Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

149. zk., 2018ko abuztuaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LAN ETA JUSTIZIA SAILA
4044

125/2018 DEKRETUA, uztailaren 30ekoa, zeinaren bidez ezartzen baitira EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak diruz laguntzeko programaren oinarri orokorrak.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundea (aurrerantzean, Osalan) Lan eta Justizia Sailari atxikitako organismo administratibo autonomoa da, izaera juridiko propioa du eta jarduteko gaitasun erabatekoa. Besteak beste, segurtasun, higiene eta laneko osasunarekin lotutako prestakuntza-plan eta kurtsoak programatu, antolatu eta burutzea dagokio (Osalan erakundea sortzeko abenduaren 21eko 7/1993 Legearen 4.1.h) artikuluaren arabera –gerora ekainaren 27ko 10/1997 Legeak aldatu zuen–).

EAEko Osasun Arloko eta Lan Arriskuen Aurreneurrien Arloko Lanbidearteko Akordioa 1997ko abenduaren 11n sinatu zuten Confebask enpresa-elkarteak eta ELA-STV, UGT, CC.OO. eta LAB sindikatuek. Akordio hori 1998ko urtarrilaren 27ko EHAAn (17. Zk.) argitaratu zen, eta Euskal Autonomia Erkidegoan enpresa eta besteren kontura lan egiten duten pertsona guztiek bete behar dute. Akordio horren III. atalak («Prebentziorako prestakuntza») Osalani agintzen dio Oinarrizko Prestakuntzaren Plana kudeatzea, eta eskolak emateko baldintzak ere bertan dauzka zehaztuta.

Lanbidearteko Akordio hartan ezarrita dagoena bete beharrez, «Prebentzioko ordezkarien prestakuntza» delakoaren inguruan, Osalanek azken urteetan dei egin die, hainbatetan, bai entitate publikoei bai pribatuei Prebentzioko ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza-kurtsoetan parte hartzeko; azkeneko deialdia 2017rako onartutakoa izan zen, Osalaneko zuzendari nagusiak 2017ko apirilaren 11n emandako ebazpenaren bidez onartutako hura. Deialdi horietan, alde batetik, aldi horretan diru-laguntza jaso ahal izateko betekizunak betetzen zirela egiaztatzeko urteko baimena ezartzen zen, eta, beste alde batetik, gerora, prestakuntza-ekintzak ematen bukatu ondoren, zer laguntza ekonomiko lor zitzaketen zehazten zen.

Dekretu honen bidez, laguntzen programa hau Kontrol Ekonomikoko Bulegoak emandako gomendiotara egokitu nahi dugu, entitate eskatzaileentzat errazagoa eta malguagoa izan dadin, oinarri finkoa emanez, hartara eragotzi gabe Lanbidearteko Akordioan ezarritako gidalerroak. Horretarako, bi aldaketa nabarmen sartuko ditu orain arte erabilitako diru-laguntzen egituran. Alde batetik, urteko baimenaren ordez, diru-laguntza lortzeko betekizunak betetzen direla egiaztatzeko ebazpen bat ezartzen da. Ebazpen hori edozein unetan eskatu ahal izango da, dekretu hau indarrean jartzen denetik aurrera, eta izaera mugagabea izango du, hori aitortzeko eskatutako betekizunak eta baldintzak mantentzen badira. Beraz, gaitasun-egiaztagiri hori lortu eta gero, ez da urtero berritu behar izango.

Beste alde batetik, diru-laguntzaren beraren erregulazioa bitan banatzen da, eta haren oinarri orokorrak dekretu honen bitartez ezartzen dira, modu egonkorrean, xedapen orokor honen bidez, denboraren joanean ere irauteko asmoz. Erregulazio hori Osalaneko zuzendari nagusiak emango duen ebazpenarekin osatuko da. Ebazpenak urtero emango ditu, dena delako ekitaldi horretan burutzekoak diren prestakuntza-ekintzetarako diru-laguntzetarako deialdia egiteko, eta, gutxienez, hauek zehaztuko ditu ebazpenetan: zuzkidura ekonomikoa, eskaerak egiteko epeak, nola aurkeztu eskaerak eta zer agiri beharko diren. Hala, prestakuntza molde hauetarako laguntza-sistemak arau egonkorragoa eta goragoko mailakoa izango du, eta prestakuntza emango duten entitateek segurtasun juridiko handiagoa izango dute; horrez gain, aldez aurretik jakingo dute diru-laguntza eskuratu ahal izateko zer baldintza bete behar dituzten.

