Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

154. zk., 2018ko abuztuaren 10a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA PUBLIKO ETA AUTOGOBERNU SAILA
4193

128/2018 EBAZPENA, uztailaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Osalan erakunde autonomoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako hezkuntza arloko lankidetza-hitzarmena, erizaintzako graduko titulazioko ikasleek graduko kanpo-praktika akademiko kurrikularrak egin ditzaten.

Osalan erakunde autonomoak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du, eta, eman behar zaion publikotasuna emateko, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Osalan erakunde autonomoak eta Euskal Herriko Unibertsitateak sinatutako hezkuntza arloko lankidetza-hitzarmena, erizaintzako graduko titulazioko ikasleek graduko kanpo-praktika akademiko kurrikularrak egin ditzaten. Eranskinean dago testua.

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 24a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.

ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN UZTAILAREN 24KO 128/2018 EBAZPENARENA
HEZKUNTZA ARLOKO LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAK ETA OSALAN - LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAK SINATUA, ERIZAINTZAKO GRADUKO TITULAZIOKO IKASLEEK GRADUKO KANPO-PRAKTIKA AKADEMIKO KURRIKULARRAK EGIN DITZATEN

Leioan, 2018ko uztailaren 5ean.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Irrintzi Fernández Aedo jauna, Euskal Herriko Unibertsitatearen –aurrerantzean, EHU– ordezkaritzan, Erizaintzako eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Kanpoko Praktiketako Dekanordea den aldetik, indarrean dagoen ikasleentzako kanpoko praktika akademikoen araudian ezarritakoaren arabera,

Eta beste aldetik, Alberto Alonso Martín jauna (NAN: 72.579.562A), zuzendari nagusia den aldetik, Osalan - Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen –aurrerantzean, erakunde kolaboratzailea– (IFZ: Q5150010F; egoitza: Dinamita bidea z.g., Barakaldo, Bizkaia) ordezkaritzan.

Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzeko lege-gaitasuna aintzatetsi diote elkarri eta hauxe

ADIERAZI DUTE:

Lehenengoa.– EHUk xede hau du, besteak beste: ikasleentzako erabateko prestakuntza garatzen eta lanean sartzeko lanbide-prestakuntza bermatzen duen kalitatezko goi-mailako hezkuntza.

Bigarrena.– Arestian aipatu den erakunde kolaboratzailea Erizaintza Graduko ikasleentzako EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean emandako prestakuntzaz interesatua dago.

Hirugarrena.– Kanpoko praktika akademikoak ikasleak egindako eta unibertsitateak gainbegiratutako hezkuntza-jarduerak dira. Horien helburua ikasleek prestakuntza akademikoan bereganatutako ezagutza aplikatzea eta osatzea da, lanbide-jardueretan aritu enplegagarritasuna erraztu eta ekintzailetzari heltzeko gaitasuna lor dezaten.

Laugarrena.– Zehazki, curriculum-praktikak Erizaintza Graduko ikasketen plana osatzen duten jarduera akademiko gisa eratzen dira.

Bosgarrena.– EHUk Erizaintza Gradua titulua eskaintzen du eta erakunde kolaboratzaileak OSASUN sektorean garatzen du bere jarduera.

Seigarrena.– Ikasleentzako kanpoko praktika akademikoen EHUko araudiaren arabera, Unibertsitateak edo horri atxikitako zentroek ematen duten edozein irakaskuntzatan matrikulatuta dauden ikasleek gauzatu ahalko dituzte kanpoko praktika akademikoak. Era berean, kanpoko praktikak gauzatzeko, unibertsitateak erakunde kolaboratzaileekin hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenak sinatzea aurreikusten du.

Horregatik guztiagatik, bi aldeek

ADOSTU DUTE:

Bakarra.– Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen hau sinatzea, honako hauekin bat etorriz:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

Hezkuntza-lankidetzarako hitzarmen honen xedea aipaturiko erakunde kolaboratzailean garatuko diren EHUko ikasleen curriculum-praktika akademikoen zehaztapenak arautzea da, ikasleentzako kanpoko praktika akademikoen EHUko araudian ezarritakoaren arabera (EHAA, 2012/11/12).

Bigarrena.– Praktiken tokia, gauzatzea eta programa.

Praktikak erakunde kolaboratzailearen zentroan (Dinamita bidea z/g, Barakaldo) garatuko dira.

Iraupena eta ordutegia praktiken ezaugarrien eta erakundearen erabilgarritasunen arabera ezarriko dira, aipaturiko praktikak ahalik eta eragin txikiena izan dezan erakundearen eguneroko jardueran.

