean, akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan eskabidea zuzendu ez bada, ulertuko da eskabidea bertan behera utzi dela.

2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bitarteko elektronikoz egingo da.

3.– Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.

4.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

9. artikulua.– Datuak Babesteko Legea.

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira, hain zuzen ere «Ikasleen Elkarteetarako Diru-laguntza» deritzona. Fitxategi horren helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.

10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Elkarteentzako laguntzak zenbatzeko prozedura.

1.– Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango elkarte horietako bakoitzak eskatutako zenbatekoa baino handiagoa.

2.– Hauxe izango da banaketa-sistema:

a) 162 euroko hasierako laguntza bat esleituko zaie onartutako eskabide guztiei.

b) Jarraian, kooperatiba bakoitzari esleituko zaio bi puntuazio hauen batura:

I) Diharduen zentroetako ikasle-kopuruagatik dagokion puntuazioa. Elkarte bakoitzari duen ikasle-kopuruaren araberako puntuak emango zaizkio, eskabidea aurkezteko epea bukatzen denean dagoen dokumentazio estatistiko ofizialari jarraikiz.

II) Zentroko bekadun-kopurua bider 3 egitearen ondorioz ateratzen den puntuazioa, eskabidea aurkezteko epea bukatzen denean dagoen dokumentazio estatistiko ofizialari jarraikiz. Hezkuntza Sailaren mendeko ikastetxe publikoetako elkarteen kasuan, aurreko puntuazioa berriro bider 2 egingo da, eta elkarteak parte hartzen badu zentroko Hamaika Esku programan, berriro ere bider 2.

Zentro bati ez zaio inola ere emango bi puntuazioen batura baino puntuazio altuagorik.

c) Deialdiaren zenbatekoari hasierako laguntzen zenbatekoa kenduko zaio. Kenketa horren emaitza izango da banatu beharreko soberakina.

Banatu beharreko soberakin hori kooperatiba guztiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da, eta faktore konstante horrekin biderkatuko da kooperatiba bakoitzari esleitutako puntuazioa.

d) Lortutako zenbatekoari hasieran emandako 162 euroko laguntza gehituko zaio, kooperatiba bakoitzari eman beharreko diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa zehazteko.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du eta interesdunei jakinaraziko zaie Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz, lau hileko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Aurkeztutako eskabideei dagokienez, entitate onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da edo, dagokionean, eskabidea ez onartzeko arrazoiak.

2.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/es/) argitaratuko da ebazpena, eta argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu jakinarazpen-ondorioak.

Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.

3.– Aurrekoaren kalterik gabe, organo kudeatzaileak interesdunei jakinarazpenen abisuak bidali ahal izango dizkie, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.

Gainera, diru-laguntzen ebazpena EHAAn argitaratuko da, jende guztiak jakin dezan.

4.– Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuordeari hilabeteko epean, jakinarazpenaren biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatuarekin bat.

5.– Artikulu honen lehenengo zenbakian aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean (urriaren 1eko 39/2015) ezarritakoaren ondorioetarako.

13. artikulua.– Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honen bidez lortutako laguntza bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde pribatutatik lortutakoekin, baldin eta guztien baturak ez badu gainditzen diru-laguntza honen xede den gastuaren % 100. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen diru-laguntzari.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:

1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, diru-laguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak:

a) Jarduera gauzatzea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.

c) Diru-laguntza ematen duen administrazioak egiaztatzeko egiten dituen jarduketak egiteko laguntza ematea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketetarako ere.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea diru-laguntza eman duen erakundeari.

e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.

3.– Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.

4.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, hala badagokio, arrisku horiek estaltzeko asegurua egitea.

15. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea eta justifikatzea.

1.– Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengoa, diru-laguntzaren % 75, emandako laguntza onartu ondoren.

b) Gainerako % 25a, ordea, «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua (IV. eranskina) behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Inprimaki horrekin batera, onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa edo handiagoa osatzen duten fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek aurkezteko epea 2018ko abenduaren 14an amaituko da, egun hori barne.