Deialdi hau honako hauei lotuta dago: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen erregelamendua –diru-laguntzen erregelamendu orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua–; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren arloko diru-laguntzak arautzeari buruzkoa.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundearen diru-laguntzen plan estrategikoan jasota dago deialdi hau.

Hori dela-eta, Lan eta Justiziako sailburuak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko uztailaren 30ean egindako bileran hala erabaki eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
OINARRI KOMUNAK

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea da honako hauei zuzendutako diru-laguntzak arautzeko oinarriak ezartzea: EAEko lantokietako edo enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuak, EAEko Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioaren esparruan.

Dekretu honen xedea da, baita ere, prestakuntza emateko eskatzen diren betekizunak betetzen direla egiaztatzeko ebazpena lortzeko aurretiazko prozedura arautzea, diru-laguntza horiek eskuratzeari begira.

2. artikulua.– Erakunde hartzaileak.

Dekretu hau jarraian aipatutako erakundeei zuzenduta dago, baldin eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute eta prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak betetzen badituzte. Horrela, betekizun horiek egiaztatu eta gero, aipatutako prestakuntza eman ahalko dute, eta dagozkien diru-laguntzak jaso ahalko dituzte.

1.– Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.

2.– Erakunde sindikalak.

3.– Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, zerbitzuak itunduta dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei dagokienez.

3. artikulua.– Faseak.

Prestakuntza hori diruz laguntzeko sistemak bi fase ditu: lehenbizikoan, interesa daukaten entitateek egiaztatu beharko dute badirela gai prestakuntza dekretu honek zehaztu bezala emateko. Eskatzen diren betekizunak betez gero, prestakuntza hori emateko gaitasuna aitortuko zaie, izaera mugagabearekin, eta, hala, prestakuntza emateko moduan izango dira, baimena lortzeko bete behar izan dituzten baldintzak aldatzen ez badituzte.

Egiaztatuta dauden entitateek, dekretu honen arabera ematen badute prestakuntza, aukera izango dute Osalanek esparru honetarako urtero egingo dituen diru-laguntza deialdietan parte hartzeko.

4. artikulua.– Datu pertsonalak.

Honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: datu pertsonalak babestearen arloko araudi berria, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua –datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa– (datuen babesari buruzko erregelamendu orokorra); 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babestekoa; eta 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa. Dekretu honen ondorioz izapidetutako datu pertsonalak fitxategi batean bilduko dira, eta diru-laguntzak nahiz arlo honekin lotutako bestelako espediente administratiboak kudeatzeko erabiliko dira.

II. KAPITULUA
OINARRIZKO PRESTAKUNTZA EMATEKO BETEKIZUNAK BETETZEN DIRELA EGIAZTATZEA

5. artikulua.– Eskabidea.

2. artikuluan zehaztutako entitate publiko nahiz pribatu guztiek izango dute aukera prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko prestakuntzaren egiaztapena eskatzeko.

6. artikulua.– Betekizunak.

1.– Diruz lagundu daitekeen prestakuntza hau emateko egiaztatuak izan nahi duten entitate publiko edo pribatuek betekizun hauek bete beharko dituzte:

a) Arau-arloko oinarrizko prestakuntza emateko egiaztatuak izatea (bai zerbitzuak ematen dizkieten enpresetako prebentzio-ordezkariak trebatzeko prestakuntza-zentro edo prebentzio-zerbitzu egiaztatuak bai erakunde sindikal egiaztatuak).

b) Trebatu nahi den ikasle-kopurura doitutako hornidurak, baliabide materialak eta didaktikoak eskura izatea, ezaugarri hauen arabera:

1) Gutxienez 10 ikasle hartzeko ikasgelak izatea, ikasle bakoitzeko 2 m˛-ko azalera eta irakaslearentzako 4 m˛-ko azalera izanik.