– Ikasketa-planean ezarritakoa kontuan hartuta, tutorea izango da praktikak hasi aurretik prestakuntza-proiektua gauzatzearen pertsona arduraduna. Programa horretan, honako datu hauek zehaztu beharko dira:

– Praktikari dagokion irakaskuntza.

– Praktikak garatuko diren erakundea eta tokia.

– Tutore akademikoa.

– Erakundearen instruktorea.

– Praktiken programaren arduraduna.

– Ikasleen zerrenda, hala behar denean.

– Hezkuntza-helburuak eta jarduerak.

Hirugarrena.– Erakunde kolaboratzailearen eta ikaslearen arteko erlazioa.

1.– Hitzarmen honen arabera egindako praktika akademikoak prestakuntzakoak dira; beraz, praktika horiek egiteak ez du inola ere sortuko lan-harreman bati dagokion betebeharrik, eta berorien edukiak ez du biderik emango lanpostuei dagokien lan-prestazioa ordezteko.

2.– Era berean, eta ikasketak amaitzean ikaslea erakunde kolaboratzaileko langile izatera pasatuko balitz, praktiken denbora ez da kontuan hartuko antzinatasunaren ondorioetarako eta ez du probalditik salbuetsiko, aplikagarria den hitzarmen kolektiboan zerbait ezberdina hitzartua egon ezean.

Laugarrena.– Praktiken instruktorea.

1.– Erakunde kolaboratzaileak ikasle bakoitzeko instruktore bat izendatuko du, praktiken programaren arduradunaren eta ikaslearen tutorearen oniritziarekin prestakuntza-jarduerak antolatzeaz arduratuko dena.

2.– Erakunde kolaboratzaileak izendatutako instruktorea erakundera loturiko pertsona bat izan behar da, lan esperientziaduna eta tutoretzako lan eraginkorra egiteko beharrezkoak diren ezagutzak dituena. Ezin da bat etorri Unibertsitateko tutore lanak egiten dituen pertsonarekin.

3.– Instruktore horrek praktiken programaren arduradunaren oniritzia izan beharko du eta ikasleentzako kanpoko praktika akademikoen EHUko araudian ezarritako prozeduraren arabera gauzatuko den «venia docendi» delakoaren aitorpena ekarriko du.

Bosgarrena.– Instruktorearen eskubide eta betebeharrak.

1.– Erakunde kolaboratzaileko instruktoreak honako eskubide hauek izango ditu:

a) Bere laguntza-jarduera aitortzea, aurreko klausulako 3. zenbakian ezarritakoaren arabera.

b) Kanpoko praktiken gaineko araudiaren berri izatea, baita Prestakuntza Proiektuaren eta haren garapenaren baldintzen berri izatea ere.

c) Unibertsitatera sartu ahal izatea, bere eginkizunarekin lotuta dauden helburuak betetzeko beharrezkoa den informazioa eta babesa lortzeko.

d) Prestakuntza jarraituan lagundu dezaketen unibertsitateko instalazio eta zerbitzuetara sartzeko aukera izatea (liburutegiak, seminarioak eta abar).

2.– Halaber, honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Ikasleari harrera egitea eta garatu behar duen jarduera antolatzea, prestakuntza-proiektuan ezarritakoaren arabera.

b) Ikaslearen jarduerak gainbegiratzea, bideratzea eta praktikaren garapena kontrolatzea, elkarrekiko begirunean eta ikaskuntzarekiko konpromisoan oinarritutako harreman baten bidez.

c) Ikasleari erakundearen antolaketaren eta funtzionamenduaren berri ematea; baita araudi interesgarriaren berri ere ematea, batik bat segurtasunari eta lan-arriskuei buruzkoa.

d) Unibertsitateko tutorearekin koordinatzea hezkuntza-lankidetzarako hitzarmenean ezarritako jardueren garapena, praktika normaltasunez garatzeko beharrezkoak izan litezkeen prestakuntza-proiektuaren aldaketak ere barne; eta, halaber, praktikaren garapenean gerta litezkeen gorabeheren jakinarazpena eta ebazpena, eta azterketak egiteko baimenak kontrola.

e) Azken txostena bidaltzea, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearekin adostutako ereduari jarraikiz.

f) Praktikak gauzatzeko ikasleak behar duen prestakuntza osagarria ematea.

g) Ikasleari praktikak gauzatzeko nahitaezkoak diren baliabide materialak eskuetaratzea.

h) Ikasleak berrikuntza-, hobekuntza- eta ekintzailetza-proposamenak egin ditzala erraztea eta sustatzea.

i) EHUko tutoreari erakundera sartzeko aukera ematea, bere eginkizunak bete ditzan.

j) Irakasle-lanaren ondorioz ikasleengandik jakiten duen edozein informazio isilpean gordetzea.

k) Ikasleari laguntza ematea erakundeko egonaldian, ikasleak bertan egiten dituen jardueretan sor litezkeen auzi profesionalak ebazteko, behar izanez gero.