2.– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du entitate onuradunak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/eu/edukiak/informazioa/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

3.– Esleitutako diru-laguntza adierazitako epeetan justifikatu ezean edo esleitutako diru-laguntza baino gutxiago justifikatuz gero, ebazpena aldatzeko prozesua hasiko da, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, galdu egingo da laguntza eskuratzeko eskubidea.

4.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

16. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.

1.– Justifikazioak eta memoria bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/diru_laguntza/2018/ampas

2.– «Gastuaren justifikazioa» izeneko inprimaki normalizatua aurkeztuko da (Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/diru_laguntza/2018/ampas), behar bezala beteta, eta faktura eta ordainagiriekin edo horien fotokopia konpultsatuekin batera.

3.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak diru-laguntza justifikatzeko jatorrizko dokumentazioa eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari.

4.– 2. artikuluan aipatutako zenbatekoarekin lotura duten gastuek zuzeneko harremana izan behar dute antolatutako ekintzekin edo erakundeak antolakuntza eta funtzionamendu arloetan dituen ohiko gastuei erantzun behar diete.

5.– Diru hauen izaera osagarria dela eta, fakturen eta ordainagirien justifikazio-balioa beren edukiaren araberakoa izango da, eskala hauei jarraikiz:

a) Balioaren % 100 unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuei dagokienez. Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.

b) Balioaren % 100 gastu hauei dagokienez: Helduen Hezkuntzako ikasleen elkarteek eta unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteek funtzionatzeko beharrezkoak diren azpiegituren gastuak eta jarduera-gastuak. Jarduera horien kostuaren % 100 ordainduko da, gehienez ere.

c) Balioaren % 100 gastu hauei dagokienez: eskolaz kanpoko jardueren eta jarduera osagarrien gastuak –17.5.a) artikulukoak ez direnak–; jarduera horiek unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzenduta daude. Jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.

6.– Unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxeetako ikasleei eta ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren justifikatutako gastuak guztira justifikatutako gastuaren % 50aren bestekoa edo hortik gorakoa izan beharko du.

17. artikulua.– Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere diru-laguntzaren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte.

2.– Baldintzak aldatzeak emandako diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzultzeko prozedura hasiko da.

18 artikulua.– Baldintzak ez betetzea eta itzulketa-prozedura.

1.– Laguntzak jaso dituzten erakunde onuradunak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan edo Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan aurreikusitako kasuetan sartzen badira, agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo diru-laguntza ematea arrazoitu zuten baldintzak betetzen ez badituzte, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu) ezarritakoaren arabera, erakunde onuradun horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkiote bidegabe jaso dituzten kopuruak (guztiak edo zati bat) gehi zenbateko horiei dagozkien berandutze-interesak. Horrez gain, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren VI. tituluan jasotako oinarrizko arauen arabera eska daitezkeen zehapenak ere jarri ahal izango zaizkie.

2.– Baldintzak betetzen ez direnean, itzultzeko erabili beharreko prozedura lehen aipatutako hauetan xedatutakoaren araberakoa izango da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (1992-02-07ko EHAA). Diru-laguntza edo laguntzaren kontzeptua dela-eta behar ez bezala jaso diren diru-kopuruak itzultzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 31ko 212/1998ko Dekretuan ezarritako modalitateei jarraituko zaie, eta itzulketa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiaren izenean egingo da, betiere kontuan hartuta maiatzaren 2ko 69/2007 Dekretuaren bidez sartutako aldaketak.

3.– Itzultzeko prozedura hasi baino lehen, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 92.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera –zeinaren bidez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen baita–, justifikazioa aurkezteko eskatuko zaie erakunde onuradunei.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusita ez dagoen guztian, ordezko izaerarekin, honako hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea; Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntzako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko ekainaren 12a.

Hezkuntzako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala

Euskadi, auzolana