2) Behar beste baliabide didaktiko eta hornidura edukitzea: arbela, ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak, Interneteko konexioa, telefonoa, eta abar.

c) Laneko arriskuen prebentzioan tarteko mailako edo goi-mailako eginkizunak betetzeko prestakuntza egiaztatu duten irakasleak edukitzea, edo eman beharreko gaietan gutxienez urtebeteko irakaskuntza- edo lan-esperientzia dutenak, eta denak ere prestakuntza hori euskaraz emateko gai izatea.

2.– 2017ko deialdian baimena lortu duten entitateek badaukate, xedapen iragankor bakarrean xedatutakoari men eginez, hainbat betekizun justifikatu beharrik ez izatea.

3.– Gaitasuna aitortzeko bete zituzten baldintzetan gerora inongo aldaketarik gertatuko balitzaieke, hilabeteko epea izango dute entitate egiaztatuek aldaketa horren berri Osalani emateko.

7. artikulua.– Eskabidea aurkezteko tokia eta epea.

1.– Horretarako jarri diren bitarteko elektronikoak erabiliz eskuratu eta aurkeztu beharko dira eskaerak. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan (euskadi.eus) daude eskura bitarteko horiek, helbide honetan:

Prebentzio-ordezkariak trebatzeko diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena (erref.: 1042406).

Gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/autorizacion/formacion-basica-delegados-prevencion/y22-izapide/es

Euskaraz: https://www.euskadi.eus/baimena/oinarrizko-prestakuntza-prebentzio-ordezkariak/y22-izapide/eu

2.– Betekizunak egiaztatzeko eskaera egiteko, dagokion eskabidea bete beharko da, eta hauen kopiak erantsi beharko dira:

– Prestakuntza emango duten irakasleekin sinatutako kontratuak edo lankidetza-akordioak.

– Haien curriculum vitae-ak.

– Haien prestakuntza egiaztatzeko agiriak.

– Prestakuntza emateko instalazioen planoak.

3.– Eskabideak edozein unetan aurkez daitezke, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, epea zabalik utzita mugarik gabe.

4.– Eskaerak aurkeztu ondoren, emandakoa baino informazio gehiago eskatu ahalko da. Nolanahi ere, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 68. artikuluan ezartzen duenaren arabera, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari gabeziak konpontzeko edo nahitaezko agiriak eransteko, eta jakinaraziko zaio halakorik egiten ez badu bere eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere aipatutako legearen 21. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, aurretiaz dagokion ebazpena eman ondoren.

8. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.

1.– Betekizunak betetzen direla egiaztatzeko ebazpena Osalaneko zuzendari nagusiak emango du, erakunde horretako teknikariek egindako balorazio-txostenak aintzat hartuta.

2.– Erabakitako ebazpena idatziz jakinaraziko zaie entitate interesdunei, banaka, bi hileko epean gehienez ere, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera, eta, baiezkoa bada, indarraldi mugagabea izango du.

Atal honetan aipatutako epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabidea baietsi egin dela ulertzeko moduan izango dira erakunde interesdunak, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluak.

3.– Oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak betetzen direla egiaztatzeko ebazpenak ez dakar berekin diru-laguntza emateko ebazpena lortzea.

4.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera emango dio, eta, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, zuzenean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

5.– Publikotasun-ondorioetarako, Osalanen web orrian jarriko da egiaztatutako entitateen zerrenda.

6.– Nolanahi ere, egiaztapen-ebazpena errebokatu egin daiteke, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eta, betiere, entitate interesdunari entzun ondoren, baldin eta hura lortzeko eskatutako baldintzak dagoeneko betetzen ez badira edo aitortza hori lortzeko aintzat hartutako edozein inguruabar aldatu bada eta ez bada horren berri eman 6.3 artikuluan ezarritako epearen barruan.

III. KAPITULUA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANTOKI EDO ENPRESETAKO PREBENTZIO-ORDEZKARIAK TREBATZEKO OINARRIZKO MAILAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUZTEN OINARRIAK.

9. artikulua.– Deialdiak eta baliabide ekonomikoak.

Urtero emango du ebazpena Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak, eta ebazpen hori argitaratu egingo da, ekitaldi horretan prebentzioko ordezkarien trebakuntzarako oinarrizko mailako prestakuntza teknikoa edo arauen ingurukoa emateko diru-laguntzen deialdia onartzeko.