Seigarrena.– Ikasleen eskubide eta betebeharrak.

1.– Praktika akademikoak egin bitartean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Dagokion praktika egiten duen bitartean, unibertsitateko irakasle batek edo praktikak gauzatzen dituen erakunde kolaboratzailean zerbitzuak eskaintzen dituen langile batek tutore gisa jardutea.

b) Unibertsitateak ezarritako irizpideen arabera ebaluatzea.

c) Jabetza intelektual eta industriala eskuratzea, arlo hori arautzen duen legerian ezarritako baldintzen arabera, ikasleak lagapen- edo transmisio-dokumentua sinatu duenean izan ezik.

d) Erakunde kolaboratzailearen partetik lan arriskuen segurtasun- eta prebentzio-arautegiari buruzko informazioa jasotzea.

e) Akademia-, prestakuntza-, ordezkaritza- eta partaidetza-jarduera betetzea, erakunde kolaboratzaileari behar besteko denborarekin jakinarazi ondoren.

f) Desgaitasuna duten ikasleek tutoretzara, informaziora eta ebaluaziora sartu ahal izateko eta baldintza berdinetan praktikak egin ahal izateko beharrezkoak diren baliabideak izatea.

g) Desgaitasunik duten ikasleen kasuan, praktikak bateragarriak izatea ezgaitasun- egoeraren ondorio diren edo horri lotuta dauden jarduerekin eta egoera pertsonalekin.

2.– Era berean eta, praktika akademikoak egin bitartean, ikasleek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Unibertsitateak ezarritako kanpoko praktikei buruzko indarreko araudia betetzea.

b) Praktiken prestakuntza proiektua ezagutu eta bete, unibertsitateko tutoreak gainbegiratutako erakundeak izendatutako instruktorearen argibideak jarraituz.

c) Unibertsitateko tutorearekin harremana izatea praktikak egiten dituen bitartean, eta gertatzen den edozein gorabeheraren berri ematea. Horrez gain, eskatzen zaizkion tarteko jarraipen-agiriak eta -txostenak eta amaierako txostena entregatzea.

d) Erakunde kolaboratzailean hastea adostutako egunean, hezkuntza-proiektuan ezarritako ordutegia betetzea eta hango arauak errespetatzea, jardunbideari, segurtasunari eta lan-arriskuen prebentzioari dagokienez.

e) Prestakuntza-proiektua garatzea, eta erakunde kolaboratzailearekin adostutako jarduerak arduraz betetzea, hitzarmenean ezarritako ildoei jarraituz.

f) Konfidentzialtasuna mantentzea erakunde kolaboratzailearen barneko informazioari dagokionez, eta sekretu profesionala gordetzea haren jarduerei buruz bere egonaldian zehar eta bertan jarduten bukatu ondoren.

g) Uneoro jokatzea begirunez erakunde kolaboratzailearen politikari dagokionez, EHUren izen ona babestuz.

h) Indarra duen araudian ezarritako beste edozein betebehar.

3.– Aurreko atalean ezarritako betebeharrak bete ezean, praktika aldez aurretik azkendu ahal izango da. Horretarako, EHUk edo enpresak, hitzarmen honetan zehazten den Jarraipen Batzordeari jakinarazi beharko zaio, eta horrek, gehienez 10 eguneko epean praktika aldez aurretik baliogabetzearen jatorriari buruz ebatzi beharko du.

4.– Ikasleak praktiketara huts egin ahal izango du azterketak egiteko. Inguruabar hori hiru egun lehenago justifikatu beharko du irakaslearen aurrean. Gainerako absentziak, horien arrazoiak akademikoak izan nahiz bestelakoak izan, instruktoreari eta tutoreari jakinarazi beharko zaizkie lehenbailehen, eta, hala dagokionean, tutoreak baimendu beharko ditu.

Zazpigarrena.– Instalazioak eta baliabideak.

Erakunde kolaboratzaileak praktikak egiteko beharrezkoak diren bere instalazio eta baliabideak erabiltzea bermatzen du eta artatu ahal dituen ikasleen kopurua zehaztuko du.

Zortzigarrena.– Erantzukizunak eta aseguruak.

1.– EHUk erantzukizun zibileko poliza bat du kontratatua ikasleek praktikak egitearen zioz eragin ditzaketen kalteei aurre egiteko.