Ebazpen horrek deialdi bakoitzeko diru-laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak ere zehaztuko ditu; alde batetik, arauen zatikoak eta, beste batetik, zati tenikokoak. Zuzkidura hori ekitaldi horretako Osalanen aurrekontuan sartuko da, ordainketa-kredituetan.

10. artikulua.– Prestakuntzaren ezaugarriak eta moduluak.

1.– Diru-laguntza hau jasotzeko, oinarrizko mailako prestakuntza-ekintzak izan behar dute, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioan ezarri bezala, eta bi zati izan behar dituzte: bata araudi-arloko prestakuntza, eta bestea prestakuntza teknikoa.

2.– Araudi-arloko prestakuntzak 16 orduko iraupena izango du guztira, eta prestakuntza teknikoak, berriz, 32 ordukoa. Irakastorduei dagokienez: araudi-alorreko prestakuntzaren moduluari 12 ordu dagozkio eta prestakuntza teknikoari, berriz, 24. Gainerako orduak lanpostua nahitaez uzteko ordutzat hartuko dira, modulu horietara joateko.

3.– Erakunde sindikalek emango dute oinarrizko ikastaroaren arau-arloko prestakuntza eta eskubideei eta betebeharrei buruzkoa, eta, lehentasunez, euren prebentzio-ordezkariei emango diete prestakuntza hori. Afiliazio sindikalik ez duten ordezkariek eskubidea izango dute beraiek aukeratutako erakunde sindikalak emandako arau-mailako prestakuntza jasotzeko.

4.– Oinarrizko prestakuntza teknikoa emateko egiaztatuta dauden zentroek edo erakundeek prebentzio-ordezkari independenteei arau-mailako trebakuntza emateko aitortza izan ahalko dute.

5.– Arau-arloko prestakuntza bukatu ondoren, Osalanek prestakuntza-zentroetara bidaliko du arlo teknikoko prestakuntza-jardueretan parte har dezaketenen zerrenda, Osalanen web-orrian prestakuntza hori emateko aitortuta agertzen diren zentroen zerrendatik ikasleek adierazi dituzten lehentasunen arabera.

6.– Osalanek ezarriko ditu eduki teknikoak zein arau-arlokoak, eta, betiere, edukiok Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioan ezarritakoari lotuko zaizkio.

7.– 36 orduko oinarrizko prestakuntza bukatzean, prestakuntza bukatu duten guztiei horren ziurtagiri bat emango die Osalanek. Oinarrizko prestakuntza hori bi modulutan banatuta dago: arau-arloko modulua, 12 ordukoa, eta arlo teknikoko modulua, 24 ordukoa. Prestakuntza-ekintza bat burututzat emango da, gutxienez prestakuntza-ekintzaren zati bakoitzaren % 80an izan bada partaidea.

11. artikulua.– Diru-laguntza emateko betekizunak.

1.– Diru-laguntza eskatzen duen zentroak aurretiaz lortua izan beharko du prebentzio-ordezkariak trebatzeko oinarrizko mailako arau-arloko prestakuntza zein prestakuntza teknikoa emateko betekizunak betetzen dituela egiaztatzen duen ebazpena.

2.– Deialdi bakoitzean lortutako diru-laguntza ezingo da batu bestelako edozein erakunde pribatu nahiz publikok helburu berdinerako ematen dituzten beste diru-laguntzekin.

3.– Entitate onuradunek jaso badituzte ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulketa- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du entitate horiei diru-laguntza esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko. Halaber, erakunde onuradunek egunean egon beharko dute indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharretan, erregelamenduz zehazten den moduan.

4.– Deialdi honetatik kanpo utziko dira, eta aldez aurretik ukatze-ebazpena jakinaraziko zaie, azken bost urteetan lan-segurtasunaren eta -osasunaren aurka jarduteagatik administrazio-delitu edo -arau-hauste oso astunak izan dituzten erakunde eskatzaileak, baldin eta horren inguruko zehapen edo kondenei buruzko alderdiak behar bezala egiaztatzen ez badituzte. Bai eta Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legean jasotako betebeharrak (alegia, prebentzio-antolamenduko eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueren plangintza eta, kasua bada, prebentzio-sistemaren ikuskapena) behar bezala beteta ez dituzten erakundeak ere.

5.– Ezin izango dira diru-laguntzen onuradun izan diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan adierazitako gorabeheraren batean aurkitzen diren erakunde eskatzaileak.

6.– Nolanahi ere, diru-laguntza ematea errebokatu egin daiteke, Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eta, betiere, erakunde interesdunari entzun ondoren, diru-laguntza lortzeko bete behar izan dituen baldintzak dagoeneko betetzen ez badira.

12. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko eskaera. Izapidea eta epea.

1.– Entitate prestatzaileek programatuta daukaten prestakuntza-ekintza bakoitza hasi baino 7 egun lehenago, gutxienez, eskatu beharko diote Osalani diru-laguntza.

2.– Osalaneko zuzendari nagusiak ekitaldi bakoitzeko urteroko deialdia onartzeko emango duen ebazpenak berak zehaztuko du eskaerak nola aurkeztu behar diren eta zer agiri gehitu behar zaien, bai eta zer epe aplikatuko diren ere.

3.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar deialdiaren oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartzea.

13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epeak, eta jakinarazteko modua.

1.– Deialdiaren ebazpena, diru-laguntza emateari dagokionez, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emango du, erakunde horretako teknikariek egindako txostenak aintzat hartuta.

2.– Eskabideek deialdiko betekizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan ebatziko dira, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrez ikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte. Funtsak agortzen badira, aurkeztu diren eta ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira, uneko deialdiaren esparruan.

3.– Hartutako ebazpena erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaie, banaka, gehienez ere bi hilabeteko epean, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu eta biharamunetik aurrera.

4.– Atal honetan aipatutako epea igarota, ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute erakunde interesdunek, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluak.

5.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera emango dio, eta, horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, zuzenean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

6.– Publikotasun-ondorioetarako soilik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira diru-laguntzak emateko ebazpenak.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Prestakuntza-ekintzak burutzeko finantza-laguntza jasotzeko, prestakuntza-ordu bakoitzeko zer modulu ekonomiko maximo jar daitekeen (prestakuntza planifikatu eta egikaritzeak eragindako gastuak barnean direla) zehaztuko da Osalaneko zuzendari nagusiak, urtero, ekitaldi bakoitzerako deialdia onartzeko emango duen ebazpenean.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitzean parte har dezaketen ikasleen kopurua zehazteko, baliabide finantzarioak eta premia zehatzak bateragarri egiteko balio duten efikazia- eta efizientzia-irizpideak aplikatuko dira. Prestakuntza-ekintza bakoitzeko, gehienez ere, 15 ikaslerentzat emango da diru-laguntza.

15 partaide biltzen ez dituzten ikastaroetan, honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko da prestakuntza:

15 partaide edo gehiago: % 100

14 partaide: % 98

13 partaide: % 96

12 partaide: % 94

11 partaide: % 92

10 partaide: % 90

10 partaide baino gutxiagoko taldeek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

3.– Ezingo dute diru-laguntzarik jaso deialdi honen bitartez gutxienez 10 ikasle biltzen ez dituzten taldeek. Prestakuntza honetan euskararen erabilera sustatzeko, euskarazko taldeak salbuespen izango dira, eta gutxienez 5 ikasle biltzen dituzten taldeak onartuko dira. Euskaraz gauzatzen diren jarduerak honako taula honetan ezarritakoaren arabera finantzatuko dira:

15 partaide edo gehiago: % 100

14 partaide: % 98

13 partaide: % 96

12 partaide: % 94

11 partaide: % 92

10 partaide: % 90

09 partaide: % 85

08 partaide: % 80

07 partaide: % 70

06 partaide: % 60

05 partaide: % 50

05 partaide baino gutxiagoko taldeek ez dute diru-laguntzarik jasoko.

4.– Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzeko azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatuz, eta desgaitasunen bat duten prebentzioko ordezkariek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu Osalanek, deialdi bakoitzetik ordainduta.

15. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diru-laguntza ordainketa bakarrean emango da, diruz laguntzeko eskatu den eta eskabidea onartu zaion prestakuntza-jarduera bukatu ondoren, eta dagokion urteko deialdian zehaztutako justifikazio-agiriak aurkeztuta.

2.– Prestakuntza 10.7 artikuluan jarritako eran bukatu duten pertsonengatik soilik ordainduko da diru-laguntza.