2.– Ez unibertsitatea, ez praktiketako ikasleak, ez dira sorrarazitako kalteen erantzule izango, baldin eta kalteok praktiketako jardueren programan jasota ez dauden erakundeko irakasle batek emandako agindu eta jarraibideen ondoriozkoak badira.

3.– Praktikak gauzatzeko ezinbestekoa da 28 urtetik gorako ikasleek aseguru bat sinatzea. Aseguru osagarri hori EHUk kontratatuta duen Cum Laude istripu-poliza kolektiboa edo EHUren (Cum Laude) bitartez eskaintzen diren kontzeptuak –gutxienez– barne hartzen dituen edozein erakundek eskainitako polizetako bat izan daiteke. Egoki iritziz gero, modu osagarrian sinatu ahalko du aipaturiko adina bete baino lehen.

4.– EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetatik datozen eta erakundean praktikak gauzatuko dituzten ikasleek, Cum Laude polizaren antzekoa –gutxienez– den estaldura duen istripu-poliza bat sinatu beharko du.

Bederatzigarrena.– Poltsa edo laguntza.

Ikasleek ez dute dirurik jasoko praktikak egiteagatik.

Hamargarrena.– Ikasleen datuen babesa.

Praktikak enpresan garatzen dituen ikasleen datuak hitzarmen honetako xedeetarako erabiliko ditu soil-soilik enpresak.

Hamaikagarrena.– EHUren beste konpromiso batzuk.

1.– Aurretik aipatutakoan eragin gabe, EHUk, ikasle parte-hartzaileei dagokienez, honako konpromiso hauek hartu ditu:

a) Ikasleei hitzarmen honetan eragiten dion zehaztapenen berri ematea.

b) Ikasleak bere gain hartzea hitzarmen honek eta aplikatu beharreko arautegiak berarentzako ezartzen dituen betebeharrak.

c) Ikasleak aurreko klausulak aurreikusitako ondoreetarako bere datuak lagatzea espresuki onartzea.

2.– Arestian aipatutakoaren ondorioz, EHUk ikasle bakoitzak sinatutako dokumentuaren kopia bat erraztuko dio erakunde kolaboratzaileari.

Hamabigarrena.– Jarraipen Batzordea.

1.– Praktikak egitean edo hitzarmena betetzean sor daitezkeen gorabeherak ebazteko Jarraipen Batzordea eratuko da. Zentroko edo tituluaren arduraduna den Irakaskuntza Propioko bi ordezkarik eta erakunde kolaboratzaileko beste bik osatuko dute batzorde hori.

2.– Batzorde hau eratzean, bi alderdiak txandaka arituko dira artezkaritzan, eta EHUri hasierako txanda esleituko zaio.

Hamahirugarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.

1.– Hitzarmen honek lau urteko iraupena edo indarraldia izango du sinatzen den egunetik sinatu duen edozein alderdik hemen hitzartutakoak eragina izan ez dezan denuntziatu ahalko du, aurreko ikasturteko martxoa baino lehen.

Hitzarmena deuseztatzeko eskaera idatziz egin beharko da eta ez du eraginik izango eskaera egindakoan lehendik egiten diren praktiketan, praktikak aldez aurretik baliogabetzeko edo deuseztatzeko bederatzigarren klausulan ezarritakoa gorabehera.

3.– Alderdiren batek ez baditu betetzen bere gain hartutako konpromisoak, besteak ahalmena izango du hitzarmenaren suntsiarazpena eskatzeko. Ez betetze hori hitzarmen honetan zehazten den Jarraipen Batzordeari jakinaraziko zaio, eta horrek, gehienez 10 eguneko epean praktika aldez aurretik baliogabetzearen jatorriari buruz ebatzi beharko du.

Hamalaugarrena.– Suntsiarazteko kausak.

Hauexengatik suntsiaraziko da hitzarmen hau:

c) Alderdi sinatzaileak bat datozelako edo alderdietako batek salaketa jarri duelako hamahirugarren klausulan aurreikusitako terminoetan.

d) Hitzarmen honen xede diren irakaskuntza ofizialak ezabatu direlako.

Eta aurrean azaldutakoarekin ados daudela adierazteko, alderdiek lankidetza-hitzarmen honen bi ale sinatu dituzte goiburuan adierazitako tokian eta egunean.

Euskal Herriko Unibertsitatearen aldetik:

EHU-ordezkaritzan, Erizaintzako eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatearen Kanpoko Praktiketako Dekanordea,

IRRINTZI FERNÁNDEZ AEDO.

Erakunde Kolaboratzailearen aldetik:

OSALAN-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Zuzendari Nagusia,

ALBERTO ALONSO MARTÍN.


Azterketa dokumentala