3.– Prestakuntza-ekintza bukatu ostean, urteko deialdian horretarako adierazitako epean, diru-laguntza jaso duen erakundeak prestakuntza eman duela justifikatu beharko du, ekintza horri dagokion deialdian zehaztutako moduan eman ere, eta eguneroko bertaratze-parteen kopiak aurkeztu beharko ditu, prestatzaileak eta parte-hartzaile guztiek sinatuta.

16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Erakunde onuradunaren betebehar izango dira azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Hala, diru-laguntzak esleitzeko ebazpena jakinarazi eta 15 egun naturaleko epean erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari berariaz eta idatziz uko egiten, laguntza onartutzat joko da.

b) Prestakuntza-jarduerak ikasleentzat doakoak izango direla bermatzea.

c) Osalanek, Lan eta Justizia Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea. Horretarako, instituzio, entitate eta erakunde horiei lokal eta instalazioetara sartzen utziko diete, eta parte-hartzaileekin, irakasleekin eta elkarrizketatu beharreko gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko erraztasunak emango dizkiete, baita langileen legezko ordezkaritzako kideak diren parte-hartzaileekin ere.

d) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartu diren gorabehera edo egoeretatik edozein aldatzen bada gerora, horren berri ematea.

e) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikuluan xedatu bezala, onuradunek behar bezala iragarri behar dute finantzaketa publikoa izan dutela diru-laguntza honek barne hartzen dituen programek, jarduerek, inbertsioek edo bestelako jarduketek, arauz ezarritakoaren arabera.

17. artikulua.– Arauak ez betetzea eta erantzukizunak.

Diru-laguntzaren erakunde onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 artikuluan edo Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetariko batean sartzen badira, edo ebazpen honetan, gainerako arau aplikagarrietan nahiz emakida-ebazpenean ezarritako edozein baldintza urratzen badute, Osalaneko zuzendari nagusiak gainerako zenbatekoak jasotzeko eskubidearen galera adieraziko du, behar den ebazpenaren bidez, eta, kasuan kasu, jasotako zenbatekoak eta horien berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra ere ezarriko du, hargatik eragotzi gabe bidezko gainerako ekintza guztiak. Diru-kopuru horiek sarrera publikotzat hartuko dira dagozkien lege-ondorioetarako, eta erantzukizunen araubidea Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 64. artikuluan ezarritakoa izango da.

18. artikulua.– Itzulketa-prozedura.

Arau aplikagarriak betetzen ez diren kasuetan, emandako diru-laguntza itzultzeko prozedura honako hau izango da:

a) Osalaneko zuzendari nagusiak prozedura hasi dela eta horren oinarri diren arrazoiak zein diren jakinaraziko dio diru-laguntzaren onuradun den erakundeari, eta 15 egun balioduneko epea emango dio egoki jotzen dituen alegazioak aurkez ditzan.

b) Alegazioak jasokoan edo, horretarako epea inork alegaziorik egin gabe amaitu bada, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bidez emango dio amaiera itzulketa-prozedurari; uste izatekoa bada arau aplikagarriak hautsi direla, ebazpena emango du, kasuan kasu, dirua EAEko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko obligazioa adierazteko. Itzuli, gehienez ere bi hileko epean itzuli beharko da kopuru hori, jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da. Itzulketa-prozedura gehienez ere sei hilabetean ebatzi behar da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren finantza-arloko sail eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

XEDAPEN IRAGANKORRA

2018ko ekitaldian, 2017ko deialdian –Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak 2017ko apirilaren 11n emandako ebazpenaren bitartez onartua– baimena lortu duten erakunde publiko edo pribatuek, aurreko ekitaldian baimena lortzeko bete zituzten baldintzei eusten badiete, ez dituzte aurkeztu beharrik izango dekretu honen 6. artikuluak zehazten dituen agiriak. Kasu horretan, horretarako jarritako bitarteko elektronikoen bidez, berritzeko eskabidea aurkeztu beharko dute, eta, eskabide horretan, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, egiaztatu beharko dute eutsi egiten dietela aurreko ekitaldian baimena lortzeko bete zituzten baldintzei.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2018ko uztailaren 30ean.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Lan eta Justiziako sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.


Azterketa dokumentala